127. ALDIZKARIA - 2012ko uztailaren 2a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.5. ESTATUTUAK ETA LAN HITZARMEN KOLEKTIBOAK

258/2012 EBAZPENA, maiatzaren 31koa, Afera Juridikoetako eta Lehendakaritzako zuzendari nagusiak emana, Nafarroako Gizarte Hezitzaileen Elkargo Ofizialaren (NAGIHEO) eta haren Gobernu Batzordearen inskripzioa egitea agintzen duena, baita haren Estatutuak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea ere.

2012ko urtarrilaren 21ean, Nafarroako Gizarte Hezitzaileen Elkargo Ofizialak (NAGIHEO) eskatu zuen elkargoaren eta haren Gobernu Batzordearen inskripzioa erregistroan egitea, baita haren Estatutuak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea ere.

Nafarroako Gizarte Hezitzaileen Elkargo Ofiziala sortzen duen apirilaren 30eko 4/2009 Foru Legearen bigarren xedapen iragankorrak ezartzen du ezen elkargoaren behin betiko estatutuak, onetsi ondoan, batzar eratzailearen ziurtagiriarekin batera, departamentu eskudunari igorriko zaizkiola, haien legezkotasuna egiaztatu ondoan, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko agindu dezan.

Legegintza eta Koordinazio Zerbitzuaren txosten batean, egiaztatu egiten da 2011ko irailaren 17ko batzar eratzailean onetsitako Estatutuek, haietan egindako aldaketen ondoren (batzar horrek 2012ko maiatzaren 12an zuzentzeko eskatu ondoan), indarreko araudiarekin bat egiten dutela. Orobat, adierazten da Nafarroako Lanbide Elkargoei buruzko apirilaren 6ko 3/1998 Foru Legean ezarritako baldintzak betetzen direla, bai eta lege hori garatzeko abenduaren 18ko 375/2000 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen erregelamenduan ezarritakoak ere.

Horrenbestez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen bidez eta Lehendakaritzako, Administrazio Publikoetako eta Barneko Departamentua egitura organikoa ezartzen duen abuztuaren 24ko 128/2011 Foru Dekretuaren bidez emandako ahalmenak baliatuz,

EBATZI DUT:

1. "Nafarroako Gizarte Hezitzaileen Elkargo Ofiziala (NAGIHEO)", helbidea Iruñean duena, Marcelo Celayeta etorbideko 75. zenbakian, 43. bulegoan, hain zuzen, Nafarroako Lanbide Elkargoen eta Elkargoen Kontseiluen Erregistroan (Lehendakaritzako, Administrazio Publikoetako eta Barneko Departamentuari atxikia) inskribatzea, 23. zenbakiarekin.

2. Agintzea Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila ebazpen hau, Nafarroako Gizarte Hezitzaileen Elkargo Ofizialaren (NAGIHEO) Estatutuak biltzen dituen eranskinarekin batera, behar diren ondorioak izan ditzaten.

3. Nafarroako Gizarte Hezitzaileen Elkargo Ofizialaren (NAGIHEO) lehenengo Gobernu Batzordea inskribatzea. Hona hemen hura osatzen dutenak:

Batzordeburua: Yolanda Marcos Francia.

Buruordea: Yolanda Etayo Olza.

Idazkari teknikoa: Daniel Equiza Castillo.

Batzordekidea: Ana Biurrun Moreno.

Batzordekidea: Gerardo Castillo Martínez de Olcoz.

Batzordekidea: Joseba Huare Guerra.

Batzordekidea: Mirentxu García Eseverri.

Batzordekidea: Lorenzo Silvano Izquierdo Villanueva.

Batzordekidea: María Artuch Aguirre.

4. Ebazpen hau Nafarroako Gizarte Hezitzaileen Elkargo Ofizialari (NAGIHEO) jakinaraztea, eta ohartaraztea haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dela, kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi eta biharamunetik hasita, hala ezartzen baita Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 57. artikuluan eta Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 114. eta 115. artikuluetan.

Iruñean, 2012ko maiatzaren 31n.-Afera Juridikoetako eta Lehendakaritzako zuzendari nagusia, Marta Pernaut Ojer.

Eranskina

ESTATUTUAK

1. kapitulua

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Izena eta izaera juridikoa.

Nafarroako Gizarte Hezitzaileen Elkargo Ofiziala (NAGIHEO) zuzenbide publikoko korporazioa da, bere nortasun juridikoa daukana, bai eta jarduteko gaitasun osoa ere, bere helburuak lortzearren eta bere eginkizunetan aritzearren, gobernu organoak osatzen direnez geroztik.

Lanbidea ordezkatzen du bere lurralde esparruan, eta irabazteko asmorik gabekoa da.

2. artikulua. Lurralde eremua eta helbidea.

2.1. Nafarroako Gizarte Hezitzaileen Elkargo Ofizialaren lurralde eremua Nafarroako Foru Komunitateko lurraldea da.

2.2. Hona hemen helbidea: Marcelo Celayeta 75, 43. bulegoa, PK 31014, Iruña. Gobernu Batzarrak erabakita aldatzen ahal da hura, eta biltzarrari horren berri emanen dio, hura biltzen denean. Bilerak autonomia erkidegoko beste edozein tokitan egiten ahal dira, betiere interesdunei behar bezala jakinarazita. Helbidea aldatzen denean, elkargoko kideei ahalik eta lasterren jakinarazi behar zaie.

3. artikulua. Araudia.

Honako honi jarraituko dio elkargo ofizialak bere jardunean: Estatutuak; Nafarroako Gizarte Hezitzaileen Elkargo Ofiziala sortzen duen apirilaren 30eko 4/2009 Foru Legea; Lanbide Elkargoei buruzko apirilaren 6ko 3/1998 Foru Legea eta hura garatzeko araudia; Zerbitzu jardueretarako sarbide libreari eta haietan aritzeari buruzko azaroaren 23ko 17/2009 Legea; Zerbitzuen jardueretan libreki hasi eta aritzeari buruzko Legearekin bat etortzeko, zenbait lege aldatzeko abenduaren 22ko 25/2009 Legea eta Estatuko edo Europar Batasuneko oinarrizko araudia, lanbide elkargoaren arloan ukitzen duena.

4. artikulua. Oinarrizko printzipioak.

Lanbide elkargoetan sartu eta bertan aritzeko, tratu berdinaren eta bereizkeriarik ezaren printzipioari jarraituko zaio, bereziki arraza edo etnia, erlijioa edo sinesteak, desgaitasuna, adina edo sexu joera direla eta, Neurri Fiskalei, Admin istratiboei eta Maila Sozialekoei buruzko abenduaren 30eko 62/2003 Legearen II. tituluko III. kapituluko III. atalean ageri den moduan1.

Elkargoaren funtzionamenduaren eta barneko egituraren oinarrizko printzipioak honako hauek dira: kideen arteko berdintasuna, gobernu organoak demokratikoki aukeratzea, erabakiak gehiengoarekin hartzeai eta jarduteko askatasuna, betiere legea errespetatuta.

5. artikulua. Kideak.

Apirilaren 30eko 4/2009 Foru Legearekin bat, Gizarte Hezkuntzaren Diplomaturaren unibertsitate-titulu ofiziala, hura lortzeko ikasketa planen jarraibide orokorrak ezarri zituen abuztuaren 30eko 1420/1991 Errege Dekretuan ezarritakoa, NAGIHEOn sar daitezke, edo urtarrilaren 30eko 168/2004 Errege Dekretuaren arabera eta haren aldaketen arabera, titulu baliokide homologatua dutenak.

Orobat, Nafarroako Gizarte Hezitzaileen Elkargo Ofiziala sortzen duen apirilaren 30eko 4/2009 Foru Legearen hirugarren xedapen iragankorrean aurreikusitako kasuren batean daudenak izan daitezke Nafarroako Gizarte Hezitzaileen Elkargo Ofizialeko kide, dagokion gaikuntza egin ondoren, baita gizarte hezitzaileen beste lanbide elkargo batzuetatik datozenak ere, espedientea lekuz aldatuta.

Egungo edo etorkizuneko titulazioaren izena edozein dela ere, gizarte hezitzailearen lanbidean aritzeko edo titulazioa izateko eskubidea legearen arabera dutenak ere sar daitezke, estatutu hauetan edo aplikatu beharreko araudietan eskatzen diren baldintzak betetzen badituzte, titulazioak nazionalak edo atzerrikoak izan.

6. artikulua. Kidetzearen derrigorrezkotasuna.

Nafarroako Foru Komunitatean lanbide honetan jarduteko, ezinbestekoa izanen da aurretik NAGIHEOko kidea izatea, deusetan galarazi gabe Nafarroako lanbide elkargoei buruzko legedian eta estatuko oinarrizko legedian ezarritakoa.

Irizpide profesional independente izatea, erabiltzaileari edo bezeroari arreta egokia ematea eta komunitateari zerbitzua egitea oinarri dituen gizarte hezitzailearen lanbidean aritzeko, aplikatu beharreko araudi zehatza zein orokorraren edukiak eta baldintzak errespetatu behar dira. Edonola ere, jarduketa profesionalak men egin behar die elkargo ofizial honek onetsitako arau deontologikoei.

7. artikulua. Harremanak Nafarroako Foru Komunitateko administrazioarekin eta beste administrazioekin.

7.1. Alderdi korporatiboei eta erakundeekiko harremanei dagokienez, NAGIHEOk lanbide elkargoen arloan eskumena duen departamentuaren bitartez bideratuko ditu Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioarekiko harremanak. Lanbideari berari dagozkion alderdiei buruzko gaietarako, berriz, arlo horren eskumena duen departamentuaren bitartez bideratuko da harremana.

7.2. Behar izatera, beste administrazio publiko batzuekin ere izan ditzake harremanak NAGIHEOk, beren eskumenen esparruan.

7.3. Elkargo Ofiziala esklusiboa eta bakarra izanen da Nafarroako Foru Komunitatearen esparruan lanbidea ordezkatzeko.

8. artikulua. Harremana bestelako lanbide erakunde publiko zein pribaturekin.

Nafarroako Gizarte Hezitzaileen Elkargo Ofizialak lankidetza, kooperazio eta parte-hartze hitzarmenak eta erabakiak sinatzen ahal ditu beste lanbide, hezkuntza eta enpresa elkarteekin, publikoak zein pribatuak izan, nazionalak edo nazioartekoak.

Gizarte Hezitzaileen Elkargo Ofizialen Kontseilu Nagusiarekin legearen eta estatutuen arabera dagozkion harremanak izanen ditu NAGIHEOk.

2. kapitulua

Elkargoaren helburuak eta eginkizunak

9. artikulua. Helburuak.

Honako hauek dira elkargoaren helburuak:

a) Gizarte hezitzailearen lanbidea antolatzea, edozein forma eta modalitatetan, bere eskumenaren esparruan eta dagokion legezko esparruaren barruan, hartan aritzearekin zerikusia duten interes orokorrak egoki betetzen direla zainduz.

b) Lanbidearen ordezkaritza instituzional esklusiboa, bere lurralde esparruaren barruan.

c) Elkargokideen lanbide-eskubide eta -interesak defendatzea.

d) Elkargoko kideek ematen dituzten zerbitzuen kontsumitzaile eta erabiltzaileen interesak babestea, jardun profesionalak pertsonen interes eta eskubide zilegiak errespetatzen dituela eta haietara egokitzen dela zainduz.

e) Bere lurralde esparruan, elkargoko kideen prestazio profesionalen kalitate egokia bermatzea, eta haien prestakuntza eta hobekuntza bultzatzea.

f) Oro har, gizarte heziketaren aitortza soziala eta profesionala bultzatu eta sustatzea.

g) Hezkuntza edo prestakuntza instituzioekin elkarlanean aritzea, gizarte hezitzaile izateko titulazioak lortzeko ikasketak hobetze aldera.

h) Elkargoko kideen jardunak, kasu guztietan, lanbidearen kode deontologikoari heltzen diola bermatzea, eta jardun profesionala non egiten duten, hango araudiari ere bai.

i) Estatuko zein Europar Batasuneko administrazio publikoekin elkarlanean aritzea bere eskumenen esparruan, legeek aurreikusi bezala.

j) Elkargoko kideei eta kontsumitzaile zein erabiltzaileei arreta zerbitzua ematea, eta kasu egitea elkargoko kideen jardun profesionalaren edo elkargoko jardunaren inguruko kexa nahiz erreklamazioei.

10. artikulua. Eginkizunak.

Bere helburuak bete daitezen, elkargoak beteko ditu elkargoko kideen zerbitzuen erabiltzaile nahiz kontsumitzaileen interesak babesteko probetxagarriak izan daitezkeen behar adina eginkizun.2. Era berean, elkargoko kideen interesak zaintzeko eta lanbidearen jarduna antolatzeko gai den erakundea lortzeko ere arituko, esan nahi baita hori bermea dela bere esku-hartzearen xede dituen gizartearen sektoreentzat.

Honako hauek dira eginkizun horiek:

a) Herritarren eskubide eta interesen errespetua bermatzea profesionalekiko harremanetan, lanbidearen etika zainduz eta diziplina ahalmena erabiliz.

b) Aholku organoetan eta langileak hautatzeko prozesuetan parte hartzea, Nafarroako Administrazio Publikoek hala eskatzen diotenean.

c) Elkargoko kideentzat interesgarriak diren lanbide, laguntza eta kultur jarduera eta zerbitzu komunak antolatzea; profesionalei esperientziak eta ezagutzak trukatzeko aukera ematea, elkargoko kideak izan edo ez, eta etengabeko lanbide prestakuntza sustatzea.

d) Intrusismoa eta profesionalen arteko lehia desleiala galaraztea, antolamendu juridikoak aurreikusten dituen ekintzen bitartez.

e) Esku hartzea, bitartekaritza edo arbitrajearen bidez, elkargoko kideek elkarrekin edo hirugarrenekin izaten dituzten gatazka profesionaletan, alderdiek hala eskatzen dutenean.

f) Profesionalen hartukizun, ordainsari edo lansariak kobratzeaz arduratzea, elkargoko kideek eskatuz gero eta elkargo bakoitzeko estatutuetan zehazten den moduan; eta txostena ematea prozesu judizialetan eta administrazio prozeduretan, profesionalen lansariak eztabaidagai direnean, hala egiteko eskatzen badiote.

g) Bere aurrekontuak onestea eta elkargoko kideen ekarpenak arautu eta finkatzea.

h) Lan profesionalak ikus-onestea, indarra duen araudiarekin bat bidezko den kasuetan eta edukiarekin.

i) Txostena ematea Foru Komunitatearen arauen proiektuen gainean eta haietan parte hartzea, lanbideari dagozkion gaiak arautu behar direnean, hala nola eginkizunak, esparruak, lansariak, gobernu organoetako kideen bateraezintasunak, prestakuntza edo espezializazio ikastaroak eta diplomak.

j) Estatutuak eta barne araubideko erregelamenduak onestea.

k) Urteroko memoria prestatzea, legeak aurreikusi moduan.

l) Elkargoko kideen hobekuntza zientifikoa eta teknikoa bultzatzea eta haien lanbide prestakuntza sustatu eta garatzea.

m) Unibertsitateekin eta beste entitate batzuekin era aktiboan parte hartzea etorkizuneko tituludunen prestakuntzan, ikasketa planak eta haien prestakuntza hobetzeko.

n) Beharrezko jarduerak garatzea tituludun berriak lanean has daitezen.

o) Beharrezko jarduerak egitea elkargoko kide guztiak lanean has daitezen errazteko.

p) Epaitegiei ematea, legeekin bat, afera judizialetan prestakuntza eta esperientzia profesionala dela-eta peritu gisa parte hartzeko gai diren elkargoko kideen zerrenda, edo haiek proposatzea aginte judizialak eskatuta.

q) Lanbidearen ordezkaritza izatea eta haren defentsan aritzea Administrazioaren, instituzioen, epaitegien, entitateen eta norbanakoen aurrean, zilegi izanen baitu parte izatea lanbidearen interesak ukitzen dituzten auzi guztietan.

r) Eskariak egiteko eskubidea erabiltzea, legearekin bat, eta proposatzea egokiak juzgatzen dituen lege aldaketak gizarte hezitzailearen lanbidearen defentsarako.

s) Azterlanak egitea, txostenak egitea, estatistikak prestatzea eta bestelako jarduerak egitea, administrazio eskudunek eskatzen dizkiotenak edo bere kasa erabakitzen dituenak.

t) Elkargoko kideei buruzko eta haiei ezarritako zehapen irmoei buruzko informazio eskaerei erantzutea, baita Europar Batasuneko estatu bateko edozein agintari eskudunek egiten dituen ikuskapen edo ikerketa eskaerei ere, zerbitzuen jardueretara libreki iristeari eta gauzatzeari buruzko azaroaren 23ko 17/2009 Legean ezarritako moduan, bereziki, kontrolak, ikuskapenak eta ikerketak egin eta informazioa lortzeko eskaerek behar bezala arrazoituta egon behar izateari eta lortzen den informazioa eskaerako xederako soilik erabili behar izateari dagokienez3.

u) Legezko xedapenen bidez esleitzen zaizkion beste eginkizun guztiak, edo elkargoko kideentzat onuragarriak direnak, elkargoaren helburuak betetze aldera.

v) Legeak babesten dituen gainerako eginkizunak, lanbidearen interesen aldekoak badira eta elkargoko helburua betetzeko badira.

3. kapitulua

Elkargoko kide izatea, ukatzea eta gabetzea

11. artikulua. Elkargoan onartua izateko betekizunak.

Elkargo honetan onartua izateko, estatutu hauen 5. artikuluan zehaztutako baldintzak bete behar dira, eta ez da egon behar epai irmoaren bidez deklaratutako ezintasun egoeran.

12. artikulua. Elkargoan sartzeko eskaerak eta aurkeztu beharreko agiriak.

12.1. Elkargoan sartzeko eskaera, Gobernu Batzordeko buruari zuzendua, idatziz eginen da, izena emateko elkargoak egindako eskabidearen arabera.

12.2. Elkargoan sartzeko eskaerarekin batera, Gobernu Batzordeak horretarako ezartzen dituen agiriak aurkeztuko dira, eta espedientea tramitatzeko gastuak ordainduko.

12.3. Elkargoak beharrezko bitartekoak izanen ditu elkargoko kideek bide telematikoekin tramita dezaten eskaera4.

13. artikulua. Gobernu Batzordearen ebazpena.

13.1. Gobernu Batzordeak gehienez hiru hilabeteko epea izanen du, elkargoan sartzeko eskaera elkargoko erregistroan aurkeztu eta biharamunetik hasita, dagokion ebazpena eman eta jakinarazteko. Epe horretan berariazko ebazpenik ematen ez bada, eskaera ezetsitzat jo beharko da.

13.2. Edonola ere, elkargoko kidearen behin betiko izaera ez da eskuratuko harik eta interesdunak elkargoan sartzeko kuota (alta) ordaintzen duen arte, eta, geroago, erabakitako kidetzeko tasa.

13.3. Izena emateko edo kidetzeko kuota ezin da inoiz izan inskripzioa tramitatzeko kostuak baino handiagoa5.

13.4. Elkargoko kide bihurtuta, NAGIHEOk kidearen zenbakia esleituko dio eta frogagiri bat emanen.

14. artikulua. Kidetasuna ukatzea.

14.1. Kide izateko eskaera honako kasu hauetan baino ezin du ukatu Gobernu Batzordeak:

a) Eskaeratik ondorioztatzen denean eskatzaileak ez dituela betetzen elkargo honetako kidea izateko baldintzak.

b) Sartzeko eskaerarekin batera aurkezten diren agiriak aski ez direnean, edo horretarako ezarritako epean zuzendu edo osatzen ez direnean, edo eskatzaileak kidetzeko behar diren agiriak eta datuak faltsutzen dituenean.

c) Eskatzaileak frogatzen ez duenean kidetzeko kuotak ordaindu dituela hilabeteko epean, aurkeztutako dokumentazioa zuzena dela eta alta eman daitekeela dioen txostena egiten denetik hasita.

d) Oztopo fisiko edo mentalak izatea, haien izaeragatik edo intentsitateagatik gizarte hezitzailearen eginkizunak betetzea eragozten dituztenak. Erakunde ofizial batek edo epai judizial batek emandako ezintasunaren ebazpen irmo baten bidez egon behar dute deklaraturik oztopo horiek.

e) Epaitegien epai irmo baten bidez zigorra jaso denean, lanbidean aritzeko ezgaitzat jotzen duena eskaera egiteko mementoan.

f) Beste elkargo batetik bidalia izan denean, berriro birgaitua izan gabe, edo eskaera egiterakoan lanbidean aritzeko aldi baterako gabetua dagoenean.

14.2. Kidetzea ukatzen duen erabakia idatziz jakinarazi beharko zaio eskatzaileari, behar bezala arrazoituta. Haren kontra, interesdunak 72. artikuluan eta hurrengoetan araututako errekurtsoen sistema baliatzen ahal du.

15. artikulua. Kidetasuna galtzea.

15.1. Arrazoi hauek direla medio utziko zaio kide izateari:

a) Norberak idatziz eskatuta Gobernu Batzordeari, konplitu gabeko betebehar profesional edo korporatiboak gorabehera.

b) Elkargoaren kuota edo gobernu organoek ezartzen dituzten beste ekarpenak ez ordaintzeagatik, hamabi hilabetetik gorako epean. Nahitaezko baja honek indarra izan dezan, espediente labur bat instruitu behar da, ukitutakoari eginen zaion idatzizko errekerimendua berarekin ekarriko duena, hilabeteko epean, zorpekoak paga ditzan. Epe hori iraganda hura bete gabe, bajaren erabakia hartuko da, interesdunari berariaz jakinarazi beharrekoa, eta horrek elkargotik egoztea ekarriko du.

c) Elkargotik egoztea dakarren diziplinako zehapen irmoa betetzeagatik, estatutu hauetan aurreikusten denarekin bat.

d) Epai irmo bat egoteagatik, berekin ekartzen badu Gizarte Graduatuaren lanbidean aritzeko gaitasuna galtzea, dagokion erantzukizuna iraungitzen ez den bitartean.

e) Legezko ezgaitasuna dela arrazoia.

f) Heriotzagatik.

15.2. Elkargoko kidetasuna galtzeak ez du libratzen konplitu gabeko betebehar profesional edo korporatiboak betetzetik.

16. artikulua. Elkargora berriro sartzea.

16.1. Elkargora berriro sartzeko, baldintza berak bete behar dira. Zigor bat edo zehapen bat izan denean bajaren arrazoia, eskatzaileak frogatu beharko du hura bete duela. Borondatezko baja edo kuotak edo ekarpenak ez ordaintzea izan denean bajaren arrazoia, eskatzaileak elkargoan sartzeko kuota ordaintzeaz gain, pagatu gabeko gainerako kuota guztiak ere ordaindu beharko ditu.

17. artikulua. Leihatila bakarra6.

17.1. NAGIHEOk web orri bat izanen du, profesionalek elkargoko kide egiteko, lanbidean aritzeko eta baja emateko beharrezkoak diren tramiteak egin ditzaten, puntu bakar baten bidez, bide elektronikoa eta urrutikoa erabiliz, hori guztia zerbitzuen jardueretara libreki iristeari eta gauzatzeari buruzko azaroaren 23ko 17/2009 Legean ezarritako leihatila bakarraren bitartez. Zehazki, beharrezkoa dena eginen du, profesionalek, leihatila bakarraren bitartez, doan lortu ahal izateko honako hau:

a) Lanbide jarduerara iristeko eta lanbidean aritzeko beharrezkoak diren informazioa eta inprimakiak eskuratzea.

b) Beharrezkoak diren agiriak eta eskabideak aurkeztea, elkargoko kide egitekoa barne.

c) Interesdun gisa agertzen direneko prozeduren tramitazioaren egoera zein den jakitea eta aginduzko tramite-egintzen jakinarazpena eta elkargoak horien gainean ematen duen ebazpena jasotzea, diziplinazko espedienteen jakinarazpena barne, beste bide batzuen bitartez egitea ezinezkoa denean.

d) Elkargoko kideak batzar orokor arrunt eta berezietara deitzea eta elkargo ofizialaren jarduera publiko eta pribatuaren berri ematea.

17.2. Leihatila bakarraren bitartez, kontsumitzaile eta erabiltzaileen eskubideak hobeki babesteko, elkargoek honako informazio argi, garbi eta doaneko hau emanen dute:

a) Elkargoko kideen erregistroan sartzeko aukera. Erregistro hori eguneratuta egonen da etengabe eta datu hauek bilduko ditu gutxienez: elkargoko kide diren profesionalen izen-deiturak, Elkargoko kide zenbakia, titulu ofizialak, helbide profesionala eta lanbide gaikuntzaren egoera.

b) Lanbide sozietateen erregistrorako sarrera. Erregistro horrek Lanbide Sozietateei buruzko martxoaren 15eko 2/2007 Legearen 8. artikuluan azaltzen den edukia izanen du.

c) Kontsumitzaile edo erabiltzaileren baten eta elkargokide baten edo Elkargoaren arteko gatazka sortzen denean aurkez daitezkeen erreklamazioak eta errekurtsoak.

d) Lanbide zerbitzuen hartzaileek laguntza lortzeko eskura dituzten kontsumitzaile eta erabiltzaileen elkarte edo erakundeen datuak.

e) Kode deontologikoen edukia.

17.3. NAGIHEOk beharrezkoak diren neurriak hartuko ditu artikulu honetan ezarritakoa betetzeko, eta beharrezkoak diren teknologiak erabiliko ditu horretarako; halaber, sistemen arteko eragiketak bermatuko dituzten plataforma teknologikoak sortu eta mantenduko ditu, bai eta desgaitasunak dituzten pertsonen irisgarritasuna ere. Horretarako, NAGIHEOk, eta, hala balegokie, kontseilu nagusiek eta autonomikoek, behar diren koordinazio eta lankidetza mekanismoak jarri ahalko dituzte abian, are beste lanbide batzuetako korporazioekin batera.

17.4. NAGIHEOk informazioa emanen die kontseilu nagusiei edo orokorrei, edo bestela, autonomia erkidegoetako elkargoen kontseiluei, elkargokideen eta lanbide sozietateen erregistroetako alta, baja eta beste aldaketa guztiei buruz, jakin dezan eta elkargokideen eta horien lanbide sozietateen erregistro zentraletan jaso dezaten.

18. artikulua. Ohorezko kideak.

Gobernu Batzordeak elkargoko ohorezko kide izendatzen ahal ditu merezimendu zientifiko, tekniko edo profesionalengatik, titulazioa edozein dela ere, gizarte heziketa edo gizarte hezitzailearen lanbidea garatzera lagundu dutenak. Izendapena ohorezkoa izanen da, ukatu gabe erregelamenduzko xedapenek ezartzen dituzten elkargoko zerbitzuetan eta elkargoko bizitzan izandako parte-hartzea.

4. kapitulua

Elkargoko kideen eskubide eta betebeharrak

19. artikulua. Elkargoko kidearen eskubideak.

Honako hauek dira elkargoko kideen eskubideak:

a) Gizarte hezitzailearen lanbidean aritzea, lehia askeko araubidean eta alor horretan aplika daitekeen indarreko araudiarekin bat. Elkargoko kideek eskubidea dute elkargoko babesa eskuratzeko lanbide-isilpekotasuna erabili eta mantentzerakoan.

b) Elkargoko kudeaketan eta elkargoko bizitzan aktiboki parte hartzea, informazioa jasotzea eta batzar nagusietan botoz eta hizpidez parte hartzea, elkargoaren esparruan egiten diren hauteskundeetan hautesle eta hautagai izatea, botoa postaz igorri ahal duela edo elkargoko beste kideren baten esku utzi, bilkuraren erregelamenduan eta estatutuetan xedatzen denarekin bat.

c) Gobernu organoen jarduketak sustatzeko eskubidea, Estatutuen araberako ekimenen bitartez.

d) Interes profesionalak ordezkatzeko taldeak elkargoaren barrenean eratzeko eskubidea, Estatutuen esparruaren barrenean, betiere haien gobernu organoei men eginda. Berariaz aitortzen da ildoak (korronteak) antolatzeko eskubidea, esan nahi baita iritzi talde antolatuak sortu eta izatekoa, elkargoko egituraren barrenean eta haren jarduteko eremuan; horretarako haren bitartekoak eta baliabideak erabil daitezke, iritzi horiek ez badute ere bat egiten iritzi nagusiarekin. Eskubide horretaz baliatzeko, estatutu hauetan bozketei buruz biltzen diren arauei jarraitu beharko zaie.

e) Gobernu organoen titularrak zentsura mozioen bidez postutik kentzeko eskubidea; estatutu hauen arabera tramitatuko da hura.

f) Elkargoak lagundu, aholkatu, defendatu edo ordezkatua izatea, hark dituen baliabideekin eta erregelamenduz zehaztutako baldintzetan, lanbidean aritzearekin ikusteko duen orotan.

g) Parte hartzea batzordeetan, lan taldeetan edo elkargoko jarduna garatzeko ezartzen den beste edozein modutan.

h) Gobernu Batzordeari iradokizunak, eskaerak edo kexak aurkeztea idatziz.

i) Elkargoaren zerbitzuak eta bitartekoak ezarritako baldintzetan erabiltzea.

j) Informazioa jasotzea, garaiz eta osoa, bai lanbidearen interesekoa bai elkargoko jardunari buruzkoa, horretarako ezartzen diren bideetatik.

k) Datu pertsonalak babesteko arloan indarra duen legediak aitortzen dituen eskubideak baliatzea.

l) Batzar nagusietara joatea, baita batzorde, atal eta beste lan taldeetara ere.

20. artikulua. Elkargoko kideen betebeharrak.

Honako hauek dira elkargoko kideen betebeharrak:

a) Lanbidean etikoki aritzea eta estatutu hauetan, kode deontologikoan eta eman litezkeen bestelakoetan ezarritako arauak errespetatzea.

b) Elkargoko kideek lanbide-isilpekotasuna gordetzeko eskubidea eta betebeharra dituzte, lanbidearengatik ezagutzen dituzten gertaera eta berrien inguruan, salbu eta inplikatutakoek betebehar horretatik libratzen badituzte.

c) Arau korporatiboak betetzea, baita elkargoko gobernu organoek hartutako erabakiak ere.

d) Ezarritako ekarpenak eta kuotak aldiro ordaintzea.

e) Elkargoko bizitzan aktiboki parte hartzea. Zer kargutarako hautatzen duten, hura leial eta prestu betetzea, eta elkargoko gobernu organoek agintzen dizkioten lanak egitea.

f) Elkargoko beste kideen eskubide korporatiborik edo profesionalik ez kaltetzea.

g) Gobernu Batzordearekin elkarlanean aritzea, elkargoko aferen inguruan eskatzen zaion informazioa emanez, lanbide-isilpekotasuna ukatu gabe.

h) Etxebizitza edo helbide aldaketak jakinaraztea elkargoari.

i) Ezagutzen dituzten intrusismo kasuak edo lanbidean legez kontra aritu izanaren kasuak jakinaraztea elkargoari.

j) Elkargo ofizialak esleitzen dizkien beste betebeharrak, estatutu hauek aplikatzeko eremuaren barrenean.

5. kapitulua

Elkargoko gobernu eta ordezkaritza organoak:
eraketaren, funtzionamenduaren eta eskumenaren arauak

21. artikulua. Elkargoko gobernu eta ordezkaritza organoak: eraketaren, funtzionamenduaren eta eskumenaren arauak.

21.1. NAGIHEOk ondoko gobernu organoak izanen ditu: elkargoko kideen Batzar Nagusia, Gobernu Batzordea eta Batzorde Iraunkorra.

21.2. NAGIHEOk Berme eta Arbitraje Batzordea izanen du. Horrek elkargoaren esparruan planteatzen diren errekurtsoen espedienteak ebatziko ditu, eta bitartekotza eta bateratze lanak eginen ditu eta arbitraje laudoa emanen du elkargoko kideen arteko auzietan, edo kideen eta herritarren artekoetan, haiek libreki hala erabakitzen dutenean.

1. ATALA

Batzar Nagusia

22. artikulua. Elkargoko kideen Batzar Nagusia.

22.1. Elkargoko kide guztiek osatua. Elkargoa ordezkatzeko organo gorena da, eta subiranoa erabakiak hartzerakoan. Haren erabakiak eta ebazpenak, gai bakoitza onesteko beharrezko gehiengoen bidez baliozkotasunez hartzen diren horiek, lotesleak dira elkargoko kide guztientzat. Elkargoen erabakiek, akordioek eta aholkuek errespetatuko dituzte Lehiaren Babesari buruzko uztailaren 3ko 15/2007 Legearen mugak 7 eta unean-unean indarra duen legezko esparruarenak.

22.2. Elkargoko kideek eskubide eta betebehar guztiak baliatzeko moduan egon behar dute botoz eta hizpidez joan ahal izateko batzar nagusietara.

22.3. Elkargoko kideen Batzar Nagusia batzar arruntean eta batzar berezian egin daiteke.

23. artikulua. Batzar nagusi arrunta.

23.1. Urtean behin eginen da batzar nagusi arrunta, lehenengo hiru hilabetean, Gobernu Batzordeak erabakita.

23.2. Batzar arrunt horren gai zerrendan ondoko hau aztertu eta bozkatuko da:

a) Kontuen balantzea eta aurreko urteko aurrekontuaren likidazioa onestea, baita aurreko urteko memoria ere.

b) Hurrengo ekitaldiko aurrekontuen eta gastuen aurrekontua onestea, baita hurrengo ekitaldiko lan plana ere, elkargoko kideek jarduketa guztien berri izan dezaten.

c) Elkargoko edozein kidek aurkezten ahal dio Gobernu Batzordeari punturen bat gai zerrendan sartzeko. Horretarako, gutxienez elkargoko beste hiru kideren sinadurekin aurkeztu beharko du, deialdia egin baino hilabete bat lehenago. Baldintza horiek bete ezean, proposamena "galde-eskeak" delako puntura pasatuko da.

d) Gobernu Batzordeak, garrantziagatik edo presagatik, hala erabakitzen dituen beste gai guztiak ere sar daitezke gai zerrendan.

24. artikulua. Batzar nagusi berezia.

24.1. Gobernu Batzordeak hala erabakitzen duenean eginen da batzar nagusi berezia.

24.2. Orobat, gutxienez elkargoko kideen %10ek hala eskatzen dutenean eginen da batzar nagusi berezia. Eskaeran, elkargoko kideek adierazi behar dute zehazki zer gai jorratu behar den batzar horretan.

24.3. Batzar bereziak 40 egun naturaleko epean egin behar dira Gobernu Batzordeak hura erabakitzen duenetik hasita, lehenengo kasurako, edo elkargoko kide interesdunek eskaera aurkezten dutenetik hasita, bigarren kasurako.

24.4. Burutzak dagokion epean ez badu batzar berezia deitzen, hura eskatu dutenen artean elkargoan antzinatasun handiena daukan kideak egiten ahal du deialdia. Zentsura mozioen kasuetako prozedura bera erabiliko da.

25. artikulua. Batzar Nagusiaren deialdia.

25.1. Batzar nagusiak gutxienez 20 egun natural lehenago deituko dira arrunten kasuan, eta 15 egun natural lehenago berezien kasuan; elkargoko buruak sinatuko ditu, 24.4 artikuluan xedatua gorabehera. Delako deialdia elkargoko iragarki oholean paratuko da, eta kide bakoitzari banan-banan jakinaraziko zaio, postaz edo posta elektronikoz. Bertan adieraziko da zer egun, ordu eta tokitan eginen den eta zein izanen den gai zerrenda (Gobernu Batzordeak zehaztuko ditu horiek). Botoa beste baten esku uzteko agiria egonen da erantsita.

25.2. Batzar horren gai zerrenda idatziz igorriko zaie elkargoko kideei. Horiek eskura izanen dute behar adinako dokumentazioa eztabaidatuko diren gai, aurrekontu, programa, memoria, eta aurreko ekitaldiko diru-sarreren eta gastuen kontuei buruzko informazio osoa izateko.

25.3. Gai zerrendan agertzen ez diren aferen inguruan ez dago erabakirik hartzerik, baina badago eztabaidatzea.

26. artikulua. Batzar Nagusia eratzea eta erabakiak hartzea.

26.1. Elkargoko burua izanen da biltzar nagusietako buru. Bilkurak zuzenduko ditu eta eztabaidak nahiz bozketak gidatuko. Idazkari lanetan elkargoko idazkaritza duena arituko da.

26.2. Elkargoko kideak beste kide batek soilik ordezkatzen ahal ditu Batzar Nagusian Gobernu Batzordera zuzendutako idazkiaren bidez. Hartan, argi zehaztu behar da zer kideren esku uzten den ordezkaritza, baita zer batzar nagusitarako egiten den, eguna adierazita. Elkargoko bi kide horiek sinatu behar dute agiria, eta indarra izanen du bakarrik hartan adierazten den batzar nagusian. Botoa beste baten esku uzteko agiria konpultsatuta egonen da, edo elkargoko idazkaritzaren aurrean egin beharko da.

26.3. Elkargoko kide bakoitzak, gehienez, bi ordezkaritza eta dagozkien boto eskuordetuak izan ditzake, bereaz gainera. Asistentziaren, quorumaren eta gehiengoen ondorioetarako, eskuordetutako botoak bertaratutako kidetzat hartuko dira.

26.4. Elkargoko kide gisa eskubide guztiak baliatzeko moduan dauden NAGIHEOko kideen gehiengo osoa agertzen bada lehenengo deialdian, baliozkoa izanen da Batzar Nagusiaren eraketa.

26.5. Bigarren deialdia, ordu erdi bat geroago eginen dena, baliozkoa izanen da edozein dela ere bertaratutako elkargoko kideen kopurua, non ez den quorum berezirik aurreikusten.

26.6. Oro har, bozkatzeko unean bertan daudenen gehiengo soilen bidez hartuko dira erabakiak. Nolanahi ere, bertaratutakoen botoen bi herenak eskatuko dira Estatutuak onesteko bozketan, Estatutuak, barne araubideko erregelamendua edo kode deontologikoa aldatzekoan, indarreko araudian aurreikusita ez dauden ekarpen ekonomiko bereziak onestekoan eta zentsura mozioa egitekoan.

26.7. Elkargoa desegin, batu edo beste batek bereganatuko duela onesteko, bertaratutakoen aldeko botoen bi herenak beharko dira, baldin eta, bertaratutakoen quoruma, eskuordetutako botoak kontuan izanik, elkargoko kideen %51ra iristen bada lehenengo deialdian, edo edozein dela ere bertaratutako edo legez ordezkatutako kideen kopurua bigarren deialdian, betiere lehenengoa egin eta 20 egunean egiten bada gutxienez bigarren hori.

26.8. Hasiera batean, eskua altxatuta eginen dira bozketak, non ez duen eskatzen Batzarrean dagoen batek sekretuan botatzeko.

26.9. Batzar Nagusian baliozkotasunez hartutako erabakiak lotesleak izanen dira elkargoko kide guztientzat.

27. artikulua. Aktak.

Batzar Nagusiaren bileretan akta eginen da eta horretarako onetsitako edozein erregistro motatan artxibatuko da. Burutzak eta idazkaritzak sinatu beharko dute.

Bertan honako hau bildu beharko da: tokia, asistentzia, jorratutako gaiak, parte-hartzeak eta hartutako erabakiak.

Hurren Batzar Nagusian onetsi beharko dira aktak, eta hala gelditu behar da jasota deialdiaren gai zerrendan.

28. artikulua. Batzar Nagusiaren eginkizunak.

Batzar Nagusiari dagozkio:

a) Elkargoaren Estatutuak onestea, baita haren aldaketak eta funtzionamendurako arau orokor administratibo zein ekonomikoak ere.

b) Elkargoa batu, bereizi eta, hala balegokio, deseginen dela erabakitzea; kasu horretan, haren ondasunak Nafarroako Lanbide Elkargoei buruzko apirilaren 6ko 3/1998 Foru Legean edo une horretan indarra duen horretan aurreikusi bezala erabili beharko dira.

c) Legez ezartzen ahal diren eta Gobernu Batzordeak lanbide, hezkuntza eta enpresako beste entitate publiko zein pribatu batzuekin hartzen dituen lankidetza, kooperazio eta partaidetzako hitzarmen eta erabakiak berrestea.

d) Gobernu Batzordea eta burutza aukeratzea, baita Berme eta Arbitraje Batzordeko kideak ere.

e) Gobernu Batzordea eta burutza aldatzea, baita Berme eta Arbitraje Batzordea ere, zentsura mozioaren bidez.

f) Gobernu Batzordearen kudeaketa onestea.

g) Elkargoaren urteko jardueren memoria eta lan plana onestea.

h) Elkargoaren aurrekontu orokorrak, haien urteko likidazioa eta kontuak onestea.

i) Elkargoko kuotak ezartzea.

j) Elkargoko kideen ekarpen bereziak onestea.

k) Elkargoaren ondasunen inbertsioei buruz erabakitzea.

l) Lanbidearen arau deontologikoak onestea.

m) Bere erabakimenera aurkezten diren gai eta auzi guztien gainean, haiek aztertzea eta erabakiak hartzea.

29. artikulua. Gobernu Batzordea eta Batzorde Iraunkorra.

29.1. NAGIHEOk ondoko gobernu organoak izanen ditu: Gobernu Batzordea eta Batzorde Iraunkorra.

29.2. Estatutuen 31. artikuluan biltzen diren kideek osatzen dute Gobernu Batzordea.

29.3. Estatutuen 35. artikuluan biltzen diren kideek osatzen dute Gobernu Batzordearen organoa den Batzorde Iraunkorra.

29.4. Bai Gobernu Batzordeak bai Batzorde Iraunkorrak demokraziaren eta autonomiaren printzipioak izanen dituzte oinarri.

30. artikulua. Gobernu Batzordea.

30.1. Gobernu Batzordea elkargoaren organo betearazlea eta ordezkaritzakoa da, eta hari dagozkio elkargoaren zuzendaritza eta administrazioa, estatutu hauekin eta indarreko araudiarekin bat.

30.2. Gobernu Batzordeak osoko bilkura edo batzorde iraunkor gisa jardun dezake.

31. artikulua. Gobernu Batzordearen osaketa.

31.1. Gobernu Batzordea ondokoek osatuko dute:

a) Burutza.

b) Buruordetza.

c) Idazkaritza.

d) Diruzaintza.

e) Gutxienez 2 batzordekide.

31.2. Estatutu hauen 6. kapituluan ezarritako prozeduraren arabera hautatuko dira Gobernu Batzordeko kideak, bi urteko agintaldirako.

31.3. Ezin izanen dira Gobernu Batzordean aritu kargu publikoak izateko desgaitu edo gabetzen dituen epai irmoarekin kondenatuak izan diren elkargoko kideak, eta edozein elkargotan diziplina zehapen larria edo oso larria jaso dutenak, dagokien erantzukizuna iraungitzen ez den bitartean.

31.4. Ordezten ahal dira dimisioagatik, heriotzagatik, elkargoko kidea izateari uzteagatik edo bestelako arrazoiagatik batzordekidea izateari uzten diotenak. Batzordekide berrien agintaldia ordezten dituztenen agintaldia bukatuko den egun berean bukatuko da.

31.5. Ordezkoen zerrenda agortuz gero, kide berriak, artikulu honen 4. atalak aipatzen dituenak, Gobernu Batzordeak aukeratuko ditu, horretarako deitutako batzar berezian eta bertaratutakoen gehiengo soilaren bidez. Nolanahi ere, Gobernu Batzordeko postuen %50 baino gehiago hutsik badaude, hauteskundeak egiteari ekinen zaio, beste Gobernu Batzorde bat aukeratzeko.

32. artikulua. Gobernu Batzordearen funtzionamendua.

32.1. Bere eginkizunak betetzeko, Gobernu Batzordeak hiru hilabetean behin eginen du bilkura arrunta. Burutzak edo kideen heren batek eskatuta, Gobernu Batzordeak behar adina bilkura berezi egin ditzake, inguruabarrek hala hartaratzen dutenean. Kasu guztietan Gobernu Batzordeko burutzak sinatu beharko du deialdia.

32.2. Gobernu Batzordearen bilkuretara joatea nahitaezkoa izanen da. Gobernu Batzordeak pentsatzea dauka karguari uko egin zaiola urte batean hiru bilkuratara arrazoirik gabe joan ez denean. Ezin bada joan, burutzari jakinarazi behar zaio. Segituan betearazleak izanen dira hartzen diren erabakiak, ukatu gabe akta onetsi behar dela egiten den hurrengo bilkuran.

32.3. Aukeran, Gobernu Batzordeak egoki juzgatzen dituenak gonbidatzen ahal ditu bilkuretara aholkulari gisa, baino botorik gabe.

33. artikulua. Gobernu Batzordea eratzea eta erabakiak hartzea.

33.1. Gobernu Batzordea lehenengo deialdian baliozkotasunez eratuta gera dadin, beharrezkoa izanen da bere kideen erdiak gehi bat bertaratzea, horien artean burutza edo buruordetza eta idazkaritza egonda. Ordu erdi geroago eginen den bigarren deialdian, berriz, lau kidek bertaratu beharko dute gutxienez, haien artean burutza edo buruordetza egonda.

33.2. Gobernu Batzordearen erabakiak, oro har, izandako botoen gehiengo soilaz hartuko dira. Berdinketarik egonez gero, burutzaren kalitatezko botoak erabakiko du.

33.3. Bozketak sekretuak izanen dira Gobernu Batzordeko edozein kidek hala eskatuz gero.

34. artikulua. Gobernu Batzordearen eginkizunak.

Gobernu Batzordeari honako hau dagokio:

a) Elkargoaren ordezkaritza, zuzendaritza eta administrazioa.

b) Batzar Nagusiak harturiko erabakiak betetzea.

c) Kidetzeko eskaeren inguruan erabakitzea.

d) Funtzionamendu administratiboaren arau orokorrak onestea.

e) Urteko aurrekontuak eta urteko balantzea prestatzea.

f) Urte horretako lan planak eta aurreko urteko jardueren memoria prestatzea.

g) Batzar Nagusia deitzea, arrunta edo berezia izan.

h) Elkargoaren eta lanbidearen defentsarako egokitzat jotzen diren neurriak hartzea.

i) Diziplina zehapen mota oro ezartzea, dagokion espedientea aurretik instruituta.

j) Beharrezko batzordeak eta lan taldeak osatzea elkargoaren eginkizunak hobeki betetzeko, eta haiek desegitea hala behar denean.

k) Batzar Nagusietan, arruntetan zein berezietan, deialdia egitea eta haien gai zerrenda finkatzea.

l) Elkargoaren ordezkariak izendatzea organismo, entitate eta erakundeen aurrean, edo egintza publiko edo pribatuetan, hura bidezkotzat edo beharrezkotzat jotzen denean.

m) Hauteskundeen prozesua abian jartzea.

n) Beste entitate batzuekin ezartzen diren hitzarmenak onestea, betiere estatutu hauen 28.C artikulua betez.

o) Elkargoko kideei agudo informatzea lanbidearen edo elkargoaren inguruan ukitzen ahal dituzten afera guztiez, eta haiek egin diezazkioten galderak erantzutea.

p) Kuotak biltzea, aldizkakoak ez diren kuoten eta derramen zenbatekoa finkatzea eta elkargoaren ondasun guztiak zuzen administratzea.

q) Batzar Nagusiari berariaz esleitzen ez zaizkion eginkizun eta ataza guztiak betetzea, elkargoaren funtzionamendurako eta jardunerako beharrezkoak eta berezkoak badira.

35. artikulua. Batzorde Iraunkorra.

35.1. Gobernu Batzordeak batzorde iraunkor gisa jardun dezake. Gutxienez, burutzak edo buruordetzak, idazkaritzak eta Gobernu Batzordeak bere kideen artean hautatutako beste batek osatuko dute hura.

35.2. Behar izatera, gai-zerrendarekin ikustekoa duten lanbide ataleko, lan taldeko edo delegazioen ordezkariei eginen zaie deia.

35.3. Batzorde Iraunkorrak betearaziko ditu, eginkizun bakoitzeko behar den dedikazio mailaren arabera, Gobernu Batzordeak hartutako erabakiak, eta hark bere esku uzten dizkion eginkizunak hartuko ditu.

35.4. Batzorde Iraunkorra, gutxienez, hilabetean behin bilduko da, toki batean edo modu birtualean.

35.5. Batzorde Iraunkorrak Gobernu Batzordeko Osoko Bilkurari jakinarazi behar dizkio, egiten den hurrengo bileran, hartzen dituen erabakiak.

36. artikulua. Burutzaren eskudantziak.

Honako hauek dira burutzaren eskudantziak:

a) Elkargoaren legezko ordezkaritzaz arduratzea, botere publiko, entitate, korporazio eta edozein motatako pertsona juridiko eta naturalekin izaten diren hartu-emanetan.

b) Buru izatea Batzar Nagusian, Gobernu Batzordean eta Batzorde Iraunkorrean.

c) Elkargoaren agiri mota guztiak baimentzea bere sinadurarekin.

d) Afera judizialetarako ahalordetzeak ematea, Gobernu Batzordeak erabakita horretarako baimena duenean.

e) Deialdia sinatzea Batzar Nagusirako, Gobernu Batzorderako eta Batzorde Iraunkorrerako.

f) Funtsen mugimenduak baimentzea, diruzaintzarekin batera eta hark egiten dituen proposamenekin bat.

g) Elkargoaren kontu korronteak irekitzea baimentzea, diruzaintzarekin batera, bai banku entitateetan bai aurrezki kutxetan.

h) Edozein motatako bermeak eta gordailuak sortzea eta bertan behera uztea, diruzaintzarekin batera.

i) Beharrezko ekintzak gauzatzea elkargoko kideen eskubideen alde.

j) Egin beharreko txostenak eta jakinarazpenak baimentzea eta Batzar Nagusiaren, Gobernu Batzordearen edo Batzorde Iraunkorraren erabakiak betetzea edo betearaztea.

k) Burutza hiru agintaldi jarraituetarako hautatzen ahal da soilik.

37. artikulua. Buruordetzaren eskudantziak.

Buruordetzari dagozkio burutzak esleitzen dizkion eginkizunak, eta burutzarenak hartuko ditu hura bertan ez dagoenean, eri dagoenean, abstenitzen denean edo gaitzetsi dutenean. Burutza hutsik egonda, buruordetzak, Gobernu Batzordeak berretsi ondoan, agintaldia bukatu arte izanen du burutza.

38. artikulua. Idazkaritzaren eskudantziak.

Honako hau dagokio idazkaritzari:

a) Liburu ofizialak eramatea, haien euskarria edozein dela ere.

b) Akten liburua idatzi eta sinatzea, burutzak ikus-onetsita.

c) Urteko kudeaketaren memoria prestatzea.

d) Elkargoko administrazio zerbitzuen funtzionamendua gainbegiratzea eta langileen burutza bereganatzea.

e) Ardura izatea elkargoko kideen erregistroaren gainean eta dagokien espediente pertsonalen gainean.

f) Elkargoko egintza guztietarako zitazio-ofizioak idatzi eta bideratzea, burutzaren aginduei tenorez eta moduz jarraikiz.

g) Ziurtagiriak luzatzea, burutzak ikus-onetsita.

h) Gobernu Batzordeak hartutako erabakiak betetzea.

i) Elkargora iristen diren eskaera eta komunikazio guztiak jasotzea eta horien berri burutzari ematea.

39. artikulua. Diruzaintzaren eskudantziak.

Honako hauek dira diruzaintzaren eskudantziak:

a) Elkargoaren funtsak, bildu, zaindu eta administratzea.

b) Burutzak edo Gobernu Batzordeak agindutako ordainketak egitea, elkargoaren funtsak mugitzeko agiriak sinatuz.

c) Elkargoaren kontabilitatea eta ondasunen inbentarioa eramatea.

d) Batzar Nagusian aurkeztu beharreko aurrekontuaren proiektua prestatzea.

e) Diruzaintzaren kontu orokorrak aurkeztea urtero, eta egoeraren balantzeak eta kontaketak egitea burutzak edo Gobernu Batzordeak eskatzen dioten bezainbestetan.

f) Hiru hilabetean behin txostena egitea Batzorde Iraunkorrari eta Gobernu Batzordeari diru-sarreren eta gastuen kontuari buruz eta aurrekontuaren egoerari buruz, eta diruzaintzaren kontu orokorra egitea.

40. artikulua. Batzordekideen eskudantziak.

Gobernu Batzordeak zer eginkizun agintzen dien, horixe dagokie batzordekideei, baita atal zehatz baten edo batzorde baten arduradun gisa berez dituzten eginkizunak ere.

Zein batzordetan edo txostenetan diren partaide, horren inguruko gai guztien berri ematea Gobernu Batzordearen bilkura arruntetan eta batzar nagusietan, eta idatzizko txostenak egitea haiei buruz, elkargoko gobernu organoek, edozein unetan, horretarako eskatzen dietenetan.

41. artikulua. Lanbide atalak.

Gizarte hezitzailearen lanbidearen espezializazio edo esku-hartze esparruei heltzeko eta sektore bakoitzaren errealitate zehatzei erantzuteko asmoz, lanbide atalak sor daitezke. Atal horiek borondatezko adskripziokoak dira eta elkargoaren barruan bilduko dituzte gizarte heziketaren espezialitate berean jardun profesionala egin nahi duten edo egiten duten elkargoko kideak. Gobernu Batzordeak onetsiko ditu atalen sorrera, eginkizunak, helburuak eta funtzionatzeko erregelamendua.

42. artikulua. Lan batzordeak.

Egoki juzgatzen diren lan batzordeak sor daitezke. Gobernu Batzordeak onetsiko ditu haien helburuak eta funtzionatzeko erregelamendua. Hura arduratuko da haien lanak koordinatzeaz elkargoko gainerako kideekin.

43. artikulua. Berme eta Arbitraje Batzordea.

43.1. Lau urtean behin, Batzar Nagusiak Berme eta Arbitraje Batzordea izendatuko du. Beren eskubide eta betebehar guztiak ezagutzen dituzten elkargoko lau kidek osatuko dute, batzordean edo zuzendaritza organoetan edo organo betearazleetan kargurik ez baldin badute.

43.2. Berme eta Arbitraje Batzordearen funtzionamendua autonomoa izanen da, elkargoko beste organoetatik guztiz bereiz, hierarkiako aginduei menik egin gabe, eta bat eginen du estatutu hauetan eta haren erregelamenduetan xedatutakoarekin, betiere Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legean eta, modu osagarrian, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legean ezarritako printzipio, berme, epe eta prozedurekin bat.

43.3. Batzordeko burutzari dagokio bilkurak deitzea eta haietan buru izatea; gerta daitezkeen berdinketak hautsiko ditu kalitatezko botoaren bidez eta batzordearen gainerako jarduketak koordinatuko ditu.

43.4. Burutzak agindu ondoren, batzordearen bileren deialdiak hango idazkaritzak eginen ditu gutxienez hamar egun lehenago. Dagokion gai-zerrendarekin joan behar dute.

Batzordea baliozkotasunez eratzeko, gutxienez hiru kidek egon behar dute, eta haien artean burutza edo idazkaritza egonen da. Erabakiak bertaratutakoen gehiengo soilaz hartuko dira, eta burutzak, edo hura baliatzen duenak, kalitatezko botoa izanen du.

43.5. Batzordeko idazkaritzak bilkuren eta jarduketan akta eginen du, eta espedienteak zainduko ditu hasieratik.

43.6. Edozein arrazoi edo inguruabarrengatik, behin betikoa edo aldi baterakoa izan, batzordeko karguren bat hutsik geratzen denean, erreserbetako batek ordeztuko du, hautagaitzaren ordena berari jarraituta, eta, hura agortuko balitz, baldintzak betetzen dituen adin handieneko elkargoko kideak ordeztuko du, batzarra hurrengoan hautatu arte.

43.7. Batzordeak barneko erregelamendua har dezake, berme, bitartekaritza eta arbitraje prozedurak arautzeko.

43.8. Berme eta Arbitraje Batzordeko burua joan daiteke Gobernu Batzordearen bilkuretara, hizpidea duela baina botorik ez.

43.9. Berme eta Arbitraje Batzordearen eginkizun nagusiak izanen dira:

a) NAHIEGOko gobernu organoek eta kideek estatutu hauek betetzea zaintzea.

b) Aholkulari gisa aritzea kode deontologikoarekin zerikusia duten gaietan.

c) Hauteskunde prozesuan aurkez daitezkeen errekurtsoak ebaztea.

d) Zehatzeko ahalmena erabiliz Gobernu Batzordeak hartzen dituen erabakien kontra aurkez daitezkeen errekurtsoak ebaztea.

e) Lanbide arloan eta arlo korporatiboan, elkargoko kideen artean eta kontsumitzaileekin eta erabiltzaileekin sor daitezkeen gatazketan bitartekotza eta arbitraje eskaerak ebaztea.

43.10. Honako hauek ezin dira Bitartekotza eta Arbitraje Batzordeko kide izan:

a) Elkargoko betebeharrak eguneratuta ez dituzten kideak.

b) Kargu publikoak izateko desgaitu edo gabetzen dituen epai irmoarekin kondenatuak izan diren elkargoko kideak.

c) Elkargo honetan edo beste batean diziplina zehapena jaso duten kideak, altan badaude edo altan egonak badira, gaitasuna berreskuratzen ez duten bitartean.

d) Elkargo honetako edo beste edozein lanbide elkargotako Gobernu Batzordean aritzen diren kideak.

6. kapitulua

Hauteskundeen araubidea

44. artikulua. Baldintza orokorrak.

44.1. Gobernu Batzordea bi urteko epe arruntetarako hautatuko dute, sufragio unibertsal, libre, zuzen eta sekretuaren bidez. Bi urteko epea amaituta, Gobernu Batzordeko kideek eskubidea izanen dute bere burua berriro aurkezteko hautaketarako, burutzak izan ezik, 36. artikuluko K) atalean xedatuari jarraituko baitio.

44.2. Eskubide guztiak baliatzen ahal dituzten elkargoko kideek, gutxienez hilabeteko antzinatasuna badute elkargoan eta elkargoko kuotak ordainduta badituzte, eskubidea izanen dute, bozketa egunean, hautesleak izateko Gobernuko Batzordeko kideak izendatzerakoan.

44.3. Eskubide guztiak baliatzen ahal dituzten elkargoko kide guztiek eskubidea dute Gobernu Batzorderako hautagaiak izateko, salbu eta burutzarako, buruordetzarako, idazkaritzarako, diruzaintzarako eta Berme eta Arbitraje Batzordeko kide izateko, kasu horretan gutxienez bi urteko antzinatasuna izan behar baitute NAGIHEOn bozketaren egunerako, eta ez dute 43.10 artikuluan aurreikusitako egoeretan egon behar. Hautagai batek ere ezin du bere burua aurkeztu Gobernu Batzordeko bi kargutarako.

45. artikulua. Hauteskundeen deialdia.

45.1. Bi urtean behin, Gobernu Batzordeak hauteskunde arruntak deituko ditu organo horretako eta Berme eta Arbitraje Batzordeko kargu guztiak betetzeko.

45.2. Gobernu Batzordeak eginen du hauteskundeen deialdia, haiek egin baino bi hilabete lehenago gutxienez; orobat, baliozko hautesleen zentsua finkatuko du eta hauteskundeetarako egutegia eta bozketaren, boto-zenbaketaren eta aldarrikapenaren prozedura zehaztuko, bai eta zer errekurtso den bidezkoa ere.

46. artikulua. Hauteskundeetako hautagaitzak.

46.1. Hautagaien zerrenda izanen diren hautagaitzak osorik egonen dira, eta horietako bakoitzean zehaztu beharko da nor izanen den hautagaia burutzarako, buruordetzarako, diruzaintzarako eta idazkaritzarako eta nor izanen diren batzordekideak (gutxienez bi). Gobernu Batzordeari zuzendutako idazki baten bidez aurkeztuko dira, deialdia egin eta ondoko hilabetean. Hautagaitza bakoitzean 3 ordezko egon daitezke.

46.2. Berme eta Arbitraje Batzordeko karguetarako hauteskundeetan aurkeztu nahi diren elkargoko kideak bilduko dira, kargu adina pertsonak eta bi ordezkok osatutako hautagaitza bat osatzeko, eta hautagaitzako buruan doanak okupatuko du burutza. Batzordeko kiderako hautagaia izateko, baldintza izanen da bi urteko antzinatasuna izatea elkargoko kide gisa.

46.3. Baliozkotasunez aurkeztutako hautagaitzak aldarrikatuko ditu Gobernu Batzordeak hauteskundeak egin baino hogeita bost egun lehenago gutxienez, elkargoko kide guztiei publikoki jakinarazita. Gobernu Batzordeak emanen die, elkargoak dauzkan baliabideen arabera, propaganda hautagaiei, berdintasun baldintzetan.

46.4. Elkargoko edozein kidek aurkezten ahal du hautagaien aldarrikapenaren kontrako erreklamazio bat Berme Batzordean bost eguneko epean, aurkezpen ofizialetik hasita. Beste bost egunean ebatzi beharko da hura.

46.5. Hautagaitza bakarra egotera, hauteskundeak egin beharko dira finkatutako egun eta orduetan. Hartan, aldeko edo kontrako aukerak eta boto zuria emanen dira. Kontrako botoak aldekoak baino gehiago izanez gero, hautagaitzak aurkezteko epea irekiko da berriz, eta, hori iragandakoan, beste hautagaitzarik aurkeztu ezean, lehenengo hautagaitza hura izanen da aldarrikatua.

47. artikulua. Hauteskunde mahaia.

Buru batek, bi mahaikidek eta idazkari batek osatuko dute hauteskunde mahaia. Zozketa bidez izendatuko dituzte hautesleen artean, eta dagozkien ordezkoak izanen dituzte. Egoki juzgatuz gero, hauteskunde mahaiak Batzorde Iraunkorrari proposatuko dio egoitza bat baino gehiago aukera ditzan, edo hura ibiltaria izan dadin. Hautagaiek ezin dute parte hartuko hauteskunde mahaian. Hautagaitza bakoitzak ikuskatzaile bat izendatzen ahal du.

48. artikulua. Botatzeko sistema.

48.1. Elkargoko kideek botatzeko eskubidea erabiliko dute, zuzenean edo elkargoak emandako edo baimendutako txartel ofizialetan eskuordetuta. Botatzeko unean, elkargoko kidearen txartela edo identifikazio beste edozein agiri ofizial erakutsiko diete mahaiko kideei eta botoa sartuko dute hautestontzi prezintatu batean. Mahaiko idazkariak zerrenda batean apuntatuko du elkargoko zein kidek eman duen botoa.

48.2. Elkargoko kideek posta arruntaren bidez eta igorpena egiteko beste modu batzuen bidez daukate botatzea, indarreko araudiarekin bat.

48.3. Elkargoko kide bakoitzak bozketara joan ez diren beste bi kideren botoak izan ditzake eskuordetuak, gehienez ere. Eskuordetza egiteko prozedura hauteskundeen deialdian egonen da zehazturik.

49. artikulua. Botoen kontaketa eta akta.

49.1. Bozketa egin ondoan, mahaiak egiaztatuko du postaz eta igorpena egiteko beste modu batzuen bidez hauteskundeen egunera bitarte igorritako botoak ez dagozkiela zuzenean botoa eman zuten kideei. Elkargoko kide batek postaz eta zuzenean botatuz gero, bigarren modu hori lehenetsiko da. Jarraian, igorritako gutun-azalak irekiko dira eta boto-txartelak hautestontzian sartuko. Gero, botoak kontatuko dira, jendaurrean.

49.2. Mahaiko idazkariak akta eginen du bozketaren eta gorabeheren inguruan. Hauteskunde mahaiko kide guztiek eta, halakorik balego, ikuskatzaileek ere sinatuko dute. Horiek eskubidea izanen dute beren kexak jasota gera daitezen, eta hura Gobernu Batzordeari eta Berme eta Arbitraje Batzordeari jakinaraziko diete.

50. artikulua. Botoak kontatzeko eta hautagaitza irabazlearen aldarrikapena.

50.1. Hautagaitza bakoitzari boto bat emanen zaio hautestontzian sartutako baliozko boto-txartel bakoitzeko.

50.2. Baliogabeak izanen dira ofizialak ez diren boto-txartelak, eta urratuak, zatituak, zuzenduak, idatziak etab.

50.3. Boto gehien eskuratzen dituen hautagaitza irabazle aldarrikatuko dute, estatutu hauen 52. artikuluak ezartzen duena ukatu gabe.

51. artikulua. Erreklamazioak ebaztea eta Nafarroako Gobernuari jakinaraztea.

51.1. Berme Batzordeak, hirurogeita hamabi orduko epean, behin betiko ebatziko ditu ikuskatzaileen eta hautagaitzen erreklamazioak eta hauteskunde mahaian jasotako beste gorabeherak, edo hauteskundeak egin eta hurrengo 24 orduotan aurkeztutakoak. Gero, hautagai aukeratuak aldarrikatuko ditu.

51.2. Aukeratutako Gobernu Batzorde berriaren osaketa arlo horretan eskumenak dituen Nafarroako Gobernuko departamentuari eta elkargoko kide guztiei jakinaraziko zaie.

51.3. Aldarrikapena egin eta hilabete batean, gehienez ere, jabetuko da Gobernu Batzorde berria karguaz.

52. artikulua. Errekurtsoak.

Elkargoko Berme Batzordeak hauteskundeen arloan ematen dituen ebazpenen kontra, edozein kidek erabiltzen ahal du estatutu hauen 74 artikuluan eta ondokoetan ezarritako errekurtso sistema.

53. artikulua. Zentsura mozioak.

53.1. Gobernu Batzordeko kideak eta Berme eta Arbitraje Batzordekoak kargutik ken daitezke zentsura mozioa eginez batzar nagusi berezi batean; horretarako, kuotak ordaintzen dituzten kideen %20k eskatuta gutxienez deitu behar da batzar hori, eta bertaratutakoen quorumak kuota ordaintzen duten kideen %10era iritsi behar du gutxienez. Onartzeko, bertaratutakoen bi herenen aldeko botoa beharko da.

Batzar hori epean ez bada deitzen, eskatzaileen artean adin altuena daukanak deitzen ahal du, estatutu hauetan aurreikusi bezala.

53.2. Kudeaketaren zentsura mozioak irabazten badu, Gobernu Batzordeak hauteskundeak deitu behar ditu, ahalik eta lasterren eta 40 egunean, eskaera egin zenetik hasita, geratzen den agintaldirako zentsura jaso duena ordezteko, Gobernu Batzordeko kidea edo Berme eta Arbitraje Batzordeko kidea izan.

53.3. Zentsura mozioak aurrera egiten badu burutzaren kontra edo Gobernu Batzordearen erdiaren baino gehiagoaren kontra, batzar berezi horretan bertan Kudeaketa Batzorde bat aukeratuko da, Gobernu Batzordea ordeztuko duena.

Zentsura mozioak aurrera egiten badu Berme eta Arbitraje Batzordearen kontra, hauteskundeak deituko dira horretarako.

53.4. Bertaratutakoen artean zerrenda itxian eta bozketa sekretuan hautatuta, bost kidek osatuko dute Kudeaketa Batzordea. Hauteskundeetarako prozedura arrunta abiaraziko du ahalik eta lasterren, eta ezin izanen du elkargoko bizitza funtsean aldatuko duen aparteko erabakirik hartu. Elkargoko bizitzaren funtzionamenduan erabaki arruntzat hartzen ez direnak dira horiek.

53.5. Kudeaketa Batzordea kasu hauetan ere izendatuko da: Batzar Nagusiak atzera botatzen duenean Gobernu Batzordearen urteko memoria edo, burutza hutsik egonda, Batzar Nagusiak ordezkorik hautatzen ez duenean.

53.6. Zentsura mozioak aurrera egiten ez badu, eskatzaileek ezin izanen dute berriro aurkeztu horretatik 6 hilabete pasatu arte.

7. kapitulua

Araubide ekonomikoa eta administratiboa

54. artikulua. Ahalmen juridikoa.

Elkargoak ahalmen juridiko osoa dauka ekonomiaren eta ondasunen alorrean bere helburuak betetzeko, eta autonomia osoa ondasunak kudeatzeko eta administratzeko.

55. artikulua. Baliabide ekonomikoak.

55.1. Elkargoak baliabide ekonomiko arruntak eta bereziak izanen ditu.

55.2. Honako hauek dira elkargoaren baliabide ekonomiko arruntak:

a) Elkargoan sartzeko kuotak.

b) Kuota arruntak.

c) Batzar Nagusiak onesten dituen kuota bereziak.

d) Diru-sarrerak prestakuntza ematetik edo argitalpenak, inprimakiak, zerbitzuak, ziurtagiriak, arbitrajeak, irizpenak edo txostenak egitetik, eta zerbitzuen funtzionamendua dela-eta sortzen diren beste zenbatekoak.

e) Ondasunen edo eskubideen etekinak.

55.3. Honako hauek dira baliabide ekonomiko bereziak:

a) Diru-laguntzak edo dohaintza publiko zein pribatuak.

b) Jaraunspenarengatik edo beste edozein arrazoi dela-eta elkargoaren ondare bihurtzen diren ondasunak.

c) Beste edozein, antzeko egoeran legezkoa bada.

56. artikulua. Ondarea.

Elkargoaren ondarea bakarra da.

57. artikulua. Aurrekontua.

Aurrekontua urtero eginen da, urte naturaletarako eta eraginkortasunaren eta ekonomiaren printzipioekin bat. Elkargoko diru-sarrera eta gastu guztiak ekarriko ditu, behar bezala sailkatuak.

Era berean, urtero eginen da ekitaldiaren balantzea.

58. artikulua. Elkargoko kuotak.

Elkargoaren Batzar Nagusiak, Gobernu Batzordeak proposatuta, elkargoan sartzeko kuoten zenbatekoa eta aldizkako kuota arruntena finkatuko ditu, eta erabakiko du zenbat eta nola ordainduko den elkargoaren beharrizanei erantzuteko Gobernu Batzordeak onesten dituen kuota bereziengatik. Elkargoan sartzeko edo kidetzeko kuotek inoiz ere ez dituzte gaindituko inskripzioa tramitatzearen kostuak.

59. artikulua. Jarraitu beharreko prozedura elkargoa desegiten edo batzen bada edo beste batek bereganatzen badu.

59.1. Gizarte hezitzaileen beste elkargo profesional batekin batzen bada, edo Gizarte Hezitzaileen Elkargo Ofizialen Kontseilu Nagusiak bereganatzen badu, batzar berezi bat onetsi beharko da, horretarako propio deitua. Gobernu Batzordeko burutzak batuta edo bereganatuta geratzeko erabakia jakinaraziko dio lanbide elkargoen arloan eskumena duen Nafarroako Gobernuko departamentuari.

59.2. Legez ezarritako arrazoiren batengatik (Nafarroako Lanbide Elkargoei buruzko apirilaren 6ko 3/1998 Foru Legean bilduak) elkargoa desegiten bada, Gobernu Batzordea batzorde likidatzaile gisa aritzen ahal da, eta hori foru dekretu baten bidez eginen da, aipatutako legearen 11. artikuluan xedatu bezala. Soberako ondasunak beste entitate profesional batera joanen dira, edo irabazi asmorik gabeko batera. Gobernu Batzordeak proposatuko du hura, eta horretarako deitutako batzar nagusi bereziak onetsi beharko du. Gobernu Batzordeko burutzak deseginda geratzeko erabakia jakinaraziko dio lanbide elkargoen arloan eskumena duen Nafarroako Gobernuko departamentuari.

60. artikulua. Kontu-hartzailetza.

Batzar Nagusiak hara joandako hiru kide hautatuko ditu, Gobernu Batzordeko kideak ez direnak, hautatzeko moduan daudenak eta hala nahi dutenak, Kontuak Berraztertzeko Batzordea osatzeko. Batzorde horrek urteko kontuen auditoretzaren txostena aurkeztuko du dagokion batzar nagusian.

8. kapitulua

Diziplina araubidea

61. artikulua. Printzipio orokorrak.

61.1. Sortzen ahal duten erantzukizun zibila edo penala alde batera utzita, elkargoko kideek diziplina erantzukizuna izanen dute, estatutu hauetan eta legezko arau aplikagarrietan xedatu bezala.

61.2. Diziplina zehapen korporatiboak zehapena jaso duen elkargoko kidearen espediente pertsonalean geldituko dira jasota.

61.3. Elkargoak diziplina ahalmena dauka kideen gainean, estatutuen, kode deontologikoaren, kideen eskubide eta betebeharren eta jardun profesionalaren oinarrizko printzipioen kontrako egite edo ez egiteengatik.

62. artikulua. Eskumenak eta diziplina prozedura.

62.1. Elkargo ofizialak Gobernu Batzordearen bidez erabiliko du diziplinaren jurisdikzioa. Diziplinaren ekintza Gobernu Batzordeko kide baten kontra badoa, estatuko araudian eta foru araudian lanbide elkargoei buruz ezarritakoari jarraituko zaio.

62.2. Gobernu Batzordeak erabaki beharko ditu beti zehapenak, aldez aurretik espediente bat irekita. Bertan, entzunaldia emanen zaio erruztatuari, baita frogak aurkezteko eta defentsarako aukera ere. Defentsa nork bere buruari egin diezaioke, edo ordezkari edo abokatu baten bidez.

62.3. Gobernu Batzordeak arau-hauste arinak bakarrik zehatzen ahal ditu espediente laburtu batean, erruztatuari entzunaldia eman ondoan.

62.4. Prozedura ofizioz hasiko da, edo salaketa baten ondorioz, jakinarazpen baten ondorioz edo jardun profesionalean aritzea desgaitzen duen epai judizial irmo baten ondorioz. Idazki eta jakinarazpen anonimoak ez dira kontuan hartuko.

62.5. Diziplina espediente bat hasi baino lehen, informazioa biltzeko aldez aurreko eginbideak hastea erabaki daiteke, isilpekoak betiere, erruztatuaren intimitatea babeste aldera.

62.6. Espedientearen tramitaziorako eta ebazpenaren proposamenerako, Gobernu Batzordeak instruktore bat izendatuko du batzorde horretako kideen artean; espedientea bukatuta, Gobernu Batzordeari igorriko dio ebazteko proposamena. Instruktore horrek ez du ez hizpiderik ez botorik espedientea ebazteko.

62.7. Espedientearen azken ebazpena arrazoitua izanen da beti, eta interesdunari jakinaraziko zaio; hark, horren kontra estatutu hauen 74. artikuluan eta hurrengoetan zehaztutako errekurtsoak para ditzake.

62.8. Espedientea artxibatzeko erabakiak arrazoituak izanen dira.

62.9. Gobernu Batzordeak erregelamendu bat onesten ahal du diziplina espedienteak eta aldez aurreko informazio eginbideak tramitatzeko prozedura arautze aldera.

62.10. Osagarri gisa, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legean ezarritako arauak aplikatuko dira.

63. artikulua. Hutsegiteen sailkapena.

Hutsegiteak arinak, larriak eta oso larriak izan daitezke.

64. artikulua. Hutsegite arinak.

Hona hemen hutsegite arinak:

a) Kideei egindako irain eta adeigabekeria arinak, betiere larritzat har daitezkeen bestelako jokabideetatik bereiz.

b) Arauak arinki haustea publizitate profesionalari dagokionez.

c) Elkargoak txostenak eta bestelako agiriak prestatzeko egiten dituen errekerimenduei kasurik ez egitea.

Elkargoko diziplina ezaren egintza arinak. Horrela hartuko dira elkargoko kideek banaka edo elkargoa ordezkatuz egindakoak edo ez egindakoak, elkargoko organoek hartutako erabakiak betetzen ez dituztenean, elkargoaren izenean ahalmenak, eskumenak eta iritziak bere eginez.

65. artikulua. Hutsegite larriak.

Hona hemen hutsegite larriak:

a) Arau deontologiko orokorrak ez betetzea.

b) Kideei egiten diren irain larriak.

c) Moralaren, duintasunaren edo lanbidearen izen onaren kontra egindakoak eta egin gabeak.

d) Lanbide-isilpekotasuna larri haustea, hirugarren bati kalte eginez.

e) Txosten faltsuak egitea edo ziurtagiri faltsuak ematea.

f) Kideekiko lehia desleiala ekartzen duten egintzak.

g) Estatutuetako arauak edo elkargoko organoek hartutako erabakiak ez betetzea, maila handiagoko hutsegitea ez bada.

h) Lanbidearen arloan hutsegite penala edo erruzko delitua dakarren edozein jokabide.

i) Urte bateko epean, hiru zehapen edo gehiago jasotzea hutsegite arinagatik.

66. artikulua. Hutsegite oso larriak.

a) Hona hemen hutsegite oso larriak:

b) Lanbidearen arloan dolozko delitu izan daitekeen jokaeraren bat izatea.

c) Pertsonen duintasunaren eta haien oinarrizko eskubide eta askatasunen kontrako atentatua jardun profesionalean.

d) Intrusismo profesionala bultzatzea.

e) Jardun profesionalaren kontra oso larritzat har daitezkeen arau-hausteak egitea.

f) Elkargoaren berezko eginkizunak betetzen dituzten edo haren helburuak dauzkaten jarduerak egitea edo halako entitateak osatzea edo haietan partaide izatea.

g) Lanbide Estatutua eta kode deontologikoa larri haustea.

h) Hiru hutsegite larri errepikatze edo hartan berrerotzea, egin eta ondoko urtean.

67. artikulua. Zehapenak ezartzea.

Hona hemen ezar daitezkeen zehapenak:

67.1. Hutsegite arinengatik:

a) Idatzizko kargu-hartzea. Hutsegite larriengatik:

b) Elkargoko karguetan aritzeko ahalmena etetea bost urtez gehienez ere.

67.2. Hutsegite oso larriengatik:

a) Elkargoko karguetan aritzea desgaitzea bost urtez gutxienez ere.

b) NAGIHEOtik egoztea.

c) Jardun profesionalerako gabetzea.

68. artikulua. Zehapenak ezartzea hutsegite oso larriengatik.

68.1. Jardun profesionalerako gabetzeko erabakia edo elkargo ofizialetik egoztekoa Gobernu Batzordeak hartuko du, bozketa sekretuaren bidez eta kideen hiru herenek alde bozkatuta.

68.2. Kideren bat bilkura horretara ez joateak, arrazoi justifikaturik ez badago, Gobernu Batzordeko kidearen kargutik kentzea ekarriko du.

69. artikulua. Hutsegiteen eta zehapenen preskripzioa.

69.1. Diziplina zehapena dakarten hutsegiteak, arinak badira, sei hilabetean preskribitzen dira; larriak badira, bi urtean; eta, oso larriak badira, hiru urtean, egin zirenetik kontatzen hasita.

69.2. Preskripzioa etenen da horretarako abiatzen diren diziplina prozedura edo aldez aurreko eginbideak hasten direnean, baita espedientearen tramitazioak eta baliozkotasunez erabakitzen diren luzapenen tramitazioak irauten duten bitartean ere.

69.3. Gertaera beren gainean ebatzi gabeko auzi penala dagoenean, espedientearen tramitazioa etenen da, eta preskribitzeko epeak ez du aurrera eginen. Ebazpen judiziala eman arte iraunen du etete horrek.

69.4. Aurreko salbuespenekin, prozedura sei hilabetetik gora eteteak, arrazoia espedientatuari egotzi ezin zaionean, aurrera eramanen du berriro preskribitzeko epea.

69.5. Zehapenak, arinak badira, urte batean preskribituko dira; bi urtean, larriak badira; eta, oso larriak badira, hiru urtean, egin ondoren haiek ezarri zituen erabakia irmo bihurtu zen egunetik aurrera.

70. artikulua. Prozedura iraungitzea.

Zehapen prozedura iraungiko da baldin eta hasi eta sei hilabetera ez bada ebazpenik jakinarazten, betiere kontuan izanik konputu horretarako interesdunei egotz dakizkiekeen arrazoiengatik eteten ahal dela prozedura. Horrek ekarriko du jarduketak artxibatzea, edozein interesdunek edo ebazpena emateko eskuduna den organoak berak eskatuta.

9. kapitulua

Elkargoaren egintza eta ebazpenen araubide juridikoa eta haien kontrako errekurtsoak

71. artikulua. Elkargoko organoen egintzen baliozkotasuna.

Elkargoko organoen egintza guztiak, betekizunei dagokienez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen informazio printzipioen mende daude, eta, osagarri gisa, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen edo indarreko araudiaren mende.

Era berean, elkargoko organoen ustezko egintzen araubide juridikoak Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legean xedatuari jarraituko dio, eta, osagarri gisa, lehenago aipatutako 30/1992 Legeari, edo indarreko araudiari.

72. artikulua. Elkargoko organoen erabakiak.

72.1. Elkargoko organoen erabakiak betearazleak izanen dira segituan, organo berak modu arrazoituan kontrakoa ezartzen duenean izan ezik.

72.2. Errekurtso bat paratzeak ez du etenen aurkaratutako egintzaren eraginkortasuna, baina ebatzi behar duen organoak ofizioz edo alderdi batek eskatuta eten dezake, uste badu hura betetzeak etorkizunean kalte konponezinak edo konpongaitzak dakartzala, edo prozedura administratiboari buruzko lege horretan aurreikusitako zuzenbide osoko ezeztatze kausaren batean oinarritzen denean inpugnazioa.

72.3. Administrazio bidea amaitzen duten elkargoko gobernu organoen egintzen kontra, aukeran errekurtsoa aurkez daiteke Berme eta Arbitraje Batzordeari zuzendua, edo berraztertzekoa hura eman zuen organoari zuzendua, edo zuzenean aurka egiten ahalko zaio administrazioarekiko auzien jurisdikzioan.

73. artikulua. Elkargoko organoen egintzen aurkako errekurtsoak.

73.1. Elkargo ofizialak zuzenbide administratiboari lotuta ematen dituen egintza eta ebazpenek bide administratiboa amaituko dute, eta haien kontra administrazioarekiko auzi errekurtsoa jar daiteke, berraztertzeko errekurtsoa paratu ondoan, hurrengo paragrafoan ezarritakoa gorabehera.

73.2. NAGIHEOko gobernu organoek, zuzenbide administratiboari lotuta, elkargoaren lanbidearekin ikusteko duten eginkizun administratiboak beste baten esku uzteagatik ematen dituzten egintza eta ebazpenen aurka, bidezkoa izanen da errekurtsoa paratzea eskuordetze egintzan zehazten den organoari zuzendua.

73.3. Ezin izanen da administrazioarekiko auzi errekurtsoa jarri harik eta berariaz ebazten den arte edo ustez ezesten den arte Berme eta Arbitraje Batzordeari zuzendutako errekurtsoa, edo, bestela, berraztertzeko errekurtsoa.

74. artikulua. Errekurtsoak aurkezteko epea.

74.1. Berme eta Arbitraje Batzordean errekurtsoa paratzeko epea hilabete batekoa izanen da, egintza berariazkoa bada. Hala ez bada, epea hiru hilabetekoa izanen da, eta hasiko da kontatzen, eskatzaile eta beste balizko interesdunentzat, ustezko egintza egin zen egunetik aurrera, betiere bere araudi zehatzarekin bat.

Epe horiek iraganda, berraztertzeko errekurtsoa edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa para daitezke soilik, ezertan ukatu gabe berrikusteko aparteko errekurtsoa jartzeko bidezkotasuna.

74.2. Errekurtsoaren ebazpena emateko eta jakinarazteko epea hilabete batekoa izanen da gehienez, salbu eta estatutu hauetan hauteskunde errekurtsoei buruz ezarritakoa, kontuan izanik isiltasunak ezespena ekarriko duela.

75. artikulua. Berraztertzeko errekurtsoaren erregulazioa.

75.1. Berraztertzeko errekurtsoa paratzeko epea hilabete batekoa izanen da, egintza berariazkoa bada, eta hiru hilabetekoa, berriz, egintza ustezkoa bada. Epe horiek iraganda, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko da soilik.

75.2. Ebazpena eman eta jakinarazteko epea hilabete batekoa izanen da, kontuan izanik isiltasunak ezespena ekarriko duela.

75.3. Berariazko edo ustezko ebazpenik ez den bitartean, errekurritutako egintza ezin izanen da bide judizialean aurkaratu.

76. artikulua. Errekurtso bereziak.

a) Egintza irmoen aurka jar daitezke soilik.

b) Kausak tasatzen eta ezartzen dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 59. artikuluan, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 118.1. artikuluari jarraikiz.

c) Haiek jartzeko epeak artikulu berean zehazten dira, errekurtsoa zein kasutan oinarritzen den, horren arabera.

d) Ebazpena emateko epea hiru hilabetekoa da, eta ulertuko da ezetsi dela errekurtsoa epe hori iragandakoan ebazpenik eman ez bada.

10. kapitulua

Behin betiko estatutuen erreforma

77. artikulua. Estatutuak erreformatzeko prozesua.

77.1. Estatutu hauek aldatzea Batzar Nagusiaren eskumena izanen da, Gobernu Batzordeak proposatuta edo, bestela, kuotak ordainduta duen elkargoko zentsuaren %25, gutxienez, ordezkatzen duten kideen talde batek.

77.2. Aldaketa proposatzen dutenek prestatuko dute proiektua; hura elkargoko kide guztiei emanen zaie, horren berri izan dezaten. Elkargoko edozein kidek osoko edo zatikako zuzenketak aurkezten ahal ditu. Proiektua argitaratu eta ondoko hilabetean aurkeztu beharko dira elkargoaren egoitzan, eta horiek izanen dira eztabaidatu eta bozkatuko diren bakarrak.

77.3. Zuzenketak egin eta jasotzeko epea amaitu eta hurrengo hilabetean deituko da Batzar Nagusia, eta deialdiaren ondoko bi hilabeteak iragan baino lehen egin beharko da batzarra.

77.4. Batzar Nagusian, burutzak, edo batzordeak horretarako izendatzen duen kideak, edo aldaketaren ekimenean parte hartu duten elkargoko kideetako batek defendatuko du proiektua. Segituan, hitz egiteko txanda bat emanen da, aurkeztutako zuzenketa bakoitza defendatzeko. Elkargoko kide batek baino gehiagok zuzenketa bat proposatzen dutenean, haietako bat aukeratuko dute hura defenda dezan. Hitz egiteko txanda bukatuta, aldeko eta kontrako txandak irekiko dira, txandaka aurkeztutako zuzenketa bakoitzerako; segituan bozkatu eginen da.

77.5. Zuzenketen txanda bukatuta, proiektuaren behin betiko testua bozkatuko da, eta, horren alde egiten bada, lanbide elkargoen araubide juridikoaren arloan eskumenak dituen Nafarroako Gobernuko departamentura igorriko da, hura onets dezan.

Lehen Xedapen Iragankorra

Elkargoko kideak gutxienez sei hilabete eman behar ditu kidetuta, elkargoko Gobernu Batzorderako hauteskundeetan bere burua aurkezteko eskubidea izan dezan.

Bigarren Xedapen Iragankorra

Lehenengo Gobernu Batzordea hautatzeko prozesua batzar eratzailearen esparruan eginen da, Nafarroako Gizarte Hezitzaileen Elkargo Ofiziala sortzen duen apirilaren 30eko 4/2009 Foru Legearen bigarren xedapen iragankorrean zehaztu bezala.

Hirugarren Xedapen Iragankorra

Batzar Nagusiak kuota berriak onesten ez dituen bitartean, orain onetsita daudenek izanen dute indarra.

Azken xedapena

Estatutu hauetan arautu ez den guztia indarreko legezko arauen bidez erregulatuko da, eta, zehatzago, Nafarroako Foru Komunitateko arau juridiko eta administratiboen bidez.

(1) Lanbide Elkargoei buruzko azaroaren 13ko 2/1974 Legearen 15. artikulu berria.

(i) Beste estatutu batzuetan beste aukera bat gehiengo soila da.

(2) Lanbide Elkargoei buruzko azaroaren 13ko 2/1974 Legearen 5. artikuluko "a" letraren aldaketa.

(3) Lanbide Elkargoei buruzko azaroaren 13ko 2/1974 Legearen 5. artikuluko "u" letra sartzea.

(4) Lanbide Elkargoei buruzko azaroaren 13ko 2/1974 Legearen 3. artikuluko 2. ataleko aldaketa.

(5) Lanbide Elkargoei buruzko azaroaren 13ko 2/1974 Legearen 3. artikuluko 2. ataleko aldaketa.

(6) Lanbide Elkargoei buruzko azaroaren 13ko 2/1974 Legearen 10. artikulu berria.

(7) Lanbide Elkargoei buruzko azaroaren 13ko 2/1974 Legearen 4. artikuluko 2. ataleko aldaketa.

Iragarkiaren kodea: F1208609