1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
48E/2012 EBAZPENA, maiatzaren 4koa, Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendariak emana, Ingurumen ukipenetarako baimena ematen duena, zenbait baldintzarekin, Altsasuko udal mugapean "Altsasu Etxarri I" eta "Altsasu Etxarri II" transformazio azpiestazioetatik abiatzen den 30 kV-ko lur azpiko linearako. Sustatzailea Iberdrola Distribución Eléctrica, S.A.U. da.
2011ko urriaren 25ean Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuan sartu zen goian aipatutako espedienteari dagokion Ingurumen ukipenetarako baimena lortzeko eskaera. Espedientea abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2C eranskineko I epigrafean sartua dago. Foru dekretu horrek Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onetsi zuen.
Proiektuko jarduketaren xedea da Sakanan energia elektrikoaren hornidurarako baldintzak hobetzea, Altsasuko azpiestazioa eta egin berri den Altsasu Etxarri I eta II aireko linea lotuz, zirkuitu bikoitzeko lurpeko linea baten bidez. Lotura 18.01 euskarrian eginen da.
Proiektatu den lurpeko linea, 30 kV-ko tentsio izendatua duena, zirkuitu bikoitzekoa da, isolatuta, zanga bateko PVCko tutu-kanalizazio batzuetan sartuta. Lineak osotara 3.100 bat metro zeharkatzen ditu. Horietatik, 1.847 metro landalurretatik pasatzen dira, funtsean leku hauetatik: Altsasuko eta A-10 Sakanako autobiaren ezkerreko bazterreko bide batzuetatik, A-1 Iparraldeko autobiaren eta A-10 autobiaren arteko baratze eta azpiegitura batzuetatik eta A-10 autobiaren eskuineko bazterrarekiko paralelo doan larre natural batetik. Landalurretatik pasatzen diren metroetatik, 377 metro adar batekoak dira. Adar hori linea eta Zaragoza-Altsasu burdinbidea gurutzatzen diren gunetik hasten da, eta hiri-sarerantz jarraitzen du.
Proiektuan aurreikusten da A-1 eta Arakil ibaia, 398+131 kilometro-puntuan, gurutzatzea autobiako ibai azpitik eta ibaiarekiko paralelo, NILSAren kanalizazio baten ondoan. Gainerako gurutzagunetan: Arakil ibaia, ibaia horretan urak isurtzen dituen kanala, A-1 eta A-10 autobien arteko lotuneko azpiegitura linealak eta A-10 autobia gurutzatzeko, zulaketa gidatu bidez eginen da. Gainerako ibilbidean, zanga bat ireki beharko da, 1,3 metro sakonerakoa eta zabalera aldakorrekoa (oinarrian 70 cm-koa gehienez ere), kanalizazioan sartuko diren PVCko hodi kopuruaren arabera. Proiektuak Ingurumen ukipenen azterlana hartzen du barnean; hartan, interes naturaleko balioak aztertzen dira eta proiektua gauzatzeko neurri zuzentzaileak ezartzen dira.
Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen du Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak arrazoituz ebatziko duela Ingurumen ukipenetarako baimena eman edo ukatzeari buruz.
Foru dekretu horren 31.2 artikuluak ezartzen du Ingurumen ukipenetarako baimenak lurzoru urbanizaezinean baimentzen ahal diren jardueretarakoa ere bilduko duela, eta horrek Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen ditu. Ondorio horietarako, Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuak proiektuaren aldeko txostena eman zuen 2012ko otsailaren 14an, lurzoru urbanizaezinari dagokionez.
Espedientean Altsasuko Udalaren txostena dago, 2011ko urriaren 10ekoa, 93/2006 Foru Dekretuaren 35. artikuluan xedatutakoarekin bat. Txosten horretan adierazten da jarduketa bateragarria dela hirigintzaren ikuspuntutik.
Espedientean dauden txostenak ikusirik eta Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren irailaren 13ko 1436/2011 Ebazpenaren bidez eskuordetutako eskumenak erabiliz,
EBATZI DUT:
1. Ingurumen ukipenetarako baimena ematea, zenbait baldintzarekin, Altsasuko udal mugapean "Altsasu Etxarri I" eta "Altsasu Etxarri II" transformazio azpiestazioetatik 30 kV-ko lur azpiko linearako. Sustatzailea Iberdrola Distribución Eléctrica, S.A.U. da.
2. Baimena neurri zuzentzaile hauek betetzearen baldintzapean egonen da:
Linearen trazadurako azken soluzioa espedienteko 2012ko martxoaren 26ko dokumentazioan deskribatutako ibilbidearekin bat etorriko da. Trazadurak, zulaketa gidatu bidez edo aurrez instalatutako pasabideetatik, ondoko hauek zeharkatuko ditu: Arakil ibaia, kamioen aparkalekuaren ondoko kanala eta ibarbasoa eta burdinbideko azpiegitura linealak eta A-10 autobia.
Gurutzagune horiek A-10 autobidean eginen den zulaketa gidatuaren erasotze-puntuaren lekualdatzeak sorturiko hobekuntzak jasoko dituzte, autobiaren beheko pasabide ondoko landaredia ez ukitzeko, faunarentzako pasabidea baita, eta "satorra" atzera eramanen da kanalean eta kamioen aparkalekuan. A-10 autobiaren ezkerreko bazterrean dagoen hoditeria, azken zatian, bide azpian eginen da, linea amaierako zutoineraino.
Landaredi naturala ahalik eta gutxien ukitzeko, materialak biltzeko eta makinak aparkatzeko gune osagarriak ez dira kokatuko ibarbasoen ondoan edo Ubaguako larrean, eta inor ez da ibiliko hoditeriaren korridore gisa ezarritako bidetik kanpo. Bide horren tamaina ez da izanen behar-beharrezkoa baino handiagoa. Larre horretako errekarako ibia landaredia mehartzen den lekuan eginen da.
Maiatzeko 26ko eranskinean bildutakoarekin bat, aldatu behar den zutoinean (linea amaierako horretan) aireko linearen isolagailuak ordeztuko dira U70AB66P konpositezko beste batzuekin, hegaztiak babesteko araudian ezartzen den 70 zentimetroko isolamendua lortzeko.
Halaber, linearen amaierako euskarrian eta eroaleak lurpeko linearekin duen konexioan elektrokuzio arriskua murrizteko, erabat isolatuko dira lineako eroaleak eta zirkuitu-etengailuak lotzeko zubiak, horien eta tximistorratz autobalbulen arteko lotuneak eta horien eta konexioko botilen artekoak. Isolamenduan erabiliko den materialak goi tentsioko lanetarako eta hegaztiak babesteko egokia izan beharko du. Bestetik, tximistorratz autobalbulak eta botilak BCAC estalki aurremoldeatuekin edo antzekoekin babestuko dira.
Obren hasieran landare lurra kenduko da (lurzoruaren azaleko geruza emankorra), gero zangaren azaleko zatia betetzeko, eta soberako material desegokienak eta obra hondakinak baztertuko dira, zabortegi baimendu batera eramateko edo kudeatzaile baimendu baten esku jartzeko, haien izaeraren arabera.
Zangaren amaierak lurraren topografia lehengoratzea bermatuko du, lurzoruaren aprobetxamendua, azaleko isurketa eta bidearen luzetarako edo zeharkako drainatzea ukitu gabe.
Hirigintza arlokoak:
Sustatzaileak behar diren baimen guztiak eskuratu beharko ditu egin nahi diren jarduerak uki ditzakeen edo obren trabagarri izan daitezkeen azpiegitura eta zortasunei dagokienez.
3. Baimen honek, gainera, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezartzen diren ondorioak izanen ditu. Artikulu horretan, lurzoru urbanizaezinean egin behar diren jarduerak baimentzeko prozedura ezartzen da.
4. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, horren kontra gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean.
Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.
Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita kontatuko dira.
5. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
6. Ebazpen hau Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuari, Altsasuko Udalari, Basozaintzari (Ultzama-Arakil aldeko barrutia) eta interesdunari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.
Iruñean, 2012ko maiatzaren 4an.-Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendaria, Pedro Zuazo Onagoitia.
Iragarkiaren kodea: F1207211