125. ALDIZKARIA - 2012ko ekainaren 28a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ZIZUR NAGUSIA

Osoko Bilkuraren erabakia baliogabetzeari buruzko deklarazioa

Zizur Nagusiko Udalak ondoren osorik ematen den erabaki hau hartu zuen 2012ko maiatzaren 31n egin osoko bilkuran:

"Zizur Nagusiko Udaleko Tokiko Gobernu Batzarrak, 2011ko abenduaren 18an egin bilkuran, hasiera batean onetsi zuen Ardoi sektoreko plan partzialeko aldaketa puntuala, H 29-3 lurzatiari dagokiona, ACR-2 Promociones, S.L.k sustatua.

Espedientea jendaurrean egon zen eta inork ez zuen alegaziorik aurkeztu; beraz, behin betiko onetsi zen Zizur Nagusiko Udalak 2012ko urtarrilaren 27an hartu erabakiaren bidez eta 2012ko 34. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, otsailaren 17an.

Nafarroako Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salak, 2012ko martxoaren 30eko epaiaren bidez, baietsi egin zuen administrazioarekiko 864/2010 auzi-errekurtsoa, Pedro María Osacar Iberok eta beste batzuek aurkeztua, Zizur Nagusiko Udalak 2010eko ekainaren 24an hartu erabakiaren aurka, behin betiko onesten baitzuen Ardoi sektoreko plan partzialeko aldaketa puntuala, H-27, H-28 eta H-29 lurzatietakoa, eta aipatutako erabakiak baliorik ez zuela deklaratzen baitzuen.

Ardoi sektoreko plan partzialeko aldaketa puntuala, 29-3 lurzatiari buruzkoa, aurretik plan partzialean H-27, H-28 eta H-29 lurzatiei buruz egindako aldaketa batetik dator, ekainaren 5eko 6/2009 Foru Legearen 1. xedapen iragankorrean xedatuaren babesean tramitatu baitzen; beraz, aurreko aldaketa hori baliogabea dela deklaratu denez gero, baliogabetasuna ondorengo aldaketara igarotzen da, behar adinako babes juridikorik gabe geratzen baita, eraikigarritasunaren handitzea 2010eko ekainaren 24an onetsitako aldaketaren bidez gertatzen delako.

2010eko ekainaren 24ko aldaketaren aurreko planeamendutik abiatuta 2012ko urtarrilaren 27ko aldaketak lege babesa izatea, horixe izango litzateke aldaketak indarrean jarraitzeko aukera bakarra.

Nolanahi ere, hori ez da gertatzen, Ardoiko plan partzialetik azken aldaketa horretara "jauzi" egiteak Zizur Nagusiko Udal Planeko egiturazko determinazioen aldaketa eskatuko lukeelako, 2012ko martxoaren 30eko epaiak erakutsitakoaren ildotik. Aldaketa horrek aipatutako prozedura hori izan ez duenez, plan partzialeko aldaketa gisa tramitatu baita, zuzen, aurreko aldaketa indarrean zegoen bitartean, bidezko da baliogabea dela deklaratzea eta erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Horiek horrela, honako hau erabaki da:

1. Deklaratzea baliogabeak eta eraginik gabekoak direla bai Udal honek 2012ko urtarrilaren 27an hartutako erabakia, behin betiko onesten zuena Ardoiko plan partzialeko aldaketa puntuala, H-29-3 lurzatiari buruzkoa eta ACR-2 Promociones S.L.k sustatua, bai aldaketa puntuala bera.

2. Erabaki hau jakinaraztea ACR-2 Promociones S.L.ri.

3. Erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea."

Zizur Nagusian, 2012ko ekainaren 4an.-Alkatea, Luis María Iriarte Larumbe.

Iragarkiaren kodea: L1208575