100. ALDIZKARIA - 2012ko maiatzaren 28a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

BURLATA

Erregelamendua, Burlatako Udalaren adinekoen egoitza erabiltzeko. Behin betiko onespena

Burlatako Udalak, 2012ko urtarrilaren 26an egin osoko bilkuran, hasiera batean onetsi zuen Burlatako Udalaren adinekoen egoitza erabiltzeko erregelamendua.

Onesteko erabakia 2012ko 39. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, otsailaren 24an, eta jendaurreko epean aurkeztu diren alegazioak ebatzi dira; hortaz, erregelamendu hori behin betiko onetsi da eta osorik ematen da argitara, behar diren ondorioak izan ditzan; hori guztia, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatuari jarraikiz, maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legeak aldatu baitzuen.

Burlatan, 2012ko apirilaren 27an.-Alkatea, Juan Carlos González Muñoz.

ERREGELAMENDUA, BURLATAKO UDALAREN ADINEKOEN EGOITZA ERABILTZEKO

I. TITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Xedea.

Erregelamendu honen xedea da Udalaren adinekoen egoitza erabiltzeko antolamenduaren eta barne funtzionamenduaren arauak ezartzea, bai eta arautzea ere erabiltzaileen eskubideak, betebeharrak eta baldintzak bertako instalazioak eta gainerako zerbitzuak erabiltzean, erran nahi baita, Udalaren adinekoen egoitzak dituen eginkizun edo prestazioak, eta bertako langileenak.

2. artikulua. Egoitzaren definizioa.

2.1.-Udalaren adinekoen egoitza udal ekipamendua da, adinekoen elkarbizitza sustatzeko xedea duena; horretarako, jarduerak sustatu eta gauzatuko ditu, Burlatako 60 urtetik goitikoekin eta/edo haien partaidetzarako planifikatu, programatu eta aitzina eramateko.

2.2.-Ez da beharrezkoa bazkidea izatea edo talde batekoa, instalazioak edo zerbitzuak erabili ahal izateko.

2.3.-Adinekoek nahiz berek osaturiko entitate, talde, elkarte edo kolektiboek men egin beharko diote funtzionamendurako erregelamendu honi, haren jardueran ahalik eta eraginkorrena izan dadin.

3. artikulua. Egoitzaren xedeak.

Hona hemen Udalaren adinekoen egoitzaren xedeak:

3.1.-Erabiltzaileendako topaleku izatea, elkarren arteko harremanetarako, komunikaziorako eta gizartean parte hartzen ikasteko, bai eta komunitateari zuzendutako jarduerak bertan gauzatzeko ere, hala herritarren ekimenez sortu eta adinekoen elkarte edo taldeen eskutik heldu direnak, nola Burlatako Udaletik planifikatzen direnak.

3.2.-Herriko adinekoen elkarte edo taldeei beren programak eta jarduerak gauzatzeko gune bat eskaintzea.

3.3.-Kalitatezko programa eta zerbitzuak bulkatzea. Jarduera programa osoa sustatzea, gizarte eta kulturaren, aisiaren eta animazioaren esparruan, prebentiboak nahiz terapeutikoak, Burlatako adinekoen sustapen eta garapen osoari begira.

3.4.-Tresna baliozkoa izatea Udalareino bideratzeko herritarren ekimen eta jarduerak eta, hartara, adinekoen eta haien taldeen partaidetza sustatzea eta kolektibo horren eta Udalaren arteko eta alderantzizko komunikazio etengaberako bidea eratzea.

3.5.-Herriko elkartegintza bulkatzea.

3.6.-Herritarren kontzientzia sustatzea eta bulkatzea, eta orobat harreman kolektiboak eta kide baliagarriaren izaera. Hartara belaunaldien arteko harremanak bizkortuko dira eta, aldiz, saihestuko dira bazterkeria edo zokoratze modu guztiak.

II. TITULUA

Kudeaketa

4. artikulua. Burlatako Udalaren esku egonen da Udalaren adinekoen egoitzaren kudeaketa, gobernua eta administrazioa, zerbitzu publikoaren entitate titularra den aldetik, Gizarte Aferen Alorraren bitartez.

5. artikulua. Udalaren ardura da egoitza mantentzea, baita hura altzariz hornitzea ere; hura ez da esparrutik kanporatzen ahalko, ezta bertze deusetarako erabili ere, organo eskudunak aitzinetik baimena eman ezean.

6. artikulua. Burlatako Udalak, entitate titularra den aldetik eta Gizarte Aferen Alorraren bitartez, gainbegiratze eta kontrolerako eskumena izanen du, zerbitzuaren funtzionamendu zuzena eta jardueren antolaketa bermatzeko.

7. artikulua. Burlatako Udalak ebazpenak ematen ahalko ditu, erregelamendu honetan ezarritakoa argitu edo interpretatzeko, baita xedapen orokorrak ere, hartan aldaketak sartu edo zerbait garatzeko, aitzinetik Partaidetza Kontseiluaren iritzia eskatuta, instalazio eta zerbitzuen kudeaketa eta erabilera egokiena egin beharrez.

8. artikulua. Erregelamendu hau jendearen eskura egonen da Burlatako Udalaren adinekoen egoitzako informazio eta kontrol zerbitzuetan.

III. TITULUA

Funtzionamendua

9. artikulua. Egoitzako espazio, baliabide eta zerbitzuen sarrera eta erabilera nagusiki libre eta irekia izanen da Burlatako 60 urtetik goitiko guztiendako, pertsonak nahiz kolektiboak izan.

10. artikulua. Pertsona eta entitate erabiltzaile guztiek egoitzako espazio, baliabide material eta zerbitzuak erabiltzeko eskubide berak dituzte, betiere erabilgarri badaude.

11. artikulua. Pertsona eta entitate erabiltzaile guztiek betebehar berak dituzte espazioak, baliabideak eta zerbitzuak zuzen erabiltzeari dagokionez. Beharturik daude gizarte etxeko instalazio eta baliabide materialak errespetatu, zaindu eta mantentzera, haiek erabiltzeko egoerarik onenean egon daitezen beti.

12. artikulua. Egoitza elkarrekin erabiliko dute Burlatako 60 urtetik goitikoek nahiz haien taldeek, inongo espazio, baliabide edo zerbitzu ezin izanen baita erabiltzen ari den pertsona, talde edo elkartearen erabilera edo jabetza esklusibotako hartu.

13. artikulua. Udalaren adinekoen egoitza ezin izanen da erabili adinekoen inongo talde, kolektibo edo elkarteren egoitza edo bulego iraunkortako.

14. artikulua. Espazioak, baliabideak eta zerbitzuak adinekoen pertsona eta talde guztien eskura daude, baldin eta egoitzaren arduradunak aitzinetik baimena ematen badu.

15. artikulua. Espazio, baliabide eta zerbitzuen erabilerak bat egin behar du egoitzaren eginkizunekin, egindako eskaerarekin eta bertan dagoen ekipamenduarekin.

16. artikulua. Ez da espaziorik, zerbitzurik edo baliabiderik lagako irabazi asmoko entitateen jardueretarako, aitzinetik arautu eta onetsi ez badira.

17. artikulua. Egoitzan egiten diren jarduera guztietarako printzipioak izanen dira berdintasuna eta bazterkeria eza sexua, gizarte maila, arraza, sexu joera, etorkia edo bertze dela-eta.

18. artikulua. Entitate, talde, elkarte, kolektibo edo pertsona erabiltzaile orok jarduerak egokituko ditu zerbitzuen eta erabileraren ordutegi eta egutegira.

19. artikulua. Bertzerik ez bada, honako ordutegi hau ezarri da:

Egunak eta orduak: astelehenetik larunbatera, 16:00etatik 21:00etara.

Igandeak eta jaiegunak, 12:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 21:00etara.

Egun hauetan egoitza itxia egonen da: urtarrilaren 1a, abenduaren 24a, 25a eta 31, baita oportako zehazten direnak; horietan garbiketa, desinfekzioa eta desintsektazioa eginen da, indarra duen osasun araudiari jarraikiz.

20. artikulua. Espazioen eta baliabideen erabilera eta lagapena arautzearekin, pertsona, talde eta elkarte erabiltzaileei erraztu eta eskuratu nahi zaizkie beren jardueretarako behar dituzten oinarrizko bitartekoak. Horretarako, eragileak edo, halakorik bada, egoitzaren arduradunak erabakiak hartu eta lehentasunak zehaztuko ditu, espazioak okupatzeko egutegi eta ordutegiei dagokienez, arrazionalizazio eta optimizazio irizpideak erabilita, posible izan dadin adinekoen eta hauen talde, elkarte edo kolektiboen elkarbizitza eta bizikidetza.

Premiarik izanez gero, lehentasun hurrenkera hau ezarriko da:

1. Adinekoendako udal jarduerak.

2. Herriko adinekoen elkarte eta/edo entitateek antolatzen dituzten jarduerak.

3. Herriko adinekoek formalizatu gabe dituzten taldeek eskatzen dituzten jarduerak.

4. Herritarren bertze entitate batzuek antolatzen dituzten jarduerak, adinekoei on egiten ahal dietenak.

5. Elkarte edo/eta entitateek Burlatako herritarrendako antolatzen dituzten jarduerak.

21. artikulua. Ekipamenduko espazio eta baliabideen erabilera eta lagapen pribatiboa nahi izanez gero, eskaera fitxa bat aurkeztu beharko zaio eragileari edo, halakorik bada, egoitzaren arduradunari, gutienez ere 15 egun lehenago, salbuespenez, presakoetan izan ezik, bertan adierazita zein den jarduera, arduraduna, eguna, ordutegia, iraupena eta parte-hartzaileen kopurua, hala behar den eraginkortasunarekin koordinatzen ahalko baitira eskatzaile guztien ordutegiak eta jarduerak. Lagapen hori ez da irmotzat hartuko harik eta eragileak edo egoitzaren arduradunak eskatzaileari formalki eman zaiola adierazten ez dion arte. Eskaeraren ondoko astean adierazi beharko da eman edo ukatu zaion.

22. artikulua. Pertsona, talde edo elkarte guztiek egiten ahalko dute eskura dagoen ekipamenduko salak, espazioak edo baliabide materialak erabiltzeko eskaera. Lokalaren edo jardueraren arduradunak baizik ez ditu bideo aparatuak, kanoia etab. eskutan erabiliko.

23. artikulua. Halaber, kontzesioa noiznahi ezeztatzen edo deuseztatzen ahalko da, beharrezkoa bada, instalazioa gaizki erabili delako edo, bertzenaz, egindako jarduerak lagapenaren jatorrizko arrazoien kaltetan izan badira eta/edo eskaeran emandako edukiekin bat heldu ez badira.

24. artikulua. Adingabeei dagokienez, ez zaie egoitzan egoten utziko, non ez diren beren guraso/tutoreetariko batekin edo egiten ari diren jardueraren arduradunekin, eta betiere jarduera haiendako aproposa bada.

25. artikulua. Egoitzaren eragile edo arduradunak bere esku izanen du instalazioak erabiltzaileei erabat edo parte batean hesteko aukera, baldin eta ustekabeko arrazoiak direla medio haiek erabiltzea arriskutsutzat jotzen bada, edo behar bezala justifikatutako interes orokorreko bertze arrazoi batzuk gertatzen badira.

26. artikulua. Instalazioetan, utzikeriagatik edo gaizki erabiltzeagatik, zerbait hondatzen bada, erreserba egin duten erabiltzaile, talde edo elkarteek erantzun beharko dute, batere ukatu gabe erregelamendu honen arabera legozkiekeen zehapenak.

27. artikulua. Materialak saletan uzteko eskubidea mugatua da, kontuan hartu beharko baita tokirik badagoen, nolako material klasea den eta zer jarduera egin gogo den.

28. artikulua. Nolanahi dela, material horiek prekarioan utziko dira, ez egoitzaren eragile edo arduradunak ez etxezaintza zerbitzuak ez Burlatako Udalak ez baitute erantzukizunik izanen galdu, lapurtu, ebatsi, gaizki erabili edo hondatzen badira.

29. artikulua. Egoitzan ez dagoen edo eskura ez den materialen bat behar bada, espazioa eskatu duena arduratuko da hura jartzeaz. Betiere, egoitzaren eragile edo arduradunaren baimena izan beharko du horretarako.

30. artikulua. Arau orokor gisa, zerbitzuak, bertzelako agindu espresik ez bada, instalazioa ixteko ordua baino ordu erdi bat lehenago itxi edo amaituko dira.

31. artikulua. Instalazioetan ez da zilegi:

-Kartel edo liburuxkak paratzea egoitzaren arduradunaren baimenik gabe.

-Publizitatea paratzea baimenik gabe eta/edo araua bete gabe.

-Egoitzan ez da inon ere erretzen ahalko.

-Debeku da animaliak instalazio guztietan sartzea, zakur gidariendako araudian ezarritakoa izan ezik.

IV. TITULUA

Erabiltzaileen eskubideak eta betebeharrak

32. artikulua. Egoitzako tresna eta ekipamenduez baliatu ahal izatea, bakoitza dagokion xedeari begira, erregelamendu honetan ezarritako baldintzetan.

33. artikulua. Zerbitzuetan eta antolatzen diren jardueretan parte hartzea, eta laguntzea beren ezagutzekin eta esperientziekin horiek gauzatzean.

34. artikulua. Udalari ematea ikusitako okerren edo irregulartasunen berri, idatziz eta nork bere izenez identifikatutako idazkian, egoitzaren funtzionamendu onari traba egiten badiote.

35. artikulua. Mota guztietako iradokizunak egitea, lokala hobeki aprobetxatu edo ekitaldiak hobeki egiteko.

36. artikulua. Egoitzaren erabiltzaileen intimitatea gorde eta begiratzea; hortaz, ez da zilegi argazki kamerak edo bideoa erabiltzea. Horretarako baimena eskatu beharko zaie instalazioen arduradunei, irudien xedea zein den adierazita.

37. artikulua. Erregelamendu hau ezagutu eta betetzea, bai eta ontzat hartu eta betetzea ere Udalak edo egoitzaz arduratzen direnek hartutako erabakiak eta emandako jarraibideak.

38. artikulua. Elkarbizitzarako arauak betetzea eta elkarrenganako begirunea gordetzea, hala egoitzaren barnean nola bere instalazioekin zerikusia duten gainerakoetan, baita gainerako erabiltzaileen eskubideak errespetatzea ere, pertsonak izan edo kolektiboak izan.

39. artikulua. Instalazioak eta ekipamenduak erabiltzea, ahalik eta kontu handienarekin, egoera onean atxikitzeko, erabili ondotik dena bildu eta gauza bakoitza bere tokian utzita. Okerreko erabilerak eragindako kaltea egilearen bizkar izanen da, pertsona izan edo entitatea izan.

40. artikulua. Ahalik eta kontu handiena egitea, zorua paperez, azalez eta gisakoez ez zikintzeko, eta lokalak ahalik eta egoera hoberenean mantentzea garbitasunaren eta higienearen aldetik.

41. artikulua. Komunetan eta konketa-geletan, behar den garbitasun eta higienea izatea.

42. artikulua. Egoitzaren arduradun edo eragileari ematea okerreko funtzionamenduaren, hausturen, akatsen edo erregelamendu honetan xedatutakoa ez betetzearen berri.

V. TITULUA

Erreklamazioak

43. artikulua. Erantzukizun zibileko eta istripuetarako asegurua.

Burlatako Udalak erantzukizun zibileko asegurua izanen du gizarte etxerako, instalazioak berak huts egiteagatik gerta daitezkeen istripuei erantzuteko. Horretaz gain, egoitzan egiten diren jardueren sustatzaileek behar den asegurua sinatu beharko dute jarduera jakin bakoitzerako.

44. artikulua. Erreklamazio orriak eta gauza galduak.

44.1.-Egoitzaren erabiltzaileen eskubideak bermatu beharrez, erreklamazio orriak eskura izanen dituzte hantxe berean. Erabiltzaile guztiek erabiltzen ahalko dituzte orri horiek, beren datuak jasoz, zerbitzuen funtzionamendu ez ohikoa ikusten badute. Erreklamazioa idatziz egiten ahalko da, gizarte etxean berean nahiz Udalan. Erreklamazioa egiten duen erabiltzaileak kopia bat gordeko du beretzat eta erantzuna jasoko du.

44.2.-Udalak ebatziko ditu erreklamazioak.

44.3.-Erreklamazioaren ebazpenaren kontra administrazio arloan bidezkoak diren errekurtsoak aurkezten ahal dira, azken xedapenetako lehenean xedatuari jarraikiz.

44.4.-Gauza galduak gizarte etxean berean bilduko dira.

VI. TITULUA

Adinekoen Behin-behineko Udal Kontseilua

45. artikulua. Behin-behinekoa eta aholku emailea izan dadin, Partaidetza Kontseilua eratuko da; hura osatuko dute udal talde bakoitzak izendatutako lagun batek eta adinekoen elkarte bakoitzaren ordezkari batek. Delako elkarteak Burlatan egoitza, ordezkaritza edo lekua izan beharko du eta Kontseiluan egoteko eskatu.

Izendatzen direnek 60 urtetik goitikoak eta Burlatako bizilagunak izan beharko dute.

Alkatea edo berak izendatzen duen zinegotzia izanen da Kontseiluko buru. Egoitzaren arduradun edo eragileak eginen ditu idazkari lanak, hizpidea duela baina botorik ez.

46. artikulua. Hona Partaidetza Kontseilu honen eginkizunak:

a) Lankidetzan aritzea adinekoen egoitzaren kudeaketan eta dinamizazioan; iritzia eskatuko zaio programazioak eta jarduerak erabaki aitzin eta egoitzaren funtzionamendurako garrantzia duten erabakiak hartu aitzin.

b) Proposamena egitea Adinekoen Udal Kontseilua behin betiko eratzeko, lehen bi urteetako funtzionamenduaren esperientzian oinarriturik.

c) Egoitzaren funtzionamendua ebaluatzea aldian behin eta hura hobetzeko proposamenak egitea.

XEDAPEN GEHIGARRIAK

Lehenbizikoa.-Ordutegia hasierakoa eta orientagarria da; Udalak aldatzen ahal du Tokiko Gobernu Batzarraren bitartez, une bakoitzean dauden beharrei begiratuta; horretarako, Gizarte Aferen Alorrak proposamen bat egin beharko du, behar bezala justifikatua.

Bigarrena.-Ostatu zerbitzuaren kudeaketa arautzeko, aparteko erregelamendu bat ematen ahalko da, haren izaerarekin bat heldu dena, Udalaren iritzia hori bada.

Hirugarrena.-Udalaren gaztigu, iragarki eta gainerako adierazpenak gaztelaniaz eta euskaraz eginen dira, Euskararen erabilera eta sustapena arautzen dituen ordenantzarekin bat.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenbizikoa.-Hiru hilabeteko epean, erregelamendu honek indarra hartzen duenetik, Burlatako Udalak osoko bilkuran onetsiko du adinekoen egoitzaren erabileraren ondoriozko arau-hauste eta zehapenen arauketa osoa.

Bigarrena.-Bi hilabeteko epean, erregelamendu hau onesten denetik, hasiera batean eratuko da Adinekoen Behin-behineko Udal Kontseilua. Gero batean, eskatu ahalean, kide gehiago sartzen ahalko dira erakundeen izenean.

Hirugarrena.-Erregelamendu honetan jasotzen ez den orotan, udal legerian eta Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legean ezarritakoari jarraituko zaio.

Laugarrena.-Ordenantza honek indar hartuko du Nafarroako Aldizkari Ofizialean osorik argitaratu eta biharamunetik hasi eta hamabortz egun baliodunen buruan.

Iragarkiaren kodea: L1206574