120. ALDIZKARIA - 2012ko ekainaren 22a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ZIRAUKI

Ziraukiko eraikinak lehen aldiz erabili edo okupatzeko lizentziak arautzen dituen udal ordenantza. Behin betiko onespena

Ziraukiko Udalak, 2012ko martxoaren 28an egin osoko bilkura arruntean, legez eskatutako gehiengoa zuela hasiera batean onetsi zuen Ziraukiko eraikinak lehen aldiz erabili edo okupatzeko lizentziak arautzen duen udal ordenantza.

Iragarkia 2012ko 81. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, apirilaren 30ean.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatuari jarraikiz, maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legeak aldatu baitzuen, eta jendaurrean egoteko epea inork alegaziorik aurkeztu gabe iraganik, ordenantza hori behin betikoz onetsi eta osorik argitaratzeko agindu da, behar diren ondorioak izan ditzan.

Ziraukin, 2012ko ekainaren 2an.-Alkate udalburua, Victoriano Goldaraz Carmona.

ZIRAUKIKO ERAIKINAK LEHEN ALDIZ ERABILI EDO OKUPATZEKO LIZENTZIAK ARAUTZEN DITUEN ORDENANTZA

I. KAPITULUA

Xedea, helburua eta aplikazio eremua

1.-Xedea.

1. Ordenantza honek eraikinak lehen aldiz erabili edo okupatzeko lizentzietarako baldintzak eta prozedura ezartzea du xede, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 189. artikuluan xedatutakoari jarraituz.

2. Ordenantza honi dagokionez, eraikintzat hartzen dira ondoko obrak, hirigintzako lizentzia baten babesean eginak:

a) Etxe berriak, salbu oin bakarreko eraikuntza txikiak, eraikuntzaren nola teknikaren aldetik munta gutxikoak, etxebizitzarako edo erabilera publikorako ez direnak.

b) Egungo eraikinen egiturak handitu, zaharberritu edo berritzetik sortzen direnak.

c) Egungo eraikinen erabilera berariazkoak aldatzea.

d) Etxebizitza berriak egitea edo lehenagokoen banaketa funtsean aldatzea.

2.-Xedea.

1. Lehen aldiz okupatu edo erabiltzeko lizentziak honako helburu hau baizik ez du:

a) Eraikin egin berria eta aldi berean egin den urbanizazioa, halakorik bada, proiektu teknikoaren eta bere garaian emandako hirigintza lizentziako baldintzen arabera egin direla egiaztatzea.

b) Eraikitakoak bizigarritasun eta higiene baldintzak betetzen dituela ziurtatzea.

c) Eraikina erabilera jakin baterako izan daitekeela baieztatzea.

d) Eraikitzaileak, hirigintzako ekipamenduari zein elementuei kalte egin badie, lehengoratu dituela ziurtatzea.

3.-Aplikazio eremua.

1. Ziraukiko udal mugape osoa hartzen da aplikazio eremutzat.

II. KAPITULUA

Baimenen araubidea

4.-Eskaera.

1. Obrak burututa, eraikinak lehen aldiz erabili edo okupatzeko lizentzia eskuratzeko interesa dutenek Ziraukiko Udalari aurkeztuko diote eskaera; betiere, datu hauek emanen dituzte:

a) Interesdunaren izen-deiturak, edo ordezkariarenak.

b) Lizentzia zein eraikinetarako eskatzen den, huraxe argi eta garbi adierazi beharko da.

c) Tokia, data eta eskatzailearen edo ordezkariaren sinadura.

2. Interesdunek eskabidearekin batera hurrengo agiri hauek aurkeztuko dituzte:

a) Aginduzko obra lizentziaren fotokopia.

b) Teknikari eskudun baten ziurtagiria, obrak eta urbanizazioa, horrelakorik bada, onetsitako proiektu teknikoaren eta obren lizentziaren arabera bukatu direla dioena. Hartan, higiezina okupatzeko beharrezko baldintzak betetzen direla jasoko da.

c) Obra bukaerako aurrekontua eta planoak, hasierako proiektuan aldaketak egin badira.

d) Hirilurreko ondasunen gaineko kontribuzioan alta egitea eskatu dela dioen ziurtagiria.

e) Udal tasa ordaindu izanaren gordekina.

5.-Lizentzia emateko eskumena.

1. Lizentzia emateko eskumena alkateak eta Hirigintza Alorreko zinegotzi delegatuak izanen dute.

6.-Tramitazioa.

1. Interesdunak eskaturik prozedura hasi ondoan, Alkatetzak edo Hirigintzaren arduradunak honela jokatuko dute:

a) Udalaren Zerbitzu Teknikoei txostena eskatuko zaie, eta hartan adieraziko da: obrak proiektu teknikoaren eta eman hirigintzako lizentziaren arabera egin diren; obren ondorioz ukituta geratu ahal izan diren hirigintzako elementuak eta hiri ekipamendua berriro jarri diren; segurtasunaren, higienearen eta apainketa publikoaren baldintzak betetzen dituen; eta eraikinak eman nahi zaion erabilera izaten ahal duen.

b) Aipatu txosten horren ondorioz, onetsitako proiektuaren gaineko aldaketak daudela egiaztatzen bada, egin den arau-hauste mota eta, ahal bada, horren legeztatzea adierazi beharko dira txosten teknikoan.

7.-Ebazpena.

1. Alkateak edo Hirigintzako arduradunak bi hilabeteko epean ebatzi beharko du eskaera, udal bulegoetan sarrera ematen zaionetik.

2. Onartutako txostenak eta irizpenak ebazpenaren testuari gehitu edo erantsiko zaizkio, izan ere haien onarpena ebazpenerako arrazoitzat hartuko da.

3. Ebazteko epea agortzen bada, alkateak edo Hirigintzako arduradunak ebazpenik eman gabe, ebazpena baietsitzat hartuko da, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urtarrilaren 13ko 4/1999 Legean xedatutakoarekin bat.

8.-Eraikinaren titularren eta argindarra, ura eta gasa banatzen dituzten enpresen betebeharrak.

1. Lehen aldiz erabili edo okupatzeko lizentzia eskuratu aurretik, eraikinaren titularrek debekatua dute hura okupatzea.

2. Eraikitako higiezinaren zati bat edo osorik besterentzean, hartzaileei espresuki adieraziko zaie lehen aldiz okupatzeko lizentziarik ez duela, eraikina besterentzean eskuratu ez bada.

3. Hauek dira lehen okupazioko lizentzia eskatzen dutenen betebehar fiskalak:

4. Udalbatzak osoko bilkuran onetsitako tasak edo eskubideak ordaintzea; I. eranskinean ageri dira 2012. urtekoak.

5. Argindarra banatzen duten enpresek, hornidura horri dagokionez, aplikatzen ahal zaizkien legezko arauei men eginen diete, obretarako behin-behineko kontagailuei eta etxebizitzak lehen aldiz okupatzeko lizentzia aldez aurretik eskuratu beharrari dagokienez.

6. Obretarako ur hornidura, hirigintzako aginduzko lizentzia eskuratu ondoan, zerbitzu publikoaren titularra den enpresa hornitzaileari dagokio, eta behin-behinekoz emanen da, hirigintzako lizentziak indarra duen denborarako bakarrik.

7. Lizentzian obrak bukatzeko emandako epea eta, halakorik bada, bidezko luzapena edo luzapenak agorturik, alkateak edo Hirigintzaren arduradunak hornidura eteteko eskatuko die konpainia hornitzaileei eta interesdunei hamar egun lehenago jakinaraziko.

8. Obretarako eman ur hornidura ez da bertzelako jardueretan erabiltzen ahal; etxean, batez ere.

9. Enpresa hornitzaileak ezin ditu etxerako urez hornitu lehen aldiz erabiltzeko lizentziarik ez duten eraikinak.

10. Gas naturalaren enpresa hornitzaileak ez ditu gas naturalez hornitzen ahal lehen aldiz erabiltzeko lizentziarik ez duten eraikinak.

III. KAPITULUA

Zehapenen araubidea

9.-Arau-hausteak eta zehapenak.

1. Hirigintzako arau-haustea izanen da lehen aldiz okupatzeko aginduzko lizentziarik gabe eraikinak lehen aldiz okupatzea, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko 35/2002 Legearen 209. artikuluak eta hurrengoek, Lege beraren 189. artikuluari eta Hirigintzako Diziplinaren 1978ko ekainaren 23ko Erregelamenduaren 90. artikuluari dagokienez, xedatutakoarekin bat.

a) Aurreko lerroaldean aipatu arau-hausteagatik zehapena egindako obraren balioaren ehuneko batetik bostera bitarteko isuna izanen da, eta gehienez ere mila eta bostehun euro, egindako jarduera legeztatzen ahal bada, Hirigintzako Diziplinaren Erregelamenduaren 90. artikuluak xedatutakoarekin bat.

b) 9.1 puntuan jasotako jarduera legeztatzerik ez bada, zehapena izanen da okupatutako eraikinaren, oinaren, lokalaren edo haren atalen balioaren ehuneko bostetik hamarrera bitarteko isuna, eta gehienez ere sei mila euro, Hirigintzako Diziplinaren Erregelamenduaren 79. artikuluak xedatutakoarekin bat.

10.-Udalak inoiz ere ez dio uzten ahal urratutako hirigintzako ordena zuzentzeko neurriak hartzeari, eta okupazioaren jarduera berehala bertan behera utz dadila xedatuko du, badaezpadako neurri gisa.

11.-Erantzuleak.

1. Eraikinak lehen aldiz lizentziarik gabe okupatzen badira, obraren sustatzaileak eta okupazioa egiten duenak izanen dute erantzukizuna, pertsona bera ez direnean; isunak ere, zein bere aldetik doaz.

12.-Zehapenak ezartzeko organo eskuduna eta haren ahalmena.

1. Zehapen prozedura ebazteko organo eskuduna alkatea da, Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 21.1.k) artikuluak xedatuarekin bat; betiere, hark hirigintzako arduraduna eskuordetzen ez badu eskumen honetarako.

2. Zehapen ahalmena erabiltzeko, abuztuaren 4ko 1398/1993 Errege Dekretuaren bidez horren gainean onetsi zen Erregelamenduan ezarritako prozedurari jarraituko zaio.

IV. KAPITULUA

Araubide juridikoa

13.-16. artikulua. Ordenantza honetan aurreikusi ez den orotan hona zein aginduk duten indarra: Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legea; apirilaren 3ko 85/1995 Foru Dekretua, zeinaren bidez Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko uztailaren 4ko 10/1994 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onetsi baitzen; Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legea; Hirigintzako Diziplinaren Erregelamendua, 1978ko ekainaren 23koa; eta Herri Administrazioen Araubideari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legea, urtarrilaren 13ko 4/1999 Legeak aldatua.

AZKEN XEDAPENA

14.-Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 326. artikuluan ezarritakoaren arabera, ordenantza hau behin betikoz onetsitakoan lege horren 325. artikuluan ezarritako prozedurari jarraikiz, indarra hartuko du eta ondorio juridiko guztiak izanen ditu Nafarroako Aldizkari Ofizialean testua osorik argitara emandakoan.

I. ERANSKINA

Lehen aldiz erabiltzeko lizentziaren tarifak

-Eraikin berriak: 150,00 euro.

-Zaharberritzeak, handitzeak, egituren berritzea: 100,00 euro.

-Erabileraren aldaketak, etxebizitzen sorrera: 100,00 euro.

-Nolanahi ere, aurreko tarifetatik gorakoak baldin badira, Hirigintzako Zerbitzuak fakturatzen dituenak kobratuko dira.

Iragarkiaren kodea: L1208435