153. ALDIZKARIA - 2012ko abuztuaren 3a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

OLAZTI

Olaztiko pilotalekuaren erabilera arautzen duen udal ordenantza Behin betiko onespena

Olaztiko Udalak, 2012ko martxoaren 27an egin osoko bilkura arruntean, hasiera batean onetsi zuen Olaztiko pilotalekuaren erabilera arautzen duen ordenantza.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325.1.b) artikuluko aginduei jarraikiz, erabaki hori 2012ko 78. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, apirilaren 25ean, baita Olaztiko Udalaren iragarki oholean paratu ere, eta espedientea 30 egunean egon da jendaurrean.

Jendaurrean egoteko legezko aldia iraganik inork inolako alegazio, kexa edo oharrik aurkeztu gabe, ordenantza hori behin betiko onetsi eta osorik argitaratzeko agindu da, behar diren ondorioak izan ditzan.

Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 107.3 artikuluan xedatuaren arabera, administrazio xedapen orokor honen behin betiko onespenaren kontra errekurtso hauetakoren bat aurkez daiteke:

a) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean, iragarki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

b) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, iragarki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik hasita.

Olaztin, 2012ko ekainaren 4an.-Alkatea, Gurutze Rodríguez Armendariz.

UDAL ORDENANTZA, OLAZTIKO PILOTALEKUAREN ERABILERA ARAUTZEN DUENA

1. artikulua. Xedea.

Ordenantza honen xedea da Olaztiko udal pilotalekuaren funtzionamendua arautzea, betiere kontuan harturik instalazio hori kantxak eta eranskinek (aldagelak eta dutxak) osatzen dutela.

2. artikulua. Pilotalekuaren erabilera.

2.1. Olaztiko udal pilotalekua erabiliko da instalazio mota horretako kirolak egiteko: esku pilota, pala (luzea edo motza) gomazko edo larruzko pilotarekin, frontenisa, xistera, erremontea, etab.

2.2. Instalazioak ahalik eta hobekien edukitzeko, pilotalekuan aritzen den orok material egokia erabili beharko du edozein pilota motatan jarduterakoan. Debeku da animaliak sartzea eta instalazioak kaltetzen ahal dituzten jarduerak egitea eta materialak erabiltzea: baloiak, bizikletak, gurpil-oholak, ibilgailu motordunak etab.

2.3. Debeku da pilotalekua erabiltzea jendearekin modu informalean elkartzeko, erretzeko, jateko edo edateko.

2.4. 18 urtez gorakoek pilotalekuko giltzak eskatu eta instalazioak erabil ditzakete, betiere errespetatuta dauden erreserbak (4. artikulua) eta instalazioen erabilera libreari dagokion ordena.

2.5. Giltzak erabiltzaileen eskura egonen dira Udaletxean edo Udalak ezartzen duen beste edozein establezimendutan.

2.6. Eskatzaileak fitxa bat bete beharko du eta bertan bere datuak, erabiltzeko denbora,... eta Udalak xedatzen dituen bestelako datuak atxiki beharko ditu. Giltzen eta instalazioen erabilera egokiaren erantzuleak ere izanen dira.

2.7. Giltzak itzuliko dira okupatzeko denbora bukatzen denean.

2.8. Pilotalekuan baimendutako pilota motetan (2.1 atala) jardun nahi dutenek erabiltzen ahalko dituzte instalazioak. Zenbait muga eta kontrol errespetatuta erabiltzen ahalko dira instalazioak, betiere bermatzeko bai erabiltzaileen segurtasuna bai instalazioek egoera onean jarraituko dutela.

2.9. Pilotalekua erabiltzen duten 18 urtez beherako haurrek heldu batekin egon beharko dute, haien segurtasuna bermatzeko eta indarrean dagoen araudia beteko dela ziurtatzeko. 18 urtez beherakoekin pilotalekuan sartu eta haiekin egon behar duen helduak adin txikikoen segurtasuna zaindu beharko du eta instalazioak egoera onean uzteko erantzukizuna hartuko du.

3. artikulua. Jarduteko ordutegia.

8:00etatik 24:00etara.

4. artikulua. Erreserbak.

4.1. Betiere eskatu ondoren eta salbuespenez, Udalak pilotalekua erabiltzeko baimena ematen ahalko du kirol jarduerak eta/edo bestelakoak egiteko, baldin eta baimena jaso duten pertsonak edo entitate sustatzaileak betetzen badituzte Udalak ezartzen dituen baldintzak, instalazioen egoera egokia bermatzeko (fidantza, Alkatetzak kasuaren arabera zenbatesten duena), baita alokatzeko tasa ere.

4.2. Udalak pilotalekuaren eta instalazioen erabilera berarentzat izanen du berak -bere kasa edo beste batzuekin batera- sustatzen dituen jardueretan, jarduera horiek gizarte, kultura eta kirol arloetan herria garatzeko helburua badaukate.

4.3. Pilotalekua erabilera partikularrerako erreserbatzen ahalko da, ordenantza honetako 2. artikuluan (pilotalekuaren erabilerak) eta 5.ean (tasak) ezarritakoaren arabera. Horretarako giltzak eskatu beharko dira Udaletxean, astelehenetik ostiralera, jendea hartzeko ordutegian. Erreserba instalazioak erabiltzeko egun bererako izanen da, eta handik 24 orduetara itzuli beharko dira giltzak.

4.4. Erabilera partikularrerako, aurretik erreserbatu gabe, pilotalekuko giltzak jarriko dira erabiltzaileen eskura Udalak zehazten duen establezimendu batean. Giltzak jarduera hasten denean eskatu beharko dira eta erreserba denbora bukatu bezain pronto itzuli beharko dira.

4.5. Ordenantza honetako 4.1 eta 4.2 puntuen araberako erreserbei lehentasuna emanen zaie.

5. artikulua. Tasak.

Instalazioak erabiltzeko baimena izateko, aldez aurretik tasa edo prezio publikoa ordainduko da. Tarifak eranskinean adierazi dira.

5.1. Pilotalekuaren argia erabiltzeak zenbateko zehaztua ordaintzea ekarriko du, fitxak hartuz.

5.2. Udalerri honetan erroldatuta egon gabe pilotalekuaren giltzak eskatzen dituzten erabiltzaileek ordu bakoitzeko dagokion tasa ordaindu beharko dute, baita argirako fitxen kostua ere, azken horiek eskatu baldin badira.

5.3. Pilotalekua alokatzeko prezioaren barrenean hartzen da kantxa ondoko komuna erabiltzeko eskubidea.

5.4. Udalak baimentzen dituen bestelako erabileretarako tasa, horretarako ezarritako zenbatekoa izanen da.

6. artikulua. Diziplina araubidea. Arau-hausteak eta zehapenak.

6.1. Kantxan nahiz erantsitako instalazioetan (aldagelak, dutxak, ataripea etab.) kalteak berariaz egiten dituenari debekatuko zaio pilotalekuan sartzea eta hura erabiltzea bi eta sei hilabete bitarteko epean, gertatutakoa noraino den larria, deusetan ukatu gabe kalteak konpontzeko betebeharra.

6.2. Pilotalekua 2.1 atalean aipatutako erabileraz bestera erabiltzen bada, baimena ematerakoan hartutako betebeharrak ez betetzeak ekarriko du, halakorik balitz, instalazioetan eskatzaileak eragindako kalte-galerak konpontzea.

6.3. Pilotalekuko giltzak kopiatzea hutsegite oso larritzat hartuko da.

6.4. Udal administrazioari dagokio ordenantza honetan biltzen den zehapen araubidearen aplikazioa.

7. artikulua. Hutsegiteak

Hona hemen hutsegite arinak:

a) Pilotalekua erabiltzea goian aipatutako kontrolerako lekuan jakinarazi eta erregistratu gabe, hilabeteko epean behin egitea.

b) Beste batzuek, aldez aurretik jakinarazi eta erregistratu gabe, pilotalekua erabiltzen uztea, hilabeteko epean behin egitea.

c) Instalazioetako zerbitzuak desegokiro erabiltzea.

d) Udalari edo zinegotziei berehala ez ematea instalazioetan kausitzen diren kalte edo behar ez bezalakoen berri.

e) Erregistroan ezarritako ordutegia ez betetzea.

Hona hemen hutsegite larriak:

a) Pilotalekua erabiltzea edo beste batzuek erabiltzen uztea, aurretik jakinarazi gabe, hilabeteko epean behin baino gehiagotan.

b) Instalazioetan kalte larriak egitea.

c) Hutsegite arinak behin eta berriz egitea.

d) Hutsegite arinen ondoriozko zehapenak ez betetzea.

Hona hemen hutsegite oso larriak:

a) Hutsegite larriak behin eta berriz egitea.

b) Instalazioetan oso kalte larriak egitea.

c) Hutsegite larrien ondoriozko zehapenak ez betetzea.

d) Pilotalekuko giltzen kopiak egitea.

8. artikulua. Zehapenak.

a) Hutsegite arinak egiteak ekarriko du pilotalekua erabiltzeko debekua 1 eta 4 astera bitarte.

b) Hutsegite larriak egiteak ekarriko du pilotalekua erabiltzeko debekua 1 eta 2 hilabetera bitarte, baita eragindako kalteak ordaintzea, halakorik baldin bada, eta 300 eurorainoko isuna ordaintzea.

c) Hutsegite oso larriengatik ezarritako zehapena ez betetzeak berekin ekarriko du Udalaren kirol instalazioetara sartzeko debekua, zenbat denboratarako eta hutsegite oso larriaren zehapenean ezarritako denbora halako bi, eta 600 eurorainoko isuna ordaintzea.

Xedapen indargabetzailea

Indarrik gabe utzi dira maila bereko edo beheragoko arau guztiak (udal pilotalekuaren eta horren instalazioetako kantxa, aldagelak eta dutxen erabilerari dagokionez, erregelamendu honi kontra egiten badiote).

Azken xedapena

Ordenantza hau zortzi artikuluz, xedapen indargabetzaile batez eta azken xedapen batez osatuta dago. Ordenantza honek indarra hartuko du Udalak behin betikoz onetsi ondoren, bere testu osoa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan aurreikusitako epea iraganik.

ERANSKINA

Tarifak

-Pilotalekuko giltzak eskatzea:

Olaztiko bizilagunak: doakoa

Erroldatu gabeak: 7 euro/ordua

-Argirako fitxak eskuratzea:

Olaztiko bizilagunak: 1 euro/ordua.

Erroldatu gabeak: 5 euro/ordua

-Udalak baimendutako bestelako erabilerak: 7 euro/ordua.

-Udalak baimendutako bestelako erabilerak, argiarekin: 12 euro/ordua.

Iragarkiaren kodea: L1210043