103. ALDIZKARIA - 2012ko maiatzaren 31

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

IRUÑA

Iruñeko Udaltzaingoaren Antolaketaren Erregelamendua.
Behin betiko onespena

Iruñeko Udalak, 2012ko martxoaren 1ean egin osoko bilkuran, hasiera batean onetsi zuen Iruñeko Udaltzaingoaren Antolaketaren Erregelamendua.

Jendaurreko epean ez zaio inolako alegaziorik aurkeztu testuari. Beraz, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legearen 325. artikuluan xedatutakoaren arabera, hasierako onespenari buruzko erabakia behin betikoa bilakatu da eta gorabehera hori eta behin betiko testua Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu behar dira.

Iruñean, 2012ko maiatzaren 7an.-Alkatea, Enrique Maya Miranda.

Iruñeko Udaltzaingoaren Antolaketaren Erregelamendua

Zioen azalpena

Nafarroako Poliziei buruzko martxoaren 23ko 8/2007 Foru Legeak bigarren xedapen gehigarrian ("Toki entitateetako polizia kidegoen antolaketa araudiak") xedatzen du polizia kidegoak dituzten toki entitateek antolaketa araudiak egin edo, hala denean, moldatuko dituztela gehienez ere urtebeteko epean, Foru Legeak indarra hartzen duenetik aurrera zenbatuta.

Foru legearen agindua betetzearen ondorioz eta testua ordezkari sindikalekin adostu ondoren, Antolaketaren Erregelamendu hau idatzi da, Iruñeko Udaltzaingoari aplikatuko zaiona.

Nafarroako Poliziei buruzko Foru Legearen zioen azalpenean adierazi da Nafarroako poliziek duten dualtasuna (alde batetik, Nafarroako Gobernuaren mendekoak dira eta, beste aldetik, toki entitateen mendekoak) ezin dela justifikazioa izan, jarduketa printzipio ezberdinak izateko. Horiek bat etorri beharko dira Segurtasun Publikoko Indar eta Kidego guztien oinarrizko jarduketa printzipioekin. Horrez gain eta udal autonomiaren adierazpen gisa, toki entitateek foru arauen osagarriak diren arauak ematen ahalko dituzte, udaltzaingo bakoitzaren berezko antolaketarako. Alde horretatik, gaur egun Nafarroako udaltzaingo guztietarako inolako esparru erregelamendurik ez dagoela kontuan hartuta eta Erregelamendu hau balizko esparru erregelamendu horrekin bateragarria izan dadin, Udaltzaingoaren berezko barne antolaketari buruzko aldeak garatuko dira berariaz. Horren ondorioz, beste zenbait alde (adibidez, uniformeak edo ohoreak eta sariak) Nafarroako Udaltzaingoen Antolaketarako etorkizuneko Esparru Erregelamenduak ezartzen duenari lotuko zaizkio.

Horrenbestez, Nafarroako Poliziei buruzko Foru Legearen 22. artikuluak (Antolaketaren Erregelamendua) bere baitan biltzen du Nafarroako Tokiko Poliziei buruzko Antolaketaren Erregelamenduen eduki gisa: kidego bakoitzean dauden lanpostuak edo mailak, kidegoak dituen unitateak, unitate bakoitzaren berariazko eginkizunak eta horietan sartzeko beharrezko betekizunak.

Halaber, Foru Lege horren 24. artikuluan honako hau xedatu da: "Toki entitateek ahalmena dute uniformeari, kredentzialei, ezaugarriei eta, bidezko bada, agurrei buruzko arau berariazkoak emateko, Udaltzaingoen Koordinazio Batzordeak txostena eman ondoren Nafarroako Gobernuak ezartzen dituen xedapen orokorrei jarraikiz". Horregatik, Erregelamendu honetan jasotzen diren eta udaltzaingo guztietarako alde horiek bateratzen dituen etorkizuneko Esparru Erregelamenduak garatuko dituen aldeez gain, Udaltzaingoaren barnean Prestakuntza eta Bigarren Jarduerari buruzko Erregelamenduak garatuko dira, beharrezkoa bada, baita barne araubideko arauak ere, hurrengoei buruzko aldeak zehazten dituztenak: ibilgailuak, armak, agurra, uniformea eta funtzionamenduari lotutako beste batzuk, hala nola barne informaziorako bideak, Udaltzaingoaren baliabideen erabilera eta beste udal zerbitzu batzuekiko harremanak.

Nafarroako Poliziei buruzko Foru Legeak honako zeregin hauek ezarri ditu Nafarroako Polizia Kidegoetarako:

-Legeriaren arabera pertsonek dituzten askatasun eta eskubideak babestu eta zaintzea.

-Segurtasun eta lasaitasun publikoa zaintzea, legeak errespetatzen direla bermatzea eta gizartearen ordena gordetzea.

-Delinkuentziari aurrea hartzea eta haren kontra borrokatzea.

-Herritarrei laguntza eta zerbitzuak ematea.

Udaltzaingoaren Antolaketaren Erregelamendu honek Iruñeko Udaltzaingoari dagozkion eginkizunak garatuko ditu, Nafarroako Poliziei buruzko 8/2007 Foru Legean xedatutako zereginaren arabera, baita Segurtasun Indar eta Kidegoei buruzko 2/1986 Lege Organikoak, Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen 7/1985 Legeak eta Tokiko Gobernua Modernizatzeko Neurrien gaineko 57/2003 Legeak jasotako eginkizunak ere. Horietaz gain, Iruñeko udaltzainen lanpostuen eginkizunak, Iruñeko Udaltzaingoa osatzen duten unitateak eta haien eginkizunak garatuko dira. Erregelamendua onetsi ondotik, aldatu egin zen Nafarroako Poliziei buruzko 8/2007 Foru Legea, bai urriaren 25eko 15/2010 Foru Legearen bai 2011ko aurrekontuen Legearen bitartez. Hain zuzen ere, 45. artikuluan "Destinoak betetzea", honelaxe idatzita gelditu zen: Nafarroako Polizia kidegoen barruko destinoak betetzeko, merezimendu -eta merezimenduen artean antzinatasuna ere- eta gaitasun printzipioak hartuko dira kontuan. Honakoak izanen dira sartzeko modalitateak: lehiaketa, zeina sistema arrunta baita, berariazko lehiaketa eta izendapen librea." eta haren 3.3. puntuan: Unitate organiko baten burutzarako lanpostuak bakar-bakarrik izendapen libreko sistema erabiliko da.". Halaber, Nafarroako Administrazio Auzitegiaren ebazpena eman da (8943 zenbakikoa), eta nahiz eta zuzenean erregelamenduaren aurkako errekurtsoaz ez den ari, ukitu egiten ditu bai antzinatasunaren kalkulua bai beste destino batzuk betetzeko hainbat merezimendu.

Horrenbestez eta Herritarren Segurtasuneko Alorrak proposaturik, Iruñeko Udalak, 2012ko martxoaren 1ean egin bilkuran, Iruñeko Udaltzaingoaren Antolaketaren Erregelamendua onetsi du. Hona hemen haren testua:

I. kapitulua

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Xedea.

-Udalaren osoko bilkurak 1964ko urtarrilaren 8an hartutako erabakiaren bidez, Iruñeko Udaltzaingoa sortu zen, Iruñeko Udalaren mendeko erakunde armatu zibila dena.

-Erregelamendu honen xedea Iruñeko Udaltzaingoa berrantolatzea da. Horretarako, egitura berria emanen zaio, agindutako eginkizunak eraginkortasunez bere gain hartzeko gai izan dadin.

-Barne antolaketari, eginkizunei eta funtzionamenduari dagokienez, Erregelamendu honek eta gainerako xedapen aplikagarriek arautuko dute Iruñeko Udaltzaingoa.

2. artikulua. Jarduketa eremua.

Udaltzainek Iruñeko udal mugapean gauzatuko dituzte beren eginkizunak.

Iruñeko Udaltzaingoa bere eremutik kanpo aritzen ahalko da, honako inguruabar hauek gertatzen badira:

-Eskudun agintariak eskatzen badio, larrialdi egoeretan edo beste toki entitate bati laguntzeko.

-Tokiko Segurtasun Batzordeak, Alkatetzak edo horrek eskuordetzen duen pertsonak baimena ematen badio.

-Udal mugapetik kanpo egiten diren zerbitzuak haien agintarien zuzeneko mendekotasunaren pean egitea.

Aurreko inguruabarrak gertatzen ez badira ere, mugapetik kanpo aritzen ahalko da, premiazko beharrari erantzuteko eta arau-hausteak edo ebazpenak jakinarazteko.

3. artikulua. Eginkizunak.

Iruñeko Udaltzaingoak eginkizun hauek izanen ditu:

-Iruñeko udal mugapean prebentzio eginbideak egitea, baita bertzelako jarduerak ere, delitu-egintzak egitea eragozten dutenak eta herritarren segurtasuna eta eskubide eta askatasun publikoen erabilera baketsua eta pertsonen eta ondasunen babesa bermatzen dituztenak.

-Hirigunean zirkulazioa antolatu, seinaleztatu eta zuzentzea, zirkulazio arauetan ezarritakoarekin bat. Alde horretatik, honako hauek gauzatu beharko ditu, besteak beste:

-Ibilgailuen eta oinezkoen zirkulazioa bideratzea, aparkaleku publikoak eta bideen elkarguneak zaintzea eta trafikoari arintasuna eta segurtasuna ematen dizkioten gainerako zereginak gauzatzea.

-Garraioa arautzen duten arauak betetzen direla zaintzea.

-Hirian bide segurtasuna planifikatzea.

-Bide hezkuntzan parte hartzea eta beharrezko laguntza ematea hori eskatzen duten erakundeei eta zentroei.

-Tokiko Udalbatzako agintariak babestea.

-Udal eraikinak zaindu eta babestea.

-Administrazio polizia, bere eskumeneko esparruaren barneko udal ordenantzei, bandoei eta gainerako xedapenei eta gainerako lege eta xedapen orokorrei dagokienez. Bere eskumeneko esparruan agintariek emandako aginduak beteko ditu.

-Lege eta xedapen orokorrak betetzen direla zaintzea eta oinarrizko zerbitzu publikoak betetzen direla bermatzea.

-Jolas jardueretan eta ikuskizun publikoetan legezkotasuna betetzen dela babestu eta zaintzea.

-Istripua, hondamendia edo zorigaitz publikoa egonez gero, laguntza ematea eta Babes Zibileko planetan parte hartzea, legeetan ezarri bezala.

-Argiketak tramitatzea hirigunearen barneko zirkulazio istripuen ondorioz.

-Salaketak jasotzea eta argiketak tramitatzea, Iruñeko udal mugapean egindako zigor arloko lege-hausteen ondorioz.

-Polizia judizial gisa jardutea, legeek eta, batez ere, prebentzio neurriei eta hasierako eginbideei lotutakoek adierazi bezala; txosten judizialak egitea; zitazio judizialak jakinaraztea; zainketak eta lekualdaketak gauzatzea; batzorde judizialak babestea; eta polizia judizialaren gainerako eginkizunak, Tokiko Gobernua Modernizatzeko Neurrien gaineko 57/2003 Legeak xedatu bezala.

-Espazio publikoak zaintzea eta Estatuko Segurtasun Indar eta Kidegoekin batera lan egitea, manifestaldiak babesteko eta giza kontzentrazio handietan ordenari eusteko, horretarako laguntza eskatzen zaionean.

-Gatazka pribatuak konpontzen laguntzea, horretarako laguntza eskatzen zaionean.

-Etxe barruko atzipenaldiak betetzen diren kontrolatzea; atxilotuak eramatea; eta epailearen esku uzten diren atxilotuen udal gordailuaren zerbitzua gauzatzea.

-Genero indarkeria saihestea, gizarte arreta ematea eta gaiari buruzko neurri judizialak kontrolatzea.

-Udalbatza ordezkatzen duten ekitaldietan elkarlanean aritzea.

-Herritarren segurtasuna babesteko eginkizunak egitea, indarra duen legediaren arabera.

-Poliziaren beste edozein eginkizun, antolamendu juridikoaren arabera esleitu edo agintzen zaiona.

II. kapitulua

Udaltzaingoaren antolamendu egitura

4. artikulua. Udaltzaingoko burua.

-Alkatearen agindupean eta Herritarren Segurtasuneko Alorraren bidez, Udaltzaingoko buruari dagokio Iruñeko Udaltzaingoaren agintaritza operatiboa, Udaltzaingoak esleituta dituen eginkizunak betetzeko.

-Alkateari dagokio Udaltzaingoko burua hautatzea eta hori izendapen libreko behin-behineko langiletzat joko da.

-Iruñeko Udaltzaingoko buruari honako hauek ere badagozkio:

-Iruñeko Udaltzaingoari agindutako zerbitzu guztiak egiteko modua zuzentzea.

-Mendeko guztiei eginbeharrak zehatz betetzeko eskatzea, egitura hierarkikoa kontuan hartuta funtzionario bakoitzari dagozkion eskuduntzak ukatu gabe.

-Iruñeko Udaltzaingoa osatzen duten alor guztien jarduera bulkatu, koordinatu eta haren segimendua egitea.

-Langileen prestakuntzaren egoera, materialaren kontserbazioa, zerbitzuen betetze-maila eta, oro har, Iruñeko Udaltzaingoari buruzko kontu guztiak ikuskatzea.

-Alorreko zuzendariari, zinegotzi delegatuari eta alkateari Iruñeko Udaltzaingoaren funtzionamenduaren eta antolamenduaren berri ematea.

-Iruñeko Udaltzaingoa osatzen duten pertsonendako berariazko prestakuntza planetarako proposamenak egitea, alorren funtzionamendua hobetzeko eta herritarren gogobetetasuna lortzeko.

-Urteko aurrekontu beharrak aurreikustea eta Herritarren Segurtasuneko Alorreko zuzendariari helaraztea.

-Fiskalekin, epaileekin eta auzitegiekin bidezko harremanak izatea, polizia judizialaren arloan Iruñeko Udaltzaingoari dagozkion lanetan.

-Diziplinako arau-hauste arinen zehapenak jartzea eta, arau-hausteak larriak eta oso larriak direnean, espedienteak ireki daitezela eskatzea.

-Zorion publikoa edo pribatua ematea hori merezi duten Iruñeko udaltzainei eta beste sari batzuk emateko proposamenean parte hartzea.

-Foruzaingoarekin, Polizia Kidego Nazionalarekin, Guardia Zibilarekin eta beste udaltzaingo batzuekin harremanetan egotea, lankidetza eta koordinazio egokia izan beharrez.

-Lege eta erregelamendu xedapenak, Alkatetza-Udalburutzaren ebazpenak eta Udalbatzaren erabakiak betetzen direla zaintzea, Udaltzaingoa ukitzen badute.

-Beste agintari eta erakundeen aurrean Udaltzaingoaren ordezkaria izatea, goragoko agintariei dagokien ordezkaritza deusetan ukatu gabe.

-Lege edo udal xedapenek esleitzen dizkioten beste batzuk.

-Eritasunaren edo aldi baterako beste edozein ezintasunen ondorioz Udaltzaingoko burua luzaroan kanpoan dagoenean, alkateak hautatzen duen Iruñeko Udaltzaingoko komisario nagusiak beteko ditu haren eginkizunak bitarteko langile gisa, itzultzen den arte.

5. artikulua. Unitate organikoak.

-Iruñeko Udaltzaingoa, funtzionamenduari begira, honako maila hauetan egituratzen da, altuenetik baxuenera: alorrak, brigadak eta taldeak.

6. artikulua. Alorrak.

-Goragoko unitate organikoa da, izaera homogeneoko polizia eginkizunak dituzten brigada guztiak elkartzen dituena.

-Komisario nagusi batek edo, salbuespen gisa, komisario batek zuzenduko du alorra, hori osatzen duten polizien kopuruaren eta garatu beharreko zereginaren garrantziaren arabera. Alorreko buru erranen zaie.

7. artikulua. Brigadak.

-Unitate operatiboa da, izaera homogeneoko polizia eginkizunak dituzten talde guztiak elkartzen dituena.

-Komisario batek edo, salbuespen gisa, inspektore batek zuzenduko du Alorra, hori osatzen duten polizien kopuruaren eta garatu beharreko zereginaren garrantziaren arabera. Brigadako buru erranen zaie.

8. artikulua. Taldeak.

-Unitate horri zeregin espezializatuak zuzenean gauzatzea dagokio, polizia jardueraren barnean.

-Inspektoreorde batek edo, salbuespen gisa, inspektore batek zuzenduko du taldea, hori osatzen duten polizien kopuruaren eta garatu beharreko zereginaren garrantziaren arabera. Taldeko buru erranen zaie.

9. artikulua. Alorrak, brigadak eta taldeak sortu, aldatu eta kentzea.

-Udalaren osoko bilkurari dagokio alorrak eta brigadak sortu, aldatu edo kentzea.

-Erregelamendu honek alorrak eta brigadak baizik ez ditu garatzen.

-Taldeak Alkatetzaren ebazpenaren bidez sortuko dira.

-Erregelamendu honek indarra hartzearekin batera, Alkatetzaren ebazpenak emanen dira, une horretan Udaltzaingoan dauden eta plantilla organikoan aipatzen diren talde guztiak sortuko dituztenak eta talde bakoitzaren eginkizunak zehaztuko dituztenak.

-Alkateari edo hark eskuordetzen duen zinegotziari dagokio taldeak sortu, aldatu edo kentzea.

10. artikulua. Burutzak betetzeko modua.

-Alkateak edo hark eskuordetzen duen zinegotziak izendatu eta kargugabetuko ditu alorretako eta brigadetako buruak.

-Aurreko idatz-zatian aipatutako unitateetako buruak kanpoan edo eri daudenean edo aldi baterako beste edozein ezintasun luzaroan suertatzen zaienean, alkateak edo hark eskuordetzen duen zinegotziak izendatuko du ordezkoa. Maila bereko lanpostua duen agintari bat izendatuko du, edo, halakorik ezean, beheragoko hurrengo mailako lanpostua duena.

-Taldeetako buruak V. kapituluan ("Destinoak") ezarririko prozeduraren bidezko deialdiaren ondotik izendatuko dira.

-Taldeetako burutzak kasu bakoitzean eskatzen den mailatik beherako lanpostua duten udaltzainek gauzatzen ahalko dituzte, agintearen segida hierarkiko korrelatiboko irizpidearen arabera plantillan ez dagoenean eskatzen den maila duen langilerik edo, beste arrazoi batzuk direla-eta, hori komeni denean.

11. artikulua. Burutzen eginkizunak.

Langileei eta unitatearen berezko eginkizunei dagokienez, unitate bakoitzeko buruak honako betebehar hauek izanen ditu:

-Nagusiengandik jasotzen dituen aginduak helarazi eta betearaztea eta berari dagozkionak ematea.

-Bere unitatearen funtzionamendu ona eta diziplina zaintzea.

-Zerbitzuari buruz ezartzen diren parteak eta estatistikak egitea eta nagusiei bidaltzea.

-Nagusi hurrenari unitatearen berezko eginkizunak garatzean sortzen diren gorabehera guztien berri ematea.

-Bere unitatearen ordezkaria izatea edozein agintari, erakunde edo pertsonaren aurrean, zerbitzuak eskatzen duenaren arabera.

-Bere agindupean dauden langileek helarazten dizkioten eskaerak edo jakinarazpenak nagusiei jakinaraztea.

-Ibilgailuak eta bere unitateari esleituriko gainerako ekipamenduak egoera onean mantentzea.

-Osagaien uniformetasun egoera ikuskatzea.

-Jarduketa guztiak (txostenak, salaketak, aktak...) jasotzea eta behar bezala banatzea.

-Nagusiei iradokizun edo ohar egokiak egitea, unitatearen funtzionamendua eta eraginkortasuna hobetzeko.

-Unitateko langileen lan egutegia egin eta kontrolatzea.

-Unitateari dagozkion ohiko eta ohiz kanpoko zerbitzuak planifikatzea.

-Hierarkiako nagusiek agintzen dizkien gainerako guztiak.

Unitateko burua kanpoan edo eri dagoenean edo aldi baterako beste edozein ezintasun suertatzen zaionean, unitatearen barnean maila handiena duen udaltzainak ordeztuko du eta, maila bera duten hainbat udaltzain badaude, aldiz, unitatearen barnean lanpostuan antzinatasun handiena duenak.

12. artikulua. Aretoko burua.

-Txanda bakoitzeko aretoko burua izendatuko da egunero, Iruñean zerbitzuak egiten dituzten unitate guztien jarduerak koordinatzeko.

Aretoko burua inspektorea izanen da.

Honako hauek izanen dira aretoko buruaren eginkizunak:

-Iruñeko Udaltzaingoak une bakoitzean egiten dituen zerbitzu guztiak kontrolatzea.

-Zerbitzuko irakurketa ekitaldian buru egitea eta esleituta dituen langileak behar bezala banatzea, jaso dituen jarraibideen arabera.

-Ekintzak Koordinatzeko Zentroari arreta eskaintzen dion eguneko taldea kontrolatzea.

-Hirian egiten ari diren eta, herritarren segurtasunari dagokionez, Iruñeko Udaltzaingoari eragiten ahal dioten jarduera garrantzitsuenen berri izatea.

-Egoerak zerbitzuren bat gainditzen duenean, erabakiak hartzea eta lanean dauden beste unitate batzuek laguntzeko agintzea.

-Agintari egokiari eta, hala denean, Iruñeko Udaltzaingoko buruari edozein gorabehera garrantzitsuren berri ematea, betiere ohiko zerbitzuan dauden baliabideei laguntzeko baliabide osagarriak aktibatzea dakarten erabakiak hartu behar baldin badira.

-Bere txandan agindutako jarraibideak eta zerbitzuak zehatz betetzen direla eta ezarririko ordutegia erran bezala betetzen dela zaintzea.

-Iruñeko Udaltzaingoari dagokionez hedabideetarako garrantzitsua izan daitekeen edozein gorabeheraren berri ematea Iruñeko Udaltzaingoko buruari, horren jakitun egon dadin eta, komunikabideek eskatuz gero, berak, alorreko zuzendariak, zinegotzi eskuordeak edo alkateak erantzun dezan.

-Iruñeko Udaltzaingoko Komunikazio Publikoko Bulegoko arduradunari hedabideetarako garrantzitsua izan daitekeen edozein gorabeheraren berri ematea, komunikabideren batekin harremanetan jartzen bada beharrezko informazioa izan dezan.

-Zerbitzuko jardueren eta gorabeheren berri ematea, ahoz nahiz idatziz, Iruñeko Udaltzaingoko buruari.

13. artikulua. Lanpostuen eginkizunak.

Komisario nagusia:

-Alor bat esleitzen zaionean, hartan agintea izatea, 11. artikuluan burutza dela-eta adierazi diren eginkizunak eginda.

-Udaltzaingoko buruari albisteen berri eta aholku ematea zuzenean, bere eginkizunetan hobeki aritzeko.

-Komeni bada, zerbitzuko buru aritzea.

-Esleituriko alorraren eginkizunei buruzko planifikazio, zuzendaritza eta lanbide jarduerak egitea.

-Udaltzaingoko buruak bere esku uzten edo agintzen dizkion eginkizunak bere gain hartzea, baita bere kargua dela-eta dagozkion zereginak eta egitekoak ere.

Komisarioa:

-Brigada bat esleitzen zaionean, hartan agintea izatea, 11. artikuluan burutza dela-eta adierazi diren eginkizunetan arituta, eta, salbuespen gisa eta bidezkoa bada, alorrean ere bai.

-Alorreko buruari albisteen berri eta aholku ematea zuzenean, eginkizunetan hobeki aritzeko.

-Komeni bada, zerbitzuko buru aritzea.

-Zer brigadatara esleiturik dagoen, harexen eginkizunei buruzko planifikazio, zuzendaritza eta lanbide jarduerak egitea.

-Alorreko buruak bere esku uzten edo agintzen dizkion eginkizunak bere gain hartzea, baita bere kargua dela-eta dagozkion zereginak eta egitekoak ere.

Inspektorea:

-Behar denean, Iruñeko Udaltzaingoko txandako buruaren eginkizunak gauzatzea.

-Behar denean, esleituriko brigada edo taldean agintea izatea, 11. artikuluan burutza dela-eta adierazi diren eginkizunetan arituta.

-Komeni bada, zerbitzuko buru aritzea.

-Bere Brigadako buruari albisteen berri eta aholku ematea zuzenean, eginkizunetan hobeki aritzeko.

-Brigadako buruarekin elkarlanean aritzeko eta laguntzeko jarduerak garatzea.

Bere Brigadako buruak bere esku uzten edo agintzen dizkion eginkizunak bere gain hartzea, baita bere kargua dela-eta dagozkion zereginak eta egitekoak ere.

Inspektoreordea:

-Talde bat esleitzen zaionean, hartan agintea izatea, 11. artikuluan burutza dela-eta adierazi diren eginkizunak eginda.

-Bere Brigadako edo taldeko buruari albisteen berri eta aholku ematea zuzenean, eginkizunetan hobeki aritzeko.

-Bere Brigadako edo taldeko buruarekin elkarlanean aritzeko eta laguntzeko jarduerak garatzea.

-Bere Brigadako edo taldeko buruak bere esku uzten edo agintzen dizkion eginkizunak bere gain hartzea, baita bere kargua dela-eta dagozkion zereginak eta egitekoak ere.

Kaboa:

-Bere mendeko poliziakideei agindutako zerbitzuak ikuskatzea, baita esleitu zaion materialaren erabilera egokia ere.

-Bere agindupean dauden langileei agindutako jarraibideak eta zerbitzuak zehatz betetzen direla eta ezarririko ordutegia erran bezala betetzen dela zaintzea.

-Mendekoek zer toki edo eremutan lan egiten duten, haietan aldizka eta maiz ikustaldiak egitea, mendekoen jarduketa egiaztatzeko eta sortzen ahal den edozein makur zuzentzeko.

-Mendekoekin batera lan egitea zuzenean bere eginkizunen eremuan.

-Dagokion inspektoreordeari laguntzea haren eginkizunetan eta, bidezkoa bada, kanpoan dagoenean hura ordeztea.

-Bere agindupean dauden langileen jarduera txalogarrien eta nabarmenen zein egiten ahal dituzten arau-hausteen berri ematea.

-Zerbitzuan sortutako albiste guztien berri ematea ahoz edo idatziz, horien garrantziaren arabera.

-Hierarkiako nagusiek agintzen dizkioten eginkizun guztiak bere gain hartzea, baita bere kargua dela-eta dagozkionak ere.

Udaltzaina:

-Bere taldearen berariazko eginkizun guztiak betetzeko lanetan eta oro har Udaltzaingoak berezko dituen guztietan aritzea.

-Zerbitzuan sortutako albiste guztien berri ematea ahoz edo idatziz, horien garrantziaren arabera.

-Kaboak edo hierarkiako gainerako nagusiek agintzen dizkioten eginkizun guztiak bere gain hartzea, baita bere kargua dela-eta dagozkionak ere.

Udaltzain laguntzailea:

-Udaltzain laguntzaileek eginkizun hauek beteko dituzte: ondasun, zerbitzu, instalazio eta bulego ofizialak zaintzea, errepideko trafikoa antolatzea zirkulazio arauei jarraikiz, herritarrei laguntzeko lanetan eta babes zibilekoetan parte hartzea, baita arau administratiboak bete daitezen arduratzea ere. Horretarako, agintaritzaren agentetzat hartuko dira.

III. kapitulua

Alorrak eta brigadak

14. artikulua. Egitura.

Iruñeko Udaltzaingoak honako alor hauek ditu bere egituran:

-Aginte eta Laguntza.

-Herritarren Segurtasuna.

-Izapideak eta Herritarrendako Laguntza.

-Trafikoa.

15. artikulua. Aginte eta Laguntza Alorra.

Honako brigada hauek Aginte eta Laguntza Alorraren mende daude:

-Laguntza Teknikorako Brigada.

-Koordinazio Brigada.

16. artikulua. Laguntza Teknikorako Brigada.

Laguntza Teknikorako Brigadak honako eginkizun hauek izanen ditu:

-Udaltzaingoko buruari laguntza teknikoa ematea.

-Administrazio poliziako zereginak antolatu eta kudeatzea, beste unitate organiko batzuei berariaz esleitu zaizkienak izan ezik.

-Txostenak, kexak eta bestelakoak jasotzea eta dagokion alorrari bidaltzea, Iruñeko Udaltzaingoko buruak hori agindu ondoren.

-Lan egutegia betetzen den kontrolatzea.

-Iruñeko udaltzain guztien espediente pertsonalak kontrolatzea.

-Datu pertsonalen fitxategiak kontrolatzea, Datu Pertsonalak Babesteari buruzko Lege Organikoaren arabera.

-Hedabideekin ohiko harremanak ezartzea.

-Udaltzaingoari dagokionez, Udalaren webgunean mantentze lanak egitea.

-Iruñeko Udaltzaingora heltzen diren zitazio judizialak jasotzea, horiek erregistratzea eta udaltzainei ematea.

-Zitazio judizialak jasotzea, horiek erregistratzea eta partikularrei ematea.

-Iruñeko udaltzainen prestakuntza premiak eta prestakuntza bera kontrolatu beharra aztertzea.

-Iruñeko Udaltzaingoko buruari dagokionez, Tokiko Segurtasun Batzordearen eta kide duten beste organo batzuen gainean behar diren izapideak egitea.

-Iruñeko Udaltzaingoaren jarduketei eta abarri buruzko estatistika guztiak egitea.

-Iruñeko Udaltzaingoaren urteko memoria egitea.

-Iruñeko Udaltzaingoaren ibilgailu, material, arropa eta bulegoko materialen kontrol logistikoa.

-Iruñeko Udaltzaingoaren ibilgailuak mantendu eta zaintzea.

-Iruñeko Udaltzaingorako auditoretza osoak edo partzialak kontrolatzea.

-Helburuen betetze maila kontrolatzea. Etengabeko hobekuntza kontrolatzea. Kalitate planak.

-Etengabeko planak kontrolatzea.

-Laneko Arriskuei Aurrea Hartzeko Unitateari laguntzea.

-Diziplina espedienteak tramitatzea.

-Etengabeko informazio plana egitea.

-Dokumentuak erregistratu, artxibatu eta zaintzea eta polizia datuak kudeatu eta ustiatzea, datuak babesteko araudiaren arabera.

-Esleitzen zaion beste edozein eginkizun, aurrekoekin zerikusia dutenak.

17. artikulua. Koordinazio Brigada.

Koordinazio Brigadak honako eginkizun hauek izanen ditu:

-Udaltzaingoko Ekintzak Koordinatzeko Zentroa kudeatzea, eragiketak egin, kontrolatu eta koordinatzeko laguntza organo instrumental gisa.

-Garabi zerbitzuaren jarduera kontrolatzea.

-Herritarren Segurtasuneko Alorraren instalazioak, Udaletxea eta, hala bada, gainerako udal eraikinak babestea.

-Instalazio horietarako sarbidea eta, hala bada, sartu diren pertsonak kontrolatzea.

-Hala bada, udal eraikinen inguruneak patruilatzea.

-Udalaren osoko bilkuren segurtasuna eta jendea sartzea kontrolatzea.

-Udal eraikinetako alarma sistema guztiak kontrolatzea.

-Herritarren Segurtasuneko Alorraren bulegoetara, Udaletxera eta, hala bada, gainerako udal eraikinetara bidalitako gutunak eta paketeak kontrolatzea.

-Armategia kudeatzea.

-Esleitzen zaion beste edozein eginkizun, aurrekoekin zerikusia dutenak.

18. artikulua. Herritarren Segurtasuneko Alorra.

Honako brigada hauek Herritarren Segurtasunaren Alorraren mende daude:

-Hurbileko Poliziaren Brigada.

-Babeserako Brigada.

19. artikulua. Hurbileko Poliziaren Brigada.

Hurbileko Poliziaren Brigadak honako eginkizun hauek izanen ditu:

-Iruñeko karriketan udaltzainak egotea.

-Herritarren segurtasuna babestea.

-Herritarren kexak jasotzea eta Udalari helaraztea.

-Bide eta espazio publikoen mantentze lanei zein zerbitzu publikoen funtzionamenduari buruz jasotzen diren arazo guztiak jakinaraztea.

-Udalaren ordenantzak betetzen direla kontrolatzea: zaratak, kutsadurak, gizartearen aurkako kontuak, ingurumena, ondarea, hirigintza eta abar.

-Zenbait kolektibori babesa ematea.

-Larrialdietan eta gertaera berezietan elkarlanean aritzea.

-Elkarlana beste udal zerbitzuekin.

-Trafikoa kontrolatzeko zereginak gauzatzea.

-Esleitzen zaion beste edozein eginkizun, aurrekoekin zerikusia dutenak.

20. artikulua. Babeserako Brigada.

Babeserako Brigadak honako eginkizun hauek izanen ditu:

-Herritarren segurtasuna babestu eta mantentzea.

-Iruñeko karriketan udaltzainak egotea, Hurbileko Poliziaren Brigadaren osagarri.

-Gainerako alorrei laguntzea, horretarako laguntza eskatzen zaionean.

-Ordenantzak, beste udal xedapen batzuk eta beste administrazio batzuek emandakoak betetzen diren kontrolatzea, bereziki ikuskizun publikoei eta jolas jarduerei buruzkoak.

-Elkarlana beste udal zerbitzuekin.

-Trafikoa kontrolatzeko zereginak gauzatzea.

-Udalbatzako burua eta, hala denean, Udalbatzako gainerako kideak babestu eta eskolta ematea.

-Udal agintarien babesaren gainean kontrazaintza egitea, horretarako laguntza eskatzen zaionean.

-Udal agintariak babesten dituzten eskolta pribatuak kontrolatzea.

-Hiria bisitatzen duten agintariak babestea, hori eskatzen badute.

-Alkatearekin eta zinegotziekin batera joatea, Udala ordezkatuta udal mugapetik kanpoko ekitaldietara doazenean.

-Esleitzen zaion beste edozein eginkizun, aurrekoekin zerikusia dutenak.

21. artikulua. Izapideetako eta Herritarrendako Laguntzako Alorra.

Honako brigada hauek Izapideetako eta Herritarrendako Laguntzako Alorraren mende daude:

-Salaketen Brigada.

-Ikerketa Brigada.

22. artikulua. Salaketen Brigada.

Salaketen Brigadak honako eginkizun hauek izanen ditu:

-Salaketak jasotzea eta herritarrek zuzenean egiten dituztenak epaitegian tramitatzea.

-Udaltzainek karrikan esku hartu izanaren ondorioz abiarazi diren argiketak epaitegian tramitatzea.

-Iruñeko Udaltzaingoko talde egokiari salaketak bideratzea, delituak edo hutsegiteak argitzeko behar diren jarduketak egin ditzan.

-Herritar baten salaketa baten bidez edo ofizioz abiarazi diren ikerketei jarraitzea.

-Atxilotuak hartzea, epailearen esku uzten direnen gordailuaren zerbitzua gauzatzea eta horiek zaintzea.

-Atxilotuak epailearen aurrean eta ospitalera eramatea.

-Kaletik ekarritako pertsonak identifikatzea eta haien aurrekariak egiaztatzea, identifikazioa egin beharrez.

-Herritarren Segurtasunaren Alorraren egoitzaren kanpoaldea patruilatzea, segurtasun handiagoa emateko asmoz. Zeregin hori atxilotuak zaintzeko eginkizun nagusia ukatu gabe betetuko da.

-Atxilotuen eta identifikatuen erregistroa egin eta mantentzea, Ikerketa Brigadarekin batera.

-Atxilotuen hatz marken eta argazkien erregistroa egin eta mantentzea, Ikerketa Brigadarekin batera.

-Esleitzen zaion beste edozein eginkizun, aurrekoekin zerikusia dutenak.

23. artikulua. Ikerketa Brigada.

Ikerketa Brigadak honako eginkizunak izanen ditu:

-Delituak ikertu eta jazartzea eta delitugileak ongi atxikitzea, jarraian agintari judizialei eta fiskalei horren berri emanda.

-Salaketen Bulegoko argiketetatik ondorioztatzen diren salaketak ikertzea.

-Polizia judizial aritzea, horretarako laguntza eskatzen zaionean.

-Zitazio judizialak partikularrei ematea, bidezkoa denean.

-Eskatzen zaizkion peritu txostenak eta agiriak prestatzea.

-Laguntza zientifikoa ematea gainerako unitateei, horretarako laguntza eskatzen zaionean.

-Gizarte laguntzaileei laguntzea, agintaritzaren agenteak diren aldetik.

-Atxilotuen eta identifikatuen erregistroa egin eta mantentzea, Salaketen Brigadarekin batera.

-Atxilotuen hatz marken eta argazkien erregistroa egin eta mantentzea, Salaketen Brigadarekin batera.

-Norberaren borondatearen aurka ospitale psikiatrikoan sarraraztea.

-Gizarte gaietako eskudun diren Nafarroako Gobernuaren eta Udalaren Alor eta Departamentuekin elkarlanean aritzea.

-Genero indarkeriari dagokion guztiari arreta ematea.

-Adingabeek edo adingabeen aurka egindako delituei dagokien guztiari arreta ematea.

-Eskaletasunari eta bazterkeriari arreta eskaintzea.

-Gizartearen aurkako portaerak, exhibizionismoa, desbideratzeak eta abar kontrolatzea.

-Esleitzen zaion beste edozein eginkizun, aurrekoekin zerikusia dutenak.

24. artikulua. Trafiko Alorra.

-Honako brigada hauek Trafiko Alorraren mende daude:

-Plangintza Brigada.

-Bide Segurtasunaren Brigada.

25. artikulua. Plangintza Brigada.

Plangintza Brigadak honako eginkizunak izanen ditu:

-Hirian trafikoko seinale etzan eta zutikakoak planifikatzea.

-Arrazoi iragankorrak direla-eta hiriko trafikoaren edozein aldaketari buruzko neurriak hartzea.

-Hiriko trafikoaren antolamenduari buruzko aholkularitza ematea.

-Iruñeko eremu publikoetako istripu tasari buruz azterlanak eta ebaluazioak egitea.

-Trafikoaren, garraioaren eta eremu publikoaren okupazioaren arloetan administrazio baimena eman aurretiko txostenak prestatzea.

-Trafikoari eragiten dioten obrak kontrolatzea.

-Bide hezkuntzan eginen diren jarduerak planifikatu, prestatu eta gauzatzea.

-Bide hezkuntzako haur parkeari laguntzea eta harekin elkarlanean aritzea.

-Agintzen zaizkion antzeko beste batzuk.

26. artikulua. Bide Segurtasunaren Brigada.

Bide Segurtasunaren Brigadak honako eginkizun hauek izanen ditu:

-Iruñeko eremu publikoetan trafikoa eta garraioak babestu, zaindu eta antolatzea.

-Trafiko eta garraio arloko arau-hausteak kontrolatu eta salatzea.

-Alkoholemiak, abiadurak, dokumentazioa eta ezbeharren beste arrazoi batzuk kontrolatzea, eta horren emaitzak aztertzea.

-Garraio bereziekin joatea: ibilgailu bereziak, salgai arriskutsuen garraioak eta abar, hiri bideren batean egiten direnak.

-Istripurik izanez gero, pertsonei eta ondasunei laguntza eta babesa ematea.

-Hiri bideetan semaforoak kontrolatu eta programatzea.

-Hirigunearen barneko trafiko istripuen ondoriozko argiketak eta bide segurtasunaren aurkako delituen ondoriozkoak egitea.

-Lan istripuen ondoriozko argiketak egitea.

-Hiri bideetan dauden kalteen gaineko espedienteak egitea.

-Zirkulazio istripuak ikertzea.

-Agintzen zaizkion antzeko beste batzuk.

IV. kapitulua

Egiturarako laguntza

27. artikulua. Hierarkia naturala.

-Iruñeko Udaltzaingoaren funtzionamendua Erregelamendu honetan ezartzen den bide hierarkikoaren bitartez eginen da.

-Unitate bakoitzera atxikitako udaltzainek unitateko buruaren, haren goragoko unitateetako buruen, Iruñeko Udaltzaingoko buruaren edo goragoko agintarien aginduak jasoko dituzte, txandako buruaren funtzionamendu zerbitzuetan.

-Iruñeko udaltzainek funtzionamendu premiak direla-eta goragoko mailako edozein agintarik emandako aginduak ere bete beharko dituzte, nahiz eta agintari naturala ez den. Kasu horretan, agintari naturalari horren berri emanen diote, ahal bezain laster.

-Udaltzainek zerbitzuari buruz egiten dituzten jakinarazpen eta eskaera guztiak Unitateko buruari zuzenduko zaizkio. Hura ez dagoenean edo hark berariaz zehazten duenean baizik ez dute goragoko agintari hurrenengana joko.

-Beste polizia kidego batzuek esku hartzen badute edo horiek ere agertzen badira, bertan dagoen goragoko hierarkiako Udaltzaingoko agintaria izanen da beste poliziekiko solaskide bakarra eta Udaltzaingoaren jarduketen koordinatzailea.

-Edozein arrazoi dela-eta Udaltzaingoaren jarduketa gidatzeko agintaririk izendatu ez bada, ardura hartuko du maila handiena duen udaltzainak eta, maila bera duten hainbat udaltzain badaude, maila horretan antzinatasun handiena duenak.

-Edozein unitatetan txandako agintaririk ez badago eta larritasun edo garrantzi bereziko edo garrantzi sozialeko kasuetan eta antzekoetan, zerbitzuan dagoen eta hierarkiako maila handiena duen agintariak erabakiko du ezaugarri horiek dituen kasua den eta jarduketen ardura bere gain hartuko du.

28. artikulua. Espediente pertsonala.

Udaltzaingoak fitxategi eguneratua izanen du eta bertan udaltzain bakoitzaren espediente pertsonala agertuko da.

Espediente pertsonalak agiri bakarra izanen du eta honako datu eta dokumentu hauek izanen ditu:

-Pertsonalak:

  • Izen-deiturak.
  • Nortasun agiri nazionalaren zenbakia.
  • Jaioteguna eta jaioterria:
  • Egungo helbidea.
  • Telefono finkoko eta, hori izanez gero, sakelako telefonoko egungo zenbakiak.
  • Hori izanez gero, posta elektronikoko egungo helbidea.
  • Argazkia (hamar urtean behin eguneratua).

-Profesionalak:

  • Udaltzain zenbakia.
  • Sarrera eta igoera datak.
  • Tiro ariketei buruzko urteko oharrak.
  • Egindako lanbide ikastaroak.
  • Sariak.
  • Indargabetu ez diren diziplina zehapenak.
  • Gidabaimenak.
  • Destinoak.
  • Eritasun edo istripuagatiko bajak.
  • Oporrak, eszedentziak eta baimen bereziak.
  • Arropen neurriak.
  • Arauzko arma eta beste batzuk, baita horien zenbakia ere.
  • Zerbitzurako egoera bereziak.
  • Egiaztaturiko ikasketa tituluak, adierazi nahi izanez gero.
  • Poliziarako interesgarriak diren beste datu batzuk.

Udaltzain guztiek beren espediente pertsonalak ikusten ahalko dituzte, interesdunak arauzko bidetik eskatu eta gero.

Espediente pertsonalean agertzen diren datu eta dokumentu guztien konfidentzialtasuna bermatuko da.

Udaltzain guztiek datuen edozein aldaketa jakinarazi beharko dute, espediente pertsonala ukitzen badu.

29. artikulua. Dispositibo berezien antolaketa.

Lan operatiboak edo segurtasun dispositibo bereziak egiteko, Udaltzaingoko buruak, atxikipen organikoa gorabehera, lan taldeak antolatzen ahalko ditu, zer gorabeherak eragin dituen eta horren arabera behar den aldirako, funtzionaltasun irizpideei jarraituz. Lan talde horien zuzendari operatiboa Udaltzaingoko buruak izendatzen duen agintari hierarkikoa izanen da.

Udaltzaingoko buruak inor izendatu ezean, zuzendari operatiboa maila edo antzinatasun handieneko agintari hierarkikoa izanen da, lan taldeetako kideen artetik, eta berdinketa badago, deialdiko ordenaren arabera erabakiko da.

Eguraldi txarra egiten duenean, motordun unitateek zerbitzua eman beharrean, lau gurpileko ibilgailuek patruilatuko dute, funtzionarioen segurtasuna eta osasuna arriskuan egon daitezkeela uste izateko behar beste seinale arrazional badaude. Nolanahi ere, unitateko buruak emanen du aldaketari buruzko jarraibidea egoera bakoitzean.

V. kapitulua

Destinoak

30. artikulua. Funtsezko printzipioak.

Iruñeko Udaltzaingoaren destinoak merezimendu printzipioen arabera beteko dira, besteak beste antzinatasunaren eta gaitasunaren arabera, Erregelamendu honetan xedatutakoarekin bat.

31. artikulua. Destinoen baldintzak.

Honako betekizun hauek betetzen dituzten destinoak baino ezin dira jarri Erregelamendu honetan adierazitako betetze sistemen pean:

a) Plantilla organikoan egotea.

b) Hutsik egotea.

c) Aurrekontu hornidura izatea.

32. artikulua. Lanpostuak betetzeko sistema.

Destinoak beteko dira honako prozedura hauen arabera:

-Lehiaketa.

-Lehiaketa berariazkoa.

-Izendapen librea.

33. artikulua. Lanpostuak betetzeko bestelako moduak.

-Zerbitzuak premia duenean, destinoak langileak birkokatuz betetzen ahalko dira.

-Lanpostu horiek aldi baterako betetzen ahalko dira behin-behineko atxikipenaren, zerbitzu eginkizunen eta bitarteko izendapenaren bidez.

34. artikulua. Lanpostu huts bakoitza betetzeko sistemak.

34.1. Izendapen librearen bidez beteko diren lanpostu hutsak.

-Brigadetako burutzak.

-Alorretako burutzak.

34.2. Berariazko lehiaketaren bidez beteko diren lanpostu hutsak.

Plantilla organikoan dauden honako talde hauei dagozkienak:

-Salaketen Bulegoko Taldea.

-Ikerketa taldea.

-Herritarren Babeserako eta Arretarako Taldea.

-Atestatutetarako Taldea.

-Trafikoa Koordinatu eta Planifikatzeko Taldea.

-Kontrol eta Auditoretza Taldea.

-Agintariak Babesteko Taldea.

-Idazkaritza Taldea.

Taldeetako burutzak.

34.3. Lehiaketaren bidez beteko diren lanpostu hutsak.

-Aurreko bi ataletan aipatu ez diren lanpostu huts guztiak.

35. artikulua. Promozio berriak.

Sarrera berriko edo barne igoerako sustapenetatik datozen funtzionarioak atxikiko dira hautaketa prozesuaren sailkapen ordenari jarraikiz eta funtzionarioek adierazitako lehentasunen arabera, izendapen libreko destinoak izan ezik.

36. artikulua. Lanpostu hutsak lehiaketaren bidez betetzea.

36.1. Ordena.

Lehiaketa prozeduretan, izangaiek lanpostu hutsak betetzeko duten lehentasun ordena honako hauen arabera izanen da:

a) Merezimendua: Administrazio publikoetako antzinatasuna..

b) Gaitasuna: Prestakuntza, irakaskuntza eta ikerketa.

Merezimendu eta gaitasunari dagokion puntuazioa Erregelamendu honen 39. artikuluan zehaztutakoaren arabera eginen da.

Berdinketa izanez gero, eskalafoi zenbakiari jarraituko zaio, eta lehentasuna izanen du aintzinatasun handiena duenak.

36.2. Lehentasunezko eskubideak.

Destinoak lehiaketa bidez betetzeko eskubideetan lehentasun hauek izanen dira:

Iruñeko Udaltzaingoaren plantilla organikoan baldin badira bertako langileek 2. jarduera gisa hartzeko destinoak, lehentasuna izanen dute behin-behineko gisa destino batean dauden funtzionarioek, bigarren jarduerarako egoeran pasatzearen ondorioz egoera horretan badaude.

Lehiaketa bidez betetzeko gainerako destinoetarako: lehentasuna izanen dute aurretik betetako lanpostua kentzearen ondorioz aldi baterako destino batera atxikita dauden funtzionarioek.

Lehentasunezko eskubide mota bera duten izangaiek lanpostu huts batera aurkezten dutenean beren burua, lanpostua aurreko atalean ezarritako irizpideei jarraikiz esleituko da.

37. artikulua. Eskalafoia.

Iruñeko Udaltzaingoko funtzionario guztien eskalafoia edo zerrenda eguneratuta egonen da beti; hierarkiaren arabera antolatuko da eta antzinatasun irizpidearen arabera sailkatuko da. Gutxienez, honako hauek adieraziko ditu: udaltzain zenbakia, une horretan esleitua duen destinoaz jabetu zeneko data, lanposturako izendatu zuteneko data eta hautaketa prozesuan eskuratutako sailkapen zenbakia. Eskalafoi hori publikoa izanen da eta udaltzain guztiek ikusten ahalko dute edozein unetan.

38. artikulua. Lanpostu hutsak berariazko lehiaketaren bidez betetzea.

38.1. Bete beharreko destinoen izaera edo espezializazioa dela-eta deialdietan zehazten denean, lehiaketek bi fase izanen dituzte. Lehenengoan antzinatasuna eta prestakuntza, hobekuntza eta ikerketako ikastaroak baloratuko dira, deialdietan zehaztu bezala. Bigarren fasean izangaien gaitasuna eta jarrera zehazteko beharrezkotzat jotzen diren memoriak edo proba praktikoak eginen dira.

38.2. Berariazko lehiaketen deialdien oinarrietan sartzen ahalko da izangaiek geroago prestakuntza edo hobekuntza ikastaroa gainditzeko beharkizuna. Ikastaro hori egiten edo gainditzen ez bada, izangaiak destinora atxikita egoteari utziko dio.

39. artikulua. Puntuazioa.

39.1. Merezimendua: Antzinatasunari dagokionez, Administrazio Publikoetan emandako zerbitzuak baloratuko dira. Puntu 1 emanen zaio zerbitzu urte bakoitzari, deialdiaren argitalpen egunera arte kontatuta. Urte zatiak proportzionalki banatuko dira. Atal honetan gehienez ere 30 puntu lortzen ahalko dira.

39.2. Gaitasuna. Atal honetan 10 puntu lortzen ahal dira gehienez ere.

39.2.1. Prestakuntza eta hobekuntza ikastaroak:

-Prestakuntza.

Prestakuntza ekintzak Udaltzaingoaren eginkizunei zuzenean lotutako gaiei buruzkoak izan beharko dira.

Erakunde edo zentro publikoek eta unibertsitateek antolatutako prestakuntza ekintzetan parte hartzea: 0,10 puntu, kreditu akademiko bakoitzeko edo haren baliokide bakoitzeko (10 ikastordu).

Oharrak:

1. Baloratu beharreko prestakuntza ekintzetan, irakastorduen zatikiak hainbanatuko dira.

2. Irakastorduen kopurua agertzen ez duten ziurtagiriei kreditu bateko balorazioa emanen zaie.

3. Ikasturte bateko iraupena frogatzen duten ziurtagiriei 10 kredituko balorazioa emanen zaie.

4. Ikastaro bakoitzeko gehienez ere eman daitekeen balorazioa puntu 1 da.

5. Erakunde antolatzaileari buruzko betebeharrak betetzen ez badituzte ere, Administrazioak agindurik edo oniritzirik eginak diren prestakuntza ekintzetan parte hartzea puntuazio berarekin baloratuko da. Horien artean, espresuki, sindikatuek administrazio publikoetako etengabeko prestakuntzarako itunen barruan antolatutakoak sartuko dira.

Deialdiaren destinoaren berezko eginkizunei zuzenean lotutako gaiei buruzkoak diren prestakuntza ekintzek puntuazio bikoitza jasoko dute.

39.2.2. Titulazioak:

-Doktoretza edo lizentziatura: 2 puntu.

-Erdi mailako titulua: puntu 1.

Tituluen ikastaro solteak ez dira baloratuko.

39.2.3. Hizkuntzak:

-Frantsesez, ingelesez edo alemanez jakitea; gehieneko balorazioa: 2 puntu, horietako bakoitzeko.

-Euskaraz jakitea; gehieneko balorazioa: 2,10 puntu.

-Hizkuntza Eskola Ofizial batek luzaturiko Gaitasun Agiria edo ofizialki baliokidetzat jotzen den titulua edukitzeagatik adierazten den gehieneko puntuazioa emanen da. Titulurik eduki ezean, Hizkuntza Eskola Ofizialean gaindituriko maila bakoitzagatik gehieneko puntuazioaren 1/5 emanen da. Euskararen kasuan, Nafarroako Gobernuak antolatutako ikastaroetan gainditutako urrats bakoitzeko 1/12 emanen da.

39.3. Lehiaketa berariazkorako, gaitasun handiena: memoria edo proba praktikoa. Fase horretan, gehienez, 10 puntu emanen dira.

Hala denean, destinoaren zereginei eta hori gauzatzeko beharrezko betekizun, baldintza eta baliabideei buruzko azterketa duen memoria eginen du izangaiak, deialdian dagoen deskribapena oinarritako hartuta.

Delako memoria horren ordez proba praktiko objektibo bat egiten ahalko da.

5 puntu eskuratu beharko dira gutxienez. Puntuazio hori lortu ezean, kanpo geldituko da.

40. artikulua. Destino batera atxikita egoteari uztea.

Destino batera atxikita egoteari utziko zaio honako arrazoi hauengatik:

-Destinoa kentzeagatik.

-Beste destino batera atxikitzeagatik.

-Izendapen librearen bidez betetako lanpostu hutsei dagokienez, uko egiteagatik, organo eskudunak onartzen baldin badu.

-Izendapen librearen bidez betetako lanpostu hutsei dagokienez, nahitaez uzteagatik.

-Zerbitzu aktiboan egoteari uzteagatik, zerbitzu berezien egoerara pasatzen direnak edo erreserba eskubidea izanda eszedentzia eskatzen dutenak izan ezik.

-Lanpostua gauzatzeko behar diren baldintza psikofisikoak ez izateagatik.

-Kargutik kentzea.

-Bigarren jardueraren egoera pasatzean borondatez uzteagatik.

41. artikulua. Destinoan gelditzea.

41.1. Borondatez eskuraturiko destinoek, gutxienez, bertan bi urtez gelditzeko beharkizuna ekarriko dute berekin, eta epe horretan ezin izanen da beste destinorik eskatu.

41.2. Destinoaren aldaketa derrigorrezkoa izan bada, ukitutakoak destino berriak betetzeko deialdietara aurkezten ahalko du bere burua.

41.3. Derrigorrean okupaturiko destinoak deialdi berri batean eskainiko dira urtebeteko epean.

42. artikulua. Deialdiak.

Kasuan kasuko deialdiak arautuko ditu destinoak betetzeko lehiaketarako eta berariazko lehiaketarako prozedurak; deialdi hori bat etorriko da Erregelamendu honetan, Udalaren plantilla organikoan eta aplikatzen ahal diren gainerako xedapenetan xedatutakoarekin.

Urtean behin, gutxienez, eta ahal dela laugarren hiruhilekoan eta sarrera berriko igoeren prestakuntza prozesuak amaitu baino lehen, Erregelamendu honetan ezarritako betekizunak konplitzen dituzten lanpostu hutsak betetzeko deialdia eginen da, lehiaketaren edo berariazko lehiaketaren bidez.

43. artikulua. Deialdien betekizunak.

Destinoak lehiaketaren edo berariazko lehiaketaren bidez betetzeko, deialdiek beren oinarriak izan beharko dituzte eta horietan honako hauek agertu beharko dira:

a) Izena eta kategoria.

b) Hori gauzatzeko eskatzen diren betekizunak, plantilla organikoak zehazten duenaren arabera.

c) Destino bakoitza betetzeko sistema.

d) Baremoa, zer puntuatu behar den, haren araberakoa.

e) Memoriak edo proba praktikoak.

f) Epaimahaiaren osaera.

g) Deialdiaren, haren oinarrien eta araua aplikatzeko ekintzen aurka bidezkoak diren errekurtsoak.

h) Eskabide eredua.

44. artikulua. Parte hartzeko betekizunak eta baldintzak.

Iruñeko Udaltzaingoko funtzionarioen artean jardunean, zerbitzu berezietan edo eszedentzia berezian daudenek lehiaketaren eta berariazko lehiaketaren bidezko prozeduretan parte hartzen ahalko dute, eskatzen diren baldintza orokorrak eta deialdi bakoitzean ezarritako betekizunak konplitzen badituzte parte hartzeko eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunean.

45. artikulua. Epaimahaia.

45.1. Epaimahaia hiru kidek, gutxienez, osatuko dute eta ordezkoen kopuru berdina izendatu beharko da. Langileak ordezkatzeko organoek proposaturik kideetako bat izendatuko da eta beste bat Udaltzaingoko burua edo hark eskuordetzen duen pertsona izanen da beti.

Epaimahaiko kide guztiek deitutako destinoetarako eskatzen den kategoria edo titulazio berdina edo goragokoa izan beharko dute, epaimahaiburua izan ezik.

45.2. Onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda argitaratu eta ondoko bost egunean osatu beharko da epaimahaia.

45.3. Administrazio prozeduraren arauetan parte ez hartzeko aipaturiko arrazoiren bat gertatzen denean, epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote, eta horren berri eman deialdia egin duen organoari. Izangaiek, halaber, zilegi dute mahaikideak errefusatzea, egoera horietako bat gertatzen denean.

45.4. Epaimahaia ezin izanen da eratu ezta jardun ere kideen gehiengoa behintzat, eta mahaiburua eta idazkaria, edo haien ordezkoak, halakorik bada, bertan ez badira.

45.5. Epaimahaiak gehiengoz erabakiko ditu deialdiaren oinarriak ulertu eta aplikatzeko moduaren inguruan sortzen diren arazo guztiak.

45.6. Epaimahaiak aholkulari adituak ekartzen ahal ditu proba guztietarako, edo batzuetarako soilik. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira arituko eta haietan bakarrik emanen diote laguntza epaimahaiari.

45.7. Epaimahaiaren ebazpenak lotesleak izanen dira Administrazioarentzat. Hala ere, Administrazioak irregulartasunik atzemanez gero, berraztertzen ahalko du. Kasu horretan, irregulartasunak ukituriko urrats guztiak berriro egin beharko dira.

46. artikulua. Deialdi bakoitzeko lanpostu hutsak.

Deialdia bakarra izanen da eta bertan lehiaketaren bidez zein berariazko lehiaketaren bidez betetzen diren lanpostu hutsak sartuko dira.

Deialdia ebaztean sortzen diren lanpostu hutsak deialdi horren zati bihurtuko dira. Epaimahaiak kalifikazioa ezarri eta lanpostu huts guztien esleipen proposamena aurkeztuko du, bai deialdiarekin batera hasieran eskainitako lanpostu hutsena, bai horren ondorioz sortu direnena.

Udaltzainek deialdian agertzen ez diren lanpostu hutsetara aurkezten ahalko dute beren burua, deialdia ebaztean sortu badira.

47. artikulua. Prozedura.

47.1. Organo eskudunak deialdia onetsi, eta Udaltzaingoaren iragarki oholean eta Udalaren intranetean argitaratuko du. 15 eguneko epea emanen da eskabideak aurkezteko, eta horietan interesdunek eskuratu nahi dituzten destinoak adierazi beharko dituzte, lehentasun ordenari jarraituta.

47.2. Gainerako ataletan adierazi eta aurreikusi diren epeen kontaketarako, Udaltzaingoaren bulegoetako iragarki oholean zein egunetan argitaratu den hartuko da kontuan.

47.3. Eskabideak aurkezteko epea amaitu ondoren, organo eskudunak izangai onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onetsiko du, zuzendu beharreko akatsak adieraziko ditu eta Udaltzaingoaren bulegoetako iragarki oholetan eta intranetean argitaratzeko aginduko du.

47.4. Izangai baztertuek hamar egun naturaleko epea izanen dute, behin-behineko zerrenda argitaratzen denetik, erreklamazioak aurkezteko eta, akatsik egin badute, haiek zuzentzeko. Epe horren barnean eskaturiko destinoei uko egiten ahalko diete, hori idatziz adierazten badute.

Erreklamazioak aurkezteko atal honetan aipatzen den epea bukatu ondoren, ezin izanen zaio uko egin eskaera bati ere.

47.5. Erreklamazioen epea iraganik, eta horiek ebatzita daudela, artikulu honen lehenengo idatz-zatian aipatu den organoak onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onetsi, eta Udaltzaingoaren bulegoetako iragarki oholetan argitaratzeko aginduko du.

Dena den, ezarritako epean eskabiderik aurkezten ez bada, deialdia onetsi duen organoak lehiaketa hutsik gelditu dela adieraziko du.

47.6. Lanpostu hutsak aukeratzeko prozesua zabaldu ondoren, epaimahaiak horiek esleituko dizkie izangaiei lehiaketaren edo berariazko lehiaketaren prozeduretan eskuratuko puntuazioen arabera. Izangai batek plaza eskuratzen badu lanpostu huts batean baino gehiagotan, izangaiak eskabidean adierazi duen lehentasun ordenari jarraituko zaio. Sortu diren lanpostu hutsak destinoari dagokion deialdikoekin batera aurkeztuko dira horiek aukeratzeko, jada ezarri diren irizpideei jarraituta.

47.7. Izendatutako izangaiak destino berriez jabetu beharko dira, esleipena jakinarazi eta hurrengo hamar egun naturaleko epean.

48. artikulua. Destinotik mugiaraztea.

48.1. Destino batean sartzen diren funtzionarioak mugiarazten ahalko dira gerora sortutako arrazoiengatik, arrazoi horiek lanpostuan aritzeko gaitasun ezarekin ikusteko dutenean; horren adierazgarria izanen da errendimendu urria, destinoari esleituriko eginkizunak eraginkortasunez egitea eragozten duena.

48.2. Mugiaraztea alde biko espedientea egin ondoan gauzatuko da, honako prozedura honen arabera:

-Mugiarazteko arrazoizko proposamena Udaltzaingoko buruak eginen du eta interesdunari jakinaraziko zaio, hamar egun balioduneko epean alegazioak egin ditzan eta egokitzat jotzen dituen dokumentuak aurkez ditzan.

-Mugiarazteko behin betiko proposamena langileak ordezkatzeko organoari emanen zaio, espedientearen gainerako atalekin batera, eta hark txostena eginen du hamar egun balioduneko epean.

-Langileak ordezkatzeko organoaren txostena jaso ondoren edo hori jaso gabe epea igaro ondoren, organo eskudunak mugiarazteari buruzko ebazpena emanen du. Ebazpena arrazoitua izanen da eta, hala denean, hura jakinarazi izanak funtzionarioak destinoa utzi behar izatea ekarriko du.

48.3. Mugiarazitako funtzionarioak beste destino batera atxikiko dira behin-behinean.

49. artikulua. Langileen birkokatzea.

49.1. Destino batean sartzen diren funtzionarioak birkokatzen ahalko dira gerora sortutako arrazoiengatik, erran nahi baita, destinoaren edukia aldatzeagatik edo hura desagertzeagatik.

49.2. Zerbitzuaren premiak direla-eta langileen birkokatzea egin behar denean, udaltzainak beste destino batera atxikitzen ahalko dira, betiere destino berrian aritzeko eskatzen diren baldintzak betetzen badituzte.

49.3. Langileen birkokatzea banaka edo taldeka erabakitzen ahalko da. Lehenik eta behin, destino berriak esleituko zaizkie beren borondatez eskatzen dituztenei; bigarrenez, eskatutako kategorian antzinatasun txikiena dutenei; eta, azkenik, eta kategorian antzinatasun berdina izanez gero, sartzeko edo, hala denean, igotzeko hautaketa prozesuan puntuazio txikiena eskuratu dutenei.

49.4. Birkokatutako funtzionarioak beste destino batera atxikiko dira behin-behinean.

50. artikulua. Behin-behineko atxikipena.

50.1. 47. eta 48. artikuluetan xedatutakoaren arabera destinoa uzten duten funtzionarioak haien kategoriari dagokion destino batera atxikiko dira behin-behinean, haien baldintza psikofisikoetara egokitzen den lanpostu hutsa badago, behin betiko destinoa eskuratu arte. Horrek ondorioak sortuko ditu uztearen egunaren hurrengotik aurrera.

50.2. Behin-behineko atxikipenak urtebeteko gehieneko iraupena izanen du eta epe hori luzatzen ahalko da, hori mugageguneratzen denetik deialdian destinoa eskuratu duen funtzionarioa horretaz jabetu arte.

50.3. Behin-behineko atxikipena duten funtzionarioek destinoak betetzeko deitzen diren lehiaketetan parte hartu beharko dute, horretan dauden bitartean. Horrela egin ezik, haietariko edozeinetara atxikitzen ahalko dira derrigorrez.

50.4. Destino batean behin-behinean ari diren bitartean, funtzionarioek horri esleituriko ordainsari osagarriak jasoko dituzte.

Destinoa kentzen bada, ukituriko funtzionarioek kendutako destinoari dagozkion oinarrizko ordainsariak eta osagarriak jasotzen jarraituko dute, beste destino bat behin-behinean esleitu arte.

50.5. Egoera mediko iragankorrak, haurdunaldiak, lanaldi murrizketak eta antzekoak direla-eta behin-behineko atxikipenak egiten ahalko dira, lanpostu hutsa dagoen ala ez kontuan hartu gabe, eta funtzionarioa jatorrizko destinora itzuliko da, egoera amaitu bezain laster.

51. artikulua. Bitarteko izendapena.

51.1. Lanpostu edo kategoria batean behar bezainbat funtzionariorik ez denean eta zerbitzuaren beharrek hartaratzen dutenean, organo eskudunak izendatu ondoren eta destinoa erreserbatuta, Iruñeko Udaltzaingoko funtzionarioak goragoko lanpostu hurrenean aritzen ahalko dira bitarteko langile gisa, baldin eta lanpostu hutsik badago eta igoera prozeduran onartuak izateko ezarri diren betekizunak konplitzen badituzte.

51.2. Era berean, bitarteko izendapenak egiten ahalko dira kategoria bereko lanpostu hutsak betetzeko.

51.3. Bitarteko destinoetarako izendapena borondatez eginen da.

51.4. Bitarteko izendapena gehienez ere urtebeterako eginen da. Bakarrik luzatzen ahalko da lanpostu hutsa betetzeko deialdia onetsi bada, harik eta lanpostu hutsa behin betiko bete arte.

51.5. Funtzionarioa karguaz jabetuko da hiru eguneko epean, bitarteko izendapena ematen dion ebazpena jakinarazten denetik aitzina.

51.5. Bitarteko funtzionarioa zerin destinotako titularra den, harexeri dagokion ordainsaria eta bitarteko langile gisa egiten duenari dagokiona berdintzeko beharrezko diru-kopuruak jasotzeko eskubidea izanen du.

51.6. Bitarteko izendapena egin duen organoak hori baliogabetzen ahalko du modu diskrezionalean.

51.7. Bitarteko langileek betetako destinoak egiten den lehenengo deialdian eskaini beharko dira, lanpostu hutsaren titulartasuna erreserbarako eskubidea duen funtzionario batena izan ezean.

52. artikulua. Jardunean berriz hastea.

Destinoaren erreserba ez duten funtzionarioak jardunean berriz hasiko dira interesdunak eskatu ondoren eta lanpostu hutsik dagoenean, haren kategoriari dagokion destino batera behin-behinean atxikiz.

Lehen Xedapen Iragankorra

Bereizgarriak

Nafarroako udaltzaingo guztietako lanpostu guztietarako bereizgarriak zehazten dituen Esparru Erregelamendua onetsi arte, Iruñeko udaltzainek honako bereizgarri hauek eramanen dituzte goiko arropetako ezkerreko mahukan, uniformea janzten dutenean:

-Komisario nagusiek, bi galoi, urre kolorekoak, ehun bat graduko angeluan paratuak.

-Komisarioek, galoi bat, urre kolorekoa, ehun bat graduko angeluan paratua.

-Inspektoreek, hiru galoi, zuriak, ehun bat graduko angeluan paratuak.

-Inspektoreordeek, bi galoi, zuriak, ehun bat graduko angeluan paratuak.

-Kaboek, galoi bat, zuria, ehun bat graduko angeluan paratua.

Dagokien lanpostuan ez, maila handiagoko beste batean bitarte baterako ari diren udaltzainek galoi etzan bat erakutsiko dute, dagokion kolorean, betetzen ari diren postuaren bereizgarriaren azpi-azpian.

Udaltzaingoko buruak, ezaugarri gisa, hiru galoi erakutsiko ditu, urre kolorekoak, ehun bat graduko angeluan paratuak. Gainerako bereizgarri eta irakurgarri guztiak kolore horretan izanen dira.

Iragarkiaren kodea: L1206929