161. ALDIZKARIA - 2012ko abuztuaren 16a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. LURRALDEAREN ANTOLAMENDUA ETA HIRIGINTZA

7/2012 EBAZPENA, uztailaren 16koa, Lurraldearen Antolamendu, Mugikortasun eta Etxebizitzako zuzendari nagusiak emana, Caparroso parke eolikoa aldatzeko espedienteari buruzko araudia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila xedatzen duena. Parkea energia eolikoa ekoizteko azpiegituren Udalez gaindiko Plan Sektorialaren parte da. Aipatu espedientea Eólica Navarra, S.L.k sustatu zuen eta 2000ko maiatzaren 22ko Erabakiaren bidez onetsi zen.

Energia eolikoa ekoizteko azpiegituren Udalez gaindiko Plan Sektoriala, Eólica Navarra, S.L.k sustaturik, Montes de Cierzoko eta Caparrosoko parke eolikoei dagokienez, Nafarroako Gobernuak 1998ko abenduaren 14an hartutako Erabakiaren bidez onetsi zen. Bertan, beste xedapen batzuen artean, erabakia argitaratzea hainbat agiri aurkeztearen mende zegoela ezarri zen.

1999ko martxoaren 1ean, plan sektoriala sustatu zuen enpresak Montes de Cierzoko eta Caparrosoko parke eolikoen testu bateginak aurkeztu zituen eta, orobat, martxoaren 8an, Plana de la Bandera parkearena.

Testu horiek aztertu ondoren, 1998ko abenduaren 14ko erabakia argitaratu zen, 1999ko 73. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, ekainaren 11n.

Gero, 1999ko abuztuaren 23an, Eólica Caparroso, S.L. enpresak aurreko plan sektorialaren parte den Caparroso parke eolikoaren aldaketa aurkeztu zuen tramitatzeko.

Espedientea Nafarroako Gobernuak 2000ko maiatzaren 22ko Erabakiaren bidez onetsi zen, eta 2000ko 81. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu, uztailaren 5ean. Parke eolikoen ezarpena arautzen duen otsailaren 26ko 125/1996 Foru Dekretuan ezarritakoarekin bat, espedientean Caparroso parke eolikorako eraikuntzako erabilera eta jarduerak arautzen dira. Gaur egun araubide hori ez da argitaratu.

Espedientea azterturik eta Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearekin bat, eta Sustapen eta Etxebizitza Departamentuaren egitura organikoa ezarri zuen abuztuaren 24ko 143/2011 Foru Dekretuaren bidez eskuratu ditudan ahalmenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Caparroso parke eolikoa aldatzeko espedienteari buruzko araudia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila xedatzea. Araudi horren testu osoa ebazpen honi atxiki zaion eranskinean ageri da. Parkea energia eolikoa ekoizteko azpiegituren Udalez gaindiko Plan Sektorialaren parte da. Aipatu espedientea Eólica Navarra, S.L.k sustatu zuen eta 2000ko maiatzaren 22ko Erabakiaren bidez onetsi zen.

2. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute, Sustapeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Epeak ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hasiko dira kontatzen.

3. Ebazpen hau igortzea Caparrosoko Udalari, interesdunari, Eólica Navarra, S.L.ri eta Etxebizitza, Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Arloko Laguntza Juridiko eta Administratiboaren Zerbitzuari, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2012ko uztailaren 16an.- Lurraldearen Antolamendu, Mugikortasun eta Etxebizitzako zuzendari nagusia, José Antonio Marcén Zunzarren.

ERANSKINA

Araudia

1. artikulua. Nafarroako Erriberan energia eolikoa ekoizteko azpiegituren Udalez gaindiko Plan Sektorialak helburu energetikoa du Viaescarpe-Caparrosoko parke eolikoa instalatzea, Viaescarpeko gainetan haize-energia argindar bihurtzeko, 29,70 Mw-ko sorkuntza-potentziarekin.

2. artikulua. UPSaren lurralde-eremua memoriaren 5. planoan zehazturik dago, eta honako hauek ditu barne:

-Haize-sorgailuetako lerrokadurak. Zerrenda bat izanen du dorretako lerrokadura guztietan zehar, 40 metroko zabalerakoa (20 metro aldi bakoitzean). Zerrenda horren barruan honako hauek kokatuko dira: haize-sorgailuak (zapatak, dorreak eta muntaketako garabietarako ekipo eta plataformak), dorreen arteko kanalizazio elektrikoak (zangetan lurperaturik, aurreikusten den bezala), parkeko instalazioetara ailegatzeko barneko bideak eta estazio meteorologikoa.

-Lurpeko kanalizazio elektrikoak eta barneko bideak. 40 metroko zerrendetatik kanpo daude, eta bere zerrendako zabalera 10 metrokoa izanen da.

-Sarbide berriak, parketik hurbil dauden bideetatik. 10 metroko zerrenda okupatuko dute.

-Eraikuntzak eta azpiestazioak. Okupazio zerrenda 500 m2-koa izanen da.

Caparrosoko parke eolikoa Viaescarpe-Caparroson dago.

Lurzoruaren sailkapena eta babes araubidea

3. artikulua. Parkeko edozein elementuren exekuzioak ukitzen ahal dituen bide publiko eta ur babestuei dagokienez, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen 35. eta 37. artikuluetan xedatutakoari jarraituko zaio.

4. artikulua. Viaescarpe-Caparroso parke eolikoak ukituko duen lurzorua urbanizaezin gisa sailkatuko da eta "Berariazko ukipenak dituen lurzorua-Aurreikusitako azpiegiturak" kategoria izanen du. Eraiki ondoren, "Berariazko ukipenak dituen lurzorua-Egindako azpiegiturak" kategoria izanen du.

Parke eoliko honek ukitzen duen hirigintza-planeamendua haren xedapenei lotuta geratzen da eta haietara egokitu beharko da berrikusten edo aldatzen den lehen aukeran.

5. artikulua. Parke eoliko honek ukitzen dituen espazioen babes araubidea Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko 10/1994 Foru Legearen 36. artikuluan xedatutakoa izanen da, "Aurreikusitako azpiegitura" kategoria duten bitartean.

Bideek, zangek, linea elektrikoek, haize-sorgailuek edo parkea osatzen duten bestelako elementuek ukitzen ahal dituzten altxonbideei dagokienez, haien araubidea errespetatuko da, hau da, Nafarroako Abelbideei buruzko abenduaren 15eko 19/1997 Foru Legean definitutakoa, bai eta Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko uztailaren 4ko 10/1994 Foru Legearen 40. artikuluan ezarritakoa ere.

Parkeko edozein elementuren exekuzioak (lerrokadurak, sarbideak eta linea elektrikoak) ukitzen ahal dituen intereseko bestelako ibilbideei dagokienez, historikoak nahiz hala izendatuak, aipatu foru legearen 40. artikuluan eta bestelako indarreko garapen-arau berariazkoetan ezarritakoa aplikatuko da, ondare historikoari buruzko legerian ezarritakoa deusetan galarazi gabe.

6. artikulua. Parkeko "Egindako azpiegitura" kategoria duen lurzoruan, jarduerak eta erabilerak onartu, baimendu eta debekatu egiten ahalko dira.

1) Baimentzen ahalko dira:

-Abereentzat alanbrezko hesiak egin edo mantentzea, 40 metroko zerrenda zeharkatzeko beharra badute eremuko abeltegiak behar bezala ustiatzeko. Kasu horretan, hesia ixteko ateak eginen dira parkeko beheko bideari jarraipena emateko.

-Lurpeko ur-hodiak edo parkearekin bateragarriak diren bestelako lurpeko azpiegiturak egin edo mantentzea, 40 metroko zerrenda zeharkatzeko beharra badute. Horien exekuzioan lurpeko kanalizazio elektrikoen zortasunak errespetatu beharko dira.

-Abereei ura emateko iturriak egin edo mantentzea.

-Parke eoliko honetan hasieran aurreikusten ez ziren eraikinak egitea, gehienez 4 metroko altuera eta 50 metro karratu arteko azalera badute eta parkea hobeto ustiatzeko edo energia eolikoa hezkuntza edo teknika aldetik zabaltzeko harrera leku gisa beharrezkoak badira.

-Tamaina txikiko zuhaitz eta zuhaixkak landatzea, airearen zirkulazioa aldatzen ez badute eta, hortaz, haize-sorgailuen funtzionamenduari kalterik egiten ez badiote.

-Parkeko barneko bideak erabiltzea zerbitzuko ibilgailuak pasa daitezen eta traktoreak eta nekazaritza, abeltzaintza edo basozaintzako ibilgailuak dagozkien ustiategietara ailega daitezen.

-Errepikagailuak eta irrati eta telebistako antenak instalatzea.

2) Debekatzen dira eraikuntzako jarduera eta erabilera baimenduen artean agertzen ez direnak, energia elektriko eolikoa sortzeko industria-prozesuaren garapen normalarekin eta parkeko instalazioen ezaugarri berekiekin bateraezinak direnak eta halako instalazioei dagozkien segurtasun-neurriak aldatzen dituztenak edo neurri horiek kontuan hartzen ez dituztenak.

Bereziki, honako hau debekatzen da 40 metroko zerrendan:

-Larreak, uztondoak edo bestelako landaredia erretzea.

-Hegazti nekrofagoentzako edo bestelako hegaztientzako bazkaleku osagarriak instalatzea, hegaztiak haize-sorgailuekin talka egiteko arriskuak sortzen ahal badituzte.

-Airearen zirkulazioan eragina duten oztopoen zirkulazioa.

-Delta hegala edo parapentearen bidezko aire nabigazioa edo bestelako aire-kirol jarduketa, haize-sorgailuaren palaren erpinetik (posizio bertikalean) 100 metroko altueraren azpitik egiten bada.

-Lurpeko kanalizazioak ukitzen ahal dituzten landaketak egitea.

3) Erabilera eta jarduera onartuak izanen dira parke eolikoa kontserbatu, mantendu eta zerbitzatzeko behar direnak.

Segurtasuna

7. artikulua. Segurtasun arrazoiengatik gomendatzen da 40 metroko zerrendan ez sartzea, oinez edo ibilgailuz, ekaitzaldietan, izotzaldietan, elurraldietan eta instalazioak muntatu, konpondu edo mantentzeko lanak egiten diren bitartean.

Azpiegiturak eta instalazioak

8. artikulua. Parkean kokatu beharreko azpiegitura eta instalazioak, energia eolikoa ekoizteko, honako hauek izanen dira:

-Kono-enbor formako metalezko dorreak, 45 metrotik 55 metrora bitarteko altuerarekin, behealdean 3,0 metroko diametroa dutenak eta 2,0 metrokoa goialdean.

-Barruti itxia, 6 x 4 x 2,5 metrokoa, dorrearen goialdean, haren barruan ardatz nagusiaren bira energia elektriko bihurtzeko ekipo mekaniko, elektriko eta hidraulikoak paratzeko.

-Errotorea, 22 metroko erradioa duten hiru palekin, haizeak euretan sortzen duen eragin aerodinamikoagatik ardatz nagusia birarazten dutenak.

-Dorre metalikoa zimendatzeko obrak: hormigoizko zapata bat, 10 x 10 x 0,80 metrokoa, eta hormigoizko erdiko idulki zilindriko bat, 3,60 metroko diametroa eta 1,20tik 3ra bitarteko altuera dituena. Zapatak aldaketak izaten ahalko ditu zimenduak jartzeko baldintzengatik hala egokia bada.

-Lurzorua horizontala ez bada, dorre bakoitzaren ondoan 20 x 10 metroko plataforma bana eraiki beharko da, dorrearen muntaketarako garabi osagarria paratzeko.

-Barneko bideak, parkeko instalazioak eraikitzeko eta haien mantentze-zerbitzurako.

-Lurpeko kanalizazio elektrikoak, behe eta goi tentsioan, dorre bakoitzetik transformazio-zentrora, bai eta kontrolerako kanalizazioak eta lur-sarekoak ere.

-Haizea neurtzeko dorrea, 50 metroko altuerakoa, altuera desberdinetan neurketak egiteko ekipoekin eta dorrearen behealdean informazioa prestatzeko aparatuekin.

-Tximistorratzak, altuera eta ezaugarri desberdinekin.

-Parkea hobeto ustiatzeko eraikinak (ordezko piezen biltegia, kontrolerako kabina, etab.), edo energia eolikoa hezkuntza edo teknika aldetik zabaltzeko harrera leku gisa.

9. artikulua. Parkearen diseinua hainbat lerrokaduratan egiten da, energia eolikoa aprobetxatzeko, parke eolikoaren proiektuko dokumentazio grafikoari jarraikiz.

Eólica Caparroso, S.L.

Gailur-lerroaren topografia aldatzen ahal duten ukipenak eta malkarren hegaletan isurketak saihesteko, haize-sorgailuak lerro horretatik 15 metrora paratuko dira gutxienez. Pinudiak edo bestelako zuhaiztiak izanez gero, haize-sorgailuak zuhaitzak ez ukitzeko, bai eraikuntza-fasean bai parkearen funtzionamendu-fasean, behar adina urrunduko dira gailur-lerrotik, etorkizuneko hazkundea ez baldintzatzeko moduan.

Halaber, landaredi naturaleko azalerak okupatzea, aldi baterako nahiz betirako, saihestuko da, ahal den neurrian.

10. artikulua. Parkearen exekuzioa fase batean eginen da, honako eduki eta programa hauekin:

Haize-sorgailuen kopurua: 43.

Instalatutako potentzia: 29,7 mW (exekuzioaren urtea: 2000).

11. artikulua. Parkeko barneko bideek 3,5 metroko plataforma-zabalera izanen dute. Zorua zabor-legar artifizialekoa izanen da, aurretik behar adinako lur-erauzketen eta lubeten bidez berdindu eta trinkotu den lur naturalaren gainean. Malda handiko tarteetan hormigoizko azken geruza bat izaten ahalko dute.

Bideetako sarbideetan ixteko gailuak jartzen ahalko dira, ibilgailuak hortik libre ez zirkulatzeko.

12. artikulua. Parke barruan linea elektrikoek lurpean egon beharko dute.

Lurpeko kanalizazio elektrikoak egiteak ekarriko du berarekin 10 metroko zabalera duen zerrenda bat aldi baterako okupatzea.

Iragarkiaren kodea: F1211050