120. ALDIZKARIA - 2012ko ekainaren 22a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

68E/2012 EBAZPENA, maiatzaren 28koa, Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendariak emana, Ingurumen ukipenetarako baimena ematen duena, zenbait baldintzarekin, Eltzaburuko (Ultzama) 18. poligonoko 448. lurzatian etxebizitza bat eraberritzeko proiekturako. Sustatzailea Juan Ignacio Erroz Erviti da.

2011ko irailaren 13an Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuan sartu zen txosten honen idazpuruan aipatutako jarduerari dagokion Ingurumen ukipenetarako baimena lortzeko eskaera. Sustatzailea Juan Ignacio Erroz Erviti da. Espedientea abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2C eranskineko P epigrafean sartua dago. Beraz, Ingurumen ukipenetarako baimena behar du. Foru dekretu horrek Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onetsi zuen.

Proiektatutako jarduketaren xedea da etxebizitza bat eraberritzea Eltzaburun. Ultzamako eta Basaburuko Hariztiak izeneko paisaia babestuaren barrenean dago eraikuntza kokatzen den lurzatia (88/2006 Foru Dekretua); hortaz, bidezkoa da haren ingurumeneko tramitazioa egitea. Bestalde, eta kontuan izanik hura egiteko bestelako proiektuak martxan jar litezkeela, hala nola sarbidea egitea edo beste linea elektriko bat paratzea, Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuak, 2011ko azaroaren 11n, informazio osagarriaren errekerimendua egin zuen, egin litezkeen azpiegitura horien gaineko informazio gehiago izateko.

Sustatzaileak errekerimenduari erantzuna eman zion, departamentu honetan 2012ko otsailaren 15ean sartua; eta harrezkeroztik eskatu zaizkie informazioak jarduketaren hirigintzako bateragarritasunaren inguruan Sustapen eta Etxebizitza Departamentuari eta Ultzamako Udalari.

Egungo eraikuntzak, katastroko datuen arabera, nekazaritzako biltegi gisako sailkapena dauka; hala ere, Ultzamako Udal Plan berriaren 218.2 artikuluan ezarritakoarekin bat, egun bizigarritasunaren zedula ez daukaten etxebizitzek aurreko erabilera frogatzen duen beharrezko dokumentazioa aurkezten ahal dute. Etxebizitza gisa erabili zela frogatzen duen dokumentazioa aurkeztu du sustatzaileak, eta espedientean sartu da.

Dokumentazioa aztertu ondoan, eta kontuan izanik jarduketak bere kokapenaren espazio babestuan sortzen ahal dituen ukipenak, haren aldeko txostena egin da, betiere ebazpen honen xedapen zatian dauden zehaztapenak betetzen badira. Orobat, adierazi behar da ez dela espero hura egiteak ukipen aipagarririk ekartzea ingurumenaren gainean.

Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen du Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak arrazoituz ebatziko duela Ingurumen ukipenetarako baimena eman edo ukatzeari buruz.

Foru dekretu horren 31.2 artikuluak ezartzen du Ingurumen ukipenetarako baimenak lurzoru urbanizaezinean baimentzen ahal diren jardueretarakoa ere bilduko duela, eta horrek Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen ditu. Horretarako, Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuak 2012ko maiatzaren 21ean egindako aldeko txostena sartu da espedientean.

Eskaera Ultzamako Udalari igorri zaio, 93/2006 Foru Dekretuaren 35. artikuluan xedatutakoarekin bat. Erantzuna 2012ko martxoaren 7an jaso zen. Bertan adierazi zen jarduketa bateragarria dela hirigintzaren aldetik, baldin eta Sustapen eta Etxebizitza Departamentuaren beharrezko baimena badauka.

Espedientean dauden txostenak ikusirik eta Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren irailaren 13ko 1436/2011 Ebazpenaren bidez eskuordetutako eskumenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Ingurumen ukipenetarako baimena ematea, zenbait baldintzarekin, Eltzaburuko (Ultzama) 18. poligonoko 448. lurzatian etxebizitza bat eraberritzeko proiekturako. Sustatzailea Juan Ignacio Erroz Erviti da.

2. Baimena neurri zuzentzaile hauek betetzearen baldintzapean egonen da:

-Egungo eraikina eraberritzeko eginen dira obrak, baita hura bizigarria izan dadin behar diren zerbitzuak emateko ere, eta ez da baimenduko eraikina handitzea, egungo arkitekturari eutsiko baitio, paisaian integratuta egoteko orain dagoen bezala.

-Sarbidea egiteko obretan, egungo bidea konponduko da, oraingo trazadura erabiliz Mitxelkoneko Bordatik.

-Etxebizitzari energia hornidura emateko linea elektrikoa, sustatzaileak aipatu bezala, lur azpikoa izanen da.

-Ez da zuhaitzik moztuko. Zuhaitzen bat moztea ezinbestekoa bada, zuhaitzak mozteko beharrezko baimen administratiboa eskuratuko da, departamentu honetako Oihanak Kudeatzeko Atalak emanen duena.

-Eraikuntzako eta eraispeneko hondakinak edo lur soberakinak sortzen badira, bete beharko dira Nafarroako Foru Komunitateko lurraldean eraikuntza eta eraispenetako hondakinen sorrera eta kudeaketa arautzen dituen martxoaren 28ko 23/2011 Foru Dekretuaren zehaztapenak.

Hirigintza arlokoak:

-Jatorrizko eraikuntzaren bolumetria mantenduta eginen da eraberritzea, eragin txikiena sortuko duten formak eta materialak erabiliz, bai eta ingurunearekin eta paisaiarekin bat egiten laguntzen dutenak ere.

-Eraikinaren hirigintzako parametro guztiak Ultzamako Arau Subsidiarioetako araudi orokor nahiz partikularrean xedatura egokituko dira, baita Eraikuntzari buruzko ordenantza orokorrean lurzoru urbanizaezineko eraikuntzari buruzko artikuluetan xedatutakora ere; kasu horretan, bizitegitarako erabilera izanik, herriguneetako bizitegitarako eraikuntzari dagozkion artikuluak aplikatuko dira.

-Egungo eraikina eraberritzeko ezinbestekoa den horretara mugatuko da esku-hartzea lurzatian, lurzatiaren gainerakoa ukitu gabe; haren erabilerak bateragarria izan behar du lurzoruaren sailkapenari dagozkionekin.

-Finka azalera osoa eraikuntzari atxikia gelditzearen mende egonen da, erregistroko inskripzioaren bidez eta honek lurzatia banantzea ezinezkoa dela adieraziko du.

-Ukituta gera litezkeen edo jarduketa gauzatzea baldintzatzen ahal duten zortasunei dagokienez, eta arloaren arabera eskudunak diren organoen beharrezko baimenei dagokienez, bizigarritasunaren tramitazioa barne departamentu honetan, eskatzaileak berak eskuratuko ditu, obrak gauzatu baino lehenago.

3. Proiektuaren Ingurumen ukipenetarako baimena eskuratzeko ezinbestekoa da 1.000 euroko fidantza jartzea, baimendutako jarduerak kalterik sortzen badu haiek lehengoratu edo gutxituko direla bermatzeko.

4. Baimen honek, gainera, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezartzen diren ondorioak izanen ditu. Artikulu horretan, lurzoru urbanizaezinean egin behar diren jarduerak baimentzeko prozedura ezartzen da.

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, horren kontra gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Landa Garapen, Industria, Enplegu eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua.

Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita kontatuko dira.

6. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

7. Ebazpen hau Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuari, Ultzamako Udalari, Basozaintzari (Ultzama-Arakil aldeko barrutia) eta interesdunari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2012ko maiatzaren 28an.-Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendaria, Pedro Zuazo Onagoitia.

Iragarkiaren kodea: F1208241