100. ALDIZKARIA - 2012ko maiatzaren 28a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

152/2012 EBAZPENA, maiatzaren 11koa, Garraioetako zuzendari nagusiak emana, Nafarroako udal eta kontzejuei erabiltzaile guztientzako errepideko hiriarteko bidaiari-garraioa, 2011. urtean egindakoa, finantzatzeko diru-laguntzetarako deialdia onesten duena.

Garraio Zerbitzuak txosten bat aurkeztu du, non adierazi baitu 1992az geroztik bidaiari-garraioari laguntzeko kontu-sailak izan direla Nafarroako Aurrekontu Orokorretan. Bestetik adierazi du Nafarroako Foru Komunitateko Hiriarteko Bidaiari-garraioaren Plan Integrala ez dela erabat eraginkorra izanen harik eta erabiltzaile guztientzako errepideko hiriarteko bidaiari-garraio publiko erregular finkoko zerbitzuen kontzesioak berritu arte, nahiz eta onetsita egon.

Erabiltzaile guztientzako errepideko hiriarteko bidaiari-garraioa finantzatzeko Nafarroako udal eta kontzejuei ematen zaizkien diru-laguntzen deialdi bat dago, eta zerbitzuak proposatzen du deialdi hori aurten aurrekoen antzera mantentzea, deialdi horren xedeko zerbitzuek erabiltzaileen mugikortasun beharrei hobeto erantzuten laguntzen baitute.

Horrenbestez, Sustapen eta Etxebizitza Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen abuztuaren 24ko 143/2011 Foru Dekretuaren 25.d) artikuluak esleitu dizkidan ahalmenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Erabiltzaile guztientzako errepideko hiriarteko bidaiari-garraioa, 2011. urtean egindakoa, finantzatzeko Nafarroako udal eta kontzejuei emanen zaizkien diru-laguntzen deialdia onestea. Deialdiaren oinarriak ebazpen honen eranskinean daude.

2. 35.000 euroko gastua onestea, 2012. urteko Gastuen Aurrekontuko "Bidaiarien garraio zerbitzuei eusteko laguntzak" izeneko 630001/62120/4701/441100 kontu-sailaren kargura. Espedientearen zenbakia: RCSA 3963.

3. Ebazpen hau jakinaraztea Garraioen Ustiapenerako Atalari, Ekonomia eta Aurrekontu Kudeaketarako eta Gastuaren Kontrolerako Zerbitzuari (Kudeaketa Ekonomikoaren Bulegoa) eta Ekonomia eta Ogasun Departamentuko kontu-hartzailetza delegatuari.

4. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Iruñean, 2012ko maiatzaren 11n.-Garraioetako zuzendari nagusia, Berta Miranda Ordobás.

ERANSKINA

Erabiltzaile guztientzako hiriarteko bidaiari-garraioa, 2011. urtean egindakoa, finantzatzeko Nafarroako udal eta kontzejuei emanen zaizkien diru-laguntzetarako deialdiaren oinarriak

Lehendabizikoa.-Xedea.

1. Deialdi honen xedea da erabiltzaile guztientzako errepideko hiriarteko bidaiari-garraioko zerbitzuak, 2011. urtean egindakoak, finantzatzen laguntzeko Nafarroako udal eta kontzejuei norgehiagokako araubidean emanen zaizkien diru-laguntzen oinarri arautzaileak ezartzea. Zerbitzuek helburu hauetako bat izan behar dute: erabiltzaile guztientzako bidaiari-garraioko zerbitzu erregularrik ez duten biziguneetara iristea, bidaien kopurua handitzea edo lehendik dauden kontzesioekin lotura ezartzea. Izan ere, horrek bidaiari-garraio publikoko zerbitzuen eskaintza handitzea dakar eta lagungarria da erabiltzaileen mugikortasun beharrei erantzuteko.

2. Deialdi honetatik bazter geldituko dira hiriarteko bidaiari-garraio kolektiboko zerbitzuak finantzatzeko Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko Sustapen eta Etxebizitza Departamentuarekin hitzarmen edo akordioak sinatuak dituzten udal eta kontzejuak.

Bazterturik geldituko dira, halaber, edonolako erakunde publikoren diru-laguntzari esker osorik nahiz zati batean finantzaturik dauden garraio zerbitzuak eta, orobat, gazteentzako gaueko garraioak, "Joan-etorri" izenekoak, alegia.

Bigarrena.-Onuradunak.

Diru-laguntza jasotzen ahalko dute erabiltzaile guztientzako hiriarteko bidaiari-garraioko zerbitzuak beren aurrekontuen kargura antolatzen dituzten udal edo kontzejuek, deialdi honetan eskatutako baldintzak betetzen badituzte.

Hirugarrena.-Zerbitzuaren betebeharrak.

1. Diru-laguntza jaso ahal izateko, deialdi honen arabera, udalek edo kontzejuek antolatzen dituzten garraio zerbitzuek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Hiriarteko bidaiari-garraio publikoko zerbitzuak izatea (autobusa edo taxia), erabiltzaileen eskari orokorrari erantzuteko; edozein interesdunek erabiltzen ahalko ditu. Erabiltzaile guztientzako bidaiari-garraio publikoaren kontzesioa bat baldin badator kontratatzen diren zerbitzuekin, horiek kontzesioaren zerbitzua bera hobetzeko izan beharko dute.

b) Garraioko Zuzendaritza Nagusiari aldez aurretik jakinarazi izana diru-laguntzaren xede diren zerbitzuak egiten dituela.

c) Aurrez finkatuta izatea egutegia, ordutegia eta geralekuak.

d) Zerbitzua erabiltzaileari kobratzea.

2. Joan-etorriko zerbitzu bat bakarrik lagunduko da diruz eguneko, non eta salbuespenez eta oso ongi justifikatutako arrazoiak medio joan-etorriko bi zerbitzu laguntzen ez diren.

Laugarrena.-Laguntzen zenbatekoa.

Deialdi honen babesean ematen diren diru-laguntzak finantzatzeko 35.000 euro erabiliko dira, 2012. urteko Gastuen Aurrekontuko "Bidaiarien garraio zerbitzuei eusteko laguntzak" izeneko 630001/62120/4701/441100 kontu-sailaren kargura.

Seigarren oinarrian xedatutakoarekin bat, toki entitateentzako diru-laguntzen zenbatekoak, guztira, horiek pagatzeko kontu-sailaren zenbatekoa (35.000 euro) gaindituz gero, kopuru hori entitate bakoitzari dagozkion diru-laguntzen artean hainbanatuko da.

Nolanahi dela ere, diru-laguntzaren zenbatekoa guztira 35.000 eurotik gorakoa bada, kopuru hori handitzen ahalko da, baldin eta bestelako baliabide batzuk baldin badaude, hasiera batean beste diru-laguntza batzuetarako bereiziak, eta Administrazioak erabakitzen badu diru hori deialdi honetan araututako diru-laguntzetarako erabili behar dela.

Bosgarrena.-Eskaerak eta eskatutako agiriak.

1. Eskaerak Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokorrak Sustapen eta Etxebizitza Departamentuan duen bulegoan aurkeztu beharko dira (Iruñeko San Ignazio etorbidea, 3, behea, Iruña), edo 2011ko 27. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, otsailaren 9koan, argitaratu zen Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuaren iragarkian aipatutako Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokorraren edozein bulegotan, edo Herri Administrazioen Araubide Judirikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan adierazitako edozein tokitan. Postetxeetan aurkezten diren eskaerak gutun-azal irekietan sartuko dira, lehenbiziko orrialdeko goiko aldean aurkeztu zeneko eguna adieraz dadin.

Eskaerak aurkezteko epea hilabetekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

2. Eskabideei agiri hauek erantsiko zaizkie:

a) Eskaeraren xede diren garraio zerbitzuen esleipen-hartzailearekin izenpetutako itun, hitzarmen edo kontratuak.

b) 2011n egindako zerbitzuaren aurrekontua, egiazko kostu eta sarrerak justifikatuta, garraio zerbitzua egin duten enpresei ordaindutakoaren frogagiriak, zerbitzua eman duten enpresek luzatutako fakturak (bidaia kopuruak adierazita) eta, orobat, zerbitzua benetan eman dela frogatzen duten ibilbide-orriak edo bestelako frogagiriak. Deklaratu eta frogatuko da, halaber, zenbat erabiltzaile eraman den eta zenbat diru jaso den zerbitzuan.

c) Zerbitzuaren baldintzen deskribapena: egutegia, ordutegia, geralekuak eta tarifa.

d) Egiten den zerbitzuaren interesa justifikatzen duen memoria, erabiltzen diren baliabideak espresuki adierazita.

Agiriek jatorrizkoak edo notario nahiz administrazio bidez kautotutako kopiak izan beharko dute.

3. Eskaerak aipatutako baldintzak betetzen ez baditu, interesdunari hamar eguneko epean zuzen dezala eskatuko zaio, eta ohartaraziko, hala egin ezean, eskaera bertan behera uzten duela ulertuko dela eta espedientea artxibatzeko ebazpena eman eta jakinaraziko zaiola.

Garraio Zerbitzuak eskaerari buruzko ebazpena emateko beharrezko dituen argibide edo agiriak eskatzen ahalko dizkio eskatzaileari.

Seigarrena.-Eskaerak baloratzeko irizpideak eta diru-laguntzen zenbatekoa:

1. Laguntzak emateko eta haien kopurua zehazteko honako irizpide eta balorazio hauek hartuko dira kontuan:

a) Biztanle kopurua:

5etik 10 puntura bitartean baloratuko da. 10 puntu emanen dira herriak 1.000 bizilagun baino gutxiago baditu eta 5 puntu 2.000 bizilagun baino gehiago baditu. Bitarteko bizilagun kopurua duten herrietan puntuak hainbanatuko dira.

b) Proposatutako zerbitzuak herritarrek egin beharreko joan-etorrietarako zenbateraino diren egokiak, eta zerbitzua emateko baliabideak berdin, izan dezaketen erabilerarako:

10 puntu emanen dira zerbitzuak eskainitako postuen okupazioa %25etik gorakoa bada, eta 5 puntu %10eko okupazioa gainditzen ez bada. Bitarteko okupazioa hainbanatuko da. Eskaintzak eskariaren %50 gainditu ezik, 5 puntu emanen dira.

c) Garraio publikorik ez izatea.

Eskariari erantzuteko garraio publiko erregularrik ez badago, 10 puntu emanen dira, eta egon arren, eskaria hein batean baino asetzen ez badu, 5 puntu.

d) Iruñera edo zerbitzuaren eremuko herritarrek erabiltzen dituzten osasun edo hezkuntza zentroetara, merkatuetara eta abarretara dagoen distantzia.

25 kilometrotik gora: 10 puntu. 15 kilometrotik behera: 5 puntu. Tarteko distantzietarako puntuazioa hainbanatuko da.

2. Diru-laguntza kalkulatzeko zerbitzuaren kostuari honako koefiziente hauek aplikatuko zaizkio: 40 puntu, %100; 20 puntu, %50. Tarteko puntuazioen kasuan, portzentajea hainbanatuko da.

Zazpigarrena.-Ebazpena.

1. Deialdi honetan aurreikusitako ondorioetarako, Garraio Zerbitzuari eman zaio prozedura tramitatzeko eskudantzia, baita aurreko oinarrian ezarritako balorazio irizpideei jarraikiz eskaerak ebaluatzekoa ere.

Ebaluazioa egin ondoren, laguntzak emateko proposamena Garraioetako zuzendari nagusiari igorriko zaio. Proposamenean adieraziko dira diru-laguntza jasotzeko baldintza guztiak betetzen dituzten onuradunak, bai, halaber, balorazio irizpideen haztapena eta bakoitzari eman beharreko diru-kopurua.

2. Garraioetako zuzendari nagusiak diru-laguntzak ematearen gainean ebatziko du eta, hala badagokio, horiek ordaintzea onetsiko du. Ebazpena hiru hilabeteko epean eman eta jakinarazi beharko du, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita. Epe hori espresuki ebazpenik jakinarazi gabe iraganik, interesdunek eskaera ezetsi egin dela ulertuko dute. Hala ere, Administrazioa beharturik dago ebazpena ematera.

Zortzigarrena.-Diru-laguntzen bateragarritasuna.

Deialdi honetan aipatzen diren diru-laguntzak ez dira bateragarri beste administrazio publiko batzuek, beste erakunde publiko zein pribatu batzuek edo norbanakoek, Espainiakoek edo atzerrikoek, jarduera bera garatzeko ematen dituztenekin.

Bederatzigarrena.-Diru-laguntzen onuradunen betebeharrak.

1. Onuradunek Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako betebeharrak izanen dituzte; hauek, bereziki:

a) Diru-laguntzaren onuradunek onartu beharko dute Garraio Zerbitzuak eskatzen dituen frogak eta dokumentuak aurkeztea.

b) Toki entitate onuradunek jarduera berbererako beste administrazio edo entitate baten bestelako diru-laguntzarik jasotzen badute, haren berri eman behar diote Garraio Zerbitzuari.

Hamargarrena.-Ez-betetzea.

Deialdi honetan ezarritako baldintzak betetzen ez badira, eta legez ezarritako gainerako kasuetan, jasotako zenbatekoak osorik edo hein batean itzuli beharko dira.

Aurreko atalean aurreikusten dena ezertan galarazi gabe, arau-hauste eta zehapenei dagokien guztian Diru-laguntzei buruzko ekainaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 42. artikuluak eta hurrengoek xedatzen dutena hartuko da aintzat.

Hamaikagarrena.-Emandako diru-laguntzen publizitatea.

Emandako diru-laguntzak eta onuradunen zerrenda Garraio Zuzendaritza Nagusiaren web orrian argitaratuko dira.

Hamabigarrena.-Administrazio errekurtsoak.

Deialdi honen kontra eta hau betetzeko egintzen kontra administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko da, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiaren Administrazioarekiko Auzien Salara igorria, jakinarazi eta biharamunetik hasita bi hilabeteko epean, alde batera utzi gabe Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan aurreikusitako moduan eta epeetan.

Iragarkiaren kodea: F1207286