100. ALDIZKARIA - 2012ko maiatzaren 28a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

218/2012 FORU AGINDUA, maiatzaren 16koa, Gizarte Politika, Berdintasun, Kirol eta Gazteriako kontseilariak emana, Gizarte Politika, Berdintasun, Kirol eta Gazteria Departamentuaren eta Nafarroako Kutxaren arteko lankidetza hitzarmena, mendekotasuna dutenentzako laguntzari buruzko "Nafarroa" Nazioarteko Sariaren 2012ko deialdirakoa, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko agintzen duena.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 90.1 artikuluak ezartzen du Nafarroako Gobernuko Lehendakariari edo gaiaren araberako kontseilari eskudunari dagokiola Estatuarekin, autonomia erkidegoekin eta beste administrazio publiko batzuekin egindako elkarlaneko hitzarmenak eta lankidetza hitzarmen eta akordioak sinatzea.

Bestetik, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren hitzarmen eta akordioen erregistroa arautzen duen abuztuaren 9ko 43/2010 Foru Dekretuaren 2.1 artikuluak zehazten du, foru dekretu honetan xedatutakoaren ondorioetarako, hitzarmenen arloko jarduna dela borondateen arteko akordio bat, kontratu publikoen arloko legediari lotuta ez dagoena, interes komuneko helburuak lortzearren Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak eta haren erakunde autonomoek beste administrazio publiko batzuekin, Estatuko botereekin eta, oro har, pertsona fisiko edo juridiko publiko edo pribatuekin izenpetzen dutena. Jardun hori edozein arlori buruzkoa izan daiteke, indarreko araudia errespetatuz eta Nafarroako Foru Komunitateak bereganatu dituen eskumenen esparruaren barrenean.

Aurrekoa kontuan hartuta, 2012ko maiatzaren 14an, Nafarroako Kutxak eta Gizarte Politika, Berdintasun, Kirol eta Gazteria Departamentuak lankidetza hitzarmen bat izenpetu dute mendekotasuna dutenentzako laguntzari buruzko "Nafarroa" Nazioarteko Sariaren 2012ko deialdirako.

Horiek horrela, Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legeak eta Gizarte Politika, Berdintasun, Kirol eta Gazteria Departamentuaren egitura organikoa ezarri zuen abuztuaren 24ko 136/2011 Foru Dekretuak emandako ahalmenak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea Gizarte Politika, Berdintasun, Kirol eta Gazteria Departamentuaren eta Nafarroako Kutxaren arteko lankidetza hitzarmena mendekotasuna dutenentzako laguntzari buruzko "Nafarroa" Nazioarteko Sariaren 2012ko deialdirako. I. eranskinean jaso da hitzarmen hori.

2. Akordio hori Gizarte Politika, Berdintasun, Kirol eta Gazteria Departamentura eta Nafarroako Kutxara igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2012ko maiatzaren 16an.-Gizarte Politika, Berdintasun, Kirol eta Gazteriako kontseilaria, Elena Torres Miranda.

I. ERANSKINA

Gizarte Politika, Berdintasun, Kirol eta Gazteria Departamentuaren
eta Nafarroako Kutxaren arteko lankidetza hitzarmena, mendekotasuna dutenentzako laguntzari buruzko "Nafarroa" Nazioarteko Sariaren 2012ko ediziorako

Iruñean, 2012ko maiatzaren 14an.

Bildu dira:

Alde batetik, Elena Torres Miranda, Gizarte Politika, Berdintasun, Kirol eta Gazteriako kontseilaria.

Eta bestetik, Jesús Alberto Pascual Sanz jauna, Nafarroako Aurrezki Kutxa eta Bahitetxearen izenean eta hura ordezkatuz (hemendik aurrera, Nafarrako Kutxa), entitatearen zuzendaria den aldetik.

Adierazten dute:

Lehena.-Nafarroako Gobernuak, Foru Komunitatearen gizarte kontzientziaz jabeturik, funtsak ematen ditu mendekotasuna duten pertsonen -adinekoen zein desgaituen- bizi-kalitatea hobetzeko, bere bizi proiektua gara dezaten besteen aukera berberekin. Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 14ko 15/2006 Foru Legeak, gizarte zerbitzuen sistema gidatzen duten printzipioen artean, ondoko hauek biltzen ditu: pertsonen autonomiaren sustapena eta gizarte zerbitzuen sistemaren kalitatea.

Bigarrena.-Entitate pribatuak, gizarte erantzukizun korporatiboa dela-eta, elkarlanean ari dira gizarteko pertsona eta talde ahulenen egoerarekin sentiberatasuna eta konpromisoa izanen duen gizartea eraikitzen. Ildo horretan, Nafarroako Kutxak elkartasuna eta gizarte konpromisoa sustatzeko borondatea erakutsi du eta, 2010etik aurrera, Nafarroako Gobernuarekin batean esker ona ematen die mendekotasuna duten pertsonen -adinekoen zein desgaituen- bizi-kalitatea hobetzeko eta gizarte sistema aurreratuagoa lortzeko praktika berritzaileak, ikerketa garrantzitsuak eta bestelako ekimenak sustatzen dituzten pertsona edo entitateei.

Hirugarrena.-Alde horretatik, bi alderdiak jabetzen dira gizartea kontzientziatzen eta sentsibilizatzen jarraitu behar dela gizarte konpromisoak duen garrantziari buruz, gizarte sektore andeatuen alde eta, bereziki, mendekotasuna dutenentzako laguntzaren sektorearen alde, gero eta handiago dena.

Adierazitakoaren ondorioz, bat egin duten alderdiek lankidetza hitzarmen hau ezartzea erabaki dute, honako klausula hauetan oinarrituta:

Klausulak:

Lehendabizikoa.-Xedea.

Nafarroako Gobernua, Gizarte Politika, Berdintasun, Kirol eta Gazteria Departamentuaren bidez, eta Nafarroako Kutxa elkarlanean ariko dira mendekotasuna dutenentzako laguntzari buruzko"Nafarroa" Nazioarteko Sariaren deialdian eta antolaketan; nazioarteko saria izanik, mendekotasuna dutenentzako laguntzaren edozein eremutan nabarmendu diren instituzio eta pertsona fisikoen lana goraipatu eta aitortzeko helburua du.

Bigarrena.-Sariaren oinarriak.

Mendekotasuna dutenentzako laguntzari buruzko "Nafarroa" Nazioarteko Sariaren 2012ko edizioak hitzarmen honen eranskinean heldu diren oinarriei jarraituko die.

Hirugarrena.-Alderdien eskubideak eta betebeharrak.

Gizarte Politika, Berdintasun, Kirol eta Gazteria Departamentua behartua dago saria ezagutzera ematera, epaimahaia eratu eta antolatzera Nafarroako Kutxaren iritzia entzun ondoren, epaimahaikoen irizpenaren menpe jarriko diren hautagaiak jaso eta aztertzera eta saria emateko ekitaldia antolatzera. Jarduketa horietan guztietan berariaz adierazi beharko du Nafarroako Kutxaren parte-hartzea, bai eta erabiliko diren hedabideetan entitatearen irudia sartzea, Nafarroako Kutxak emandako irudiak erabiliz.

Gizarte Politika, Berdintasun, Kirol eta Gazteria Departamentuak bere ordezkaria izanen du, departamentuko titularra hain zuzen, saritua nor den erabakiko duen epaimahaian.

Nafarroako Kutxak bere gain hartzen du 2012ko edizioko sariaren finantzaketa osoa, 40.000 eurokoa baita, gehienez ere, honela banatuta: 25.000 euro sarirako eta 15.000 euro haren kudeaketarako.

Nafarroako Kutxak bere ordezkaria izanen du, Rosa Jaso Litago andrea hain zuzen, saria erabakiko duen epaimahaian. Orobat, eskubidea izanen du hautagaien lehen hautaketan parte hartzeko eta bere lankidetza eta parte hartzea aitortua izateko sari honen 2012ko edizioari lotutako jarduketa guztietan.

Laugarrena.-Jarraipen Batzordea.

Hitzarmena aplikatu, interpretatu eta garatzearren, honako hauek osatutako Jarraipen Batzordea eratuko da:

Gizarte Politikako eta Kontsumoko zuzendari nagusia, Nafarroako Gobernua ordezkatuz, eta zuzendaritza nagusi horri atxikitako teknikari bat.

Rosa Jaso Litago andrea, Nafarroako Kutxa ordezkatuz.

Bosgarrena.-Hitzarmenaren iraupena eta hura amaitzeko arrazoiak.

Hitzarmen honek sinatzen den unean hartuko du indarra eta saria emateko ekitaldia bukatu eta hiru hilabete iragan arte izanen du indarra. Hala ere, honako arrazoi hauek direla-eta, amaitzen ahalko da:

a) Bi alderdiek adosturik.

b) Hitzarmenean aurreikusitako helburua lortu ezin denean.

c) Alderdietako batek bere gain hartutako beharkizunak ez betetzean.

d) Alderdietako batek atzera egitean.

Azaldutako klausulekin bat, esku hartzen duten alderdiek hitzarmen hau sinatu dute ut supra adierazitako tokian eta egunean.

Gizarte Politika, Berdintasun, Kirol eta Gazteria Departamentuaren aldetik: Elena Torres Miranda andrea. Nafarroako Aurrezki Kutxa eta Bahitura Etxearen aldetik. Jesús Alberto Pascual Sanz jauna.

ERANSKINA

Mendekotasuna dutenentzako laguntzari buruzko "Nafarroa" Nazioarteko Sariaren Oinarriak, 2012

Nafarroako Aurrezki Kutxak eta Nafarroako Gobernuko Gizarte Politika, Berdintasun, Kirol eta Gazteria Departamentuak Mendekotasuna dutenentzako laguntzari buruzko "Nafarroa" Nazioarteko Saria antolatu du, 2012. urterako, gizartearen aurrean mendekotasuna duten pertsonen bizi-kalitatea eta ematen zaien arreta hobetzeko jardunbide berritzaile garrantzitsua goratu, bultzatu eta ezagutaraztearren gizartearen aurrean.

Oinarriak

1.-Sariaren xedea eta zenbatekoa.

1.1. Sariak hauxe du xedea: mendekotasuna dutenentzako arretaren edozein arlotako ibilbidean nabarmendu diren erakunde eta pertsonen lana goratu eta aintzat hartzea, eta, zehazki, mendekotasuna duten pertsonen bizi-kalitatea eta arreta hobetzearen arloan, autonomia pertsonalaren sustapenean eta mendekotasunaren prebentzioan egindako ikerketa garrantzitsuak eta praktika berritzaileak.

Esku-hartzearen eremuak ondoko alderdi hauei buruzkoak izanen dira:

a) Mendekotasuna dutenen autonomia pertsonala sustatzeko eta mendekotasunari aurrea hartzeko, pertsona horien irisgarritasun unibertsala eta horretarako diseinua.

b) Autonomia pertsonalari laguntzeko produktuak.

c) Autonomia pertsonalaren sustapena eta mendekotasunaren prebentzioa bultzatzea.

d) Mendekotasuna duten pertsonen arreta eta bizi-kalitatea hobetzen duten ikerketak.

e) Pertsonen eskubideen garapena.

1.2. Saria 25.000 eurokoa da eskudirutan. Jasotzeko, entitatearen arduradunak edo saritutakoak saria emateko ekitaldian egon beharko du, ezinbestekoetan izan ezik, horietan ordezkari bat izendatzen ahalko baitu.

2.-Hautagaiak aurkezteko epea eta tokia.

2.1. Proposamenak Gizarte Politikako eta Kontsumoko Zuzendaritza Nagusira igorriko dira (González Tablas 7, 31005 Iruña, Espainia) posta ziurtatuaren bidez, gutun-azalean hauxe adierazita: mendekotasuna dutenentzako laguntzari buruzko "Nafarroa" Nazioarteko saria. Mezularitza zerbitzuaren bidez igorriz gero, faxez (+34948240108) jakinaraziko da hura igortzen den egun berean. Eskaerak posta elektronikoz igorriz gero, honako helbide honetara bidaliko dira: seccion.calidad@cfnavarra.es.

2.2. Hautagaiak aurkezteko epea oinarri hauek argitaratu eta biharamunean hasiko da, eta 2012ko abuztuaren 14an bukatuko.

3.-Entitate proposatzaileak.

3.1. Edozein herritako legezko pertsona juridiko publiko edo pribatuek aurkezten ahal dituzte hirugarrenen aldeko proposamenak, hau da, gobernuek, ministerioek, udalek, unibertsitateek, ikastegiek, ikerketa-zentroek, enbaxadek, kontsuletxeek...

Halaber, epaimahaikideek eta erakundeak gonbidatutako izen handiko pertsonek ere aurkezten ahal dituzte hautagaiak, adierazitako epearen barnean.

3.2. Saria norberarentzat edo norberak legez ordezkatzen dituen erakundeentzat eskatuz aurkezten diren hautagaiak baztertu eginen dira.

3.3. Sarirako hautagaiak aurkeztearen ondorioz, oinarri hauek goitik behera onartuko dira, baita epaimahaiak hartzen dituen erabaki guztiak ere.

4.-Aurkeztu beharreko agiriak.

3. oinarrian aipatu entitate edo pertsonek hautagaia aurkezten dutenean, dokumentazio hau erantsiko dute:

a) Entitatearen nortasun juridikoa frogatzen duten datuak, edo proposatzen diren pertsonenak, honako hauek adierazita: izena, helbidea, telefonoa, web orrialdea (baldin badu), IFZ edo antzekoa, erregistroetan duen inskripzio zenbakia, eta epaimahaiak gehiago jakin dezan egokitzat jotzen diren beste dokumentu batzuk.

b) Azalpen memoria (1000 hitz gehienez). Bertan ekintzak, programak, neurriak eta egokitzat jotzen den gainerako informazioa jasoko dira, eta saria eskuratzeko baloratzen diren merezimenduak frogatuko.

Azalpen memorian, bestelako edukiez gainera, honako datu hauek jarri beharko dira:

-Garatutako lanaren deskribapena eta xedeak.

-Mendekotasuna duten pertsonen artean zeini zuzentzen zaien.

-Pertsona onuradunen kopurua.

-Egungo konponbideei dagokienez, sektoreari egindako ekarpen berriak, berrikuntzak.

-Autonomia pertsonalaren arloan eta mendekotasuna duten pertsonen eskubideen bermean lortutako aurrerapenak.

-Balorazio irizpideen aipamen zehatza eta horiek betetzen diren adieraztea, arrazoituta.

-Memoriak paperean eta euskarri informatikoan (Word) aurkeztuko dira.

-Formatua DIN A4 izanen da eta lerroarte bakunean idatziko da, 'Arial'' letran, 12 tamainan, alde bakar batetik.

-Memoriak, jatorrizko hizkuntzan ez ezik, gaztelaniaz ere aurkeztu behar dira.

c) Nahi izanez gero, proposatutako lanaren aldeko bi gutun edo erreferentzia bibliografiko aurkezten ahal dira gehienez.

Hemen azaldutako betebeharrak betetzen ez dituzten entitate edo hautagaiak bazterturik geldituko dira.

5.-Tramitazioa.

5.1. Gizarte Politikako eta Kontsumoko Zuzendaritza Nagusiak, Plangintza, Kalitate eta Ikuskapen Zerbitzuaren bidez, eta CAN Fundazioak lehenbiziko hautaketa eginen dute, ez lotzailea, epaimahaiari emateko. Horretarako, hari igorriko dizkio finalisten proposamena eta aurkeztu diren gainerako hautagaiena.

5.2. Lehen hautaketan honako alderdi hauek hartuko dira kontuan, epaimahaiarentzat orientagarriak izanen baitira:

a) Mendekotasuna dutenentzako laguntza-lana zein testuingurutan egiten den, haren analisia.

b) Edukiaren izaera berritzailea.

c) Etorkizunean esperientziarekin jarraitzeko aukera.

d) Beste testuinguru batzuetara eramateko aukera.

e) Onuradun izan daitezkeen pertsonen kopurua.

f) Eraginkortasun maila, egungo konponbideen aldean.

g) Autonomia pertsonalaren sustapenean eta mendekotasunaren prebentzioan egindako aurrerapenen egiaztapena.

5.3. Sari honi buruzko edozein argibide izateko, Nafarroako Gobernuarekin harremanetan jarri (Plangintza, Kalitate eta Ikuskapen Zerbitzua), + 34 848426322 telefonoan, + 34 848425058-59 faxean edo, posta elektronikoz, helbide honen bidez: seccion.calidad@cfnavarra.es.

5.4. Deialdia egiten duten entitateen eskumena da, ez beste inorena, sariaren inguruan sortu edo planteatzen diren arazo guztiak ebaztea.

6.-Epaimahaia, erabakia eta saria ematea.

6.1. Zortzi kidek osatuko dute sarirako epaimahaia -burua eta zazpi mahaikide- mendekotasunaren arloan ospe handia eta sentiberatasun berezia duten pertsona eta profesionalen artean hautaturik.

6.2. Epaimahaiak aho batez proposatuko du saria nori emanen zaion, eta kideen gehiengo soilaren bidez aho batez ez bada. Berdinketarik egonez gero, epaimahaiburuaren kalitatezko botoak erabakiko du.

6.3. Erabakia prentsaurreko batean jakinaraziko zaie hedabideei; aditzera emanen da zein entitatek edo pertsonak irabazi duen saria, edo, kasua bada, eman gabe gelditu dela.

6.4. Saria jendaurrean emanen da, ekitaldi bat horretarako antolatuta, deialdiaren entitateek garaiz jakinaraziko duten egunean.

Iragarkiaren kodea: F1207589