120. ALDIZKARIA - 2012ko ekainaren 22a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

598/2012 EBAZPENA, maiatzaren 25ekoa, Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiak emana, Salestarrak Udalez gaindiko Plan Sektorialari buruzko Ingurumen ondorioen adierazpena egiten duena. San Joan Boscoren Salestarren Kongregazioak, Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuak eta "Viviendas de Navarra S.A."k sustatu dute.

2011ko martxoaren 21ean, San Joan Boscoren Salestarren Kongregazioak, Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuak eta "Viviendas de Navarra S.A."k Salestarrak Udalez gaindiko Plan Sektorialari buruzko dokumentazioa aurkeztu zuten, Iruñeko eta Eguesibarko udal mugapea ukitzen baitu. Xedea da hura tramitatzea Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 45. artikuluan xedatuaren arabera, eta Ingurumen ebaluazio estrategikoaren prozeduraren menpe jartzea.

Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearen 3. eranskineko A) 4 atalean ezarritakoaren arabera, udalez gaindiko plan sektorialei ingurumen ebaluazio estrategikoa eta ingurumen ondorioen adierazpena egin behar zaizkie, plana onestearekin batera edo lehenago.

Nafarroako Gobernuak 2011ko maiatzaren 9an hartutako Erabakiaren bidez, Salestarrak Plana Udalez gaindiko Plan Sektorial izendatu zen, eta jendaurrean paratu 2011ko 105. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuta, ekainaren 1ean. Jendaurreko aldian 10 alegazio-idazki jaso ziren, jendaurreko tramitea barruan hartzen zuten bi prozeduren aurka. Zehazki ingurumenari buruzkoak diren alderdiak ditu Urbi Auzo Elkarteak aurkeztutako alegazio idazkiak. Alegazioan adierazten dute proposatutako UPSak ez duela azterlan seriorik irisgarritasunari eta iraunkortasunari buruz, eta ez dakarrela inolako irizpiderik auzokideentzako espaziorik, edo oinezkoentzako edo txirrindularientzako ibilbiderik edo sozializatzeko tokirik eskuratzeko. Berdegune publikoen kokaerari dagokionez, irizten dute tratamendu apal-apala dutela eta muga aldean daudela kokaturik, hirigintzaren aldetik balio gutxi duten eremu irregularretan.

Salestarrak Planak bi esparru ditu, bata 13.961,12 m²-koa, Iruñeko udal mugapean, eta bestea 183.620 m²-koa, Eguesibarkoan. Planaren helburua da salestarren ikastetxearen lekualdaketa posible egitea, Iruñetik Eguesibarko Sarrigurenera. Jarduera ekonomikorako eremu bat garatzea planteatu da, Sarrigurengo ekohiriari lotua eta atxikia. Bertan ekipamendurako lurzatia egonen da, ikastetxea hartuko duen hori, baita beste azalera batzuk ere, jarduera ekonomikoetarako erabiliko direnak, hala nola merkataritzako establezimendu bat. Iruñeko Aralar karrikan dagoen orubearen hirigintzako baldintzak ere arautzen ditu UPSak. Bertan bizitegitarako garapena aurreikusten da.

Ingurumen ondorioen azterlana esparruaren lurren karakterizazioa eta diagnostikoa eginda hasten da, ingurumenaren aldetik balore garrantzitsuenak identifikatuz, hala nola Grande erreka-zuloko ibai ertzeko landaredia eta haren uholde lautada hego-mendebaldeko muturrean, eta 26. iraganbidea, esparrua iparraldetik hegoaldera gurutzatzen duena.

UPSan bildutako jarduketen laburpena eta Ingurumen ondorioen azterlanaren ildo nagusiak eranskinean agertzen dira laburtuta.

Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuaren 2011ko ekainaren 1eko txostenean zehaztu zitzaion sustatzaileari zer alderdi konpondu behar ziren ingurumenaren aldetik espedientea tramitatzen ari zela. Zehazki, Ingurumen ondorioen azterlanean adierazitako prebentzio neurriak eta neurri zuzentzaileak zehaztu behar zituen, Sarrigurenen eta Olatzen artean oinezkoentzako eta txirrindularientzako bideen lotura, bai eta euri urak ez kutsatzeko neurri zuzentzaileak ere, plana garatu ondoko soinu egoera ebaluatzea eta soinu zonifikazioa garatu beharreko esparruan.

Abelbideari dagokionez, trazadura berria P26 iraganbiderako proposatzen du planak, Labioko bidera eramanda, eta, hortaz, UPSko esparrutik kanpo; modu horretan, hirigintzako garapen berria inguratu egiten da. Proposamen horri dagokionez, Plangintza eta Laguntza Atalaren 2011ko maiatzaren 5eko txostenak zehazten zituen zein baldintzatan trazaduraren, zabaleraren eta titulartasunaren aldetik baimentzen ahal zen trazadura aldaketa hori.

Arkeologia Atalak, 2010eko maiatzaren 26ko aldeko txostenaren bidez, ezarri zuen ezen, okupatu beharreko azalera hain zabala izanda eta handik gertu aztarnategi arkeologikoak egonda (El Cerro I, La Playa Grande I eta II), edozein jarduketak dagokion segimendu arkeologikoa eraman behar duela, prebentzio neurri gisa. Alderdi hori Ingurumen ondorioen azterlanean dago sartuta, eta neurri gisa proposatzen da urbanizazio proiekturako.

2011ko ekainaren 1ean sustatzaileari igorritako txosten horretan, adierazi zen ezen, ingurumeneko zarataren aldetik, ikastetxe berria PA30 Ekialdeko Ingurabidetik hurbil paratzea ez dela oso egokia, hura bide ardatz handietakoa baita. Ikusi zen zarataren gainean erantsitako azterlanak frogatzen zuela ez zirela bete soinu kalitatearen helburuak irakaskuntza eremuan paratutako 2 hargailutan gutxienez, PA-30 Ekialdeko Ingurabidearen ondoan soinu pantaila bat jartzea planteatu bazen ere (190 m lineal eta 3 m altu). Azpimarratu behar da neurri zuzentzaile horiek dagoeneko urbanizatuta dauden eremuetan soinu zuzenketa egiteko erabili behar direla, eta ez hirigintzako diseinu hobea ordezteko eremu berrietan. Soinu planifikazioaren neurriak hobetzeko, iradoki zen gehienez 30 km/h-ko abiadura ezartzea Arangurengo NA-231 errepideetan eta sektoreko hiri barneko gainerako bideetan.

Kontuan izanik irakaskuntza gunea hirugarren sektoreko soinu eremuan dagoela, soinu babes handiagoa behar duten erabilerak onartzen ahal dira, baldin eta hargailuetan bermatzen bada erabilera horietarako aurreikusten diren soinu kalitatearen helburuak betetzen direla.

2011ko azaroaren 11n, dokumentazio osagarria aurkeztu zen, eta bertan, sustatzaileak jakitera eman zuen departamentuek egindako gogoetak kontuan hartu direla.

Aipatutako dokumentazioan bere horretan mantendu zen 6. iraganbidearen trazadura aldatzeko proposamena, Labioko bidetik Ekialdeko Ingurabideraino, bertan, Olatzen, jatorrizko trazadurarekin bat egiteko. Trazadura aldaketa hori baimentzeko baldintzei dagokienez, sustatzaileak uste du ezin duela bere gain hartu UPSa aldatzea abelbidearen trazadura berria planaren esparruan sartzeko; izan ere, eragotzi eginen luke hartutako konpromisoak betetzea ikastetxe berria irekitzeko tramitazioaren eta helburuen gainean. Mantendu egiten da abelbidea Labioko bidetik, uste baita azaleraren integritatea betetzen duela, ibilbidea egokia dela, Sarrigurenen egindako iraganbidearen aldaketari jarraipena ematen diola eta bermatzen duela abereen joan-etorria.

Sektore osoa D motako soinu eremu gisa sailkatu da, hirugarren sektoreko erabilerako lurzorua nagusi dela, baina badago beste eremu bat irakaskuntza erabilera daukana (lanbide heziketaren ikastetxe berria), soinu babes handiagoa behar duena. Soinuaren gaineko azterlanak, Ingurumen eraginaren azterlanaren III. eranskin gisa sartutako horrek, agerian uzten du soinu kalitatearen helburuak ez direla bete urbanizatutako eremu berrietan, sektoreko irakaskuntza eremuan, planteatu diren neurri zuzentzaileak gorabehera. Alde horretatik, azpimarratu behar da horren inguruan Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuak 2011ko ekaineko txostenean adierazia.

Haatik, soinuaren gaineko azterlanak frogatzen du soinu kalitatearen helburuak bete direla sektore berriaren ondoan dauden Sarrigurengo eremu urbanizatuetan; horrek esan nahi du sektore berriaren garapen aurreikusiak ez duela haien gainean eraginik izanen.

Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuak bere txostenean adierazi du Ingurumen ebaluazio estrategikoaren prozedura bete dela, eta Ingurumen ondorioen adierazpen honen ebazpen zatian azaltzen diren neurri osagarriak proposatu ditu.

Horrenbestez, espedientean dauden txostenak ikusirik, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22. artikuluak eta Landa Garapen, Industria, Enplegu eta Ingurumen Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen abuztuaren 24ko 141/2011 Foru Dekretuak ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Ingurumen ondorioen adierazpena egiten da San Joan Boscoren Salestarren Kongregazioak, Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuak eta "Viviendas de Navarra S.A."k sustatu duten "Salestarrak Plana" UPSaren gainean, ondoko baldintza hauekin:

-Sektorea D motako soinu eremutzat sailkatu denez gero hirugarren sektoreko lurzorua nagusi izanik, baina soinu babes handiagoa behar duen irakaskuntzako erabilera badagoenez, beharrezko neurriak hartu beharko dira hargailuetan soinu kalitatearen helburuak eraikinetako fatxaden orientazio guztietan eta altuera guztietan betetzea bermatzeko, Zaratari buruzko 37/2003 Legea urbanizatutako eremu berrietan soinu zonifikazioari, kalitate helburuei eta soinu emisioei dagokienez garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuan ezarri bezala (II. eranskineko A taulako baloreak, 5 dezibelio kenduta):

ESKAKIZUN HANDIENEKO ERABILERAK

HOTS INDIZEEN BALOREAK (dBA)

Ld

Le

Ln

E mota, irakaskuntzako erabilera

55

55

45

-Alde horretatik, prebentzio neurriak lehenetsi behar dira, hala hirigintzako antolamenduko fasean nola eraikuntzak diseinatzeko eta egitekoan; haien artean ondoko hauek aipatu daitezke, hierarkiaren arabera: trantsizio eremuak ezartzea irakaskuntza erabilerako eremuen eta bide azpiegituren artean; hiri berrantolamendua, irakaskuntzakoak ez diren erabilerak, sentikorrak ez direnak, hots iturrien ondoan kokatuta (bideak eta hirugarren sektoreko eremuak); irakaskuntza erabilerako eraikuntzak hotsetatik babesten ahal dituzten eraikuntzako neurriak, hala nola fatxadako planoak oinplanoan edo sekzioan atzera eramatea eta fatxadan egitea soinu uhinak sakabanatzeko elementuak; eta, azkenik, fatxaden orientazioa, hotsarekiko sentikorrak diren gelak (logelak, egongelak, ikasgelak), eraikinean, hotsaren kontrako aldean paratzea, eta hotsarekiko oso sentikorrak ez diren espazioak (sukaldeak, bainugelak, garbiketa gelak, laborategiak, langelak, pasabideak, eskailerak, aparkalekuak), aurrekoen aitzin, haiei babesa eman diezaieten.

-Orobat, soinu planifikazioan beste neurri batzuk kontuan hartu behar dira, hala nola zirkulatzeko gehieneko abiadura murriztea Iruñeko Mendebaldeko Ingurabidean (PA-30), Aranguren ibarreko errepidean eta sektore horretako hiri barreneko gainerako bideetan; eta hots gutxi ateratzen duen zoladura erabiltzea bide horietan.

-Biodibertsitatea Zaintzeko Zerbitzuan aurkeztu beharko da 6. iraganbidea Labioko bidera eramateko proiektua, kontuan izanik Plangintza eta Laguntza Atalaren txostenetan ezarritako baldintzak eta Abelbideei buruzko abenduaren 15eko 19/1997 Foru Legearen xedapenak betez.

-UPSa garatzerakoan, motorrik gabeko garraioan (oinez eta bizikletaz) oinarritzen den barneko mugikortasuna bermatuko da; haren diseinuan kontuan hartuko dira tarteen arteko segida eta lotura eta trazaduren erosotasuna eta segurtasuna Aranguren ibarreko etorbidearen eta Olatzen artean.

-Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onesten duen abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuan adierazitakoa betez tramitatu beharko dira azpiegiturak. Horietako bakoitzaren trazadura orokorra eta konponbidea UPSaren barruan agertzen dira.

2. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, orok jakin dezan, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearen 23. artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

3. Ebazpen hau sustatzaileari, Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuari, Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuari, Iruñeko eta Eguesibarko udalei eta alegatzaileei jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2012ko maiatzaren 25ean.-Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusia, Andrés Eciolaza Carballo.

1. eranskina

Udalez gaindiko plan sektorialaren eta ingurumen eraginaren azterlanaren laburpena

UPSaren oinarrizko helburua da salestarren ikastetxearen lekualdaketa posible egitea, Iruñetik Eguesibarrera, Olazko AR-1 banaketa eremurako antolamendu berria ezarriz (lurzoru urbanizagarri gisa), bertan ikastetxe berria kokatuko baita, baita Iruñeko Aralar karrikako orubea (hiri lurzoru finkatua) arautzea ere hirigintzaren aldetik, bizitegitarako erabilera berreskuratuz.

UPSak Iruñeko udal mugapean ukitzen duen esparrua bigarren zabalgunean dago, Leire, Media Luna, San Fermin eta Aralar kaleek osatzen duen etxesailean, hain zuzen. Esparru horretarako proposamenak hainbat helburu ditu, hala nola hiri bilbea kontserbatzea, jarduerari eustea eta haren zentraltasuna indartzea; bizitegitarako erabilera berreskuratzea eta etxebizitzen baldintzak eta kalitatea hobetzea; eta, azkenik, esparru horretan ekipamendu publikoa-gizarte etxea kokatzeko aukera ematea.

Eguesibarko udal mugapean ekipamendutarako eta ekonomiarako jarduera duen eremua garatzea planteatu da, Sarrigurengo Ekohiriari lotuta, horren zabalkundea izanen baita. Horrek, Salestarren ikastetxearen kokapena hartuko duen ekipamendutarako lurzatiaz gain, jarduera ekonomikoetarako beste azalera batzuk izanen ditu (horien artean, merkataritza saltoki handia nabarmendu behar da), baita erabilera anitzeko ekipamendu publikorako lurzatia eta eremuari sarbidea emateko behar diren sistema orokor atxikiak ere.

Udal mugape horren barnean, planak ukitzen duen esparrua Antxurieta alderdian dago, Sarrigurengo Ekohiriaren iparraldean, Gorraizko bizitegitarako eremuaren hegoaldean eta PA30 (Iruñeko ekialdeko ingurabidea) eta NA-2310 (Aranguren Ibarra) errepideen ondoan, hain zuzen. Esparrua Sarrigurengo Ekohiriko kirol eta eskola instalazioen aurrean dago, zehazki. Antolatu beharreko azalera 183.620 m²-koa da, ondoko lurzati hauei dagokiena: Eguesibarko udal mugapeko 14. poligonoko 197, 198, 199, 204, 207, 208, 209, 210, 212, 237, 238, 240, 243, 436, 438, 444, 455, 456, 457.a eta 5. poligonoko 78, 82, 84, 88, 103, 104, 111, 118, 118, 259 eta 8063.a. Bide publikoei dagozkien lurzatiak: 14. poligonoko 212.a eta 15. poligonoko 103., 105. eta 259.a.

Proposatzen den antolamendua bide batean oinarritzen da funtsean: Sarrigurengo bizitegitarako eremuaren bide nagusietako baten (Europar Batasunaren etorbidea, alegia) luzapen gisa konfiguratu da, garapen berria iparraldetik hegoaldera zeharkatzen du, sarbidea ematen die proiektaturiko lurzati guztiei, eta aipatutako bizitegitarako eremuarekiko lotura da. Aldi berean, bide horrek NA-2310 errepidea eta Ekialdeko Ingurabidea lotzen ditu.

Eskema horren ondorioz, erabilera ezberdineko bost etxesailetan zehazten da hiri egitura: esparruaren hegoaldean, irakaskuntza eta kirol erabilerako lurzatia, Salestarren ikastetxea izanen duena, merkataritza eremua, Sarrigurengo bizitegitarako erabilerari lotua, ikastetxearen iparraldean eta Ekialdeko Ingurabidearen ondoan, hirugarren sektoreko bi espazio, bide longitudinalaren ekialdean, eta bosgarren eremu publikoa, erabilera anitzeko ekipamendukoa, hegoaldean.

Berdegune publikoak Ekialdeko Ingurabidearen ondoan proiektatzen dira, pantaila gisa erabil daitezen bide horren eta hirugarren sektoreko eta ekipamenduko eremuaren artean, baita bide horrekin lotzeko aurreikusi den biribilgunearen ondoan ere.

Egungo NA2310 errepidearen tartea, jarduketa esparruaren barnean dagoena, noranzko bakoitzean errei bikoitza, espaloia eta mehelina dituen hiri bide bihurtuko da, bizitegitarako eremuaren eta ekipamendutarako eta ekonomiarako eremu berri horren arteko iragazkortasuna errazteko. Halaber, zuzeneko sarbidea proiektatu da errepide horretatik PA30 errepidera. Horrela, Sarrigurengo Berrikuntzaren Hirira sartzeko egun dagoen biribilgunetik zirkulazioa pasatzea saihesteko da. Horrez gain, ekialdeko ingurabideari esparrurako bi sarrera- eta irteera-adar dituen hirugarren errei jarraitua ematea aurreikusi da, iparraldeko muturretik.

Saneamenduari dagokionez, UPSak sare bat planteatzen du, behar bezala bereizia, eraikinetako eta urbanizatu beharreko eremu libreetako ur beltzak eta euri urak biltzeko. Euri uren sareak Grande erreka-zuloraino eramanen du ura grabitateaz baliaturik.

Egungo hornidura eta saneamendu azpiegituren gaitasunari dagokionez, Iruñerriko Mankomunitatearen 2011ko otsailaren 21eko txostenak dio ez direla nahikoak aurreikusitako garapenerako, eta azpiegitura horien gaitasuna bermatzeko, egungo azpiegiturak sendotzea kontuan hartu beharko dela UPSan.

Azpiegitura elektrikoei dagokienez, egungo instalazioak desmuntatzea aurreikusi da, hala nola 13,2 kw-ko aireko linea, transformazio zentro bat eta behe tentsioko linea bat. Ondoren, lotunetik, 13,2 kw-ko linea bat paratuko da, lur azpikoa, eta handik zintzilik geratuko dira konpainiako transformazio bi zentro berri eta zentro partikularrak, lurzati handiak energiaz hornituko dituztenak.

Ingurumen ondorioen azterlanaren laburpena

Salestarrak Plana UPSaren gainean prestatutako Ingurumen ondorioen azterlana 2011ko martxoan tramitatzeko aurkeztu zen dokumentazioaren parte da. Martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legean aurreikusiari heltzen diote ondorioen azterlan horren edukiak eta norainokoak.

Ingurumen ondorioen azterlanak banan-banan aipatu eta deskribatzen ditu Salestarrak UPSarekin ikusteko duten plan eta programa indardunak. Eguesibarko udalerrian dagoen esparruaren soinu kalitateari dagokionez, zaratari buruzko azterlana erantsi da.

Lurraldearen azterlana eta diagnostikoa batez ere Eguesibarko udalerriko esparruari dagozkio, zeren, Iruñean dagoen lurzatia hiri bilbean sartuta egonda, hiri esparruak berezko dituen ezaugarriak baitauzka.

Eguesibarren kasuan, esparruak triangelu forma nabarmena du. Erliebea nahiko laua da -maldak %5ekoak dira, gehienez-, eta hainbat enpresak okupatzen dituzten eremuak izan ezik, laboreek okupatzen dute osorik. Esparru horretako hego-mendebaldean Grande erreka-zuloa dago, HE-IM norabidean. Ibilgua bera esparrutik kanpo badago ere, hari lotutako ibai ertzeko landaredia, nagusiki makalek eta burzuntzek osatua, eta lautada alubialaren zati bat UPSaren esparruaren barruan daude.

26. iraganbideak UPSaren esparrua zeharkatzen du Badoztaingo bidetik. Abelbide horren trazadura, Sarrigurengo ekohiriaren UPSa garatzean aldatu zena, 9. ibilbidea da egun.

Mugikortasunari dagokionez, UPSaren garapenak lotura aldatzen du oinezkoentzako eta txirrindularientzako bideen bitartez Sarrigurenen eta Olatzen artean, egun 26. iraganbidearen edo Badoztaingo bidearen bitartez egiten baita (9. ibilbidea).

Balizko aztarna arkeologikoei dagokienez, eta Arkeologia Atalaren txostenean ezarritako zehaztapenei jarraikiz, okupatu beharreko azalera hain zabala izanik eta handik hurbil aztarnategi arkeologikoak egonda (Burdin Aroko kokalekuak: Cerro I, La Playa Grande I eta II), aurreikusi beharko da segimendu arkeologikoa egitea obrek irauten duten bitartean.

Eguesibarko udalerrian, uste da ukipenak bateragarriak eta moderatuak direla, esparruko soinu kalitatean eta P26 abelbidean egindako aldaketak izan ezik, moderatu-larritzat hartzen baitira. Eraginak identifikatuta, prebentzio neurriak eta neurri zuzentzaileak ezarriko dira, UPSan bertan eta urbanizazio eta eraikuntza proiektuan aplikatu beharrekoak. Urbanizazio proiektuan kontuan izan behar diren neurri garrantzitsuenen artean honako hauek nabarmentzen dira:

-Soinu kalitatearen helburuak betetzeko neurriak: asfalto drainatzailea edo porotsua aplikatzea bide berrietan; abiadura 40 km/h-ra murriztea tokiko bideetan; soinu pantaila bat paratzea Iruñeko Ekialdeko Ingurabideko tartean; ekipamendu pribatuko lurzatia ixtea iparraldetik (merkataritza erabilerako lurzatiarekin daukan mugan); benetako erabilerarik gabeko trantsizio eremua, Arangurengo errepideak sortzen duen zarata apaltzeko; fatxada itsuak, trantsizio eremura begira dauden eraikinetan; eta espazioa berrantolatzea eraikinen barrenean, jarduerak egokitzeko kalkulatutako soinu mailetara.

-Babeseko eremu batzuk zehaztea Grande erreka-zuloko ibai ertzeko landarediaren ingurunean. Grande erreka-zuloko uholde arriskua duen eremuan futbol zelaia kokatuko da, uholde garaietan uren joan-etorriak oztopatzen ahal dituzten itxiturak saihestuz.

-Lur mugimenduen gaineko azterlana eta balorazioa, UPSko esparruko lurren konpentsazioa bermatuta eta, ezin bada guztiz konpentsatu, haien kudeaketa zabortegi baimendu batean.

-Obren segimendu arkeologikoa.

-Mugikortasunari dagokionez, urbanizazio proiektuan Arangurenerako errepidearen aldaketaren ondorioz sortzen den etorbide berriaren espaloiak atontzea aztertuko da, bidegorri eta/edo oinezkoentzako pasealeku gisa erabiltzeko. Bestalde, oinezkoentzako eta txirrindularientzako bideen bitartez Sarrigurenen eta Olatzen artean lotura egitea bermatuko da P-26 abelbidearen trazadura Labioko bidean barna aldatuz, hirigintzako garapen berria inguratuz.

Eraikuntza proiektuan kontuan hartu behar diren neurriei dagokienez, haien helburua izanen da eraikinetako ur eta energia kontsumoa eragimenez egitea.

Iruñeko esparruan, irizpideak ezarri dira energia aurrezteko eta isuri atmosferikoak murrizteko. UPSa garatzen duten hirigintzako antolamenduko tresnetan gehituko dira irizpide horiek.

Azkenik, Ingurumen ondorioen azterlanak ingurumena zaintzeko plana dakar. Haren bidez egiaztatuko da neurri zuzentzaileak aplikatuko direla urbanizazio eta eraikuntza proiektuetan.

Iragarkiaren kodea: F1208255