153. ALDIZKARIA - 2012ko abuztuaren 3a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

IGANTZI

Hiri lurzoruan eraikin osagarriak eraikitzeko udal ordenantza
Hasierako onespena

Igantziko Udalak, 2012ko otsailaren 23an egin osoko bilkuran, hasiera batean onetsi zuen Igantziko hiri lurzoruan eraikin osagarriak eraikitzeko udal ordenantza.

Hasierako onespenaren erabakia 2012ko 75. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, apirilaren 20an, argitaratutakoan jendaurreko epea iragan da. Beraz, aipatutako ordenantza behin betiko onetsi zen 2012ko ekainaren 14an egin osoko bilkuran. Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluari jarraikiz, bidezkoa da haren testu osoa argitaratzea, dagozkion ondorioak izan ditzan.

Igantzin, 2012ko uztailaren 6an.-Alkatea, sinadura ulertezina.

UDAL ORDENANTZA, IGANTZIKO HIRI LURZORUAN ERAIKIN OSAGARRIAK ERAIKITZEA ARAUTZEN DUENA

1. artikulua. Xedea.

Ordenantza honen xedea da eraikin osagarriak okupatzeko eta eraikitzeko baldintzak arautzea.

2. artikulua. Aplikazio eremua.

Ordenantza hau Igantziko hiri lurzoruan egin eta berrituko diren eraikin berri osagarri guztiei aplikatuko zaie.

3. artikulua. Definizioak.

Eraikin osagarriak dira lurzatiko eraikin nagusiaren osagarri diren eraikin txikiak. Horiek batik bat biltegiratzeko erabiliko dira, edo etxeko garajeak edo ukuiluak izanen dira, Abeltzaintzako instalazioek Nafarroako Foru Komunitatean ingurumenaren aldetik bete beharreko baldintza teknikoak ezartzen dituen ekainaren 23ko 148/2003 Foru Dekretuan ezarritako definizioaren arabera.

4. artikulua. Okupazioa.

Eraikin horiek ez dituzte bete beharko Igantziko Arau Subsidiarioetan eraikin nagusirako zehaztutako gehieneko lerrokadurak lurzatiaren barnean.

Eraikin nagusiko oinplanoa karratua edo angeluzuzena izanen da.

Lurzatiaren eraikigarritasunari dagokionez, 20m²-raino ez da kontuan hartuko.

Etxebizitza bakoitzeko mota horretako etxola bakarra eraikitzen ahalko da.

5. artikulua. Altuera.

Beheko solairua besterik ezin izanen dute eduki.

Gehieneko garaiera gailurreraino 3,8 m izanen da.

6. artikulua. Estalkia.

Estalkia inklinatua izanen da eta urak beti lurzatiaren barrualdera isuriko ditu, eraikin osagarria dagoen aldera. Inguruan ahalik eta hobekien integratzen saiatuko da, eta lorategi bihurtutako estalkiak onartuko dira.

7. artikulua. Fatxadak.

Eraikin nagusira egokituko dira, material eta koloreei dagokienez.

8. artikulua. Begi-inpaktua.

Begi-inpaktu negatiboa dagoela egiaztatzen bada, Udalak landare-pantailak sortzea edo bestelako neurriak hartzea eskatzen ahalko ditu aipatutako inpaktua zuzentzeko asmoz.

Iragarkiaren kodea: L1210334