125. ALDIZKARIA - 2012ko ekainaren 28a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

303/2012 FORU AGINDUA, ekainaren 8koa, Landa Garapen, Industria, Enplegu eta Ingurumeneko kontseilariak emana, 2012-2013 kanpainarako ehiza debekualdiei buruzko xedapen orokorra onesten duena.

Nafarroako Ehizari eta Arrantzari buruzko abenduaren 22ko 17/2005 Foru Legearen 33. artikuluak ezartzen duenez, ehiza aprobetxamendua antolatzeko, Landa Garapen, Industria, Enplegu eta Ingurumeneko kontseilariak urtero onetsiko ditu aprobetxamendugai izan daitezkeen espezieak ehizatzeko debekualdiei buruzko xedapen orokorrak eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara daitezela aginduko du.

Halaber, foru lege beraren 7.d) artikuluak xedatzen du debekualdiei buruz urtero ematen duen xedapen orokorrari eta Ehiza Antolatzeko Planari jarraikiz egin beharko dela ehiza Nafarroan.

Lege agindu horiek betetzeko asmoz, bidezko da 2012-2013 kanpainan ehiza egitea arautzen duen xedapen orokorra onestea.

Hori horrela, Biodibertsitatea Zaintzeko Zerbitzuak proposaturik eta aldez aurretik Nafarroako Ingurumen Kontseiluak aldeko txostena luzatuta,

AGINDU DUT:

I. KAPITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Xedea.

Honako foru agindu honen helburua da Nafarroan izanen den ehizarako 2012-2013 kanpainaren berariazko arautegia finkatzea.

2. artikulua. Ehizaldiak.

Foru agindu honek ehiza barrutietarako ehizaldiak oro har zehaztuko ditu; hori, hala ere, ez da eragozpen izanen ehiza antolatzeko planetan agertzen diren beste ehiza jarduera batzuetan. Nafarroako Ehizari eta Arrantzari buruzko 17/2005 Foru Legetik eratortzen ahal diren ehiza modalitate berriak onetsitako Ehiza Antolatzeko Planean aurreikusiak beharko dute egon, edo Landa Garapen, Industria, Enplegu eta Ingurumen Departamentuak espresuki baimenduak izan.

II. KAPITULUA

Ehizarako espezieak eta izurri diren espezieak

3. artikulua. Ehizarako espezie baimenduak eta izurri diren espezieak.

Nafarroan, 2012-2013 kanpainan, ondoko espezie hauek harrapatzea izanen da zilegi:

1. Ehizarako espezieak:

-Ugaztunak:

  • Erbia (Lepus spp.).
  • Untxia (Oryctolagus cuniculus).
  • Azeria (Vulpes vulpes).
  • Basurdea (Sus scrofa).
  • Oreina (Cervus elaphus).
  • Adarzabala (Dama dama).
  • Orkatza (Capreolus capreolus).

-Hegaztiak:

  • Antzara hankagorrizta (Anser anser).
  • Basahatea (Anas platyrhynchos).
  • Zertzeta arrunta (Anas crecca).
  • Eper gorria (Alectoris rufa).
  • Galeperra (Coturnix coturnix).
  • Faisaia (Phasianus colchicus).
  • Kopetazuri arrunta (Fulica atra).
  • Hegabera (Vanellus vanellus).
  • Oilagorra (Scolopax rusticola).
  • Istingor arrunta (Gallinago gallinago).
  • Pagausoa (Columba palumbus).
  • Txoloma (Columba oenas).
  • Usapal arrunta (Streptopelia turtur).
  • Birigarro arrunta (Turdus philomelos).
  • Birigarro txikia (Turdus iliacus).
  • Durdula (Turdus pilaris).
  • Garraztarroa (Turdus viscivorus).
  • Mika arrunta (Pica pica).
  • Bele txikia (Corvus monedula).
  • Belea (Corvus corone).

2. Izurri diren espezieak:

Basa faunako zenbait espezie izurri deklaratu eta haiek harrapatu eta hiltzeko neurriak arautzeko Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak emandako uztailaren 20ko 351/2010 Foru Aginduan sartutako espezieak harrapatzen ahal dira ehizan, ehizaldietan eta foru agindu honen mugen barrenean.

III. KAPITULUA

Ehizaldiak

4. artikulua. Ehizaldiak eta ehiza egunak.

1. Ehizaldiak eta ehiza egunak kapitulu honetan finkatzen direnak dira, ireki eta ixteko egunak barne. Ehiza barrutiren bat herri zenbaitek osatua baldin bada, herri haietariko bateko jaia hautatu beharko da, eta Landa Garapen, Industria, Enplegu eta Ingurumen Departamentuari haren berri eman.

2. Oro har, ehizan aritzeko ordutegia eguzkia sortu baino ordu bat lehenago hasi eta sartu eta ordu batera bukatuko da. Egutegitik hartuko dira sortzearen eta sartzearen orduak.

5. artikulua. Basurdea.

1. Basurdea ehizatzeko baimena ematen da, 2012ko irailaren 1etik 2013ko otsailaren 28ra arte, ostegun, larunbat eta igandeetan, baita Espainiako, Nafarroako eta herriko jaiegunetan ere. Egun horietan egiten ahalko da arku bidezko ehiza, uxalditan, gaueko itxaronaldietan, zelatan eta uxaka.

2. Heltze zakurren bidezko ehiza debeku izanen da. Debekatua dago basurdetara joateko honako zakur arrazak eta beren mestizoak erabiltzea: dogo, bulldog, pitbull, rotweiler, boxer, doberman eta Kanarietako ausiki zakurra. Basurde uxalditan, arrastoko usna zakurrekin batera, gehienez arraza hauetako edo haien hibridoetako bi zakur erabiltzen ahalko dira: ohalanoa, alemaniar ardi zakurra eta artzakurra.

3. Basurdea ehizatzeko, gutxienez ere lau ehiztarik bildu behar dute.

4. Nekazaritzako laboreetan kalteak izateko arriskua dagoen hegoaldeko ehiza barrutietan, uxalditan ehizatzen ahalko da, Ehiza Antolatzeko Planean adierazitako uxalekuetatik kanpo.

6. artikulua. Orkatza.

1. Orkatza uxalditan ehizatzeko baimena ematen da, 2012ko irailaren 1etik 2013ko urtarrilaren 13a arte, ostegun, larunbat eta igandeetan, baita Espainiako, Nafarroako eta herriko jaiegunetan ere, bakar-bakarrik kasuan kasuko ehiza antolatzeko planak zehaztutako kopurua. 2013ko martxoaren 15a baino lehen, erabilitako besokoen gordekinak, bai eta eme eta kumeen besoko erabili gabeak ere, aurkeztu behar dira eskualdeko Ingurumen Zaintzan eta Landa Garapen, Industria, Enplegu eta Ingurumen Departamentuko Ehiza eta Arrantza Ataleko bulegoetan.

2. 2013ko apirilaren 1etik 2013ko ekainaren 30a arte, egunero ehizatzen ahalko dira, zelatan, Ehiza Antolatzeko Planeko kupoaren barruan sartutako arrak, denboraldian bota ez direnak. Horretarako, 24 ordu lehenago jakinaraziko zaio eskualdeko Ingurumen Zaintzari; orobat, erabiliko den besokoen zenbakia adieraziko zaio. 2013ko abuztuaren 20a baino lehen, erabilitako besokoen gordekinak eta erabili gabeak aurkeztu beharko dira eskualdeko Ingurumen Zaintzan eta Landa Garapen, Industria, Enplegu eta Ingurumen Departamentuko Ehiza eta Arrantza Ataleko bulegoetan.

3. Erabili gabeko besokoak eta erabilitako besokoen gordekinak itzultzen ez badira, litekeena da hurrengo denboraldian ehiza larriko aprobetxamendurik egiterik ez izatea.

7. artikulua. Oreina.

1. Baimena ematen da orein arrak zelatan ehizatzeko, egunero, 2012ko irailaren 16tik 2012ko irailaren 30era arte, kasuan kasuko ehiza antolatzeko planean xedaturikoarekin bat, soilik ehizazainak dituzten ehiza barrutietan. Zelatan ehizatzeko, ehiztariak ehiza barrutiko ehizazainarekin joan beharko du, nahitaez. Horretarako, 24 ordu lehenago jakinarazi beharko zaio eskualdeko Ingurumen Zaintzari.

2. Uxalditan ehizatzeko baimena ematen da, 2012ko urriaren 7tik 2013ko urtarrilaren 13a arte, ostegun, larunbat eta igandeetan, baita Espainiako, Nafarroako eta herriko jaiegunetan ere, bakar-bakarrik kasuan kasuko ehiza antolatzeko planak zehaztutako kopurua.

3. 2013ko martxoaren 15a baino lehen, erabilitako besokoen gordekinak eta erabili gabeak aurkeztu beharko dira eskualdeko Ingurumen Zaintzan edo Landa Garapen, Industria, Enplegu eta Ingurumen Departamentuko Ehiza eta Arrantza Ataleko bulegoetan.

4. Erabili gabeko besokoak eta erabilitako besokoen gordekinak itzultzen ez badira, litekeena da hurrengo denboraldian ehiza larriko aprobetxamendurik egiterik ez izatea.

8. artikulua. Adarzabala.

Adarzabala ehizatzeko baimena ematen da, 2012ko urriaren 7tik 2013ko urtarrilaren 13a arte, ostegun, larunbat eta igandeetan, baita Espainiako, Nafarroako eta herriko jaiegunetan ere. Adarzabala ehiza larriko uxaldietan baizik ezin izanen da harrapatu.

9. artikulua. Azeria.

Azeria ehizatzeko baimena ematen da honako modalitate hauen arabera:

a) Salto-ehiza modalitatea: galeperra debekualdi erdian, egun eta toki berdinetan ehizatzen ahalko da, 2012ko azaroaren 1etik 2013ko urtarrilaren 31ra arte, ostegun eta igandeetan, baita Espainiako, Nafarroako eta herriko jaiegunetan ere.

Untxia epealdi orokorretik at ehizatzeko baimena duten barrutietan, azeria salto-ehizan harrapatzen ahalko da, untxia ehizatzeko baimendutako egun eta toki beretan.

b) Uxaldi modalitatea: uxalditan ehizatzen ahalko da, 2012ko irailaren 1etik 2013ko otsailaren 28a arte, ostegun, larunbat eta igandeetan, baita Espainiako, Nafarroako eta herriko jaiegunetan ere. Espezieari ehiza larriko uxaldietan baizik ezin izanen zaio balaz tiro egin.

c) Itxaronaldi modalitatea: 2012ko azaroaren 1etik 2013ko otsailaren 28a arte ehizatzen ahalko da, ostegun, larunbat eta igandeetan, baita Espainiako, Nafarroako eta herriko jaiegunetan ere, umategien inguruan.

10. artikulua. Eperra eta erbia.

1. Eperra eta erbia ehizatzeko baimena ematen da, 2012ko azaroaren 1etik 2013ko urtarrilaren 31ra arte, igandeetan eta Espainiako, Nafarroako eta herriko jaiegunetan, barruti bakoitzean ezarritako egutegiari jarraikiz, dagokien kontaketekin bat. Ehizatzeko ordutegia gehienez ere 14:00ak arte izanen da.

2. Eskopeta bidezko ehizan, ehiztari bakoitzak, eguneko, bi espezie hauek batera hartuta, hiru ale botatzen ahalko ditu gehienez. Salto-ehizako modalitatean ehiztari bakoitzak, eguneko, erbi bat botatzen ahalko du gehienez, eta uxaldi modalitatean talde bakoitzak bi erbi botatzen ahalko ditu gehienez. Erbia eta eperra ehizatzeko taldeak ez dira inoiz hiru ehiztari baino gehiagokoak izanen. Europar erbia ehizatzeko, uxaldi modalitatean, ehiztari taldeak gehienez ere 6 kidekoak izanen dira.

3. Erbi ehiza xarlangoz egin daiteke, eskopetarik eta makilarik gabe, gehienez ere pertsona edo ehiza taldeko bi xarlango direla eta zakur laguntzailerik gabe, adierazitako egunez gain, larunbatetan ere bai, aldi beraren barnean. Kupoa bi erbikoa izanen da pertsona edo ehiza taldeko, eta taldeak, gehienez ere, 6 pertsonakoak.

4. Ehiza barrutietako esleipen-hartzaileek zigilu edo txartel sistema bat ezarri beharko dute, ehiza egun bakoitzean atzemandako animaliak kontrolatu ahal izateko, animalia harrapatzen den unetik beretik.

5. Larreratzeko baimena ematen da; pertsona bakoitzak gehienez ere 4 txakur (luma eta usna zakurrak baino ez) erabiltzen ahalko ditu, eperra eta erbia dituzten hegoaldeko ehiza barrutietan, 2012ko urriaren 6an, 7an, 13an, 14an, 20an eta 21ean.

6. Eperra eta erbia ehizatzeko egunetan, indarreko ehiza antolatzeko planean espezie horietarako ezarritako babeslekuak erreserbatzat joko dira. Horregatik ezin izanen da inolako ehiza jarduerarik gauzatu haietan. Ehiztariek babeslekuak bideetatik baizik ezin izanen dituzte zeharkatu eta, betiere, arma deskargatuta.

11. artikulua. Untxia.

1. Untxia ehizatzeko baimena ematen da, 2012ko azaroaren 1etik 2013ko urtarrilaren 31ra arte, ostegun, larunbat eta igandeetan, baita Espainiako, Nafarroako eta herriko jaiegunetan ere, barruti bakoitzean ezarritako egutegiari jarraikiz.

2. Untxiaren kalteak justifikatzen dituzten ehiza barrutiak (kalteak direla-eta untxia ehizatzeko baimen berezien bidez), edo barruti osoan 3 IKA baino handiago dutenak, edo horretarako ehiza antolatzeko planetan ezarritako eremu zehatzetan, toki horietan guztietan ehizatzen ahalko dute 2012ko abuztuaren 4tik 2012ko urriaren 7a arte, larunbat, igande eta jaiegunetan, baita Espainiako, Nafarroako eta herriko jaiegunetan ere, modu antolatuan. Mota horretako ehizaldietarako, barrutiak ehizazaina kontratatua izan beharko du, nahitaez. Horretarako, aldez aurretik jakinaraziko zaizkio Landa Garapen, Industria, Enplegu eta Ingurumen Departamentuari ehiza egun zehatzak, kalteen justifikazioa eta zaindariaren kontratazioa.

12. artikulua. Ur hegaztiak.

1. Antzara hankagorrizta, zertzeta arrunta, basahatea, kopetazuri arrunta, hegabera eta istingor arrunta ehizatzeko baimena ematen da, 2012ko azaroaren 1etik 2013ko urtarrilaren 31ra arte, ostegun, larunbat eta igandeetan, baita Espainiako, Nafarroako eta herriko jaiegunetan ere.

2. Basahatea 2012ko abuztuaren 15etik 2012ko irailaren 9a arte ere ehizatzen ahalko da, ostegun, larunbat eta igandeetan, baita Espainiako, Nafarroako eta herriko jaiegunetan ere. Hegoaldeko zonan, aipatu epean, ehiza antolatzeko planek baimendutako eremuetan bakarrik ehizatzen ahalko da.

13. artikulua. Oilagorra.

1. Oilagorra ehizatzeko baimena ematen da, 2012ko urriaren 14tik 2013ko urtarrilaren 31ra arte, egunero, egunsentian hasi eta ilundu baino ordubete lehenagora arte, oihan eremuetan eta ohiko txilina edo txilin elektronikoa duten zakurrak erabilita.

2. Ehiztari bakoitzak hiru animalia harrapatzen ahalko ditu gehienez, eguneko. Ehiza barrutietako esleipen-hartzaileek zigilu edo txartel sistema bat ezarri beharko dute ehiza egun bakoitzean atzemandako animaliak kontrolatu ahal izateko.

3. Pasako postuetan eta uharketan debekatua dago oilagorra ehizatzea.

4. Hotz handiko egun berezietan Landa Garapen, Industria, Enplegu eta Ingurumen Departamentuak epe hori zori egun gisa deklaratzen ahalko du, ehiza debekatuz, eta hedabideen bidez jakinarazi beharko du.

14. artikulua. Birigarro arrunta, garraztarroa, durdula eta birigarro txikia.

1. Birigarro arrunta, garraztarroa, durdula eta birigarro txikia ehizatzeko baimena ematen da, 2012ko azaroaren 1etik 2013ko urtarrilaren 31ra arte, ostegun, larunbat eta igandeetan, baita Espainiako, Nafarroako eta herriko jaiegunetan ere.

2. 2012ko azaroaren 1etik 2013ko urtarrilaren 31ra arte, birigarroa ehizatzeko postuetan ere ehizatzen ahalko da, asteko egun guztietan.

3. Uso migratzaileen postu baimenduetatik ere ehizatzen ahalko dira 2012ko urriaren 1etik abenduaren 31ra arte, usoarentzako baldintza beretan.

15. artikulua. Galeperra.

1. Galeperra ehizatzeko baimena ematen da:

a) Hegoaldeko zonan, 2012ko abuztuaren 15etik 2012ko irailaren 9a arte, ostegun, larunbat, igande eta jaiegunetan, baita Espainiako, Nafarroako eta herriko jaiegunetan ere, ehiza antolatzeko planetan ezarritako eremuen barnean.

b) Iparraldeko zonan, 2012ko abuztuaren 15etik 2011ko irailaren 9a arte, ostegun, larunbat, igande eta jaiegunetan, baita Espainiako, Nafarroako eta herriko jaiegunetan ere, ehiza barruti guztietan.

2. Halaber, espezie hau ehizatzen ahal da eper gorriarentzako barruti bakoitzean baimendutako egun berberetan.

3. Bi zonetan gehieneko kupo bat ezartzen da: ehiztari bakoitzak, eguneko, 10 ale harrapatzen ahal ditu.

16. artikulua. Usapala.

1. Usapala ehizatzeko baimena ematen da:

a) Hegoaldeko zonan, 2012ko abuztuaren 15etik 2011ko irailaren 9a arte, ostegun, larunbat, igande eta baita Espainiako, Nafarroako eta herriko jaiegunetan ere, soilik galeperra tokietan eta usoak ehizatzeko postuetan.

b) Iparraldeko zonan, 2012ko abuztuaren 15etik 2011ko irailaren 9a arte, ostegun, larunbat, igande eta jaiegunetan, ehiza barruti guztietan.

2. Bi zonetan gehieneko kupo bat ezartzen da: ehiztari bakoitzak, eguneko, 2 ale harrapatzen ahal ditu.

17. artikulua. Mika, bele txikia eta belea.

Baimena ematen da mika, bele txikia eta belea foru agindu honetan beste edozein espezie ehizatzeko ezarritako garaietan ehizatzeko, baldintza beretan.

18. artikulua. Pagausoa eta txoloma.

1. Pagausoa eta txoloma ehizatzeko baimena ematen da, 2012ko urriaren 1etik 2012ko abenduaren 31ra arte, baimendutako postu eta txaboletan, asteko egun guztietan.

2. Salto ehizarako baimena ere ematen da, 2012ko azaroaren 1etik 2013ko urtarrilaren 31ra arte, ostegun, larunbat eta igandeetan, baita Espainiako, Nafarroako eta herriko jaiegunetan ere.

19. artikulua. Faisaia.

Faisaia ehizatzeko baimena ematen da, 2012ko azaroaren 1etik 2013ko urtarrilaren 31ra arte, ostegun, larunbat eta igandeetan, baita Espainiako, Nafarroako eta herriko jaiegunetan ere.

IV. KAPITULUA

Zonifikazioa

20. artikulua. Nafarroako Foru Komunitateko lurraldean iparraldeko eta hegoaldeko zonen arteko muga egiten duen marra.

Nafarroako Foru Komunitateko lurraldean iparraldeko eta hegoaldeko zonen arteko muga egiten duen marra hauxe izanen da:

Arabako mugatik hasita, Aguilar Kodesko, Marañongo, Cabredoko eta Genevillako udal mugapeen arteko mugatik; Kodesko haitzetik jarraitzen du eta San Cristóbal, Concepcioneko haitza, Ubagoko mendiak, Cabregako mendilerroa, Los Arcos-Mendaza errepideko 6. kilometroa, San Gregorioko gaina, Etaiu eta Monjardinetik Labeagara doan uren isurialdeen banatzailean barna, Gasteiz eta Lizarra arteko errepideraino, errepide horretatik Lizarraraino jarraituz. Hortik, Lizarra-Gares errepidean gaindi, Allozko errepideko bidegurutzeraino, gutxi gorabehera, Lorkara ailegatu baino kilometro erdia lehentxeago; bidegurutze horretatik Allozko errepidean barna Aritzalaraino. Aritzalako udal mugapean Muetz, Jaitz, Izurtzu eta Etxaurin barnako errepidetik segitzen du, eta hortik zuzenean Arga ibairaino, Otazu eta Eriete artean, ibaiari jarraikiz Hiriberriraino. Hiriberritik, uren isurialdeen banatzailean barna Ipasatetik Erreniega mendatera eta handik ur isurialdeen banatzailean barna Erreniegako gaineraino, ondotik Ondarra Fundaziotik barrena jaitsiz, Biurrungo errepidetik Garesko errepidera, Zaragozako errepideko bidegurutzeraino; hortik Diputazioaren harrobitik Alaitz mendikateko kaxkora, eta aipatu mendikateko eta Izkoko uren isurialdeen banatzailean barna Loitiko gaineraino. Hortik, N-240 errepidean zehar, Nardozetik pasatuz, Venta de Judas delakora, eta hartatik Irunberriko errepidean barna herrira ailegatu arte. Irunberritik Leireko Monasterioko bideari jarraikiz, mendikateko ur isurialdeen banatzailean barna eta banatzaile horretan gaindi Zaragozako probintziako mugara ailegatu arte.

Iparraldeko zonan Petilla Aragoi eta Petillako Los Baztanes sartzen dira.

V. KAPITULUA

Usoa ohiko pasabideetan ehizatzeko arauak

21. artikulua. Tiro egiteko postuak.

Tiro egiteko postuak, bai isolatuak bai ilaran daudenak, finkoak izanen dira eta mendilerroen tontorretan edo horien magalen goiko aldeetan beharko dute egon. Debekaturik dago eskopetekin batetik bestera ibiltzea eta armak zorroetatik kanpo izanda ehiza postuetatik at ibiltzea, ehiztaria postutik hurbil erori den usoa jasotzera joaten den kasuetan izan ezik, kasu horietan arma kargatua eramaten ahalko baitu.

22. artikulua. Postuetarako baimena ematea.

1. Uso migratzaileak ehizatzeko tiro egiteko postu edo txabola berri bat jartzea edo baimendutakoak tokiz mugitzea Landa Garapen, Industria, Enplegu eta Ingurumen Departamentuak baimendu beharko du, dagokion Ehiza Antolatzeko Planean.

2. Tipo egiteko postuek, itxarote lerroan kokatuek, gutxienez ere 50 metroko aldea izanen dute beren artean.

23. artikulua. Interferentziak.

Postuen artean interferentziarik bada, zaharrenak izanen du lehentasuna. Interferentzia dago lehentasunezko postuaren eraginkortasuna gutxitzen denean eta ukituriko postuen titularren artean batera ehizatzeko adostasunik ez dagoenean.

24. artikulua. Postuen aprobetxamendua.

Postuak ehiza administratzeko ezarritako arauekin bat aprobetxatuko dira.

25. artikulua. Debekuak.

Debekaturik dago usoek hartutako bidea aldatzeko keinu, tiro edo beste edozein sistema erabiliz usoak izutu eta uxatzea. Nolanahi ere, zilegi da legeari jarraituz ezarritako txaboletan, bizirik, itsutu eta elbarritu gabeko apeuko usoak erabiliz usoak ehizatzea, betiere horrek usoari bere bidea utzarazten ez badio eta, horren ondorioz, legez paratutako beste postuetako ehiza galarazten ez badu.

26. artikulua. Postuen ezaugarriak.

Postuek, bai itxuraz bai erabilitako materialen aldetik, paisaian ez nabarmentzeko modukoak izan behar dute. Ingurua garbitasun aldetik behar bezala edukitzea ehiza barrutia kudeatzeko arduradunaren eta aprobetxamenduaren titularraren erantzukizuna da. Landa Garapen, Industria, Enplegu eta Ingurumen Departamentuak, hala badagokio, legezko neurriak hartuko ditu baldintza horiek betetzen ez dituzten postuetan ehiza eragozteko.

27. artikulua. Postuen iraungitzea.

Ehiza postu bat hurrenez hurreneko hiru urtean ez erabiltzeak baimenaz gabetzea ekarriko du berarekin.

28. artikulua. Ehiztari kopurua postu bakoitzeko eta eskopeten erabilera.

Usoa ehizatzeko baimendutako postu bakoitzean gehienez ere hiru ehiztari aritzen ahalko dira aldi berean. Ehiztari bakoitzak eskopeta bakarra edukitzen ahalko du postuan.

VI. KAPITULUA

Birigarroa baimendutako postuetatik ehizatzeko arauak

29. artikulua. Tiro egiteko postuak.

Ehiza postuak finkoak izanen dira, eta debekatua dago eskopetarekin batetik bestera ibiltzea eta postuetatik kanpora armak zorrotik aterata eramatea, postutik hurbil eroritako birigarroren bat biltzeko izan ezik. Horrelakoetan, arma deskargatuta eraman beharko da.

30. artikulua. Postuetarako baimena ematea.

1. Postu berri bat jartzea edo baimendutakoak tokiz mugitzea Landa Garapen, Industria, Enplegu eta Ingurumen Departamentuak baimendu beharko du, dagokion ehiza antolatzeko planean.

2. Postu bakoitza beste postuen ohiko tirabidetik kanpo kokatuko da. Postuen artean gutxienez 50 metroko tartea egonen da.

31. artikulua. Postuen ezaugarriak.

Postuek, bai itxuraz bai erabilitako materialen aldetik, paisaian ez nabarmentzeko modukoak izan behar dute. Ingurua garbitasun aldetik behar bezala edukitzea ehiza barrutia kudeatzeko arduradunaren eta aprobetxamenduaren titularraren erantzukizuna da. Landa Garapen, Industria, Enplegu eta Ingurumen Departamentuak, hala badagokio, legezko neurriak hartuko ditu baldintza horiek betetzen ez dituzten postuetan ehiza eragozteko.

32. artikulua. Postuen iraungitzea.

Postu bat hurrenez hurreneko hiru urtean ez erabiltzeak baimenaz gabetzea ekarriko du berarekin.

33. artikulua. Ehiztari kopurua postu bakoitzeko eta eskopeten erabilera.

Birigarro ehizarako baimena duen postu bakoitzean, gehienez ere hiru ehiztari egoten ahal dira aldi berean. Ehiztari bakoitzak eskopeta bakarra edukitzen ahalko du postuan.

VII. KAPITULUA

Xedapen bereziak

34. artikulua. Eperra harrapatzea, apeu bidez.

Eperra apeu bidez harrapatzea debekaturik dago.

35. artikulua. Gizakiak hazi eta mendira botatako ehiza.

Gizakiak hazi eta mendira botatako ehizaren modalitatea onetsitako ehiza antolatzeko planetan ezarritako eremuetan egiten ahalko da soilik. Eremu horiek erabiltzeko epea hurrengo hau izanen da: 2012ko abuztuaren 15etik 2013ko otsailaren 28a arte, ostegun, larunbat eta igandeetan, baita Espainiako, Nafarroako eta herriko jaiegunetan ere.

36. artikulua. Hegan doazen hegazti migratzaileak ehizatzeko postuak, ehiza elkarte frantsesekin partekatuak.

Hegan doazen hegazti migratzaileak ehizatzeko postuetan, ehiza elkarte frantsesekin batera daudenetan, Frantzian dauden baldintza berberetan ehiza daiteke udazkeneko migrazioan, baina bakar-bakarrik Nafarroan baimendutako espezieak.

37. artikulua. Ehiza kiroleko txapelketak.

Ehiza kiroleko txapelketak egiteko beharrezkoa izanen da Landa Garapen, Industria, Enplegu eta Ingurumen Departamentuko Biodibertsitatea Zaintzeko Zerbitzuaren aldez aurreko aldeko txostena.

Foru agindu honetan ezarritako kopuruak Landa Garapen, Industria, Enplegu eta Ingurumen Departamentuak aldez aurretik onetsitako ehiza kiroleko txapelketetan gainditzen ahalko dira.

Ehiza kiroleko txapelketak Nafarroako Ehiza Federazioak baizik ez ditu antolatuko.

38. artikulua. Ehizatutako animaliak.

Ehizatutako animaliak etxeratu baino lehen lumatu edo larrutzen badira, burua eta hankak erauzi gabe bertan eduki behar dituzte, identifikatu ahal izateko.

39. artikulua. Inurri hegodunak.

Debeku da inurri hegodunak harrapatu, eduki edo merkaturatzea, baita karnata gisa erabiltzea ere.

40. artikulua. Zakurrak hezteko eremuak.

Zakurrak hezteko eremuak, ehiza antolatzeko planetan baimenduak, plan bakoitzean zehaztutakoaren arabera erabiltzen ahalko dira.

41. artikulua. Segurtasun neurriak ehiza larriko uxaldietan.

Ehiza larriko uxaldiak behar bezala seinalatuko dira bide eta sarbideetan. Segurtasun neurri gisa, ehiztariek eta uxatzaileek ikusgarritasun handiko txalekoak jantzi beharko dituzte.

Eite handiko nekazaritzako laboreetan egiten diren uxaldietan, postuak goratuak egonen dira, lurraren gorabeherak probestuz, edo egitura berariazkoen gainean.

42. artikulua. Prezintoak.

Nahitaezkoa izanen da prezinto zenbakidunak erabiltzea, harrapatutako orein eta orkatzen gainean paratzeko, ehiza antolatzeko dagokion planean ezarritako kopuruen arabera.

Plastikozko prezinto bakoitzak bere zenbakia izanen du, baita egunak, hilabeteak eta urteak identifikatzeko moduko zenbakikuntza bat ere, harrapaketa zein egunetan egin zen markatu ahal izateko, kasuan kasuko zenbakiak eta datuak erauziz.

Prezintoak sistema bat izanen du hura itxi ondoan ireki ahal ez izateko.

Landa Garapen, Industria, Enplegu eta Ingurumen Departamentuak emanen ditu prezintoak, ehiza barrutia kudeatzeko arduradunak eskatuta, kostuaren prezioa pagatu ondoan.

Ehizan ateratzen den bakoitzean, harrapatu nahi diren animalien kopuru adina prezinto, edo prezinto gehiago, eraman beharko dira.

Animalia harrapatu ondoren, ezin da handik mugitu harik eta prezintoa paratu eta harrapaketaren eguna markatu arte.

Eseki-lekuko tendoiaren eta hankaren artean paratuko da prezintoa; ondoren, itxi eta, erauziz, zein egunetan harrapatu den markatuko da. Adarrak dituzten animalien kasuan, prezintoa errosetaren gain-gainean paratuko da, baldin eta harrapatutako animalia aski handia bada, prezinto itxia adarretik ez ateratzeko adinakoa.

XEDAPEN GEHIGARRI BAKARRA

Merkaturatzeko debekua

2012-2013 ehiza-denboraldian, debekaturik egonen da oilagorra merkaturatzea.

AZKEN XEDAPEN BAKARRA

Indarra hartzea

Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2012ko ekainaren 8an.-Landa Garapen, Industria, Enplegu eta Ingurumeneko kontseilaria, Lourdes Goicoechea Zubelzu.

Iragarkiaren kodea: F1209070