100. ALDIZKARIA - 2012ko maiatzaren 28a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

GALAR

Plan Partziala. Behin betiko onespena

Galar Zendeako Udalak, 2011ko maiatzaren 12an egin bilkuran, erabaki zuen behin betikoz onestea Espartza Galarko S-2 sektoreko Plan Partziala, Daniel Azanza Sagastibelzak eta bertze batzuek sustaturik.

Hirigintza arauak argitara ematen dira, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 81. artikuluan xedatuari jarraikiz.

HIRIGINTZA ARAUAK

I. KAPITULUA

Atarikoak

1. artikulua. Xedea.

2. artikulua. Dokumentuaren edukia.

3. artikulua. Indarraldia eta eraginkortasuna.

4. artikulua. Esparrua.

5. artikulua. Aldaketak dokumentuan.

6. artikulua. Grafismoak.

7. artikulua. Interpretazioa eta lehentasuna.

II. KAPITULUA

Lurzoruaren hirigintza araubidea

8. artikulua. Lurzoruaren sailkapena.

9. artikulua. Sistema orokorrak.

10. artikulua. Lurzoruaren kalifikazioa.

11. artikulua. Erabileren esleipena lurraldearen arabera.

12. artikulua. Erabileren egokitasuna.

13. artikulua. Lurzoruaren eta eraikinen araubidea.

14. artikulua. Lurzatiketa eta gutieneko lurzatia.

15. artikulua. Eremu publikoen urbanizazioa.

16. artikulua. Exekuzio unitatearen mugapena eta hirigintzako aprobetxamenduaren esleipena.

17. artikulua. Jarduketa sistemak.

18. artikulua. Egiteko epeak.

III. KAPITULUA

Eraikitzeko arauak

19. artikulua. Lerrokadurak.

20. artikulua. Eraikinen arteko tartea.

21. artikulua. Sestrak.

22. artikulua. Azalera eraikigarria.

23. artikulua. Hirigintzako aprobetxamendua.

24. artikulua. Etxebizitzen kopurua eta tipologia.

25. artikulua. Eraikin baten garaiera eta solairu kopurua.

26. artikulua. Sotoak eta erdisotoak.

27. artikulua. Beheko solairua.

28. artikulua. Goiko solairua.

29. artikulua. Estalkipeko solairua.

30. artikulua. Eraikuntza txikiak.

31. artikulua. Estalkiak.

32. artikulua. Lurzatietako itxiturak.

33. artikulua. Gorputz irtenak.

34. artikulua. Barneko aparkalekuen ekipamendua.

35. artikulua. Antolamenduaren hirigintzako parametro orokorrak.

36. artikulua. Ezaugarrien taula, esparru pribatuen arabera.

37. artikulua. A.4 esparrurako determinazio berariazkoak.

EKIPAMENDU PUBLIKORAKO ERABILERAREN ARAU PARTIKULARRAK

38. artikulua. Esparrua.

39. artikulua. Eraikuntzak lurzatian duen kokapena.

40. artikulua. Eraikinaren erabilera zehaztuak.

41. artikulua. Gehieneko azalera eraikigarria.

42. artikulua. Eraikinaren solairu kopurua eta garaiera.

43. artikulua. Eraikinaren baldintza estetikoak.

44. artikulua. Bertze baldintza batzuk.

45. artikulua. Baldintza partikularrak antolamendu esparruaren arabera.

IV. KAPITULUA

Urbanizazioari buruzko baldintza orokorrak

46. artikulua. Aplikazio eremua eta irizpide orokorrak.

47. artikulua. Interpretazioa.

48. artikulua. Oztopo arkitektonikoak kentzea.

49. artikulua. Urbanizazioaren harrera.

50. artikulua. Urbanizazio kargak.

51. artikulua. Urbanizazio proiektuaren baldintza partikularrak.

I. KAPITULUA

Atarikoak

1. artikulua. Xedea.

Araudi honen xedea da Espartzako S-2 sektoreko hirigintzako determinazioei dagokiena arautzea, Galar Zendeako udal mugapean baitago. Determinazio hauek osagarriak dira indarra duen Udal Planak orokorrean ezartzen dituenen aldera eta esparru horretarako zehazten dituzte antolamendu xehakatuari dagozkion determinazio arauemaileak.

2. artikulua. Dokumentuaren edukia.

S-2 sektorean dokumentu honek duen helmen arauemailea hura osatzen duten dokumentuetakoa izanen da; 85/1995 Foru Dekretuaren 39. artikuluarekin eta ondokoekin bat, eta 35/2002 Foru Legearen 60. artikuluarekin bat, honako hauek dira: memoria, informazio planoak, antolamendu planoak, hirigintza arauak, azterketa ekonomiko-finantzarioa, ebaluazio ekonomikoarekin eta etapakako plana.

3. artikulua. Indarraldia eta eraginkortasuna.

Espartzako S-2 sektoreko Plan Partziala berehala gauzatzekoa izanen da bere behin betiko onespena argitaratu ondoan, eta mugarik gabeko indarraldia izanen du, harik eta arau hauetako artikuluei jarraikiz berrikusten den arte.

Indarra duen bitartean haren determinazioak nahitaez aplikatu eta gauzatu beharko dira, eta hein berean behartuko dituzte partikularrak nahiz Administrazio Publikoak.

4. artikulua. Esparrua.

Aldaketa honen esparrua Espartzako S-2 sektore osoa da, Galar Zendeako udal mugapean baitago; haren azalera 17.126,00 m² da.

5. artikulua. Aldaketak dokumentuan.

Dokumentu honen determinazioak edozein unetan aldatzen ahalko dira, legeria aplikagarrian ezarritako prozedurari jarraikiz.

6. artikulua. Grafismoak.

1. Planoetan dauden antolamenduko determinazioak irudien bidez adierazten diren egiazko manu juridikoak dira, eta hirigintzako arau hauetan jasotako manuek adinako balioa dute. Elkarren aurka jotzen duten kasuetarako, arau hauetan zehazten da zer egin.

2. Erabilitako grafismoen determinazio zehatza antolamendu planoetan eta hirigintzako arau hauetan zehazten da.

3. Oro har, grafiaturiko determinazioak lotesleak dira, eta zehazki:

a) Espazioa zatitzeko ezarritako mugak lotesleak dira.

b) Halaber, lotesleak dira lerrokadura ofizialak eta hirigintzako aprobetxamendu orokorrak.

c) Ekipamendu publikoetarako eremuen mugapenak ere lotesleak dira; Udalak ahalmena izanen du legezko prozeduraren bidez esleitzen zaien berariazko xedea aldatzeko.

7. artikulua. Interpretazioa eta lehentasuna.

Plan hau osatzen duten dokumentuen interpretazioa memoriaren eta hirigintzako araudiaren testuinguru orokorra kontuan hartuta eginen da, lehenbizikoaren asmo eta helburuei jarraikiz eta bigarrenaren menean.

Ez da arau hauen helburua eraikuntza jarduerarako soluzio bakarra definitzea arautzen dituen alderdietan, baizik eta "gutieneko" onargarri batzuk bermatzea, molde desberdinetako soluzioak hartzen ahal dituztenak. Ondorioz, ordenantzetan jasotako arlo batzuetan, maila handiagoko legedian arauturik ez badaude, baliteke ordezko soluzio tekniko edo estetikoak onartzeko aukera izatea, egokiak direla behar bezala egiaztatu ondoan.

Horrelakoetan, proiektu teknikoan berariaz arrazoituko da aukeratutako soluzioa, irizpide tekniko edo estetikoak erabiliz, eta saihestu nahi diren manuak aipatuko dira.

Txosten teknikoan proposamen alternatiboaren egokitasuna baloratuko da, bai eta, hala badagokio, kasuan kasuko proiektua onesten ahal ote den ere.

Plan Partzial hau osatzen duten dokumentuen edukien lehentasun ordenari dagokionez:

1. Dokumentu grafikoak eta idatziak bat heldu ez badira, testuak izanen du lehentasuna marrazkiaren gainetik.

Dokumentu grafikoak elkarren artean bat heldu ez badira, berriz, eskala handiagokoak izanen du lehentasuna tikiagokoaren gainetik, salbu eta testutik kontrako interpretazioa ondorioztatzen bada.

2. Dokumentu idatziak bat etortzen ez badira, hirigintzako arauen testua lehenetsiko da beti.

II. KAPITULUA

Lurzoruaren hirigintza araubidea

8. artikulua. Lurzoruaren sailkapena.

Espartzako S-2 sektoreko lurrak urbanizagarri programatuak dira Galar Zendean indarra duen Udal Planeko sailkapenean; haiei lurzoru urbanizagarri sektorizatuaren araubidea aplikatuko zaie, 35/2002 Foru Legearen xedapen iragankorrari jarraikiz. Dokumentu honetan ez da haren sailkapenik aldatzen.

9. artikulua. Sistema orokorrak.

Sistema orokorrak lurraldearen egitura orokor eta organikoa definitzen duten elementuak dira; komunikazioez, espazio libreez, zerbitzuez eta ekipamendu komunitarioaz planeamenduan ezarrita dauden aurreikuspenak egituratzea da haien eginkizuna.

Galar Zendeako Udal Planak ez du sistema orokorrik mugatzen Espartzako S-2 sektorea antolatzeko esparruan.

10. artikulua. Lurzoruaren kalifikazioa.

Dokumentu honek lurzoru urbanizagarria kalifikatzen du erabilera eta jarduera orokorrak modu xehakatu eta zehaztuan esleituz, haien kokapena eta haietan egiten den jarduera arautzeko xedez. Udal Planak kalifikazio orokor eta xehakatua ematen dio sektore honi, alegia, bizitegietarako erabilera, eta determinazio hori errespetatzen da dokumentu honetan.

Erabileren definizioak eta motak, erabileren arteko bateragarritasunaren araubidea etab. indarra duen Udal Planak ezartzen dituenak dira.

11. artikulua. Erabileren esleipena lurraldearen arabera.

11.1.-Erabilera orokorrak.

S-2 sektorerako Udal Planak ezartzen duen erabilera orokorra bizitegia da.

11.2.-Erabilera xehakatuak.

Lurzoru urbanizagarriko erabileren esleipen xehakatua Espartzako UE S-2 exekuzio unitatearen esparruari dagokio, izanik bizitegia erabilera xehakatua.

11.3.-Erabilera zehaztuak.

Erabilera zehaztuen esleipen maila lurzatiaren esparruari dagokio. Erabilera horiek bateragarriak izan beharko dira erabilera orokor eta xehakatuarekin, eta hura, S-2 sektorean eta UE S-2 exekuzio unitatean, bizitegia da.

12. artikulua. Erabileren egokitasuna.

Jarraian ezartzen da erabilera zehaztuen bateragarritasunaren araubidea Espartzako UE S-2 exekuzio unitatearen erabilera xehakatuarekin.

Erabilera zehatz nagusia da lurzatian lehentasunez ezarri beharrekoa, gehientzat hartzen da eta erreferentziatako balio ahal izanen du bertze erabilera batzuk noraino onar daitezkeen ezartzeko, haren zatiki, erlazio edo ehunekoaren moldean.

Lurzati berean eta are eraikin berean ere, erabilera zehatz nagusiarekin batera baimentzen ahalko dira horrekin bateragarriak direnak ere, baldin eta haren azalera erabilera zehatz nagusiarena baino txikiagoa bada.

Erabileren bateragarritasunen taula:

ERABILERA
ZEHATZ NAGUSIA

ERABILERA
BATERAGARRIA

ERABILERA
DEBEKATUA

Bizitegia

Merkataritza tikia

Biltegia

Lantegiak

Ekipamendua

Zerbitzu publikoak

Etxeko ukuiluak

Abeltzaintzako ustiategiak, oro har

Industria

Ekipamendua

Etxezainaren etxebizitza

Zerbitzu publikoak

Gainerakoak

13. artikulua. Lurzoruaren eta eraikinen araubidea.

Lurzoruaren eta eraikinen erabileraren araubidea hainbat faktorek zehazten dute (eraikinen garaiera eta solairu kopurua, eraikigarritasuna, lerrokadurak etab.). Faktore horien definizioak, aplikatu behar diren parametro orokorrak eta horiek neurtzeko irizpideak indarra duen Udal Planean eta Hirigintzako Araudi honetan daude.

13.1.-Dokumentu honek lurzoruaren eta eraikinaren erabilerak eta horien norainokoak antolatzen eta arautzen ditu, ondoko faktore guztiak edo haietako batzuk kontuan hartuz:

-Erabileren eta jardueren ezarpena.

-Lurzoruaren okupazioa.

-Eraikigarritasuna.

-Hirigintzako aprobetxamendua.

-Eraikinaren solairu kopurua.

-Eraikinaren garaiera.

-Espazio publikoak.

-Espazio pribatuak.

-Bertzelakoak.

13.2.-Antolamendu xehakatua dakarren dokumentu hau osatzen duen dokumentazioan, antolamendu planoetan eta hirigintzako arauetan garatzen dira haiek egituratzen dituzten determinazio eta faktoreak.

13.3.-Erabilerak esleitzeko planoen araberakoa izanen da lurzoruaren eta eraikinaren erabilera, Udal Planean eta araudi honetan ezarritako bateragarritasun baldintzekin.

14. artikulua. Lurzatiketa eta gutieneko lurzatia.

Dokumentu honen dokumentazio grafikoan zirriborratzen den lurzatiketa guti goiti-beheitikoa da, eta ez da loteslea, baina oinarritako balioko dio birzatiketa proiektuari, lurzatiketarako hark egiten duen proposamena ez baita arras desberdina izaten ahalko aipatu horretatik. Aldiz, lotesleak dira lurzati pribatiboen eta espazio publikoen arteko mugak ezartzen dituzten lerrokadura ofizialak.

Geroko lurzatiketak aukera eman beharko du eraikinen garapen arrazionala egiteko haien funtzionaltasunari begira. 150 m² izanen da gutieneko lurzatiaren azalera; haren gutieneko eraikigarritasuna 100 m² eraiki izanen da, BOE etxebizitzenak, eta 180 m² eraiki, edozein tipologiatako familia bakarreko etxebizitzenak.

Lurzati eraikigarritzat hartuko da dagokion jabetza erregistroan behar bezala inskribaturik dagoena, Udalaren birzatiketa espediente behin betikoz onetsi batetik heldu bada.

Lurzatiaren gutieneko aitzinaldea ezarri da: 8 metro, etxebizitza atxikietarako lurzatietarako, eta 10 metro, etxebizitza bakartu, binakako eta babes ofizialekoetarako.

15. artikulua. Eremu publikoen urbanizazioa.

Espazio publikoen urbanizazioa exekuzio unitatearen barneko jabeen kargura eginen da. Urbanizazio kargak jasanaraziko zaizkie bai sektorean sarturiko jabeei bai hartan eskubidea izan lezaketen bertze batzuei, legeak salbuetsirik ez badaude.

16. artikulua. Exekuzio unitatearen mugapena eta hirigintzako aprobetxamenduaren esleipena.

Exekuzio unitate bakarra mugatzen da, Espartzako UE S-2; haren azalerak S-2 sektore osoa hartzen du eta 17.126,00 m² egiten du. Haren mugapen grafikoa dokumentu honen planoetan bildurik dago.

Sektoreko irabazizko lurzatien multzoari esleitutako hirigintza aprobetxamendua eta, beraz, exekuzio unitatean gehienez ere gauzatzen ahal den hirigintza aprobetxamendua hau da:

Familia bakarreko etxebizitza librea:

lurzoru pribatuko 7.903,67 m² x 0,1678 = 1.326,24 AU.

5.021,90 m² eraikigarriak x 1,0000 = 5.021,90 AU.

Aprobetxamenduen batura = 6.348,14 AU.

Babes ofizialeko etxebizitza kolektiboak:

Lurzoru pribatuko 897,93 m² x 0,0000 = 0,00 AU.

1.228,60 m² eraikigarriak x 0,7607 = 934,60 AU.

Jarduera ekonomikoetarako 126,55 m² eraikigarriak x 0,7607 = 96,27 AU.

Aprobetxamenduen batura: = 1.030,86 AU.

Sektorean gauzatzen ahal den aprobetxamendua, guztira = 7.379,00 AU.

17. artikulua. Jarduketa sistema.

Exekuzio unitate mugaturako ezartzen den jarduketa sistema konpentsazioa da; aplikatzekoa den legerian zein den, horren araberakoa izanen da haren garapena.

18. artikulua. Egiteko epeak.

Hasten direnetik 12 hilabete egonen da urbanizazio lanak egiteko. Eraikuntza lanetarako ez da egiteko eperik ezartzen. Etapakako plana dokumentu honen atal da eta hartan ezartzen diren obrak egiteko epeen gaineko aurreikuspenak.

III. KAPITULUA

Eraikitzeko arauak

Urbanizazioan nahiz eraikuntzan aplikatu beharko dira urbanizazio eta eraikuntza proiektuak onesteko tenorean urbanizazioaren eta eraikuntzaren gainean Udal Planean indarra duten ordenantzak.

19. artikulua. Lerrokadurak.

Lerrokadura hauek grafikoki zehaztuko dira:

Lerrokadura ofiziala.

Dokumentu honen planoetan grafikoki, definitzen da, eta mugatzen, ondoriozko lurzati pribatiboetan erabilera publikorako dagoen eremua (jabetza pribatukoa nahiz publikokoa izan). Eraikinerako bertze lerrokadura bat definitzen ez bada lerrokadura ofizialen barnean, horiek eraikinaren gehieneko lerrokaduratzat hartu beharko dira.

Eraikinaren aitzinaldearen nahitaezko lerrokadura.

Aitzinaldean, hau da, espazio publikoen aldera, eraikinaren posizioa definitzen duen marra adierazten dute.

Lurzatiaren gehieneko itxituraren lerrokadura.

Lurzatiaren itxitura espazio publikotik hurbilena egon daitekeenaren muga da; batzuetan lerrokadura ofizialarekin bat egiten du eta bertze batzuetan bertatik bi metro atzeraematen da.

20. artikulua. Eraikinen arteko tartea.

Eraikin batetik ondoko lurzati pribatibora gutienez ere 3 metroko tartea izanen da. Binakako etxebizitzen tipologian, eraikina lurzatien arteko mugaraino ailegatuko da muga eraikiaren aldean. Dokumentu honen planoetan definitzen dira grafikoki, nahiz eta birzatiketa proiektuak biltzen duen behin betiko birzatiketaren mendean egonen den.

Binakako etxebizitza batzuetan ez baldin badira batera ematen obra lizentziak, xehetasun azterlan bat tramitatu beharko da eta hartan ezarri nahitaezko lerrokadurak, sestrak, bolumenen antolamendua eta konposizioa eta eraikinen garaierak, baita etxebizitzen eta eraikinen morfologia eta tipologia ere, baita bi etxebizitzetarako nahitaezkoak diren diren fatxaden antolamendua ere.

21. artikulua. Sestrak.

Bide, plaza edo karriketako altitude kotak dira, planeko dokumentuetan eta, bereziki, urbanizazio proiektuetan definituak. Dokumentu honetan ezartzen diren sestrak ez dira zehatz-mehatz beren horretantxe hartzekoak, eta prestatzen den urbanizazio proiektuak modu arrazoituan aldatzen ahalko ditu, nahiz eta ahalik eta gehien hurbildu beharko diren dokumentu honetako proposamenetara.

22. artikulua. Azalera eraikigarria.

Plan Partzialari dagokionez, azalera eraikigarri edo eraikia (edo eraikigarritasuna) da eraikinaren solairu guztietan eraikitzen ahal diren azalera guztien batura, salbu eta sotoa edo erdisotoa, tipologia guztietan, Udal Planean ezarritako kontaketa irizpideekin.

Familia bakarreko etxebizitzetarako, 5.021,90 m² eraiki da sestra gaineko gehieneko azalera eraikigarria. BOE tipologia kolektiboan gehieneko azalera da 1.355,15 m² eraikiak; horietarik, 1.228,60 m² eraiki etxebizitzetarako dira eta gainerakoak, 126,55 m² eraiki, jarduera ekonomikoetarako eraikinen beheko solairuetan.

Sektorean, sestra gaineko azalera eraikigarri osoa da 6.377,05 m²; hura antolamendu esparru bakoitzean banakatzen da araudi honen 36. artikuluan. Obrak gauzatzeko proiektuek bete beharko dituzte onesten diren tenorean Udal Planean eraikuntzaren gainean indarra duten ordenantzak.

Hemengo azalera eraikigarriaren eta hirigintza aprobetxamenduaren esleipena lurzati bakoitzerako zehaztu beharko da prestatzen den birzatiketa proiektuan, betiere aldatzen ez bada sektoreko Plan Partzialaren dokumentu honek esleitzen duen gehieneko eraikigarritasuna, ez lurzati pribatu orokorraren azalera, ez haren kanpo perimetroa.

23. artikulua. Hirigintzako aprobetxamendua.

Plan Partzial honi dagokionez, antolamendu esparru bati esleitutako hirigintza aprobetxamendutzat hartu behar da irabazizko azalera eraikigarria eta lurzati pribatuaren azalera homogeneizatzearen ondoriozko irabazizko aprobetxamendu unitateen kopurua (laburduran, AU).

Eredu-aprobetxamendua eta ponderazio koefizienteak dira:

Eredu-aprobetxamendua AR-3an = 0,3951 AU/m2a.

Intentsitate apaleko bizitegietarako erabileraren koefizientea: 1,0000 AU/m2e.

BOE bizitegietarako erabileraren koefizientea: 0,7607 AU/m2e.

BOEko blokeko jarduera ekonomikoetarako erabileraren koefizientea: 0,7607 AU/m2e.

Bizitegi pribaturako lurzoru librearen erabileraren koefizientea: 0,1678 AU/m2a.

BOE bizitegi pribaturako lurzoruaren erabileraren koefizientea: 0,0000 AU/m2a.

Gainerako erabileren koefizienteak Udal Planak ezartzen ditu AR-3-rako; orobat, dokumentu horretan ezarri dira hirigintzako aprobetxamendua kontatzeko irizpideak.

Sektorean, irabazizko aprobetxamendu osoa 7.379,00 AU da; hura antolamendu esparru bakoitzean banakatzen da araudi honen 36. artikuluan.

Prestatzen den birzatiketa proiektuan ez da posible izanen dokumentu honetan mugatzen den exekuzio unitateari esleitutako hirigintza aprobetxamendua gainditzea.

24. artikulua. Etxebizitzen kopurua eta tipologia.

Espartzako S-2 sektorean aurreikusitako etxebizitza kopurua 36 da; horietarik, 26 familia bakarrekoak izanen dira (1 bakartua, 12 binakakoak eta 13 elkarri atxikiak) eta 10 BOE etxebizitza kolektiboak.

25. artikulua. Eraikin baten garaiera eta solairu kopurua.

Familia bakarreko etxebizitzetan eraikinaren solairu kopurua eta haien garaiera Galar Zendeako Udal Planeko Hirigintzako Arau Orokorraren 38. artikuluan ezarri da modu osagarrian, hau da, sotoa edo erdisotoa, beheko solairua, lehen solairua eta estalkipeko solairua (S+B+I+ES), gehieneko garaiera izanik 8 metro teilatu-hegaletaraino eta 10 metro gailurreraino, pinoietan, eraikuntzaren gaineko ordenantzetan ezarritako irizpideen arabera neurturik.

BOE etxebizitza kolektiboak gauzatzeko manera S+B+2 izanen da, gehieneko garaiera izanik 9,00 metro teilatu-hegaletaraino eta 11,00 metro gailurreraino, pinoietan, eraikuntzaren gaineko ordenantzetan ezarritako irizpideen arabera neurturik.

26. artikulua. Sotoak eta erdisotoak.

Dokumentu honen ondorioetarako, eta Udal Planak bere ordenantzetan bezala, sotoa edo erdisotoa da beheko solairuaren kotaren azpian dagoen solairu oro.

Plan Partzial honen antolamenduaren ondoriozko lurzati guztietan berariaz izanen da posible sotoak eta erdisotoak izatea; haien azalera eraikia ez da kontatuko ez hirigintzako aprobetxamenduaren kontsumoari ez eraikigarritasunari dagokionez.

27. artikulua. Beheko solairua.

Eraikin baten beheko solairua da bere erdiko puntuan hurbilena dagoena lurzatira sartzeko karrikaren kotatik.

Eraikinaren inguruko lurrak malda pikoa badu eta eraikinaren hiru fatxadak sotoa edo erdisotoa izateko baldintzak betetzen badituzte, beheko solairutzat joko da aipatu hiru fatxada horien aldera erreferentziatzat hartzen den lurretik hurbilena,

Gainera, beheko solairutzat onartuko da karrikan finkatu den erreferentziako kota baino 1,65 m egiten duena, betiere baldintza hauek betetzen baditu:

-Bizigaitasunari buruzko araudia bete behar dela-eta justifikatzen bada.

-Oinezkoendako zer espaloitan edo zer bide publikotan aldatzen den lurra, harexen aldera eraikina atzeraematen bada, eta horren ondorioz beheko solairuak betetzen badu lurzatiaren aitzinaldean inguruko lurretik hurbilena izateko baldintza.

-Bide publikoaren eta etxebizitzaren arteko lurrean onartzen den gehieneko malda (definizio honi dagokionez baizik ez) %6 baldin bada.

28. artikulua. Goiko solairua.

Beheko solairuaren eta estalkiaren edo estalkipeko solairuaren artekoei goiko solairu deitzen zaie.

29. artikulua. Estalkipeko solairua.

Estalkipeko solairua da estalkiaren planoaren azpian dagoen goiko solairua, baldin eta estalkiaren egikeraren ezaugarriek bi forjatuen arteko espazio horretan bizitzeko aukera ematen badute.

30. artikulua. Eraikuntza tikiak.

Eraikin atxikiak dira, hala nola teilapeak, estalpeak, etxolak etab. Erabilera nagusiaren aldera osagarriak diren eraikinak onartzen dira (garajeak, trastelekuak, karrerapeak etab.), hari atxikiak, beheko solairukoak, materialen, estalkien eta abarren aldetik eraikin nagusiaren tratamendu bera dutenak. Bolumenaren konposizioak argi utziko du eraikin nagusi bat dagoela, eranskin batzuez hornitua.

Bizitegietarako lurzatietan bakoizka eraikitzen diren biltegiek ez dute inguruko etxebizitzen gehieneko garaiera gaindituko, zeramikazko teila edo eraikin nagusikoaren gisako materiala izanen dute estalkietan, eta inguruko bizitegiekin bat heldu den tratamendua fatxadetan eta arotz-lanetan.

31. artikulua. Estalkiak.

Eraikin nagusiaren estalkiek malda izanen dute eta 2, 3 edo 4 isurialde. Malda teila zeramika okre edo gorriztetan estaltzeko egokia izanen da; material hori baizik ez da baimentzen ahalko. Erretenak PVCkoak izan daitezke.

Eraikuntza osagarriei dagokienez, horiek etxebizitzen nahiz etxebizitzetatik sartzen ahal den terrazen eranskin izan, jarraituko zaio Udal Planeko eraikuntzaren gaineko ordenantzen 70. artikuluan ezarritakoari.

32. artikulua. Lurzatietako itxiturak.

Ezin izanen da itxiturarik jarri fatxada nagusiaren aurrean, fatxada nagusia beti egonen baita lurzatiaren aurrealdeko espazio publikoarekin lotuta.

Salbuespenez, eta betiere antolamendu xehakatuko planeamenduaren ondoriozko antolamenduak horren beharra justifikatzen badu, aitzinalde horretan itxiturak egiteko baimena eman dezake, baina inoiz ere 1 m baino garaiera handiagokoak, eta garaiera horren gainetik ez da onartuko bertze inongo material ez hesirik ere.

Itxiturak 2 m-ko garaiera egin dezake fatxada nagusiaren oinplano lurzatiaren sakoneraren aldera.

Forma aldetik haien ezaugarriak gainerako itxitura tradizionalenak bezalatsukoak izanen dira. Harlanduzko hormen edo plakaduren bidezko egikerak erabiliko dira, baita etxebizitzaren paramentuaren kopia diren egikerak ere. Hormez gain, haizu izanen dira heskaiak edo gisakoak eta soluzio mistoak, baina ez da erabiliko txarrantxarik edo ebakitzen ahal duen materialik murruen gainaldean.

Mugakideen arteko hesietan, aurrekoez gain, metalezko sareak onartuko dira, gehienez ere 2 metrokoak.

Artikulu honetan aipatzen diren garaierak, koskak daudenean, itxituraren horma-atal bakoitzean direnen batez bestekotzat hartuko dira, betiere lurzatiaren kanpo aldetik neurtuak.

Eustormarik baldin badago, gehienez 2 m-ko garaiera duten murruak eta 1 m-ko segurtasun baranda onartuko dira.

33. artikulua. Gorputz irtenak.

Eraikinean gorputz irtenak onartuko dira lurzati pribatura jotzen badute, eta betiere eraikuntza ezaugarri tradizionalekoak badira eta inoiz ere metro bat baino handiagoak ez badira. Lerrokadura ofizialetik kanpora gorputz irtenak onartzen dira, udal ordenantzetan ezarritako mugekin.

34. artikulua. Barneko aparkalekuen ekipamendua.

Lurzati pribatuaren barnean nahitaezkoa da 2 garaje plaza izatea familia bakarreko etxebizitza bakartu edo binakako bakoitzetik, eta plaza 1 familia bakarreko etxebizitza atxiki bakoitzeko; A.5 lurzatian, BOE etxebizitzetarako izanen baita, 16 plaza izanen dira.

Sektore osoan, gutienez ere aparkatzeko 55 plaza izanen dira lurzati pribatuen barnean.

35. artikulua. Antolamenduaren hirigintzako parametro orokorrak.

Artikulu honetan ezartzen diren hirigintzako parametroak gehienekoak dira lurzati pribatuaren azalerari, irabazizko hirigintzako aprobetxamenduari eta azalera eraikigarri pribatuari dagokienez, eta gutienekoak berdeguneei, eremu libreei, aparkatzeko plaza kopuruari eta bide sareari dagokienez.

Sektorearen azaleren laburpena, erabileren arabera.

Erabilera anitzeko ekipamendua, tokiko sistema

654,33 m²

%3,82

Berdeguneak eta haurrak jostatzeko eremuak

2.354,42 m²

%13,75

Bide sarea (aparkalekua barne)

5.127,65 m²

%29,94

Erabilera anitzeko ekipamendua

188,00 m²

%1,10

Espazio publikoak eta ekipamenduak

8.324,40 m²

%48,61

Lurzati pribatua

8.801,60 m²

%51,39

SEKTOREAREN AZALERA OSOA

17.126,00 m²

%100,00

36. artikulua. Ezaugarrien taula, esparru pribatuen arabera.

IZENA

ESPARRUA

A.1.

A.2.

A.3.

A.4.

A.5.

GUZTIRA

Erabilera Xehakatua

Bizitegia

Bizitegia

Bizitegia

Bizitegia

BOE bizitegia

Lurzatiaren azalera

3.531,73 m²a

1.161,43 m²a

2.559,21 m²a

651,30 m²a

897,93 m²a

8.801,60 m²a

Azalera eraikia

2.504,10 m²e

600,00 m²e

1.358,90 m²e

558,90 m²e

1.228,60 m²e BOE

126,55 m²e Hirug.

6.377,05 m²e

Hirigintza

aprobetxamendua

3.096,72 AU

794,89 AU

1.788,34 AU

668,19 AU

1.030,86 AU

7.379,00 AU

Eraikinaren solairuen

kopurua

S+B+1+ES

S+B+1+ES

S+B+1+ES

S+B+1+ES

S+B+2

Eraikinaren garaiera

8 m (teilatu-hegala)

10 m (gailurra)

8 m (teilatu-hegala)

10 m (gailurra)

8 m (teilatu-hegala)

10 m (gailurra)

8 m (teilatu-hegala)

10 m (gailurra)

9 m (teilatu-hegala)

11 m (gailurra)

Etxebizitzen kopurua

13 etxeb.

3 etxeb.

7 etxeb.

3 etxeb.

10 BOE

36 etxeb.

37. artikulua. A.4 esparrurako determinazio berariazkoak.

A.4 etxesaileko familia bakarreko hiru etxebizitzak bakoitza bere aldetik gauzatzen ahalko dira, nahiz eta, lehenbizikorako obra lizentzia eskuratu aitzin, xehetasun azterlana tramitatu beharko den, etxesail esparrukoa, bertan definitzeko egikera orokorrak bolumenei, eraikinaren garaierei era lurren desnibelei dagokienez.

Xehetasun azterlanean biltzen den proposamenak bide sarearen desnibela kontuan hartu beharko du; horri dagokienez, egikerak proposatuko ditu galarazteko etxebizitzan sartzeko sestra metro bat handiagoa izatea sartzeko espaloikoa baino etxebizitza bakoitzaren eraikuntzaren aitzinalde osoan; eraikina mailakatzen ahalko da.

Orobat, xehetasun azterlanak definitu beharko du lurzatien gibelaldeko itxituraren egikera berdegune publikoaren aldera (makaldia); egikera bateratua eman beharko dio lurzati lau-lauak eskuratu nahi izanez gero ager litekeen desnibelari. Desnibela harri-lubeten bidez konpontzen bada, horien garaiera 6 metro izanen da gehienez, nahiz eta ahaleginak eginen diren harri-lubetaren tarte bakoitza ez dadin izan 3 metro baino garaiagoa eta haren tratamenduak inguruarekin bat egin dezan ahalik eta gehiena.

EKIPAMENDU PUBLIKORAKO ERABILERAREN ARAU PARTIKULARRAK

38. artikulua. Esparrua.

Ekipamendutarako lurzati publiko guztiek osatzen dute arau partikular hauen aplikazio esparrua; horiek dokumentu honetan gelditzen dira antolaturik.

Dokumentazio grafikoko erabilerak esleitzeko planoan zehazten da zein ekipamendu publikoei atxikitako antolamendu esparruak.

39. artikulua. Eraikinaren kokalekua lurzatiaren barnean.

Eraikina dokumentazio grafikoan aipatzen den gehieneko ingurakari eraikigarriaren barnean kokatuko da libreki.

40. artikulua. Eraikinaren erabilera zehaztuak.

Ekipamendutarako lurzati publikoan eraikinaren erabilera zehaztuak izanen dira dokumentu honek lurraldearen arabera egiten duen erabileren esleipenean ezartzen direnak.

41. artikulua. Gehieneko azalera eraikigarria.

Ekipamendutarako lurzatietan ez da gehieneko azalera eraikigarririk ezartzen, salbu eta S+B+1 eraikuntza tipologiari dagozkion lerrokadura eta garaieren determinazioak aplikatzearen ondoriozkoa.

42. artikulua. Eraikuntzaren solairu kopurua eta garaiera.

Eraikinaren solairu kopurua eta garaiera S+B+1 da; gehieneko garaiera, berriz, 8 metro teilatu-hegaleraino eta 10 metro gailurreraino. Onartzen da sotoak edo erdisotoak egitea.

Hala ere, halako ekipamendu publiko baten garapenaren kariaz, aurreikusitako garaiera edo solairu kopurua handitu behar bada, Udalaren Osoko Bilkurak salbuespenez baimentzen ahalko du, Udalaren zerbitzu teknikoen aldeko txostenaren ondotik, betiere sortzen den eragina sektorea antolatzeko irizpideen kalterako ez bada; hori dokumentu honetan aldaketarik sartu beharrik gabe eginen da.

43. artikulua. Eraikinaren baldintza estetikoak.

Diseinua eta konposizioa libre izanen da (formak eta materialak), nahiz eta eraikinak tokian tokiko eraikuntzaren ezaugarrietara eta bertako girora egokitu beharko diren, inguru hurbilenarekin bat eginez.

44. artikulua. Bertze baldintza batzuk.

Beheko solairurako sarbidea mugikortasun murriztua duten pertsonek trabarik gabe erabiltzeko maneran eginen da.

45. artikulua. Baldintza partikularrak antolamendu esparruaren arabera.

Hona hemen sektoreko ekipamendutarako azalerak:

Erabilera anitzeko ekipamendua, tokiko sistema

654,33 m²

%3,82

Berdeguneak eta haurrak jostatzeko eremuak

2.354,42 m²

%13,75

Bide sarea (aparkalekua barne)

5.127,65 m²

%29,94

Erabilera anitzeko ekipamendua

188,00 m²

%1,10

Espazio publikoak eta ekipamenduak

8.324,40 m²

%48,61

Ekipamendutarako lurzati eta espazioen kokalekua, forma eta antolaera bildu dira dokumentu honetako dokumentazio grafikoan.

IV. KAPITULUA

Urbanizazioari buruzko baldintza orokorrak

Urbanizazioan nahiz eraikuntzan aplikatu beharko dira urbanizazio eta eraikuntza proiektuak onesteko tenorean urbanizazioaren eta eraikuntzaren gainean Udal Planean indarra duten ordenantzak.

46. artikulua. Aplikazio eremua eta irizpide orokorrak.

Arau hauek Espartzako S-2 sektorean egiten diren urbanizazio lan guztiei aplikatuko zaizkie, edozein izanik ere haien proiektua eta haiek egiten dituzten pertsona edo entitateak.

Urbanizazio proiektuak obra proiektuak dira, ordenantza honetan biltzen diren determinazioak gauzatzeko helburua dutenak. Ezin izanen dute antolamenduari edo lurzoruaren eta eraikuntzaren araubideari buruzko determinaziorik izan, eta beren baitan biltzen diren obrak zehaztu eta programatu beharko dituzte, proiektuaren egileaz aparteko bertze teknikariren batek egin ahal izateko behar den xehetasunaz.

Dokumentu honen aurreikuspenak hura bera garatzeko prestatzen diren urbanizazio proiektuetan aldatzen ahalko dira, betiere bermatzen baldin bada azpiegitura zerbitzuaren premien ebazpen egokia eta sektorerik hurbil ibilgailu nahiz oinezkoendako bide sarearekin lotura zuzena.

Barneko urbanizazio obrak eraikuntza proiektuan sartuko dira, eta, horrenbertzez ez dira urbanizazio proiektuko obrak izanen. Hala ere, unitateko sareekin loturak egin aitzin, horiek ere enpresa hornitzaileen onespena beharko dute.

Urbanizazio proiektuek antolatu beharko dute sektoreko hiri zerbitzuen eta hiriguneko zerbitzu orokorren arteko lotura, eta horiek behar bezainbateko hornidura edo ahalmena dutela egiaztatu.

Urbanizazio proiektuak prestatu aitzin azterlan geoteknikoa eginen da, oinarritako balioko duena egikera hoberenak hautatzeko alor hauetan: zoruen luze-zabalak, zoladurak, drainatzeak, zimenduak, hodien gurutzaguneen sendotzeak etab. Hala ere, dokumentu hori egin beharra saihesten ahalko dute esparru bakoitzean sartutako lurzatien jabeek, bere erantzukizunez, eta dokumentu honi inolako erantzukizunik egotzi ahal izan gabe lurren ezaugarri zehatzen ondorioz geroan ager daitezkeenak direla eta.

Urbanizazio proiektuetan aurreikusten ahal dira gauzatze fase desberdinak, eta gutienez ere urbanizazio lan hauek hartuko dituzte beren barnean:

-Hondeaketa eta lur mugimenduak.

-Bide eta espaloiak zolatzea eta seinale etzan eta zutikakoak paratzea.

-Ureztatzeko sareak eta sute ahoak.

-Ur beltzen eta euri uren hustubideen sarea.

-Ur banaketarako sarea.

-Argindarra banatzeko sarea eta herriko argiak.

-Telekomunikazioetako hodiak.

-Parkeak, lorategiak, eta espazio libre eta hiri altzarien egokitzapena.

-Gasaren sarea.

-Bertze kanalizazio batzuk, halakorik bada.

Urbanizazio lanak behar den proiektuan ezartzen denari lotuko zaizkio; hura behin betiko onetsiko da proiektuak onesten direnean urbanizazioaren gainean indarra duten ordenantzekin bat. Eraikuntzaren aitzin edo horrekin batera, Planean ezarritako urbanizazio lanak egin behar dira.

Hirigintza aldetik ezarritako baldintzak errespetatuko dira eta espresuki justifikatu beharko da hiri antolamendua hobetzeko xedez egiten den edozein aldaketa. Aldaketak inoiz ere ez ditu eremu publikoaren ezaugarriak kaltetuko.

Kasuan kasu eta bidezkoa bada, urbanizazio proiektuak hurrengo arloetan egin behar diren obrak ongi zehazteko beharrezkoak diren determinazioak bilduko ditu: bide sarearen zoladura eta oinezkoendako ibilbide edo eremuak, lorategiak, zuhaitzak, hiri altzariak, ur hornidura eta banaketa, saneamendua eta estolderia, argindar hornidura, herriko argiak, telefonia eta bertze zerbitzu batzuk.

Bereziki hartuko dira kontuan:

-Urbanizazioa zer eremutan egin behar den, bertako klimaren ezaugarriak, bertako topografia eta lurzoruaren ezaugarriak.

-Inguruko hiri bilbearen ezaugarriak, batez ere, ibilgailu eta oinezkoendako bideak. Horrela ahal den neurrian bermatu behar da eraikuntzarik gabeko eremuaren jarraitutasuna.

-Sektorearen inguru hurbilean dauden azpiegiturak, baita hari zerbitzuz egiteko duten gaitasuna.

Instalazio sare guztiak proiektatu beharko dira indarra duten araudien arabera eta bete beharko dituzte enpresa hornitzaileek finkatzen dituzten eskakizun guztiak.

Prestatzen den urbanizazio proiektuak kontuan hartu beharko ditu mendebaldean mugakide den S-3 sektorerako aurreikuspenak, baita antolamenduaren ekialdeko ertzak behar dituen egikerak ere, garrantzitsutzat jo ez arren, antolamenduan egungo kotak nagusiki errespetatu baitira, bai bide sarean bai lurretan. Nolanahi ere, urbanizazio proiektuak kontuan hartu beharko du inguruabar hori, eta beharrezkoa ikusten bada ertzerako egikera bat xedatzea, proiektuaren beraren bizkar izanen da.

Urbanizazio proiektuan arbolak agertuko dira tartekaturik A.5aren aitzineko aparkatzeko plazen artean, proiektu horrek zehazten duen maiztasunaz.

Karrikak maila bakarrean eginen dira, kota alderik gabe ibilgailuen aldearen eta oinezkoen aldearen artean.

47. artikulua. Interpretazioa.

Arau hauen interpretazioa memoriaren eta Hirigintzako Araudi Orokorraren testuinguru orokorra kontuan hartuta eginen da, haien asmo eta helburuei jarraikiz eta haien mende.

Zalantzarik edo zehazgabetasunik izanez gero, beti eginen da aitzinetik urbanizatzearen alde eta ahalik eta zerbitzu publiko gehien antolatzearen alde.

48. artikulua. Oztopo arkitektonikoak kentzea.

Oztopo arkitektonikoak ezabatzeko beharrezko diseinu neurri guztiak hartuko dira. Proiektu teknikoen memorian atal berezi bat sartuko da, oztopo fisiko eta zentzumenezkoei buruz indarra duen legeria proiektuak prestatzen diren tenorean nola betetzen den azaltzeko. Egun, aplikatzeko indarra duen legeria hauek osatzen dute: Oztopo Fisiko eta Zentzumenezkoei buruzko uztailaren 11ko 4/1988 Foru Legea, 22/2003 Foru Legeak aldatua, eta 4/1988 Foru Legea garatu eta aplikatzeko Erregelamendua onesten duen ekainaren 29ko 154/1989 Foru dekretua.

Dokumentazio grafikoan identifikaturik gelditu dira oinezkoendako ibilbideak, ibilbide ertainak izenekoak, erregelamenduaren 4. artikuluaren arabera proiektatu behar direnak, erregelamendu horren 2. galdakizun mailari dagozkion luze-zabal eta ezaugarriekin bat.

Urbanizazio proiektuek konplitu beharko dituzte nahitaez bete beharreko parametro normalizatuak, erregelamenduaren 6, 7 eta 8. artikuluan biltzen direnak, eremu publiko, parke, plaza, pasealeku eta kanpo aparkalekuetan. Mugikortasun murriztuko pertsonendako sektorean aurreikusten diren ekipamendutarako sarbidea bermatuko dute.

Mugaturiko exekuzio unitatean aparkatzeko 4 plaza izanen da mugikortasun murriztua duten pertsonendako. Oinezkoendako sarbideetatik ahalik eta hurbilena jarriko dira. Ilaran gertatzen direnen luze-zabalak plaza konbentzionaletakoak izanen dira; zeharka daudenak gutienez ere 3,20 bider 5 metro izanen dira. Antolamenduan 4 plazak zeharka paratu dira, haien luze-zabalak 3,20 x 5 metro direla.

49. artikulua. Urbanizazioaren harrera.

Obra zuzendaritzak obrak horretarako onetsitako proiektuekin bat bukatu direla egiaztatu ondoan, eta obrak egin bitartean eta kontratak horien mantentze lanak gaizki egiteagatik gero egin ahal izan diren akatsak zuzentzeko konponketak egin ondoan, Udalak haien behin-behineko harrera eginen du.

Une horretatik goiti kontatzen hasiko da dagokion urbanizazio proiektua onestean finkaturiko bermealdia; halakorik egin ez bada, urtebetekoa izanen da. Epe horren barrenean, Udalak erraten ahalko du zein diren, urbanizatzaileak bete beharreko baldintza tekniko edo legezkoen artean, egin diren akatsak. Urbanizatzaileak konpondu beharko ditu adierazten zaizkion horiek eta, hori egindakoan, berriz ere hasiera emanen zaio bermealdiari.

Bermealdia amaiturik, elementu irisgarri guztiak egiaztatuko dira (balbulak, ur harguneak, kutxetak etab.) zuzen paratu direla eta barnean dauzkaten kutxetak egokiak direla ziurtatzeko, baita hauek guztiak egokiak direla ziurtatzeko ere: bide eta espaloietako zoladura, lorategiak, luminariak, hiri altzariak etab. Aitzineko atalean aipatu bezalako akatsik ez bada, ulertuko da obren behin betiko harrera egin dela.

50. artikulua. Urbanizazio kargak.

Sektoreko urbanizazio kargaren barnean sartuko da sektoreko uraren hornidura eta saneamendua bermatzeko behar diren obrak egiteak duen diru kostua, eta zehatz-mehatz: 1) egungo hodia luzatzea Arlegiko biltontzitik Espartzara eta 2) Espartzako hobi septikoa handitzea; bien kontzeptua izanen da jarduketaren kanpoko sistema orokorrekin lotzeko azpiegiturak.

51. artikulua. Urbanizazio proiektuaren baldintza partikularrak.

Dokumentu hau garatu beharrez prestatzen den urbanizazio proiektuak kontuan hartu beharko ditu ondoko alderdiak, Iruñerriko Mankomunitateak 2011ko martxoan luzaturiko txostenasren edukiari jarraikiz:

Hornidura.

-Saihestuko da Arlegiko biltontzitik hornidurarako heldu den 150 mm-ko hodiarekin lotzea.

-Hornidurarako hodiak arbolarik ez duten espaloien azpitik joanen dira.

-Mendebalderago dagoen ureztaketa ahoa kendu da, eta bertze hirurak aurreikusitako tokian mantentzen dira, beren artean loturik, ureztatzeko sare tiki bat sortuz, kontsumoaren kontagailu bat paratuta.

-Lurzatiketak erdietsi behar du egungo eta geroko hargune guztiak joatea gau eta egun irits daitezkeen eremu publikoetan barna.

-Sare berria ahalik eta gehien batuko da egungo sarearekin; zehatz-mehatz, sarea itxiko da ipar-ekialde saihetsean.

Saneamendua.

-Alde makotuan saneamendu sarea sigi-sagaka eginen da, tarte zuzenak izanen baditu ere putzurik putzu, marraztu den eskeman bihurgune bat agertzen bada ere, karrikaren ardatzari segituz.

-Abiapuntuko kutxetak egonen dira, bai euri uren sarean bai ur beltzenean. Zehatz-mehatz, bana-banako kutxetak 40 x 40 cm-koak izanen dira eta espazio publikoan izanen dira.

-Batean gehienez ere bi abiapuntuko kutxeta elkartzen ahal dira.

-Ur beltzen putzu batera bi hargune sartzen badira, horiek elkar lotzean hargunearen malda biltzeko hodiaren aldera ez da inoiz 90 gradu baino tikiagoa izanen; korrontearen alde eraginen da, beraz.

-Saneamendu sarean, diametroak 250 mm izanen dira sarearen hasieran eta 300 gainerako puntuetan; euri uren sarean, berriz, diametroa 315 mm izanen da bere trazadura osoan.

-Saneamenduko harguneen sestra hidraulikoen kotek gutienez ere 50 cm gainditu beharko dute isurtzen diren kolektorearen giltzaren kota.

-Birzatiketa proiektuak biltzen duen lurzatiketa berriak kontuan hartu beharko du katastroko 10. poligonoko 183. lurzatian saneamendurako hodia dagoela, egungo 185 eta 186. lurzatietan barna pasatzen dena, sarearekin egin artino Zabalbide karrikan. Zehatz-mehatz, antolamenduaren ondoriozko lurzatietan ubide zortasuna ezarri beharko du, haietan barna pasatzen bada egungo hodia, haren pasabidea eta mententze pribatua bermatua beharrez.

Hondakinak.

-Urbanizazio proiektuak izan beharko du zoladura plano bat; hartan hiri hondakin solidoak biltzeko bi puntuen kokaera agertu behar da, Iruñerriko Mankomunitateak eskatzen dituen luze-zabal eta ezaugarriekin.

Halaber, dokumentu hau garatu beharrez prestatzen den urbanizazio proiektuak kontuan hartu beharko ditu Ebroko Ur Konfederazioaren irizpideak ur ibilgu publikora isurtzeko puntuaz den bezainbatean; irizpide horiek zehazten dira erakunde horren 2011ko ekaineko txostenean; proiektua Ur Konfederaziora igorri beharko da, horren gainean txostena egin dezan.

Gainera, Plan Partzialari buruzko alegazioak ebazteko eta hura behin betiko onesteko erabakia bete beharrez, prestatzen den urbanizazio proiektuak jasoko du katastroko 10. poligonoko 938. lurzatian dagoen etxebizitzak dituen oinarrizko azpiegiturak mantentzea edo berritzea.

Getze Galarren, 2012ko apirilaren 25ean.-Alkatea, Cecilio Lusarreta Echarri.

Iragarkiaren kodea: L1206397