120. ALDIZKARIA - 2012ko ekainaren 22a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

75E/2012 EBAZPENA, maiatzaren 30ekoa, Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendariak emana, Ingurumen ukipenetarako baimena ematen duena, zenbait baldintzarekin, Lekarozko herrigunean eta enpresen campusean (Baztan) gas naturala banatzeko proiekturako. Sustatzailea Gas Navarra, S.A. da.

2011ko abenduaren 2an Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuan sartu zen goian aipatutako espedienteari dagokion Ingurumen ukipenetarako baimena lortzeko eskaera. Espedientea abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2C eranskineko I epigrafean sartua dago. Foru dekretu horrek Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onetsi zuen.

Lekarozko herrigunean eta enpresen campusean, Baztango udal mugapean, gas naturala banatzeko sareko instalazioak eraikitzea da proiektuaren xedea. Trazaduraren zati batek hiri lurzorua zeharkatzen du, edo badu baimena beste proiektu batzuen barrenean ("Lekarozko enpresen campusa" plan sektoriala eta Lekarozko Aroztegia jauregiaren eremua); hortaz, Ingurumen ukipenetarako baimena behar duen tzazadurak lurzoru urbanizaezina zeharkatzen duten hoditeriaren tarteak (V-09 eta V-45 erpinen artean) hartzen ditu. Banaketa sarea 6.694 metro luze da, guztira, eta hainbat diametrotako polietilenozko hodiak ditu.

Ingurumenaren gaineko Eragina Aztertzeko Atalak, 2012ko urtarrilaren 26an, errekerimendua egin zuen dokumentazio aurkezteko, non, besteak beste, landaredian eta aztarnategi arkeologikoetan izan daitezkeen ukipenak identifikatzeko eta ebaluatzeko eskatzen baitzen. Martxoaren 13an, sustatzaileak dokumentazio hori aurkeztu zuen; bertan, Ingurumen ukipenen azterlanean hainbat aukera aztertzen dira trazadurarako, eta eragin orokor gutxienekoa aukeratzen (1A+2B+3A+4A alternatiba).

Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen du Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak arrazoituz ebatziko duela Ingurumen ukipenetarako baimena eman edo ukatzeari buruz.

Foru dekretu horren 31.2 artikuluak ezartzen du Ingurumen ukipenetarako baimenak lurzoru urbanizaezinean baimentzen ahal diren jardueretarakoa ere bilduko duela, eta horrek Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen ditu.

Eskaera Baztango Udalari igorri zitzaion 2012ko urtarrilaren 26an, 93/2006 Foru Dekretuaren 35. artikuluan xedatutakoarekin bat.

Espedientean dauden txostenak ikusirik eta Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren irailaren 13ko 1436/2011 Ebazpenaren bidez eskuordetutako eskumenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Ingurumen ukipenetarako baimena ematea, zenbait baldintzarekin, Lekarozko herrigunean eta enpresen campusean (Baztango lurzatiak) gas naturala banatzeko proiektuari. Sustatzailea Gas Navarra, S.A. da.

2. Baimena neurri zuzentzaile hauek betetzearen baldintzapean egonen da:

-Ingurumen ukipenak gutxitu beharko dira puntu hauetan:

  • Ibaibideek bat egiten duten tokietan, batez ere Labaderoko errekaren (V-10 eta V-11 erpinen artean) eta izenik gabeko erreka baten artekoan (V-33 eta V-34 erpinen artean). Aire zabaleko bi gurutzaketa horietan sor daitezkeen harri-lubetak gas hodia hartuko duen ezponda babesteko adinakoak izanen dira, ez handiagoak, eta ingurunean guztiz integratuta egon beharko dute (bioingeniaritzako teknikak erabilita, espezie igokariak landatuta, etab.).
  • 4 A tartean (Elizondoko konexioa, V-35 eta V-37 erpinen artean), lerroko arboladiaren eta heskaiaren paraleloan, bide berriaren azpian eginen da proiektuak dioen moduan, edo babes zerrenda bat utziko da (lurzorua aldatu gabe), 4 metrokoa gutxienez, arboladiko enborretatik. Zuhaitzik bota beharrik bada, basozainei esanen zaie, markatzea egin dezaten. Bota litezkeen zuhaitzen ordez beste batzuk sartuko dira, orain daudenen paraleloan. Bertako espezieak sartuko dira, enborrari zurkaitza eta babesgarria jarrita.

-Kontuan hartuko da Arkeologia Atalaren 2012ko otsailaren 24ko txostena.

3. Proiektuaren Ingurumen ukipenetarako baimena eskuratzeko ezinbestekoa da 5.000 euroko fidantza jartzea, baimendutako jarduerak kalterik sortzen badu haiek lehengoratu edo gutxituko direla bermatzeko.

4. Baimen honek, gainera, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezartzen diren ondorioak izanen ditu. Artikulu horretan, lurzoru urbanizaezinean egin behar diren jarduerak baimentzeko prozedura ezartzen da.

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, horren kontra gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita kontatuko dira.

6 Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

7. Ebazpen hau Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuari, Baztango Udalari, Basozaintzari eta interesdunari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2012ko maiatzaren 30ean.-Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendaria, Pedro Zuazo Onagoitia.

Iragarkiaren kodea: F1208504