127. ALDIZKARIA - 2012ko uztailaren 2a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ALESBES

Trafikoa, ibilgailu motordunen zirkulazioa eta bide segurtasuna arautzen dituen ordenantzaren aldaketa. Behin betiko onespena

Alesbesko Udalak, 2012ko martxoaren 2an egin osoko bilkuran, erabaki zuen hasiera batean onestea Trafikoa, ibilgailu motordunen zirkulazioa eta bide segurtasuna arautzen dituen ordenantza. Horri buruzko iragarkia 2012ko 74. Nafarroako Aldizkari Ofizialean eman zen argitara, apirilaren 19an.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluari jarraikiz, maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legeak aldatu baitzuen, eta jendaurrean egoteko epea inork alegaziorik aurkeztu gabe iraganik, ordenantza horretako aldaketa behin betikoz onetsi eta argitaratzeko agindu da, behar diren ondorioak izan ditzan.

Trafikoa, ibilgailu motordunen zirkulazioa
eta bide segurtasuna arautzen dituen ordenantza

Aplikazio eremua

1. artikulua. Ordenantza hau Trafikoari, Ibilgailu Motordunen Zirkulazioari eta Bide Segurtasunari buruzko Legearen testu artikuluduna onesten duen martxoaren 2ko 339/90 Legegintzako Errege Dekretuak xedatutakoaren osagarri da, eta herriguneko bide publiko guztietan aplikatuko da.

Seinaleak

2. artikulua. 1. Manuzko seinaleak ezarriko dira bereziki, udalerriko bide-sarearen halako tarte batzuetan, edo orokorrean, herri guztian; azken kasu honetan seinaleak herriko sarrera guztietan jarriko dira.

2. Zirkulazio murriztuko eremuaren sarreran diren seinaleek, oro har, eremu horietako barruti osoan dute indarra.

3. Udaltzainen seinaleak beste guztien gainetik daude.

3. artikulua. 1. Ez da seinale manuzkorik ez informatiborik paratzen ahalko, aitzinetik Udalaren baimenik izan gabe.

2. Udal agintaritzaren iritzian benetako interes orokorra duten seinale informatiboak bakarrik paratzen ahalko dira.

3. Debeku da seinaleen gainean edo alboetan publizitatea paratzea.

4. Debeku da erabiltzaileei semaforoak edo seinaleak behar bezala ikus ditzaten oztopatzea edo haien arreta galaraz dezaketen panfleto, afixa, iragarki edo nolanahiko mezuak jartzea.

4. artikulua. 1. Udalak, behar bezala baimendu gabeko seinaleak edo indarrean dauden arauak betetzen ez dituztenak kenduko ditu berehala.

Udaltzaingoaren jarduketa bereziak

5. artikulua. 1. Udaltzainek, segurtasuna eta ordena publikoa zaintze aldera, edota zirkulazioaren arintasuna bermatze aldera, batzuetan aldatzen ahalko dute zenbait lekutako antolamendua, leku horietan pertsona edo ibilgailuen kontzentrazio handiak suertatzen direnean, eta orobat larrialdiren bat gertatzen denean. Horretarako, behin-behinekoz paratzen edo kentzen ahalko dira behar diren seinaleak, baita aurreneurriak hartu ere.

Oztopoak eremu publikoan

6. artikulua. 1. Debeku da oinezkoen edo ibilgailuen joan-etorriak eragotz ditzakeen edozein oztopo edo gauza eremu publikoan jartzea.

2. Aurrekoa hala izanik ere, behar bezala justifikatutako arrazoiak direnean baimentzen ahalko da eremu publikoa aldi baterako okupatzea zenbait lekutan, baldin okupazioak inolako arriskurik sortzen ez badu eta, trafikoari begira, ahal den nahasmendurik txikiena gertatzen bada.

7. artikulua. 1. Behar bezala baimendu eta seinalatu beharko da joan-etorri librea zailtzen duen edozein oztopo.

8. artikulua.

A) Udal agintaritzak oztopoak kentzen ahalko ditu ondoko kasu hauetan:

1. Bideen erabiltzaileendako arriskutsuak badira.

2. Behar den baimenik erdietsi ez bada.

3. Hura paratzea arrazoirik gabekoa gertatu bada.

4. Baimendutako epea amaitu bada edo baimenean ezarritako baldintzak betetzen ez badira.

B) Oztopoak kentzeagatik, baita haiendako seinale bereziak paratzeagatik ere, sortutako gastuak interesdunen kontura izanen dira.

Oinezkoak

9. artikulua. Oinezkoak espaloian barna ibiliko dira, eskuin aldean ahal dela. Eremu publikoak espaloirik ez badu, oinezkoak galtzadaren ezkerretik joanen dira.

Aparkatzea

10. artikulua. Ibilgailuak aparkatzeko, arau hauek begiratu behar dira:

1. Ibilgailuak ilaran aparka daitezke, hau da, espaloiarekiko paraleloan; baterian, hots, espaloiarekiko perpendikularrean eta erdi baterian, zeharka.

2. Aparkatzeko modua zehazten duen seinalerik ez bada, ilaran aparkatu behar da.

3. Zoladuran seinalaturik, aparkatzeko moldatutako lekuetan, ibilgailuak seinalatutako perimetroaren barrenean utziko dira.

4. Ibilgailuak aparkatzean, espaloitik ahal den hurbilena jarriko dira, tarte txiki bat utziko bada ere galtzadako puska hori garbitu ahal izateko.

5. Nolanahi ere, gidariek beren ibilgailuak aparkatu beharko dituzte berez ez abiatzeko maneran.

11. artikulua. Debeku da arras baldintza hauetan aparkatzea:

1. Seinaleek debekatzen duten tokietan.

2. Zirkulazioa trabatzen edo oztopatzen den tokietan.

3. Beste gidariak erregelamenduaren aurkako maniobrak egitera behartzen direnean.

4. Bigarren ilaran, lehenbiziko ilaran ibilgailua nahiz edukiontzia dagoenean, baita beste objekturen bat edo babeseko beste elementuren bat dagoenean ere.

5. Aparkatzeko lekua ez den galtzadako beste edozein tokitan.

6. Galtzadaren zabaleragatik ibilgailu-lerro bat pasatzea ezinezkoa egiten denean.

7. Bi noranzkoetako kaleetan, galtzadaren zabaleragatik bi ibilgailu-lerro pasatzea ezinezkoa denean.

8. Karrikaburuetan, beste ibilgailuren bati biratzea eragozten edo trabatzen zaionean.

9. Erregelamenduaren arabera aparkatutako beste ibilgailuei aterabidea oztopatzen zaienean.

10. Oinezkoen pasabide diren galtzada-tokietan.

11. Espaloietan, nasetan, babestokietan, erdiko nahiz alboetako pasealekuetan eta zolan marraz seinalatutako aldeetan, okupazioa partziala nahiz osoa izan.

12. Nasa, babestoki, erdiko edo alboetako pasealeku eta zolan marraz seinalatutako lekuen ondoan.

13. Garraio publiko, eskola-garraio edo taxien geralekuak, zamalanak egiteko aldeak, pasabideak eta, oro har, erreserbako lekuak izateko leku seinalatu eta mugatuetan.

14. Toki berean zortzi egun baino gehiago jarraian.

15. Aldi batez jarduera baimenduek okupatu beharreko aldeetan, eta konpondu, seinalatu edo garbitu behar diren tokietan. Kasu horietan debekua behar bezala eta aski garaiz seinalaturik egonen da.

12. artikulua. Gehienez ere bi ibilgailu-lerro eduki eta zirkulazioa norabide bakarrekoa duten karriketan, ibilgailuak karrikaren alde batean bakarrik aparkatuko dira, udal agintaritzak zehaztuko duen aldean.

13. artikulua. 11. artikuluaren 14. atalean xedatua ez betetzeagatik, antolamendu edo norabide nahiz seinale aldaketaren batengatik, eta orobat obrak edo bertze edozein aldaketa egin behar delakoz, ibilgailu bat aparkatua dagoen tokitik udal altxatokira edo, horren ordez, baimendutako bertze edozein aparkalekutara eraman beharra gertatuz gero, gidaria izanen da arau-hauste berri horren erantzule.

14. artikulua. 1. Ezindu fisikoendako erreserbatutako lekuetan aparkatzeko udal-baimena duten titularrek, denbora mugarik gabe aparkatzen ahalko dituzte beren ibilgailuak.

2. Aipatu gidari horien helmugatik hurbil ezindu fisikoak aparkatzeko leku erreserbaturik ez balitz, udaltzainek baimena eman lezakete zirkulazioari trabarik txikiena egiten zaion lekuetan aparkatzeko, baina inoiz ere ez aparkatzeko debekuak, ordenantza honetan aurreikusitakoaren arabera, ibilgailua kentzea eskatzen duen lekuetan.

15. artikulua. 1. Ziklomotorrak eta motozikletak aparkatzen ahal dira espaloietan, nasetan, hiru metro baino zabalera gehiagoko pasealekuetan, galtzadarekiko paraleloan, eta 50 zentimetroko tartea utziz, non eta ez den oinezkoen, bizikleten, haur-kotxeen eta abarren pasabidea sobera trabatzen.

2. Gutienez bi metroko tartea utzi beharko da aitzineko atalaren arabera aparkatutako motozikletatik oinezkoen pasabide seinalatuaren edo garraio publikoko geralekuaren mugara.

3. Espaloi, ibiltoki, eta pasealekuen gainean aparkatu behar bada, ibilgailua bulkatuko da, motorra itzalita eta jarlekutik jaitsirik.

4. Galtzadan aparkatu behar denean, erdibaterian eginen da, gehienez ere metro eta erdi hartuz.

Ibilgailuak eremu publikotik kentzea

16. artikulua. Udaltzainek, egin behar duenak egiten ez badu, ibilgailuak eremu publikotik kentzen ahalko dituzte eta Udalaren ibilgailuen altxatokira eraman, honako kasu hauetan:

1. Arriskutsua denean edo traba larria egiten zaionean zirkulazioari nahiz zerbitzu publiko baten funtzionamenduari, eta orobat ibilgailu hori eremu publikoan abandonatua dagoela uste izatekoa denean.

2. Istripuren bat izan eta abiatu ezinik gelditzen denean.

3. Ibilgailua bera hondatu delako, ibili ezinik gelditzen bada.

4. Ibilgailua bigarren ilaran eta gidaririk gabe aparkatua dagoenean.

5. Bertze gidariei maniobra neurriz gainekoak, arriskutsuak eta erregelamenduaren kontrakoak eginarazten dizkienean.

6. Seinalatutako orduen barrenean pasabide bat osorik edo zati batean okupatzen duenean.

7. Zamalanetarako tokietan aparkatuta dagoenean, haiek erabiltzen diren orduetan.

8. Garraio publikorako geraleku seinalatu eta mugatu batean aparkatua dagoenean.

9. Larrialdiko edo segurtasuneko zerbitzuentzat erreserbaturiko tokian aparkatua dagoenean.

10. Ikuskizun publikoetako lokalek larrialdietarako dituzten aterabideen aitzinean, emanaldietako orduetan aparkatuta dagoenean.

11. Baimenik gabe, espaloi, ibiltoki, babesgune, pasealeku, arretaz ibiltzeko gune edo zolan marraz pintatuta dauden tokietan, osorik nahiz zati baten gainean aparkatua dagoenean.

12. Bidean doazen gainerako erabiltzaileei trafiko seinaleak ikustea eragozten dienean.

13. Oinezkoen pasabide seinalatu batean aparkatua dagoenean.

14. Gelditzea galarazita dagoen tokiren batean aparkatua dagoenean.

15. Biraketa eragozten duenean edo, hartarako, maniobra bereziak egitera behartzen duenean.

16. Bide batetik datozen gidariei bertze bidea ikustea galarazten dienean.

17. Eraikin bateko sarrera osorik nahiz zati bat oztopatzen duenean.

18. Lehentasuneko bide batean edo, bertze kalifikaziorik izanda ere, Alkatetzaren bando baten bidez izaera bera hartu duen bidean, toki debekatuetan aparkatua dagoenean.

19. Galtzadaren erdian aparkatuta dagoenean.

20. Oinezkoendako kale batean baimendutako orduetatik kanpo aparkatua dagoenean, espresuki baimendutako aparkalekuetan izan ezik.

21. Ezinduendako aparkaleku erreserbatuan aparkatua dagoenean.

22. Betiere, aurreko kasuetan bezala, arriskua edo zirkulazioari zein zerbitzu publikoen funtzionamenduari eragozpen larria sortzen zaienean.

17. artikulua. Udaltzaingoak, halaber, eremu publikotik ibilgailuak kentzen ahalko ditu honelakoetan:

1. Behar bezala baimendutako ekitaldi publiko bat egiteko erreserbatu den toki batean aparkatuta baldin badaude.

2. Eremu publikoa garbitu, konpondu edo seinaleak jarri ahal izateko ibilgailua kendu beharra badago.

3. Larrialdietan.

Hala eginez gero, ahalik eta lasterren eman beharko da aditzera, eta baimendutako tokirik hurbilenera eramanen dira ibilgailuak, gidariei non diren jakinarazita. Eramate horrek ez du inolako ordainketarik ekarriko, ibilgailua noranahi eramanda ere.

18. artikulua. Aurreikusitako salbuespenak ukatu gabe, ibilgailua kentzeagatik eta Udalaren altxatokian edukitzeagatik sortutako gastuak titularraren kontura izanen dira, eta hark ordaindu beharko ditu edo ordainketa ziurtatuko du ibilgailua berreskuratzeko baldintza gisa, bidezko diren errekurtsoak aurkezteko eskubidea ukatu gabe.

19. artikulua. Ibilgailua kentzea bertan behera utziko da, baldin eta gidaria agertzen bada ibilgailua estekatu eta garabia abiatzen hasi baino lehen, eta behar diren neurriak hartzen baditu ibilgailua lehen zegoen egoera okerretik ateratzeko.

Ibilgailu abandonatuak

20. artikulua. Ibilgailu bat abandonatutzat hartzen ahalko da ondoko kasuetan:

1. Bideko toki berean hamabortz egun baino gehiago aparkatuta baldin badago.

2. Dituen matxurak ikusita, abandonatua dagoela uste izatekoa denean.

21. artikulua. 1. Ibilgailu abandonatuak kaletik kendu eta Udalaren altxatokira eramanen dituzte. Berehalaxe, titularra nor den zehazteko tramiteak egiten hasiko dira eta jakinarazpenetik hilabeteko epean ibilgailua eraman dezala aginduko diote.

2. Ibilgailua kendu eta edukitzeagatik sortutako eskubideak titularraren bizkar izanen dira.

3. Jabeak ibilgailua eramateari uko egiten badio, Udalak ibilgailua besterenduko du sortutako gastuak ordaintzeko.

Neurri bereziak

22. artikulua. Inguruabar bereziek beharrezko egiten badute, trafikoa antolatzeko behar diren neurriak hartzen ahal dira, ibilgailuen zirkulazioa debekatuz nahiz murriztuz, edo sarbideak herriko alderdi batera eta halako bide batzuetatik desbideratuz, baita aparkalekuak berrantolatuz ere.

23. artikulua. Herriko alde bateko ezaugarri bereziak kontuan hartuz, udal administrazioak debekatzen ahalko du osoki edo partez ibilgailuak zirkulatu edo aparkatzea, edo biak batera, alde horren barreneko eremu publiko guztiak edo batzuk bertako bizilagunendako erreserbatu ahal izateko, eta, oro har, auzo, oinezko eta bertzelakoendako.

24. artikulua. Halakoetan, karrikek behar diren seinaleak beharko dituzte sarreran eta irteeran, eta gainera, delako aldean ibilgailuen joan-etorriak eragotziko dituzten elementu mugigarri nahiz finkoak erabiltzen ahalko dira.

25. artikulua. Aipatutako murriztapenak izaten ahal dira:

1. Beren perimetro barreneko bide guztietarako edo batzuetarako bakarrik.

2. Aurretiaz ezarritako ordutegi batera mugatuak ala ez.

3. Egunerokoak edo egun jakin batzuetarako bakarrik.

26. artikulua. Xedatutako mugapenen izaera eta norainokoa nolanahikoak direla ere, ez dute zirkulazioan ez aparkamenduan eraginik izanen, ibilagailuak honako hauek direnean:

1. Su-itzaltze eta salbamendu zerbitzukoak, poliziakoak, anbulantziak, eta oro har, zerbitzu publikoak egiteko beharrezko direnak.

2. Alde horretako eraikin batetik eri edo ezinduak garraiatzen dituztenak.

3. Alde horretako ostalaritzako establezimenduetan, sartzeko nahiz irteteko, bidaiariak eramaten dituztenak.

4. Alde horretan berean baimendutako garaje edo aparkaleku publiko nahiz pribatuen erabiltzaile direnak.

5. Salgaien zamalanetarako baimena dutenak.

Garraio publikoaren geralekuak

27. artikulua. 1. Udal administrazioak zehaztuko du garraio publiko nahiz eskolakoaren geralekuak non izanen diren.

2. Haietan bidaiariek igotzeko edo jaisteko behar duten denbora baino gehiago ez daitezke geratu, salbu eta lineako abiapuntu edo helmuga badira.

3. Ibilgailuen kopurua ez da inola ere izanen geralekuak har ditzakeen ibilgailuena baino handiagoa.

Zamalanak

28. artikulua. 1. Merkataritzako gaien zamalanak horretarako jarritako tokietan bakarrik egiten ahalko dira.

2. Hartara, aipatu jarduera eremu publikoan eta nolabaiteko maiztasunez egin beharra dagoenean, denda, industria edo lokalen jabeek beharrezkoa den erreserba eskatu beharko diote Udalari.

3. Erreserbatutako tokietatik at, zamalanetarako baimena horretarako propio finkatutako egun, ordu eta tokietarako baizik ez da emanen.

4. Orokorrean, geratu edo aparkatzea debekaturik dagoen tokietan ez da inola ere eta inolako arrazoirengatik zamalanik egiten ahalko.

29. artikulua. Zamalanetan erabiltzen diren merkataritzako gaiak, materialak edo gauzak ez dira zoruan utziko, baizik eta zuzenean eraikinetik ibilgailura edo alderantziz eramanen dira.

30. artikulua. Zamalanak behar den arretaz eginen dira ahalik eta traba gutxien egitearren, eta erabilitako lekua garbi utzi beharko da.

31. artikulua. Merkataritzako gaien zamalanak ibilgailua espaloitik gertuen dagoen aldetik eginen dira, eta behar diren baliabideak erabiliko, lana ahalik eta lasterren egitearren eta oinezkoen zein ibilgailuen zirkulazioa ez oztopatzen saiatuz.

32. artikulua. Alkatetzak zamalanetarako toki erreserbatuak zehatz ditzake, zeinetan aplikatuko baita ordutegi mugatuko aparkaldien araubide orokorra. Halaz ere, eta kontuan izanik egoera, erreserbatutako bertze toki batzuekiko hurbiltasuna edo erabileraren maiztasuna bezalako inguruabarrak, aipatu araubide orokorrean aldaketak egin daitezke.

Pasabideak

33. artikulua. Udalak baimenduko ditu garaje, finka eta higiezinetan sartzeko eremu publikoan behar diren erreserbak. Leku erreserbatu horiek behar bezala seinalatuak egon beharko dute eta bereziki dagokien udal ordenantzara moldatuko dira beti.

Edukiontziak

34. artikulua. 1. Altzariak edo etxeko tresnak, eta orobat obra eta etxeko hondakinak biltzeko edukiontziak, udal organo eskudunak erabakita, eremu publikoko toki jakin batzuetan jarri beharko dira.

Abiadura murriztapena oinezkoen kopuru handiko lekuetan

35. artikulua. Errei bakar batetik ibili beharreko kaleetan eta oinezkoen kopurua handia den guztietan, baita ikastetxeak diren kaleetan ere, ibilgailuek abiadura egokia eramanen dute eta behar diren aurreneurriak hartuko dituzte.

Motozikleten zirkulazioa

36. artikulua. 1. Motozikletek debeku dute kategoria gehiagoko ibilgailuez osatutako bi lerroren artean ibiltzea, ezta lerro baten eta espaloiaren artean ere.

2. Debeku dute, halaber, traba egitea, zakarki azeleratuz, ke-hodiak itxuraldatuta eta normalak ez diren bertze inguruabarren bidez. Horrelakoetan, udaltzainek, aparatu prestatuak erabiliz, zarata horiek neurtzen ahalko dituzte, eta zehapena jarri.

3. Gidari eta bidaiariek, bi gurpileko motozikletetan, sidekar eta guzti ala gabe, eta ziklomotoreetan doazenean, egokiro erabili behar dituzte babes-kaskoak, egungo legeriaren arabera homologatuak edo ziurtatuak, bai hiri barneko bideetan bai hiri artekoetan.

Bizikletak

37. artikulua. 1. Bizikletak galtzadan barna joanen dira, espaloitik ahal den hurbilen.

Zirkulatzeko baimen bereziak

38. artikulua. Erregelamenduz baimenduak baino pisu edo tamaina handiagoko ibilgailuak ez dira herriko bide publikoetan barna ibiltzen ahalko Udalaren baimenik gabe, landabideak barne.

Aurreko puntuan aipatu baimenak bidaia baterako izaten ahal dira, edo halako aldi baterako.

Animaliak

39. artikulua. Udal bideetan barna ondasunak nahiz jendea garraiatzeko baimendutako animaliak edo lagun egiteko animalia behar bezala lagunduak baizik ez dira ibiltzen ahalko.

40. artikulua. Herri barrenean eskola-garraiorako zerbitzuak egin ahal izateko, Udalaren baimena beharko da, aldez aurretik.

41. artikulua. 1. Hiriko eskola-garraioa garraio diskrezional jarraitua da, ibilgailu automobil publikoetan edo zerbitzu partikularrekotan egina, abiapuntu edo helmuga ikastetxeak izanik, ibilgailua Udal mugapean dabilenean tarteka geraldiak eginez.

2. Ibilgailura igo eta jaistea Udalak berariaz zehazturiko tokietan bakarrik eginen da.

Erabilera debekatuak eremu publikoetan

42. artikulua. 1. Oinezkoen ibiltoki erreserbatuetan eta galtzadetan, nola ibiltarientzat hala jostetan dabiltzanentzat arriskurik ekar lezaketen josteta eta jolasak debekatuak daude.

2. Patinak, patintxoak, monopatinak, haurren bizikletak edo trizikloak eta gisakoak, motordunak izan ala ez, ibiltzen ahalko dira espaloietan, ibiltoki edo pasealekuetan, baina oinezko baten abiada arruntean. Halaber, ordenantza honen 9. artikuluan horiendako ezarritako arauen menean egon beharko dute.

Prozedura

43. artikulua. Alkatetzak isun bidez zehatuko ditu ordenantza honetako xedapenen aurkako arau-hausteak, ordenantza honen eraskineko isunen taulako zenbatekoak erabilita.

44. artikulua. Zehapen-espediente bidez emandako ebazpenekin burutuko da bide administratiboa, eta horiek inpugnatzen ahalko dira indarrean dagoen legeriak ezarritako moduetan.

ARAU-HAUSTEAK

ZEHAPENAK

Trafikoa trabatzen den tokian aparkatzea

60 euro

Axolagabekeriaz gidatzea

90 euro

Espaloi gainean aparkatzea

40 euro

Norabide debekatuan zirkulatzea

60 euro

Hamabi urtetik beherakoak (135 cm baino gutxiago dutenak) ibilgailuaren aurreko jarlekuan eramatea, horretarako euskailu homologatua, loturik, erabili gabe

50 euro

3 urtetik gorakoak (135 cm baino gutxiago dutenak) ibilgailuaren atzeko jarlekuetan eramatea, horretarako haurrari egokitutako euskailu homologaturik erabili gabe

50 euro

3 urtetik beherakoak ibilgailuaren atzeko jarlekuetan eramatea, bere neurrira eta pisura egokitutako sistema homologaturik erabili gabe

50 euro

Ibilgailuan doazenek segurtasun-uhalik edo horretarako euskailu homologaturik, behar bezala lotuak, ez erabiltzea

50 euro

Ibilgailurako baimendutako lekuak baino %50 lagun gehiago eramatea, gidaria zenbatu gabe

50 euro

Oinezkoen bide lehentasuna ez errespetatzea eta haientzat arriskua sortzea

100 euro

Norantza aldatzea, debekatuta egonda

50 euro

Bigarren ilaran aparkatzea, gidariak alde eginda

40 euro

Aparkatzea edo ibilgailua aparkatua edukitzea bide publikoko toki berean, hogeita hamar egun baliodun baino gehiagoan

40 euro

Motozikleta, ziklomotor edo bizikletak aparkatzea horiendako espres ezarritako lekuetatik kanpo

30 euro

Ibilgailua gidatzean, argirik batere ez eramatea, ikuspena erabat falta delarik

50 euro

Oinezkoen bide lehentasuna ez errespetatzea haientzat arriskurik sortu gabe

50 euro

Debekuzko edo murriztapeneko seinaleari kasurik ez egitea.

60 euro

Agindu seinaleari kasurik ez egitea

60 euro

Espaloi gainean zirkulatzea

50 euro

Motozikleta edo ziklomotor bat gidatzea babesteko kaskorik gabe

50 euro

Hots-seinaleak beharrik gabe erabiltzea

30 euro

STOP seinalea ez errespetatzea

60 euro

Lorategietan edo oinezkoen eremuetan aparkatzea

60 euro

Udaltzainen oharrei kasurik ez egitea

90 euro

Aparkatzea besteei biratze baimendua egitea erabat galaraziz

60 euro

Gidatzean zirkulazioan traba egitea

60 euro

Oinezkoen eremuan zirkulatzea

60 euro

Baimendutako mailetatik gorako soinuak ateratzea edo gasak botatzea

60 euro

Aparkatzea erdibitzaile, bereiztaile eta bidearteetan

50 euro

Zamalanetarako gunean aparkatzea, horretarako orduetan, jarduera hori egin gabe

50 euro

Zamalanetarako gunean aparkatzea

50 euro

Oinezkoen pasabideetan aparkatzea

60 euro

Garraio publikoko ibilgailuen geralekuetan aparkatzea, geralekuak behar bezala seinalatuak daudenean eta aparkatzeko debekua dagoen ordutegian

90 euro

Larrialdi edo segurtasuneko ibilgailuentzat gordetako eremuan aparkatzea

90 euro

Ibilgailuen galtzadan barnako zirkulazioa erabat galaraziz aparkatzea

90 euro

Aparkatzea edukiontzien ondoan, zabor bilketa galarazi edo oztopatzen denean

50 euro

Baimenik gabeko lasterketak egitea

100 euro

Ezgaitasuna dutenak eramaten dituzten ibilgailuentzako erreserbatutako tokietan aparkatzea

90 euro

Telefono mugikor nabigatzaile bat edo komunikazio sistema bat eskuz erabiliz gidatzea

60 euro

Pasabide iraunkorretan, ibilgailuen sarrera-irteerak galaraziz aparkatzea

90 euro

Behar bezala seinalatutako toki galarazietan aparkatzea

50 euro

Alesbesen, 2012ko maiatzaren 25ean.-Alkatea, María Carmen Segura Moreno.

Iragarkiaren kodea: L1208109