161. ALDIZKARIA - 2012ko abuztuaren 16a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

BURLATA

Behin betiko onespena, burlatarrak euskaldundu eta alfabetatzen aritzen diren entitateentzako diru-laguntzen deialdi publikoaren oinarri arautzaileena

Burlatako Udalak, 2012ko maiatzaren 31n egin osoko bilkuran, erabaki zuen hasiera batean onestea, burlatarrak euskaldundu eta alfabetatzen aritzen diren entitateentzako diru-laguntzen deialdi publikoa (2012ko 124. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratua, ekainaren 27an).

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatuari jarraikiz, hori aldatu baitzuen maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legeak, eta jendaurreko epea inolako alegaziorik aurkeztu gabe iragan denez, bidezko da aipatu oinarri arautzaileak behin betiko onestea eta testua oso-osorik argitaratzea, bere ondorioak sor ditzan.

Burlatan, 2012ko abuztuaren 3an.-Alkateordea, Ventura Verdes Gallego.

BURLATARRAK EUSKALDUNDU ETA ALFABETATZEN ARITZEN DIREN ENTITATEENTZAKO DIRU-LAGUNTZEN DEIALDI PUBLIKOAREN OINARRIAK

Aitzinsolasa

Burlatako Udalak, Euskara Zerbitzuaren bitartez, euskaraz ikastea sustatzeko jarduerak bultzatu nahi ditu eta, hortaz, ikasketa horien gastuak finantzatuko ditu, hein batean.

Horiek horrela, Burlatako Udalak, diru-laguntzak emanen dizkie, lehia irekiaren araubidea erabiliz, Burlatan erroldatutako jendea euskalduntzen eta alfabetzaten ibiltzen diren entitate guztiei, baldin eta aurreko urteko uztailaren 1etik eta deialdi honen urteko ekainaren 30era euskaraz ikasteko ikastaroak egin badituzte.

Deialdi honetan aurreikusten ez den orotarako, Burlatako Udalaren diru-laguntzak arautzeko Ordenantza Orokorra, Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legea eta Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Legea aplikatuko dira.

1. artikulua. Aurrekontua.

Deialdi honek indarrean dagoen udal aurrekontuan diru-izendapena izanen du, eta Udal aurrekontuko 451.548.002 kontu-saila (hainbat laguntza) erabiliko da horretarako. Zenbateko horiek entitate bakoitzari dagozkion diru-laguntzak kalkulatu ondoren doituko dira, kontabilitatean.

2. artikulua. Helburua, baldintzak, diru-laguntzaren xedea eta entitate onuradunen betebeharrak.

Burlatan erroldatutako jendea euskalduntzen eta alfabetizatzen ibiltzen diren entitateei euskaraz ikasteko ikastaroek sortzen dizkieten gastuak diruz laguntzea ditu xede eta helburu deialdi honek, baldin eta entitate eskatzaileek deialdiaren 3. artikuluan aurreikusitako baldintzak betetzen badituzte.

Deialdi honetako entitate onuradunek ondoko betebehar hauek dituzte:

2.1.-Diru-laguntza emateko oinarri izan den xedea bete, jarduera gauzatu edo jokabidea izatea.

2.2.-Diru-laguntza zer gastutarako eman den, haiexetarako baizik ez erabiltzea.

2.3.-Organo emaileari erakustea beharkizunak eta baldintzak betetzen direla; orobat, hari frogatzea diru-laguntza emateko edo diru-laguntza jasotzeko arrazoi izan diren jarduera eta helburua egin eta bete direla.

2.4.-Organo emaileak eginen dituen egiaztapenak eta kontrol organo eskudunek egin ditzaketen egiaztapen eta kontrol finantzarioak onartzea eta jarduketa horietan eskatzen zaizkien argibide guztiak ematea, informazio hori udal artxiboetan ez dagoenean.

2.5.-Lagundutako jarduera finantzatzeko lortutako beste diru-laguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabideen berri ematea organo emaileari. Egoera hori jakin bezain laster emanen da haren berri eta, betiere, jasotako dirua zertan erabili den justifikatu baino lehen.

2.6.-Diru-laguntzak ematen dituen ebazpenaren proposamena egiten denean, betebeharrak eta zergen gainekoak eguneratuak izatea Burlatako Udalarekin eta haren erakunde autonomoekin, ofizioz eginen baitute egiaztapena, baita Gizarte Segurantzarekin ere.

2.7.-Egiaztatze eta kontrol ahalmenak erabili ahal daitezen, kontabilitate liburuak, erregistro eginbidetuak eta gainerako agiriak edukitzea, behar bezala ikuskaturik, onuradunari aplikatu behar zaizkion merkataritzako legeetan eta lege sektorialetan agindutako moduan, eta halaber, diru-laguntzak arautzeko oinarrietan eskatzen diren kontabilitate orriak eta erregistro berariazkoak edukitzea, eta horiek guztiak zaintzea.

2.8.-Jasotako funtsen aplikazioari buruzko frogagiriak gordetzea, agiri elektronikoak barne, egiaztatze eta kontrol lanen xede diren bitartean, legearekin bat.

2.9.-Diruz lagundutako jarduera zabaltzeko edo hari buruzko propaganda egiteko bitartekoetan, idazkun hau erabiltzea: Laguntzailea: Burlatako Udala.

2.10.-Jarduerari lotutako jakinarazpenetan eta publizitatean, hizkuntza eta irudi sexistarik ez erabiltzea.

2.11.-Diruz lagundutako ikastaroen garapenean sartzen diren aldaketa nabarmenak Burlatako Udalari jakinaraztea.

2.12.-Jasotako diru guztia edo zati bat itzuliko da, Burlatako Udalaren diru-laguntzak arautzeko Ordenantza Orokorraren 22.1 artikuluak arautzen duen kasu bat gertatzen denean.

2.13.-Ikastaroa egiteko izan dituen diru-sarreren eta gastuen fakturak eta egiaztagiriak aurkeztea. Fakturak egungo legeriaren araberakoak izanen dira. Aurkeztutako faktura jatorrizkoak diligentzia edo zigilu batekin itzuliko zaizkio eskatzaileari, non adieraziko baita gastua emandako diru-laguntzaren araberakoa dela, eta Udalaren diru-laguntzari zer finantzazio portzentaje dagokion; hori guztia, xede bera duten diru-laguntzen arteko lehia behar bezala kontrolatzeko.

3. artikulua. Entitate eskatzaileen betebeharrak.

Entitateek diru-laguntzak eskatzen ahal dituzte, eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean beharkizun hauek betez gero:

3.1.-Legez eratutako pertsona juridikoa izatea, dagokion elkarte erregistroan inskribatua.

3.2.-Burlatan erroldatutako ikasleak izatea. Baldintza hori betetzeari uzten baldin bazaio diruz lagundutako ikastaroak iraun bitartean, Burlatan erroldatu gabe egondako denboraren arabera murriztuko da laguntza.

3.3.-Izaera soziala izatea eta irabazteko asmorik ez.

3.4.-Burlatako Udalarekiko zerga betebeharrak ordainduta izatea; Udalak ofizioz egiaztatuko du inguruabar hori eta behar den eginbidearen bitartez jasoko. Era berean, diru-laguntza emateko proposamena egin aurretik, ofizioz egiaztatuko da interesdunak ez duela Udal Diruzaintzari itzuli beharreko zenbatekorik.

3.5.-Zein proiektutarako eskatzen den diru-laguntza, hura gauzatzeko giza baliabideak zein materialak izatea, baina diru-laguntza inoiz ez baldintza izatea hura gauzatzeko.

3.6.-Bere jarduerak gauzatzeko egitura egokia izatea eta proposaturiko helburuak lortzeko behar den esperientzia eta gaitasun operatiboa frogatzea.

3.7.-Zerga arloko betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak eguneratuta izatea. Horretarako, elkarte eta entitate eskatzaileek Foru Ogasunak edo Estatukoak, eta Gizarte Segurantzako Diruzaintza Orokorrak emandako ziurtagiriak aurkeztuko dituzte, puntu horiek, hurrenez hurren, frogatzeko.

Entitate hauek deialdi honetatik espres kanpo daude:

a) Irabazteko asmoa duten enpresak nahiz bestelako entitateak.

b) Diru-laguntzen hartzaile edo lankidetza hitzarmenen sinatzaile izanik, aurreko bi ekitaldietan Burlatako Udalarekiko betebeharrak urratu edo bete ez dituzten entitate edo elkarteak.

c) Oro har, aurreko puntuan zehazturiko baldintza oinarrizko horietako edozein betetzen ez dutenak.

Ez dira dokumentu bidez frogatu beharko udal agiritegietan bilduta dauden alderdiak, azken lau urtean aldaketarik egon ez bada, oinarrietan berariaz eskatu ezean betiere.

4. artikulua. Deialdiaren publizitatea.

Deialdi hau aditzera emateko, iragarkia jarriko da Nafarroako Aldizkari Ofizialean, www.burlada.es web orrian, Burlatako Udalaren Egoitza Elektronikoan (https://sedeelectronica.burlada.es) eta Udalaren iragarki oholean.

5. artikulua. Eskaerak non eta noiz aurkeztu.

Eskaerak I. eranskinean agertzen den eskabidearen bitartez aurkeztuko dira, eskatzaileak sinatuta eta ondoko hauek erantsita:

5.1.-IFZren fotokopia.

5.2.-Deialdi honek diruz laguntzen dituen jarduerak azaltzen dituen txostena, lortutako emaitzak baloratuta eta ikasleak, taldeak, maila, matrikulak eta parte-hartzea aipatuta.

5.3.-Diruz lagundutako jardueren gastu eta diru-sarreren balantzea.

5.4.-Burlatan erroldatuta egonik, inskribatu direnen zerrenda.

Eskabideak aurkezteko epea deialdiaren iragarkian ezarriko da.

Eskabideak aurkezteko epea luzaezina da.

Eskabideak ez baditu betetzen deialdian ezarritako baldintzak, interesdunari errekerimendua eginen zaio, gehienez ere hamar eguneko epe luzaezinean konpon dezan. Adieraziko zaio ezen, hala egiten ez badu, eskaerari uko egiten diola ulertuko dela; hori baino lehen, ebazpen bat emanen da, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legearen 71. artikuluan adierazi moduan.

Eskabideak Burlatako Udalaren Erregistro Orokorrean aurkeztuko dira (Larrañetako plaza, zk. g., 31600 Burlata) edo Herri Administrazioen Araubideari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legearen 38. artikuluan aipatu moduetako batean.

6. artikulua. Diru-laguntzak instruitzeko eta ebazteko ahalmena duten organoak.

Diru-laguntzen prozedura instruitzeko organo eskuduna Burlatako Udalaren Euskara Zerbitzua izanen da. Ebazpen proposamena ekarriko duten datuak zehaztu, ezagutu eta egiaztatzeko egokiak iruditzen zaizkion jarduketak eginen ditu, ofizioz, zerbitzu horrek.

Espedientea ikusita, instrukzio organoak ebazpen proposamena eginen du eta ebazteko ahalmena duen organoari igorriko dio.

Tokiko Gobernu Batzarrak ebatziko du diru-laguntzak emateko prozedura.

7. artikulua. Diru-laguntzak ematea.

Deialdiak indarrean dagoen udal aurrekontuan ezarritako diru-izendapena izanen du eta Burlatan erroldatuta dauden ikasleetatik zenbat ari diren ikastegi bakoitzean euskaraz ikasten, horren arabera banatuko da, deialdian adierazitako baldintzak denbora eta forma aldetik betetzen dituzten eskaeren artean banatuko da. Diru-laguntzak ezin izanen du gainditu 175 euroko zenbatekoa ikasleko.

Emandako diru-laguntzaren zenbatekoa ez da inoiz jardueraren guztirako kostua baino handiagoa izanen, ez bere horretan ez bestelako diru-laguntza edo laguntzekin batuta.

8. artikulua. Ebazteko eta jakinarazteko epea.

Ebazpena eman eta jakinarazteko epea sei hilabetekoa da, gehienez ere. Diru-laguntza eskatzen den egunean hasiko da epea kontatzen. Epe horretan ebazpen espresik ematen ez bada, eskaera ezetsitzat joko du eskatzaileak.

Ebazpenak eten eginen du administrazio bidea eta Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 58 eta 59. artikuluetan adierazitakoari jarraikiz jakinaraziko zaie eskatzaileei, eta Burlatako Udalaren iragarki oholean argitaratuko da. Diru laguntzen emate ebazpenean jakinaraziko dira beronen kontra jarri ahalko diren helegiteak.

9. artikulua. Diru-laguntza jaso dezaketen gastuak.

Diru-laguntza jasotzen ahalko dute diruz laguntzen den jardueraren ezaugarriekin bat datozen gastuak. Diru-laguntza jaso dezaketen gastuen kostua ez da inoiz izanen merkatuko balioa baino handiagoa.

Benetan egindako gastutzat joko da deialdi honetan ezartzen den justifikazio epea bukatu baino lehen ordaindu dena. Ez da diru-laguntza jasotzen ahal duen gastutzat onartuko oinarri hauetan finkatu epetik kanpo egindako gastuak.

Zeharkako zergak ez dira inolaz ere diru-laguntza jasotzen ahal duten gastutzat joko, berreskuratzeko edo konpentsatzeko aukera ematen dutenean. BEZari dagokionez, hain zuzen, onuradunak ordaindutako kostu erreala baizik ez da diruz lagunduko, hau da, kengarri ez diren eta benetan ordaindu diren gastuak; izan ere, kengarriak diren heinean berreskuragarriak ere badira.

10. artikulua. Diruz lagundutako jardueren finantziazioa.

Ematen den diru-laguntzarekin, beste elkarte edo erakunde publikoen zein pribatuen diru-laguntzak edo laguntzak gehituta, ez da inoiz ikastaroaren guztirako kostua gaindituko.

Oinarri hauen arabera diru-laguntzak emateko kontuan izan diren baldintzak aldatzen badira eta, betiere, deialdi honetan onartu gabeko bestelako ekarpenak batera erdietsi badira, diru-laguntza emateko ebazpena aldatzen ahalko da.

Zenbateko aurrekontua dagoen, haren mende daude oinarri hauen bidez araututako diru-laguntzak. Balorazioa egindakoan, ikusten bada Burlatako Udalaren Osoko Bilkurak 2012ko aurrekontuan onetsi duen diru-esleipena aski ez dela, banaketa proportzionala eginen da, indize zuzentzaile bat aplikatuta.

11. artikulua. Diruz lagundutako jardueraren bateragarritasuna eta bateraezintasuna.

Deialdi honetako diru-laguntza bateragarria da beste edozein administrazio, entitate edo pertsonak helburu bererako ematen dituzten diru-laguntzekin.

Nolanahi ere, diru-laguntzaren zenbatekoak ezin izanen du gainditu diruz lagundutako jardueraren kostua.

12. artikulua. Diru-laguntzen ordainketa.

Diru-laguntzak ordainaldi bakarrean pagatuko dira, haiek ematea erabaki ondoren; banku transferentzia eginen da eskatzaileek adierazitako kontu korrontearen zenbakian.

13. artikulua. Diru-laguntzak emateko erabakiaren aldaketa.

Diru-laguntzak emateko kontuan izan diren baldintzak aldatzen badira eta, betiere, aldez aurretik jakinarazi gaberik, beste administrazio edo erakunde publiko edo pribatu batzuek ematen dituzten diru-laguntzak edo laguntzak batera erdietsi badira, diru-laguntza ematen duen ebazpena aldatzen ahalko da.

14. artikulua. Jasotako zenbatekoen itzulera.

Burlatako Udalaren diru-laguntzak arautzen dituen Ordenantza Orokorraren 22. artikuluak araututako kasuetan osorik edo partez itzuliko ditu onuradunak jasotako zenbatekoak, eta zilegi izanen da haiei berandutze-korrituak ere eskatzea, diru-laguntza noiz jaso eta hortik aitzina.

Onuradunak zenbat diru itzuli behar duen zehazteko, baldintzak noraino ez diren bete neurtuko da, eta irizpide horri erreparatuko zaio; nolanahi ere, proportzionaltasun-printzipioari jarraitu beharko zaio.

15. artikulua. Datuen babesa.

Datu Pertsonalak Babesteari buruzko 1999ko abenduaren 13ko Lege Organikoan ezarritakoa bete dadin, aditzera ematen zaizu ezen burlatarrak euskaldundu eta alfabetizatzen ibiltzen diren entitateei laguntzak emateko biltzen diren datuak Burlatako Udalaren titulartasuneko fitxategi informatizatu batean jasotzen ahal direla (Larrainetako plaza, zk. g., 31600 Burlata). Era berean, jakinarazten dizugu baduzula eskubidea datu horiek ikusi, zuzendu, ezabatu eta haien kontra agertzeko, Udalaren Erregistro Orokorrera joz horretarako (Larrainetako plaza, zk. g., 31600 Burlata).

16. artikulua. Diru-laguntzak arautzeko arauak

Diru-laguntza deialdi honek men eginen die agiri honetan jasotako oinarriei, bertan aurreikusten den orori eta ondoko legeetan xedatutakoari:

a) Burlatako Udalaren diru-laguntzak arautzen dituen Ordenantza Orokorra.

b) Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legea, uztailaren 2koa.

c) Nafarroako Toki Ogasunei buruzko 2/1995 Foru Legea, martxoaren 10ekoa.

d) Diru-laguntzei buruzko 38/2003 Lege Orokorra, azaroaren 17koa.

17. artikulua. Errekurtsoak.

Deialdi honen aurka, baita oinarri hauen aurka eta haiek betearazteko hartzen diren administrazio ebazpenen aurka ere, errekurtso hauetako edozein aurkezten ahalko da, aukeran:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, administrazio egintzaren udal organo egileari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritzen den egintza jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

b) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritzen den egintza jakinarazi edo argitaratzen denetik aitzina.

c) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, administrazioarekiko auzien Epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean. Errekurritzen den egintza jakinarazi edo argitaratu eta biharamunean hasiko da epe hori.

Iragarkiaren kodea: L1211609