125. ALDIZKARIA - 2012ko ekainaren 28a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

ERABAKIA, Nafarroako Gobernuak 2012ko ekainaren 13an hartua, "Iruñeko Aireportu Sistema Orokorraren Plan Berezia-Iruñeko Aireportuaren Udalez gaindiko Plan Sektoriala, 2010eko abendukoa, 2012ko apirilean aldatua" onesten duena. AENA da sustatzailea.

Nafarroako Gobernuak 2011ko otsailaren 28an egindako bilkuran, "Iruñeko Aireportu Sistema Orokorraren Plan Berezia - Iruñeko Aireportuaren Udalez gaindiko Proiektu Sektoriala, 2010eko abendukoa" (aurrerantzean PB-UPS), Aeropuertos Españoles y Navegación Aérea (AENA) enpresa entitate publikoak sustatua, tramitatzen hastea erabaki zuen, baita aldi berean espedientea jendaurrean jartzea eta ukitutako udalei entzunaldia ematea ere, hilabetean gutxienez ere. Erabaki hori 2011ko 59. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, martxoaren 25ean.

Iruñeko Aireportuaren hirigintza eta lurralde antolamendua du xede 2010eko abenduko PB-UPS honek, ordezten duen gaur egungoak bezala; izan ere, lurraldearen egituraren funtsezko elementua da eta komunikazio sistema orokorraren pieza. Iruñeko Aireportua kokatzen den lurraldean erabat integratzea du helburu, eta administrazio publikoen artean behar den koordinazioa bermatzea aireportuaren espaziori buruz.

Aurkeztu den PB-UPSaren edukia Iruñeko 2010eko Plan Zuzentzailean (ekainaren 30eko FOM/2208/2010 Aginduaren bidez onetsi eta 2010eko 194. Estatuko Aldizkari Ofizialean, abuztuaren 11n, argitaratua) aireportua antolatu eta garatzeko ezarritako jarraibideen araberakoa da, eta haren determinazioak jasotzen ditu. PB-UPSaren eremua bat dator aipatu plan zuzentzaileak mugatutako zerbitzu eremuko 1. eta 2. barrutiekin. (Gainera, plan zuzentzaileak kanpoko sei barruti edo lurzati gehiago zehazten ditu, haietan nabigazioko hainbat instalazio ezartzeko).

I. Aurkeztutako alegazioak

Espedientea jendaurrean egon den bitartean, Juana María Lacunza Donamaría andreak, Iruñeko Club de Tenis elkartearen izenean eta hura ordezkatuz, idazki bat aurkeztu du alegazioak egiteko; ondotik azaltzen dira haren edukia eta eman zaion erantzuna.

Edukia:

Alegatzaileak Iruñeko Aireportuaren egungo PB - UPSa (Nafarroako Gobernuak 2006ko maiatzaren 22ko Erabakiaren bidez onetsia) tramitatu zenean egindako alegazioak errepikatzen ditu, orduan Iruñeko Club de Tenis elkarteak AENAren 4. poligonoko 100. lurzatian eta 2. poligonoko 211.ean, Galar Zendearen udal mugapean, zituen eraikin eta instalazio batzuei buruz. Dioenez, horietako gehienak beharrik gabe bota dira legearen araberako bideei jarraitu gabe; hortaz, alegatzaileak beretzat gordetzen ditu dagozkiokeen legezko ekintza guztiak.

Horrenbestez, -eta Aireportuaren PB-UPSaren edukiari buruzko beste gorabeheretan sartu gabe- alegatzailearentzat begi bistakoa da Club de Tenis elkartea PB-UPS horren onespenak ukitutakoen artean sartu behar dela, eta hala egiteko eskatzen du, aipatu lurzatietan dituen instalazioen eta haien erabileraren gaineko eskubideei dagokienez; orobat, lurzati horietan zuzenean edo zeharka eragina izan dezaketen administrazio jarduketa guztiak jakinarazteko eskatzen du, Nafarroako Gobernuak delako erabakian xedatutakoari jarraituz.

Erantzuna:

Kontuan hartuta egin diren alegazioek Iruñeko Aireportuaren egun indarra duen PB-UPSa tramitatu zenean aurkeztu zirenak errepikatzen dituztela, bidezko da orduan erantzun zitzaien moduan erantzutea oraingoei.

PB-UPSak, "Lurzoruaren jabetzaren egitura" izeneko memoriaren eranskinean, Aireportu Sistema Orokorraren eremu osoko katastro informazioa jasotzen du; informazio hori desjabetze espedienteetako oinarri dokumentala da eta ez da haietan Iruñeko Club de Tenis elkartea agertzen.

Dena dela, alegatzailea alderdi interesduna baita, bidezko da bere alegazio idazkian aipatu lurzatietan zuzenean edo zeharka eragina izan dezaketen administrazio jarduketa guztiak berari jakinaraztea.

II. AENA bidezko entzunaldiaren emaitza

Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako zuzendari nagusiaren urriaren 28ko 1083/2011 Ebazpenaren bidez, entzunaldia egin zen, LRJAPACaren 84. artikuluan eta Interes orokorreko aireportuen eta beren zerbitzu eremuaren antolamenduari buruzko abenduaren 4ko 2591/1998 Errege Dekretuaren 9. artikuluan xedatutakoari jarraituz, espedientea ebatzi aurretik, hura AENAri igorrita.

Ezarritako prozedurari jarraituz, AENAk txosten bana eskatu zien Abiazio Zibileko Zuzendaritza Nagusiari eta Trenbideen Zuzendaritza Nagusiari, bere eskumeneko inguruabarrei buruz.

Abiazio Zibileko Zuzendaritza Nagusiaren txostenak honela dio, laburbilduta:

a) PB-UPSak 1. eta 2. barrutiak bakarrik garatzen dituela eta, hortaz, bere eremutik kendu behar da aireportuaren barrutitik kanpo diren aire nabigazioko instalazioen azalera.

b) Ulertzen duela Plan Zuzentzailearen eta PB-UPSaren egoera planoen arteko aldea aireportuaren konfigurazio eguneratuago baten ondorioa dela; eta

c) PB-UPSaren edukia bat datorrela segurtasun operazionalaren arloko xedapenekin.

Trenbideen Zuzendaritza Nagusiaren txostenak, berriz, honela dio:

a) PB-UPSak kontuan hartu behar duela abiadura handiko linea berriko Arrizabalaga-Ezkirotz/Plataforma azpitartearen trazadura, 2004ko uztailean onetsia.

b) Tren geltoki bat aireportuan ezartzeko aukera, PB-UPSn hasiera batean aipatua, ezetsi egin dela, eta

c) Nafarroako Gobernuaren eta ADIFen txostenak, prestatzen ari diren proiektuei buruzkoak, behar direla, eskatzen den informazioa jasotakoan PB-UPSari behar bezala gehitzeko, aipatu den moduan.

Entzunaldi horren ondorioz, AENAk, 2012ko apirilaren 26an, txosten bat aurkeztu du, aipatu zuzendaritza nagusiek egindako oharrak bere egiten dituena, horien eraginez sartu baitziren zuzenketa batzuk "Iruñeko Aireportu Sistema Orokorraren Plan Berezian - Iruñeko Aireportuaren Udalez gaindiko Plan Sektorialean". Orain "2010eko abendukoa- 2012ko apirilean aldatua" titulua du eta txostenari erantsi zaio; era horretan, gaur arte aurkeztutako dokumentu guztiak eguneratu dira.

III. Ingurumen arloko txostena

Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuak, 2011ko urtarrilaren 24an, txosten bat egin zuen; horren edukia espediente honen tramitazioa abiatu zuen Erabakian jaso zen; txosten horren ondorio dira determinazio hauek:

-Iruñeko Aireportuaren 2010eko abenduko PB-UPSa garatzeko, aireportua handitzeko proiekturako Ingurumen eraginaren adierazpenean (Kutsadurari eta Aldaketa Klimatikoari Aurrea Hartzeko Idazkaritza Nagusiaren 2007ko ekainaren 18ko Ebazpenaren bidez egindakoa) inpaktuak prebenitu eta zuzentzeko xedatutako determinazioak beteko dira eta, batez ere, inpaktu akustikoa kontrolatu eta jarraitzeari buruzkoak; horien artean, ukipen akustikoaren eremuaren barreneko etxebizitzetarako isolamendu akustikoaren plana nabarmentzen da.

-Aireporturako etorkizunean mugatuko den zortasun akustikoaren eremuan, urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren hirugarren xedapen gehigarrian xedatutakoa aplikatuz (haren bidez Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen da), Noain-Elortzibarko, Galarko, Iruñeko eta Zizur Nagusiko udalerrien hirigintza planeamenduetan sartu beharko da, eta behar diren determinazioak jaso beharko dira eraginkorra izan dadin eremu horretako zortasun akustikoa. Zehazki, urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 14.2 artikuluan ezarritako kalitate akustikoko helburuekin bateraezinak diren hirigintzako garapen berriak ezartzea baztertu beharko da.

Ld=60 dB(A), Le=60 dB(A) eta Ln=50 dB(A) bidez definitutako isofonen bilgarriari egokitu beharko zaio zortasun akustikoaren eremua, abenduaren 16ko 1513/2005 Errege Dekretuaren arabera kalkulaturik, kontuan hartuz aireportuaren plan zuzentzaileak definitutako 3. mugako (2021. urtea) garapenaren gertalekua, aireportuaren inguruneko ukipen akustiko handienari dagokiona.

-Probintzietako Errege Altxonbidea ukitzen duen edozein jarduketa gauzatzeko, Nafarroako Abelbideei buruzko abenduaren 15eko 19/1997 Foru Legearen determinazioak bete beharko dira. Abelbideak eta haiei loturiko tokiak egon badaudela adierazten duen abenduaren 23ko 261/2002 Foru Dekretuak deskribatzen du abelbide honen trazadura, baita Ekonomia eta Europako Aferen zuzendari nagusiaren martxoaren 20ko 217/2003 Ebazpenak ere, bertan onesten baita Probintzietako Errege Altxonbidea mugatzeko espedientearen irekitzea, Noain-Elortzibarren eta Galar Zendean barrena pasatzen denean, besteak beste.

-Plan Berezian jasotako jarduketetako batzuk dira egungo kontrol dorrea eta bidaiarientzako terminalaren eraikuntza botatzea. Jarduketa horiek garatzen dituzten proiektuek hondakin inerteak kudeatzeko plan egokia izan beharko dute.

-Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onesten duen abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuan adierazitakoa betez tramitatu beharko dira behar diren eta PB-UPSean jaso ez diren azpiegiturak.

IV Oharrak

Oraindik indarra duen PB-UPSa onesteko jarraitu den tramitean, Noain-Elortzibarko Udaleko alkateak alegazio idazki bat aurkeztu zuen eta, bertan, besteak beste, ukitutako lurzati batzuen titularrak, Noaingo 1. poligonoko 479. lurzatiarena esate baterako, ez zirela hala esaten zuen, eta hori B 3, B 4 eta B 2 unitateen eta C 2ko lurzoru publikoaren birzatiketaren ondorioz, behin betiko onetsita baitago eta eskritura publikoan jasoa. PB-UPS berrian jaso den lurzati ukituen zerrenda ikusirik, antzeman da "2012ko apirilean aldatutako 2010eko abenduko" PB-UPSan 1. poligonoko 479. lurzatiak agertzen jarraitzen duela, nahiz eta aireportuaren sistema orokorraren eremutik kanpo egon, "lurzoruaren jabetzaren egitura"ri buruzko 5. planoaren arabera. Horrenbestez, uste da kasu honetan "Lurzoruaren jabetzaren egituraren planoa" nagusitu behar dela, eta ez "Lurzatiaren jabetzaren egitura" osatzen duten lurzatiak jasotzen dituen memoriaren eranskineko zerrenda; hortaz Noaingo 1. poligonoko 479. lurzatiaren aipamena kenduko da bertatik.

Bestetik, ohartarazi behar da Nafarroako Gobernuak 2006ko maiatzaren 22an hartutako Erabakiak, aurreko "Iruñeko Aireportu Sistema Orokorraren Plan Berezia - Iruñeko Aireportuaren Udalez gaindiko Proiektu Sektoriala" onetsi zuenak (2006ko 68. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, ekainaren 7koa), honako bi determinazio hauek ezarri zituela:

a) Probintzietako Errege Altxonbidea ukitzen duen edozein jarduketa gauzatzeko, Nafarroako Abelbideei buruzko abenduaren 15eko 19/1997 Foru Legearen determinazioak bete beharko dira.

Inguruabar horretan berean du eragina lehen aipatu ingurumen arloko txostenak.

b) Galar Zendeako Getzeko Kontzejuaren 4. poligonoko 100. lurzatia eta 2. poligonoko 211. lurzatia zuzenean edo zeharka ukitzen ahal dituzten administrazio jarduketa guztiak Iruñeko Club de Tenis elkarteari jakinarazi beharko zaizkio.

Lehen determinazioa den bezalakoa izanik, bidezkoa da erabaki honetan agertzea. Bigarren determinazioari dagokionez, adierazi beharra dago Iruñeko Club de Tenis elkarteak egindako alegazio baten ebazpenaren ondorio dela. Hartan alegatzailea espedienteko alderdi interesduntzat hartu zen. Horregatik bidezkoa da erabaki hau aipatu elkarteari jakinaraztea.

V. Obren interes orokorra

Aireportuaren sistema orokorrean, eraikuntza berrietako, konponketetako eta mantentze-lanetako obrak, bai AENAk bai Estatuko Administrazio Orokorraren beste erakunde batek sustatutakoak, interes orokorreko herri lanak dira; hortaz, abenduaren 30eko 53/2002 Legearen 101. artikuluan ezarritakoaren babesean, ez daude udalaren prebentzioko kontrol jarduketei loturik.

Bestetik, nabarmentzekoa da ezen, Interes orokorreko aireportuen eta beren zerbitzu eremuaren antolamenduari buruzko 2591/1998 Errege Dekretuaren 6. artikuluan ezarritakoaren arabera, interes orokorreko aireportuen plan zuzentzaileak onesteak berarekin dakarrela onura publikoaren adierazpena, aireportuko zerbitzu eremuaren barnean titulartasun pribatuko ondasunak desjabetzearen ondorioetarako. Hau da, jarduketa sistema desjabetzea da.

Horrenbestez, Lurraldearen Antolamenduko Batzordearen 2012ko maiatzaren 29ko txostenarekin bat, eta Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legeari eta aplikatu beharreko gainerako arauei jarraikiz, Nafarroako Gobernuak, Sustapen eta Etxebizitzako kontseilariak proposaturik,

ERABAKI DU:

1. Aurkeztu diren alegazioak erabaki honetan azaldutako moduan ebaztea.

2. "Iruñeko Aireportu Sistema Orokorraren Plan Berezia-Iruñeko Aireportuaren Udalez gaindiko Plan Sektoriala, 2010eko abendukoa, 2012ko apirilean aldatua", Aeropuertos Españoles y Navegación Aérea (AENA) enpresa entitate publikoak sustatua, onestea, determinazio hauekin:

a) Iruñeko Aireportuaren PB-UPSa garatzeko, aireportua handitzeko proiekturako Ingurumen eraginaren adierazpenean (Kutsadurari eta Aldaketa Klimatikoari Aurrea Hartzeko Idazkaritza Nagusiaren 2007ko ekainaren 18ko Ebazpena) inpaktuak prebenitzeko eta zuzentzeko xedatutako determinazioak bete beharko dira eta, bereziki, inpaktu akustikoaren kontrolari eta jarraipenari dagozkienak. Horien artean, nabarmentzekoa da ukipen akustikoaren eremuko etxebizitzak akustikoki isolatzeko plana.

b) Probintzietako Errege Altxonbidea ukitzen duen edozein jarduketa gauzatzeko, Nafarroako Abelbideei buruzko abenduaren 15eko 19/1997 Foru Legearen determinazioak bete beharko dira.

c) Eraikuntzetakoren bat botatzea aurreikusita duten proiektuek hondakin inerteak kudeatzeko plan egokia izan beharko dute.

d) Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onesten duen abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuan adierazitakoa betez tramitatuko dira PB-UPSan jaso ez baina beharrezkoak diren azpiegiturak.

e) Noaingo 1. poligonoko 479. lurzatiaren aipamena kenduko da "Lurzoruaren jabetzaren egiturari" buruzko memoriari erantsitako zerrendatik; izan ere, "Lurzoruaren jabetzaren egiturari" buruz informazioa ematen duen 5. planoaren arabera, lurzati hori aireportuaren sistema orokorraren eremutik kanpo dago.

3. Noain-Elortzibarko, Galarko, Iruñeko eta Zizur Nagusiko udalei adieraztea zeinek bere hirigintza planeamenduan sartu beharko duela aireporturako mugatuko den zortasun akustikoaren eremua, eta galaraziko dela hiri garapen berriak ezartzea, bateraezinak direnean urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 14.2 artikuluan kalitate akustikoari buruz ezarritako helburuekin.

4. Galar Zendeako Getzeko Kontzejuaren 4. poligonoko 100. lurzatia eta 2. poligonoko 211. lurzatia zuzenean edo zeharka ukitzen ahal dituzten administrazio jarduketa guztiak Iruñeko Club de Tenis elkarteari jakinarazi beharko zaizkio.

5. Erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, eta honakoa hauei igortzea: Herri Lan Zuzendaritza Nagusiari eta Ingurumenaren eta Uraren Zuzendaritza Nagusiari, Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuari eta Etxebizitza, Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza arloko Laguntza Juridiko eta Administratiboaren Zerbitzuari.

6. Erabaki hau jakinaraztea Adiosko, Arangurengo, Barañaingo, Beriaingo, Berriobeitiko, Berriozarko, Biurrun-Olkozko, Burlatako, Zizurko, Eguesibarko, Galarko, Ibargoitiko, Itzako, Txulapaingo, Eloko, Noain-Elortzibarko, Orkoiengo, Iruñeko, Tebas-Muru Artederretako, Ukarko, Untzitibarko, Utergako eta Zizur Nagusiko udalei, Iruñeko club de Tenis Elkarteari eta Aeropuertos Españoles y Navegación Aérea enpresa entitate publikoari, behar diren ondorioak izan ditzan, eta ohartarazten da haren kontra, administrazio bidea amaitzen baitu, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahal dela, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik bi hilabeteko epean.

Dena dela, administrazio publikoek aldez aurreko errekerimendua egin dezakete, Nafarroako Gobernuari zuzendua, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Iruñean, 2012ko ekainaren 13an.-Nafarroako Gobernuko kontseilari eta idazkaria, Roberto Jiménez Alli.

Iragarkiaren kodea: F1209156