1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.1. XEDAPEN OROKORRAK
1.1.2. Foru Dekretuak
24/2012 FORU DEKRETUA, maiatzaren 16koa, 2012. urteko "Vianako Printzea" Kulturaren Saria Antonio López García jaunari ematea xedatzen duena.
Nafarroako Gobernuak martxoaren 7ko 13/2012 Foru Dekretuaren bitartez sortu zuen "Vianako Printzea" Kulturaren Saria.
"Vianako Printzea" Kulturaren 2012ko Sarian aurkeztutako hautagaiak baloratzeko ardura duen epaimahaiak hura Antonio López García jaunari ematea proposatu dio Nafarroako Gobernuari, haren merezimendu nabarmenak kontuan hartuta.
Antonio López García, 1936an Tomelloson jaioa, gaur egungo artista plastiko nagusietako bat izateagatik gailentzen da Espainian, eta bere artelana salbuespen bikaina da artearen nazioarteko panorama osatzen duten joera figuratiboen artean. Haren pinturak Barrokoaren espiritu sakonena eta naturaren adierazpide animatua gaurkotzen ditu, horiexek mendebaldeko artearen adierazpen gorena lortu baitute Espainian Diego Velázquezen, Francisco Zurbaránen edo Juan Sánchez Cotánen pintzelei esker, eta Francisco Goyaren eskutik XVIII. mende bukaeran.
Pintoreak bere inguruko errealitatean bilatzen du, eta bere artearen objektua eguneroko aspektu batzuetan aurkitzen, eta horiei xehetasun handiko tratamendua ematen die, argazkigintzatik hurbil. Horrela aurkezten dizkigu bere-bereak dituen motiboetako batzuk, hala nola, Madrileko bistak, bere ahaideei egindako erretratuak edo bere gauza pertsonalen eta hurbilenak.
Antonio Lópezen irudi sortzailea XX. mendeko arte abangoardiak bata bestearen ondotik sortu dituen estilo ereduetatik harago kokatu da, baita errealismoarekin zerikusia dutenetatik harago ere. Bere koadroak hainbat urtetan garatzen dira, hamarkadatan batzuetan, eta poliki, gogoeta baten ondorioz gauzatzen dira, objektuaren edo paisaiaren muina bera adierazi nahian.
Zalantzarik gabe, artearen historiak bere obra nabarmenduko du bizi dugun XX. eta XXI. mendeen arteko aldiaren adierazgarri gisa.
Antonio Lópezek sortutako artea eta haren izaera, sotila eta irekia, bereziki baloratzen dira Nafarroan, 2006. urtetik aurrera batez ere, Foru Komunitate honetara etortzen hasi zenetik ikastaro plastikoak ematera, hasieran Tuterako Udalak sustatuta, eta Iruñera gero Nafarroako Unibertsitatearen eskutik.
Horregatik, Nafarroako Gobernuak, epaimahaiaren proposamena ikusita, bidezkotzat jo du hari ematea 2012ko "Vianako Printzea" Kulturaren Saria.
Horrenbestez, Kulturako, Turismoko eta Erakunde Harremanetako kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak 2012ko maiatzaren 16an egindako bilkuran hartutako erabakiarekin bat,
DEKRETATU DUT:
1. 2012ko "Vianako Printzea" Kulturaren Saria Antonio López García jaunari ematea.
2. Foru dekretu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea eta sarituari jakinaraztea.
Iruñean, 2012ko maiatzaren 16an.-Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Yolanda Barcina Angulo.-Kulturako, Turismoko eta Erakunde Harremanetako kontseilaria, Juan Luis Sánchez de Muniáin Lacasia.
Iragarkiaren kodea: F1207503