108. ALDIZKARIA - 2012ko ekainaren 7a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

60E/2012 EBAZPENA, maiatzaren 17koa, Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendariak emana, Ingurumen ukipenetarako baimena ematen duena, zenbait baldintzarekin, Cordovilla-Tafalla 1 66 kV-ko aireko linea Beriainen berritzeko proiekturako. Sustatzailea Harivasa 2000 S.A. da.

2011ko azaroaren 18an, goian aipatutako espedienteari dagokion Ingurumen ukipenetarako baimena lortzeko eskaera sartu da Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuan. Espedientea abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2C eranskineko I epigrafean sartua dago. Foru dekretu horrek Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onetsi zuen.

Harivasa 2000 S.A. enpresak Cordovilla-Tafalla 1 66 kV-ko aireko linea berritzeko proiektua aurkeztu du, ingurumen baimena lortzeko. LA-95 eroalea ordeztu nahi da, 37. eta 42. euskarrien artean, eta horren ordez, LA-180 (147-AL1/34-ST1A) eroale berri bat ipini. Proiektuaren helburua 4 MV-ko potentzia igoera egitea da, Harivasa 2000 S.A.k linearen jabeari, hots, Iberdrola Distribución Eléctrica, S.A.ri eskatu dion bezala. Jabeak adierazi du lotura Harivasa 2000 enpresaren "Cordovilla-Tafalla 2" 66 kV-ko linean duen elikagailuan egin behar dela.

Lan horiek egiteko, metalezko 5 euskarri jarri beharko dira, T bloke bakarreko zimentazio armatuarekin eta zirkuitu bakuneko gurutzetekin.

Berritu beharreko linean dauden 5 zutoinak desmuntatuko dira (1 metalikoa da eta beste 4 hormigoizkoak) eta LA-95 eroalea ere kenduko da.

Sustatzaileak proposatu du linearen eroaleek talken kontrako babesak izatea hegaztiak pasatzea aurreikusita dagoen tokietan. Dena dela, proiektuaren eremuan ez da talka egiteko arriskurik aurreikusten, eta, beraz, ez da beharrezkoa neurri zuzentzaile hori ezartzea.

Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen du Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak arrazoituz ebatziko duela Ingurumen ukipenetarako baimena eman edo ukatzeari buruz.

Foru dekretu horren 31.2 artikuluak ezartzen du Ingurumen ukipenetarako baimenak lurzoru urbanizaezinean baimentzen ahal diren jardueretarakoa ere bilduko duela, eta horrek Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen ditu. Horren ondorioetarako, 2012ko abenduaren 22an, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuko Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuaren txostena eskatu zen.

2011ko abenduaren 27an, eskaera Beriaingo Udalari igorri zaio, 93/2006 Foru Dekretuaren 35. artikuluan xedatutakoarekin bat. Beriaingo udal planeamendu berriak, onesteko azkeneko faseetan baitago, linea elektrikoaren eremu hori lurzoru urbanizagarritzat jotzen du, eta gaur egun han dagoen linea kentzea aurreikusten du. 2012ko apirilaren 26an, Beriaingo Udalak aldeko txostena igorri du, uste baitu ez zaiola sustatzailearen bizkar utzi behar linearen jabeari eskatu beharreko neurri bat.

Espedientean dauden txostenak ikusirik eta Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren irailaren 13ko 1436/2011 Ebazpenaren bidez emandako eskumenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Ingurumen ukipenetarako baimena ematea, zenbait baldintzarekin, Cordovilla-Tafalla 1 66 kV-ko aireko linea Beriainen berritzeko proiekturako. Sustatzailea Harivasa 2000 S.A. da.

2. Baimena neurri zuzentzaile hauek betetzearen baldintzapean egonen da:

-Aurkeztutako dokumentazioarekin bat, eta hegaztiak linea berriarekin elektrokutatzeko arriskua murrizteko, euskarri berrietako gurutzetak, lotzeko kateak eta esekitzeko kateak izanen dituztenak, 2,4 metrora jarriko dira. Horrela, lotzeko euskarrietan zubi ahulak beheko gurutzetik 1,5 metro gorago jarriko dira gutxienez.

-Hondakinen gaineko indarreko legedia betetzeko, baimena duen kudeatzaile batek eramanen ditu linea zaharra desmuntatzean kentzen diren elementuak.

-Egin nahi den jarduerak uki ditzakeen edo obren trabagarri izan daitezkeen azpiegitura eta zortasunei dagokienez, enpresa sustatzaileak, obrak gauzatzen hasi baino lehen, behar diren baimen guztiak eskuratuko ditu, kasuan kasuko gaian eskumena duen organoari eskatuta.

3. Proiektuaren Ingurumen ukipenetarako baimena eskuratzeko ezinbestekoa da 5.000 euroko fidantza jartzea, baimendutako jarduerak kalterik sortzen badu haiek lehengoratu edo gutxituko direla bermatzeko.

4. Baimen honek, gainera, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezartzen diren ondorioak izanen ditu. Artikulu horretan, lurzoru urbanizaezinean egin behar diren jarduerak baimentzeko prozedura ezartzen da.

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, horren kontra gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita kontatuko dira.

6. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

7. Ebazpen hau Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuari, Beriaingo Udalari, 7. eremuko Basozaintzari (Iruña) eta interesdunari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2012ko maiatzaren 17an.-Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendaria, Pedro Zuazo Onagoitia.

Iragarkiaren kodea: F1207760