108. ALDIZKARIA - 2012ko ekainaren 7a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

54E/2012 EBAZPENA, maiatzaren 16koa, Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendariak emana, Ingurumen ukipenetarako baimena ematen duena, zenbait baldintzarekin, Longidako 26. poligonoko 58. lurzatian lurrak isurtzeko proiekturako. Sustatzailea Construcciones Ribera Navarra, S.A. da.

2012ko urtarrilaren 23an Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuan sartu zen goian aipatutako espedienteari dagokion Ingurumen ukipenetarako baimena lortzeko eskaera, Construcciones Ribera Navarra, S.A.k sustaturik. Espedientea abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2C eranskineko O atalean dago sartuta. Beraz, Ingurumen ukipenetarako baimena behar du. Foru dekretu horrek Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onetsi zuen.

Jarduketaren funtsa da Nafarroako Ubideko harguneko zentral hidroelektrikoa egiteko erauzitako lurrak isurtzea. Zentrala Nafarroako Ubidea, S.A.k sustatzen du eta Agoizko 1. poligonoko 411. lurzatian kokatzen da. Isurtzeko lur bolumena 50.000 m³-koa izanen da, gutxi gorabehera, eta 40 egunean eginen da.

Isurketa jasoko duen lurzatiak (Longidako 26. poligonoko 58. lurzatia) beste obra batzuetatik isuritako lurrak baditu jada. Tramitatzen ari den proiektuaren helburua da gaur egungo betegarriaren topografia hobetzea eta gero laboratzeko lurrerako lehengoratzea.

Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen du Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak arrazoituz ebatziko duela Ingurumen ukipenetarako baimena eman edo ukatzeari buruz.

Foru dekretu horren 31.2 artikuluak ezartzen du Ingurumen ukipenetarako baimenak lurzoru urbanizaezinean baimentzen ahal diren jardueretarakoa ere bilduko duela, eta horrek Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen ditu.

Eskaera Longidako Udalari igorri zitzaion 2012ko urtarrilaren 26an, 93/2006 Foru Dekretuaren 35. artikuluan xedatutakoarekin bat. 2012ko martxoaren 27an aldeko txostena jaso zen.

Espedientean dauden txostenak ikusirik eta Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren irailaren 13ko 1436/2011 Ebazpenaren bidez eskuordetutako eskumenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Ingurumen ukipenetarako baimena ematea, zenbait baldintzarekin, Longidako 26. poligonoko 58. lurzatian lurrak isurtzeko proiekturako. Sustatzailea Construcciones Ribera Navarra, S.A. da.

2. Baimena neurri zuzentzaile hauek betetzearen baldintzapean egonen da:

-Zabortegian soilik onartuko dira Nafarroako Ubideko harguneko zentral hidroelektrikoaren obretarako erauzitako harri eta lur garbiak.

-Proiektuko topografia zuzenduko da, betegarriaren altuera beheratuz eta sortutako ezponden malda txikiagotuz (2H/1V gehienez). Zabortegiaren edukiera ez murrizteko, lurrak hedatuko dira betegarriak ipar-mendebaldean muga duen baso-alderdiaren mazelarantz, zuhaitzak ukitu gabe.

-Isuri ondoren, lurra hedatuko da eta amaierako azalerak birprofilatuko dira, atzerakako hondeamakina bidez, malda ezberdineko azalerak mugatzen dituzten ertzak agertu gabe eta inguruko erliebearekin fisiografikoki ongi egokitu arte.

-Amaierako topografiak azaleko isurketaren hustuketa bermatuko du, baita lur eremuaren drainatze naturaletarantz bideratzea ere. Azaleran ibarbideak agertzea saihestuko da, ura pilatzea baitakarte eta, ondorioz, lurraren betegarria ezegonkortzea.

-Amaierako azaleretan landare lurreko geruza hedatuko da, gutxienez 30 cm-ko lodiera duena.

-Azkenik, azalerak ereingo dira, inguru horretakoak diren belar eta zuhaixka hazien nahasketa batekin, azarotik otsailera bitarte.

3. Proiektuaren Ingurumen ukipenetarako baimena eskuratzeko ezinbestekoa da 3.000 euroko fidantza jartzea, baimendutako jarduerak kalterik sortzen badu haiek lehengoratu edo gutxituko direla bermatzeko.

4. Baimen honek, gainera, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezartzen diren ondorioak izanen ditu. Artikulu horretan, lurzoru urbanizaezinean egin behar diren jarduerak baimentzeko prozedura ezartzen da.

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, horren kontra gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita kontatuko dira.

6. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

7. Ebazpen hau Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuari, Longidako Udalari, Agoitz aldeko Basozaintzari eta interesdunari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2012ko maiatzaren 16an.-Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendaria, Pedro Zuazo Onagoitia.

Iragarkiaren kodea: F1207774