100. ALDIZKARIA - 2012ko maiatzaren 28a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

IRUÑA

Ebazpena, fatxadetan publizitatea paratzeko udal baimenaren baldintzak onesteko

Herritarren Segurtasuneko zinegotzi delegatuak, 2012ko otsailaren 15ean, honako ebazpen hau onetsi zuen:

Ikusirik Gizalegezko jokaerak sustatzeko eta espazio publikoak babesteko udal ordenantzaren 14. artikulua, "Publizitatea", 2. puntuan hau esaten baitu: "Alde horretatik, debeku da eraikin publiko edo pribatuko fatxadan, karrerapeetan, markesinetan, hiriko altzarietan, arboletan, harresietan, tuneletan, lurpeko pasabideetan eta, oro har, berariaz prestatutako lekuetatik kanpo edozein iragarki mota paratzea, udal baimenik izan ezean. Era berean, debeku da aipatu lekuetan edozein eranskailu, kartel, afixa, pankarta edo banderaxka ezartzea".

Ikusirik Alkatetzak 2010eko ekainaren 25ean emandako dekretua, fatxadetan publizitatea paratzeari buruzkoak interpretatzen eta azaltzen dituena.

Kontuan hartuz dekretu horrek obretan dauden edo aldamioak dituzten fatxadak hartzen dituela eta hartatik kanpo geratzen direla mehelineko fatxadak (hiri paisaiari ezer eransten ez dioten fatxadak), beharrezko da arau baten bidez udal baimena ezartzea, mehelineko fatxada horiek salbuespen izan daitezen. Horregatik, hau ebatzi dut:

1. Mehelineko fatxadetan publizitatea paratzeko baimena ematen ahalko da, eta aldez aurretik eskaera eginen zaio Udalari.

2. Eskaera hori jasotakoan, baimena emateko edo ukatzeko, Udalak alderdiok hartuko ditu kontuan:

-Publizitatea ez da izanen matxista edo sexista, ezta alkohola edo tabakoa erakusten duena ere.

-Publizitatea ez da izanen Gizalegezko jokaerak sustatzeko eta espazio publikoak babesteko udal ordenantzan ageri den filosofiaren aurkakoa.

-Higiezineko auzo guztiek onetsia eta ontzat emana izanen da publizitatea.

-Ez du trafikoaren segurtasunean eraginik izanen.

3. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea eta Nafarroako Gobernuari eta Estatuko Administrazioari jakinaraztea, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/90 Foru Legearen 345. artikuluan eta Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen Legearen 56.1 artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

Iruñean, 2012ko apirilaren 27an.-Herritarren Segurtasuneko Alorreko idazkari teknikoa, sinadura ulertezina.

Iragarkiaren kodea: L1206599