1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
863/2012 EBAZPENA, maiatzaren 29koa, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak emana, 2012ko maiatzaren 30eko 22:00etatik maiatzaren 31ko 22:00etara deitutako greba dela-eta, erakunde autonomo horretako gutxieneko zerbitzuen funtzionamendua eta horiei arreta emateko behar diren langileak bermatzen dituena.
ELA, LAB eta CCOO sindikatuek grebarako deialdia egin dute; 2012ko maiatzaren 30eko 22:00etatik maiatzaren 31ko 22:00etara izanen da.
Espainiako Konstituzioaren 28.2 artikuluan onartzen den greba egiteko eskubidearekin batera, gizartearen ezinbesteko zerbitzuak mantentzeko behar diren bermeak jarri behar dira, aipatu eskubidearen erabilera inola ere galarazi gabe, halaxe ulertu baitute, agindu hari dagokionez, bai jurisprudentzia arruntak bai konstituzionalak berak ere.
Grebarako deialdia dela-eta, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zentroetan ematen diren zerbitzuak ezin dira erabat gelditu, botere publikoek bermatu beharreko funtsezko zerbitzuak baitira, eta, beraz, beharrezkoa da horiek betetzea. Izan ere, Espainiako Konstituzioaren 43. artikuluan aipatzen den osasuna babesteko eskubidearen barrenean sartzen dira, pertsonen funtsezko eskubideak direlako, hau da, erien bizitzeko eta integritate fisikorako eskubideak.
Ekainaren 10eko 119/2002 Foru Dekretuak, egoera honetan aplikatzekoa denak, lehen xedapen gehigarrian adierazten duenez, ahalmena ematen die Nafarroako Gobernuko kontseilariei eta erakunde autonomoetako organo eskudunei funtsezko prestazio publikoetarako gutxieneko zerbitzuak ezar ditzaten, baita horiei arreta emateko behar diren langileak ere, betiere grebarako deia egin duten sindikatuei entzun ondoren.
Azaldutakoaren arabera, ebazpen honen helburua da 2012ko maiatzaren 30eko 22:00etatik maiatzaren 31ko 22:00etara deitutako greba dela kausa Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko langileek bete beharreko gutxieneko zerbitzu funtsezkoak arautzea. Zerbitzu horiek ezartzean aintzat hartu da, batik bat, ezinbestekoak direla herritarren osasun beharrei era egokian erantzuteko. Horregatik guztiagatik, zerbitzu horiek funtsezkotzat hartzen dira eta, hortaz, beharrezkoa da deitutako grebak dirauen bitartean zerbitzu horiek betetzea.
Lehendakaritzako, Administrazio Publikoetako eta Barneko Departamentuko organo eskudunek greba batzordean dagozkien jarduketak eginik, beharrezkoa da gutxieneko zerbitzuei arreta emateko behar diren langileak ezartzea.
Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzua erakunde autonomoaren Estatutuak onesten dituen uztailaren 3ko 45/2006 Foru Dekretuak eman dizkidan ahalmenak betez.
EBATZI DUT:
1. Lehenbizikoa.-Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko eta haren erakunde autonomoetako langileek deitutako greban, 2012ko maiatzaren 30eko 22:00etatik maiatzaren 31ko 22:00etara, gutxieneko zerbitzu funtsezko hauek errespetatuko dira:
I.-Ospitaleak.
Oro har, lan araubidea jaiegunetarako ezarritakoa izanen da.
Gainera, zentroen jarduera garatzeko ezinbestekoak diren zerbitzuetan jendeari arreta ematen zaiola bermatuko da, honelaxe:
A) Ospitalizazioa: gaitasun logistikoaren %100 bermatuko da.
B) Araututako jarduera duten zerbitzuetako arreta bermatuko da:
-Hemodialisia.
-Eguneko Ospitalean tratamendu onkologikoak.
-Eguneko Ospitalean tratamendu hematologikoak.
-Minaren Unitatean tratamendu jarraitua duten eriendako arreta.
-Erradioterapiako tratamenduak, simulaziokoak eta plangintzakoak.
-Errehabilitazioa. Lehentasunezko eta ospitaleetako eriendako arreta bermatuko da.
-Adimen Osasunaren sareko eguneko ospitaleak.
C) Operazio kirurgiko larri guztiak bermatuko dira, horietan normalean erabiltzen diren baliabideekin, eta, horiez gainera, larrialdietako, ZIUaren, KZBUaren, ZKUaren, Kritikoen Unitatearen, Erditzeen Arloaren eta paregarriak diren beste unitate batzuen jarduera guztia ere bermatuko da.
D) 20. asteko ekografia eta amniozentesia egiten direla bermatuko da.
E) Arlo hauetan, lehentasunezko arreta, ingresatutako eriendako arreta eta arreta arrunt guztiak bermatuko dira, halakorik bada, gaitasun logistikoaren %60ra bitarte jarriz:
-Ebakuntza kirurgikoak.
-Zerbitzu Zentralak.
-Kontsultak.
-ELZ (Emakumeari Laguntzeko Zentroa).
F) Ospitaleko farmazia zerbitzuak: ospitalean dauden eta tratamendu onkologikoak eta arautuak dituzten eriendako arreta bermatuko da.
G) Nafarroako Odol eta Ehun Bankua: hemoderibatuen erauzketak bermatuko dira, Nafarroako Foru Komunitateko ospitaleak hornitzeko, gaitasun logistikoaren %60ra bitarte jarriz.
II.-Oinarrizko Osasun Laguntza.
Oinarrizko Osasun Laguntzaren esparruan, hauxe izanen da lanaren araubidea:
Oinarrizko Osasun Laguntzako taldeetan:
a) Ohizko lanaldian.
Oro har, osasun eskualde oinarrizko bakoitzean, eta funtzionamendu ordutegi osorako, lan txanda bakoitzean (goizekoa eta arratsaldekoa), familia mediku bat, pediatra bat, OLT/EUD bat, Harrera arloko profesional bat izendatuko dira 5 lanpostu baino gutxiago direnean edo 5eko zatiki bakoitzeko.
Etengabeko arreta emateko toki bat baino gehiago duten oinarrizko eskualdeetan, etengabeko arretarako zenbat toki edo talde dauden, horrenbeste familia mediku eta OLT/EUD.
b) Etengabeko arretarako ordutegian.
Osasun eskualde oinarrizko bakoitzean, lan araubidea oro har ezarritako zerbitzuen %100ekoa izanen da.
Ospitalez kanpoko Larrialdietako Zerbitzuetan eta Larrialdietako Zerbitzu Arruntetan:
Oro har, ezarritako zerbitzuen %100ekoa izanen da lan araubidea.
"San Francisco Javier" zentroko laguntza medikoa:
Mediku bat.
Aho-hortzetako osasuna:
Odontologo bat laguntza orokorrerako, HGHZPko odontologo bat, erizaintzako 2 laguntzaile, administrazioaren arloko profesional bat.
Kudeaketa Klinikoaren eta Informazio Sistemen Zerbitzua:
Sistema Informatikoetako teknikari bat, Osasun etxeetako gorabeherei aurre egiteko.
III.-Osasun Publikoaren Institutua.
A) Etengabeko arreta: lan araubidea zerbitzuen %100ekoa izanen da, hau da, elikagaien segurtasunaren eta ingurumen osasunaren arloko profesional bat, guardiakoa, eta epidemiologiako guardiako profesional bat.
B) Elikagaien Segurtasunaren Atala: hiltegietan, jardueraren %40 bermatzeko adinakoa.
2. Aurreko artikuluan aipatutako funtsezko zerbitzuak zentroetako zuzendaritzek horretarako izendatutako langileek bete behar dituzte. Legez kanpokotzat hartuko da funtsezko zerbitzuak ez betetzea edo aldatzea, eta arau-hausleak horren erantzule izanen dira.
3. Aurreko artikuluetan xedatutakoak ez die inolako mugarik jarriko greba arautzen duen legediak langileentzat aitortzen dituen eskubideei.
4. Ebazpen hau Greba Batzordeari jakinaraztea eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila agintzea.
5. Ebazpen hau igortzea Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Giza Baliabideen Zuzendaritzara, Langileriaren eta Lan Harremanen Zuzendariordetzara eta Nominen eta Gastu Kontrolaren Zerbitzura; Nafarroako Ospitaleguneko Langileriaren Zuzendaritzara, Lizarrako eta Tuterako Oinarrizko Osasun Laguntzako langileria zerbitzuetara; Osasun Mentaleko Kudeaketa Zerbitzu; Nafarroako Foru Komunitateko Odol eta Ehun Bankuko Kudeaketaren eta Giza Baliabideen Zuzendariordetzara; Osasun Publikoaren Institutuko Administrazio eta Langileria Atalera; Osasun Departamentuko Zuzendaritza Nagusira eta Idazkaritza Tekniko Nagusira; Lehendakaritzako, Administrazio Publikoetako eta Barneko Departamentuko Funtzio Publikoaren Zuzendaritza Nagusira eta Lan Harremanen eta Antolamenduaren Zerbitzura, behar diren ondorioak izan ditzan.
6. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen eta bere aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Lehendakaritzako, Administrazio Publikoetako eta Barneko Departamentuko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aurrera.
Iruñean, 2012ko maiatzaren 29an.-Absentziagatik, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Administrazioaren eta Zerbitzu Orokorren zuzendaria (abuztuaren 24ko 135/2011 Foru Dekretua), Concepción Aranguren Álvarez.
Iragarkiaren kodea: F1208212