161. ALDIZKARIA - 2012ko abuztuaren 16a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.5. ESTATUTUAK ETA LAN HITZARMEN KOLEKTIBOAK

EBAZPENA, 2012ko uztailaren 3koa, Arriskuen Prebentziorako eta Lanaren zuzendari nagusiak emana, Uharteko Asociación Navarra Nuevo Futuro entitatearen hitzarmen kolektiboa erregistratu, gorde eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea erabakitzen duena.

Uharteko Asociación Navarra Nuevo Futuro entitatearen hitzarmen kolektiboaren testua (kode zenbakia: 31008272012003) aztertu da, Erregistro honetan 2012ko ekainaren 21ean sartu zena eta enpresaren eta sindikatuen ordezkariek ekainaren 14an izenpetu eta ekainaren 29an zuzendu zutena, honako hauekin bat: Langileen Estatutuari buruzko Legearen testu bategina onetsi zuen martxoaren 24ko 1/1995 Legegintzako Errege Dekretuaren 90. artikuluaren 2. eta 3. idatz-zatiak eta Hitzarmen Kolektiboen Erregistro eta Gordailuei buruzko maiatzaren 28ko 713/2010 Errege Dekretua.

EBATZI DUT:

1. Nafarroako Lan Hitzarmen eta Akordio Kolektiboen Erregistroan inskribatzeko agintzea.

2. Ebazpen hau Negoziazio Batzordeari jakinaraztea, eta adieraztea ebazpenak ez duela administrazio bidea amaitzen eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dela, Landa Garapen, Industria, Enplegu eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean.

3. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko agintzea, denek jakin dezaten.

Iruñean, 2012ko uztailaren 3an.-Arriskuen Prebentziorako eta Lanaren zuzendari nagusia, Imelda Lorea Echavarren.

ANNF-REN HITZARMEN KOLEKTIBOA 2011-2012

I. KAPITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Lurralde eta langile eremua. Asociación Navarra Nuevo Futuroko langileen lan baldintzen arauak ezartzea du xede hitzarmen kolektibo honek, langile horiek Nafarroan kokatuta diren haren edozein egoitza edo bulegotan ari direla. Orobat, indarra duen bitartean kontratatzen diren langileengan izanen du eragina, zein diren ere itundutako lan harremana eta haren iraupena.

Elkartean zuzendaritza karguak dituztenak hitzarmen honetatik berariaz kanpo gelditzen dira.

Arau hauen bidez langileak lanean gustura aritzea eta elkartearen giza eta gizarte lana hobetzea lortu nahi da.

2. artikulua. Iraunaldia eta amaieraren iragarpena. Hitzarmenaren indarraldia argitaratzen denetik 2012ko abenduaren 31 artekoa izanen da.

Hitzarmen honen amaiera bere mugaegunean iragarriko da, eta sinatu duten alderdiek konpromisoa hartu dute 2012ko azken hiruhilekoan hitzarmen berria negoziatzen hasteko. Beste testuren bat zehazten ez den bitartean, hitzarmen honen arauek indarrean segituko dute.

Legez eratutako negoziazio mahaietatik kanpoko eragileek hitzarmenak negoziatzeko baldintzak ezartzeko aukera izan dezaketenez, negoziazio epea 5 urtekoa izanen da. Epe hori iraganik akordiorik ez bada, alderdiek legezko mekanismo egokiak abiaraziko dituzte akordioa lortze aldera, bitartekotza esate baterako. Edozein egoeratan, uko eginen zaio arbitraje prozedurari.

3. artikulua. Batzorde paritarioa. Lan hitzarmen hau sinatzean, lan hitzarmenaren segimendurako, aplikaziorako eta interpretaziorako batzorde paritario bat eratuko da, alderdi sinatzaileek osatua. Batzorde paritario horrek alderdietako edozeinek eskatuta eginen du bilera. Eskaera formala egiten denetik bilera egunera bitarte ez dira inoiz sei egun baino gehiago pasatuko.

Batzorde paritarioak lortzen dituen akordioek bi alderdiak lotzen dituzte, eta haren irizpenak hitzarmenari gehituko zaizkio eranskin gisa.

Batzorde paritarioak akordiorik lortzen ez duenerako, alderdiek adierazten dute ez dutela nahitaezko arbitrajea onartuko. Halaber, Langileen Estatutuaren 85.3-g artikuluan ezarritakoa betez, adierazten dute bat egiten dutela Langileen Estatutuaren 83. artikuluan aurreikusitako lanbidearteko akordioen bidez ezarritako prozedurekin, eta haien menpe jartzen direla, desadostasunak eraginkorki ebazteko. Horietan sindikatuek parte hartzen dute, Askatasun Sindikalari buruzko Lege Organikoaren 6.3 eta 7.2 artikuluekin bat.

ELAren oharra: puntu horren aurrean, nahitaezko arbitrajearen aurka gaudenez gero, ELAk, Nafarroako Lan Auzitegian parte hartzea uzten ez digutenez, legearen aginduz onartzen du Nafarroako gatazkak konpontzeko lanbidearteko akordioa.

4. artikulua. Osotasunarekiko lotura. Konpentsazioa eta irenspena. Berme pertsonalak. Hitzarmen honetan itundutako baldintzek multzo zatiezina osatzen dute eta, hitzarmenaren aplikazio praktikoaren ondorioetarako, beren osotasunean hartuko dira.

Hori horrela, hitzarmen honetan biltzen diren hobekuntzek multzo bat osatzen dute, edozein modutan ere lehendik daudenekin konpentsatzekoa. Parekatzeko, urteko kopuruak guztira alderatuko dira, inguruabar arruntetan eta asistentzia osoa izanda.

Etorkizunean ezar daitezkeen xedapenei dagokienez, aldaketa ekonomikorik badakarte, eragina izanen dute baldin eta, osotara kontuan harturik, hitzarmen honetan ezarritakoak baino handiagoak badira urteko konputuan.

Langileren batek, urteko kopuruan eta orokorrean, hitzarmen honetan ezarritakoak baino lan baldintza hobeak izanez gero, errespetatu eginen zaizkio.

5. artikulua. Lege subsidiarioak. Hitzarmen honetan berariaz aurreikusten ez den hartan, Langileen Estatutuko eta gainerako lan legeriako araudiari jarraituko zaio, aurreko artikuluan xedatutakoan izan ezik.

II. KAPITULUA

Langileen sailkapena

6. artikulua. Lanbide sailkapena. Hitzarmen honi atxikitako langileak honela sailkatzen dira:

1. taldea. Teknikariak.

-Langile tekniko tituludunak.

  • Nazioarteko lankidetzako teknikaria.
  • Komunikazioko teknikaria.
  • Baliabideak eskuratzeko teknikaria.
  • Adopzioetako teknikaria.
  • Tutoretzapeko etxebizitzen programako teknikaria: psikologoa, pedagogoa eta gizarte-langilea.
  • Terapeuta.

-Hezitzailea.

-Ordezko hezitzailea.

-Hezkuntza laguntzailea.

2. taldea. Administrariak.

-Administrari-ofiziala.

-Administrari laguntzailea.

3. taldea. Zerbitzuetako langileak.

-Egoitzako laguntzailea.

-Gaueko zaintzailea.

Artikulu honetan ageri den langileen sailkapena aipamen hutsa baino ez da, eta ez dakar berarekin adierazi diren lanpostu guztiak bete beharra enpresaren premiek eta lan kopuruak hala eskatzen ez badute.

7. artikulua. Kategorien definizioa eta eginkizunak.

Hitzarmen honetako kategoria guztiek negoziazioan adosten diren definizioak eta eginkizunak izanen dituzte, testu honen I. eranskinean jasotakoak, alegia.

8. artikulua. Kategoria funtzionalak. Enpresak izendatuta, aldi baterako betetzen direnei esaten zaie kategoria funtzional, zein den ere lanbide kategoria.

Definizio horretan sartzen da etxebizitzaren arduradunaren lanpostua.

7. artikuluko irizpideekin berekin zehaztuko dira kategoria bakoitzaren eginkizunak.

III. KAPITULUA

Lanean hastea eta lana uztea

9. artikulua. Langileen sarrera. Langilearen eta enpresaren arteko kontratazio librearen bidez sartuko dira langileak enpresan. Bertan daramaten denboraren arabera sail hauetan banatzen dira langileak:

1.-Finkoak: denbora mugarik gabe kontratatutako langileak.

2.-Behin-behinekoak eta aldi baterakoak: denbora jakin baterako kontratatuak, behin-behineko, aldi baterako edo aparteko lanak egiteko.

3.-Bitarte baterakoak: egoera hauetako batean dauden langileen ordez aritzen direnak: aldi baterako ezintasun egoera, oporrak, baimenak, lanpostuaren erreserba dakarren eszedentzia edo, beste edozein egoera, enpresa behartua bada kanpoan den langileari lanpostua gordetzera.

Langile bat finko bihurtzen bada aurreko aldi baterako kontratua bukatu eta hilabete baino lehen, aldi baterako kontratu horren arabera lan egindako denbora kontatu eginen zaio probaldi eta antzinatasunaren ondorioetarako.

10. artikulua. Probaldia. Langile sartu berriek probaldi bat pasatu beharko dute, honako eskala honetan adierazten dena, gehienez ere:

-I. multzoko langileak: 6 hilabete.

-II. multzoko langileak: 6 hilabete.

I-II. multzoko langileak: hilabetea.

(Gaueko zaintzaileek, III. multzoan sartuta izan arren, 6 hilabeteko probaldia izanen dute).

Probaldian alderdietako edozeinek bertan behera uzten ahal du lan harremana, kalte-ordainerako eskubiderik gabe, ordea. Probaldian dela, langilea lanerako aldi baterako ezintasun egoeran suertatuz gero, eten eginen da probaldiaren kontaketa.

11. artikulua. Praktikaldiko kontratua. Kontratu-mota honen bidez edozein lanbide kategoriatan kontratatutako langileen ordainsaria hauxe izanen da: kasuan kasuko kategoriarentzat hitzarmen honetan finkatutako soldataren %80, gutxienez, lehenengo urtean, eta %90 bigarren urtean.

12. artikulua. Lan kontratuaren amaiera. Lan-kontratua amaituko da Langileen Estatutuaren 49. artikuluan ezarritako edozein arrazoirengatik.

Enpresatik bere borondatez alde egin nahi duen langileak aurreabisua eman beharko du, hamabost egun lehenago gutxienez. Aurreabisu-epe hori betetzen ez badu, abisu eman gabe igaro diren egunei dagokiena kenduko zaio likidaziotik.

Enpresak aurreabisu hori epearen barrenean eta behar bezala jasotzen badu, lan harremana bukatu baino lehen egin beharko du beharrezkoa den likidazioa. Betebehar hori betetzen ez badu, langileak kalte-ordain bat jasotzeko eskubidea izanen du, hain zuzen, egun bateko soldata likidazioa atzeratzen den egun bakoitzeko. Aurreabisua zenbat egun aurretik egin den, horixe izanen da kalte-ordainetarako muga. Kalte-ordain hori langileak bere kontratuaren bukaeran jaso behar duenaz apartekoa izanen da, kontratuak, berez, halakorik ezartzen badu.

13. artikulua. Erretiroa aldez aurretik hartzea. Enpresak, unean uneko lege indardunei jarraikiz, erretiroa aldez aurretik hartzeko aukera emanen die egoera horretan dauden langileei.

IV. KAPITULUA

Lan baldintzak

14. artikulua. Lanaldia. Urteko lanaldi hau ezarri da, oro har:

-2011. urtean: 1.680 ordu.

-2012. urtean: 1.680 ordu.

Egoitzako langileentzat, bereziki, urteko lanaldi hau ezarri da:

-2011. urtean: 834 ordu.

-2012. urtean: 834 ordu.

Hezitzaileentzat, bereziki, urteko lanaldi hau ezarri da:

-2011. urtean: 1.424 ordu.

-2012. urtean: 1.424 ordu.

Gaueko zaintzaileentzat, bereziki, urteko lanaldi hau ezarri da:

-2011. urtean: 1.340 ordu.

-2012. urtean: 1.340 ordu.

Gaueko zaintzaileen presentziazko lanaldia 22:00etatik 09:00etara artekoa da, zerbitzuaren ezaugarrien ondorioz; izan ere, ordutegi horrekin benetan egindako lanaldia 8 ordukoa da.

15. artikulua. Lan egutegia. Azaroan eta abenduan, enpresak hurrengo urteko lan egutegia prestatuko du kategoria bakoitzerako. Bertan, zentroko atal guztien txandak, ordutegiak eta lan egunak jasoko dira.

Enpresaren Zuzendaritzak kontuan hartzen ahalko ditu langileen legezko ordezkariek aurkezten dituzten proposamenak, baina, dena den, ez dira lotesleak izanen enpresarentzat.

Hezitzailearen, hezitzaile laguntzailearen eta gaueko zaintzailearen kategoriako langileen lanaren berezitasunak direla-eta, III. eranskinean jasotakoaren arabera ezarriko dira haien lanaldia eta lan sistema (txandak, lan egutegia, asteburuko indargarria, eta abar) hitzarmen honen indarraldirako.

Prestasun librea. (Ordezko hezitzailearen eta hezitzaile laguntzailearen kategorietarako).

Behartuta daude lokalizatuta eta prest egotera eta hasieran ez dute lantokian agertu beharko, baina bai hala eskatzen zaienean: 60 minutu baino lehen 08:00etatik 22:00ak arte, eta 90 minutu baino lehen lanaldiaren gainontzerakoan.

Prestasun librea. Hezitzaile kategoriakoak behartuta daude lokalizatuta eta prest egotera eta hasieran ez dute lantokian agertu beharko, baina bai hala eskatzen zaienean: 90 minutu baino lehen 22:00etatik 09:00ak arte, lan egutegian ezarrita dituzten egunetan.

Zerbitzuaren beharrek justifikatu beharko dute prestasun librea, eta benetan lanean emandako denbora adinako atsedenaldiarekin konpentsatuko da.

16. artikulua. Oporrak. Urtean 30 egun naturaleko oporraldi ordaindua ezarri da. Ahal izanez gero, udan hartuko dira oporrak. Hori dela-eta, ekainaren 1etik irailaren 30era bitarteko epeari esaten zaio udaldia.

Kasu guztietan, oporretako txandak egoitza edo programa bakoitzeko langileen artean adostea bilatuko da. Langileak Giza Baliabideen arduradunari eman beharko dio erabakitako oporraldiaren berri, hark onets dezan. Betiere, langileak oporrak hartu baino bi hilabete lehenago jakinen du zein egun dagozkion.

Teknikarien kategorian, oporraldi horiek astebetekoak izatea ezartzen ahalko da; betiere, haien departamentuarekin adostuta eta zerbitzuaren gutxieneko egitura mantenduta.

Behartutako lekualdatzeengatik edo zerbitzuaren beharrengatik, ez zaizkio langileari oporraldiak aldatuko ezarrita den egutegian.

Lehen lerroaldean ezarritako oporraldiaz gain, hezitzaile kategoriako langileek hiru eguneko lizentzia izanen dute hitzarmen honek indarra duen bitartean; ez dira opor egunak, baina oporraldiari erantsiko zaizkio.

17. artikulua. Oporrak berriz ezartzea. Laneko istripuaren, gertakizun arruntaren eta ospitaleratzearen ondorioz, lanerako aldi baterako ezintasun kasuetan, oporraldia deuseztatuko da, eta berria ezarriko, enpresaren eta langilearen artean adostuta; betiere, urte naturalaren barrenean.

Enpresaren opor egunen egutegiaren arabera finkatutako oporraldiak bat egiten badu langile baten haurdunaldiaren edo erditzearen ondoriozko edo bularra emateko aldi baterako ezintasun egoera batekin, edo amatasun baimenarekin, langile horrek oporrak hartzen ahalko ditu, baita urte naturala igarota ere.

18. artikulua. Ordaindutako baimenak. Hitzarmen honi lotutako langile guztiek, aldez aurretik abisatu eta frogatuta, ordaindutako baimen hauek izaten ahal dituzte:

-Hamabost egun, ezkontzeagatik; oporraldiari gehitzen ahal zaizkio.

-Seme-alaben jaiotza: 3 egun.

-Heriotza:

  • Ezkontidea eta seme-alabak: 4 egun.
  • Odol edo ezkontza bidezko lehen mailako gainontzeko ahaideak eta anai-arrebak: 3 egun.
  • Odol edo ezkontza bidezko 2. graduko ahaideak: egun bat.

-Eritasun larria, ospitaleratzea edo prozesu larri baten ondoriozko ebakuntza:

  • Ezkontidea eta seme-alabak: 3 egun.
  • Odol edo ezkontza bidezko lehen mailako gainontzeko ahaideak eta anai-arrebak: 2 egun.
  • Odol edo ezkontza bidezko 2. graduko ahaideak: egun bat.

Aurreko lau puntuetan adierazitako arrazoiengatik langileak Foru Komunitatetik kanpora joan behar badu, lizentzia hori egun natural bat gehiagoz luzatuko da ondoko probintzien kasuan, eta 2 egun naturalez gainerakoetan.

-Odol edo ezkontza bidezko bigarren maila arteko ahaideen ebakuntza, ospitaleratu beharrik izan gabe, baina etxean laguntza eta atseden hartzea behar badute: bi egun natural arte, zer zehazten den osasun ziurtagirian.

-Bizilekuz aldatzeko: egun bat.

-Azterketetarako, behar duen denbora.

-Egun bat, hau da, ospakizun eguna, seme-alabak edo anai-arrebak ezkontzeagatik.

-Beharrezkoa den denbora, langilea Gizarte Segurantzako familia-medikuaren zein espezialisten kontsultara joateko, kontsulta horietara lan orduetatik kanpo joaterik ez bada; hortaz, langileak bajako agiria edo medikuaren frogagiria aurkeztu beharko du enpresan.

-Eginbehar publiko eta pertsonal saihestezin bat egiteko: beharrezkoa den denbora.

Artikulu honetan arautzen diren baimenen ondorioetarako, ezkontidetzat joko dira bikote egonkorretako kideak, Bikote egonkorren arteko berdintasun juridikorako uztailaren 3ko 6/2000 Foru Legean ezarri bezala; betiere, egoera hori beren bizilekuari dagokion udalaren ziurtagiriaren bidez frogatzen badute.

19. artikulua: amatasuna, aitatasuna, adopzioa eta bularra ematea.

-Amatasun baimena: amatasun kasuan, langileak etenik gabeko 16 asteko baimena hartzeko eskubidea izanen du; 2 gehiago, erditze multiplean izandako haur bakoitzarengatik. Interesdunak nahi bezala banatuko du baimena; betiere, sei aste erditu ondoren izanen dira.

Baimen hau, amaren nahitaezko atsedenaldia (6 aste) iraganik, aitak edo amak hartzen ahalko du, eta lanaldi osoan edo partzialean banatzen ahalko da.

Garaia baino lehen erdituz gero edo jaioberriak erditzearen ondoren ospitalean egon behar izanez gero, gurasoek eskaturik, baimena ospitaleko alta hartzen denetik aurrera kontatzen ahalko da, amaren lehen sei asteko nahitaezko atsedenaldia kontuan hartu gabe, 13 aste gehigarriko muga izanik. Baimen hori lanaldi osokoa edo partzialekoa izaten ahalko da.

-Adopzioa edo harrera: sei urteko edo gutxiagoko haurrak adoptatu edo hartzen badira, etenik gabeko 16 asteko baimena hartzen ahalko da; 2 gehiago, adopzio edo harrera multiplea bada, edo adingabeak desgaitasunen bat badu. Baimena lanaldi osoan edo partzialean banatzen ahalko da.

Nazioarteko adopzioetan, gurasoek haurraren jatorriko herrialdera joan behar badute, baimena ebazpen judiziala baino gehienez ere 4 aste lehenago hasten ahalko da.

-Aitatasuna: seme edo alaba bat izan edo adoptatzeagatik, aitak etenik gabeko 13 eguneko baimena hartzeko eskubidea izanen du, eta 2 egun gehiago seme edo alaba bakoitzeko, erditze, adopzio edo harrera multiplea bada. Baimen hori seme edo alaba bat izan edo adoptatzeagatik 18. artikuluan ezartzen den baimenaren ondoren hartzen ahalko da, amatasun baimenaren bitartean edo ondoren. Etenaldia lanaldi osoan edo partzialean banatzen ahalko da.

-Baimena, garaia baino lehen erditzeagatik: semea edo alaba bere garaia baino lehen jaio delako edo jaio ondoren beste edozein arrazoirengatik ospitalizaturik egon behar badu, aitak edo amak eskubidea izanen du lantokitik ordubetez lekutzeko. Orobat, lanaldia gehienez 2 ordutan murrizten ahalko dute, eta lansaria ere proportzioan murriztuko zaie.

-Bularra emateko baimena: bederatzi hilabetetik beherako semeari edo alabari esnea ematen dioten emakumezko langileek eskubidea dute lanetik ordubetez lekutzeko. Denbora hori bi zatitan bana dezakete. Baimena amak edo aitak hartzen ahal du, haien nahierara, biak lanean ari badira. Biek, hala nahi badute, eskubide hori lanaldiaren ordu erdiko murrizketarekin ordezka dezakete, helburu berbererako, edo lanaldi osotan pilatzen ahal dute, amatasun edo aitatasun baimena amaitzen denerako.

20. artikulua. Eszedentziak eta lanaldi murrizketak.

Borondatezko eszedentzia. Enpresan urtebeteko antzinatasuna duen langile orok 4 hilabetetik 5 urte arteko borondatezko eszedentzia hartzen ahalko du. Eskatutako epea bukatzean, langileak bere lanbide kategoria bereko lanpostu huts batean sartzeko eskatzen ahalko du.

Eszedentziarako eskaria hilabete lehenago egin beharko da, idatziz; orobat, itzultzeko eskaria ere.

Seme-alabak eta familiakoak zaintzeko eszedentzia: langileek eskubidea izanen dute gehienez ere hiru urteko eszedentzia hartzeko, lanpostua gordetzeko eskubidearekin, seme-alaba bakoitza zaintzeko, norberak izandakoa edo adoptatua izan, edo etxean hartua, bai modu iraunkorrean bai adoptatu aurreko harrera fasean. Hiru urte horiek haurra jaiotzen denetik edo, bestela, epaileen edo administrazioaren ebazpenaren egunetik aurrera kontatuko dira.

Gehienez ere bi urteko eszedentziarako eskubidea izanen dute, halaber, adinagatik edo istripu edo eritasun baten ondorioz bere kasa bizitzeko gauza ez den eta lan ordaindurik egiten ez duen familiartekoren bat, odol edo ezkontza bidezko bigarren mailara arteko ahaidea, zaindu behar duten langileek.

Eszedentzia hori aldi laburragoetan banatu ahal izanen da, subjektu eragile berarentzat, gehieneko aldia osatu arte. Beste subjektu eragile batek eszedentzialdi berri bat sortzen duenean, hori hastearekin bukatuko da ordura artekoa, halakorik izanez gero.

Atal honetan ezartzen den eszedentzia langile bakoitzaren eskubidea da, gizonezkoa izan edo emakumezkoa izan. Hala ere, pertsona bera zaintzeko eskubidea enpresa bateko bi langilek edo gehiagok izaten badute, enpresaburuak aukera izanen du aldi berean erabili nahi den eskubidea mugatzeko, enpresaren funtzionamenduarekin lotutako bidezko arrazoirik baldin badago.

Langileak artikulu honetan ezarritakoaren arabera eszendentzian ematen duen lehenengo urtea kontuan hartuko da antzinatasunerako. Orobat, langileak eskubidea izanen du lanbide prestakuntzako ikastaroetara joateko, enpresaburuak deituta, batez ere lanera itzuli behar duenean.

Seme-alabak eta beste ahaideren bat zaintzeko lanaldi murrizketa.

Lanaldia murrizteko eskubidea izanen dute, halaber, adinagatik edo istripu edo eritasunen baten ondorioz bere kasa bizitzeko gauza ez den eta lan ordaindurik egiten ez duen familiartekoren bat, odol edo ezkontza bidezko bigarren mailara arteko ahaidea, zaindu behar duten langileek. Lansariari gutxienez zortziren bat eta gehienez erdia kenduko zaio, eta lanaldia hein berean murriztuko da. Lanaldia murrizteko eskubideak haurrak 8 urte bete bitarte iraunen du, eta luzatu ere luzatzen ahalko da, semeak edo alabak zein ikasturtetan egiten dituen urte horiek, hura bukatu arte (ekainean).

Lanaldi murrizketa horien kotizazioak lanaldiaren %100 bezala kontatuko dira murrizketaren lehen bi urteetan adingabe bat zaindu behar denean, eta urtebetean, bestelako ahaideren bat zaintzeko bada.

Lanaldi murrizketa edo lan denboraren berrantolaketa, genero indarkeria dagoenean. Genero indarkeriaren biktima izan den emakumezko langileak, benetan babestua izan dadin eta gizarte laguntza integrala izan dezan, eskubidea izanen du lanaldia murrizteko (soldata hein berean murriztuko zaio), edo bere lan denbora berrantolatzeko, ordutegia egokituz, ordutegi malguaz baliatuz edo enpresak lan denbora antolatzeko dituen beste bide batzuk erabiliz.

Kasu jakin horietan eskubide horiek erabiltzen ahal dira lan hitzarmen kolektiboetan edo enpresaren eta langileen ordezkarien arteko akordioetan ezartzen diren moduan, edo enpresaren eta ukitutako emakumezko langilearen artean ados jarrita. Horrelakorik gabe, langileari dagokio eskubide horiek zehaztea.

V. KAPITULUA

Baldintza ekonomikoak

21. artikulua. Ordainsariak. II. eranskinean ezarri dira hitzarmen kolektibo honen eraginpeko langileen 2011ko eta 2012ko oinarrizko ordainsariak, eta honela banatuko dira: oinarrizko soldata eta antzinatasuna.

Orobat, etxebizitzaren arduradunaren plusa lanpostuko plus bat da, eta bere zenbatekoa II. eranskinean ere jaso da.

Plus ekonomiko bat ezartzen da hezitzaile kategoriarako, igande eta jaiegunetan benetan lan egindako ordu bakoitzeko.

Hezitzaile, ordezko hezitzaile, hezitzaile laguntzaile eta gaueko zaintzaile kategorietarako ezarritako ordainsariek txandakako lana hartzen dute kontuan.

Hezitzaile, ordezko hezitzaile eta hezitzaile laguntzaile kategorietarako ezarritako ordainsariek prestasuna ere hartzen dute kontuan.

22. artikulua. Antzinatasuna. Langile guztiek izanen dute antzinatasun osagarri bat hiru zerbitzu urte osatzen duten aldiro. Hirurtekoak enpresan emandako zerbitzuen denboraren arabera zenbatuko dira, eta hirurtekoa betetzen den hilabetean hasiko da hura kobratzen.

23. artikulua. Aparteko pagak. Enpresak, hamabi hilabetekoez gain, oinarrizko lansariaz eta antzinatasunaz osatutako bi paga ordainduko ditu.

Pagen sorrarazpena seihileko naturalekoa izanen da, eta ordainketa, kontaketa edo likidaziorako hainbanaketa egiteko, urtarrilaren 1etik ekainaren 30era bitarteko aldia hartuko da lehen kasuan eta uztailaren 1etik abenduaren 31 bitartekoa bigarrenean. Aparteko pagak ekaineko nominarekin eta abenduaren 24a baino lehen ordainduko dira, hurrenez hurren.

Lanean urteko edozein unetan hasita ere, langileek eskubidea izanen dute aparteko eskersarietatik dagokien zati proportzionala jasotzeko.

24. artikulua. Joan-etorrietarako gastuak. Zerbitzuaren beharrengatik (enpresaren bilerak, enpresak egitera behartutako jarduerak, larrialdiak, jarduerak adingabeekin/gurasoekin...) zentrotik edo herritik kanpora joan behar duten langileek diru kopuru hauek jasoko dituzte:

-Nork bere ibilgailua erabiliz gero, 0,26 euro ordainduko zaio kilometro bakoitzeko, 2011n eta 2012an.

-Garraio publikoa erabiliz gero, haren zenbatekoa ordainduko zaio, justifikatu ondoren.

25. artikulua. Aparteko orduak. Bi aldeek erabaki dute aparteko orduak ezinbesteko kasuetan baino ez direla eginen. Edozein kasutan, aparteko orduen berri eman beharko zaio departamentuko koordinatzaileari, eta elkarteko langileriaren arduradunak baimendu beharko ditu. Langileek beren borondatez eginen dituzte aparteko orduak, eta 80 ordu urtean, gehienez ere.

Eginez gero, ahal bada atseden denborarekin konpentsatuko dira, atsedeneko ordubete eta laurden bat, lan egindako aparteko ordu bakoitzeko.

Aparteko orduak egitearen ondoriozko atsedenaldiak enpresaren eta langilearen artean erabakitzen den egunetan hartuko dira, baina, betiere, zentroko edo zerbitzuko jarduera lasaiagoa den aldietan.

26. artikulua. Mantenuko eta ostatuko gastuak. Langileek mantenuko eta ostatuko gastuaren %100 jasoko dute, langileriaren arduradunak baimendu eta hura frogatu ondoren, gastu hori lanaren beharrek eraginda eginez gero.

VI. KAPITULUA

Onura sozialak

27. artikulua. Prestakuntza eta sustapena. Enpresak, bere aurrekontuko aukeren arabera, prestakuntza plana jorratuko du eta, bertan, zerbitzua hobeki emateko eta langileak sustatzeko ikastaro eta mintegiak aurreikusiko dira, bere baliabideez edo beste entitate batzuekiko akordioen bidez antolatuta.

28. artikulua. Aldi baterako ezintasunaren ordainsaria. Langileen ordainsariak osatuko dira, jasotzea dagokien lansari errealaren %100era iritsi arte, amatasun bajaren kasuan, arriskuko haurdunaldian (erditu aurretik edo ondotik, amarentzat zein haurrarentzat eritzeko edo hiltzeko arriskua ohikoa baino handiagoa duenari esaten zaio arriskuko haurdunaldia, eta hala katalogatu behar da medikuaren aginduz), laneko istripuaren eta lanbideko eritasunaren kasuetan, baldin eta bajako parteak eta baja luzatzekoak legez ezarritako epeetan aurkezten badira.

Gainerako kasuetan, ABEko osagarri bat izanen da, lansari errealaren %100 artekoa, poltsako 30 egunekoa urtean langile bakoitzerako, kategoria guztietan.

Urtero, absentismoaren indizea (urte bakoitzeko urtarrila eta abendu arteko ABE kasuak kontuan hartuta kalkulatuta, ordaindutako baimenak, laneko istripuak, amatasun bajak, arriskuko haurdunaldiak eta lanbideko eritasunak kenduta) orokorrean %5etik beherakoa bada kategoria guztietarako, hurrengo urtean 60 egunekoa izanen da poltsa, langile bakoitzeko. Hurrengo urteetan, indizeak %5etik behera jarraituz gero, poltsak ere urtean 60 egunekoa izaten jarraituko du. Edozein urtetan %5etik gora egiten badu hurrengo urteko urtarriletik aurrera, poltsa 30 egunekoa izanen da urtean.

Urtea bukatzean, enpresak RLTra igorriko ditu absentismoaren datuak eta, haiek berrikusitakoan, ABE hobetzeko baldintzak jakinaraziko dizkio plantillari, halakorik baldin bada hurrengo urterako.

Hezitzaile, hezitzaile laguntzaile eta gaueko zaintzaile kategorietako profesionalek, dituzten lanaren eta txanden ezaugarriak direla-eta, lanpostuz aldatzeko eskatzen ahalko dute haurdunaldiaren bigarren hilabetetik aurrera eta, ezinezkoa bada, lan kontratua eteteko aukera izanen dute, lanpostua erreserbatuta, haurdunaldian arriskua izateagatik, amatasun baja hasten den arte.

Edozein kasutan, hitzarmenak indarra duen bitartean, Administrazioak atal hau finantzatzeko baldintzak hobetuko balitu, batzorde paritarioa bilduko litzateke beste funtzionamendu sistema bat adosteko.

29. artikulua. Erantzukizun zibileko asegurua. Enpresak erantzukizun zibileko poliza bat itunduko du lanaren ondorioz sor daitezkeen erantzukizunak behar adina estaltzeko, bai langileen bai elkarteak zaintzen dituen adingabeen ekintzengatik.

30. artikulua. Bizi- eta istripu-asegurua. Enpresak aseguru poliza bat itunduko du, laneko istripuaren edo lanbideko eritasunaren kasuetarako. Hona hemen aseguratutako kapitala:

-12.020,24 euro, laneko istripuaren ondoriozko heriotzagatik.

-12.020,24 euro, laneko istripuaren edo lanbideko eritasunaren ondorioz langileari edozein lanbide edo egitekotarako erabateko ezintasun iraunkorra aitortzen zaionean.

31. artikulua. Lan osasuna.

31.1.-Urtero, osasun azterketa eginen zaie langile guztiei, kontuan hartuta lanpostu bakoitzaren berariazko arriskuak.

31.2.-Adingabeen espediente medikoei zor zaien konfidentzialtasuna bermatuta, behar diren txertoak (gripea, B hepatitisa, eta abar) jarriko zaizkie langileei, lanari loturiko arriskuei aurrea hartzeko neurri gisa.

31.3.-Enpresak osasun sistema publikoa onartuko du langileari baja emateko, eritasun arruntaren eta lanetik kanpoko istripuaren kasuetan.

31.4.-Segurtasun eta Osasun Batzordea.

Batzorde horrek Laneko arriskuei aurrea hartzeari buruzko azaroaren 8ko 31/1995 Legearen 38. artikuluan eta hurrengoetan, oro har, adierazten diren kideak, eskumenak eta ahalmenak izanen ditu.

32. artikulua. Jantziak eta oinetakoak. Egoitzako laguntzailearen kategoria duen langileari, 2012an, bere lana betetzeko behar duen uniformea emanen zaio behin, hau da, bi uniforme bere eskalapoiekin, bat udakoa eta negukoa bestea.

VII. KAPITULUA

Hutsegiteak eta zehapenak

33. artikulua. Hutsegite arinak. Honako hauek dira arau-hauste arinak:

a) Hogeita hamar egunean lanera hiru aldiz berandu iristea.

b) Lanera bertaratu ez eta hurrengo 24 orduetan hutsegitearen arrazoiak ez jakinaraztea.

c) Lanetik bidezko arrazoirik gabe alde egitea, nahiz eta denbora gutxirako izan, baldin eta enpresarentzako, erabiltzaileentzako edo lankideentzako kalteak direla-eta, arau-hauste larri edo oso larritzat hartzerik ez badago.

d) Zabarkeriaz jokatzea arauei edo jasotako aginduei dagokienez.

e) Aldi baterako ezintasun kasuetan, baja agiriak edo hura luzatzekoak horretarako ezarritako epean ez jakinaraztea, ezta helbide aldaketak eta, oro har, egoera zibilari eta familiarrari buruz zergen eta gizarte segurantzaren ondorioetarako garrantzitsuak izan daitezkeen gainerako datuak ere.

f) Zabarkeria arina erakundearen esku utzitako adingabeak zaintzean.

34. artikulua. Hutsegite larriak. Arau-hauste larriak honako hauek dira:

a) Hogeita hamar egunean lanera hiru aldiz baino gehiagotan eta hamar baino gutxiagotan berandu iristea.

b) Hogeita hamar egunean, bidezko arrazoirik izan gabe, behin lanera ez agertzea.

c) Agindutako lanetan behar den arreta ez jartzea eta goragokoen jarraibideei jaramonik ez egitea, zerbitzuei dagokienez, enpresaren edo erabiltzaileen kalterako.

d) Hirurogei egunean hutsegite arin bera errepikatzea edo beste hutsegite arin bat egitea.

e) Hirurogei egunean hutsegite arin bera errepikatzea edo beste hutsegite arin bat egitea, nahiz eta beste mota batekoa izan, idatzizko zehapena egon den kasuetan.

f) Zabarkeria larria erakundearen esku utzitako adingabeak zaintzean.

35. artikulua. Hutsegite oso larriak. Arau-hauste oso larriak honako hauek dira:

a) Hamabi hilabeteko aldian 20 aldiz baino gehiagotan berandu iristea.

b) Hogeita hamar egunean, bidezko arrazoirik izan gabe, hirutan lanera ez agertzea.

c) Eritasuna edo istripua simulatzea.

d) Lana utzi edo zabarkeriaz egitea, enpresari edo erabiltzaileei kalte larriak ekarrita.

e) Zabarkeria larria erakundearen esku utzitako adingabeak zaintzean.

f) Hitzezko eta egitezko tratu txarrak ematea erabiltzaileei, goragokoei edo lankideei.

g) Enpresari edo beste edozein pertsonari ebastea, lapurtzea edo jokabide horren konplize gisa aritzea, lantokian berean.

h) Laurogeita hamar egunean arau-hauste larri bera errepikatzea edo beste arau-hauste larri bat egitea, nahiz eta beste mota batekoa izan.

Aurreko artikuluetako hutsegiteen deskribapena aipamen hutsa baino ez da.

36. artikulua. Zehapenak. Enpresak zehapenak jartzeko ahalmena du. Zehapenak idatziz jakinaraziko zaizkio langileari; gertakariak, arau-haustearen gradua eta ezarritako zehapena adieraziko dira.

Arau-hauste larriak eta oso larriak lehenbizi langileen ordezkariei jakinaraziko zaizkie eta haien iritziak entzunen ditu enpresak zehapena jarri aitzin. Dena den, zehatzeko ahalmena enpresak izanen du beti.

Enpresak, arau-hausteen larritasuna eta inguruabarrak kontuan hartuta, gehienez zehapen hauek jartzen ahal ditu:

a) Hutsegite arinak: hitzezko edo idatzizko kargu-hartzea.

b) Hutsegite larriak: idatzizko kargu-hartzea. Gehienez hamabost eguneko enplegu-soldaten etenaldia.

c) Hutsegite oso larriak: lanetik bidaltzeko ohartarazpena. Gehienez hirurogei eguneko enplegu-soldaten etenaldia. Kaleratzea.

37. artikulua. Arau-hausteen preskripzioa. Graduaren arabera, arau-hauste arinak hamar egunen buruan preskribituko dira, larriak hogei egunen buruan eta oso larriak hirurogei egunen buruan. Horiek guztiak enpresak gertaeren berri izaten duenetik eta, betiere, gertatu eta handik sei hilabetera.

VIII. KAPITULUA

Bestelako xedapenak

38. artikulua. Eskubide sindikalak.

38.1.-Langileen ordezkariek 15 orduko kreditua izanen dute hilabetean beren eginkizuna betetzeko. Orduen kreditu hori enpresaren eta batzordearen artean adostutako irizpideen arabera hartuko da.

38.2.-Enpresak, ahal den neurrian, aukera emanen du langileen batzarrak egiteko, non ez diren oztopo lantokien ohiko funtzionamendurako.

38.3.-Metaketa. Langileen ordezkari guztien orduen kredituak metatzen ahalko dira, haiek sindikatu berekoak badira, langile baten edo gehiagoren esku, enpresari gutxienez hilabete lehenago abisu emanda, jarduera behar bezala antola dezan.

I. ERANSKINA

Eginkizunak

(7. eta 8. artikuluak).

Elkartearen Kalitatearen Eskuliburuaren bidez aztertu eta eguneratuko dira eginkizunak, edo ANNFko zuzendaritzak sinatutako komunikazio baten bidez.

Hona, zehaztuta, gaur egungo eginkizunak:

Lantalde teknikoaren eginkizunak.

Lantalde teknikoak, psikologia, hezkuntza eta gizarte arloa hartzen dituen diziplinarteko lantaldea denez, esku-hartze familiarra du lehen eginkizuna, adingabeak beren etxeetara itzultzeko aukera ematen duen sistema familiarra lehengoratzera bideratua; ahal baldin bada, betiere.

Beste eginkizunetako bat hezitzaileei aholkua, orientazioa eta laguntza ematea da adingabeekin egiten duten hezkuntza lanean, erabateko ikuspegia izaten eta egoera bakoitzaren konplexutasuna ulertzen lagunduko duten ekarpenak eginez.

Teknikari bakoitza elkarteko hainbat egoitzatako erreferentea izanen da, eta bere gain hartuko du egoitza horietan dauden adingabeen eta haien familien erantzukizuna, bere ardura baita adingabeek behar duten arreta izatea programatuta dauden aukera eta helburuen arabera.

-Eremu psikologikoa:

  • Adingabeak tratamendu psikologikorako sare publikoko edo pribatuko kontsultetara bideratzea.
  • Jarraipen teknikoa egitea bakoitzaren tratamendu psikologikoei.
  • Koordinazioa Osasun Mentaleko Zentroekin, Haur eta Gazteen Unitatearekin eta kontsulta kliniko pribatuekin.

-Gizarte gaien eremua:

  • Laguntzarako gizarte sarearen informazioa eta jarraipena: Osasun Etxea, Osasun Mentala, Oinarrizko Zerbitzuak, eta abar.
  • Hezkuntza lanean laguntzeko dauden baliabideen berri ematea etxebizitzei eta haietaz hornitzea, hala nola, aisiarako baliabideak, kanpalekuak, eskolaz kanpoko jarduerak...
  • Kanpaleku eta igerilekuen kudeaketa.
  • Laguntza ekonomikoak eskatzeko eta haiek kontrolatzeko tramiteak egitea.

-Hezkuntzaren eremua:

  • Adingabe berriak eskolatzea, Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuko Eskolatze Batzordearen bidez.
  • Koordinazioa eta harremanak eskolekin eta eskola arloko gaiekin. Bilerak orientatzaileekin.
  • Ikastetxeei buruzko orientazioa hezkuntzako lantaldeei.
  • Hainbat egoeratan babestutako adingabeen eskolatzeari jarraipen teknikoa egitea.
  • Ikaskuntzako esperientzia egituratuak prestatu eta koordinatzea, lantaldeek eskatuta edo kasua ebaluatuta, beharrezkotzat jotzen dituztelako. Adibide gisa: sexualitatea, trebetasun sozialak, hainbat lantegi...
  • Laguntzarako baliabide psikopedagogikoak koordinatu eta haien gaineko txostena egitea.

Nazioarteko adopzioko teknikarien eginkizunak.

-Zuzeneko arreta pertsonalizatua adopzio eskaera egiten dutenei.

-Informazioa eta prestakuntza nazioarteko adopzio eskatzaileei, haiek burutzeko dauden baldintza eta egoera bereziak eta jarraipena azalduta izan daitezkeen erantzunei buruz.

-Adopzio arloan une bakoitzean eskumena duen agintaritza administratiboaren erantzuleekin (gaur egun, Nafarroako Ongizatearen Institutua) behar diren harremanak izatea, eta egunez egun sortzen diren espediente administratibo guztiei jarraipena egitea.

-Adoptatzen duten gurasoak behar bezala prestatzeko ikastaroak eginen dira, indarra duen legeriak agintzen duen moduan eta edukiekin.

-Koordinazio eta lanerako behar diren harremanak izanen ditu hainbat herrialdetan ditugun ordezkariekin harreman egokiak eta emaitza objektiboak eman daitezen, baita adopzioa egiten duten bikoteekin ere, adopzioak arrakasta izan dezan maila guztietan.

-Behar diren harremanak izanen ditu koordinazio egokia izan dadin adoptatzen diren haurren herrialdeekin, elkarteak haietan dituen ordezkarien bitartez.

-Jarraipen puntuala eginen dio haurraren entregari, baita adopzioa egiten dutenek bete beharreko beharkizun eta baldintza guztiei ere, eta haur adoptatua zein egoeratan dagoen ikuskatuko du.

-Orobat, nazioarteko adopzioen departamentuko koordinazioak agintzen dizkion jarraibide eta ohar guztiak beteko ditu, baita zuzendaritzak edo elkarteko zuzendaritza organoek agindutakoak ere, departamentuaren jardueraren helburuak bete eta lor daitezen.

-Nazioarteko adopzioetarako ezarritako kode deontologikoa eta nahitaez bete beharreko nazioko, nazioez gaindiko eta nazioarteko legeria beteko ditu, eta adopzio prozedurari atxikitako jendearen informazioaren intimitatea zainduko du, eskatzaileena edo adingabeena alegia.

Nazioarteko lankidetzako teknikarien eginkizunak.

Departamentuko arduradunaren menpe, urteko proiektuak nola gauzatzen diren kontrolatuko du eta lankidetza proiektu berriak garatzen eginen du lana.

-Proiektu eta deialdiak aurkeztea.

-Jarraipen teknikoa egitea proiektuei.

-Bertara joandako lantaldeen lana bultzatzea.

-Sentsibilizazioko proiektu edo jarduerak bultzatzea.

-Tarteko txostenak eta azken txostena aurkeztea.

-Jarraipena proiektuen kontuei.

-Jarraipena, nola gauzatzen diren.

-Beste edozein eginkizun, lanarekin zerikusia zuzenean izan eta departamentuko edo elkarteko arduradunek agintzen diotena.

Baliabideak eskuratzeko teknikarien eginkizunak.

Baliabideak eskuratzeko estrategiak diseinatzea, komunikazio eta marketin departamentuarentzat.

Estrategia horiek departamentuak garatzen duen korporazio irudiaren politikari egokitzea.

Planean diseinatzen diren ekitaldi eta jarduerek bat etorri behar dute erakundearen eta departamentuaren estrategia orokorrekin, eta garapenerako informazio, sentsibilizazio eta hezkuntza lerroekin batera egin behar dute lan.

Estrategia horien ondoriozko eskuratze ekitaldiak egutegian banatu, antolatu eta ebaluatzea.

Merkatutxoa antolatzea (eskuratzeko ekitaldia):

Web orria eguneratuta izatea bere karguarenak diren ekintza eremuei dagokienez.

Departamentuak eskura ditzakeen diru-laguntza publiko guztiak bilatu eta tramitatzea.

Departamentuko gainontzeko lerroekin batera aritzea.

Bat heldu diren eginkizunetan edo sor daitezkeen sinergietan.

Komunikazioko teknikarien eginkizunak.

Departamentuko arduradunaren menpe, hainbat zereginetan lan egiteko erantzukizuna hartu beharko du, komunikazio departamentuak abiaraziko dituen baliabideak eskuratzeko jarduerak diseinatu, prestatu eta kudeatzen. Beharrezkoa bada, departamentu horretatik kudeatzen diren informazio eta sentsibilizazio eginkizunen barrenean egiten den lana bultzatuko du.

Merkatutxoa kudeatu eta antolatzeko ardura hartuko du.

Erakundeak behar dituen materialak eta haiek eskuratzeko ekitaldiak prestatuko ditu.

Behar duten materialen maketazioa eginen du, gero argitaratzeko.

Erakundearen web masterra izanen da eta, besteak beste, web orriko edukiak eguneratzeaz arduratuko da.

Departamentuan egiten diren sentsibilizazio, eskuratze eta informazio lanetan ariko da, bere laguntza behar badute.

Eginkizun horiek guztiak departamentuko arduradunarekin koordinatuz eta harekin lan eginez betetzen dira.

Terapeuten eginkizunak.

Orientazioa eta informazioa ematea gurasoei, adoptatzen dituzten adingabeek izan ditzaketen premiak behar bezala uler ditzaten eta arreta eman diezaieten.

Lantegien kudeaketa.

Familiek planteatzen dituzten kontu espezializatuagoak bideratu eta lantzea.

Kontsulta puntualak erantzutea.

Bana-banako tratamendu psikoterapeutikoa haur eta adoleszenteekin.

Bana-banako tratamenduak sinbolizazioari eusteko eta laguntzeko.

Kontsultak, adingabea familian egokitzeko prozesuan.

Kontsultak, hazkuntzari loturiko hainbat konturi buruz.

Aita-amen eta haurraren arteko atxikitze prozesuko zailtasunak lantzea.

Eskolako zailtasunak lantzea: harremanari, ikasketari eta portaerari buruzkoak.

Adingabeen adoleszentzian esku hartu eta aholku ematea.

Zerbitzurako behar diren txosten guztiak egitea.

Laguntza, kontrola eta euspidea ematea krisi egoeretan.

Haurraren bizitzari buruzko jarduketak, hezkuntzakoak, terapeutikoak, sozialak, eta abar koordinatzea.

Lagun egitea jatorriko familiei egiten zaizkien bisitetan, beren arteko harremana ikusi eta hezkuntza arloan esku hartzeko.

Atxikitze prozesuetan laguntzea.

Krisialdian esku hartzea.

Ikastetxeekin batera lan egitea, ikastetxe bakoitzeko beharrei egokituta, hainbat esku-hartze egiteko aukera eskainiz, hala nola, guraso edo irakasleentzako hitzaldiak edo gainbegiratze edo laguntza puntualak kasu jakin batzuetan; betiere, ikastetxeko profesionalekin batekin lan eginez.

Integrazio prozesuari buruzko informazioa.

Portaera zailetan bukatzen diren oinarrizko zailtasunei buruzko aholkuak.

Kontsultak, kasu jakin batzuetan.

Orientazioa, familia dibertsitatearen tratamendua gelan nola egin.

Babestutako adingabeak zein zerbitzu komunitarioetan hartzen duen parte (ikastetxeak, osasun etxeak, aisiakoak, oinarrizko gizarte zerbitzuak eta beste batzuk), haiekin harremana izatea.

Gainera, zer zerbitzuri atxikita dagoen terapeuta, hartan zehazki definituta diren eginkizunak aplikatuko dira.

Administrari-ofizialaren eginkizunak.

Behar bezala prestatuta, elkartearen bulegoan lan egiten duten langileak dira, burokrazia, kontabilitate eta kudeaketa arloko eginkizunak burutuz elkartearen kanpoko eta barreneko jardueraren kontrolari buruz.

Idazkaritza honek organo hauen sostengua du: Zuzendaritza, Koordinazioa, Giza Baliabideak eta Lantalde Teknikoa.

Eginkizunak:

-Telefono bidezko arreta edo zuzenekoa, eta bisitariak hartzea.

-Elkarteko hornitzaileekin harremana izatea eta kudeaketak egitea.

-Bankuko kudeaketak egitea.

-Dokumentuak idaztea eta gutuneria kudeatzea.

-Laguntza administratiboa Zuzendaritzari: agenda kudeatzea, dokumentazioa prestatzea, langileria arloko dokumentazioa eskura ematea, eta abar.

-Oinarrizko laguntza administratiboa elkarteko departamentuei.

-Elkarteko artxiboa kudeatzea.

-Elkartearen jarduerei loturiko hainbat kudeaketa egitea.

-Bulegoaren mantentze arrunterako kudeaketak.

Administrari laguntzailearen eginkizunak.

-Telefono bidezko arreta.

-Bertaratutako bisitariei arreta eman eta harrera egitea.

-Gutuneria sailkatzea.

-Bankuko kudeaketak egitea.

-Dokumentuak eta gutunak idaztea.

-Oinarrizko laguntza administratiboa elkarteko departamentuei.

-Elkarteko artxiboa kudeatzea.

-Elkartearen jarduerei loturiko hainbat kudeaketa egitea.

Egoitzako arduradunaren eginkizunak.

Egoitzako arduraduna hezkuntza proiektua bizkortzen duena da, ANNFren helburuen bila, hezkuntza lana erraztu, lagundu eta bermatzeko.

Taldeko tirabirak katalizatzen ditu, taldeari gogoetan egoten laguntzen dio, animatu, zaindu, estimulatu eta komunikatzen du.

-Adingabeentzako arretari dagokionez:

  • Hezitzaileei dagozkien eginkizunak.

-Kudeaketa sistemari dagokionez:

  • Nafarroako Gobernuko departamentuko zerbitzu teknikoek lagunduta, zuzendaritzak zehaztutako lan politika gauzatzea egoitzan.
  • Kudeaketa sistemak kalitate kontuan egoitza bakoitzerako zehazten dituen alderdi guztien ardura hartzea, taldeko buru izanik sistema ezartzen eta hari jarraipena egiten. Urteko ziurtatze auditorien gaineko erantzukizuna ere bere gain hartzen du.
  • Elkartean parte hartzen duten pertsona eta prozesuek kalitate sistemaren eskakizunari erantzuten diotela bermatzea, berari dagokion esparruan.
  • Behar bezala dokumentatuta diren ekintza planak kontrolatu, eta aldaketa eta hobekuntzak proposatzea, Nafarroako departamentuaren helburuak bete daitezen.
  • Egoitzako ekintza planen bilakaeraren berri ematea Coordinación de Hogares delakoaren koordinazioari eta helburuetan parte hartzen dutenei.

-Bere lantaldeko zuzendaritzari dagokionez:

  • Bere egoitzako langileen lana gainbegiratzea, haien garapen profesionala bultzatuz.
  • Bere egoitzako langileak hartzeko sistemak kontrolatzea, bere zuzendaritza lantaldeko kide eta egoitzako laguntzaile berriei arreta emanez eta gainbegiratuta.
  • Bere egoitzako baliabide materialen (azpiegitura eta baliabide teknikoak) eta giza baliabideen gaitasunak sustatzeaz eta hobetzeaz arduratuko da. Etengabeko hobekuntzaren dinamika batean, lorpen hobeak eskuratzeko lan profesionalean, lan segurtasun eta osasunean, zerbitzuaren eta prozesuen kalitatean.
  • Hitzarmen kolektiboan ezarritako funtzionamendu arauak bere egoitzan bete eta betearaztea.
  • Giza Baliabideen arduradunarekin batera lan egitea diziplina sistema kudeatu eta kontrolatzen.
  • Informazio/komunikazio sistema kudeatu eta kontrolatzea bere egoitzako eremuan.
  • Elkartearen ordezkari izatea erakunde ofizialetan, epaiketetan, batzordeetan, haietara deitua izanez gero.
  • Egoitzako egituren hobekuntza kudeatzeaz arduratuko da, ezarritako aurrekontuan oinarrituta planifikatuz eta berariazko aurrekontuak aurkeztuta.

Hezitzaileen eginkizunak.

Egoitzetako hezitzaileak adingabeentzako erreferentziako figurak dira, iristen direnetik baliabidea uzten duten arte.

Oso zeregin garrantzitsua du adingabeentzat, portaeraren eredua da, bitartekari eta babesle, baliabideak eskuratzen dizkiena, testuinguruak koordinatu eta esperientziak sortzen dituena.

Oinarrizko eginkizunak: zaintzarako oinarrizko ohiturak, hala nola, higienea, elikadura, jantziak, babesa eta adingabeentzako hainbat arreta, eskuratzera bideratutako hezkuntza jardueren multzoa, bai egoitza barrenean bai kanpoan.

Arau arloko eginkizuna: jarraibide eta arauak transmititzea, ahozko mezuen eta haien gaineko jarreren arteko koherentzia erakutsiz.

Agintari eginkizuna: ezarritako arauak onartu eta bete daitezen lortzea, eta mugak ezartzea.

Sozializazio eginkizuna: jarraibide eta arau sozialak transmititzea, ahozko mezuen eta haien gaineko jarreren arteko koherentzia erakutsiz.

Eusle eginkizuna: entzun, baloratu, laguntza eta sostengua eman, bulkadak bideratu eta, hortaz, adingabeari eustea bere esperientziekin lan eginez, eta kezkabide diren egoera guztietan lasaitzea. Orobat, fisikoki eustea, behar diren egoera guztietan.

Identifikazio eginkizuna: adingabeari eskura ditzakeen ereduak, imitatzeko onak direnak, aurkitzeko moduko irudia ematea.

Erraztu eta laguntzeko eginkizuna: hezitzaileak, eskolako lanarekin eta aisiaren kulturarekin loturiko kontuen bidez, informazioa eta ikaskuntzan sartzeko bidea eskaintzen ditu.

Planifikatu eta ebaluatzeko eginkizuna: adingabearekin parte hartzen duten profesional talde guztiarekin koordinatuz antolatzen da, aldez aurretik, bere hezkuntza lana, garapenaren arlo guztietan ebaluatzeko moduko helburu operatiboak ezartzearren.

Eguneroko jardueretan sostengua eta laguntza emateko eginkizuna: eguneroko jardueretan, hala nola, garbiketan, otorduetan, eskolako jardueretan... praktikan jartzea eta lagun egitea.

Mantentze eginkizuna egoitzan: egunerokoa gainbegiratu eta mantentzea. Etxeko lanak gainbegiratzea eta, egoitzako laguntzailea kanpoan denean, haren eginkizunak betetzea, beharrezkoa bada.

Adingabearen kontu pertsonalak kudeatu eta gainbegiratzeko eginkizuna: osasun, administrazio, eskola eta lege arloko kontuak kudeatu eta gainbegiratzea. Orobat, adingabeari dagozkion kontu garrantzitsuen berri ematea familiari; betiere, haren ardura duen teknikariarekin lan eginez.

Hezkuntza planifikatu eta kudeatzeko eginkizuna: lantalde teknikoarekin batera lan egitea, adingabe bakoitzaren hezkuntza programa prestatzen, praktikan jartzen eta jarraipena egiten. Orobat, adingabearen bizi prozesuan zuzenean edo zeharka parte hartzen duten hezkuntza eragileekin batera lan egitea.

Dokumentazioaren eginkizun adiministratiboa eta hura kudeatzekoa: egoitzako egunkariak, hezkuntza programazioak, txostenak, kalitatea kudeatzea...

Koordinatzeko eginkizuna: bai lantalde teknikoarekin eta koordinazioarekin, bai adingabearen hainbat jarduketari loturiko kanpoko profesionalekin koordinatzea. Hala nola, irakasle, psikologo, gizarte langileekin...

Prestakuntza eguneratzeko eginkizuna: interesa eta inplikazioa etengabeko hobekuntzan, adingabearen behar eta egoera berrietara egokitzen ikasteko.

Zerbitzuak eskatzen duen dedikazioaren ondorioz egoitzako bizimoduan izan daitezkeen ustekabeak konponduko ditu, eta egoitzan edo okupatzaileekin sor daitekeen edozein gorabeheraren berri emanen dio arduradunari.

(Ordezko hezitzailearen kategoriak ere eginkizun horiek ditu, baina bere lan inguruko funtsezko beste baldintza batzuek bereizten dituzte).

Hezitzaile laguntzailearen eginkizunak.

Profesional horiek laguntza ematen diete hezitzaileei, zerbitzuko koordinatzaileak egutegian finkatutako lanaldi malgu baten bidez.

Hezkuntza lanetan laguntzea erreferentziako hezitzaileari.

Zentro funtzionaletako hezitzaile laguntzailea hezitzaileen lanari laguntzeko irudia da.

Gainera, adingabeak eta zentroetako instalazioak zaintzeko eginkizuna betetzen duten langileak dira.

Haien eginkizunak hezkuntza eta laguntza arlokoak dira, hurrengo eginkizunak garatzen hartzen baitute parte:

-Autonomia pertsonaleko programak diseinatzen eta gauzatzen lan egitea behar diren profesionalekin.

-Behar duten adingabeen toki aldaketetan laguntzea, jarduera aldaketetan, ikastetxeko sarrera-irteeretan, ikaslearen joan-etorri autonomoak sustatzeko helburuz.

-Ikastetxe horiei arreta ematen eta zaintzen lan egitea aisialdietan eta atsedenaldietan, eta gainerakoarekin harreman egokia izaten saiatuz.

-Adingabearen aisialdiko eta atsedenaldiko jokabide eta komunikazio ohiturei loturiko programak, autonomia sozialari buruzkoak, garatzen lan egitea.

-Zaintzen dituen adingabeekin loturiko gaiak lantzen diren bileretan parte hartzea, egiten den lanaren jarraipenaren eta aplikazioaren berri emanez.

-Adingabeen gorputz, afektibitate, ezagutza eta komunikazio kontuetan, haien gaitasuna sendotu eta garatzea, ahalik eta autonomia eta gizarteratze maila handiena proposatuta.

Gaueko zaintzaileen eginkizunak.

Egoitzeetako instalazioak eta adingabeak arratseko 22:00etatik hurrengo eguneko 09:00ak arte zaintzeko eginkizuna duten langileak dira.

Gela bat izanen du, adingabeen gaueko gorabeherak zaindu ahal izateko eta, behar izanez gero, kasu egiteko. Adingabeek bere arretarik behar ez duten orduetan hartzen ahalko du atseden, eta prest egonen da larrialdietarako.

Coordinación de Hogares Navarra delakoak edo giza baliabideen arduradunak ezarritako beharraren kasuan, lanaldian erne eta zain egoteko eskatzen ahalko zaie gaueko zaintzaileei; kasu horietan, lanaldi bakoitza benetako 11 ordukoa izanen da, eta lanaldi bakoitzeko gehiegizko hiru ordu horiek balio bereko atsedenaldi batekin konpentsatuko dira, giza baliabideen arduradunak hala erabakitzen duenean.

Oinarrizko eginkizunak: zaintzako jarduera multzoa.

Arau arloko eginkizuna: hezkuntza lantaldeak ezarritako arau eta jarraibideak oroitzea.

Agintari eginkizuna: ezarritako arauak onartu eta bete daitezen lortzea, eta mugak ezartzea.

Koordinatzeko eginkizuna: hezkuntzako lantaldearekin eta egoitzako arduradunarekin koordinatuko da, baita Coordinación de Navarra delakoarekin eta giza baliabideen arduradunarekin.

Profesional hauek gure zentroak zaintzen dituzte 22:00etatik 09:00ak arte, txandako sistema baten bitartez, astelehenetik igandera arte.

Egoitzako laguntzaileen eginkizunak.

Haien eginkizuna egoitza garbitu eta mantentzea da.

-Etxe garbiketa.

-Babestutako adingabeen arropa garbitzea.

-Garbiketa sakonak edo orokorrak antolatu eta egitea.

-Garbigailuak martxan jarri, arropa hedatu eta biltzea.

-Arropa lisatu eta pasaratzea (botoiak josi, azpildurak, urratuak, eta abar).

-Hezkuntzako lantaldeak, Hezkuntza Koordinazioak edo Zuzendaritzak adierazten dizkion bileretan parte hartzea.

-Egoitzako arduradunak agindutako oharrei jarraituz eginen du bere lana, premiei, lehentasunei eta abarrei buruz.

II. ERANSKINA

ANNFren 2011ko eta 2012ko soldaten taulak

KATEGORIA PROFESIONALAK

OINARRIZKO SOLDATA

HIRURTEKOA

HILABETEAN

URTEAN

HILABETEAN

URTEAN

I. taldea. Teknikariak.

Lankidetzako teknikaria.

1.503,91

21.054,71

44,89

628,46

Adopzioko teknikaria.

1.503,91

21.054,71

44,89

628,46

Komunikazioko teknikaria.

1.503,91

21.054,71

44,89

628,46

Baliabideak eskuratzeko teknikaria.

1.503,91

21.054,71

44,89

628,46

Babespeko etxebizitzen programako irakaslea.

1.503,91

21.054,71

44,89

628,46

Terapeuta.

1.648,47

23.078,58

44,89

628,46

Egoitzako arduradunaren plusa.

151.50

1818,00

-

-

Hezitzailea.

1366.17

19.126,40

44,89

628,46

Ordezko hezitzailea.

1366.17

19.126,40

44,89

628,46

Hezitzaile laguntzailea.

945.81

13.241,29

35,02

490,22

II. taldea. Administrariak.

Administrari-ofiziala.

1.145,93

16.043,03

35,02

490,22

Administrari laguntzailea.

973,01

13.622,13

35,02

490,22

III. taldea. Zerbitzuetako langileak.

Gaueko zaintzailea (1340 h).

725.12

10.151,64

32,41

453,73

Egoitzako laguntzailea (888 ordu).

454.93

6.369,01

17,12

239,67

Jaiegun eta igandeetako plusa, hezitzaile eta ordezko hezitzaile gisa lan egindako ordu bakoitzeko: 2,61 euro orduko.

Sinatzaileak:

Ana Asiain Bermejo (ELA)

Natalia Urriza Asurmendi (ELA)

Marta Clemente Pérez (CCOO)

Cristina Bermejo del Arbol (CCOO)

M.ª Victoria Equiza Escudero (CCOO)

Ioseba Guillermo Sayas

Laura Iparraguirre Bemposta

Elena Vizcay Azcoitia

Iragarkiaren kodea: F1210568