100. ALDIZKARIA - 2012ko maiatzaren 28a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

OLTZA ZENDEA

Aldaketa xehakatua Udal Planean, 479. lurzatian (Iberon). Behin betiko onespena

Oltza Zendeako Udalak, 2012ko apirilaren 12an egin bilkuran, xedapen zatian honela dioen erabakia hartu zuen:

"Lehenbizikoa.-Behin betiko onestea aldaketa xehakatua egiteko espedientea, Oltza Zendeako Udal Planean 4. poligonoko 479. lurzatiari dagokiona. Nafarroako Kutxak sustatu du eta Silvia Barbarin arkitektoak prestatu. Orobat, arkitekto berak prestaturiko dokumentazio osagarria onetsi da, Udal honetan 2011ko azaroaren 14an aurkeztu zena.

Bigarrena.-Erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da hirigintzako arauekin batean. Gainera, espedientearen kopia bat, behar bezala eginbidetua, igorriko da Nafarroako Gobernuko Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentura, hamabost eguneko epean."

HIRIGINTZA ARAUDIA

Aldaketaren irismena eta proposamena

Aldaketak erregistroko 439 m²-ko eta katastroko 331 m²-ko azalera bat ukitzen du, eta haren barruan bi solairuko etxebizitza eraikina eta behe solairuko garajea daude. Bat egiten du katastroko 479. lurzatiko 7 eta 8. azpiunitateekin.

Azalera hau hiri lurzoru finkatuan sartuko da, ondorio guztietarako, eta Udal Planeko hirigintzako arauetako 104. artikuluan eta erreferentziako beste artikuluetan ezarritakoaren mendean egonen da.

(104. artikulua. Hiri lurzoru finkatua.

1.-Definizioa.

Lurzoru mota honetan sartzen dira, hiri-lurzoruaren perimetroaren barrenean, gaur egun eraikiak dauden lurzatiak edo zuzeneko jarduketaren bidez eraikitzen ahal direnak. Dagokion informazio planoan daude zehaztuta.

2.-Antolamendu mota.

Erantsitako dokumentazio grafikoan zehaztu da, lurzatiz lurzati, araudiak eraikuntzarako jaso duen kalifikazioa.

3.-Aparkalekuen aurreikuspena.

Herrigune finkatuak 92 etxebizitza hartzen ahal ditu, egungo etxebizitzak eta aurreikusita daudenak batuta. Nahitaezkoa da aparkalekuko plaza bat sortzea etxebizitzako 100 metro karratuko, eremu publikotik kanpo. 589/1999 Foru Dekretuaren 2.3.1 artikuluak ezartzen du ezinbestekoa dela, gutxienez ere, eremu publikoan aparkalekuko plaza bat sortzea etxebizitza bakoitzeko. Herrian, kaleko 1.280 m lineal daude 8 m baino zabalera handiagoarekin, eta horri esker posible da bi noranzkoetako trafikoa eta ilarako aparkalekua. Horrek 256 ibilgailu aparkatzeko aukera dakar, eta horrekin dekretuan ezarritakoa betetzen da.)

Azalera bera aterako da hezkuntza ekipamenduaren lurzatitik (Isterria eskola), Hirigintzako Arauetako 105.7 artikuluan xedatuaren mendean jarraituko baitu.

Beraz, araudi idatziak ez du izanen aldaketarik, etxebizitzen kopuru osoa kenduta (lehen 92 ziren, orain 93).

Aldaketak, hortaz, planeamenduaren dokumentazio grafikoan eragiten du, 1.10 planoa (Lurzoruaren kategorizazioa) eta 4.2 planoa (Iberoko antolamendua) aldatzen baitira.

Indarrean dagoen araudi grafikoa eta aldatzen dena agiri idatzi honi atxiki zaizkio.

Oltza Zendean, 2012ko otsailaren 26an.-Alkate udalburua, Pedro M.ª Azparren Ocaña.

Iragarkiaren kodea: L1206512