106. ALDIZKARIA - 2012ko ekainaren 5a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

204/2012 FORU AGINDUA, apirilaren 30ekoa, Gizarte Politika, Berdintasun, Kirol eta Gazteriako kontseilariak emana, 2012. urtean garapen bidean diren herrialdeetan larrialdiko ekintzak egiteko diru-laguntzetarako deialdia egiten duena. Banakako araubidekoak izanen dira.

Nafarroako erakundeek, Foru Komunitatearen gizarte kontzientziaz jabeturik, funtsak ematen dituzte, garapenerako laguntza ofizial gisa (GLO), herrialde eta herri pobretuen giza garapen iraunkorrerako ekarpen solidario gisa, Milurtekoko Garapen Helburuak lortzeko.

Garapenaren aldeko Lankidetzari buruzko martxoaren 9ko 5/2001 Foru Legeak nazioarteko lankidetzaren arloko printzipioak, helburuak eta bitartekoak ezartzen ditu, besteak beste. 14. artikuluan adierazten da garapenerako lankidetzako ekintzak sustatzeko funts publikoak erabiliko direla besteak beste, eta, zehazki, 13. artikuluan adierazten da lankidetzako modalitateetako bat dela laguntza humanitarioa, larrialdi egoeran edo berehalako arriskuan dauden gizataldeei laguntzeko eta horiek berregokitzeko laguntza ekonomiko gisa.

Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak diru-laguntza publiko guztiak arautzen ditu, eta bertan ezartzen dira printzipio orokorrak, kontzeptuak, irizpideak, eskumenak, betebeharrak eta erantzukizunak, bai eta diru-laguntzak esleitu, kudeatu eta kontrolatzeko prozedura ere. Zehazki, 17.1 artikuluak adierazten du diru-laguntzak esleitzeko prozedura arrunta norgehiagokako araubidean tramitatuko dela, salbu, behar bezala justifikatutako kasuetan, Nafarroako Gobernuak banakako ebaluazioa baimentzen badu; ildo horretan, Nafarroako Gobernuak 2012ko martxoaren 21ean hartutako Erabakiaren bidez, Gizarte Politika, Berdintasun, Kirol eta Gazteria Departamentuari baimena eman zitzaion gastu konpromiso bat har zezan larrialdiko ekintzak egiteko deialdiko banakako ebaluazioaren araubidean.

Horrenbestez, beharrezkoa da laguntza humanitarioko esku-hartzeak egiteko diru-laguntzei buruzko arauak ezartzea eta urtean urteko deialdi baten bidez argitaratzea, diru-laguntza horietan publizitate, gardentasun, konkurrentzia, objektibotasun, berdintasun, bereizkeriarik ez eta kontrol printzipioak bermatzeko, baita Administrazio emaileak finkatutako helburuak lortzeko eragimena eta baliabide publikoak esleitzeko eta erabiltzeko eraginkortasuna eta ekitatea ere.

Horrenbestez, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen bidez eta Gizarte Politika, Berdintasun, Kirol eta Gazteria Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen abuztuaren 24ko 136/2011 Foru Dekretuaren bidez esleitu dizkidaten eskumenak erabiliz,

AGINDU DUT:

Lehenbizikoa.-Garapen bidean diren herrialdeetan 2012an larrialdiko ekintzak egiteko diru-laguntzetarako deialdiaren oinarriak onestea. Diru-laguntzek banakako ebaluazioaren araubidea izanen dute.

Bigarrena.-Guztira 60.000,00 euroko gastua baimentzea, "Nazioarteko larrialdietarako laguntzak" izeneko 900004 91200 4819 143103 kontu-sailaren kargura, 2012ko gastuaren aurrekontutik.

Hirugarrena.-Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2012ko apirilaren 30ean.-Gizarte Politika, Berdintasun, Kirol eta Gazteriako kontseilaria, Elena Torres Miranda.

I. ERANSKINA

Oinarriak, garapen bidean diren herrialdeetan 2012an
larrialdiko ekintzak egiteko diru-laguntzak banakako
ebaluazioaren araubidean emateko

Lehena.-Xedea eta helburua.

1. Gizarte Politika, Berdintasun, Kirol eta Gazteria Departamentuak diru-laguntzetarako deialdia egin du 2012rako. Horien bidez finantzaketa emanen die Nafarroako Garapenerako Gobernuz kanpoko Erakundeei (GGKE), zeinek ekintza humanitarioen bidez esku hartzen baitute garapen bidean diren herrialdeetan, bakarrik larrialdien faseetan, krisi kronikoetan eta biktimen babesean, helburua izanik testuinguru horietan giza duintasuna eta eskubideak babestea.

2. Deialdi honen ondorioetarako, ekintza humanitariotzat hartuko dira garapen bidean diren populazioen aldeko jarduketak, ez-baztertzaileak, zehazki populazio zaurgarrienen aldekoak, betiere helburu hau dutenak:

Larrialdiko fasean hondamendietako biktimei erantzutea, laguntza eta babes ekintzen bideez, izan hondamendi naturalak edo gizakiak sortuak (esaterako gatazka armatuak), eta hondamendien zuzeneko ondorioen biktima direnei, oinarrizko ondasunak eta zerbitzuak emanez, biziraupena bermatzeko eta ukitutako pertsonen sufrimendua arintzeko. Bilatuko da etorkizuneko garapenaren oinarriak ezartzea, zaurgarritasuna murriztuz eta tokiko gaitasunak eta giza eskubideak sendotuz.

Krisi humanitario kronikoetan, behar den laguntza eta sorospena ematea ukitutako populazioei, bereziki populazio horiek ezin dutenean sorospenik jaso beren agintariengandik, edo inongo aginterik ez dagoenean.

3. Garapen bideko edo trantsizioko herrialde edo lurraldetzat hartuko dira ELGA-Ekonomiako Lankidetza eta Garapenerako Antolakundearen mendeko Garapenerako Laguntza Batzordearen (GLP) onuradunen egungo zerrendan daudenak.

Bigarrena.-Aurrekontuko diru erabilgarria.

2012ko ekitaldian, helburu horietarako zenbatekoa 60.000,00 eurokoa izanen da, guztira, "Nazioarteko larrialdietarako laguntzak" izeneko 900004 91200 4819 143103 kontu-sailaren kargura.

Hirugarrena.-Entitate eskatzaileek bete beharreko baldintzak.

Deialdi honen xede diren diru-laguntzak hartu ahal izateko garapenerako gobernuz kanpoko erakundeek (GGKE) betebehar hauek izanen dituzte:

a) Pertsona juridikoak izatea, legez eratuak bere izaera juridikoaren arabera, eta inskribatuak egotea Garapenerako Nazioarteko Lankidetzarako Espainiako Agentziaren (AECID) Garapenerako Gobernuz Kanpoko Erakundeen Erregistroan.

b) Nafarroako Foru Komunitatean izan beharko dute egoitza edo ordezkaritza iraunkorra, non ez diren nazioarteko erakundeak.

c) Esku-hartzea egin behar den eskualdean bertako bazkide edo kontraparte bat izatea, hura gauzatzeko. Bazkideak pertsona juridikoa izan beharko du, herrialde onuraduneko legediaren arabera.

d) Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13.2 artikuluan aipatutako egoeretako batean dauden entitateak ezin izanen dira deialdi honen xede diren diru-laguntzen onuradun izan.

e) Gizarte Politika, Berdintasun, Kirol eta Gazteria Departamentuak garapenerako nazioarteko lankidetzan aritzeko ematen dituen diru-laguntzak jaso izatea azken 5 urteotako batean gutxienez.

Aurreko lerroaldean ezarritakoari begira, entitateek frogatu beharreko antzinatasuna errespetatuko da elkarte edo fundazio gisa duten formula juridikoan bakarrik izan badute aldaketa, baldin eta hori entitate juridiko berriaren estatutuetan egiaztatzen bada; edo entitateen batasun bateko kide izan badira eta horrek lehenago Gizarte Politika, Berdintasun, Kirol eta Gazteria Departamentuaren diru-laguntzarik jaso badu garapenerako lankidetzaren arloan.

Laugarrena.-Esku-hartzeetan bete beharreko baldintzak.

Diru-laguntzak hartu ahal izateko, entitateek aurkezten dituzten ekintza humanitarioko esku-hartzeek baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Deialdiaren 1. oinarriko xede eta helburuei eta Garapenaren aldeko Lankidetzari buruzko martxoaren 9ko 5/2001 Foru Legearen 2. eta 3. artikuluetako printzipioei egokitzea.

b) 2012an aurkeztea proposamena eta hastea jarduerak. Entitate onuradunak berariaz jakinarazi ezean, laguntza ematen duen ebazpenekoa izanen da hasiera data.

c) Zeharkako kostuak ez dira izanen esku-hartzearen kostu osoaren %10etik gorakoak.

d) Emandako diru-laguntzen zenbatekoak ez du sekula gaindituko, bakarrik edo beste erakunde edo entitate pribatu nahiz publikoen laguntzekin batuta, esku-hartzearen kostua.

g) Esku-hartze bakoitzeko eskatzen diren zenbatekoak 20.000,00 eurokoak izanen dira gehienez ere.

Bosgarrena.-Eskaerak aurkeztea.

1. Eskaerak aurkezteko irekirik egonen da etengabe 2012. urtean, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

2. Eskaerak Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokorrean aurkeztuko dira, edo Gizarte Politikako eta Kontsumoko Zuzendaritza Nagusian (González Tablas kalea zk.g., 31005, Iruña) edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legean ezarritako tokietan. Eskaera posta bulegoaren bidez aurkezten bada, gutun-azala zabalik aurkeztu beharko da, posta-funtzionarioak, ziurtatu baino lehen, eguna eta zigilua jar diezazkion eskabideari.

Seigarrena.-Aurkeztu beharreko agiriak.

Entitate eskatzaileek inprimaki ofizial batean eginen dute eskaera, eta dokumentazio hau gehituko diote:

A) Entitate eskatzailearen agiriak:

a) Hirugarren oinarrian ezarritako baldintzak betetzen direla egiaztatzeko agiriak (horiek Foru Komunitateko Administrazioak ez badauzka edo haien edukia aldatu bada). Agiri horiek jatorrizkoak edo fotokopia konpultsatuak izan beharko dute:

a.1) Garapenerako Nazioarteko Lankidetzarako Espainiako Agentziaren GGKEen Erregistroan egindako inskripzioaren ziurtagiria; bereziki adieraziko da Nafarroako Foru Komunitatearen lurraldean ordezkaritza ireki dela. Aipamen horren ordez beste erregistro administratibo batek emandako ziurtagiri osagarria aurkezten ahalko da, ordezkaritza hori badela egiaztatzen duena, edo notarioaren agiria, fundazioen kasuan. Ziurtagiri horrek/horiek urtebete baino gutxiagoko antzinatasuna izan beharko du/dute, deialdi hau argitaratzen den egunean.

a.2) Hirugarren oinarriaren d) atalaren arabera onuradun izatea galarazten duten gorabeheretan ez dagoela dioen erantzukizuneko aitorpena.

b) Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko eta haren erakunde autonomoetako langileek ekintza humanitarioan parte hartuz gero, langile horien izenen zerrenda, denboraldia eta proiektuan egin beharreko eginkizunak aurkeztu beharko dira; horrekin batera, pertsona horietako bakoitzaren erantzukizuneko aitorpena, beren lana proiektuaren esparruko zereginekin bateragarria dela dioena.

B) Tokiko bazkidearen agiriak, hirugarren oinarrian ezarritako baldintzak betetzen direla egiaztatzeko (horiek Foru Komunitateko Administrazioak ez badauzka edo haien edukia aldatu bada). Agiri horiek jatorrizkoak edo fotokopia konpultsatuak izan beharko dute:

b.1) Estatutuak.

b.2) Legezko eraketaren agiriak, proiektuaren onura hartzen duen herrialdeko legeen araberakoak.

b.3) Legezko ordezkariaren kredentzialak.

C) Baloraziorako agiriak:

c.1) Esku-hartzearen memoria, inprimaki ofizialean eta euskarri informatikoan.

c.2) Esku-hartzea zehazki non kokatzen den azaltzen duen mapa (herrialdea, eskualde edo departamentua, probintzia eta udalerria).

c.3) Agiri grafiko, tekniko eta ekonomikoak (proformako fakturak, aurrekontu profesionalak, lurren peritazioa eta abar), eta proiektuaren ezaugarriez ongi jabetzeko eskaini nahi diren bestelako agiriak.

Zazpigarrena.-Diru-laguntza emateko prozedura eta prozeduraren instrukzioa.

1. Diru-laguntzak emateko, banakako ebaluazioaren araubidea erabiliko da, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 17. artikuluan aurreikusitako moduan; zehazki, eskaerak aurkeztu ahala tramitatuko eta ebatziko dira, eta, betiere, aurrekontuan horretarako nahikoa kreditu dagoen bitartean.

2. Gizarte Politikako eta Kontsumoko Zuzendaritza Nagusiak tramitatuko ditu eskaerak. Garapenerako Nazioarteko Lankidetza Zerbitzua izendatuko da organo instruktore. Horrexek egiaztatuko du diru-laguntzak hartzeko baldintzak betetzen direla eta baloratuko ditu ofizioz eskabideak, oinarri hauen arabera.

3. Interesdunari eskatuko zaio, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 19.3 artikuluan ezarritakoarekin bat, hutsegiteak zuzendu edo aginduzko agiriak aurkez ditzala bost egun balioduneko epean, ondoko kasuetan; eta ohartaraziko zaio hori egin ezean eskaera bertan behera utzi duela ulertuko dela, espedientea artxibatzeko ebazpena eman ondoren:

a) Eskaerak identifikazio datuak biltzen ez baditu, hala eskatutako diru-laguntzarenak nola entitate eskatzailearenak.

b) Seigarren oinarriaren A) eta B) ataletan aipatzen diren dokumentazioko akatsak.

c) Laugarren oinarrian aipatutako esku-hartzearen baldintzetan akats materialak izatea.

d) Aurrekontua aldatzea eskatzen duten arazoak (akats aritmetikoak, datu ez-zuzenak, oso errealistak ez diren kostuak edo hautagarriak ez diren beste kostu batzuk). Horren ondorioz, gauzak argitzeko eskatzen ahalko da, eta organo instruktoreak aldaketak edo murrizketak ezartzen ahalko ditu akats edo desbideratze horiei aurre egiteko.

e) Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legearen 70. artikuluan aurreikusitako edozein.

Beste edozein kasutan, eta, bereziki, baloratzeko aurkezten den dokumentazio guztia, ez da zuzenduko.

Zortzigarrena.-Eskaeren balorazioa eta diru-laguntzaren zenbatekoa nola finkatuko den.

1. Eskaerak banan-banan baloratuko dira, 0 puntutik 100 puntura bitarte, kontuan hartuz ondoko irizpide objektiboak eta horien ponderazioa:

a) Bidezkotasun instituzionala (%25).

a.1) Entitate eskatzailearena (10 puntu, gehienez). Nafarroan duen ezarpena (2 puntu, gehienez); ekintza humanitarioarekin lotutako gaitasun operatibo eta estrategikoa (4 puntu, gehienez); tokiko bazkidearekin duen harremana eta tokian duen esperientzia (4 puntu, gehienez).

a.2) Tokiko bazkidearena (15 puntu, gehienez): lan esperientzia proiektuaren lekuan (4 puntu, gehienez); ekintza humanitarioarekin lotutako gaitasun operatibo eta estrategikoa (7 puntu, gehienez), ekintza humanitarioaren onuraduna den populazioarekin duen harremana (4 puntu, gehienez).

b) Esku-hartzearen kalitatea (%75).

b.1) Emate Humanitario Onaren Printzipioekin duen egokitasuna (15 puntu, gehienez).

b.2) Erantzuna emateko tokiko gaitasuna (15 puntu, gehienez).

b.3) Ondorio humanitarioen neurria eta larritasuna (15 puntu gehienez).

b.4) Helburuen, emaitzen, jardueren eta baliabideen analisia (15 puntu, gehienez).

b.5) Egokitasuna Nafarroako lankidetzarako II. Plan Zuzentzailearen zeharkako ikuspegiekin (15 puntu, gehienez):

2. Diru-laguntza eskaera aintzat hartua izateko, esku-hartzeak gutxienez ere 50 puntu lortu beharko ditu.

3. Diru-laguntza bat etorriko da eskatzen denarekin.

Bederatzigarrena.-Baloratzeko epeak eta ebazpena.

1. Instrukzio organoak eskaeren balorazio txostena igorri beharko du eskaerak aurkeztu eta zazpi egunera, gehienez ere.

2. Gizarte Politikako eta Kontsumoko zuzendari nagusiari dagokio aurkeztutako eskaerak ebaztea, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen bidez eta Gizarte Politika, Berdintasun, Kirol eta Gazteria Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen abuztuaren 24ko 136/2011 Foru Dekretuaren bidez esleitutako eskumenen ondorioz.

3. Banakako ebazpenek ondokoak adieraziko dituzte: helburua, zenbatekoa, ordaintzeko modua eta epea eta diru-laguntza justifikatzeko modua eta epea. Hori dena, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 21. artikuluan ezarritakoarekin bat.

4. Eskaerak ezetsitzat joko dira baldin eta aurkezten direnetik hogeita hamar egunera berariazko ebazpenik jakinarazten ez bada.

Hamargarrena.-Jakinarazpena.

Deialdiaren ebazpenak administrazio prozedura arautzen duten legeetan ezarri bezala jakinaraziko zaizkie interesdunei, eta Nafarroako Atarian argitaratuko dira.

Hamaikagarrena.-Diru-laguntzaren aurrerakinak.

Diru-laguntza aldez aurreko ordainketa bakar bidez eginen da, diru-laguntza banatzeko ebazpena eman eta gero.

Hamabigarrena.-Diru-laguntzaren justifikazioa.

1. Diru-laguntza emateko ebazpenean zehazten den epean, entitate onuradunek azken txosten tekniko eta ekonomikoa aurkeztuko dute esku-hartzearen betetze mailari buruz, inprimaki ofizialean eta euskarri informatikoan. Garapenerako Nazioarteko Lankidetza Zerbitzuan eskuratzen ahalko da, edo Nafarroako Ataritik jaitsi (www.cooperacion.navarra.es). Diru-laguntzak ematen dituen administrazioak epe luzeagoa baimenduz gero, kasuan kasuko baimenean xedatutakoak aginduko du.

2. Azken txostenak justifikazio-kontua izanen du, gastua justifikatzen duten agiriekin batera, eta kontu horrek hurrengo elementuak izanen ditu:

a) Kontuan ageri diren datu guztiak egiazkoak direla dioen erantzukizuneko aitorpena, entitate onuradunaren legezko ordezkariak sinatua.

b) Jatorrizko agiria edo fotokopia konpultsatua, tokiko bazkideari funtsak igorri zaizkiola frogatzeko, bai eta igorpena bankuko transferentzia bidez egiten bada aplikatutako truke tasak frogatzeko ere; bestelako kasuetan erantzukizuneko aitorpena, diru-laguntzaren onuraduna den GGKEaren legezko ordezkariak sinatua.

c) Tokiko bazkideak funtsak jaso izana frogatzen duen jatorrizko dokumentua edo fotokopia konpultsatua; bankuko transferentzia bidez egiten bada, truke tasak jasotzen dituzten bankuko dokumentuak.

d) Txosten teknikoa esku-hartzearen betetze mailari buruz, eredu ofizialaren araberakoa, lorturiko helburuak eta emaitzak eta eginiko jarduerak zehaztuko dituena gutxienez; horri guztiari egiaztatze bideak erantsiko zaizkio.

e) Esku-hartzearen diru-sarreren eta gastuen balantzea; bertan, zehazki adieraziko dira jarduera finantzatzeko jaso diren bestelako diru-sarrera, diru-laguntza edo laguntzak, publikoak edo pribatuak, baita haien zenbatekoa eta jatorria ere.

f) Gastu osoen zerrenda, jardueraren eta gastu motaren arabera sailkatuta. Gastu bakoitzean honako kontu hauek agertuko dira: zerrendan zer dokumentu zenbaki duen, egiaztagiriaren zenbakia, eman zeneko eguna, igorlearen izena edo helbidea eta haren identifikazio fiskaleko zenbakia edo antzekoa, kontzeptua, egiaztagiriaren testua (luzea izanez gero, laburtzen ahalko da), ordaintzeko modua, zenbat ordaindu den tokiko monetan eta hori zenbat den eurotan. Zerrendarekin batera, aurrekontuaren betetzeari buruzko memoria zehaztua aurkeztuko da.

Gastuen zerrendekin batera, frogagiriak aurkeztuko dira, kasuan kasuko kontrol organoak egiaztatu ahal izateko. Horrek laginen bidez berrikusten ahalko ditu. Egiaztagiriak fakturak izanen dira, eta halakorik ezean, banku-laburpenak, ordainagiriak, kaxako erregistroak, gastuen oharrak edo bestelako agiriak. Egiaztagiri horiek, betiere, zerrendan aipatzen diren datuak adierazi beharko dituzte eta ordainketa egin dela frogatu beharko dute. Gastuak Espainian gertatuz gero, frogagiriak jatorrizko agiriak izanen dira; gainerakoan, fotokopiak, tokiko bazkideak edo kontraparteak behar bezala frogatuak. Frogagiriak gaztelaniaz, euskaraz, ingelesez edo frantsesez ez badaude, gaztelaniara itzuli beharko dira.

h) Truke tasak frogatzen dituen bankuko dokumentuak.

i) Onetsitako aurrekontua eta gauzatutakoa erkatzen dituen taula, desbideratu dena adierazita.

j) Beste edozein dokumentazio grafiko nahiz idatzi, borondatez eman nahi dena, diruz lagundutako proiektuaren gauzatze edo martxa onaren berri emateko.

3. Garapenerako Nazioarteko Lankidetzaren Zerbitzuak, diruz lagundutako jardueraren behar bezalako justifikazioa egiaztatu ondoren, diru-laguntzari buruz dagokion administrazio espedientea itxiko du, eta horren berri emanen zaio entitate onuradunari.

Hamahirugarrena.-Diruz laguntzen ahal diren gastuak eta diru-laguntzaz bestelako ekarpenak.

1. Diru-laguntza hartzen ahal duten gastuak kontu-sail hauetakoak izaten ahal dira:

A) Zuzeneko kostuak:

a.1) Azpiegiturak konpontzea larrialdi fasean.

a.2) Larrialdiko laguntza humanitarioarekin lotutako ekipamenduak, materialak eta hornidurak.

a.3) Langileen arloko gastuak.

a.4) Bidaiak, ostatu-hartzea eta dietak. Esku-hartzea gauzatzeko behar diren langileen joan-etorriekin eta esku-hartzearen onura hartzen duen populazioaren joan-etorriekin lotutako gastuak.

B) Zeharkako gastuak.

Proiektuaren zeharkako kostuengatik %10eko edo hortik beherako zenbatekoa aplikatzen ahalko zaio diru-laguntzari. Zeharkako kostuak dira entitate onuradunak dituen gastu administratiboak (pertsonal-gastuak, egoitzetakoak, bulegoko materialak eta bestelako ohiko gastuak) eta esku-hartzeari jarraitzearen ondoriozkoak, helburu hori duten bidaiak barne. Zeharkako gastuen %75 gutxienez Nafarroan egindako gastuak izanen dira.

Gastuak frogatzeko hamabigarren oinarrian ezarritakoari jarraituko zaio, salbu eta egiaztatzen zailak diren gastuak badira. Hala gertatuz gero, GGKEaren legezko ordezkariak gastu horien gaineko ziurtagiria egin beharko du. Ziurtagirian honako hauek agertuko dira: zenbatekoa, gastu motaren aipamena, diruz lagundutako esku-hartzearekiko lotura eta arau orokorren arabera ezin justifikatu izateko zergatikoak. Gainera, gastuaren frogagiriak aurkeztuko dira: fakturak, kontabilitatearen egoera-orri ikuskatuak edo gastua egiazki burutu dela frogatzen duten bestelako agiriak. Ziurtagiri horren bitartez justifikatuko den diru-kopuruak ez du zeharkako gastuen %30 edo diru-laguntzaren %3 gaindituko.

2. Diru-laguntzen xedeko gastuak ekipamendu ondasunak-erosteko edo aholkularitza edo laguntzako enpresek zerbitzuak emateko erabiltzen direnean, 12.000 eurotik goitikoak izanez gero eta Europar Batasunaren barnean kontratatuz gero, txosten gehigarri bat aurkeztuko da, hornitzaileak hautatzeko prozedurari eta irizpideei buruzkoa, gutxienez haietako hiruri eskatutako aurrekontuekin batera.

3. Ez dira inola ere diruz lagunduko protokoloko eta luxuzko gastuak (otorduak, harrera ekitaldiak, opariak, loreak, ikuskizunetarako sarrerak, etab.); hegazkin edo tren gastuen kasuan, diruz lagunduko dira soilik turista-klasean edo antzekoan egiten direnak.

Hamalaugarrena.-Azpikontratazioa.

Entitate onuradunak edo tokiko bazkideak azpikontratazioa egiten ahal du hirugarrenekin esku-hartzearen zati bat gauzatzeko; diruz lagundutako aurrekontuaren %15i dagokiona, gehienez; betiere, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 26. artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

Hamabosgarrena.-Betebeharrak.

Esku-hartze baterako diru-laguntza jasotzen duten entitateek betebehar hauek izanen dituzte:

a) Eskaeran eta diru-laguntza emateko baldintzetan zehaztutako moduan gauzatzea jarduera. Gauzatzeko epea betetzeko eragozpen larriak sortzen dituen inguruabarren bat gertatuz gero, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legearen 49. artikuluan eta Garapenaren aldeko Lankidetzari buruzko martxoaren 9ko 5/2001 Foru Legearen 16.1.c) artikuluan ezarritako moduan jokatuko da.

b) Gizarte Politika, Berdintasun, Kirol eta Gazteria Departamentuaren baimena eskatu eta lortzea diru-laguntzaren xede den ekintzan aldaketak egiteko, ekintza hori burutzen ari den bitartean entitate onuradunaren herrialdean edo egoitzan ekintza garatzea eragotzi edo zailtzen duten gorabeherak gertatzen direnean; funtsezko aldaketatzat joko dira helburuak, emaitzak, xede-populazioa, kokagunea eta tokian tokiko bazkidea ukitzen dituztenak, bai eta diru-laguntza jaso duten kontu-sailen arteko aldaketak, orotara emandako diru-laguntzaren %20 baino gehiago egiten dutenak, ere. Esku-hartzea gauzatu bitartean gertatzen diren gainerako gorabehera eta aldaketak, Nafarroako Gobernutik kanpoko finantzabideak handitzeagatik guztirako kostua handitzea barne dela, arrazoituta adieraziko zaizkio Nafarroako Gobernuari azken txostenean.

c) Nafarroako Gobernuaren diru-laguntzaren bidez erosten diren material, ekipamendu eta hornidura guztiak esku-hartzea gauzatzen deneko herrialdean eta bertako produktuen bidez erosiko dira. Betebehar hori betetzerik ez bada, idazki baten bidez Gizarte Politikako eta Kontsumoko Zuzendaritza Nagusiaren baimena eskatu beharko da, arrazoiak azaldurik.

d) Nafarroako Gobernuaren diru-laguntza hartu ondoren edozein erakunde publiko edo pribaturi helburu bererako eskatu eta horrek emandako diru-laguntzen zenbatekoaren berri ematea. Komunikazio hori azken justifikazio txostenean egin beharko da.

e) Kontraparteari edo tokiko bazkideari diru-laguntza nondik datorren aditzera ematea.

f) Organo emaileari betebeharrak eta baldintzak bete direla, diru-laguntzaren xede den jarduera egin dela eta diru-laguntza hartzeko helburua lortu dela justifikatzea, deialdi honen hamabigarren oinarrian aipatzen den azken txostenaren bidez.

g) Diru-laguntzak emateko ebazpenaren proposamena egiten denean, Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak eta zergen gainekoak eguneratuak izatea.

h) Nafarroako Gobernuari proiektuaren zabalkundea egiten laguntzea, Nafarroako herritarrak garapenerako lankidetzaren arloan sentsibilizatzearren.

i) Proiektuaren zabalkunde eta publizitate guztietan diru-laguntza nork eman duen adieraztea. Zabalkunde lana idatzia edo grafikoa baldin bada, Nafarroako Gobernuaren logotipoa erabiliko da (Nafarroako Gobernuaren sinbolo ofiziala eta haren erabilera arautzen duen maiatzaren 3ko 189/2004 Foru Dekretuak xedatzen duen moduan). Diru-laguntzaren onuradunen logotipoaren tamaina berean agertu beharko du, eta berdin ikusteko moduan.

j) Organo emaileak egiten dituen egiaztapenak onartzea, bai eta kontrol organo eskudunek egiten dituzten egiaztapenak eta finantza kontrolak ere, eta jarduketa horietan eskatzen zaizkien argibide guztiak ematea. Bereziki, hamabigarren oinarriaren 2. atalean aipatzen diren gastu-egiaztagiriak organo emailearen esku uztea, eskatuz gero. Horrela egin ezik, ulertuko da Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 42. artikuluko 1.1.f) idatz-zatia urratu dela.

k) Jasotako diruaren erabilerari buruzko frogagiriak gordetzea, egiaztatze eta kontrol lanak egin ahal izateko.

l) Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan eta deialdi honen hamaseigarren eta hamazazpigarren oinarrietan aipatzen diren kasuetan, hartutako funtsak itzultzea.

m) Ondasun inbentariagarriak erosi, eraiki, zaharberritu eta hobetuz gero, onuradunek ondasunak diru-laguntzaren helbururako erabili beharko dituzte, gutxienez ere hamabost urterako, erregistro publikoan inskribatu beharreko ondasunak izanez gero, edo hiru urterako bestelako ondasunak izanez gero.

n) Diru-laguntzen aurrerakinak herrialdera berehala ezin igorri badira, entitate esleipen-hartzaileak ezin izanen ditu kanpoko gorabehera kontrolaezinen mende utzi eta inbertsioak bakarrik onartuko dira funtsak ez transferitzeko zergatikorik bada, inbertsioak arriskurik ez badu eta bermaturik badago.

Hamaseigarrena.-Ez-betetzeak.

1. Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. eta 37. artikuluetan aipatzen diren kasuetan eta bertan ezartzen diren baldintzetan, hartutako dirua itzuli beharko dute diru-laguntzen onuradunek.

2. Diru-laguntza emateko aintzat hartutako inguruabar, betebehar eta baldintzak hamabosgarren oinarrian aipatzen den baimen administratiboa izan gabe aldatuz gero, ez-betetzetzat joko da. Orobat, esku-hartzea bukatua dela eta ezinbestekoetan salbu, %50az azpiko betetze teknikoa eta aurrekontukoa ez-betetzetzat joko da; gainerako kasuetan, organo emaileak baloratu beharko ditu esku-hartzearen betetze maila apala eragin duten inguruabar eta arrazoiak, ez-betetzea izan den erabakitzeko.

3. Hamabigarren oinarrian aipatzen den azken justifikazio-txostena epe barrenean aurkezten ez bada, ez-betetzea izanen da.

4. Inbertitu gabeko gerakinak, aurreko oinarrian aipatuak, ez dira inoiz ez-betetzeak izanen.

5. Balizko ez-betetzeetan maila desberdinak egonen dira, honen arabera:

-Esku-hartzearen betetze maila, arlo teknikoari eta aurrekontuari dagokienez.

-Aldez aurretik baimen administratiboa eduki gabe eginiko aldaketen zenbatekoa eta munta.

-Frogatutako arrazoirik gabe egindako aldaketa ez-funtsezkoen kopurua eta munta.

-Txostenak zenbat egunen ondoren aurkezten diren epetik kanpo.

6. Aurreko atalean ezarritakoa galarazi gabe, arau-hauste eta zehapenei dagokien guztian azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 42. artikuluak eta hurrengoek eta Garapenaren aldeko Lankidetzari buruzko martxoaren 9ko 5/2001 Foru Legearen VII. kapituluak xedatzen dutena hartuko da aintzat.

Hamazazpigarrena.-Errekurtsoak.

Deialdi honen oinarrien kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, baita deialdia aplikatzeko egintzen kontra ere, Gizarte Politika, Berdintasun, Kirol eta Gazteriako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, aurkaratu nahi den egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik aurrera.

Iragarkiaren kodea: F1206963