161. ALDIZKARIA - 2012ko abuztuaren 16a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

FALTZES

Erregelamendu Organikoa. Behin betiko onespena

Faltzesko Udalak, 2012ko maiatzaren 31n egin osoko bilkuran, erabaki zuen hasiera batean onestea Faltzesko Udalaren Erregelamendu Organikoa. Iragarkia 2012ko 117. Nafarroako Aldizkari Ofizialean eman zen argitara, ekainaren 19an.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluari jarraikiz, maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legeak aldatu baitzuen, eta jendaurrean egoteko epea inork alegaziorik aurkeztu gabe iraganik, Erregelamendu Organiko hori behin betiko onetsi eta osorik argitaratzeko agindu da, behar diren ondorioak izan ditzan.

Faltzesen, 2012ko uztailaren 27an.-Alkate udalburua, Valentín García Olcoz.

FALTZESKO (Nafarroa) UDALAREN ERREGELAMENDU ORGANIKOA

ATARIKO TITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Faltzesko Udalak, Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legeak erregelamenduak egiteko eta bere burua antolatzeko aitortzen dion ahalmena erabiliz eta hari jarraikiz, erabaki du, erregelamendu honen bidez, bere antolaketa eta bertan ezartzen diren organo oinarrizko nahiz osagarrien funtzionamendu araubidea arautzea, behin-behinekoz arautu ere haren aldaketa komenigarri juzgatzen ez den bitartean, aipatu legearen garapenaren funtsezko lerroak behar bezain ongi argitu ondoan.

2. artikulua. Udal antolaketa honako organo hauen arabera egituratuko da:

a).-Gobernu eta administraziorako organo oinarrizkoak dira:

Udalaren Osoko Bilkura, alkatea, alkateordeak, eta Kontuen Batzorde Berezia, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru legeak xedatzen duen bezala.

b).-Gobernu eta administraziorako organo osagarriak dira informazio batzordeak eta udal taldeak.

3. artikulua. Udalaren Osoko Bilkurari gobernu organoen kontrola eta fiskalizazioa dagozkio.

4. artikulua. Faltzesko Udalak arlo honetan legeria honi jarraituko dio:

-Nafarroako Foru Komunitateko arauak eta Estatukoak, eskumen banaketaren arabera (TAOL).

-Erregelamendu Organikoa

-Ordenantzak

LEHEN TITULUA

Osoko Bilkura

I. kapitulua

Osaketa eta eraketa

5. artikulua. Osoko bilkura kide anitzeko organoa da, apirilaren 2ko 7/1985 Legearen (TAOL) 22. artikuluan zerrendatzen diren eskudantziak eta legeek esleitzen dizkioten gainerakoak erabiltzen dituena.

6. artikulua. Udalaren Osoko Bilkura zinegotzi guztiek osatzen dute eta bertan alkateak egiten du buru.

7. artikulua. Hauteskundeei buruzko legeriaren aurreikuspenen arabera hautatuko dira alkatea eta zinegotziak eta halaberean eginen Udalbatzaren Osoko Bilkuraren eraketa.

II. kapitulua

Bilkuren araubidea

8. artikulua. Osoko bilkurak izan daitezke:

-Arruntak

-Bereziak

-Berezi eta presakoak

9. artikulua. Osoko bilkura arrunta hileko azken ortzegunean eginen da. Hileko azken ortzeguna jaieguna edo jaiegun bezpera bada, bilkura arrunta egun horren bezperagoan, hau da, aitzin asteartean, lehen kasuan, edo aitzin asteazkenean, bigarrenean.

Bilkura bereziak udalburuak erabakitzen duenean eginen dira edo gutienez ere, Udalbatzako legezko kideen laurdenek eskatzen dutenean.

Hala izanez gero, gehienez ere 15 egun baliodunean berandutuko da bilkura. Udalburuak ez badu epe horretan deialdia egiten, epea bukatu ondoko borzgarren egun baliodunerako eginen da deialdia, bertzerik gabe, eguerdiko hamabietarako; Udalbatzako idazkariak hala jakinaraziko du.

10. artikulua. Osoko bilkura arrunten deialdia gutienez ere 2 egun baliodun lehenago egin behar da; erabili behar diren gaien zerrenda igorri behar da, behar den zehaztasunez.

Lehenbizikoa noiz ezarri, berrogeita zortzi ordu geroago eginen dira bilkurak bigarren deialdian.

11. artikulua. Bilkura berezi eta presakoen deialdia Osoko Bilkurak berretsi beharko du, gehiengo soilez, eta bilkura egiteko Udalbatzako kide guztiek izan behar dute deialdiaren berri.

12. artikulua. Bilkura berezien deialdia arrazoitu beharko da, eta eztabaidak eta erabakiak zer gaitara mugatuko diren adieraziko da, baita bertzelako kontuez ari daitekeen ere.

13. artikulua. Bilkurak egin bitartean, alkateak etenak erabakitzen ahal ditu, berak nahi izanda, taldeak bakoitza bere aldetik mintzatzeko eztabaidatutako gaien gainean; kontsultak egiteko, edo herritarren partaidetza errazteko, halako gai baten eztabaidaren aitzinetik, edo eztabaidetan pausatzeko.

III. kapitulua

Bilkura arrunten gai-zerrenda

14. artikulua. Bilkura arrunten gai-zerrenda alkateak finkatuko du, idazkariak lagunduta eta, hala behar badu, alkateordeak entzunik.

15. artikulua. Zerrendan sartutako gaien dokumentazio guztiak, eztabaidarako eta, hala behar badu, bozketarako oinarria izan behar duenez, zinegotzien eskura egonen da, deialdiaren egun beretik, Udalbatzako Idazkaritzan. Egoitza horretatik ez dira ez espedienteak ez jatorrizko agiriak ateratzen ahalko.

Nolanahi ere, Alkatetzak bilkurak egin baino 48 ordu lehenago igorriko dizkie zinegotzi guztiei, bai haien gai zerrendaren kopiak bai gaien eztabaidarako oinarri diren dokumentuenak, aitzinetik behar bezalako informazioa emateko.

Aitzineko aktaren onespenaren ondoan, gai-zerrendan beti bigarren puntu bat egonen da, berariaz Udaleko gobernu organoen kontrolari eskainiko zaiona, haien funtzionamendua erregelamendu honetan arautzen baita; puntu hartan egun horretaraino Alkatetzak eman dituen ebazpenak erantsiko dira. Halaber, azken puntua galde-eskeak eta mozioak aurkeztekoa izanen da.

IV. kapitulua

Bilkura egiteko baldintzak

16. artikulua. Udalak Herriko Etxean eginen ditu bere bilkurak; ezinbertzeetan, horretarako bereziki egokitutako eraikinetan ere egin ditzake, baina orduan deialdian jaso beharko da hala dela. Bertze toki batean eginez gero, bilkurak baliorik gabeak izanen dira.

17. artikulua. Bilkuretan erraten dena behar bezala aditzeko, megafonia sistemak paratzen ahalko dira, eta jendaurreko deklaratzen diren bilkura guztien grabaketa magnetofonikoak egiteko baimena emanen da.

18. artikulua. Osoko bilkurak jendaurrean eginen dira. Hala ere, eztabaida eta bozketa sekretuak izan daitezke, herritarren oinarrizko eskubidea ukitzen ahal duten gaiei buruzkoak badira, Espainiako Konstituzioaren 18-1 artikuluan aipatzen baitira, eta gehiengo osoz hala erabakitzen bada.

19. artikulua. Bilkurak ikustera joaten direnek ezin izanen dute parte hartu, eta alkateak, muturreko kasuetan, bilkura behar bezala egitea nola edo hala eragozten duen herritarra kanporatzen ahalko du aretotik. Hori hala izanik ere, bilkura bukatutakoan, Udalbatzak bertaratutakoei kontsultak egiteko aukera eman diezaieke, Udalaren interesekoak diren gai zehatzei buruzkoak.

20. artikulua. Bilkura oro, arrunta nahiz berezia izan, ekitaldiaren batasunaren irizpideari lotuko zaio, eta ahaleginak eginen dira hasi eta egun berean bukatzeko.

21. artikulua. Osoko Bilkura baliozkoa izateko, kideen legezko kopuruaren 1/3 bertaratu beharko da (eta gutienez ere 3 kide).

Bilkura osoan mantendu beharko da quorum hori. Nolanahi den ere, beharrezkoa izanen da udalburua eta idazkaria edo haien legezko ordezkoak bertan izatea.

22. artikulua. Justifikaturiko arrazoiak direla bide bilkurara etortzerik ez duten Udalbatzako kideek horren berri eman beharko diote alkateari. Alkateak isunak paratzen ahal die ez agertzeko bidezko arrazoirik ematen ez duten zinegotziei.

V. KAPITULUA

Bilkuren nondik norakoa

23. artikulua. Ezin izanen da erabakirik hartu gai-zerrendan agertzen ez diren aferei buruz, ez bada presakotzat jotzen Udalbatza osatzen duten kideen gehiengo osoak aldeko botoa emanda.

Idazkariaren edo kontu hartzailearen aginduzko txostena behar duten aferen kasuetan, aferaren zer nolakoak direla bide, edo beharrezkoak diren argitasunak direla-eta, bidezko ebazpenaren legezkotasunari buruzko zalantzak badaude, gibelatzeko eskatu beharko da eta hurrengo bilkuran eztabaidatzeko utziko.

Eskaera aintzat hartzen ez bada edo erabakia hartzen bada, legez kontrakoa dela berariaz ohartarazi arren, idazkariak aktan jasoko du alderdi hori, legez bidezkoak diren ondorioak izan ditzan.

24. artikulua. Bilkura berezi bakoitzaren hasieran, idazkariak aitzineko akta irakurriko du, salbu eta lehenago igorri bazaie, deialdiarekin batera, bertan direnei, eta hura onetsirik geldituko da inor kontra agertzen ez bada.

Erabakietan parte hartu zuen kideren bati iruditzen baldin bazaio halako puntu baten idazkera zalantzazkoa izan daitekeela, jorratu edo ebatzitakoarekin alderatuz gero, zehatz-mehatz argitzeko eskatzen ahalko dio udalburuari eta Udalbatzak bidezko dela juzgatzen badu, bertze akta bat idatziko da eta minuta edo zirriborroaren orri-bazterrean aldaketa jasoko.

Ezin da inolaz ere aldatu hartutako erabakien funtsa, eta errakuntza material edo egitatezko hutsak baino ezin dira zuzendu.

Udalbatza berritzen den aldiro, kideek bilkura berezia egin beharko dute karguak utzi aitzin egindako azken bilkuraren akta onesteko xede bakarraz.

25. artikulua. Ondotik, Alkatetzak azken bilkuratik emandako ebazpenen kontua eginen du idazkariak.

26. artikulua. Zinegotziek eskubidea izanen dute proposamenei buruzko zuzenketak eta gehikuntzak aurkezteko, bai idatziz eta bilkura hasi aitzin eginda bai proposamenak eztabaidatu bitartean eginda.

27. artikulua. Aldaketarik proposatuz gero, gaiak lehenbizi eztabaidatuko dira eta ondotik eginen da bozketa.

Udalbatzako talde politikoen zinegotzi edo bozeramaileek udalburuaren baimena beharko dute hitz egiteko; txandaka mintzatuko dira, alde eta kontra, tikienetetik handienera; dagokien txanda elkarri uzten ahal diote, eta Udalbatzari zuzenduko zaizkio eta ez kide bakar bati edo Udalbatzako zati bati.

28. artikulua. Alkateak eztabaida bukatutzat joko du Udalean ordezkariak dituzten talde politiko guztiak mintzatutakoan, eta Udalbatzaren ebazpenak neurri gabe gibelatzen dituzten goiti-beheitiak ebatziko ditu, betiere zuhurtziak agintzen dionaren arabera.

29. artikulua. Mintzaldien iraupena denboraren ekonomiaren irizpidearekin bat etorriko da; hura Udalburutzak arautuko du, bilkuren luzatze premia gabea saihestu beharrez.

30. artikulua. Zinegotziek Udal Idazkaritzan utziko dituzte defendatu gogo dituzten proposamenak, garaiz utzi ere, gai-zerrendan sartzeko behar adina denbora izateko.

31. artikulua. Galde-eskeak bilkura hasi aitzin jakinarazi behar zaizkio Udalari, hitzez nahiz idatziz jakinarazi ere, eta soil-soilik bilkura arruntetan.

Eskeak alkateari edo bertze edozein zinegotziri eginen zaizkio, neurri tikiko aferen erantzuna eskuratu nahi delarik.

Galdeak, orobat, Udalbatzako edozein kideri egiten ahalko zaizkio, afera garrantzitsu edo orokorragoen gainean eta udal bizitzari eragiten diotenen gainean erantzunak eskuratu beharrez.

Galdera hartzen duenak istanteko erantzun dezake edo idatziz, behar bezalako argibideak emateko datuak lortutakoan egiteko.

32. artikulua. Gai-zerrendan agertzen ez den moziorik Udalbatzari zuzenean jakinarazi nahi bazaio, egileak Udal Idazkaritzan aurkeztu beharko du, gutienez bilkura hasi baino ordubete lehenago.

Udalbatzari horren berri eman ondotik, egileak aferaren presa alegatu eta justifikatu beharko du, eta orduan, Udalbatzak, gehiengo soilaren quorumarekin, presakoa den ala ez erabakiko du, apirilaren 2ko 7/1095 Legearen 47,3 artikuluan aurreikusi bezala.

Presakoa dela onartuz gero, auziaren funtsa ebatziko da, eta alderantziz bada, Udalbatzak bertze bilkura baterako gibelatzea erabakiko du.

33. artikulua. Hauteskundeen araubide orokorrari buruzko legeriaren arabera bateraezintasuna dakarten arrazoiak ukatu gabe, Udalbatzako kideek ez dute gai jakin baten gaineko eztabaidan, bozketan, erabakian eta betearazpenean parte hartuko, baldin eta Kontratu Publikoei buruzko ekainaren 9ko 6/2006 Foru Legean ezarritako arrazoietariko batzuk tartean badira.

Halakoetan, interesduna aretotik aterako da gai horri buruz eztabaidatu eta bozketa egiten den bitartean, zentsura mozioak direnean izan ezik, gelditu eta bere burua defendatzeko eskubidea baitu halakoetan.

VI. KAPITULUA

Erabakiak nola hartu

34. artikulua. Gehiengoak botatzen duena erabakiko da, legeak bozketa gehiago eskatu ezik.

Bozketa hasitakoan ezin izanen da eten, arrazoia edozein delarik ere.

Erabakiak, oro har, bertaratutako kideen gehiengo soilaz hartuko dira.

Udalbatza osatzen duten zinegotzien legezko kopuruaren erdia gehi bat da gehiengo osoa. Toki Araubidearen Oinarriei buruzko Legean eta Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legean xedatutako kasuetan eskatzen ahalko da gehiengo osoa.

35. artikulua. Botoa baiezkoa nahiz ezezkoa izan daiteke, eta abstenitzea ere posible da. Gai baten gaineko eztabaida hasitakoan zinegotziren bat bilkura aretotik kanpo bada, bozketari begira abstentziotzat hartuko da.

Bozketaren emaitza berdinketa bada, bertze bozketa bat eginen da, eta berdinketak bere horretan badirau, alkatearen botoak erabakiko du bozketa, kalitatezko botoa baitu.

36. artikulua. Bozketak izanen dira:

a) Arruntak: ezetz eta baietz adierazteko betiko moduen bidez eginen dira, konparaziorako, eskua altxatuz.

b) Izendunak: idazkariak zinegotzien zerrenda irakurriko du, nork bere izena entzundakoan "bai" ala "ez" erran dezan, bozketaren zer-nolakoei jarraikiz.

c) Sekretuak: boto-txartelak erabiliko dira, zinegotziek banan-banan kutxatila batean sartuko dituztenak. Hala eginen da legeak aurreikusitako kasuetan, bidezko arrazoiak daudenean izan ezik.

37. artikulua. Erabakiak hartzeko bozketa arrunta erabiliko da, osoko bilkurak, halako kasu jakin baterako, bozketa izenduna egitea erabakitzen duenean izan ezik.

Zinegotziek beren botoa aktan jasotzeko eskatzen ahal diote idazkariari, erabakiren baten aurkako botoa eman ondotik, erabaki horren kontra egiteko legitimitatea izan dezaten.

Nolanahi den ere, zinegotzi guztiek bermaturik dute beren botoaren funtsa aktan azaltzeko eskubidea.

38. artikulua. Udalaren Osoko Bilkurak hartzen dituen erabakiak, erabakitzaileak direnak, legeetan aurreikusi bezala argitaratu eta jakinaraziko dira, baita udal ordenantzak eta hirigintza planak ere.

39. artikulua. Udalaren gobernu eta administrazio organoen erabaki eta aurrekarien kopia nahiz egiaztagiriak lortzeko eskubidea dute herritar guztiek.

40. artikulua. Udalbatzaren erabaki jakin batzuei buruzko akta onetsi aitzin ere luzatzen ahalko dira haien gaineko egiaztagiriak, betiere inguruabar edo salbuespen horietaz ohartaraziz eta behar den aktan onetsiko dena ukatu gabe.

BIGARREN TITULUA

Informazio batzordeak

I. KAPITULUA

41. artikulua. Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen 7/1985 Legearen 20.d artikuluan xedatuarekin bat, Udal honek ondoko informazio batzordeak sortu ditu, organo osagarri gisa, ondotik adierazten diren izen eta osagaiak dituztela:

-Nekazaritza eta Abeltzaintza

-Gizarte Ongizatea

-Kultura eta Gazteria

-Kirolak

-Hezkuntza

-Bestak

-Industria eta Merkataritza

-Ingurumena

-Osasuna

-Turismoa

-Hirigintza eta Herri Lanak

-Kontuen Batzorde Berezia

Nolanahi ere, Osoko Bilkurak, gehiengo soila duela, erabakitzen ahalko du bertzelako batzordeak izatea, gai berariazkoetarako edo izaera iraunkor eta orokorretakoak.

42. artikulua. Talde politikoen arteko proportzionaltasuna gordeko da informazio batzordeak orokorrean osatzeko. Nolanahi ere, batzordekide ez den edozein zinegotzi agertzen ahal da edozein batzorderen bilkuretara, hizpidea izanik baino boto eskubiderik ez.

Udal taldeek gonbidatzen ahalko dituzte bizilagunak, batzordeetara joateko, baina ez dute botorik izanen, eta batzordeburuak hautatu beharko ditu.

43. artikulua. Informazio batzordeen eginkizunak dira, bakoitzak bere gaien esparruan, Osoko Bilkurak erabaki beharrekoak aztertu, prestatu eta haien gaineko txostena ematea. Osoko Bilkurak presakotzat jotzen dituen gaiak bertze salbuespenik ez dago horretarako.

44. artikulua. Ezein batzordek ezin du eztabaidatu bertze baten eskumenekoak diren gaiei buruz, arazo komunak ez badira behintzat. Hala ere, informazio batzorde bi edo gehiago biltzeko deia egin daiteke, gai komunei buruz eztabaidatzeko.

45. artikulua. Alkateak edo hark gai horretarako eskuordetzen duen zinegotziak eginen ditu informazio batzordeetarako deiak, gutienez ere 48 ordu lehenagotik, presako arrazoiak tartean direnean izan ezik.

46. artikulua. Bilera bakoitzetik akta eginen da; hartan agertu diren batzordekideen izenak, erabilitako gaiak eta emandako irizpenak; aktak Herriko Etxean artxibatuko dira.

47. artikulua. Alkate edo udalburua da, berez, guztietako batzordeburua eta bakoitzeko buru ariko da egiazki; halarik ere, egiazko burutza lanetarako edozein zinegotzi eskuordetzen ahal duela, betiere batzordeak berak hala proposaturik eta batzordean berean egin hautespenaren ondotik.

48. artikulua. Batzordeek ahalmena izanen dute edozein funtzionario edo arloko erantzule den Udalbatzako edozein kide beren bilkuretara ager dadin eskatzeko, gai zehatz bati buruzko argibideak eman ditzan.

III. TITULUA

Kontuen Batzorde Berezia

49. artikulua. Kontuen Batzorde Berezia udal talde bakoitzak Udalean duen ordezkaritzaren araberan izendatzen dituen kideek osaturik dago, eta udal kontu hartzailea izanen du aholkulari.

50. artikulua. Batzorde honen eginkizuna da aurrekontua kudeatzeko kontu orokorrak eta ondareko kontuak aztertu eta haien gaineko txostena ematea. Horretarako, Alkatetzak hiruhilabetean behin eta, gutienez ere urtero, ekainaren 30a baino lehen, eginkizun hori betetzeko behar diren agiriak eman beharko ditu.

51. artikulua. Batzordeak, kontuak aztertutakoan, haien gaineko txostena eginen du, eta Udalbatzaren Osoko Bilkurara igorriko da, horren berri izan dezan.

52. artikulua. Nolanahi den ere, Osoko Bilkurak urteko kontuak onetsitakoan, Kontuen Batzorde Bereziak horren gaineko nahitaezko irizpena emanen du, eta horrekin batera, bukatutzat emanen da urte horretako bilkuren aldia.

IV. TITULUA

Alkatetzaren eskudantziak

I. KAPITULUA

53. artikulua. 1. Alkatea da Udalbatzako burua, eta honako eskudantziak ditu beti:

a) Udal gobernua eta administrazioa zuzentzea.

b) Udala ordezkatzea.

c) Osoko bilkuretan, Tokiko Gobernu Batzarretan, eta bertze edozein udal organotan, deiak egin eta haietan buru izatea, osoko bilkurei dagokienez lege honetan eta hauteskunde legeria orokorrak aurreikusitako kasuetan izan ezik, lege edo erregelamenduzko xedapenetan hala agertzen delarik; eta haietan guztietan berdinketak erabakitzea, kalitatezko botoaren bidez.

d) Udal zerbitzu eta obrak zuzendu, ikuskatu eta sustatzea.

e) Bandoak ematea.

f) Kudeaketa ekonomikoa egitea, onetsitako aurrekontuaren arabera, gastuak xedatzea bere eskumenaren mugen barrenean, kreditu-eragiketak hitzartzea, Toki Ogasunak arautzen dituen abenduaren 28ko 39/1988 Legearen 158.5 artikuluan aipatutakoak izan ezik; betiere, aurrekontuan aurreikusitakoak badira eta ekitaldi ekonomiko bakoitzean egiten duten zenbateko metatua ez bada baliabide arrunten %10 baino handiagoa. Diruzaintzako kreditu eragiketak, ordea, bere eskumenekoak izanen dira, baldin eta eragiketa bizien zenbateko metatua ez bada aurreko ekitaldian likidaturiko diru-sarrera arrunten %15 baino handiagoa; ordainketak agintzea eta kontuak azaltzea. Hori guztia Toki Ogasunak arautzen dituen Legeari jarraikiz.

g) Lan publikoaren eskaintza onestea, Osoko Bilkurak onetsitako aurrekontuari eta plantilla organikoari jarraikiz, langileak hautatzeko probetarako eta lanpostuak betetzeko deialdietarako oinarriak onestea eta finko eta aldizkakoak ez diren ordainsari osagarriak partitzea.

h) Langile guztientzat buru nagusia izatea, eta haien izendapena eta zehapenak erabakitzea, baita Udalbatzako langileak zerbitzutik bereiztea eta lan-kontratudunak iraiztea ere, eta horren berri osoko bilkuran ematea, azken bi kasu horietan, egiten den hurrengo lehenbiziko bilkuran. Eskudantzia hau ulertuko da lege honen 99.1 eta 3 artikuluetan xedatuagatik ere.

i) Udaltzaingoan buru egitea.

j) Planeamendu orokorra garatzeko tresnen onespenak, espresuki Osoko Bilkuraren eskuetan utzi ez direnean, baita hirigintza kudeatzeko tresnena eta urbanizazio proiektuena ere.

k) Ekintza judizial eta administratiboak erabiltzea eta Udala defenditzea bere eskumeneko gaietan, baita bertze organo batean eskuordetuak dituelarik ere; eta presakoa denean, Osoko Bilkuraren eskumenekoak diren gaietan; azken kasu horretan Osoko Bilkurari berari eman beharko dio egindakoaren berri, haiek berresteko egiten den lehenbiziko bilkuran.

l) Osoko Bilkurari kaltegarritasunaren deklarazioa proposatzeko ekimena, Alkatetzaren eskumeneko alorretan.

m) Hondamendiak edo ezbehar publikoak edo horrelakoak gertatzeko arrisku larria dagoenean, berak hartzea, bere erantzukizupean, behar diren neurri egokiak, eta Osoko Bilkurari horren berri ematea.

n) Agintariei eginiko desobeditzeak edo udal ordenantzei eginiko arau-hausteak zehatzea, bertze organo batzuen eskudantzia denean salbu.

ñ) Mota guztietako kontratazioak eta kontzesioak, haien zenbatekoa aurrekontuko baliabide arrunten %10 baino gehiago ez bada, ezta, betiere, 6 milioi euro baino gehiago ere; horien artean urte anitzetakoak ere sartzen dira, lau urte baino gehiago iraun behar ez badute, betiere urteko guztien zenbateko metatuak aipatu portzentajea gainditzen ez badu, lehen ekitaldiko aurrekontuko baliabide arrunten gainean, ezta aipatu zenbatekoa ere.

o) Obra edo zerbitzuen proiektuak onestea, kontratazioa egin edo emateko eskumena duenean eta aurrekontuan sartuta daudenean.

p) Ondasunak eta eskubideak erostea, haien balioa aurrekontuko baliabide arrunten %10 baino gehiago ez bada, ezta, betiere, hiru milioi euro baino gehiago ere, baita ondasunaren besterentzea ere, ez aipatu portzentajea ez zenbatekoa gainditzen ez badute, kasu hauetan:

1. Ondasun higiezinak, betiere aurrekontuan aurreikusia badago.

2. Ondasun higigarriak, balio historiko edo artistikoaren deklarazioa dutenak izan ezik, haien besterentzea aurrekontuan aurreikusi ez bada.

q) Lizentziak ematea, alor horretako legeek Udalbatzari edo Gobernu Batzarrari berari ematen ez badiote eskumen hori.

r) Udalaren erabakiak argitaratzeko eta betetzeko agintzea eta betearaztea.

s) Legeek espresuki ematen dizkioten gainerakoak eta Estatuaren edo autonomia erkidegoen legediak udalari eman eta udalaren beste organo batzuen eskuetan uzten ez dituenak.

2. Alkateordeen izendapena alkatearen lana da, orobat.

3. Alkateak bertze norbaiten eskutan uzten ahal du bere eskudantzien erabilera, hauena salbu: Osoko Bilkuretan eta Tokiko Gobernu Batzarretan deialdia eta buru egitea, berdinketak trenkatzea kalitateko botoaren bidez, kreditu eragiketak hitzartzea, langile guztien buruzagitza nagusia, funtzionarioak zerbitzutik bereiztea eta lan-kontratudunak bidaltzea, eta artikulu honen 1. ataleko a), e), j), k), l) eta m) pagrafoetakoak.

54. artikulua. Alkateak alkateordeen esku uzten ahalko ditu bertze baten esku uzten ahal diren eskudantziak, halako xede batzuetarako edozein zinegotzien alde egin dezakeen eskuordetze berariazkoa aparte utzita.

55. artikulua. Alkateak, osoko bilkuran gehiengo osoz hala erabakita eta Nazioko Gobernuaren baimena izanik, herriari kontsulta egiten ahalko dio Udalaren eskumenekoak izan eta udalerriari dagozkion gaiei buruzko iritzia jasotzeko, betiere Toki Ogasunari buruzkoak ez badira eta Estatuaren eta Foru Komunitatearen arlo horretako legerian xedatuari jarraikiz (Toki Entitateen Esparruko Herri Kontsultak arautzen dituen azaroaren 21eko 27/2002 Foru Legea, 2002ko azaroaren 6ko Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta 2002ko azaroaren 21eko Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratua).

II. KAPITULUA

Alkateordeak

56. artikulua. Alkateak nahi bezala izendatzen eta kentzen ahal ditu alkateordeak.

57. artikulua. Alkateordeek, izendapenaren hurrenkeraren arabera, alkatea ordezten dute hura ez dagoenean, kanpoan edo eri delako.

58. artikulua. Alkateak askatasunez erabakiko du alkateordeen kopurua, betiere zinegotzien legezko kopuruaren herenaren mugaren barnean.

59. artikulua. Alkatea udal mugatetik kanpora 24 ordu baino gehiago badago eskuordetzerik egin gabe, alkateordeak ordezkatuko du, edo dagokionak, eta horren berri eman behar zaio Udalbatzaren gainerakoari.

III. KAPITULUA

Alkatearen kontrako zentsura mozioa

60. artikulua. 8/1999 Legearen lehenbiziko aldaketak, Hauteskundeen Araubide Orokorrari buruzko 5/1985 Lege Organikoaren 197. artikuluari dagokionez, zentsura mozioa honela eginen dela dio:

1.-Udalbatzako legezko kideen gehiengo osoak, gutienez ere, proposatu beharko du zentsura mozioa, eta bertan adieraziko da nor den alkategaia, edozein zinegotzi izan daitekeelarik. Mozioa proposatzeko idazkian berariaz adieraziko da alkategaiaren onarpena.

Zentsura mozioaren proposamen egileetariko bat zentsuratu nahi den alkatearen talde politikoko kide bada edo izan bada, aitzineko paragrafoan eskatzen den gehiengoa handituko da, baldintza horietan dauden zinegotzi kopuruaren heinean.

Kasu hori bera aplikatuko da mozioa proposatzen duten zinegotzietariko bat gehiago ez bada, edozein arrazoi dela eta, agintaldiaren hasieran atxiki zen udal talde politikokoa.

2.-Zentsura mozioa proposatzeko idazkian sinadurak agertuko dira, notario batek edo Udalbatzako idazkari nagusiak behar bezala kautotuak. Sinatzaileetako batek aurkeztuko dio idazkari nagusiari eta horrek artikulu honetan eskatutako baldintzak betetzen dituela egiaztatu, eta, egintza berean, eginbidea egiaztatzeko behar den agiria emanen du.

3.-Horrela eginbideturiko agiria Udalbatzako Erregistro Orokorrean aurkeztu beharko du mozioaren sinatzaileetako edozeinek, eta ondoko hamargarren egun baliodunean, goizeko hamabietan, osoko bilkura eginen da, horretarako dei berariazkorik egin gabe. Udalbatzako idazkariak, agiria erregistroan aurkeztu eta beranduenez ere egun bateko epean, Udalbatzako kide guztiei jakinaraziko die inguruabar hori, bilkuraren eguna eta ordua zehaztuz, ager daitezen.

4.-Osoko bilkuran adin-mahaia izanen da buru, alkateaz eta alkategaiaz bertze, bertaratutako zinegotzietan zaharrenak eta gazteenak osatua. Udalbatzako idazkariak eginen ditu idazkari lanak, horretarako bere postua kreditatu beharko duelarik.

5.-Mahaiak zentsura mozioa irakurri bertzerik ez du eginen, eta alkategaiari, alkateari eta udal taldeko bozeramaileei hitza emanen die, labur aritu daitezen. Ondotik, zentsura-mozioari buruzko bozketa eginen da.

6.-Zentsura-mozioko alkategaia alkate bilakatuko da, baldin eta mozioak Udalbatza legez osatzen duten zinegotzien gehiengo osoaren aldeko botoa jasotzen badu.

7.-Ezein zinegotzik ezin du agintaldi berean zentsura-mozio bat baino gehiago sinatu. Horretarako, ez dira kontuan hartuko aurreko artikuluetako baldintzak ez betetzeagatik tramitatzen ez diren mozioak.

8._Alkateak ustekabean kargua uzten badu ere, horrek ez du zentsura-moziaren tramitazioa eta bozketa geldiaraziko.

IV. KAPITULUA

Konfiantza-galdea

61. artikulua. Alkateak konfiantza-galdea aurkezten ahal dio Osoko Bilkurari, honako afera hauetako edozein onetsi edo aldatzeko:

-Urteko aurrekontuak.

-Erregelamendu Organikoa.

-Ordenantza fiskalak.

-Udal esparruko planeamendu orokorrerako bitartekoen tramitazioari akabaila emateko onespena.

62. artikulua. 1.-Aurreko zenbakian aipaturiko aferen gaineko erabakiari dagokion konfiantza-galdea aurkezten bada, Osoko Bilkuraren gai-zerrendako behar den puntuan berariaz agertuko da inguruabar horri. Erabaki horietako edozein hartzeko Toki Araubidearen Oinarriei buruzko Legean eskatutako botoen quoruma beharko da. Bozketa, dena den, jendaurreko deiaren sistema izendunaren bidez eginen da.

2.-Konfiantza-galdea aurkezteko ezinbertzekoa izanen da erabakia aitzinetik osoko bilkuran eztabaidatu izana eta onesteko beharrezkoa den gehiengoa lortu ez izana.

3.-Konfiantza-galdeak ez baditu lortzen erabakia onesteko behar adina aldeko boto, alkateak, bertzerik gabe, kargua utziko du, eta jardunean ariko da, bere ordezkoak karguaren jabetza hartu arte. Konfiantza-galdearekin lotutako erabakiaren inguruko bozketa egin ondoko hamargarren egun baliodunean, eguerdiko hamabietan, osoko bilkura eginen da, horretarako berariazko deirik egin gabe, eta bertan hautatuko da alkate berria, Hauteskundeen Araubide Orokorrari buruzko Legearen 196. artikuluko arauekin bat.

4.-Aurreko zenbakian aurreikusitako hori ez da aplikatuko konfiantza-galdea urteko aurrekontuen onespenarekin edo aldaketarekin lotuta dagoenean. Halako kasuetan, konfiantza-galdearen kontrako bozketa egin eta hilabeteko epean ez bada zentsura-moziorik aurkezten, alkategaia ere proposatuz, edo zentsura-mozioak ez badu aurrera egiten, ulertuko da konfiantza eskaini dela eta proiektua onetsi.

5.-Alkateak konfiantza-galde bakarra egiten ahal du urtean, agintaldiaren hasieratik hasita, eta gehienez ere bi agintaldi osoan. Udalbatzaren agintaldiaren azken urtean ez da konfiantza-galderik proposatzen ahal.

6.-Konfiantza-galde bati lotutako aferaren bat onestearen aldeko botoa ematen duten zinegotziek, bozketa egin eta gutienez ere sei hilabeteko epean, ezin izanen dute zentsura-moziorik aurkeztu afera hori proposatu zuen alkatearen kontra.

Era berean, aipatu epean, zinegotzi horiek ezin izanen dute konfiantza-galde horri loturiko aferaren kontrako botorik eman, betiere bozketa bidez erabakitzen bada eta hura baldintza beretan egiten bada. Kontrako botorik emanez gero, baliogabetzat hartuko da.

V. TITULUA

Udal taldeak

63. artikulua. Zinegotziek, Udalbatzan jarduteko, taldeak osatuko dituzte, Udalbatzan postuak lortu dituzten alderdi politiko, federazio, koalizio edo batasunekin bat etorriko direnak.

Hautagaien zerrenda beretik hautatuak izan diren zinegotziek ez dute inolaz ere talde bereizirik osatzen ahalko, ez badute hauteskundeetako zerrendako alderdia, koalizioa edo hauteskunde-taldea utzi. Hala bada, Talde Mistoan sartuko dira.

Zinegotzi bakarra lortzen duen zerrendak badu eskubidea zinegotzi hori, Udalbatzako jardueretan, taldetzat hartua izateko.

Zinegotziak ez dira aldi berean talde bat baino gehiagotan egoten ahal.

64. artikulua. Beren hauteskundeetako zerrendari dagokion taldean sartzen ez diren zinegotziek eta agintaldian zehar hasierako taldea uzten dutenek Talde Mistoa osatuko dute.

Udalbatzaren agintaldian zinegotziak ez dira sartzen ahalko hasierako taldean ez bertze inon, Talde Mistoan ez bada.

65. artikulua. A) Udal taldeek, eratu ahal izateko, taldekide guztiek sinaturiko idazkia igorriko diote alkateari, Udala osatu ondoko bortz egun balioduneko epean Udalbatzaren Idazkaritza Orokorrean aurkeztuko dena.

B) Eraketa idazki horretan berean taldearen bozeramailea nor den adieraziko da, eta ordezkoak ere izenda daitezke.

C) 90. artikuluko A) atalean finkaturiko epea bete ondoko lehen bilkuran, alkateak osoko bilkurari jakinaraziko dio zer udal talde osatu diren, zer taldekidek osatuak eta nor diren bozeramaileak.

Udalbatza eratzeko bilkuraren ondotik zinegotzi bilakatu direnek, zer zerrendatan hautatu diren, harexeri dagokion taldean sartu beharko dute edo, bertzenaz, Talde Mistoan. Lehen kasuan 5 egun balioduneko epea izanen dute, karguaren jabetza hartzen dutenetik, kasuan kasuko taldean sartu direla egiaztatzeko; horretarako erabiliko den idatzia alkateari zuzenduko zaio eta kasuan kasuko bozeramaileak sinatuko du.

Aitzineko lerroaldean aurreikusten den taldean sartzen ez badira, bertzerik gabe Talde Mistoan sartuko dira.

66. artikulua. Udal taldeek, bozeramaileak alkateari zuzenduko dion idazkiaren bidez eta erregelamendu honek kasuan-kasuan ezartzen dituen baldintzetan, nork bere ordezkariak izendatuko ditu, udal taldeetako zinegotziek osatu beharreko kide anitzeko organo guztietarako.

VI. TITULUA

Toki entitateen korporazioetako kideen estatutua

I. KAPITULUA

Zinegotzien eskubideak eta betebeharrak

67. artikulua. Udal zinegotzien eskubideak dira legeek berariaz aitortzen dituztenak, eta bereziki, honako hauek:

1.-Udalaren osoko bilkuretan parte hartzea eta, Udalaren erregelamendu organiko honek zehazten duenaren arabera, informazio batzordeetan, Kontuen Batzorde Berezian eta Udalaren bertze ordezkaritza organoetan.

2.-Erregelamendu honetan ezarritako irizpide orokorrei jarraikiz eta norberaren dedikazioaren arabera, dagozkien ordainsari eta kalteordainak jasotzea, Udal aurrekontuaren kontura.

3.-Beren eginkizunak betetzeko, udal aferei buruz behar duten informazioa lortzea, alkatearen eta Udalaren bertzelako gobernu organoen eskutik eta erregelamendu honetan araututako baldintzetan.

4.-Udal erabaki eta xedapenen aurka egitea, guztiondako legeria orokorrean ezarritako baldintzetan.

5.-Eginkizunak betetzeko bitarteko materialak edukitzea, erregelamendu honetan zehazturiko baldintzetan.

6.-Hala nahi duten herritarrekin eta entitateekin udal egoitzetan biltzea, edo han biltzeko deitzea, bere karguari edo ordezkaritzari dagozkien kontuez jarduteko.

68. artikulua. Zinegotzien betebeharrak dira legeek eta aplikatzekoak diren bertze xedapenek berariaz aipatuak, eta bereziki, honako hauek:

1.-Udalaren osoko bilkuretara joatea, baita bertzelako udal organoen bileretara ere, haietako kide badira.

2.-Interesen erregistroan beren ondareen eta jarduera pribatuen aitorpena egitea, aplikagarria den legerian eta erregelamendu honetan aurreikusitako baldintzetan.

3.-Karguaren kariaz ezagutzen duten isilpeko informazioa gordetzea, erregelamendu honek aurreikusten duen gisara.

4.-Bateraezintasunei buruz indarra duten arauei men egitea.

5.-Udalerritik kanpoko ateraldiak, astebetetik goitikoak, alkatetzari jakinaraztea.

Zinegotziek beren betebeharretan huts egiten badute, alkateak zehatzen ahalko ditu, aplikagarria den legeriak baimendutako baldintzetan.

II. KAPITULUA

Dedikazioak eta eskubide ekonomikoak

69. artikulua. Udalbatzaren Osoko Bilkurak, alkateak proposaturik, aurrekontuaren barnean zehaztuko du Udalbatzako zenbat kidek izanen duten dedikazio erabatekoa edo partziala, zehaztu ere xede horretarako erabiliko den diruaren zenbateko osoa eta norberaren erantzukizunari dagozkion ordainsari edo kalte-ordainak.

70. artikulua. Edozein zinegotzi dedikazio erabateko nahiz partzialerako izendatzeko, zinegotziak berak onartu beharko du, eta Osoko Bilkurari jakinaraziko zaio. Dedikazio erabatekoaren ondorioz, Gizarte Segurantzaren araubide orokorrean alta emanen zaio eta eskubidea izanen du Osoko Bilkurak xede horietarako aurrekontuan finkatzen dituen ordainsariak jasotzeko.

Dedikazio erabatekoak erran nahi du alkatea edo zinegotzia bere gain uzten diren udal arloko eginkizunetara emanen dela osoki, eta bateraezinak direla irabazi asmoko bertzelako ardura edo lanak, edo Udalarekiko dituen betebeharrei kalte egitez dietenak. Norberaren edo familiaren ondarearekin ikusteko duten bazterreko jarduerak bertze salbuespenik ez da onartuko.

71. artikulua. Osoko Bilkurak kalte-ordainak, dietak etab. zehaztuko ditu aurrekontuan, honako irizpide hauei jarraikiz:

Udalbatzako kide guztiek, aurrekontuan ezarri baldintzetan, badute eskubidea kudeaketa arloko erantzukizunak izanik dedikazio erabatekoa aitortua ez duten Udalbatzako kideek jaso beharreko dietak eta kalte-ordainak hartzeko.

Era berean, udal gobernuko organoetan parte hartzeagatik oro har hartu beharreko ordainaren eskubideak finkatzen ahalko dira aurrekontuan.

72. artikulua. Aipatu zenbatekoak, guztira, ez dira izanen arloko legeria orokorrean horretarako zehazten diren gehienekoak baino handiagoak.

III. KAPITULUA

Gobernuko aferei buruz informazioa izateko eskubidea

73. artikulua. Zinegotziek badute eskubidea beren karguan aritzeko beharrezkoa duten informazioa jasotzeko, eta administrazio-espedienteak, aurrekariak eta gainerako udal agiriak ikusteko. Horren ondorioz, Udalaren gobernu organoek aipatu informazioa emateko obligazioa dute, eta betebehar horren erantzuleak dira Osoko Bilkuraren aitzinean, bidezko errekurtso administratibo nahiz jurisdikzionalak deusetan ukatu gabe.

74. artikulua. Aitzineko zenbakian xedatuak ondorioak izan ditzan, Udalbatzako edozein kidek jotzen ahalko du funtzionario arduradunarengana eta halako agiri jakin batzuk ikusteko eskatu. (Funtzionario orok eskaera hori errazteko obligazioa du, zuhurtziagatik edo bertzelako oztopoengatik eskaera alkateari zuzendu behar zaionean izan ezik. Halakoetan, alkateak behar den udal departamentuari informazioa emateko eskatuko dio, edo eskaera ukatuko, ondotik aipatzen diren baldintzetan.

75. artikulua. Alkateak edo informazio eskaera jasotzen duen zinegotzi delegatuak ondoko kasuetan baizik ezin du eskaera ukatu:

-Informazio hori jakin edo hedatzeak kalte egiten ahal badie hainbat eskubide konstituzionali, hala nola, ohoreari, norberaren edo familiaren intimitateari eta pertsonen beren irudi eskubideei.

-Gaiak herritar segurtasunari edo babes zibilari dagozkienean, eta hedapenak eragin negatiboa izan badezake, herri bakea aztoratu edo biztanleria larritzen ahal dela aurreikusten delako.

-Sekretu ofizialei eta datu estatistikoak eskuratzeko mugei buruzko legeria orokorrean zehaztutako gaiak.

Dena den, are aipatu kasuetan ere, alkateak zinegotziren batek eskatutako informazioa eman dezake, zinegotzi hark, idatziz eta formalki hitz ematen badu informazioaren konfidentzialtasuna gordeko duela.

76. artikulua. Agiriak edo informazioa eskatzen bada, eskaera aintzat hartu beharko da. Informazioa ukatzen bada, arrazoiak azaldu beharko dira beti.

77. artikulua. Orokorrean, informazioa zein artxibo edo udal egoitzatan dagoen, hantxe beharko da aztertu. Nolanahi ere, agiriak hartzen ahalko dira, baina inolaz ere udal egoitzetatik atera, zainketaren ardura duen funtzionarioa izanik erantzulea.

III. KAPITULUA

Interesen erregistroa

78. artikulua. Toki Araubidearen Oinarriei buruzko Legeko 75.5 artikuluaren esparruaren barnean, erregelamendu hau onetsi eta hilabeteko epean eratuko da erregistro hori. Erregistro hori Udalaren Idazkaritza Orokorrean eratuko da eta oinarri hauek izanen ditu arau:

a) Interes Pribatuen Erregistroa Udalbatzako idazkariaren erantzukizuna da. Liburu foliodun eta koadernatuan erabiliko da, aldez aurretik mekanizatu ahal izatea deusetan ukatu gabe.

Interesen Erregistroko liburuaren hasieran idazkariaren probidentzia eta alkatearen oniritzia jasoko dira. Aitorpen guztiek interesdunaren sinadura eduki beharko dute, baita idazkariaren egiaztapena ere, Udalaren fede-emaile publikoa baita.

b) Kide bakoitzak interesen zinpeko aitorpena aurkeztuko du jabetza hartu aitzin, udalean dituen arduretan edo deklaratutako ondasun edo jardueretan aldaketaren bat izaten den aldiro, agintaldia utzi edo amaitu aitzin. Horretara behartuta daudenen interesen aitorpena aldez aurreko baldintza izanen da osoko bilkuran edo bertze edozein udal organotan karguaren jabetza hartzeko, edo arduren aldaketa onartzen denean edo interesdunak kargua uzten duenean.

c) Erregistroko datuak aldatu direlako interesen aitorpena egin behar denean, gehienez ere hilabeteko epea egonen da horretarako, aldaketak gertatzen diren egunetik hasita.

d) Interesen aitorpena zinpeko aitorpena izanen da, eta betiere honako kontzeptu hauek jasoko ditu:

-Ondare higiezina

-Ondare higigarria

-Ibilgailuak

-Merkataritzako edo industriako jarduera eta ogibideak

-Bertzerendako lanak

-Lanbide liberaletan aritzea

-Bertzelako diru iturriak

Kasu bakoitzean, jabea nor den edo, behar izanez gero, diru iturriak zein diren adieraziko da. Haien balio ekonomikoa zenbatekoa den ere zehaztu beharko da. Orobat, berariaz aipatu beharko dira interesatuaren udal jarduerarekin ikusteko zuzena izan dezaketen jabetza edo jarduerak.

e) Udalerrian erroldaturiko edozein herritarrek ikusten ahalko du erregistro hori.

VI. TITULUA

Herritarren informazioa eta parte hartzea

I. KAPITULUA

Herritarren eskubideak: informazioa eta parte hartzea

79. artikulua. Herritar, bizilagun eta pasadizoko guztiek, ondoko eskubide hauek dituzte, hala legeria orokorrean nola erregelamendu honetan ezarritako baldintzetan:

-Udal aferei buruz informazio zabala, unean unekoa, eta objektiboa jasotzea, eta horretarako udal informazioa emateko egoki iruditzen zaizkion bideak sortu eta egokituko ditu Udalak.

-Udaleko informazio eta dokumentazio politikoa, edo beraiekin ikusteko zuzena duena eskuratzea, eta haien kopiak eta egiaztagiriak lortzea, betiere hirugarrenen eskubideak zainduz eta, informazioa xede komertzialetarako eskatzen denean, Udalak ezartzen dituen mugak begiratuz.

-Udal agintariei edo Udalaren bidez Estatuko agintariei eskaerak egiteko eskubidea erabiltzea.

-Udalaren osoko bilkuretara joatea, eta haietan parte hartzea Erregelamendu honetan zehazten den gisara.

80. artikulua. Herritarrek erregelamendu honetan aitortzen diren eskubideak betetzeko eska dezakete, behar diren errekurtso administratibo edo jurisdikzionalen bitartez, jendeak parte hartzeko dauden bideak erabiltzeaz aparte.

II. KAPITULUA

Informazioa kontsultatu eta eskuratzea

81. artikulua. Herritar guztiek publikotzat jotzen diren udal agiriak eta zuzenean interesatzen zaizkienak eskuratzeko eskubidea dute, baita haien kopia eta egiaztagiriak lortzeko ere.

82. artikulua. Ez dira inolaz ere publikotzat joko jendearen intimitatea ukitzen ahal duten agiriak edo tituluan, eskubidearen mugez edo zinegotzien informazioaz ezarri diren bertze kasuetan daudenak.

83. artikulua. Agiri historikoak edo udal artxiboan nahiz erregistroetan bildutakoak eskuratzeko muga bakarra Konstituzioaren 105. artikulua garatzen duen legerian oro har ezarritakoa da.

84. artikulua. Herritar orok badu eskubidea zuzenean eta pertsonalki ukitzen duten agiriak eskuratzeko, publikotzat joak ez izan arren, betiere hirugarrenen eskubideak zainduz.

85. artikulua. Gobernu organoen erabakiak eta ebazpenak eskuratzeko, Udalbatzako idazkariari aurkeztutako eskabidearen bitartez tramitatuko da eskaera. Gainerakoetan, informazioa alkateari eskatuko zaio.

86. artikulua. Kontsultatzeko eskaera egindakoan, berehala eta beranduenez ere hamar egun balioduneko epean emanen da baimena. Epe hori iraganik ez bada berariazko erantzunik, baimena eman dela ulertuko da.

87. artikulua. Nolanahi ere, baimena ukatzeko, aplikagarria den legerian edo erregelamendu honetan zehaztu kasuetan oinarrituriko arrazoiak beharko dira.

III. kapitulua

Herritarren partaidetza

88. artikulua. Herritarrek edozein udal agintari edo organotara jo dezakete azalpenak edo udal jarduerak eskatzeko Eskaera idatziz aurkeztuko da eta legeria orokorrean aurreikusitako baldintzetan emanen zaio erantzuna.

89. artikulua. Herritar orok Udalaren interesekoak diren jarduketetarako proposamenak aurkezten ahal dizkio bai Udalbatzako edozein kideri bai edozein udal erakunderi. Proposamena jasotzen duenak nora bideratzeko asmo duen jakinaraziko dio haren egileari. Proposamena Udalaren kide anitzeko edozein organoren gai-zerrendan baldin bada, haren idazkariak dagokion partearen kopia tramitatuko dio proposamenaren egileari: orobat, halakoetan, kide anitzeko organoko buruak errekerimendu egiten ahalko dio proposamenaren egileari dagokion bilkurara etor dadin, haren defentsan parte hartzeko.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Erregelamendu honek indarra hartzen duenetik indarrik gabe geldituko dira udal ordenantza eta erregelamenduetan egonik haren kontra egiten duten xedapen guztiak.

Orobat indarrik gabe gelditzen dira Erregelamendu honekin bateraezinak diren erabaki guztiak, bereziki eginkizunak bertze baten esku uzteaz bertan ematen diren arauen gainean.

AZKEN XEDAPENA

Erregelamenduaren testu bateginak indarra hartuko du bere testu osoa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratutakoan.

Iragarkiaren kodea: L1210873