127. ALDIZKARIA - 2012ko uztailaren 2a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.2. Foru Dekretuak

27/2012 FORU DEKRETUA, ekainaren 20koa, uztailaren 6ko 225/1998 Foru Dekretua aldatzen duena. Haren bidez, Haur Hezkuntza, Lehen Hezkuntza, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza, Batxilergoa, Lanbide Heziketa eta Lanbide Hastapenerako Programak irakasten dituzten ikastetxe publikoetako irakasleen lanaldia eta ordutegia erregulatu ziren.

2012ko apirilaren 21ean Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu zen apirilaren 20ko 14/2012 Errege Lege Dekretua, hezkuntzaren esparruan gastu publikoa arrazionalizatzeko presako neurriei buruzkoa.

Errege lege dekretu horrek ezartzen du, 3. artikuluan, irakasleen asteko lanaldiaren irakaskuntza partea 25 ordukoa izanen dela Haur Hezkuntzan, eta 20 ordukoa gainerako irakaskuntzetan.

Nafarroako Foru Komunitatearen Administrazioaren mendean, Haur Hezkuntza, Lehen Hezkuntza, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza, Batxilergoa, Lanbide Heziketa eta Lanbide Hastapeneko Programak ematen dituzten ikastetxe publikoko irakasleen lanaldia eta ordutegia uztailaren 6ko 225/1998 Foru Dekretuan daude araututa.

Asteko lanaldiaren irakaskuntza partea aldatzeak eragina dauka, ezin baita bestelakorik izan, irakasleen osoko lanaldiaren banaketan; hartara, beharrezkoa da aipatu araua berraztertu eta funtsezkoan aldatzea, kontraesanik ager ez dadin.

Beste alde batetik, aurreikusten da Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean hartuko duela indarra, 2012/13ko ikasturtearen hasiera zuzen antolatzeko; dena dela, 2011/12ko ikasturtea eta hartan sortutako eskubideak errespetatu behar dira, eta, ikastetxeetan zenbat irakasle behar diren zehazteko ondorioetarako, foru dekretu honen aurreikuspenek 2012/13ko ikasturtearen hasieratik sortu beharko dituzte ondorioak.

Foru dekretu hau unibertsitatetik kanpoko irakasleen Mahai Sektorialeko sindikatuekin aztertu zen 2012ko maiatzaren 9an egin bilkuran.

Horiek horrela, Hezkuntzako kontseilariak proposaturik, Nafarroako Kontseiluarekin bat etorrita, eta Nafarroako Gobernuak 2012ko ekainaren 20ko bilkuran hartutako Erabakiarekin bat,

DEKRETATU DUT:

Artikulu bakarra.-Uztailaren 6ko 225/1998 Foru Dekretua aldatzea, Haur Hezkuntza, Lehen Hezkuntza, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza, Batxilergoa, Lanbide Heziketa eta Lanbide Hastapenerako Programak irakasten dituzten ikastetxe publikoetako irakasleen lanaldia eta ordutegia erregulatu zituena.

Uztailaren 6ko 225/1998 Foru Dekretua, Haur Hezkuntza, Lehen Hezkuntza, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza, Batxilergoa, Lanbide Heziketa eta Lanbide Hastapenerako Programak irakasten dituzten ikastetxe publikoetako irakasleen lanaldia eta ordutegia erregulatu zituena, honelaxe gelditu da idatzita:

Bat.-6. artikuluko 3. idatz-zatiak idazketa hau izanen du:

"3. Maisu-maistra espezialistek 21 ordu emanen dituzte astean, oro har, zuzeneko irakaskuntzan; antolatzeko premiak direla-eta eta salbuespenez, ordutegi hori gainditzen bada, ordu osagarriekin konpentsatuko da gainditutako hura."

Bi.-13. artikuluko 1. eta 3. idatz-zatiek idazketa hau izanen dute:

"1. Lanaldi osoko irakasleek 20 irakastordu izanen dituzte astean. Horien artean irakaskuntza lan zuzenekoak eta irakastordu gisa zenbatzen direnak sartuko dira.

Salbuespenez, zilegi izanen da hogeita bi irakastordura ailegatzea, gehienez, betiere ikastetxearen ordu banaketak hala eskatzen duenean eta beti haren barrenean.

3. Irakasle batek astean 20 ikastordu baino gehiago eman behar dituenean, kontuan hartu behar da ezen, irakasle bakoitzaren asteko ordutegian irakastorduak eta ordu osagarriak batuta, hogeita bost ordu izanen direla astean guztira, ikasturtean irakastegunak ez diren lanegunengatiko konpentsazio orduak alde batera utzita. Hogei ordutik gorako ikastordu bakoitza ordu osagarri batekin konpentsatuko da."

Hiru.-16. artikuluko 2. idatz-zatiak idazketa hau izanen du:

"2. Astean kontatzen diren ordu osagarriak jarduera hauek egiteko erabiliko dira:

-Astean hiru ordu: tutoretzako arreta eskatzen duten lanak egiteko, horien barrenean egonik gurasoei dedikatzeko ordua eta orientatzailearekin egiteko bileraren ordua.

-Guardiak edo irakasleei ordezkapenak egiteko orduak eta ikasleekin atsedenaldian benetan egoteko. Ikastetxe horietako Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako irakasleen artean ordezkapenak egiteko orduak banatzerakoan, saiatuko da alderantzizko proportzioa izan dadila irakasle bakoitzak ematen dituen benetako ikastorduen eta bakoitzari ordezkapenak egiteko esleitu zaizkion orduen artean.

-Koordinaziorako bileretarako orduak: Koordinazio Pedagogikoaren Batzordea, Zikloaren Taldea, Etaparen Taldea, tutoreak, etab."

Lau.-17. artikuluak idazketa hau izanen du:

"Astean 5 orduak, hilabetean kontatzeko ordu osagarriak izenekoak, hilabetean konputatuko zaizkio irakasle bakoitzari, ondoko jardueretan aritzeagatik:

-Ikasleen atsedenaldia, non ez diren benetan kontatzen Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikasleekin egoteagatik.

  • Klaustroko bileretan parte hartzeagatik.
  • Ebaluazio bilkuretara joateagatik.

-Familiekin biltzeagatik eta ikastetxeak zuzen funtzionatzeko programatzen diren beste jarduera guztiak egiteagatik.

  • Beste jarduera osagarri eta eskolaz kanpoko batzuk.

-Astean bi ordu, instituzio planifikazioaren tresnak (hezkuntza proiektua, curriculum proiektua...) prestatu edo berraztertzearekin ikusteko duten lanak egiteko, bai eta espezialitatearekin ikusteko duten prestakuntza jarduerak ere. Alde horretatik, urtean prestakuntzarako 35 ordu egin behar dira nahitaez, ikastetxeko zuzendaritzari frogatu beharrekoak, kontuan izanik ikastaro bakoitzean antolakuntzarako alderdi puntualak arautzen dituzten jarraibideetan xedatutakoa eta ikastetxe horien funtzionamendua. Nahitaezko prestakuntza hori, oro har, irakasle bakoitzaren banakako ordutegiaren barruan sartuko da, eta ikastetxera joatetik salbuetsita egon daitezke, hala ondorioztatzen denean banakako ordutegi horretatik eta astean kontatzeko ordu osagarrien gainerako lanen antolamendutik.

Ikastetxearen Urteko Plan Orokorrean jasoko da prestakuntza hori eta ikastetxeak aktiboki jardunen du hura antolatu eta koordinatzerako, eta haren barrenean konputatuko da kalitatea eta/edo hobekuntza kudeatzeko proiektuetan eta ikastetxeetako prestakuntza proiektuetan izandako parte-hartzea. Ikastetxeko zuzendariak proposatuko du prestakuntza ordu horien egiaztapena, gehienez ere 35 ordu urtean.

Eskolan orientabidearen lanak egiten dituztenei beste ikastetxeekin koordinatzeko orduak prestakuntza gisa konputatuko zaizkie, gehienez ere 35 urtean, Ikastetxeko Urteko Plan Orokorrean aurreikusita badaude."

Bost.-21. artikuluko 1. eta 3. idatz-zatiek idazketa hau izanen dute:

"1. Lanaldi osoko irakasleek 20 irakastordu izanen dituzte astean. Horien artean irakaskuntza lan zuzenekoak eta irakastordu gisa zenbatzen direnak sartuko dira.

Salbuespenez, zilegi izanen da hogeita bi irakastordura ailegatzea, gehienez, betiere ikastetxearen ordu banaketak hala eskatzen duenean eta beti haren barrenean.

Aurreko atalean ezarritakoari salbuespen gisa, Lanbide Heziketako prestakuntzako zikloetan eskolak ematen dituzten irakasleek, lantokiko prestakuntzaren ordutegian, hirugarren hiruhilekoan, 22 ikastorduko lanaldia izanen dute astean, oro har. Orobat, kontserbatorioko musikari laguntzailearen lanak egiten dituzten irakasleei ere aplikatuko zaie lanaldiaren luzapen hori.

3. Irakasle batek astean 20 ikastordu baino gehiago eman behar dituenean, kontuan hartu behar da ezen, irakasle bakoitzaren asteko ordutegian irakastorduak eta ordu osagarriak batuta, hogeita bost ordu izanen direla astean guztira, ikasturtean irakastegunak ez diren lanegunengatiko konpentsazio orduak alde batera utzita. Hogei ordutik gorako ikastordu bakoitza ordu osagarri batekin konpentsatuko da."

Sei.-24. artikuluaren 2. idatz-zatiko c) letra kentzen da.

Zazpi.-g) letra erantsi zaio 26. artikuluaren 1. idatz-zatiari, eta honela dio:

"g) Astean bi ordu, instituzio planifikazioaren tresnak (hezkuntza proiektua, curriculum proiektua...) prestatu edo berraztertzearekin ikusteko duten lanak egiteko, bai eta espezialitatearekin ikusteko duten prestakuntza jarduerak ere. Alde horretatik, urtean prestakuntzarako 35 ordu egin behar dira nahitaez, ikastetxeko zuzendaritzari frogatu beharrekoak, kontuan izanik ikastaro bakoitzean antolakuntzarako alderdi puntualak arautzen dituzten jarraibideetan xedatutakoa eta ikastetxe horien funtzionamendua. Nahitaezko prestakuntza hori, oro har, irakasle bakoitzaren banakako ordutegiaren barruan sartuko da, eta ikastetxera joatetik salbuetsita egon daitezke, hala ondorioztatzen denean banakako ordutegi horretatik eta astean kontatzeko ordu osagarrien gainerako lanen antolamendutik.

Ikastetxearen Urteko Plan Orokorrean jasoko da prestakuntza hori eta ikastetxeak aktiboki jardunen du hura antolatu eta koordinatzerako, eta haren barrenean konputatuko da kalitatea eta/edo hobekuntza kudeatzeko proiektuetan eta ikastetxeetako prestakuntza proiektuetan izandako parte-hartzea. Ikastetxeko zuzendariak proposatuko du prestakuntza ordu horien egiaztapena, gehienez ere 35 ordu urtean.

Eskolan orientabidearen lanak egiten dituztenei beste ikastetxeekin koordinatzeko orduak prestakuntza gisa konputatuko zaizkie, gehienez ere 35 urtean, Ikastetxeko Urteko Plan Orokorrean aurreikusita badaude."

Zortzi.-Zortzigarren xedapen gehigarria eranstea uztailaren 6ko 225/1998 Foru Dekretuari.

Zortzigarren xedapen gehigarria eransten zaio uztailaren 6ko 225/1998 Foru Dekretuari. Hona hemen:

"Foru dekretu honen IV. tituluan xedatua Lanbide Heziketako ikastetxe bateratuetan, kontserbatorioetan, hizkuntza eskola ofizialetan, arte eskoletan eta dantza eskoletan aritzen diren irakasleei aplikatuko zaie."

XEDAPEN IRAGANKORRA

Xedapen iragankor bakarra.-2011-2012 ikasturterako zenbat irakasle behar ziren zehaztea.

Foru dekretu honetako aurreikuspenek ez dute eraginik izanen 2011/12ko ikasturterako zenbat irakasle behar ziren egindako zehaztapenen gainean.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Xedapen indargabetzaile bakarra.-Arauak indargabetzea.

Indargabetu egiten dira foru dekretu honetan xedatutakoaren kontrakoak diren maila bereko edo apalagoko xedapen guztiak.

AZKEN XEDAPENAK

Azken xedapenetan lehena.-Indarra hartzea.

Foru dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean hartuko du indarra.

Azken xedapenetan bigarrena.-Arauen garapena.

Hezkuntzako kontseilariari ahalmena ematen zaio foru dekretu honetan xedatua garatzeko.

Iruñean, 2012ko ekainaren 20an.-Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Yolanda Barcina Angulo.-Hezkuntzako kontseilaria, José Iribas Sánchez de Boado.

Iragarkiaren kodea: F1209450