127. ALDIZKARIA - 2012ko uztailaren 2a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ANDOSILLA

Ordenantza, Arriskutsuak izan daitezkeen animaliak edukitzea arautzen duena. Behin betiko onespena

Andosillako Udalak, 2012ko apirilaren 2an egin osoko bilkuran, hasiera batean onetsi zuen Arriskutsuak izan daitezkeen animaliak edukitzea arautzen duen ordenantza.

Onesteko erabakia 2012ko 78. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, apirilaren 25ean, eta jendaurreko epean inork ez du alegaziorik aurkeztu; hortaz, ordenantza hori behin betiko onetsi da eta osorik ematen da argitara, behar diren ondorioak izan ditzan; hori guztia, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatuari jarraikiz.

Andosillan, 2012ko ekainaren 1ean.-Alkate udalburua, José Manuel Terés Azcona.

ORDENANTZA, ARRISKUTSUAK IZAN DAITEZKEEN ANIMALIAK EDUKITZEA ARAUTZEN DUENA

Ordenantza honek xedea du Andosillako udal mugapean arriskutsuak izan daitezkeen animaliak edukitzeari aplikatzen ahal zaion araudia ezartzea, bateragarria izan dadin pertsona eta ondasunen segurtasunarekin, 50/1999 Legearekin eta Lege hori garatzen duen 287/2002 Errege Dekretuarekin bat, hori guztia Udalak dituen eskumen eta betebeharren barnean.

1. artikulua. Xedea.

a) Arriskutsuak izan daitezkeen animaliak edukitzeari aplikatzen ahal zaion araudia ezartzea, bateragarria izan dadin pertsona eta ondasunen segurtasunarekin.

b) Etxeko zakurren artean, arriskutsuak izan daitezkeenak zein diren zehaztea.

c) Udalaren lizentzia eskuratzeko bete beharreko baldintzak ezartzea eta arriskutsuak izan daitezkeen animaliak edukitzeko galda daitezkeen segurtasun neurriak finkatzea.

2. artikulua. Definizioak.

Arriskutsuak izan daitezkeen animaliatzat hartzen dira, 287/2002 Legean aipatzen direnez gain, ondotik zehazten diren hauek:

1.-Izatez basa direnetakoak izanik, etxeko edo lagun egiteko erabiliz, pertsonei nahiz bertze animalia batzuei lesioak eragin edo heriotza eman diezaieketen espezie edo arrazatakoak direnak, eta ondasunei kalte egin ahal dietenak, erasokorrak izan ala ez.

2.-Arraza hauetako zakurrak: bull terrier, pit bull terrier, staffordshire bull terrier, americam stafforshire terrier, rottweiler, dogo argentinarra, fila brasileiro, tosa inu, akita inu, Mallorcako ausiki zakurra, Kanarietako ausiki zakurra, artzanor napolitarra, bullmastiff, doberman eta, oro har, arraza horien ondorengoak izanik, haien ezaugarri etnikoak dituztenak.

3.-Edozein espezietakoak izanik, eraso eta defentsarako berariaz erakutsi edo heziak izan diren animaliak.

4.-Zakurren artean, aiurri erasokor handia dutenak edo pertsonei nahiz bertzelako animaliei behin baino gehiagotan eraso egin dietenak.

5.-Aitzineko atalean aipatzen diren kasuetan, arriskutsutasun hori badela erabaki beharko da, ofizioz edo salaketa baten bidez hasita, albaitari ofizial edo kolegiatu batek aldez aurretik txostena eginda.

6.-Honako ezaugarri hauen guztien edo hauetako gehienen jabe diren zakurrak:

a) Gihar sendoak, itxuraz indartsua, mardula, eite atletikoa, zolitasuna, bizkortasuna eta erresistentzia.

b) Aiurri handia eta adore handia.

c) Ile motza.

d) Bularraldeko perimetroa 60 cm-tik 80 cm-ra bitartekoa, eta 20 Kg-tik goitiko pisua.

e) Tamaina handiko burua, kuboidea, mardula, garezur zabal eta handia, eta masail gihartsu eta atereak. Masailezur handi eta sendoak; aho mardula, zabala eta sakona.

f) Lepo zabala, gihartsua eta motza.

g) Bular sendoa, zabala, handia eta sakona; saihets makotuak eta bizkar gihartsu eta laburra.

h) Aitzineko gorputz-adarrak, paraleloak, zuzenak eta mardulak; gibeleko gorputz-adarrak, berriz, hagitz gihartsuak, hanka luze samarrak, angelua txikia egiten dutenak.

3. artikulua. Arriskutsua izan daitekeen animalia edukitzeko lizentzia.

1.-Arriskutsua izan daitekeen animaliaren jabe edo edukitzaileak udal lizentzia bat izan beharko du nahitaez. Lizentzia eskatu beharko da animalia eskuratu behar denean, edo 6 eguneko epean, animaliak pertsonei eraso egin dienetik hasita.

2.-Lizentzia eskuratu edo berritzeko, honako baldintza hauek bete beharko dira:

a) Adinez nagusi izatea eta ez egotea ezindurik animalia behar bezala zaintzeko.

b) Ez izatea inoiz kondenatua honako delitu hauetakoren batengatik: homizidioa, lesioak, torturak, askatasunaren edo osotasun moralaren aurkakoak, sexu-askatasunaren eta osasun publikoaren aurkakoak, lotura talde armatu batekin edo droga salerosketarekin. Ildo beretik, arriskutsuak izan daitezkeen animaliak edukitzeko eskubideaz gabetua ez egotea epaile baten ebazpenagatik.

c) Arriskutsuak izan daitezkeen animalien araubide juridikoari buruzko abenduaren 23ko 50/1999 Legearen 13. artikuluko 3. idatz-zatian zehaztu arau-hauste larri edo oso larriengatik zehapen osagarririk jaso ez izana inoiz. Nolanahi dela ere, lizentzia eskuratu edo berritzen ahalko da, hura aldi baterako eteteko zehapena jasoa izanik, baldin eta, eskabidea aurkezteko unean, eteteko zehapen hori osorik betea badago.

d) Gaitasun fisiko eta psikologikoaren jabe izatea.

e) Frogatzea erantzukizun zibileko aseguru bat egin izana, animaliek hirugarrenei egiten ahal dizkieten kalteengatik, gutienez ere ehun eta hogei mila (120.000) euroko estaldura duena.

f) Lizentzia tramitatzeagatik ordaindu beharreko udal tasa ordaintzea, 2012. urtean 25 eurokoa izanen baita.

3.-Lizentzia eskatzera beharturik daude arriskutsuak izan daitezkeen animalien jabe edo edukitzaileak, baldin eta eskatzailea Andosillan bizi bada, udalerrian erroldaturik egon ala ez, edo haiek salerosi nahiz trebatzeko jarduera Andosillan egiten bada. Era berean, lizentzia hau eskatu beharko dute animalia arriskutsuen jabe edo edukitzaileek, animaliak jarraian hiru hilabetez bederen Andosillan egon behar badu. Betebehar horretaz aparte, edozein herritarrek jakinarazten ahalko dio Andosillako Udalari mota honetako animalien jabe edo edukitzaile diren pertsonak badirela, Andosillako Udalak legeen arabera bidezkoak diren frogantza eta ikuskapenak egin ditzan.

4.-Lizentziak bortz urterako balioko du, eta berritzen ahalko da iraupen bereko bertze aldi batzuetarako. Nolanahi ere, Andosillako Udalak ofizioz edo salaketaren ondorioz egiaztatzen ahalko du lizentzia eskuratzeko bete beharreko baldintzei eusten ote zaien, eta haietakoren batean ez dela betetzen ikusiz gero, lizentzia deuseztatzen ahalko du.

4. artikulua. Gaitasun fisikoaren ziurtagiria.

1.-Ezin izanen dira arriskutsua izan daitezkeen animalien titular izan animalia behar bezala zaintzeko eta erabili, mantendu eta menderatuko dutela bermatzeko behar den gaitasun fisikoa ez duten pertsonak, hala xedatzen baita Arriskutsuak izan daitezkeen animaliak edukitzeko araubide juridikoari buruzko abenduaren 23ko 50/1999 Legeko 3.1.a) artikuluan.

Gaitasun fisikoa ziurtagiriaren bidez frogatu beharko da, eta hori eskuratzeko gainditu beharko dira honako arlo hauetan ezintasun fisikoa dakarkeen eritasun edo urritasunik ez dagoela ziurtatzeko egiten diren frogak:

a) Ikusteko ahalmena.

b) Entzuteko ahalmena.

c) Lokomozio sistema.

d) Sistema neurologikoa.

e) Pertzepziotik mugimendura igarotzeko zailtasuna, erabakiak hartzeko tenorean.

f) Bertzelako edozein gaitz, nahaste edo arazo, aitzineko lerroaldeetan aipatu gabea, animalia behar bezala menderatzen dela bermatu ahal izateko ezintasun fisikoa izan daitekeena.

5. artikulua. Gaitasun psikologikoaren ziurtagiria.

Gaitasun psikologikoa ziurtagiriaren bidez frogatu beharko da, eta hori eskuratzeko gainditu beharko dira honako arlo hauetan ezinitasuna dakarkeen eritasun edo urritasunik ez dagoela ziurtatzeko egiten diren frogak:

a) Nahasteak buruan eta portaeran.

b) Ebaluatu, hauteman eta erabakiak hartzeko eragozpen psikikoak eta nortasun arazoak.

c) Bertzelako edozein gaitz, nahaste edo arazo, aitzineko paragrafoetan aipatu gabea, arriskutsuak izan daitezkeen animaliak edukitzeko behar diren buru-ahalmenak murrizten dituena.

6. artikulua. Gaitasun fisikoari eta gaitasun psikologikoari buruzko txostenen indarraldia.

Ordenantza honetan arautzen diren gaitasun ziurtagiriek urtebetez izanen dute indarra, luzatzen direnetik hasita, eta denbora horretan erabiltzen ahalko dira, haien bikoiztuaren, kopia konpultsatuaren edo ziurtapenaren bidez, epe horrek dirauen bitartean hasten diren administrazio prozeduretako edozeinetan.

7. artikulua. Segurtasun neurriak.

1.-Arriskutsua izan daitekeen animalia toki publikoetan ibiltzeko, beharrezkoa izanen da hura kontrolpean daraman pertsonak aldean izatea udal lizentzia eta egiaztagiri bat, ziurtatzen duena animalia hori inskribatua dagoela Arriskutsuak izan daitezkeen animalien udal erregistroan, ordenantza honen 10. artikuluak dioen gisan.

2.-Arriskutsuak izan daitezkeen zakurrek, toki publikoetan, animalia bakoitzaren arraza ezaugarriei dagokien muturrekoa eraman beharko dute nahitaez. Halaber, mota honetako zakurrak kontrolpean eraman beharko dira 2 metrotik beheitiko kate edo uhal luzaezinaren bidez, eta pertsona bakarrak ezin izanen du zakur bat baino gehiago eraman.

3.-Finka, txalet, lurzati, patio, terraza, edo bertzelako leku zedarrituren batean dauden animaliek loturik egon beharko dute.

8. artikulua. Jabeen, hazleen eta edukitzaileen betebeharrak.

1.-Ordenantzan aipatzen diren animalien jabe, hazle edo edukitzaileek animalia horiek identifikatu eta erregistratu beharko dituzte. Artikulu honetan aipatutako datuetako edozeinetan aldaketarik eginez gero, jakinarazi egin beharko da 15 eguneko epean. Betebehar hauek izanen dituzte:

a) Arriskutsuak izan daitezkeen zakur guztiek identifikaturik egon beharko dute mikrotxip baten bidez.

b) Arriskutsua izan daitekeen animalia edukitzeko lizentzia eskuratzea hiru hilabeteko epean, ordenantza honek indarra hartzen duenetik hasita.

c) Hilabeteko epean, erregistroan inskribatzea beren esku duten animalia bakoitza, arriskutsu gerta badaiteke.

d) Udalari jakinaraztea animaliaren salmenta, eskualdaketa, dohaintza, lapurreta, heriotza edo galera, 15 eguneko epean, haren identifikazioa aipatuta.

e) Animalia eskuratzeko tenorean animalia erroldatua badago, jabe berriak aldez aurretik lizentziaren jabe izan beharko du, eta Udalari jakinarazi beharko dio animaliaren titulartasun aldaketa.

f) Animaliaren erregistroko datuetan edozein aldaketa gertatuz gero, gehienez ere 15 eguneko epean eman beharko da horren berri.

g) Urte bakoitza amaitu aitzin, albaitariaren urteko azterketari dagokion ziurtagiria aurkeztu beharko da, baita aseguruaren eta erantzukizun zibileko sariaren kopia konpultsatua ere.

9. artikulua. Erregistroa.

Andosillako Udalean Arriskutsuak izan daitezkeen animalien erregistro bat izanen da; hartan datu hauek jasoko dira:

a) Jabearen izena, helbidea eta NANa.

b) Animaliaren haztegiaren edo sorlekuaren datuak.

c) Hezi duten zentroko datuak, halakorik bada.

d) Animaliaren espeziea, arraza, sexua, ezaugarri-oharra edo ohar erdia, jaioteguna, animaliaren identifikazio zenbakia, animaliaren ohiko bizilekua.

e) Albaitari kolegiatuak urtero egindako azterketak, animaliaren osasun egoera egiaztatzen dutenak.

f) Eraso kasuak (Udalari berehala jakinarazi beharko zaio).

g) Animalia antzutzen badute, jabeak bere borondatez hala erabakitzen duelako, erregistroan dagokion orrian inskribatuko da.

10. artikulua. Animalia arriskutsuak erregistratzeko liburua.

Albaitaritzako klinika, kontsultategi eta ospitaleek erregistro-liburu bat eduki beharko dute; hartan paratu beharko dituzte aitzineko artikuluan aipatu diren datu guztiak, eta horiez gain, jabearen izena, helbidea eta NANa, bai eta arriskutsua izan daitekeen animaliak udal erregistroan duen zenbakia.

11. artikulua. Arau-hausteak eta zehapenak.

1.-Arau-hauste oso larritzat joko dira:

a) Arriskutsuak izan daitekeen animalia bat abandonatzea, bere jatorriari buruzko identifikagarririk izan edo ez.

b) Arriskutsuak izan daitezkeen zakurrak lizentziarik gabe edukitzea.

c) Lizentziarik ez duen zakur bat saldu edo eskualdatzea.

d) Animaliak heztea haien erasokortasuna pizteko edo xede debekatuetarako.

e) Arriskutsuak izan daitezkeen animaliak heztea, horretarako gaitasun agiririk izan gabe.

f) Animalien erasokortasuna erakusteko xedez egiten diren lehiaketak, erakusketak, eta abar antolatzea.

2.-Arau-hauste larritzat joko dira:

a) Arriskutsua izan daitekeen animalia aske uztea edo behar diren neurriak ez hartzea haren ihesa edo galera eragozteko.

b) Animalia ez identifikatzea.

c) Animalia erregistroan ez inskribatzea.

d) Arriskutsua izan daitekeen zakurra, toki publikoetan, muturrekorik gabe edo katez lotu gabe egotea.

e) Agintaritza eskudunari datuak edo argibideak emateari uko egitea.

3.-Arau-hauste arintzat hartuko da ez betetzea ordenantza honetan ezarritako betebeharretatik edozein, non ez diren artikulu honetako 1. eta 2. zenbakietan aipatzen, ordenantza honetan larritzat edo oso larritzat hartzen direlako.

4.-Aitzineko atalean sailkaturiko arau-hausteengatik isun hauek ezarriko dira:

a) Arau-hauste arinak, 150 eurotik 300 eurora bitarte.

b) Arau-hauste larriak, 301 eurotik 2.400 eurora bitarte.

c) Arau-hauste oro larriak, 2.401 eurotik 15.000 eurora bitarte.

5.-Andosillako Udalak aldian-aldian gainbegiratu eta eguneratzen ahalko ditu aitzineko atalean ezarritako zenbatekoak.

6.-Kasu bakoitzean dagokion udal organo eskuduna arduratuko da zehatzeko ahalmena erabiltzeaz, betiere kontuan hartuz zehatzeko ahalmenen printzipioak, aipatzen direnak Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legean eta Zehatzeko Ahalmenaren erabilerari buruzko Erregelamendua onesten duen abuztuaren 4ko 1398/1993 Errege Dekretuan.

AZKEN XEDAPENA

Ordenantza honetan aipatzen ez den orotan, jarraitu beharko da xedatzen dena Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legean, arriskutsuak izan daitezkeen animaliak edukitzearen gaineko araubide juridikoari buruzko abenduaren 23ko 50/1999 Legean, lege hori bera garatzen duen martxoaren 22ko 287/2002 Errege Dekretuan, eta animalien osasunari, ingurumenari, animalien ustiapenari, eta bertzelakoei buruz aplikatzekoak diren gainerako xedapen orokor guztietan.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Indarrik gabe gelditu dira ordenantza honen aurka jotzen duten maila bereko edo tikiagoko udal arauak edo honetan araututako gaiei buruzko xedapenak dituztenak.

XEDAPEN IRAGANKORRAK

Lehenbizikoa.-Ordenantza honen arabera arriskutsutzat har daitezkeen animalien titular edo edukitzaileek sei hilabeteko epea izanen dute animalia horiek edukitzeko udal lizentzia eskuratzeko eta ordenantza honi egokitzeko.

Bigarrena.-Ordenantza honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean osorik argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

I. ERANSKINA

Arriskutsuak izan daitezkeen animaliak edukitzeko
administrazio lizentziaren eskaera

(Abenduaren 23ko 50/1999 Legea, eta martxoaren 22ko 287/2002 Errege Dekretua, hurrenez hurren argitaratuak 1999ko 24. Estatuko Aldizkari Ofizialean, abenduaren 24an, eta 2002ko 74. Estatuko Aldizkari Ofizialean, martxoaren 27an).

Interesdunaren datuak:

IZEN-DEITURAK:

NANa:

SORTEGUNA:

HELBIDEA:

HERRIA:

P.K.:

TELEFONOA:

Animaliaren datuak:

MIKROTXIP ZENBAKIA:

SEXUA:

IZENA:

SORTEGUNA:

ANIMALIA ESPEZIEA:

ILEA: LUZEA/MOTZA

ARRAZA

[ ] Pit bull terrierra.

[ ] Staffordshire Bull terrierra.

[ ] American staffordshire terrierra.

[ ] Rottweilerra.

[ ] Dogo argentinarra.

[ ] Fila brasildarra.

[ ] Tosa inua.

[ ] Akita inua.

Zakurra ez bada arestiko zerrendan agertzen diren arrazetarik, markatu zure zakurrak dituen ezaugarriak:

[ ] Gihar sendoak, itxuraz indartsua, mardula, eite atletikoa, zolitasuna, bizkortasuna eta erresistentzia.

[ ] Aiurri handikoa eta adoretsua.

[ ] Ile motza.

[ ] 60 eta 80 zentimetroen arteko perimetro torazikoa, 50 eta 70 zentimetroen arteko bizkar-gurutzea eta 20 kg-tik goitiko pisua.

[ ] Tamaina handiko burua, kuboidea, mardula, garezur zabal eta handia, eta masail gihartsu eta atereak. Masailezur handi eta sendoak; aho mardula, zabala eta sakona.

[ ] Lepo zabala, gihartsua eta motza.

[ ] Bular sendoa, zabala, handia eta sakona; saihets makotuak eta bizkar gihartsu eta laburra.

[ ] Aitzineko gorputz-adarrak, paraleloak, zuzenak eta mardulak; gibeleko gorputz-adarrak, berriz, hagitz gihartsuak, hanka luze samarrak, angelu txikia egiten dutenak.

[ ] Adierazi zakurrak pertsonei eraso egin dien, daten eta gertakarien inguruabarren berri emanez:

[ ] Adierazi zakurrak bertze animaliei eraso egin dien, daten eta gertakarien inguruabarren berri emanez:

Erantsi beharreko dokumentuak:

-NANaren, AIZren edo pasaportearen fotokopia, adinez nagusia dela adierazten duena.

-Agiri neurriko argazki eguneratua.

-Arriskutsuak izan daitezkeen animaliak edukitzeko ahalmen fisikoaren eta gaitasun psikologikoaren agiria, azterketa zentro behar bezala baimenduak luzatua.

-Frogatzea erantzukizun zibileko aseguru bat egin izana, animaliek hirugarrenei egiten ahal dizkieten kalteengatik, gutienez ere 120.000 euroko estaldura duena (agiri horren fotokopia osoa). AErantsi, gainera, indarra duen urtekoaren ordainagiriaren kopia.

-Behar den tasa ordaindu izana frogatzea.

Orobat, hauen gaineko zinpeko aitorpena:

1. Arriskutsuak izan daitezkeen animaliak edukitzeko eskubideaz gabetua ez egotea epaile baten ebazpenagatik, Arriskutsuak izan daitezkeen animaliak edukitzea arautzen duen Erregelamendua onetsi zuen martxoaren 22ko 287/2002 Errege Dekretuaren 3.1 artikuluaren b) atalean ezartzen den gisan.

2. Arriskutsuak izan daitezkeen animalien araubide juridikoari buruzko abenduaren 23ko 50/1999 Legearen 13.3. artikuluan zehaztu arau-hauste larri edo oso larriengatik zehapen osagarririk jaso ez izana inoiz.

Orobat, interesduna jakinaren gainean jartzea ezen, eskaera hau sinaturik, adostasuna agertzen diola Udalak behar den erregistroari eskatzeari aurrekari penalen ziurtagiria luzatzeko, arriskutsuak izan daitezkeen animalien arloan aplikatzekoa den eta indarra duen araudiak ezartzen dituen baldintzetan.

II. ERANSKINA

Arriskutsuak izan daitezkeen animalien Andosillako Udalaren erregistroan izena emateko eskaera

Izen-deiturak: ..................................................., NAN/IFZ/pasaportea:.........................., bizilekua: ......................................, karrika: .........................................., P.K.: ........... telefonoa: ................................, bere izenean edo ondoko honen izenean: .............................................., NAN/IFZ/pasaportea: ................., bizilekua: .........................., karrika: ................................., P.K.: ........... telefonoa: ...............................

ADIERAZTEN DU:

Animaliaren datuak honako hauek direla*:

Animaliaren espeziea:

Animaliaren identifikazio zenbakia:

Izena:

Arraza:

Sexua:

Animaliaren deskripzio fisikoa:

Jaioteguna:

Animaliaren ohiko bizilekua:

Jabearen izena:

Jabearen NANa:

Jabearen bizilekua:

Albaitari profesionalaren egiaztagiria:

Eraso kasuak:

Animaliaren haztegiaren edo sorlekuaren datuak:

Hezi duten zentroko datuak:

Eskatzen dut Arriskutsuak izan daitezkeen animalien erregistroan izena emateko, Alkatetzaren otsailaren 7ko 29/2012 Ebazpenaren bidez sortu baitzen.

* Datuetan edozein aldaketa izanez gero 15 eguneko epean eman beharko da horren berri, erasoa gertatzean salbu, halakoetan berehala egin beharko baita.

Iragarkiaren kodea: L1208490