125. ALDIZKARIA - 2012ko ekainaren 28a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

1.2.2. Oposizioak eta lehiaketak. Lan publikoaren eskaintza

1038/2012 EBAZPENA, 2012ko ekainaren 18koa, Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektoreak emana, ikerketa kontratu, hitzarmen edo proiektuen kontura ikertzaileak kontratatzeko lehiaketa publikorako deialdia egiten duena.

Ikerketa jarduerak egiteko, bai Administrazio Publikoek deitutako proiektuen bidez finantzatzen badira, edo Unibertsitateei buruzko Lege Organikoaren 83. artikuluak araututako kontratazioaren bidez, edota unibertsitatearen beraren ikerketa sustatzeko politiken bidez, sarri ikertzaileak kontratatu behar dira, eta Unibertsitateei buruzko Lege Organikoaren 48. artikuluarekin bat etorriz kontratazioa egingo da obra edo zerbitzu zehatzeko kontratuaren bidez ikerketa zientifiko edo teknikoko proiektuak garatzeko.

Unibertsitateko kudeatzaileak proposaturik.

Ikusirik Nafarroako Unibertsitate Publikoko Kontabilitate Atalak emandako ziurtagirian kreditua badela ziurtatzen dela, Kontuhartzailetzak fiskalizazioa eginda eta kontu hartuta.

Horregatik guztiagatik, apirilaren 12ko 4/2007 Lege Organikoak aldatzen duen Unibertsitateei buruzko abenduaren 21eko 6/2001 Lege Organikoaren 20. artikuluak emandako eskumenak erabiliz, eta maiatzaren 12ko 110/2003 Foru Dekretuak onetsitako Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Estatutuetako 40. artikuluak ezarritakoarekin bat etorriz.

EBATZI DUT:

Lehenengoa.-Lehiaketa publikoa deitzea ikertzaileak aukeratzeko obra edo zerbitzu zehatzeko lan kontratuaren kontratuaren bidez ikerketa zientifiko edo teknikoko proiektuak garatze aldera, ebazpen honen eranskinarekin bat etorriz.

Bigarrena.-Lehiaketa publikoaren deialdi hau arautzen duten oinarriak onestea.

Hirugarrena.-Sortzen den gastua gastuen aurrekontuko kontusail hauei egotziko zaie:

-33/3000.3259.131.08: 26.453,78 euro.

-33/3000.3259.160.00: 8.545,49 euro.

Laugarrena.-Ebazpen hau eta deialdia arautzen duten oinarriak Nafarroako Aldizkari Ofizialean, Administrazio eta Kudeaketa eraikineko iragarki-oholean eta Nafarroako Unibertsitate Publikoaren web orrialdean argitaratzeko agintzea.

Bosgarrena.-Unibertsitateei buruzko abenduaren 21eko 6/2001 Lege Organikoaren 6.4 artikuluak xedatzen duenaren arabera, zeina apirilaren 12ko 4/2007 Lege Organikoak aldatu baitzuen, ebazpen honek administrazio bidea agortzen du, eta aukeran, berraztertzeko errekurtsoa aurkez daiteke errektorearen aurrean, edo, bestela, zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Nafarroako Administrazioarekiko Auzietako Epaitegietan, hilabeteko epean lehenengo kasuan, eta bi hilabeteko epean bigarrenean, biak ere ebazpena argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita.

Iruñean, 2012ko ekainaren 18an.-Errektorea, Julio Lafuente López.

OINARRIAK

1.-Kontratuaren objektua eta kontratu-mota.

1.1. Deialdi honen xedea da ikertzaileak aukeratzea ikerketa kontratu, hitzarmen edo proiektuen kontura, zebitzu emateko obra edo zerbitzu zehatzeko kontratuaren bidez ikerketa zientifiko edo teknikoko proiektuak garatzeko.

1.2. Kontratuen iraupena ezin da haren oinarria den proiektua (kontratua) garatzeko emandako laguntza erabiltzeko epea baino luzeagoa izan. Kontratuek ondorioak izango dituzte erakundearen eta aukeratutako izangaiaren artean formalizatzen diren egunetik, eta kontratuak formalizatzeko kreditu egoki eta nahikoa izan behar da dagokion ekitaldian.

Deialdi honetako kontratuekin lotuta dauden ikerketa proiektu edo taldearentzako laguntza edo kontratuetatik datozen funtsik ez izateak izenpetutako kontratuak deuseztatzeko arrazoia izango da. Diru gehigarriak ordaindu ahalko dira proiektuan edo kontratuan ezarritako helburuak betez gero. Gehigarri horiek ordaintzeko, proiektuaren arduradunak ordainketa justifikatzen duen azken txosten bat egin beharko du, eta aurrekontuan diru kopuru nahikoa izan beharko da.

Halaber, kontratuak suntsiarazi ahalko dira proiektuaren bideragarritasunerako eskatzen diren balioespen mugarriak gainditzen ez badira.

1.3. Kontratazioak egingo dira iraupen jakineko kontratu modalitatearen bidez. Kontratua Unibertsitateei buruzko Lege Organikoaren 48. artikuluaren eta Nafarroako Unibertsitate Publikoko ikertzaileak kontratatzeko arautegiaren arabera egingo da. Ohiko kontratazio modalitatea izango da obra edo zerbitzu zehatzeko kontratua. Kontratu hori arautzen dute Langileen Estatutuari buruzko Legearen testu bateginaren 12. eta 15. artikuluek, abenduaren 18ko 2720/1998 Errege Dekretuak, iraupen jakineko kontratuen arloan Langileen Estatutuko 15. artikulua garatzen duenak, uztailaren 9ko 12/2001 Legeak, obra edo zerbitzu zehatzeko kontratuak arautzen dituenak, eta irailaren 17ko 35/2010 Legeak, lan merkatua eraberritzeko premiazko neurriei buruzkoak.

1.4. Deialdi hau argitaratuko da Nafarroako Aldizkari Ofizialean, Administrazio eta Kudeaketa eraikineko iragarki-oholean eta Nafarroako Unibertsitate Publikoaren web-orrialdean.

Deialdi honetako gainerako administrazio ebazpenak Administrazio eta Kudeaketa eraikineko iragarki-oholean eta Nafarroako Unibertsitate Publikoaren web-orrialdean argitaratuko dira bakarrik.

2.-Izangaiek bete beharrekoak.

2.1. Lehiaketan onartuak izateko, izangaiek eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean, ondoko baldintzak bete beharko dituzte:

a) Espainiarra izatea edo Europar Batasuneko estaturen batekoa izatea edo, Europar Batasunak izenpetu eta Espainiako estatuak berretsitako nazioarteko itunen arabera, langileen joan-etorri askea aplikatzekoa zaion estaturen batekoa.

Halaber, Espainiako, Europar Batasuneko estatu bateko eta aipatu nazioarteko itunak aplikatzen diren eremuko estatuetako herritartasuna dutenen ezkontideek parte hartu ahalko dute, betiere zuzenbidearen arabera bananduta ez badaude; herritartasuna duenaren ondorengoek eta haren ezkontidearen ondorengoek ere parte hartu ahal izango dute, zuzenbidearen araberako banaketarik ez dagoenean, baldin eta 21 urtetik beherakoak badira edo, adin horretatik gorakoak izanda ere, gurasoen kontura bizi badira.

Espainian bizi diren atzerritarrak Europar Batasuneko estatuetako herritarrek dituzten baldintza berberetan aritu ahalko dira administrazio publikoetako lan kontratupeko langile, konstituzioak ezartzen dituen berdintasun, meritu eta gaitasun printzipioen arabera.

Administrazio publikoen lan publikoko eskaintzetara aurkeztu ahalko dira, betiere, dagokion kontsuletxeak eman, eta Espainian lan egiteko aukera eskaintzen dien bisatuaren jabe badira.

b) Hamasei urte beteta izatea, eta nahitaezko erretirorako gehieneko adina beteta ez edukitzea.

c) Eskainitako lanposturako eskatutako titulu ofiziala edo baliokidea den tituluaren jabe izatea, edo, bestela, eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean, titulua erdiesteko moduan egotea.

Atzerrian erdietsitako titulazioak badira, aipatutako egunean izangaiak eskuan izan beharko du homologazioaren egiaztagiria.

d) Dagozkion eginkizunak betetzeko gaitasun fisiko eta psikikoak edukitzea.

e) Diziplinako espediente baten ondorioz edozein administrazio publikotako zerbitzutik baztertua ez izatea, eta eginkizun publikoak betetzeko ezgaitua edo gabetua ez egotea epai irmoaren bidez.

Espainiako hiritartasuna ez dutenek frogatu egin beharko dute funtzio publikoan sartzea galarazten dien diziplinako zehapenik edo zigor kondenarik ez dutela.

2.2. Aurreko atalean zerrendatutako betekizunak eskaera aurkezteko epea bukatzen den egunean edukiko dira, eta kontratua formalizatzen den unera arte beteko dira.

3.-Eskabideak.

3.1. Lehiaketa honetan parte hartu nahi dutenek hala jaso behar dute deialdi honen eranskin gisa doan eskabidean. Eskaerarekin batera hauek aurkeztuko dituzte:

a) Izangaiaren Nortasun Agiri Nazionalaren edo haren nazionalitatea eta nortasuna ziurtatzeko agiri baliokidearen fotokopia.

b) Bizileku- eta lan-baimenaren fotokopia atzerritarrentzat.

c) Deialdian eskatutako tituluaren jatorrizkoa edo fotokopia erkatua.

d) Ikasketa espedientearen jatorrizkoa edo fotokopia erkatua, batez besteko nota zehaztuta.

Agiriak Nafarroako Unibertsitate Publikoaren eskuetan badaude, izangaiek ez dituzte aurkeztu beharko, baina gorabehera hau azaldu beharko dute eskabidean, dagokion atalean.

e) Curriculum vitae-a alegatutako merezimenduen jatorrizkoarekin edo fotokopia erkatuarekin.

Aurkeztutako agirien azterketatik ondorioztatzen bada izangaiek ez dituztela betetzen 2.1 oinarrian adierazitako betekizunetako batzuk, ezingo zaie kontraturik egin, eta beren jardunak deuseztatu egingo dira, hasierako eskaeran faltsukeriatan ibiltzeagatik eduki lezaketen erantzukizuna galarazi gabe.

Lehengo atalean aurreikusten den kasuan, Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektoreak hutsunea beteko du gainditu dutenen zerrendan ondoren dagoenarekin, behar denean, eta horrekin aurreko ataletan aipatu den moduan jokatuko da.

3.2. Eskabideak aurkezteko epea hasiko da deialdia Unibertsitatearen web-orrialdean argitaratzen den egunaren biharamunean, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta bosgarren egunean amaituko da. Eskabideak aurkezteko epea ezin izango da luzatu.

3.3. Prozesu honetan parte hartzeko eskabideak Nafarroako Unibertsitate Publikoko Erregistro Orokorrean aurkeztuko dira (Administrazio eta Kudeaketa eraikina, beheko solairua, Arrosadiko Campusa, 31006 Iruñea), edo, bestela, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko legearen 38.4 artikuluan ezarritako moduan.

Eskabidea posta bulego batean aurkeztuz gero, gutun-azal irekian egingo da, posta zerbitzuko langileak, ziurtatu aurretik, data eta zigilua jar ditzan, eta ondoren egiaztatu eta bidali Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Erregistro Orokorrera (Arrosadiako campusa, 31006 Iruñea).

Eskabidea denboran eta forman aurkezten ez bada, izangaia baztertua izango da.

3.4. Izangaiek aurkeztutako agiriak berreskuratu ahal izango dute, berariaz eskatzen badute, lehiaketaren amaiera Administrazio eta Kudeaketa eraikineko iragarki-oholean jartzen denetik eta Nafarroako Unibertsitate Publikoaren web-orrialdean argitaratzen denetik.

Aipatu egunetik aurrera, eta urtebeteko epearen barruan, agiriak bereganatzen ez dituztenek uko egiten diote agiriak berreskuratzeari, eta hortaz, horretarako eskubidea galduko dute.

4.-Izangaiak onartzea.

4.1. Eskabideak aurkezteko epea bukatu eta gero, gehienez ere 5 laneguneko epean, Administrazio eta Kudeaketa eraikineko iragarki-oholean jarriko da eta Nafarroako Unibertsitate Publikoaren web-orrialdean argitaratuko da lehiaketa publikoan onartutako eta baztertutako izangaien behin-behineko zerrenda, azken kasu honetan baztertzeko arrazoiak aipatuz.

Eskatzaile bakar bat ere baztertua ez bada, lehiaketa publikoan onartutako izangaien behin betiko zerrenda argitaratuko da.

4.2. Onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrenda argitaratu eta biharamunetik bost egun naturaleko epea irekiko da, alegazioak aurkeztu edo baztertzea ekarri duten akatsak zuzendu ahal izateko.

Edonola ere, akatsak saihestearren eta zuzenketa tenorez eta moduz egitea ahalbidetzeko, izangaiek zalantzarik utzi gabe ziurtatuko dute ez bakarrik baztertuen zerrendan ez daudela, baizik eta, era berean, haien izenak zuzen jasotzen direla onartuen zerrendan.

Ezarritako epean hutsuneen alegazioak aurkeztu ez, edo atzemandako akatsak zuzentzen ez dituzten izangaiak, lehiaketan parte hartzeko behin betiko bazterturik geratuko dira.

4.3. Erreklamazioak eta alegazioak aurkezteko epea amaitu eta akatsak zuzendu eta gero, Administrazio eta Kudeaketa eraikineko iragarki-oholean jarri eta Nafarroako Unibertsitate Publikoaren web-orrialdean argitaratuko da lehiaketa publikoan onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda.

5.-Balioespen Batzordea.

5.1. II. Eranskineko hiru kideek osatuko dute lehiaketa honetako Balioespen Batzordea eta batzordekideak honako hauek izango dira:

Batzordeburua: Ikerketa errektoreordea edo berak eskuordetutakoa.

Batzordekidea: Taldearen edo proiektuaren arduraduna.

Batzordekide idazkaria: Taldearen edo proiektuaren arduradunak proposatutako kide bat.

5.2. Balioespen Batzordeko kideek ezin izango dute bertan parte hartu, eta Unibertsitateko errektoreari jakinarazi beharko diote, baldin eta Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Foru Legearen 28. artikuluan jasotako egoeretako batean badaude.

Halaber, batzordekideak errefusatu ahalko dituzte izangaiek Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legearen 29. artikuluaren arabera, baldin eta lege horren 28. artikuluan aurreikusitako egoeretako batean badaude.

5.3. Batzordeburuak aldez aurretik deituta, Balioespen Batzordea eratuko da, bertan egongo delarik, gutxienez, kideen gehiengo absolutua. Epaimahaiburuak eskatzen ahalko die epaimahaiko kideei berariazko aitorpena, zeinean aitortuko baitute ez daudela Administrazio Publikoen Eraentza Juridikoari eta Guztientzako Administrazio Prozedurari buruzko Legeko 28. artikuluak ezartzen dituen gorabeheretan sartuta. Bilera horretan Batzordeak lehiaketa behar bezala egin ahal izateko beharrezkoak diren erabaki guztiak ere hartuko ditu.

5.4. Deialdi honen xedea den lehiaketa egin bitartean, arautegi hau interpretatzeak eta aplikatzeak sorraraz ditzaketen zalantzak Batzordeak garbituko ditu, eta hautaprobak aurrera egin ahala arautegian aurreikusten ez diren eta sor litezkeen auziak ebazteko neurriak hartuko.

Batzordearen jarduera prozedura uneoro egokituko zaio Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legeak eta gainerako xedapen indardunek xedatutakoari.

5.5. Jakinarazpenak emateko eta bestelako gorabeheretarako, Batzordearen egoitza Nafarroako Unibertsitate Publikoko Administrazio eta Kudeaketa eraikina izango da.

5.6. Lehiaketa amaitutakoan, Batzordeak Administrazio eta Kudeaketa eraikinaren iragarki-oholean eta Nafarroako Unibertsitate Publikoaren web-orrialdean jarriko du hautaketa prozesuaren ebazpena, eta prozesua gainditu duen izangaia nor den adieraziko du, eta, behar denean, zerrenda bat egingo du; bertan lehiaketa gainditu duten izangaiak zerrendatuko dira lortutako puntuazioekin, indarrean den prozeduraren barnean, zerrendako izangaiak kontratatzeko, betiere proiektuaren (kontratuaren) beharren arabera.

Zerrenda hori Giza Baliabideen Zerbitzura igorriko da.

6.-Lehiaketa.

6.1. Izangai bakoitzak aurkeztutako merezimenduak balioetsiko dira lehiaketan.

Merezimendu guztiak agiri bidez alegatu eta frogatuko dira, eskabidearekin batera. Horretarako izangaiek egiaztagirien jatorrizkoak edo fotokopia erkatuak aurkeztu beharko dituzte. Alegatutako merezimenduak egiaztatzen ez badira, ez dira lehiaketatik baztertuko, baina Batzordeak ez ditu kontuan hartuko.

6.2. Merezimenduak balioesteko kontuan hartuko dira, bakarrik, deialdiaren iragarkia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko epera arte lortu direnak, eta baliogabeak izango dira egun hori eta gero lortutakoak. Balioespen Batzordeak inolaz ere ez du onartuko izangaiek alegatu ez duten edo agirien bidez frogatu ez duten merezimendurik, eta ezin izango du atal bakoitzean adierazitako gehieneko puntuazioa baino handiagorik eman. Balioespen Batzordeak edozein unetan azalpenak eta datu osagarriak eskatzeko aukera du, izangaiek alegatu eta frogaturiko merezimenduen gainean.

7.-Lehiaketaren ebazpena.

7.1. Izangaiek aurkeztutako merezimenduen balioespena amaitutakoan, Batzordeak Administrazio eta Kudeaketa eraikinaren iragarki-oholean eta Unibertsitatearen web-orrialdean jarriko du hautaketa prozesuaren ebazpena, eta prozesua gainditu duen izangaia nor den adieraziko du, eta, behar denean, zerrenda bat egingo du; bertan lehiaketa gainditu duten izangaiak zerrendatuko dira lortutako puntuazioekin, indarrean den prozeduraren barnean, zerrendako izangaiak kontratatzeko, betiere proiektuaren (kontratuaren) beharren arabera.

7.2. Balioespen Batzordeak Unibertsitateko errektoreari bidaliko dio proposatutako izangaia edo deialdia egindako lanpostu kopuruan sartzen diren izangaiak kontratatzeko proposamena hautaprobetan erdietsitako puntuazioen hurrenkeraren arabera.

7.3. Hautaketa prozesua gainditu eta lanpostua lortu ez duten izangaien izenekin ateratzen den zerrenda erabiliko da proiektu berean maila bereko eta eginkizun berdinak dituzten pertsonak kontratatu behar direnean.

Era berean, proiektu, kontratu edo ikerketa talde baterako maila bereko eta funtsean aurrekoaren eginkizun berdinak dituzten pertsonak kontratatu behar direnean, aurreko deialdian hautaketa prozesua gainditu duten pertsonak kontratatuko dira lehentasun hurrenkeran.

Bi kasuetan proiektuaren arduradunak txostena egingo du aipatu egoera adierazteko.

8.-Langileen eskubideak eta betebeharrak.

Obra edo zerbitzu zehatzeko lan kontratutik eratorritako eskubide eta betebeharrez gainera, ikertzaileek eskubide eta betebehar hauek izango dituzte:

a) Bere egitekoen artean kontratuaren xedea den proiektuaren lanak egitea duen ikerketa taldearen kidea izango da langilea, eta kontratatutako obra edo zerbitzuaren eginkizunak beteko ditu ikerketa proiektuaren arduradunaren jarraibideak betez, deialdiaren oinarrietan ezarritakoarekin bat etorriz.

b) Langileak hitzematen du inola ere ez dituela zabalduko deialdi honen xedea den lana garatzeagatik ikasi dituen zientzia edo teknika informazioak proiektuaren arduradunaren baimenik gabe.

c) Langileak Nafarroako Unibertsitate Publikoari utziko dizkio deialdi honen xedea den lanaren bidez lor daitezkeen emaitzen gaineko jabetza intelektual eta industrialari buruzko eskubide guztiak, uko egin ezinezkoak diren eskubideak izan ezik. Unibertsitateari eskubideak lagatzea eta transferitzea mundu guztiarentzat eta betiko da.

9.-Bildutako datuen gaineko informazioa.

9.1. Interesdunek emandako datuak fitxategi automatizatu batean gordeko dira. Fitxategi hori langileen datu-basea da, eta bere helburua da Nafarroako Unibertsitate Publikoko langileak kudeatzea, Norberaren Datuak Babesteko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoari jarraikiz.

Kontratu hau finantzatzen duen erakundearen aurrean gastuak justifikatzeko, nominei, gizarte segurantzari edo kontratupekoak jaso dezakeen beste edozein ordainsariri buruzko datuak utziko zaizkio erakunde horri. Nolanahi ere, kontratua formalizatzen denean baimenduko da lagatzea.

9.2. Interesdunek sarbidea izateko, zuzentzeko, deusezteko eta aurka egiteko eskubidea erabili ahalko dute, Datuak Babesteko Lege Organikoak ezartzen duena betetzeko. Eskabideak Nafarroako Unibertsitate Publikoko kudeatzaileari zuzenduko zaizkio (Arrosadiko campusa, z.g., Soforak eraikina, 31006, Iruñea).

10.-Errekurtsoak.

10.1. Deialdi honen aurka, haren oinarrien aurka eta errektoreak harturiko kontratazio erabakiaren aurka ondoko errekurtsoetako bat jarri ahalko da, lege indardunekin bat etorriz:

a) Aukerako berraztertze-errekurtsoa errektorearen aurrean, hilabete bateko epean, lehiaketa bukatzeko erabakia jakinarazten edo argitaratzen den egunaren biharamunetik kontatzen hasita.

b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Nafarroako Justizia Auzitegi Gorenaren Administrazioarekiko Auzietako Salan bi hilabeteko epean, lehiaketa bukatzeko erabakia jakinarazten edo argitaratzen den egunaren biharamunetik kontatzen hasita.

10.2. Batzordeak deialdi honengatik erabakitzen dituen gainerako aplikazioen aurka gorako errekurtsoa jarri ahalko da errektorearen aurrean hilabete bateko epean ekitaldia edo erabakia jakinarazten edo argitaratzen den egunaren biharamunetik kontatzen hasita. Gorako errekurtso ebazlearen aurka administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri ahalko da Nafarroako Justizia Auzitegi Gorenaren aurrean.

I. ERANSKINA

Eskabidea

F1209490_0.pdf

II. ERANSKINA

Erreferentzia: 56 LAUZ

Balioespen batzordea

Batzordeburua: Iñigo Lasa Uzcudun dk., Unibertsitateko katedraduna, Nekazaritzako Ekoizpen Sailari atxikia, errektoreordearen eskuordetzaz.

Idazkaria: Cristina Solano Goñi dk., Unibertsitateko irakasle titularra, Nekazaritzako Ekoizpen Sailari atxikia.

Batzordekidea: Jon Veramendi Charola dk., Unibertsitateko irakasle titularra, Nekazaritzako Ekoizpen Sailari atxikia.

Balioespen batzorde ordezkoa

Batzordeburua: Jose Antonio Mendizabal dk., Unibertsitateko irakasle titularra, Nekazaritzako Ekoizpen Sailari atxikia.

Idazkaria: Inmaculada Farrán Blanch dk., Unibertsitateko kontratupeko irakasle doktorea, Nekazaritzako Ekoizpen Sailari atxikia.

Batzordekidea: Delia Muñoz Labiano dk., Unibertsitateko irakasle titularra, Nekazaritzako Ekoizpen Sailari atxikia.

III. ERANSKINA

1. Maila: Proiektuaren laguntzailea. Erreferentzia: 56 LAUZ.

2. Eskatzen den titulazioa: Lizentziaduna, arkitektoa edo ingeniaria.

3. Proiektua: "BIO2011-30503-C02-02".

4. Deitutako lanpostuan garatu beharreko jarduerak:

-Mikroorganismoen hazkundea. Staphylococcus aureus-en aldaketa genetikoa. RNA araztea, detektatzea eta markatzea. Alderantzizko noranzkodun RNAren analisia. Mikroskopia optikoa proteina fluoreszenteekin.

5. Kontratuaren ezaugarriak:

-Iraupena: 2013-12-31ra arte. Kontratuaren iraupena aurrekontuan dagoen diruak baldintzatuko du, eta inolaz ere ez da izango hartzen duen Ikerketa Proiektuaren iraupena baino luzeagoa.

-Lanaldia: Denbora ez-osoa.

-Kontratu-mota: Obra.

6. Baremoa:

1. Atala: (Gehienez ere, 4 puntu). Izangaiaren ikasketa espedientea balioetsiko da espedientearen batez besteko puntuazioari dagokion proportzioan, gehienez ere 4 punturekin. Ateratzen den puntuazioa 1 faktorearekin biderkatuko da izangaiaren titulazioa Biologian, Biokimikan edo Farmazian lizentziaduna bada, eta 0,25 faktorearekin bestelako lizentziaturak badira.

2. Atala: (Gehienez ere, 8 puntu). Masterra Bioteknologian.

3. Atala: (Gehienez ere, 10 puntu). Esperientzia bakterioen hazkunde prozesuetan, manipulazio genetikoan eta identifikazioan. Bereziki balioetsiko dira ezagupenak bakterio gram positiboen aldaketa genetikoko, eta RNA arazteko eta detektatzeko tekniketan, fluoreszentzia-mikroskopia optikoan, alderantzizko noranzkodun RNAren zenbatzean, eta fluxu zitometrian. Balioespena honako hauetan oinarrituko da:

-Argitalpenak nazioarteko aldizkarietan, 2 puntu argitalpen bakoitzeko.

-Argitalpenak nazioko aldizkarietan, 0,5 puntu argitalpen bakoitzeko.

-Patenteak, 2 puntu.

-Komunikazioak biltzarretan, 2 puntu komunikazio bakoitzeko.

-Hitzaldiak, 2 puntu.

Deialdi honekin lotutako gaietan bekak izateagatik, hautaketa prozesua izan duten deialdietan lortutakoak, gehienez ere 2 puntu emango dira beka eta urte bakoitzeko.

Ikerketa kontratuen onuradun izateagatik deialdi honekin lotutako gaietan, betiere hautaketa prozesu bat egin bada, gehienez ere 2 puntu kontratuengatik.

4. Atala: (4 puntu). Ingelesaren ezagutza: B2 maila. Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak 2010eko irailaren 13ko 210/2010 Ebazpenean emandako mailen arabera balioetsiko da.

5. Atala: (Gehienez ere, 4 puntu). Kontratazio batzordeak elkarrizketa egingo du izangai bakoitzarekin, eta kontratuaren xedea diren eginkizunetan aritzeko duen gaitasuna balioetsiko du. 2. eta 3. ataletan 14 puntu baino gehiago lortzen ez duena, ez da elkarrizketara pasatuko.

Merezimendu guztiak agirien bidez egiaztatuko dira.

Hautaketa prozesuaren azken emaitzan gertatzen diren berdinketak 3. atalean puntuaziorik handiena erdietsi dutenen alde ebatziko dira; berdinketak jarraitzen baldin badu, 5. atalean puntuaziorik handiena erdietsi dutenen alde ebatziko dira; berdinketak jarraitzen baldin badu, zozketaren bidez ebatziko dira.

Hautaketa prozesua gainditzeko, gutxienez ere 22 puntu ateratzea eskatuko da.

7. Ikertzaile arduraduna: Iñigo Lasa Uzcudun dk.

Iragarkiaren kodea: F1209490