100. ALDIZKARIA - 2012ko maiatzaren 28a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

480/2012 EBAZPENA, apirilaren 13koa, Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiak emana, 2013an Nafarroako ibaietan, sakanetan eta hezeguneetan mantentze eta lehengoratze lanak egiteko udal eta kontzejuei emanen zaizkien diru-laguntzen deialdia eta oinarri arautzaileak onesten dituena.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioa ibai sistemen mantentze eta lehengoratze lanak egiten ari da. Jarraibideen artean nabarmentzekoak dira hiriguneak uholdeetatik babesteko egindako zenbait azterlan eta obra, ibilguen mantentze-lanak eta lehengoratze proiektuak. Jarduketa horien guztien xedea da ibai inguruneak berreskuratzea.

Nafarroako Salmonidoen Arrantza Antolatzeko Plan Orokorraren helburuetako bat da gaur egun garatzeko aukera egokirik ez duten habitatak berreskuratzea.

Laguntzen deialdi honek, beraz, helburu bikoitza dauka: uholdeek eragindako kalteak saihestea eta ibai inguruetako ekosistemak lehengoratzea, eta deialdiaren barnean egiten diren jarduketak bat datoz Ibaiak Lehengoratzeko Estrategia Nazionalarekin eta Uraren esparru-zuzentarauarekin.

Ebazpen honi Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legea aplikatuko zaio.

Horrenbestez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22. artikuluak eta Landa Garapen, Industria, Enplegu eta Ingurumen Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen abuztuaren 24ko 141/2011 Foru Dekretuak ematen dizkidan eskumenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. 2013an Nafarroako ibaietan, sakanetan eta hezeguneetan mantentze eta lehengoratze lanak egiteko udal eta kontzejuei emanen zaizkien diru-laguntzen deialdia onestea.

2. Deialdiko oinarri arautzaileak onestea. Oinarri horiek ebazpen honen I. eranskinean ageri dira.

3. 700.000 euroko gastua baimentzea ebazpen honetatik sortutako gastu konpromisoetarako, 2013ko aurrekontuko 2012ko Gastuen Aurrekontuko "Ibaien hobekuntza eta lan hidraulikoak" izeneko 740003-74300-7609-452100 kontu-sailaren parekoaren kontura. 700.000 euroko baimena 2013ko Nafarroako aurrekontu orokorretan horretarako behar adinako kreditu egoki eta aski izateak baldintzatuko du.

4. Deialdi honen eta oinarri arautzaileen kontra gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Nafarroako Gobernuari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.

Ebazpen honen kontra administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, jakinarazi eta bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan aurreikusitako moduan eta epean.

5. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

6. Foru agindu hau Uraren Zerbitzuari, Ekonomia eta Ogasun Departamentuak Landa Garapen, Industria, Enplegu eta Ingurumeneko Departamentuan duen kontu-hartzaile delegatuari eta Kontrol Ekonomiko-Administratiboaren Atalari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2012ko apirilaren 13an.-Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusia, Andrés Eciolaza Carballo.

I. ERANSKINA

2013an Nafarroako ibaietan, sakanetan eta hezeguneetan mantentze eta lehengoratze lanak egiteko udal eta kontzejuei emanen zaizkien diru-laguntzen deialdiaren oinarri arautzaileak

Lehena.-Xedea eta diru-laguntza jaso dezaketen jarduketak.

1. Ebazpen honen xedea da 2013an Nafarroako ibaietan, sakanetan eta hezeguneetan mantentze eta lehengoratze lanetarako diru-laguntzak emateko oinarri arautzaileak ezartzea.

2. Diru-laguntza jasotzen ahalko dute 2013an egiten diren obrek, baldin eta deialdi honetan ezarritako betebeharrak betetzen badituzte. Onuradunak, halaber, aukera izanen du obrak, neurri batean edo osorik, 2012an aurreratzeko, deialdi honetan ezarritako epeak eta betebeharrak betetzen baditu. Edonola ere, 2013an ordainduko da diru-laguntza.

3. Aurkeztutako proiektuetan ageri diren eta Foru Komunitateko gizartearentzat interesekoak eta errentagarriak diren obrak diruz laguntzen ahalko dira, aintzat hartuta babestutako ondasunen garrantzia, saihestutako arriskuak eta ingurumenaren aldetik aurreikusitako onura.

Bigarrena.-Diru-laguntzaren zenbatekoa.

Diru-laguntzen zenbatekoa diruz laguntzen ahal den obraren aurrekontuaren %70ekoa izanen da, BEZa barne.

Horrez gain, ordainsariak diruz lagunduko dira, gehienez ere %3 proiektuaren erredakziorako eta %3 obraren zuzendaritzarako, obra gauzatzeko onartu den aurrekontuaren gainean. %3 horren barnean sartzen dira ordainsariak eta BEZa.

Edonola ere, eskaera bakoitzerako gehieneko diru-laguntza 300.000 eurokoa izanen da, BEZa barne, eta aurkeztutako proiektua ezin izanen da 428.571,43 eurotik gorakoa izan.

Hirugarrena.-Onuradunak.

Onuradun izaten ahalko dira Nafarroako udal eta kontzejuak, baldin eta beren mugapetik ibaiak eta sakanak igarotzen badira edo hezegunerik badute. Eskaera bakarra onartuko da udal edo kontzeju bakoitzeko.

Laugarrena.-Laguntzarik jasotzerik ez duten jarduketak.

Jarduketa hauek ez dute diru-laguntzarik jasoko:

1. Ezpondak edo mazelak egonkortzea, ez badira ibai edo sakan baten higadurak eragindakoak. Ez da diru-laguntzarik emanen, halaber, nekazaritza edo oihan lurrei eragiten dieten ibai-bazterrak babesteko lanetarako, baldin eta ur-bazterreko landaredia errespetatu ez bada zortasun eremuan bederen (5 metro, ibilgutik hasita neurtuta), salbu eta proiektuaren xedea landaredi horren leheneratzea denean.

2. Ingurumenari kalte egin diezaioketen jarduketak eta ingurumenari edo hirigintzari buruzko indarreko arauei aurka egiten dietenak.

3. Beharrezkoak direla behar bezala justifikatzen ez duten jarduketak, besteak beste, azterlan hidrologiko-hidraulikorik ez duten ibilguetako dragatze orokorrak edota nekazaritzako jarduerek mugatutako ubideen edo sakanen garbiketa.

4. Natura 2000 Sareko lurretan egin nahi diren jarduketak, xedeko jarduketak eta zaindu nahi diren balioak bateragarri direla behar bezala frogatzen ez bada.

5. Deialdia ebatzi aurretik burutu edo hasi zirenak.

6. Ustez onura publikoa edo interes soziala ez duten jarduketak.

Bosgarrena.-Eskabideak eta agiri osagarriak aurkezteko epea.

1. Eskabideak, Landa Garapen, Industria, Enplegu eta Ingurumen Departamentuko Uraren Zerbitzuari zuzenduak, departamentu horretako Erregistroan aurkeztuko dira (González Tablas kalea, 9, 31005 - Iruña). Halaber, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38. artikuluan aurreikusitako tokietan aurkezten ahal dira.

2. Eskabideak aurkezteko epea bi hilabetekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

3. II. eranskineko eskabide ereduaren araberako eskaera aurkeztuko da.

4. Eskatzaileak laguntzak lehenbizikoz hartu behar dituenean edo laguntzak kobratzeko kontua aldatu nahi duenean, laguntzaren eskabidearekin batera transferentzia bidez kobratzeko eskabidea aurkeztu beharko du, behar bezala beterik.

Seigarrena.-Aurkeztu beharreko agiriak.

Eskaerari agiri hauek erantsiko zaizkio:

a) Diru-laguntzarako eskabidea, bertan zehaztuta deialdiaren ebazpena, eskatzailearen datuak eta lanen xedea (II. eranskina).

b) Arlo horretako teknikari eskudun batek idatzitako eta sinatutako proiektuaren ale bat, indarra duten legeen araberakoa, eta dokumentua euskarri digitalean duen CD bat.

Lehen eskabidearekin batera aurkeztutako dokumentazio teknikoak ez baditu eraikuntza proiektuaren gutxieneko edukiak betetzen, ezetsi egingo da eskaera hori.

Proiektuak agiri hauek izan behar ditu erantsirik:

1. Memoria, bertan sartuta alternatiben azterlan bat eta proposatutako konponbidearen justifikazio teknikoa, eta, bidezkoa denean, egungo eta etorkizuneko egoeren azterlan hidrologiko-hidraulikoa eranstea baloratuko da.

2. Segurtasun eta Osasun arloan indarra duen legeriari jarraikiz dagokion azterlana, laneko arriskuen prebentziorako neurrien justifikazioa eta aurrekontu zehaztua barne. Ez da onartuko aurrekontu horren estimazioa obra gauzatzeko aurrekontuaren ehuneko gisa.

3. Ingurumen Ukipenen Azterlana. Proiektu guztiek azterlan hori izan beharko dute gutxienez. Ibilgu naturalak bideratzeko eta bertan babesak eraikitzeko lan proiektuetan, Kontseiluak 1979ko apirilaren 2an eman 79/409/EEE Zuzentaraua eta Kontseiluak 1992ko maiatzaren 21ean eman 92/43/EEE Zuzentaraua aplikatuz babestutako ibilgu edo hezeguneetan edo RAMSAR Hitzarmeneko zerrendako hezeguneetan gauzatzen direnean, Ingurumen eraginaren azterlana aurkeztu beharko da Ingurumen ukipenen azterlanaren ordez.

Dragatze lanen kasuan, Ingurumen eraginaren azterlana eskatuko da ateratzen den bolumena 20.000 m³-tik gorakoa denean aurreko atalean aipatutako eremu babestuetan, eta 100.000 m³ gainditzen direnean gainerako ibai tarteetan.

4. Egin beharreko lanen baldintza-agiria.

5. Aurrekontu xehakatua, sail hauek izanen dituena: neurketak, prezioen taulak (1 eta 2 zenbakiduneko prezioen taula), aurrekontu partzialak, aurrekontu orokorra eta administrazioari jakinarazi beharreko aurrekontua.

6. Planoak. Gutxienez hauek jasoko ditu: jarduketak kokatzeko plano orokor bat, kokalekuaren planoak eta xehetasun planoak, esate baterako zeharkako sekzioena, luzerako profilak, eraikuntzako xehetasun kotatuak, eredu-profilak edo bestelakoak, egin beharreko obra zeharo definituta gelditzeko behar direnak.

Agiri horiek guztiak idatzi dituen teknikari erredaktoreak sinatu beharko ditu derrigorrez.

Proiektuak diru-laguntzaren deialdiaren xede diren jarduketak izan behar ditu, bestelakorik ez. Deialditik berariaz bazterturik dauden lanak izanez gero, horiek zuzentzeko eskatuko da.

c) Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan onuradun izateko ezarritako ezein debekutan ez dagoela dioen adierazpena.

Gainera, eskatzaileak Gizarte Segurantzarekiko eta Nafarroako Ogasun Publikoarekiko betebeharrak eguneratuak izan beharko ditu.

Zazpigarrena.-Diru-laguntza emateko modua, lehentasunak eta irizpide objektiboak.

1. Deialdi honetako diru-laguntzak emateko prozedura norgehiagokako araubideari jarraikiz tramitatuko da.

2. Balorazio irizpideak.

a) Egungo egoeraren arriskugarritasuna: 40 puntu bitarte.

Lehentasunezkotzat joko dira bizilagunak dituzten etxebizitzen kalteak eta, bigarren mailan, deialditik berariaz bazterturik ez dauden bestelako ondasun moten babesa. Arriskugarritasunaren eta arriskuaren justifikazioa aurkeztu den azterlan hidrologiko-hidraulikoaren bidez baloratuko da.

Jarduketaren presa aintzat hartzeko arriskuan diren ondasunen gainean hautemandako fenomenoen bilakaera baloratuko da.

b) Proposatutako konponbidearen eraginkortasuna: 30 puntu bitarte.

Batzorde teknikoak proiektuan proposatutako alternatibak eta hautatutako soluzioaren justifikazioa aztertuko ditu, eta horien egokitasunaren arabera emanen die puntuazioa. Alderdi teknikoari, ekonomikoari eta ingurumenekoari begiratuz baloratuko da eraginkortasuna.

c) Lehengoratzea: 30 puntu bitarte.

Honako jarduketa hauek baloratuko dira bereziki: ibaialdea berreskuratzeko egindakoak edo Ingurumenaren eta Landa eta Itsas Ingurunearen Ministerioak ibaiak lehengoratzeko proiektuak prestatzeko eman duen gida metodologikoari jarraikiz egindakoak, esaterako, ibaien konektibitatea hobetzera zuzendutakoak, hala luzeran (oztopoak kentzea), nola zeharka (ibilgua bere ibaiertzarekin lotzea).

Zortzigarrena.-Ebaluazio organoa.

Eskaerak Uraren Zerbitzuko langileek osatuko duten batzorde tekniko batek ebaluatuko ditu.

Bederatzigarrena.-Deialdiaren antolamendua, instrukzioa eta ebazpena.

1. Eskaera harturik, Uraren Zerbitzuak egiaztatuko du seigarren oinarrian aipatzen diren agiri guztiak aurkeztu diren. Eskatutako agiri guztiak aurkezten ez badira, interesdunari eskatuko zaio akatsa zuzen dezala, horretarako errekerimendua jakinarazi eta biharamunetik hasita gehienez ere hamar egun naturaleko epean, eta adieraziko zaio, zuzendu ezean, eskaerari uko egiten diola ondorioztatuko dela eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela.

Errekerimenduaren erantzuna Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren erregistroan (González Tablas kalea, 9, - 31005 Iruña) aurkezten ez bada, Ibaiertzak Lehengoratzeko eta Obra Hidraulikoetarako Ataleko buruari posta elektroniko bat igorriko zaio (cperezma@navarra.es), eskabidearekin, eskatzailearen datuak, deialdiaren eta errekerimenduaren erreferentziak eta erantsirik dituen agirien zerrenda azalduta.

2. Aurreko oinarrian adierazitako batzorde teknikoak oinarri arautzaile hauetan ezarritako irizpide, modu eta lehentasunen araberako ebaluazioa egin ondoren, Uraren Zerbitzuak ebazpen proposamena eginen du eta, horrekin batera, txosten bat, non adieraziko baitu onuradunek diru-laguntzak hartzeko baldintza guztiak betetzen dituztela. Horrez gainera, zerrenda bat ere prestatuko du, baldintza guztiak bete arren aurrekontuetako diru-mugak direla kausa deialditik kanpora gelditu diren eskatzaileekin, eta beste bat, baldintzak ez betetzeagatik kanpora gelditu direnekin.

Ebazpen proposamenean onartutako eskaerak agertuko dira, kasuan kasuko diru-laguntzak esleiturik, zazpigarren oinarrian ezarritako irizpideak aplikatuz lortutako puntuazioaren araberako hurrenkeran, aurrekontuko dirua ahitu arte. Azken onuradunari esleitu gabe geratzen den saldoa emanen zaio; beraz, aurrekontuko diru kopurua handiagoa izan balitz berari zegokiokeen diru-laguntza baino gutxiago emanen zaio.

3. Diru-laguntzak Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren ebazpen arrazoituaren bidez eman edo ukatuko dira.

4. Prozeduraren gainean ebazteko epea hiru hilabetekoa izanen da, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita. Epea espresuki ebazpenik gabe bukatzen bada, ezetsitzat joko da eskaera.

Hamargarrena.-Onuradunaren betebeharrak.

Onuradunak Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako betebeharrak izanen ditu. Gainera, baita ondoko hauek ere:

1. Diru-laguntzaren xede diren obrak bost hilabeteko epean esleitzea, diru-laguntza eman zaiola jakinarazten denetik hasita.

2. Obrak esleitzen direnetik hilabeteko epean gehienez ere, ondoko agiri hauek igortzea Uraren Zerbitzura:

a) Obrak egiteko behar diren baimen eta lizentzia guztien kopia. Obrei ekiteko, beharrezkoa izanen da Ur Konfederazioaren baimena aurkeztea, edo kasua bada, Ur Konfederazioak espedienteari hasiera eman diola jakinaraztea.

b) Obren esleipenaren egiaztagiriak, kontratistek aurkeztutako eskaintzak barne. Egiaztagiri horietan obrak esleitzeko jarraitutako irizpideak eta prozedura zehaztuko dira. Enpresa esleipen-hartzailea eraginkortasun eta ekonomia irizpideei jarraikiz hautatu dela frogatu beharko da.

c) Obren zuzendari fakultatiboa izendatzeko akta, indarra duten xedapenen arabera.

Betebehar horietako bat ezarri den epean betetzen ez badu, laguntzari uko egiten diola ulertuko da.

3. Diru-laguntzaren xede diren lanak Uraren Zerbitzuak ingurumenaren arloan emandako jarraibideekin bat gauzatzea, eta zerbitzu horri obrak aurrera eramatean edukian edo kostuan aldaketaren bat dakarren edozein gorabeheraren berri ematea, gertatzen den unean.

4. Uraren Zerbitzuari "hasiera-akta eta zuinketen egiaztapena" eta "obren behin-behineko harreraren akta" sinatu baino aste bete lehenago jakinaraztea (helbide elektronikoa: cperezma@navarra.es), bertako langileak joan daitezen.

Uraren Zerbitzuak obra garaian egiten duen edozein egiaztapen onartu beharko du gainera.

Hamaikagarrena. Diru-laguntzaren helburua lortu dela eta hartutako dirua erabili dela frogatzeko epea eta modua.

Diru-laguntzaren xede diren jarduketak bukatu ondoren, eta betiere 2013ko azaroaren 20a baino lehen, onuradunak ondoko agiriak aurkeztu beharko ditu:

1. Obraren hasiera eta zuinketaren egiaztapen akta, toki entitateko alkateak, zuzendaritza teknikoak eta kontratista esleipen-hartzaileak izenpetua.

2. Egindako gastuak eta haien ordainketak frogatzen dituzten ziurtagiri eta fakturak.

3. Obraren bukaerako akta, toki entitateko alkateak, zuzendaritza teknikoak eta kontratista esleipen-hartzaileak sinatua.

Hamabigarrena.-Ordaintzeko modua eta epeak.

1. Agiriak aztertu ondoren, diru-laguntza ordainduko da onetsitako zenbatekoan; zenbateko hori, kasua bada, gutxitu egingo da obra burutu eta egiaztatu ondoren.

2. Hasieran aurkeztutako proiektuan obrari ematen zaion balioa handitzen duen aldaketa edo gehigarririk ez da inoiz ordainduko.

3. Egindako lanak proiektuan ageri diren jarduketekin bat datozela egiaztatu ondoren ordainduko da diru-laguntza. Toki entitateak ez badio Uraren Zerbitzuari hasiera-aktaren eguna eta zuinketen egiaztapena edo obraren bukaera sinatu baino lehen jakinarazten, ulertuko da uko egiten diela obraren zuzendaritzaren ordainsariei. Zerbitzuak ez duenez behar bezalako baliabiderik izanen lanak behar den moduan gauzatzen ari direla egiaztatzeko, zerbitzuak burututzat jotzen dituen obra unitateei dagokien diru-laguntza ordainduko da.

4. Desjabetzeen ondoriozko gasturik ez da ordainduko.

Hamahirugarrena.-Diru-laguntzaren bateragarritasuna.

Ebazpen honetan araututako diru-laguntzak bateraezinak dira Foru Komunitateak, Estatuak edo Europar Batasunak helburu berarekin ematen dituen bestelako diru-laguntzekin. Hori dela eta, diru-laguntza jasotzen duenak proiektu honetarako edo xede bererako emandako laguntzaren berri eman beharko du, berak jakiten duen unean.

Hamalaugarrena.-Onuradunen eginbeharrak publizitateari dagokionez.

Argibide guztietan, onuradunak adierazi beharko du lanak Landa Garapen, Industria, Enplegu eta Ingurumen Departamentuaren laguntzarekin egiten ari direla.

Hamabosgarrena.-Ezarritako baldintzak ez betetzearen ondorioak.

Ebazpen honetan eskatutako betebeharrak eta hartutako konpromisoak bete ezean, diru-laguntza itzuli egin beharko da eta, bidezkoa denean, behar diren zehapenak jarriko dira.

Diru-itzultzeen, arau-hausteen eta zehapenen arloan, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35., 42. eta 43. artikuluetan xedatutakoari jarraituko zaio.

Hamaseigarrena.-Emandako diru-laguntzen publizitatea.

Deialdi honetako laguntzen onuradunen zerrenda Nafarroako Gobernuaren Interneteko atarian argitaratuko da (www.navarra.es).

II. ERANSKINA

ESKABIDE EREDUA

Eskabide orokorra

Izen-abizenak: .............................................., NAN/IFZ: .........................., Helbidea .............................., kalea: .........................................., telefonoa: ................................, Bere izenean edo ondoko honen izenean: .............................................., NAN/IFZ: .........................., helbidea (P.K.): ................................., kalea: ..............................., telefonoa: ................................... Ibaiertzak Lehengoratzeko eta Obra Hidraulikoetarako Atala.

Gaiaren laburpena:

Jaun/Andere agurgarria:

...................(e)ko ..................aren .....(e)an emandako ......./........ Ebazpenaren bidez, 2013an Nafarroako ibaietan, sakanetan eta hezeguneetan mantentze eta lehengoratze lanak egiteko udal eta kontzejuei emanen zaizkien diru-laguntzen oinarriak arautu dira. Horri jarraikiz, honako izenburu hau duen proiektua aurkezten da:

Proiektuaren oinarrizko datuak.

Udal edo Kontzeju eskatzailea:

Ibilguaren edo hezegunearen izena:

Alderdia(k):

Poligonoa-Lurzatia:

Natura 2000 Sarea edo Naturgune Babestua:

Aurrekontuaren oinarrizko datuak:

Obra gauzatzeko aurrekontua:

Kontrata bidez gauzatzeko aurrekontua:

Proiektuak idazteagatiko ordainsariak (BEZa barne):

Obraren zuzendaritzagatiko ordainsariak (BEZa barne):

Aurkeztutako agiriak:

.............(e)n, ........(e)ko ..........aren ..........(e)an

 Sinadura

Iragarkiaren kodea: F1205863