100. ALDIZKARIA - 2012ko maiatzaren 28a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

BASABURUA

Udal ordenantza, Udalaren obra-hondakindegiaren zerbitzua arautzen duena. Behin betiko onespena

Basaburuko Udalak, 2012ko maiatzaren 5ean egin osoko bilkuran, hasiera batean onetsi zuen Udalaren obra-hondakindegiaren zerbitzua arautzen duen ordenantza.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatuari jarraikiz, maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legeak aldatu baitzuen, eta jendaurrean egoteko epea inork alegaziorik aurkeztu gabe iraganik, ordenantza hori behin betikoz onetsi eta osorik argitaratzeko agindu da, behar diren ondorioak izan ditzan.

ERREGELAMENDUA, UDALAREN OBRA-HONDAKINDEGIAN HONDAKINAK BILTZEKO ZERBITZUAREN GAINEKOA

1. artikulua. Erregelamendu honen xedea.

Basaburuko Udalak obra-hondakindegitako ezartzen dituen lurretan gai geldoak biltzeko zerbitzuak zer-nolako baldintzak bete behar dituen arautzea du xede ordenantza honek, zerbitzuaren kudeaketa ahalik eta egokiena izan dadin ingurumena, natur ingurunea eta osasun publikoa babesteko.

2. artikulua. Zerbitzuaren definizioa.

Hondakinak botatzeko aproposak diren lurrak eskura jartzea, horra Udalak egin beharreko zerbitzua. Lur horiek itxita egonen dira jendearentzat, Udalaren baimena beharko baita haiek erabiltzeko.

Nolanahi ere, Udalaren titulartasuneko zerbitzu publikoa da jarduera hori.

3. artikulua. Zerbitzuaren erabiltzaileak.

Obra-hondakindegiaren erabiltzailetzat joko dira zuzenean nahiz zeharka haren instalazioetan hondakinak uzten dituzten pertsona fisiko edo juridikoak:

a) Basaburuko Udala.

b) Etxegileak, ekoizleak, indusketa egileak, garraiolariak etab., baimena aldez aurretik jasota obra-hondakindegiaren zerbitzuak erabiltzen badituzte.

c) Edozein pertsona, egiten duen jardueraren ondorioz ekoizten badira obra-hondakindegian onartzen ahal diren bezalako hondakin geldoak.

4. artikulua. Hondakinak botatzeko baldintzak.

A) Denbora: Udalak zehaztuko du zein egunetan eta zer ordutegitan bota ahal izanen diren hondakinak. Zerbitzuaren kudeaketaren gaineko lizitazioa egiten bada, ordutegia prozesu horren emaitza izanen da. Nahitaez, obra-hondakindegiak gutxienez egunean 6 orduz onartu beharko ditu hondakinak.

B) Tokia: Hondakinak obra-hondakindegiaren eremuan botako dira, horren kontrolaz eta kudeaketaz aldi bakoitzean arduratzen den pertsonak adierazten duen tokian.

C) Modua: Behar bezala eta horretarako egokitutako ibilgailuetan ez datozen hondakinak ez dira onartuko. Istripuen gaineko erantzukizuna, obra-hondakindegiaren barrenean gertatzen direnena barne, eta edozein gauza motari nahiz jendeari edo ingurumenari gertatuta ere, garraiolariarena izanen da eta, halakorik bada, hondakinaren ekoizlearena edo hornitzailearena.

Hondakindegirako sarbideetan edo barnean, iraganbideetan, hondakinak erortzen badira horien garraio eta zamalanen baldintza txarren ondorioz, hondakinen garraiolariak, ekoizleak edo hornitzaileak arduratuko dira horiek bildu, kendu eta eremu publikoa garbitzeaz. Garraiolariak uko egiten badio hondakinak kendu eta eremua garbitzeari, gertatutakoaren arrazoia berari egotzi ahal zaiolarik, Udalak edo hark izendatutako pertsona nahiz entitateak egin beharko du lan hori, eta lan horien kostua hondakinak bota behar dituen garraiolariaren, ekoizlearen edo hornitzailearen gain utzi ahal izanen du.

5. artikulua. Onartutako hondakinak.

Hondakin geldo hauek baizik ez dira obra-hondakindegian onartuko:

''Eraldaketa fisiko, kimiko edo biologiko nabarmenik ez duten hondakinak. Hondakin geldoak ez dira ez disolbagarriak ez erregarriak, ez dute fisikoki ez kimikoki ez inola ere erreakzionatzen, ez dira biodegradagarriak, eta ez diete eragin okerrik sorrarazten ukitzen dituzten beste gai batzuei, ingurumena kutsatu edo gizakien osasuna kaltetzeko moduan. Lixibialitate osoa, hondakinen kutsagarrien edukia eta lixibiatuaren ekotoxizitatea hutsaren hurrengoak izan beharko dira eta, bereziki, ez dute inolako arriskurik sorrarazi behar lur gaineko zein lur azpiko uren kalitaterako".

Hauek dira hondakindegian onartzen ahal diren hondakinak:

CER KODEA

HONDAKIN MOTA

101103

Beira-zuntzazko gaien hondakinak

170101

Hormigoia

170102

Adreiluak

170103

Teilak eta zeramikako gaiak

170107

Hormigoiaren, adreiluen, teilen eta zeramikako gaien nahasketak, 17 01 06 kodean zehazten direnak ez bezalakoak

170504

Lurra eta kode honetan zehazten diren ez bezalako harriak: 17 05 03

170508

Trenbideetako balastoa, 17 05 07 kodean zehaztuta dagoenaz bestelakoa

191209

Mineralak (konparaziorako, harea eta harriak)

200202

Udalaren parke eta lorategietako lurra eta harriak

Bestelako hondakinak ere onartzen ahal dira, baldin eta, behar diren proba analitikoak eginda, frogatzen badute betetzen dituztela Europako Kontseiluaren 2002ko abenduaren 19ko 2003/52/CE Erabakian hondakin geldoak zabortegietan onartzeko ezarritako irizpideak, erabaki horretan jarri baitziren zabortegietan hondakinak onartzeko irizpide eta prozedurak, 1999/31/CEE Zuzentarauaren arabera.

Ez dira onartuko "uralitazko teila" direlakoak, ezta amiantoa duten materialak ere.

6. artikulua. Obra-hondakindegira sartzeko baldintzak.

Ez da onartuko hondakinak botatzeko edo biltzeko lanik egin behar ez duen inor sartzerik, zerbitzukoa ez bada. Debeku da obra-hondakindegira sartzea hondakinen artean miaka eta aztaka aritzera, istripuak eta eritasunak eragotzi beharrez. Ibilgailuen joan-etorria horretarako egokitutako bideetan barna baizik ez da eginen.

Zerbitzukoak ez diren jende eta ibilgailu guztiek beren lana egiteko denboran egon beharko dute barrenean, ez gehiago.

7. artikulua. Hondakinen errausketa.

Debeku da edozein hondakin mota erraustea, bai eta erretzen ari direnak bertan uztea ere.

8. artikulua. Tasak.

Materialak botatzeko tasa edo prezioak tarifen eranskinean finkatuko dira; horiek urtero berrikusi ahal izanen ditu Udalak.

Gartzarongo Kontzejuko bizilagunak salbuetsirik geldituko dira aurreko paragrafoan aipatu diren tasak ordaintzetik, herrian berean egeindako obretatik heldu badira.

9. artikulua. Arau-hausteak eta zehapenak.

1. Ondoko hauek arau-hauste administratibotzat joko dira ordenantza honetan xedatutakoari jarraikiz:

a) Obra-hondakindegian edo inguruan hondakinak baimenik gabe botatzea.

b) Hondakin debekatuak eta/edo objektu handiak botatzea bai obra-hondakindegian bai inguruan.

c) Botatakoa ez deklaratzea edo deklarazioa datu okerrekin aurkeztea.

d) Obra-hondakinak udalerriko beste edozein tokitan botatzea, Udalaren edo ingurumenaren gaineko eskumena duenaren baimena gabe.

2. Ordenantza hauek ez betetzeagatik, zehapenaren larritasuna ez betetze horretan nahasitako obra-hondakin kopuruaren heinekoa izanen da.

3. Ordenantza honetan ezarritakoaz aparte, arau-hausteak ikusteko badu arriskutsuen katalogoan sartutako hondakinekin, haien gaineko araudi berariazkoaren arabera zehatuko da hura.

10. artikulua. Zehapenen zenbatekoa:

1. Ordenantza honetako arau-hausteen zehapena izanen da obra-hondakin tipifikatuen kopuru bakoitzari dagokion tasa urtero eguneratua halako hamar, gehi alderdia lehengoratzeko kostuak, halakorik behar bada.

2. (d) atalean jasotako arau-hausteetan, Kontzejuen laguntza beharko da, bai beren Kontzejuaren mugapean egin ahal izan diren arau-hausteei ohartzeko, bai behar diren neurri zuzentzaileak zehazteko. Halakoetan, eta hartutako kaltearen ordaina eman beharrez, ezarritako zehapenaren bildutakoaren %50 emanen zaie Kontzejuei.

AZKEN XEDAPENA

Erregelamendu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik hartuko du indarra, bete ondoan Estatu Administrazioari nahiz Foru Komunitateko Administrazioari horren berri emateko baldintzak, aurkaratu nahi ote duten.

TARIFEN ERANSKINA

Berdin material mota orotarako

GAKOA

ZERGA-OINARRIA

TARIFA

A

1.000 kg-ko karga bitarteko ibilgailuak

5

B

1.001etik 5.000 kg-ko karga bitarteko ibilgailuak

15

C

5.001etik 10.000 kg-ko karga bitarteko ibilgailuak

25

D

10.001etik 20.000 kg-ko karga bitarteko ibilgailuak

40

E

20.001 kg-ko karga bitarteko ibilgailuak

50

Jauntsaratsen, 2012ko maiatzaren 8an.-Alkatea, Ricardo Arangoa Legarra.

Iragarkiaren kodea: L1207013