127. ALDIZKARIA - 2012ko uztailaren 2a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

ERABAKIA, Nafarroako Gobernuak 2012ko ekainaren 20an hartua, "Egiarretan sareak eta zoladura berritzeko exekuzio proiektuan irisgarritasuna hobetzea (3. fasea) " izeneko proiektuaren lanek ukitutako ondasun eta eskubideen okupazioa presakoa dela adierazten duena, nahitaez desjabetzeko; sustatzailea Arakilgo Udala da.

Arakilgo Udalak 2011ko abenduaren 29ko osoko bilkuran hartutako erabakiari jarraikiz, jendaurrean jarri ziren, hamabost egunez, aipatutako proiektua eta ukitutako ondasun eta eskubideen zerrenda.

Jendaurrean egoteko epea alegaziorik aurkeztu gabe bukatuta, Arakilgo Udalak, 2012ko maiatzaren 3ko osoko bilkuran hartutako erabakiaren bidez, behin betiko onetsi zuen aipatutako proiektua.

Arakilgo Udalak presazko deklarazioa eskatu du proiektua gauzatzeak ukituko dituen ondasunak eta eskubideak okupatzeko, alegatu baitu ezinbestekoa dela Egiarretako bidearen zoladura osatzeko lanak azkar egitea, oinezkoen zein ibilgailuen joan-etorrietan arriskurik ez egoteko; izan ere, bide horretan malda pikoaren ondorioz dagoen arrisku hori murriztu nahi da obrak egitearekin.

Nafarroako Gobernuak, Arakilgo Udalak adierazi dituen arrazoiak ikusita, bidezkotzat jo du desjabetze horrek ukitutako ondasun eta eskubideen okupazioa presakoa dela adieraztea.

Horrenbestez, txosten juridikoa ikusirik, prezio justua pagatzeko behar den kreditua atxiki dela egiaztaturik, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 57. b) artikuluaren bidez aitortu zaizkion eskumenen arabera, Nafarroako Gobernuak, Lehendakaritzako, Administrazio Publikoetako eta Barneko kontseilariak proposaturik,

ERABAKI DU:

1. "Egiarretan sareak eta zoladura berritzeko exekuzio proiektuan irisgarritasuna hobetzea (3. fasea) " izeneko proiektua gauzatzean ukituko diren ondasun eta eskubideen okupazioa presakoa dela adieraztea, nahitaez desjabetzeko, Nahitaezko Desjabetzapenari buruzko Legearen 52. artikuluan xedatutakoari jarraituz. Proiektua Arakilgo Udalak sustatu du.

2. Erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, egun horretatik beretik ondorioak izateko, eta aditzera ematea erabaki honek administrazio bidea amaitzen duela, eta horren aurka, aukeran, berraztertzeko errekurtsoa jartzen ahal dela, Nafarroako Gobernuari zuzendua, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita hilabeteko epean edo, bestela, zuzenean, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan aurkaratzen ahal dela, argitaratu eta biharamunetik hasita bi hilabeteko epean.

Administrazio publikoek, berraztertzeko errekurtsoaren ordez, aldez aurretik errekerimendua egin dezakete, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

3. Erabaki hau Arakilgo Udalari jakinaraztea.

Iruñean, 2012ko ekainaren 20an.-Nafarroako Gobernuko kontseilari eta idazkaria, Juan Luis Sánchez de Muniain Lacasia.

Iragarkiaren kodea: F1209447