108. ALDIZKARIA - 2012ko ekainaren 7a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

1.2.1. Kargu-uzteak, izendapenak eta bestelako egoerak

407/2012 EBAZPENA, maiatzaren 11koa, Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendari nagusiak emana, Nekazaritza Zerbitzuko zuzendariaren esku uzten dituena araudiak nekazaritza arloan Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendariari ematen dizkion administrazio eskumen batzuk.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen azken xedapenetako lehenak ezartzen du lege horren aurretiko foru araudiak kontseilariei esleitzen zizkien ebazteko eskumenak zuzendari nagusiei dagozkiela, salbuespen batzuk gorabehera.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 36.1 artikuluak xedatzen du organoen berezko eskumenak maila bereko edo beheragoko beste organo batzuen esku uzten ahalko direla.

Landa Garapen, Industria, Enplegu eta Ingurumen Departamentuko jarduerak arintasunez eta eraginkortasunez egiteko, bidezkotzat jo da Nekazaritza Zerbitzuko zuzendariaren esku uztea indarreko araudiak Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendari nagusiari esleitzen dizkion eskumen batzuk.

Horrenbestez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22. artikuluak ematen dizkidan eskumenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Nekazaritza Zerbitzuko zuzendariaren esku uzten dira araudiak nekazaritza arloan Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendariari ematen dizkion honako administrazio eskumen hauek:

-Mintegiko hazi eta landareen sortzaileak baimentzea eta horiek Mintegiko Hazi eta Landareen Sortzaileen Erregistroan inskribatzea.

-Ereiteko diren aleak egokitzeko baimenak ematea, hirugarrenentzako zerbitzu gisa.

2. Eskuordetza honen bidez ematen diren ebazpen guztietan inguruabar hori aipatu beharko da espresuki. Ebazpen horiek Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendari nagusiak emanak bailiran hartuko dira ondorio guztietarako.

3. Ebazpen hau jakinaraztea Nekazaritza Zerbitzuari eta Idazkaritza Tekniko Nagusiari.

4. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2012ko maiatzaren 11n.-Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendari nagusia, Ignacio Guembe Cervera.

Iragarkiaren kodea: F1207700