125. ALDIZKARIA - 2012ko ekainaren 28a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.1. Foru legeak eta legegintzako foru dekretuak

12/2012 FORU LEGEA, ekainaren 21ekoa, Nafarroako Gobernuko kideen eta Nafarroako Foru Komunitatearen Administrazioko goi karguen bateraezintasunei buruzko azaroaren 4ko 19/1996 Foru Legea aldatzen duena.

NAFARROAKO GOBERNUKO LEHENDAKARIA NAIZEN HONEK.

Aditzera ematen dut Nafarroako Parlamentuak onetsi duela honako:

FORU LEGEA, NAFARROAKO GOBERNUKO KIDEEN ETA NAFARROAKO FORU KOMUNITATEAREN ADMINISTRAZIOKO GOI KARGUEN BATERAEZINTASUNEI BURUZKO AZAROAREN 4KO 19/1996 FORU LEGEA ALDATZEN DUENA.

ZIOEN AZALPENA

Foru Lege honek 19/1996 Foru Legea aldatzen du, eta, horretarako, 19/1996 Foru Legeko zioen azalpenean adierazi bezala, Nafarroako Parlamentuko kideen gehiengo osoak onets dezala eskatzen da, hala ezartzen baita Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 20.2 eta 25. artikuluetan eta Nafarroako Parlamentuaren Erregelamenduaren 152. artikuluan.

Artikulu bakarrean jasotzen dira 19/1996 Legearen artikuluetan egin beharreko aldaketak, lege hori Gardentasunari eta Gobernu Irekiari buruzko Legean ezarritako irizpide berrietara egokitze aldera: publizitatea, gardentasuna, bai eta mugak ere ordainsariak, diru-sarrerak edo dietak eta kargua utzi ondorengo ordainsariak kobratzeari dagokionez. Eta xedapen iragankor bakarrean gaur egun goi kargu ohi direnen araubideari eustea aurreikusten da.

Artikulu bakarra.-Nafarroako Gobernuko kideen eta Nafarroako Foru Komunitatearen Administrazioko goi karguen bateraezintasunei buruzko azaroaren 4ko 19/1996 Foru Legearen aldaketa.

Ondotik adierazten diren foru lege horren aginduak era honetan aldatzen dira:

Bat.-2. artikuluaren 1. idatz-zatia honela idatzita geldituko da:

"1. Foru lege honen ondorioetarako, honako hauek dira goi karguak:

a) Nafarroako Gobernuko lehendakaria eta kontseilariak.

b) Lehendakariaren eta Nafarroako Gobernuko kontseilarien kabineteetako kideak, administrazio-kontratudun langileak izan ezik.

c) Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko zuzendari nagusiak.

d) Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren menpeko erakunde publikoetako zuzendari kudeatzaileak.

e) Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde publikoen sozietate publikoetako zuzendari kudeatzaileak eta horien parekoak direnak.

f) Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko eta haren erakunde autonomoetako fundazio publikoetako zuzendariak eta horien parekoak direnak, kargu horietan aritzeagatik aldizkako ordainsari finkoak jasotzen badituzte."

Bi.-3. bis artikuluaren 2., 3. eta 4. idatz zatiak honela idatzita geldituko dira:

"2. Kargua utzi eta biharamunetik aurrera, Nafarroako Gobernuko kideek, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko zuzendari nagusiek eta haren menpeko erakunde publikoetako zuzendari kudeatzaileek eskubidea izanen dute hilabetero prestazio ekonomiko bat jasotzeko; hain zuzen ere, kargua uzten dutenean jasotzen ari ziren urteko guztirako ordainsarien % 80aren hamabiren bat. Karguan egondako denbora zenbat izan den, denbora horren erdia egiten duen epe batez jasotzen ahalko dute prestazio hori; betiere, hogeita lau hileroko jasotzen ahalko dituzte gehienez.

Prestazioa sorrarazten den bitartean, ez bada bidezkoa interesdunari bere aurreikuspen sozialeko sisteman alta ematea, Gizarte Segurantzako Diruzaintza Nagusiarekin hitzarmen berezi bat sinatzen ahalko du, eta horren ondoriozko kotizazioak itzultzeko eskubidea izanen du.

3. Aurreko idatz-zatian araututako prestazioa bateraezina da honako hauekin:

a) Beste edozein lanpostutan aritzeagatiko ordainsariekin, sektore publikokoak izan, edo pribatukoak izan.

b) Edozein lanbide edo merkataritza jardueratatik etorritako diru-sarrerekin.

c) Nafarroako Parlamentura edo beste edozein organismo edo erakunde publikotara joateagatiko dietekin.

d) Enpresa publiko edo pribatuen administrazio kontseiluetara joateagatiko dietekin.

e) Aurreikuspen sozialeko edozein araubide publikotako erretiro-sariekin.

Ordainsari, erretiro-sari edo diru-sarrera horiek, urteko guztiak kontatuta, baxuagoak badira aurreko idatz-zatian adierazitako prestazio ekonomikoa baino, eskubidea izanen dute bien arteko aldea jasotzeko, bakarrik.

4. Administrazio publiko batean edo horien menpeko erakunde autonomo batean lanpostu bat erreserbaturik duten enplegatu publikoek ez dute aurreko idatz-zatietan ezarritako prestazio ekonomikoa inolaz ere jasoko".

Hiru.-3. bis artikuluari idatz-zati bat gehitzen zaio:

"6. Nafarroako Gobernuko kide ohiek, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko zuzendari nagusi ohiek eta haren menpeko erakunde autonomoetako zuzendari nagusi ohiek, artikulu honen 2. idatz-zatian xedatutakoaren arabera, jasotzen dituzten prestazio ekonomikoak Nafarroako Gobernuak Interneten duen atarian argitaratuko dira, erregelamenduz ezartzen den bezala."

Lau.-5. artikuluaren 1. idatz-zatiko b) letra kentzen da.

Bost.-6. artikuluari idatz-zati bat gehitzen zaio:

"d) Irakaslana unibertsitateko zentroetan, betiere lanaldi partzialean egiten baldin bada, denbora jakin baterako, eta kargu publikoan aritzeari kalte egiten ez badio."

Sei.-9. artikulua honela idatzita geldituko da:

"9. artikulua. Erregistroko atalen eta haietan agertzen diren datuen publikotasuna.

1. Jardueren Erregistroa publikoa da, eta hango informazioa eskuratzeko araubidea foru lege honetan, oinarrizko legedian eta horiek garatzeko onesten diren arauetan xedatuta dago.

2. Ondare Ondasun eta Eskubideen Erregistroa erreserbatua da, eta hango informazioa eskuratzen ahalko dute, interesdunaz gainera, honako organo hauek:

a) Nafarroako Parlamentuak, haren erregelamenduak ezartzen duenari jarraikiz, eta Comptos Ganberak, hura arautzeko foru legeak ezartzen duenari jarraikiz.

b) Organo judizialek, erregistroko datuak jakitea behar duten prozesuak instruitu edo ebazteko, prozesuei buruzko legeetan xedatutakoari jarraikiz.

c) Fiskaltzak, bere eginkizunetan ari dela, erregistroko datuak jakitea eskatzen duten ikerketa lanak egiteko.

3. Aurrekoa gorabehera, Nafarroako Gobernuko kideek eta Administrazio Publikoko goi kargudunek, bateragarriak diren jardueretan aritzeagatik, jasotzen dituzten ordainsariei eta bestelako diru-kopuruei buruzko erregistro datuak, eta agintaldiaren edo kargu publikoko aldiaren hasieran, bitartean eta bukaeran dituzten ondare ondasun eta eskubideei buruzkoak, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atarian argitaratuko dira, erregelamenduz ezartzen den moduan. Horren ondorioetarako, ondare ondasun eta eskubideei buruzko datuak argitaratuko dira haien balioaren eta eskuratzeko moduaren berri emateko, baina kokapena saihestuko da eta titularren pribatutasuna eta segurtasuna begiratuko dira."

Xedapen iragankor bakarra.-Gaur egun goi kargudun ohi direnen araubidea.

Foru lege honen bidez azaroaren 4ko 19/1996 Foru Legeari, hots, Nafarroako Gobernuko kideen eta Nafarroako Foru Komunitatearen Administrazioko goi karguen bateraezintasunei buruzkoari, egindako aldaketak ez zaizkie aplikatuko gaur egun goi kargu ohi direnei, egoera horretara iritsi ziren unean indarra zuen araudiaren pean segituko baitute.

Xedapen indargabetzaile bakarra.-Arauak indargabetzea.

Indarrik gabe gelditzen dira foru lege honetan xedatutakoari aurka egiten dioten maila bereko edo txikiagoko xedapen guztiak.

Azken xedapenetan lehena.-Arau-garapena.

Nafarroako Gobernuari ahalmena ematen zaio behar adina xedapen eman ditzan foru lege honetan ezarritakoa garatu eta betearazteko.

Azken xedapenetan bigarrena.-Indarra hartzea.

Foru lege honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta sei hilabetera hartuko du indarra.

Nik, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 22. artikuluan xedatutakoa bete dadin, foru lege hau B.M. Erregearen izenean aldarrikatzen dut, Nafarroako Aldizkari Ofizialean berehala argitara eta "Estatuko Aldizkari Ofizialera" igor dadila agintzen dut eta herritar eta agintariei bete eta betearaz dezatela manatzen diet.

Iruñean, 2012ko ekainaren 21ean.-Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Yolanda Barcina Angulo.

Iragarkiaren kodea: F1209627