106. ALDIZKARIA - 2012ko ekainaren 5a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

536/2012 EBAZPENA, maiatzaren 11koa, Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiak emana, Untzitibarko Udal Plan Orokorrari buruzko Ingurumen ondorioen adierazpena egiten duena.

Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearen 3.A eranskinaren B) 1. atalean ezarritakoaren arabera, udal plan orokorrak Ingurumen ebaluazio estrategikoaren mende jarri behar dira eta Ingurumen ondorioen adierazpena behar dute, plan horiek onestearekin batera edo lehenago.

Untzitibarko Udalak hasiera batez onetsi zuen Hirigintzako Udal Plana, 2010eko abuztuaren 27an egindako bilkuran. 2010eko 104. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, abuztuaren 27an, argitaratutako iragarkiaren bidez jendaurrean jarri zen Hirigintzako Udal Plana, eta haren dokumentazioan Ingurumen ondorioen azterlana jaso zen. Ez da ingurumenari buruzko alegaziorik jaso.

Altzorrizko, Artaizko, Zenboraingo, Untzitiko eta Zabaltzetako kontzejuek eta Naxurietako, Zorokiaingo eta Mugetaxarrako tokiek osatzen dute udalerria. Herri horiek ibar zabal batean sakabanatuta daude, mendilerroz inguraturik, hala nola Taxoarekoa hego-mendebaldean, Gorlitz mendia hegoaldean eta Itzaga mendia ekialdean.

Iruñearen eta Pirinioetako autobiaren eraginpeko eremuan kokaturik, Taxoareko mendilerroak egiten duen hesia dela-eta, Iruñeko metropolialdearen eragina moteltzen da. Ibar gisa, Iruñerriko landa guneen ezaugarriak ditu, hau da, nekazaritza giroko herrigune txiki oso gutxi garatuak etxe tradizionalekin malda txikieneko hegietan ibar hondotik hurbil, tarte txikia dutela batetik bestera.

Hirigintzako plana udalerri guztian aplikatuko da, 37,34 km²-koa baita. Honako hauek dira Untzitibarko Udal Plan Orokorraren lurralde helburuak: ibarra inguruko udalerriekin lotzea garrantzi berezia emanez ibarrak Elo-Iruña eta Urrotz aldera duen loturari, ibarraren barreneko loturak hobetzea (Naxurieta-Altzorritz, Zabaltzeta-Zorokiain) eta egungo biztanleria mantentzea, etxebizitza berriak egitea eta bizitegi parkea zaharberritzea bultzatuz.

Era berean, indarra duen planeamendua eguneratu eta egokituko da, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legean ezarritakoaren arabera.

Bizitegirako proposamenak bizitegien hazkuntza jasotzen du, ibarreko herri guztietan banaturik, Untzitiko herrigunea buru izanik. Jarduera ekonomikoetarako eremu baten aurreikuspenari buruz, ezetsi egin da eskaeraren txikia ikusita, hasierako planaren helburuetako bat bazen ere.

Inguruneari buruz, lehenetsitako helburuak dira ingurumen eta paisaia aldetik interesa duen lurzorua babestea, nekazaritzako eta abeltzaintzako jarduerak mantentzea, lurraldearen irudiaren eta kohesioaren parte direnez, eta korridore naturalak zehaztea Taxoareko mendilerroaren eta Itzagako San Migel artean.

Udal Planaren dokumentazioaren parte da Ingurumen ondorioen azterlana, lurraldearen analisi eta diagnostiko osoa egiten duena. Plan honen eta beste plan batzuen arteko eraginen analisia ere sartzen da eta, batez ere, Eremu Zentraleko LAP 3arekiko egokitzapena baloratzen da.

Gune babestuak izateagatik interes ekologikoa duten eremu gisa, "Itzaga mendia" Batasunaren intereseko lekua (ES2200035) eta B-127 HBB daude, Natura 2000 Sarean sarturik. Gainera, Itzaga mendiko basa fauna babesteko eremua dago (APFS-3), baita BILetatik kanpo dauden Batasunaren intereseko eta lehentasunezko intereseko zenbait habitat ere. Eremu Zentraleko LAP-3aren lurralde eredua aplikatzearen ondorioz, lurraldea lotzen duten guneak sartzen dira, hala nola, Arangurengo mendilerroa, Itzaga mendia eta ibai sistema osoa; azken hori honela banatzen da: Elortz ibaiaren arroa, non Untziti ibaiaren arroa den nagusi, Irati ibaiaren arroa, Mugetaxarrako erreka-zuloarekin, eta iparraldetik Erro ibaian isurtzen diren errekak.

Ingurumen arloko balio horiek eta 31. iraganbideak eta aztarnategi arkeologikoek osatzen dituzten kultur balioak babestu beharreko lurzoruaren kategorian jaso dira. Planeamenduak arriskuei aurrea hartzeko lurzoru gisa aipatzen ditu uholde eremuak, nahiz ez diren grafikoki adierazi; horien araudia LAP3ko PN4 eranskinean bilduta dago. Herriguneak malda ertaineko tokietan daudenez, ez da arriskurik ikusten ez bertan dauden eraikinentzat ez proposaturiko hirigintza garapenentzat. Dena dela, Ingurumen ondorioen adierazpen honen baldintzetan aipatu bezala, badaude garapen batzuk hirugarren mailako sakan edo erreken ondoan Untzitiko eta Zabaltzetako herrietan.

Ingurumen balioagatik zaindu beharreko lurzoruen kategorian, hariztiak (Quercus pubescens) eta koniferoen landaketak dira nagusi, baita ezpeldiak eta sastrakadi mediterraneoak ere. Ibar hondoko laboreak, belardiak eta abeltzaintza estentsiboak baliatzen dituen larreak natura aldetik ustiatzeko balioa duen lurzoruaren kategorian sartu dira.

Untzitiko, Zenboraingo, Artaizko eta Naxurietako elizen inguruak morfologia eta paisaia aldetik berariazko babesa behar duten lekuneak dira planean, gainetan eta agerian daudenez eta kultur balioa dutenez; hortaz, inguru horiek baliotsuak dira paisaia aldetik.

Herriguneen ondoko lurretan, garapen eredutik babestu beharreko lurzoruak mugatu dira, zaintza estuagoko araubide batekin, ez daitezen herrigunearen hazkuntza, egitura edo irudia oztopatu.

"Ruta Petrus" izeneko turismo proiektuan sartutako ondarearen baliabideak, Untziti-Itzagaondoko bide erromanikoa, Errondoko herri hustua eta herriguneen artean oinez egiteko bideak kultur balioagatik hartu dira kontuan. Ibarreko herriguneak lotzen dituzten ibilbideen sare horren bitartez, planari esker, oinez eta bizikletaz konektatuta egotea bermatzen da.

Ingurumenean eragina izan dezaketen planeko ekintzak aipatzen dira Ingurumen ondorioen azterlanean, baita ekintza horien eragina izan dezaketen ingurumen faktoreak ere, eta inpaktuak bateragarritzat jo dira. Eta aurreneurriak eta neurri zuzentzaileak proposatzen dira, plana garatzean aplikatu beharko direnak.

Hirigintzako planaren araudiaren bitartez, eremu akustikoen mugaketa erantsi da erabilera nagusiaren arabera, eta bizitegien eremu akustikoa bakarrik hartu da kontuan.

Plangintza eta Laguntza Atalak txostena egin zuen 2011ko otsailaren 7an 13. iraganbidearen trazaduraren proposamenari buruz eta hura lurzoru urbanizaezintzat modu egokian hartzeari buruz.

2011ko martxoaren 17an, Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuak errekerimendua egin zuen dokumentazioa osatzeko udalerriko zonifikazio akustikoari buruz (urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretua betez) eta lurzoru urbanizaezineko azpikategorien doikuntza kartografikoari buruz.

2012ko otsailaren 2an sartu zen Landa Garapen, Industria, Enplegu eta Ingurumen Departamentuan Untzitibarko Hirigintzako Udal Planaren dokumentazio osoa.

Dokumentazioa osatu dela ikusirik, Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuak, Ingurumen ebaluazio estrategikoaren prozedura behar bezala egin dela eta ingurumen baldintzak Untzitibarko Hirigintzako Udal Planari nola gehitu zaizkion ikusirik, aldeko txostena egin du.

Horrenbestez, espedientean dauden txostenak ikusirik, kontuan izanik Ingurumen ebaluazio estrategikorako prozedura osorik bete dela, eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak urriaren 10eko 426/2007 Foru Aginduaren bidez emandako eskudantziak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Untzitibarko Udal Planari buruzko Ingurumen ondorioen adierazpena egitea eta ingurumenaren aldetik egokia dela adieraztea.

2. Ingurumen ondorioen adierazpen hau determinazio hauek betez gero emanen da:

-Ur jabari publikoaren zortasun zerrenda mantentzea erreken ondoko bizitegien garapenetan, hau da, Zabaltzetako UE-ZAB-6an eta Untzitiko UE-UNC-1ean.

-Lurzoru urbanizaezinaren mugaketa, ingurumen balioko kategorian eta natur ustiapenerako balioarenean, berrikustea hurrengo lurzatietan: 4. poligonoko 341., 346. eta 560. lurzatiak (arboladiak eta sastrakadiak), 451. eta 490. lurzatiak (9. poligonoa) eta 8. poligonoko 106c lurzatia (larreak ezpelarekin) eta 1. poligonoko 532. eta 526. lurzatiak (larreak haritzekin).

-Eremu akustikoen mugaketa osatzea, lurraldean ukitutako sektoreak garraioko azpiegituren sistema orokorrei gehituta, urriaren 27ko 1367/2005 Errege Dekretuak eta Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legeak ezarri bezala.

3. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearen 34. artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

4. Ebazpen hau Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuari eta Untzitibarko Udalari jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2012ko maiatzaren 11n.-Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusia, Andrés Eciolaza Carballo.

Iragarkiaren kodea: F1207490