108. ALDIZKARIA - 2012ko ekainaren 7a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

61E/2012 EBAZPENA, maiatzaren 18koa, Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendariak emana, Ingurumen ukipenetarako baimena ematen duena, zenbait baldintzarekin, Puiun buztinen ustiategi bat lehengoratzeko proiekturako. Sustatzailea Cerámicas Lerga, S.L. da.

Xedea: ebazpena.

Erreferentzia: Espediente kodea: 0001-0015-2012-000016.

Unitate kudeatzailea: Ingurumenaren eta Uraren Zuzendaritza Nagusia.

Ingurumen Kalitatearen Zerbitzua.

Ingurumenaren gaineko Eragina Aztertzeko Atala.

González Tablas, 9-31005 Iruña.

Telefonoa: 848 427625.

Posta elektronikoa: secevamb@cfnavarra.es.

-Espedientea:

Ingurumen ukipenetarako baimena.

Jarduera: Puiun buztinak ateratzeko ustiategia lehengoratzea.

IBEHFL Erregelamenduaren eranskina: 2C-Ingurumen ukipenetarako baimenaren mende dauden jarduerak eta proiektuak.

Herria: Puiu. Udalerria: Puiu.

Sustatzailea: Ceramicas Lerga, S.L.

Eskaeraren data: 2012ko urtarrilaren 16a.

2012ko urtarrilaren 16an, Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuan sartu zen txosten honen idazpuruan aipatutako jarduerari dagokion Ingurumen ukipenetarako baimena lortzeko eskaera. Espedientea abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2C eranskineko O atalean sartua dago. Beraz, Ingurumen ukipenetarako baimena behar du. Foru dekretu horrek Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onetsi zuen.

Proiektuak Puiuko 3. poligonoko 92., 93., 94., 95., 96. eta 97. lurzatietan buztinak ateratzeko ustiategi bat itxi eta lehengoratzea aurreikusten du. Ustiategiak ez du ingurumen baimenik.

2009ko urtarrilaren 30ean, departamentu honetan sartu zen aurretik aipatutako lurzatietan buztinak ateratzeko jarduerari buruzko dokumentazioa, erauzketa lanak ingurumen arloari dagokionez legeztatzeko. 2009ko otsailaren 19an, eskaera osatzeko dokumentuak eskatu ziren. Zeramikako gaien eskaera komertziala jaitsi denez, 2010. urtean enpresak erabaki zuen irekita zituen instalazio guztiak ixtea.

Tramitazio fasean dagoen proiektuaren helburua da ingurumen ukipenetarako baimena lortzea jarduera hori behin betiko itxi eta tokia lehengoratzeko egiten ari diren lur-isurketak legeztatzeko. Lan horien bidez ustiapenaren aurpegiak berrantolatu dira 2009. urtean aurkeztutako ukipenen azterlanean ezarritako irizpideen arabera eta departamentu honek egindako errekerimenduan agindutako ildoei jarraikiz.

2011ko urrian egindako azterlan topografikoari jarraikiz, lehengoratzeko aurkeztutako proposamena planteatzen da, non aurreikusten baita bete-lan gehiago egitea ustiategiaren kanpoko aldean bildutako lur mineralekin eta harri garbiekin. Zalantzarik gabe lehengoratze-lanetarako diren material horiek ez dira eraikuntzako eta eraispeneko hondakintzat jotzen. Hortaz, ez zaie aplikatuko martxoaren 28ko 23/2011 Foru Dekretua, Nafarroako Foru Komunitateko lurraldean eraikuntza eta eraispenetako hondakinen sorrera eta kudeaketa arautzen dituena.

Gehienez metro bateko geruzak ezarriz, isurketen profila egokituko da. Horrela, profil jarraitu bat lortu nahi da, 2H/1V-tik beherako maldekin. Sortzen diren ezpondak leunduko dira lerro eta malda egokiak uzteko. Eta gero, lehengoratzen den eremu ia osoan, nekazaritza erabilera mekanizatua ezarriko da berriz. Lehengoratze-lan guztiak egiteko epea 4-5 urtekoa izanen da.

Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen du Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak arrazoituz ebatziko duela Ingurumen ukipenetarako baimena eman edo ukatzeari buruz.

Foru dekretu horren 31.2 artikuluak ezartzen du Ingurumen ukipenetarako baimenak lurzoru urbanizaezinean baimentzen ahal diren jardueretarakoa ere bilduko duela, eta horrek Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen ditu.

Eskaera Puiuko Udalari igorri zaio, 93/2006 Foru Dekretuaren 35. artikuluan xedatutakoarekin bat. 2012ko martxoaren 1ean, haren erantzuna jaso da, eta bertan adierazten da jarduketa bateragarria dela hirigintzaren ikuspuntutik.

Espedientean dauden txostenak ikusirik eta Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren irailaren 13ko 1436/2011 Ebazpenaren bidez eskuordetutako eskumenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Ingurumen ukipenetarako baimena ematea, zenbait baldintzarekin, Puiun buztinen ustiategi bat lehengoratzeko proiekturako. Sustatzailea Cerámicas Lerga, S.L. da.

2. Baimena neurri zuzentzaile hauek betetzearen baldintzapean egonen da:

-Proiektuan azaltzen den metodo operatiboa bete beharko da. Hortaz, lehengoratu gabe gelditzen den zuloa betetzeko, erauzketetatik ateratako lur mineralak eta harri garbiak baizik ez dira erabiliko. Instalaziotik beretik ateratako zeramika gaien hondakinak ere onartuko dira (adreilu hondarrak).

-Azaleko geruzan zabaltzen diren lurren baldintza edafikoak hobetzeko, konpostajetik heldu den material organikoa zabalduko da.

-Puiuko 3. poligonoko 92. lurzatitik 97.era bitarte galdutako oihan lurrak konpentsatzeko, horiek denak nekazaritza lur izatera pasako baitira, lehengoratzen den lurretan non-nahi, gutxienez 6.500 m²-ko eremu bat utziko da landu gabe, bilakaera naturala izan dezan.

-Lehengoratze planean proposatutako obren egutegia errespetatuko da. Lanek 5 urte iraunen dute gehienez, Ingurumen ukipenetarako baimenari buruzko ebazpena ematen den egunetik hasita.

-Obrak bukatu ondoren, eremua obra hondakinik gabe utziko da.

3. Proiektuaren Ingurumen ukipenetarako baimena eskuratzeko ezinbestekoa da 29.638,92 euroko fidantza jartzea, baimendutako jarduerak kalterik sortzen badu haiek lehengoratu edo gutxituko direla bermatzeko.

4. Baimen honek, gainera, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezartzen diren ondorioak izanen ditu. Artikulu horretan, lurzoru urbanizaezinean egin behar diren jarduerak baimentzeko prozedura ezartzen da.

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, horren kontra gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita kontatuko dira.

6. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

7. Ebazpen hau Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuari, Puiuko Udalari, Tafalla-Zangoza aldeko Basozaintzari eta interesdunari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2012ko maiatzaren 18an.-Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendaria, Pedro Zuazo Onagoitia.

Iragarkiaren kodea: F1207837