108. ALDIZKARIA - 2012ko ekainaren 7a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

374/2012 FORU AGINDUA, maiatzaren 29koa, Lehendakaritzako, Administrazio Publikoetako eta Barneko kontseilariak emana, zezen ikuskizun herrikoi tradizionalak, errekortatzaileen lehiaketak eta eusko-landatar zezenketak prestatzen diren tokien ezaugarriak eta baldintza teknikoak arautzen dituena.

Nafarroako Ikuskizun Publikoak eta Josteta Jarduerak arautzen dituen martxoaren 13ko 2/1989 Foru Legea garatuz, Nafarroako Gobernuak ekainaren 29ko 249/1992 Foru Dekretua onetsi zuen, zezen ikuskizunen araudia onesten duena. Foru dekretu horren 18. artikuluak zezen plazetatik kanpo egiten diren zezen ikuskizunek bete beharreko baldintzak ezartzen ditu, funtsezko hiru alderdi kontuan hartuta: a) ikuskizunaren tokia edo ibilbidea hesiekin bakartzea, b) abelburuen edo parte hartzaileen bidea zailtzen duten oztopoak debekatzea eta c) pasabidearen gutxieneko azalera zehaztea.

Entzierro tradizionaletan eta basabereak libratzean izandako gertakariek aipatu artikulua zehatzago garatzera behartzen dute; alegia, parte hartzaileen osotasun fisikoa bermatuko duten neurri jakin batzuk hartzera, bereziki ahaleginduz ikusleei eman behar zaien babesean, baita ikuskizunetik aparte diren lagunei ere.

Bestetik, erregelamendu horren 88. artikuluak zezen ikuskizun herrikoi tradizionaletan parte hartzen ahal duten abelburuen ezaugarriak arautzen ditu, mugak ezartzen baititu haien adinaren arabera. Erregulazio horrek, onetsi zen unean ikuskizun horiek egiten ziren moduari erantzuten baitio, geroztik izan duen garapena ikusita, argitu beharra dauka, baita segurtasun juridikoagatik ere, zezenentzat ezarritako adin muga ez dela zikiratutako arrentzat eta, hortaz, ez duela horien parte hartzea galarazten ikuskizun horietan, foru agindu honen xedapen gehigarri bakarrean ezarri diren baldintzetan.

Aipatu ekainaren 29ko 249/1992 Foru Dekretuaren azken xedapenetako lehenak ahalmena ematen dio Lehendakaritzako, Administrazio Publikoetako eta Barneko kontseilariari zezen ikuskizunen erregelamendua garatu eta gauzatzeko behar diren xedapenak emateko.

Horrenbestez, eta Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41.1.g) artikuluak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. artikulua. Zezen ikuskizun herrikoi tradizionalak, errekortatzaileen lehiaketak eta eusko-landatar zezenketak egiteko prestatutako tokiak.

Foru agindu honen ondorioetarako, prestatutako tokiak esaten zaie zezen plaza gisa katalogatuta izan gabe eta hurrengo ataletan ezarritako ezaugarriak beteta, zezen ikuskizun herrikoiak, errekortatzaileen lehiaketak edo eusko-landatar zezenketak egiteko behin-behinekoz prestatzen diren barruti itxiei.

2. artikulua. Hesien ezaugarriak.

1. Hesiaren elementuak egiturazko zur zerratuzkoak izanen dira, gogor kategoriaren ziurtagiria izanen dute eta denak markatuko dira, halako moduan non elementu bakoitza noiz jarri zen zerbitzuan eta haren kategoria jakinen ahal baita. Salbuespen gisa, sendotasunari eta ikuskizunarekiko egokitzapenari dagokienez, antzeko baldintzak bermatzen dituzten beste material batzuk onartzen ahalko dira. Betiere, zutoinak eta ateak metalezkoak izaten ahal dira.

2. Hesiaren tarte bakoitza hiru elementu paraleloz (oholak) edo gehiagoz osatuko da, horizontalean ezarrita, mutur bakoitzean zutikako zutoin bat dutela euskarri.

3. Zutoinek edo zutikako elementuek ezaugarri hauek bete beharko dituzte:

a) Zurezkoak badira, 16 x 16 zentimetroko sekzioa izanen dute, gutxienez ere.

b) Zurezko zutoin bakoitzaren gainaldean metalezko pletina edo antzeko elementu bat ezarriko da, ez dadin ezpaldu edo hondatu.

c) Zutoin bakoitzak bao batzuk izanen ditu, ardatz bertikalaren arabera zentratuta, eutsiko dituzten oholen neurriei egokiturik.

d) Zutoin batetik besterako tartea, haien barreneko aurpegien artekoa, 3 metrokoa edo txikiagoa izanen da.

e) Zutoina lurrean finkatzeko, hari egokitzen zaion neurrietako kutxatila erabiliko da, pixka bat loka gel dadin kontuan hartuta, guztiz tinko dagoela bermatzeko ziri edo finkagarriren bat sartu behar bada. Zutoina behar adina sartzeko moduko sakonera izanen du kutxatilak, zutoinaren altueraren eta finkatzeko erabiltzen diren sistemen arabera.

4. Elementu horizontalek ezaugarri hauek bete beharko dituzte:

a) Gutxieneko sekzioa 7 x 20 zentimetrokoa izanen da. Ohol horizontalak behar bezala finkatuko dira zutoinetan, mugi daitezen galaraziz.

b) Tarte bakoitzeko elementuen artean distantzia bera izanen da. Lurreko sestrari dagokionez, beheko oholaren beheko ertza 35 zentimetrora egonen da gutxienez, eta 40 zentimetrora gehienez; aldiz, goiko oholaren goiko ertza 175 zentimetrora, gutxienez ere. Elementu horizontalen arteko tartea 40 zentimetrokoa izanen da, gehienez ere.

c) Hesian jar daitezkeen ateen orriak 3 metro luze izanen dira, gehienez ere, eta bulkada bertikal eta horizontalei aurre egiteko moduko erresistentzia duten ate euskarriak edo burdineria izanen dute, ez daitezen errotik atera, eta hesiaren gainontzekoa bezain sendo izan daitezen.

5. Hesian irtenbideak prestatu beharko dira, zaurituak ebakuatu ahal izateko, baita ateak ere, kolpatutako abelburuak ateratzeko. Ibilbidean den beste edozein baok itxita egon beharko du ikuskizuna bitartean.

3. artikulua. Oztopoak eta dibertsioko elementuak.

1. Abelburuen eta parte hartzaileen mugimenduak laguntzeko, zezen ikuskizun herrikoiak egiteko prestatutako tokietan ezartzen diren behin-behineko egiturei esaten zaie dibertsioko elementuak. Halakoak dira piramideak, oholtzak, bankuak edo beste edozein egitura mugikor, hesietarako ezarritako ezaugarriak aldatu gabe, artikulu honetan eta sektoreko araudi aplikagarrian jasotako baldintza teknikoak eta segurtasunekoak betetzen dituztenak.

2. Egitura horiek ezin dira pasaerako entzierroak egin behar diren tokietan ezarri, hau da, abelburuak oinez, aldez aurretik erabakietako toki edo bide publikoetan barna, libratzen diren lekutik zezen plazaraino edo itxitako barrutiraino, eramaten diren ikuskizunetan, ibilbidea behin baino gehiagotan egin dezaketelarik.

3. Egitura horiek basabereak libratzeko prestatutako tokietan ezarriz gero, Zezen Ikuskizunen Erregelamenduaren 18.2.c) artikuluan ezarritako pasabidearen zabalera errespetatu beharko da.

4. Dibertsioko elementuetako materialek edo akaberek ez dute parte hartzailearen edo animaliaren segurtasuna gutxituko.

5. Dibertsioko elementu horiek ez dira legez oztopotzat hartuko, aipatu erregelamenduaren 18.2.b) artikuluan aurreikusitako ondorioetarako.

6. Dibertsioko elementuak dituzten ikuskizunak baimentzeko, memoria bat aurkeztu beharko da, eta bertan deskribatu zer-nolako ikuskizuna den, haren ezaugarriak eta non kokatu gogo diren egiturak ikuskizunaren tokian edo ibilbidean, baita teknikari eskudun batek izenpetutako ziurtagiria ere, artikulu honetan adierazitako neurriak betetzen direla jasotzen duena.

Xedapen gehigarri bakarra.-Entzierroetan eta basabereak libratzen diren ikuskizunetan parte hartzen duten abelburuen ezaugariak.

1. Zezen Ikuskizunen Erregelamenduan aipatzen diren abelburuez gain, Zezenketako Behi Arrazaren Liburu Genealogikoaren erregistroetan inskribatuta dauden ar zikiratuek hartzen ahal dute parte entzierroetan eta basabereak libratzen diren ikuskizunetan.

2. Aurreko idatz-zatian aurreikusitako ondorioetarako, ikuskizunaren antolatzaileak abelburu horien jaiotzaren ziurtagiriak, Zezenketako Behi Arrazaren Liburu Genealogikoa kudeatzen duten elkarteek luzatuak, aurkeztu beharko ditu, baita behi azienda identifikatzeko dokumentuaren kopia ere.

Xedapen iragankor bakarra.-Hesiak indarra duen araudiari egokitzea.

1. Foru agindu honen 2. artikuluan ezarritako baldintzak hesi eta hesi-tarte berriei aplikatuko zaizkie.

2. Foru agindu honek indarra hartzen duenetik, zezen ikuskizun herrikoi tradizionalak, errekortatzaileen lehiaketak eta eusko-landatar zezenketak egiteko prestatutako tokietan ezartzen diren hesiak haren 2. artikuluan adierazitako ezaugarriei egokitzen ahalko zaizkie edo, bestela, Zezen Ikuskizunen Erregelamenduan ezarritako determinazioak bete beharko dituzte, eta aurreneurri hauek nahitaez hartu:

a) Hurrengo formularen arabera zehaztuko dira ohol horizontalen gutxieneko sekzioa eta haiei eusten dieten zutoin bertikalen barreneko aurpegien arteko hutsartea:

4 × b² x h

------------

? 2,17

6 x L

Non:

b

ohol horizontalen sekzioaren zabalera baita, zentimetrotan

h

ohol horizontalen sekzioaren altuera baita, zentimetrotan

L

zutoin bertikalen arteko hutsartea edo distantzia baita, barreneko aurpegien artekoa, zentimetrotan

Aurreko formulan adierazitako erresistentzia indizea lortzeko, elementu bertikalen bat sartu behar bada elkarren segidako bi zutoinen artean, lurrean tinkatuta egon beharko du eta elementu horizontalei eutsi beharko die hauts daitezen galarazita.

b) Foru agindu honen 2. artikuluko 4.c) idatz-zatian ezarritakoa baino luzeagoak diren ateak hesian jartzekotan, euskarrien edo burdineriaren arteko tartea 3 metrokoa izanen da, gehienez ere, eta bulkada bertikal eta horizontalei aurre egiteko moduko erresistentzia izanen dute, ez daitezen errotik atera, eta hesiaren gainontzekoa bezain sendo izan daitezen.

c) Metalezko hesi bertikalak kendu egin beharko dira edo, gutxienez, aldatu, zurezko bi elementu horizontal edo gehiago ezarrita, galarazita egon dadin ikusleei ibilbidean edo ikuskizuna egiten den tokian sartzea.

3. 1. idatz-zatian ezarritakoa galarazi gabe, zezen ikuskizun herrikoi tradizionalak, errekortatzaileen lehiaketak eta eusko-landatar zezenketak egiteko prestatutako tokietan hesi bikoitza duten tarteek Zezen Ikuskizunen Erregelamenduan jasotako determinazioak beharko dituzte bete, eta ez zaizkie xedapen iragankor honen 2. idatz-zatian adierazitako aurreneurriak aplikatuko.

Azken xedapen bakarra.-Indarra hartzea.

Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hamabost egunen buruan hartuko du indarra.

Iruñean, 2012ko maiatzaren 29an.-Lehendakaritzako, Administrazio Publikoetako eta Barneko kontseilaria, Roberto Jiménez Alli.

Iragarkiaren kodea: F1208291