120. ALDIZKARIA - 2012ko ekainaren 22a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

74E/2012 EBAZPENA, maiatzaren 30ekoa, Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendariak emana, Ingurumen ukipenetarako baimena zenbait baldintzarekin ematen duena Valtierran ureztatzeko pibota elikatzeko goi eta behe tentsioko eta aireko eta lur azpiko instalazio elektrikoaren proiekturako. Sustatzailea Castillejo Maeztu, S.L. da.

Goian aipatutako espedientearen Ingurumen ukipenetarako baimenerako eskaria sartu da 2012/01/13an Ingurumen Zerbitzuaren Kalitatean. Espedientea abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2C eranskineko I epigrafean sartua dago. Foru dekretu horrek Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onetsi zuen.

Proiektuaren helburua da ureztatzeko pibot batzuei hornidura elektrikoa ematea Valtierrako 4. poligonoko 235., 236., 238. eta 242. lurzatietan. Elikadura elektrikorako beharrezkoa da aireko eta lur azpiko 13,2 KV-ko linea bat egitea, transformazio zentro bat paratzea (barneko motakoa), eta ondoren energia banatzea behe tentsioan eroale isolatuen bidez.

Instalazioa egungo Valtierra-Tutera STR aireko lineatik abiatzen da (0011 euskarria). Hura Iberdrola Distribución SAU konpainia hornitzailearen jabetza da. Lehenengo tartea, airekoa eta 13,2 KV-koa, 10 metro luze da. Elkarguneko euskarria aldatzea ekarriko du, bai eta deribazioaren euskarria lur azpiko egitea ere. Hurrengo tartea, lur azpikoa eta 13,2 KV-koa, 462 metro luze da. Azken tarteak, behe tentsiokoak transformazio zentrotik aurrera, 237 metro luze dira guztira aireko linean eta 340 metro lur azpikoan. Linea elektriko osoa laboreko alorretan barna doa, lurzoru urbanizaezinean.

Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen du Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak ebazpen arrazoitua emanen duela, Ingurumen ukipenetarako baimena eman ala ukatzeari buruz.

Foru dekretu horren 31.2 artikuluak ezartzen du Ingurumen ukipenetarako baimenak lurzoru urbanizaezinean baimentzen ahal diren jardueretarakoa ere bilduko duela, eta horrek Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen ditu.

Valtierrako Udalari igorri zaio eskaera, 93/2006 Foru Dekretuaren 35. artikuluan xedatuarekin bat. Martxoaren 15ean jaso zen erantzuna. Bertan adierazi zen Valtierrako Udalaren txostenean zehaztu zela instalazio hori erabilera baimengarrikoa dela.

Espedientean dauden txostenak ikusirik eta Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren irailaren 13ko 1436/2011 Ebazpenaren bidez eskuordetutako eskumenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Zenbait baldintzarekin ematea Ingurumen ukipenetarako baimena Valtierran ureztatzeko pibota elikatzeko goi eta behe tentsioko eta aireko eta lur azpiko instalazio elektrikoaren proiektuari. Sustatzailea Castillejo Maeztu, S.L. da.

2. Baimena neurri zuzentzaile hauek betetzearen baldintzapean egonen da:

Ingurumen ukipenei buruzko azterlanak zehazten duen bezala, hegaztiak babesteko baldintzak bete daitezen eta linea berrian elektrokutatzeko arriskua murritz dadin, ondoko hau bete beharko da:

-Aurreikusitako isolatzaileaz osatu behar dira lotzeko kate horizontalak (U70AB66P compositea); hartara, segurtasun tartea 0,70 metrokoa izanen da gutxienez, apirilaren 4ko 129/1991 Foru Dekretuan ezarri bezala.

-Estali egin behar dira proiektuaren xede diren bi euskarrietan atezuan dauden elementuak lotzeko zubi guztiak (BPTM hodiarekin edo Raychem-en Olit ereduko zinta termorretraktilarekin).

Orobat, elkarguneko euskarrian (0011 zenbakia), linea nagusiko zubi ahula ere estali beharko da, edo, bestela, gurutzeta jaitsiko da, hegaztiak elektrokutatu ez daitezen haren gainean pausatzen badira.

Tximistorratz autobalbulak zintzilik paratu beharko dira, edo, bestela, BCAC estalki aurremoldeatuekin edo antzekoekin babestuko dira ("Bushing connection animal cover").

Lana bukatu ondoren, sustatzaileak euskarri berrien argazkiak igorriko ditu, Ingurumenaren gaineko Eragina Aztertzeko Atalera zuzenduak (eroaleen eta borneen isolamendua eta paratutako composite isolatzaileak egiaztatzeko).

3. Proiektuaren Ingurumen ukipenetarako baimena eskuratzeko ezinbestekoa da 5.000 euroko fidantza jartzea, baimendutako jarduerak kalterik sortzen badu haiek lehengoratu edo gutxituko direla bermatzeko.

4. Baimen honek, gainera, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezartzen diren ondorioak izanen ditu. Artikulu horretan, lurzoru urbanizaezinean egin behar diren jarduerak baimentzeko prozedura ezartzen da.

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, horren kontra gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Ebazpen hau jakinarazi eta biharamunean hasiko dira kontatzen epeak.

6. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

7. Ebazpen hau igortzea Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuari, Valtierrako Udalari eta interesdunari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2012ko maiatzaren 30ean.-Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendaria, Pedro Zuazo Onagoitia.

Iragarkiaren kodea: F1208511