100. ALDIZKARIA - 2012ko maiatzaren 28a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ALLO

Telefonia mugikorreko instalazioak eta azpiegiturak arautzen dituen ordenantza. Behin betiko onespena

Alloko Udalak, 2011ko abenduaren 19an egin bilkuran, hasiera batean onetsi zuen Alloko udalerrian telefonia mugikorreko instalazioak eta azpiegiturak arautzen dituen ordenantza.

Hasiera batean onesteko erabakia 2012ko 53. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, martxoaren 15ean, eta jendaurreko epean alegazioak aurkeztu direnez, Udalak, 2012ko apirilaren 30ean egin bilkuran, erabaki zuen alegazioak ezestea eta ordenantza behin betiko onestea, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325.1.C artikuluan ezarriari jarraikiz. Ondotik ordenantzaren testu osoa ematen da argitara:

ALLOKO UDALERRIAN (NAFARROA) TELEFONIA MUGIKORREKO INSTALAZIOAK ETA AZPIEGITURAK ARAUTZEN DITUEN UDAL ORDENANTZA

ATARIKOA

Telekomunikazio eta irratikomunikazio zerbitzuetako mota desberdinetako instalazioak (telefonia mugikorra, telefonia finkoa, Internet, wifi, etab.) ikaragarri ugaldu dira azken urteetan, eta horrek arazo franko ere ekarri ditu, agintari publikoek aintzat hartu beharreko arazo sozialak, ingurumenekoak, osasun eta legeriaren arlokoak, hain zuzen. Horren ondorioz, agintari horiek hainbat prozeduratan murgildurik daude, aitzinean ukaezineko errealitate bat dutela: teknologia zuzenbidearen aitzinetik doa beti.

Horrela, sortzen diren lege hutsuneek eztabaidak eta gai hauetan esku hartzen dutenek gustuko ez dituzten egoerak eragin dituzte maiz; erantzun juridikoa hirigintza eta ingurumen arloko araudien aplikazio analogikotik etorri da, araudi berezko eta berariazko bat aplikatzetik baino areago.

Egoera honen aitzinean ezin da ahaztu, halaber, horrelako instalazioak etengabe berrikusten direla, bai aplikatutako teknologiari bai ingurumenean eta herritarren osasunean ekar ditzakeen eraginei dagokienez. Instalazio hauen inguruko osasun arloko eztabaida ez da itxi erabat kaltegabea dela adierazita; hori kontuan ez hartzea arduragabekeria litzateke, eta agintari publikoek ez dute horrelakorik egin behar.

Hala da, hala denez, eta eztabaida honen bilakaerak nazioarteko erakundeen erabakiak ekarri dituenez, pentsatu beharra dago Zuhurtziaren Printzipioa izan behar dela, gehienbat, ekipo horien ezarpena gidatuko duen oinarria, Europar Batasunaren Itunak, giza osasunaren eta ingurumenaren babesari buruzko 137., 152. eta 174. artikuluetan, onartzen duen printzipioa izaki. Hona erabaki horietako batzuk, erranaren adibide:

1. Europako Parlamentuak 2008ko irailaren 4an hartutako Ebazpena, Ingurumen eta Osasunari buruzko Europako Ekintza Planaren tarteko Berrikuspenari buruzkoa, 2004-2010 (2007/2252(INI)): "22.-Egiaztatu du zaharturik gelditu direla eremu elektromagnetikoen jendearenganako esposizioaren mugak, Kontseiluak 1999ko uztailaren 12an eman zuen 1999/519/EE Gomendioaz geroztik (eremu elektromagnetikoen jendearenganako esposizioari buruzkoa, 0 Hertziotik 300 GigaHertziora bitartekoa) (9) ez baitira gaurkotu; logikoa denez, ez dituzte kontuan hartzen informazio eta komunikazio teknologien bilakaera, Ingurumenaren Europako Agentziaren gomendioak, edo emisioei buruz azken aldi hauetan Belgikak, Italiak edo Austriak ezarritako neurri zorrotzagoak, eta ez diote heltzen talde ahulen gaiari (hala nola, haurdun dauden emakumeak, jaioberriak eta haurrak). Hortaz, Kontseiluari eskatzen dio 1999/519/EE Gomendioa alda dezan, jardunbide nazional hobeak aintzat hartzeko eta esposizio mugetarako balio zorrotzagoak ezartzeko, 0,1 MHz-tik 300 GHz-ra bitarteko frekuentzietan uhin elektromagnetikoak igortzen dituzten ekipo guztietarako".

2. Aurre txostena, eremu elektromagnetikoek osasunean duten eraginen gaineko kezkei buruzkoa (2008/2211 (INI), Europako Parlamentuko Ingurumenaren, Osasun Publikoaren eta Elikagaien Segurtasunaren Batzordeak emana 2008ko abenduaren 9an: "Kontseiluari 2008ko irailaren 4an egindako eskaera berresten du, alegia, 1999/519/EE gomendioa gaurkotu dezan, 0,1 MHz-tik 300 GHz-ra bitarteko frekuentzietan uhin elektromagnetikoak igortzen dituzten ekipo guztietarako eragin mugak zorrotzagoak izateko, merkatuan eskura dauden teknika hobeak (BAT) kontuan hartuta", eta "zehazten du eragile industrialek hemendik aurrera jardun dezaketela zenbait faktoreren gainean, hala nola, kasuan kasuko tokitik igorgailuetara dagoen distantzia edo tokiaren altuera jendea bizi den guneekiko, ekipo horietatik hurbil bizi diren herritarrak lasaitu eta hobeki babesteko xedearekin".

3. Eremu elektromagnetikoekin zerikusia duten osasun arloko oharren gaineko txostena (2008/2211(INI)) Ingurumenaren, Osasun Publikoaren eta Elikagaien Segurtasunaren Batzordeak emana 2009ko otsailaren 23an: "Kontuan hartu behar da zientzialarien ondorio formalik ez izatea ez dela traba izan Europar Batasuneko bederatzi estatu kidetan, gutxienez, baina Txinan, Suitzan eta Errusian ere, zenbait gobernu nazional edo erregionalek eragin mugak ezartzeko, prebentziozkotzat hartuta eta beraz, Batzordeak berak eta SCHENIR Batzordeak (osasun arrisku emergente eta berriak aztertzeko batzorde zientifikoa) defendatzen dituenak baino apalagoak direnak;" eta "zehazten du eragile industrialek dagoeneko jardun dezaketela zenbait faktoreren gainean, hala nola, kasuan kasuko tokitik igorgailuetara dagoen distantzia edo tokiaren altuera ordezko antenaren altuerarekiko, antena igorlearen norabidea jendea bizi den guneekiko edo transmisoreak, edo operadore batek baino gehiagok batera erabiltzea, eta dena ekipo horietatik hurbil bizi diren herritarrak lasaitu eta hobeki babesteko xedearekin; Batzordeari eta estatu kideei eskatzen die orientabide egokiak egin ditzatela".

4. Europako Parlamentuak 2009ko apirilaren 2an emandako Ebazpena, eremu elektromagnetikoekin zerikusia duten osasun arloko oharrei buruzkoa, hauxe ezartzen baitu: "guztion interesekoa da industriaren, agintari publikoen, agintari militarren eta auzo elkarteen arteko elkarrizketan oinarritutako soluzioak bilatzea GSM antena berriak edo goi tentsioko lineak ezartzeko garaian, eta bermatzea eskolak, haurtzaindegiak, zahar etxeak eta osasun etxeak, behinik behin, horrelako ekipoetatik distantzia zehatz batera kokatu direla, irizpide zientifikoekin erabaki ondoren".

5. Bruselako Eskualdeko Parlamentuko Ingurumen Batzordeak 2007ko otsailaren 16an ezarri zuen igorpen mailak 3 volt/metro-ra apaltzeko araua, Europar Batasunaren Kontseiluak 1999ko uztailaren 12an gomendatutako mailak nabarmen murriztuta. Zentzu horretan ere, Onkelinx ministro belgikarrak 2008ko urriaren 17an iragarri zuen 3 v/m-ko araua ezarriko zaiela telefonia mugikorreko antenei.

6. 2003ko martxoaren 20an, Parisko Udalak (Frantzia) hasierako akordio bat izenpetu zuen Bouygues-Telecom, Orange France eta SFR operadoreekin, telefoniako antenek sortutako eremu elektromagnetikoetatik paristarrek jasotzen duten eragina mugatzeko bidea jorratzen zuena. Akordio hori berritzean, 24 ordu jarraian banaz bertzekoa 2 V/m-ra mugatu zen.

7. Italiako 1998/IX/10 Dekretuak hasieratik ezarri zuen 10 mikrowatt-eko muga orokorra zentimetro koadroko, eragina egunean lau ordutik gorakoa denean.

8. Suitzan, "Ordenance sur la protection contre le rayonnement non ionisant" izeneko ordenantzak ere, 1999ko abenduaren 23koak, 10 mikrowatt-eko muga ezarri zuen zentimetro koadroko.

9. Luxenburgon, "Normes au sujet des radiations non ionisantes due a telephonie mobile cellulaire" izeneko arauan, 2000ko abenduaren 19koan, 2,4 mikrowatt-eko muga ezarri zen zentimetro koadroko.

Aipatutako arauen adibide guztiei gehitu behar zaizkie Estatuko entitate autonomiko eta tokikoak, orobat egin baitute printzipio hori aplikatzearen alde:

a) Gaztela-Mantxako Autonomia Erkidegoko 8/2001 Legea, 2001-06-28koa, Gaztela-Mantxan Irratikomunikazioetako instalazioak antolatzeari buruzkoa: 3. eranskinean murrizketak ezartzen ditu erreferentzia mailetarako hiri lurzoruan eta gune sentikorretan, eta ezartzen du, halaber, hiri lurzoruan gehieneko eragina frekuentzia guztietan 10 mikrowatt-ekoa izanen dela zentimetro koadroko, eta gune sentikorren barnealdean, berriz, 0,1 mikrowatt-ekoa zentimetro koadroko.

b) Kataluniako Generalitatearen 148/2001 Dekretua, maiatzaren 29koa, Telefonia mugikorreko instalazioak eta irratikomunikazioko bestelako instalazioak ingurumenaren aldetik antolatzeari buruzkoa: 2. eranskinean ezartzen du "telefonia mugikorreko instalazioei dagokienez, ikastetxeetako eta eskola-umeak hartu ohi dituzten establezimenduetako gune irekietan aplikatuko den babes-tartea eranskin honetan ezarritakoa halako lau izanen da, prebentzio gisa". Tarte hori 10 metrokoa izanen da gutxienez 100 w-eko gutxieneko PIIB (potentzia isotropiko irradiatu baliokidea) baten kasuan, eta beraz ikastetxeetan 40 metroko tartea utzi beharko da.

c) Gaztela eta Leongo Juntak azaroaren 29an emaniko 267/2001 Dekretua, Irratikomunikazioko azpiegiturak jartzeari buruzkoa: I. eranskinean dioenez, "dekretuaren 5.2 artikuluan aipatzen diren gune sentikorretan, arestiko taulan ezarritako erreferentzia mailak baino %25 baxuagoak izanen dira".

d) Malagako Udalak, Irratikomunikazioko azpiegiturei buruzko udal ordenantzan (2002ko irailaren 27an argitaratua), 31. artikuluan honakoa aurreikusten du: "udal mugape honetan, debekaturik dago telefonia mugikorreko antenak eta irratikomunikazioko antzeko ekipoak jartzea 300 metroko diametroko eremuan, eraikin hauetako bat erdigunetzat harturik: haurtzaindegia edo haur eskola baizik ez den eraikina, derrigorrezko hezkuntzako ikastetxea, batxilergoko institutua, ospitale edo klinika baizik ez den osasun eraikina, eta zahar etxea baizik ez den eraikina".

e) Alcoiko udal mugapean telekomunikazio sistema zehatz batzuk jarri eta jarduteko baldintzak arautzen dituen ordenantzan, 2002ko ekainaren 18ko Valentziako Aldizkari Ofizialean argitaratutako horretan, ezartzen denez, "osasun babesa handia izan dadin, gomendatutako potentzia dentsitatea gehienez ere 0,1 mikrowatt-ekoa izanen da cm2-ko" eta "oro har, telefonia mugikorreko estazioak hezkuntza, osasun, laguntza zentroetatik, haurtzaindegietatik edo parke publikoetatik 100 metro baino gehiagoko tartea utzita ezarriko dira".

f) Burlatako Udalaren telekomunikazioetako sareetako instalazio erradioelektrikoak arautzen dituen udal ordenantza 2005eko 105. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, irailaren 2an. Haren 4. artikuluan ezartzen duenez, "Udalak, interes publikoko arrazoiengatik, mugatu edo debekatu ahal izanen ditu irratikomunikazioko instalazioak eta/edo telekomunikazio erradioelektrikoak ospitaleen eta zentro geriatrikoen, ikastetxeen, haurtzaindegien eta bertze batzuen inguruetan. Betiere eta, oro har, debekatuta daude horrelako instalazioak 100 metroko erradioan, aipatutako ekipamenduen kanpoko perimetrotik neurtuta". Aurreikuspen bera biltzen da Alloko udal mugapean telefonia mugikorreko instalazioak eta azpiegiturak arautzen dituen ordenantzan, 2011ko 20. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu baitzen, urtarrilaren 31n.

Laburbilduz, Alloko Udal honen iritziz aski datu eta gehiago daude pentsatzeko bere udal mugapean instalazio horien ezarpena, garapena eta jarduera arautuko dituen araudia zuhurtzian eta herritarren osasuna, ingurumena eta lurraldearen antolamendua babestea bermatuko duten irizpideetan oinarritu behar dela, toki entitateen eskumenen barnean.

Horretarako, lege oinarriak Telekomunikazioei buruzko apirilaren 24ko 11/1998 Lege Orokorra garatzen duen 2001eko irailaren 28ko Errege Dekretutik hartu behar dira, araudiaren lehenbiziko zutabe baita, izan ere, errege dekretu horren bidez onetsitako erregelamenduak ezartzen ditu jabari publiko erradioelektrikoa babesteko baldintzak, igorpen erradioelektrikoetarako mugak eta emisio erradioelektrikoetatik babesteko osasun neurriak.

Errege lege-dekretu hori, telekomunikazioen arloan Konstituzioak Estatuaren gain utzitako eskumen esklusiboen barnean emana, urtarrilaren 11ko CTE/23/2002 Aginduak osatzen du, haren bitartez irratikomunikazio zerbitzuen operadoreek zenbait azterlan eta ziurtagiri aurkezteko baldintzak ezarri eta sentikortzat hartzen diren guneetarako neurri batzuk zehazten baitira.

Bertzalde, autonomia erkidegoen eskumenei dagokienez, Nafarroako Foru Komunitatean uhin elektromagnetiko ez-gidatuen bidezko telekomunikazioko oinarrizko estazioak antolatzeko maiatzaren 6ko 10/2002 Foru Legeak Foru Komunitatearen eskumenak ezartzen ditu, lurralde, hirigintza eta etxebizitzaren arloetan, bai eta osasun eta higienearen arloan ere. Hori guztia ahantzi gabe kasuari aplikatzen ahal zaizkion gainerako arau sektorialak, konparaziorako Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legea, edo Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoa, lurraldearen antolamendu, hirigintza, osasunaren sustapen, prebentzio eta oneratzeari buruzkoak eta ingurumena babestekoak, eta orobat aipatu diren arauak osatu, garatu edo ordezkatzen dituztenak.

Hartara, Estatuko eta autonomia erkidegoko arauak indarrean daudela eta Alloko udal mugapean instalazio irregularrak etengabe ugaltzen ari direla ikusirik, abagune egokia da Udalak ordenantza bat onets dezan, telefonia mugikorreko azpiegituren gaineko araudia osatzekoa, betiere udal eskumenetatik abiatuta, hau da, osasun publikoaren, hirigintzaren eta ingurumenaren ikuspegietatik, Toki Araubidearen Oinarriei buruzko Legaren 25. artikuluak aitortzen duen bezala.

Beraz, udal araudi honen asmoa da osasun publikoaren, hirigintzaren eta ingurumenaren babesaren ikuspegitik egindako ordenantza bat izatea, Estatuko eta autonomia erkidegoko eskumen esparrua errespetatzen duena, bi eskubide bateragarri eginez: batetik, herritarrek beren ingurunea babestua izateko duten eskubidea, paisaiaren eta okupazioaren aldetik eta, batez ere, eremu elektromagnetikoen esposizioan egoteak pertsonentzat ekar ditzakeen kalteei dagokienez, Europar Batasunaren Itunaren 174. artikuluko 2. idatz-zatian funtsezkotzat jotzen den zuhurtzia printzipioarekin bat; bertzetik, erabiltzaileen eskubidea, sareak hedatzeko jabari publikoa edo jabetza pribatua okupatzeko eskubidea duten operadoreen zerbitzua jasotzeko, Estatuan Telekomunikazioei buruzko Lege Orokorraren 43. artikuluan eta Europar Batasunean aitortutakoa (interkonexioari buruzko 97/33/EEE Zuzentarauaren 11. artikulua).

Hori guztia, kontuan hartuz indarra duten lege xedapenak, gai honetan aplikatzekoak direnak, eta zehazkiago, herrian hirigintzari buruz indarra duen araudian bildutako aurreikuspenak, edozein jardueraren hirigintza baldintzei eta, berariaz, erabilera bateragarrien araubideari dagokionez.

Horrenbertzez, Alloko udal mugapean telefonia mugikorreko elementu eta ekipoak kokatu, jarri eta jardunean jartzeko bete beharko diren baldintzak arautzen dira, ezartzeko baldintzak, zenbait zona edo eraikinetarako babes bereziak zehaztuz, neurri txikiko instalazioen aukera ere aurreikusiz. Orobat, lizentziak eskuratzeko prozedura eta dokumentazioa zein diren azaltzen da, legezkotasuna babesteko eta arau-hausteak zehatzeko araubidearekin batera.

I. TITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Xedea.

Ordenantza honen xedea da Alloko udal mugapean telefonia mugikorreko instalazioak eta azpiegiturak ezarri eta jardunean jartzeko baldintza teknikoak arautzea, modu egokian bateratzeko instalazio horiek osatzen dituzten elementuen eta ekipoen beharrezko funtzionaltasuna, erabilera eta herritarren osasuna eta hiri eta natur paisaia babesteko beharra, eta bidenabar, ahal diren txikienak izan daitezen horien ezarpenak ekar ditzakeen okupazioa eta eragina, eta bermatu dadin Estatuko, autonomia erkidegoko eta udal mailako araudien aplikazioa, zuhurtziaz, osasunaz eta ingurumenaren babesaz den bezainbatean.

2. artikulua. Aplikazio eremua.

1.-Ordenantza honen aginduen mende egonen dira Alloko udal mugapean kokatuta dauden telefonia mugikorreko azpiegituretako instalazio guztiak, ulertuta horien parte direla igorgailuak eta/edo hargailuak, kondukzioak, obra zibila, eta jartzeko eta jarduteko beharrezkoa den azpiegitura oro.

2.-Ordenantza honetan berariaz araututa ez dauden telefonia mugikorreko gainerako instalazioek ezaugarri morfologiko edo funtzional antzekoenak dituzten instalazioetarako ezarritako xedapenak bete beharko dituzte.

3.-Ordenantza hau aplikatuko da testu honetan aurreikusirik ez dauden teknologia berrien kasuetan ere, betiere haien morfologia, ezaugarri tekniko, edo ingurumenean duten eraginak direla-eta "telefonia mugikorreko azpiegiturak" kontzeptuan sartu badaitezke, ordenantza honen testuan definitzen den bezala.

4.-Ordenantza honen aplikazio esparrutik kanpo daude Babes Zibilerako telekomunikazioetako ekipo eta estazioak, Defentsa Nazionalari, aireko nabigazioaren sistemari eta segurtasun publikoari atxikitakoak, eta, oro har, antzeko izaera duten zerbitzuetakoak.

3. artikulua. Lizentziak.

1.-Zerbitzuen jardueretan libreki hasi eta aritzeari buruzko azaroaren 23ko 17/2009 Legea eta, Zerbitzuen jardueretan libreki hasi eta aritzeari buruzko Legearekin bat etortzeko, zenbait lege aldatzeko abenduaren 22ko 25/2009 Legea aplikatuz,

Alloko udalerrian lizentziak emateko araubidea baimenarena izanen da, guztien intereseko ezinbertzeko arrazoia dela-eta justifikaturik dagoelakoan eta aldez aurretiko kontrola behar-beharrezkoa baita araudiak helburuak bete ditzan, atarikoan adierazi den bezala. Halatan, telefonia mugikorreko instalazioak eta azpiegiturak eta haien estazioak, baleude, jarduera sailkatuaren lizentzia eta irekitzeko lizentzia ematearen menpe egonen dira, zein bere tramitazioarekin, Ingurumena Babesteko Esku hartzeari buruzkoa martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legean, Nafarroako Foru Komunitatean uhin elektromagnetiko ez-gidatuen bidezko telekomunikazioko oinarrizko estazioak antolatzeko maiatzaren 6koa 10/2002 Foru Legean, eta Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legean eta arlo honetan aplikatzekoak diren gainerako arauetan xedatutakoarekin bat.

Era berean, azaroaren 23ko 17/2009 Legearen 7.3 artikulua aplikatuz, banakako baimena eskatzen da ezarpen fisiko bakoitzerako.

2.-Aitzineko ataletan xedatutakoa gorabehera, irrati eta telebistarako banakako antena hargailuak, edo antzekoak, jartzeko, bai eta abonatuaren estazio hargailuak edo antzekoak, jartzeko ere, obra txikiaren lizentzia baizik ez da eskatuko, kasuan kasuko araudi sektoriala aplikatuz.

3.-Udalek emandako lizentziek kontzeptu hauek baizik ez dituzte hartzen bere baitan: jardueran aritzeko eta ekipoen eta kondukzioen ezarpen fisikorako baimena, eta horrek dakarren obra zibilaren exekuziorako; ez dute inola ere ekarriko, ordea, ekipoak eta gainerako osagaiak erabili edo homologatzeko baimenik, hori administrazio eskudunak eman beharko baitu.

4.-Lizentziak, halaber, Udalak ezar ditzakeen neurri zuzentzaile berrien menpe egonen dira, instalazioak ezagutza tekniko, zientifiko, mediko eta legalen ondorioz unean-unean indarra duen araudira egokitzeko xedearekin.

4. artikulua. Proiektuen justifikazioa eta edukia.

1.-Ordenantza hau betetzen dela behar bezala justifikatu beharko da aginduzko lizentziak eskuratzeko aurkezten diren proiektu teknikoetan, halako moduan non araututako alderdiekin zerikusia duten elementuak erraz identifikatuko diren.

2.-Proiektuak teknikari adituek egin eta kasuan kasuko lanbide elkargoek ikus-onetsiko dituzte; instalazioa definitzeko eta fisikoki nola eginen den azaltzeko behar diren edukiak izanen dituzte, Estatuko eta autonomia erkidegoko araudian ezarritako dokumentazio teknikoaren kopia barne, eta alderdi hauek jasoz, gutxienez:

2.1.-Jarduketaren deskribapena, Azpiegituren Lurralde Planarekin bat datorrela dioen ziurtagiria, operadoreak, maiatzaren 6ko 10/2002 Foru Legea betez, administrazio autonomikoan aurkeztu beharrekoa, erantsirik.

2.2.-Instalazio geo-erreferentziatuaren kokalekua, UTM koordenatuak erabiliz, hauek barne:

2.2.1.-Azpiegituraren kokapenaren planoa, 1:25.000 eskalako kartografian, hiri eremua ez denean, eta 1:2.000 eskalan, hiri eremuan dagoenean, argi adierazirik bertan instalazioa non dagoen kokaturik, bai eta inguruan dauden bertzelako igorgailuak ere, 2 km-ko erradioan lehenbizikoen kasuan eta 300 m-koan bigarrenean.

2.2.2.-1:200 eskalako planoa, mugakide diren eraikinen eta/edo guneen kokapena adierazita, bai eta bertzelako irratikomunikazioko instalazioak ere, baldin badaude.

2.3.-Instalazioen proiektu teknikoa, memoria, aurrekontua, baldintzen agiria, planoak eta lan segurtasun eta osasun arloko oinarrizko azterlana bilduko dituena, instalazio, ekipo, kondukzio eta behar diren obra zibil guztiak deskribatuta eta kasuan kasuko araudi sektoriala betetzearen justifikazioa, babes neurri eta neurri zuzentzaile beharrezkoak barne. Horrez gain, proiektuak datu tekniko hauek jasoko ditu: potentzia elektriko kontratatua, funtzionamenduaren maiztasuna, igorpen potentzia, erradiazio diagramak eta interesekoak izan daitezkeen bertze guztiak.

2.4.-Eskala egokiko planoak, potentzia isotropiko irradiatu baliokidea (PIIB) grafikoki adierazten dutenak, watt-etan, diseinuaren norabide guztietan.

2.5.-Igorpen erradioelektrikoen prebentzio eta kontrol tekniken behar adinako justifikazioa.

2.6.-Inguruko eraikinek edo instalazioek erradiazioan eragin ditzaketen interferentzien eta metatzeen azterketa.

2.7.-Paisaiaren eta ondarearen gaineko begi-eragina ahalik eta txikiena izan dadin, ekipoen tipologiari eta ezaugarriei dagokienez eskura dagoen teknologiarik onena eta teknika eta ekonomia aldetik bideragarria erabiltzen dela justifikatzeko idatzia.

2.8.-Kokapenerako alternatiba bideragarrien azterlana.

2.9.-Lurzoruaren hirigintza araubideari buruzko informazioa.

2.10.-Hiri eremuan ez dauden instalazioen kasuan, inguruan dauden bertzelako azpiegiturak partekatzea ezinezkoa dela justifikatzeko idatzia.

2.11.-Ikuspen azterlana, ikus-arroak zehaztuz, paisaiaren aldetik edo kultur ondarea dela-eta interesa duten eremuak adierazita, bai eta instalazioak nondik ikusten diren ere, hala nola, populazioguneak, errepideak, trenbideak, erabilera publikoko eremuak, begiratokiak eta antzeko tokiak. Azterlan honetan argazki muntai bat ere jasoko da, instalazioak uki litzakeen ikuspegi nagusiak erakusteko.

2.12.-Zaraten azterlana, Estatuko, autonomia erkidegoko eta udal mailako zarataren kontrako babesari buruzko araudiekin bat datorrena.

2.13.-Zarataren kontrako araudi aplikagarria betetzen dela justifikatzen duen idatzia, aplikatutako neurri zuzentzaileak zehaztuta, halakorik badago.

2.14.-Ekipo elektrikoak hozteko sistemaren deskribaketa.

2.15.-Instalazioak eraisteko konpromisoa, instalazioak jardunari uzten badio edozein arrazoi dela kausa, araudi aplikagarriaren kontrakoa arau-hausteen ondorioz eraisteko aginduaren kausa barne dela, berariaz.

2.16.-Instalazioa zein eraikinetan kokatzen den, horren forjatuen edo eraikuntza elementuen egiturazko sendotasuna eta iraunkortasuna aztertua eta ziurtatzea.

2.17.-Eraikinaren edo elementu komunen titularra den pertsonak, edozein motatako elkarteak edo jabeen elkarteak instalazioak ezartzeko emandako baimen berariazkoa. Jabeen elkarteen kasuan, idazkariaren ziurtagiria aurkeztu beharko da, elkartearen erabakiaren indarra eta balioa adierazten dituena, bai eta ebatzirik edo ebatzi zain dauden aurkakotze prozedurei buruzko informazioa ere, baldin badago.

2.18.-Kontratu zibila, errentamendukoa edo bertzelakoa, azpiegitura ezarri gogo den lurraren eta/edo eraikinaren jabearekin izenpetua, kontratuaren baldintza guztiak zehatz-mehatz azalduta. Kontratuaren indarraldiari urtebete baino gutxiago gelditzen bazaio, ez da inola haren gaineko lizentziarik baimenduko. Halaber, kontratua amaitzearekin batera amaituko da lizentzia ere; indarraldia amaituta, operadoreak kontratua berritu dela frogatu beharko du lizentzia berritu ahal izateko.

Azaroaren 23ko 17/2009 Legearen 21. artikuluan oinarrituta, erantzukizun zibileko aseguru poliza eskatzen da, pertsonei eta gauzei eragindako kalteen gaineko estaldura osoarekin, urtero berritu beharrekoa instalazioa jardunean dagoen bitartean.

2.19.-Instalazioaren banakako fitxa aurkeztea, ordenantza honen 7. artikuluan xedatutakoarekin bat, ezarpen planean sartzeko.

3.-Oro har, debeku da ezartzea telefonia mugikorreko antenak eta antzeko ezaugarriak dituzten irratikomunikazioko bertze ekipo batzuk udal mugapeko edozein gune sentikorretatik 100 metro baino gutxiagoko tartean, gune horretako edozein tokitatik neurtuta.

Salbuespen gisa, urtarrilaren 11ko C.T.E./23/2002 Aginduaren 3.3.f artikuluan xedatutakoarekin lotuta, ER1 eta ER2 motako estazioak ezarri ahal izateko aitzineko lerroaldean aipatzen diren gune sentikorretatik 100etik 300 m²-ra bitarteko distantzian, baldintza hauek bete beharko dira:

3.1.-Delako eremuaren azterlan magnetometrikoa, lanbide elkargo eskudunak ikus-onetsia, eremu horretan ezartzea aholkatzen duena, eremu horretan komunikazioa ezinezkoa dela irizten diolako, estaldurarik ez egoteagatik eta operadorearen zerbitzurako gaitasun faltagatik.

3.2.-Operadoreak bere gain hartu beharko du sentikortzat jotzen diren gune horietako esposizio maila ahal den txikiena izateko betebeharra, 0,1 mikrowatt/cm²-ko neurrira iritsi arte.

3.3.-Antenak urrunago jartzeko ezintasuna behar adina justifikatu beharko da.

3.4.-Aitzineko kasuan, ingurumenaren arloko kalifikazio azterlan bat aurkeztu beharko da, bertan zehatz-mehatz deskribaturik horien ezarpenak eta funtzionamenduak eraikinen, eraikuntzen eta inguruko josteta eta aisiarako tokien kanpoko nahiz barneko ingurumenean izan dezaketen eragina, ingurumen hori babestu beharko baita neurri zuzentzaileak hartuz, beharrezkoak baldin badira.

5. artikulua. Definizioak.

Ordenantza honen ondorioetarako, kontzeptu hauek definitzen dira:

a) Antena: telefonia mugikorreko sistema baten elementua, uhin elektromagnetikoak igorri, transmititu eta/edo hartzeko bereziki diseinatua.

b) Edukiontzia: gelaxka edo armairua, barnean telefonia mugikorreko sare bateko elementuak edo ekipoak hartzen dituena.

c) Gune sentikorrak: Zientzia eta Teknologia Ministerioaren 2002ko urtarrilaren 11ko Ministerio Aginduaren 3.3.f artikuluan zerrenda batean ageri diren esparruak, igorpen erradioelektrikoen esposizio mailei dagokienez muga zorrotzagoen menpe daudenak (haurtzaindegiak, haur eta lehen hezkuntzako ikastetxeak, derrigorrezko hezkuntzako ikastetxeak, osasun etxeak, ospitaleak, parke publikoak eta zahar etxeak eta zentro geriatrikoak). [ Maiatzaren 10eko 6/2002 Foru Legean ezarritakoak.]

d) Telefoniako estazioa: eremu zehatz batean telefoniako sare bateko konexioak ezartzeko bide ematen duten telekomunikazio ekipoen multzoa.

e) Dentsitate gutxiko biziguneak: nagusiki bizitegitarako diren etxesailak, fatxadako goialdean 20 m-tik gorako altuerarik ez duen inolako eraikinik ez dutenak.

f) Hiriko paisaia arkitektonikoaren gaineko eragina: hiriko paisaiaren ikuspegi aldaketa eta, batez ere, kultur ondarea osatzen duten eraikin edo elementuena.

g) Masta edo euskarria: antenak eta osagarriak paratzeko egitura, metalezkoa gehienetan.

h) Irratikomunikazioa: urrutiko komunikaziorako metodoa, espazio librean barna, uhin elektromagnetikoak modulatuz eta igorriz egina.

i) Telekomunikazioa: hari bidez, irratielektrizitatez, bitarteko optikoak edo bertze sistema elektromagnetiko batzuk erabiliz zeinuak, seinaleak, idatziak, irudiak, soinuak edo mota orotako informazioak transmititzea, igortzea edo jasotzea.

j) Telekomunikazio sarea: transmisio sistemak eta, beharrezkoa denean, kommutazio ekipoak eta gainerako bitartekoak, amaiera puntu zehatzen artean seinaleak transmititzeko bide ematen dutenak kablea edo bitarteko optikoak edo bertzelakoak erabiliz.

k) Telekomunikazio sarea: transmisio sistemak eta, beharrezkoa denean, ekipoak.

l) Teknikari adituak: hauek dira teknikari adituak:

l.1) Irratikomunikazioko ekipo eta azpiegiturak ezarri eta jardutearekin zerikusia duten alderdietarako: Telekomunikazioetako Idazkaritza Nagusiak 2002ko urtarrilaren 12an emandako Ebazpenean, telekomunikazioen arloan adituak diren langile fakultatiboei buruzkoan, izaera hori aitortzen zaien teknikariak.

l.2) Obra zibilarekin zerikusia duten alderdietarako: teknikari proiektatzaileak, Eraikuntzaren Antolamenduari buruzko Legearen 10. artikuluan eskatzen den gaikuntza titulua dutenak, kasuan kasuko eraikuntzaren arabera.

m) Itzalgunea: estaldura arazoengatik edo zerbitzuaren gaitasun falta dela eta, telekomunikazioen zerbitzua gutxieneko kalitatearekin ematerik ez dagoen gune fisikoa. Arloko teknikari adituak egiaztatu beharko du eremua.

II. TITULUA

Ezarpenaren eta garapenaren plangintza

6. artikulua. Plangintza egiteko betebeharra eta plangintzaren xedea.

1.-Ordenantza honen 3.1 artikuluan aurreikusitako telefonia mugikorreko azpiegiturak ezarri edo aldatu nahi dituzten operadore guztiak beharturik daude udaletxean aurkeztera azpiegituren udal plan bat, udal mugapean aurreikusi dituzten irratikomunikazioko instalazio guztiak jasoko dituena.

2.-Era berean, operadore batzuek batera garatu beharreko azpiegituren udal plan bat aurkeztu ahal izanen dute, eremu zehatz bati zerbitzua emateko, etorkizuneko teknologiei begira nahiz egungoei begira, horien sare hedapena oraindik egin gabe baldin badago.

3.-Operadoreek aurkeztutako ezarpen planak ikusirik, Udalak eskatu ahal izanen du plan horietan sar daitezela koordinaziorako eta ingurumeneko begi-eragina arintzeko irizpideak edo neurriak.

4.-Ezarpen plan horrek behar den informazioa emanen du ordenantza honen aplikazio esparruan sartutako instalazioek modu egokian bat egin dezaten lurralde eta ingurumen antolamenduarekin, indarreko legerian ezarritako mugak beteko direla ziurtatuz.

7. artikulua. Azpiegituren Udal Planaren edukia.

Nafarroako Foru Komunitatean uhin elektromagnetiko ez-gidatuen bidezko telekomunikazioko oinarrizko estazioak antolatzeko maiatzaren 6ko 10/2002 Foru Legearen 10. artikuluari, azpiegitura planaren elementuei buruzkoari, dagokionez, operadoreak Udalari aurkeztu behar dion planean autonomia erkidegoan behar diren elementuak jaso beharko dira, Alloko udal mugapeari egokituta, gutxienez informazio honekin:

1.-Kasu guztietan:

1.1.-Egin gogo den azpiegitura sarea garatzea baimentzeko administrazio eskudunak emandako lizentziaren edo tituluaren kopia.

1.2.-Alloko udal mugapean instalazio berriak egiteko egitaraua eta egutegia.

1.3.-Egindako zerbitzuen eta erabilitako teknologien deskripzioa.

1.4.-Sarearen informazio teknikoa eta eskema orokorra.

2. Kokaleku bakoitzerako datu fitxa berariazkoa beteko da, gutxienez informazio honekin:

2.1.-Tokiaren ezaugarriak, sarbideak eta hornitzeak.

2.2.-Lurzoruaren hirigintza kalifikazioa, ingurumenaren gaineko ukipenak eta ondare historiko-artistikoaren gainekoak.

2.3.-Batera erabiltzeko aukera.

2.4.-Azpiegiturarako proposatutako soluzio teknikoaren justifikazioa, honakoak zehaztuta: antenei eusteko mastek edo elementuek zein elementu arkitektonikotan hartuko duten euskarri; zuinketa, seinaleztapen edo hesiturako neurriak; bide publikotik begi-eragina gutxitzeko neurriak; eta ingurunearekin mimetizatzeko neurriak.

2.5.-Kokalekuaren deskripzioa eta kokalekuaren ingurune hurbileneko lurraldeko jarduerena eta erabilerena.

2.6.-Planoetan espresuki adieraztea kota altimetrikoa.

Informazio hori kokaleku bakoitza jardunean hasi aitzin aurkeztu beharko da. Halaber, une horretan berean justifikatuko da aukeratu den kokalekua bat datorrela Azpiegituren Udal Planarekin. Kokalekua planarekin bat ez badator, aldez aurretik plana eguneratu beharko da.

3. Informazioa emateko, irratikomunikazioko zerbitzu bakoitzerako datu fitxa berariazkoa beteko da, gutxienez informazio honekin:

3.1.-Kasuan kasuko telekomunikazio zerbitzua ematea baimentzeko administrazio eskudunak emandako lizentzia edo tituluaren kopia.

3.2.-Instalazioaren jardunerako baimena, arloko eskumena duen organoak emana.

3.3.-Sistema erradianteko antenen altuera.

3.4.-Estaldura eremuak.

3.5.-Frekuentzien tartea eta emisioaren potentzia.

3.6.-Instalazioaren emisio elektromagnetikoari buruzko informazioa:

3.6.a.-Erradiazioa handiena jasaten duen eta iristeko modukoa den tokian.

3.6.b.-Emisioa handiena jasaten duen gune sentikor hurbilenetan.

Informazio hori zerbitzu bakoitza jardunean hasi aitzin aurkeztu beharko da. Halaber, une horretan berean justifikatuko da eman nahi den zerbitzua bat datorrela Azpiegituren Udal Planarekin. Zerbitzua planarekin bat ez badator, aldez aurretik plana eguneratu beharko da.

4. Informazio grafikoak kokalekuak adierazi behar ditu, UTM koordenatuekin eta kartografia honen gainean:

4.a.-1:25.000 eskalan, hiri eremuan ez dauden instalazioen kasuan.

4.b.-1:2.000 eskalan, hiri eremuan dauden instalazioen kasuan.

4.c.-1:200 eskalako planoa, eraikin mugakideekiko kokapena adierazten duena.

8. artikulua. Azpiegituren Lurralde Plana egiteko irizpideak, Alloko udal mugapeari dagokionez.

1.-1066/2001 Errege Dekretuan ezarritakoari jarraikiz, irratikomunikazioko instalazio eta azpiegiturak planifikatzean, titularrek aintzat hartu beharko dituzte, bertzeak bertze, ondoko ataletan ageri diren irizpideak.

2.-Irratikomunikazioko instalazio eta azpiegituren kokapena, ezaugarriak eta jardunerako baldintzak, emisio erradioelektrikoek jendeari eragindako esposizio mailak ahal den gehien murrizteko modukoak izan beharko dira; zerbitzuaren kalitate egokia mantenduko dute eta, bereziki, gune sentikorren gaineko eragin eremuetatik gertu dauden emisio mailak kontrolatuko dituzte.

3.-Irratikomunikazioko instalazioak edo azpiegiturak eraikinetako teilatuetan daudenean, titularrak ahaleginduko dira, ahal delarik, igorpen sistema ezartzen halako moduan non emisio diagramak ez dion eraginen eraikinari, ez eta mugakide diren eraikinei ere.

4.-Instalazioetan eta egin beharreko obra zibilean, begi-eragina eta ingurumenaren gainekoa ahalik eta txikienak izan daitezen gehien laguntzen duten eraikuntza soluzioak aurreikusi beharko dira.

9. artikulua. Ondorioak.

Plana nahitaez aurkeztu beharko da ordenantza honen 3.1 artikuluan aurreikusten diren lizentziak eman aurretik.

10. artikulua. Plana eguneratu eta aldatzea.

1.-Operadoreek planaren edukiaren aldaketak jakinarazi beharko dituzte, plana eguneratzeko eskatuz aldaketak gauzatu ahal izateko.

2.-Edozein kasutan ere, operadore bakoitzak bere plana egokitu beharko du aplikagarria den araudi sektorialera.

III. TITULUA

Ezarpenerako eta ingurura egokitzeko baldintza orokorrak

11. artikulua. Arau orokorrak.

1.-Ordenantza honen xede diren telefonia mugikorreko elementu eta ekipoen kokalekua zehaztean, ondoko artikuluetan zehatz-mehatz ezartzen diren baldintzak bete beharko dira.

2.-V. tituluan xedatutakoa salbu, ez da instalazio hauetarako baimenik emanen berdegune, gune libre edo erabilera publikoko bideetarako lurretan, ez eta haiekin berariazko loturarik ez duten ekipamenduetarako lurzati edo eraikinetan ere.

Ekipamendua erabilera publiko eta izaera soziala, hezkuntza, osasun edo kultura arlokoa, administratiboa eta/edo antzekoak dituena dela ulertzen da.

3.-Instalazioak bizitegitarako eraikinetan jarri ahal izanen dira, betiere ordenantza honetan ezartzen diren baldintzekin eta Alloko hirigintza araudi osoa betez.

12. artikulua. Ingurunera egokitzea eta saturazio indizea.

1.-Instalazioek errespetatu beharko dute kokaturik joanen diren tokiko ingurunearen izaera, osaketari eta koloreari eta erabili beharreko materialei dagokienez. Horretarako, begi-eragina ahal den gehien gutxitzeko eta hiri ekosistemarekin modu egokian bat egiteko xedearekin, udalaren zerbitzu tekniko eskudunek ezarriko lituzketen neurriak hartu beharko lirateke.

2.-Ordenantza honetan aurreikusitako instalazioetako ekipoen eta gainerako elementuen ezaugarriak unean-unean eskura dagoen teknologiarik onenaren araberakoak izanen dira, instalazioak ahal diren txikienak eta konplexutasun txikienekoak izan daitezen, begi-eragina ere ahalik eta gehien gutxitzeko.

3.-Hiri ekosisteman antena-igorgailuen dentsitatea kontrolatzeko, muga orokor hau ezartzen da: estazio bat 150m²-ko, proiekzio horizontalean neurtuta, kokaturik dagoen teilatu, patio edo lurretik.

IV. TITULUA

Eraikinetako teilatuetan kokatutako antenen instalazioak

13. artikulua. Instalazioaren baldintzak.

1.-Instalazio hauetako bakoitza ezartzean instalazio mota honen erregelamendu berariazkoetan xedatutakoa bete beharko da.

2.-Hirigunean, oinezkoaren kotan, instalazioak ez dira ikusiko kokaturik dauden karrikatik, ez eta kokaturik dauden higiezinaren perimetroko karriketatik ere.

3.-Gainerako eremuetan instalazioak kokatuko dira halako moduan non, ahal delarik, bide publikotik ikustea galarazten den eta teilatuan barna ibiltzea ez den oztopatzen.

4.-Betiere ondoko baldintzak beteko beharko dira:

4.a.-Debeku da antenarik kokatzea eraikinaren fatxadako erremate-karelean ezarritako euskarrien gainean.

4.b.-Antenen altuera zerbitzua eraginkorra izateko behar den gutxienekoa izanen da. Edozein kasutan ere, mastak eta antenak osatutako multzoa ez da teilatuaren inguratzailetik 8 metro baino gorago jasoko, non ez den teknikoki justifikatzen gehieneko altuera hori gainditzeko beharra.

4.c.-Mastek edo antenei eusteko elementuek arau hauek bete beharko dituzte:

4.c.1.-Bai teilatu lauetan bai malda dutenetan, instalazioak 45º-ko malda duten planoen barnean kokatuko dira, kanpoko fatxadetako erlaitzaren lerrotik hasita trazatuta.

4.c.2.-Malda duten teilatuetan, instalazioak kanpoko fatxaden, barneko patioen edo mehelinaren kontrako aldera jotzen duen teilatuaren gainean jarriko dira, bide publikotik ikusten ez direnean.

4.c.3.-Instalazio hauen osagarri den edozein elementuren gutxieneko zuinketa 2 metrokoa izanen da, kokaturik dagoen eraikinaren perimetrotik hasita; eta mastaren altueraren erditik, bertze edozein eraikin mugakideren paramentuetatik.

4.d.-Edukitzaileak jartzean arau hauek bete beharko dira:

Telefoniako estazio batekin lotura funtzionala duten esparru edukitzaileak eraikinetako teilatuetan jartzeko arau hauek bete beharko dira.

4.d.1.-Ez dira jendearentzat irekita egonen.

4.d.2.-Instalazioak ez du inola ere arriskuan jarriko kokaturik joanen den eraikinaren egituraren segurtasuna.

4.d.3.-Oinplantaren azalera ez da 25 m²-tik gorakoa izanen, eta gehieneko altuera, berriz, 3 metrokoa.

4.d.4.-Eraikineko beheko solairuko lokaletan, erabilera pribatuko beheko solairu estalpedunetan edo teilatupekoetan kokaturik egon daiteke.

4.d.5.-Esparru edukitzailea teilatu lau nahiz maldadunen gainean paratzen ahalko da, baldin eta malda barneko edo etxesailekoen aldera duten isurkien gainean bada, eta bide publikotik ikusten ez dela. Debeku da da igogailuetako etxolen gainean paratzea.

4.d.6.-Teilatuaren gainean kokatuz gero, eraikinaren kanpoko fatxadetatik, etxesaileko patiotik nahiz gune irekietatik gutxienez 3 metrora paratuko dira.

4.d.7.-Edukitzailearen kokapena ez da pasatzeko oztopo izanen, eraikinaren eta haren instalazioen kontserbazio eta mantentze lanak egin behar direnean.

4.d.8.-Edukitzaileak irratikomunikazioko ekipoen tresneria gordetzeko baizik ez dira erabiliko.

4.d.9.-Barnera sartzeko modukoak badira, ate bat izanen dute, gutxieneko neurri hauekin: 0,80 bider 1,90 metro; ate hori kanpoalderantz irekiko da.

4.d.10.-Edukitzaileek toki arriskutsuen izaera izanen dute suteen kontrako babesari buruzko araudia betetzearen ondorioetarako.

4.d.11.-Esparru edukitzaileen klimatizazioa eginen da halako moduan non hozte sistemak ikusten ez diren tokietan paratuko diren eta haien funtzionamendua bat datorren hiriko ingurumena babesteko indarreko araudian ezarritako aginduekin.

4.e.-Edozein kasutan ere, ordenantza honetan agindutakoa betetzeaz gain, eraikinetako teilatuen gainean paratzea baimentzeko aurretiazko eta nahitaezko baldintza izanen da higiezinaren egituraren gaineko kargei buruzko azterlan bat aurkeztea, teknikari adituak izenpetua eta kasuan kasuko lanbide elkargoak ikus-onetsia. Azterlanaren ondorioa izan beharko da higiezinak jasan dezakeela instalazio osoak dakarren karga gehigarria, eta ez diola eragiten; hala ez bada, ez da instalaziorako baimenik emanen.

14. artikulua. Eraikinetako fatxadetan kokatutako antenen instalazioak.

Ez da antenarik onartuko eraikinetako fatxadetan.

15. artikulua. Kablea jartzeko baldintzak.

1. Eraikin berrietarako edo eraikinak osorik zaharberritzeko lanei dagozkien proiektuetan, ordenantza honen xede diren instalazioetako edozeinetan, kablea telefonia mugikorreko azpiegitura komunerako aurreikusitako kanalizazio sarearen gainean paratuko da, aplikatzekoa den araudi berariazkoari jarraikiz diseinatuta.

2. Eraikinak osorik zaharberritzeko lanik egin behar ez den eraikinetan eta telefonia mugikorreko azpiegitura komunik ez dutenetan, kablea eraikinaren gune komunetan zehar joanen da, eremu publikotik ikusten ez diren lurzati patioetan edo etxesaileko patioan barna, eta debekaturik egonen da espazio publiko edo irekietara ematen duten fatxadetan paratzea.

3. Salbuespen gisa, eta betiere Estatuko araudi aplikagarrian ezarritakoa betetzen bada, aitzineko lerroaldean aurreikusitakoez bertze gune batzuetan zehar ere ezartzen ahalko da kablea, baldin eta eraikinaren osaketarekin bat egiten bada, lehendik dauden elementu jarraitu bertikalekin paralelo, eta kanalizazioaren edo kablearen kolorea erabiltzen den paramentuarenera egokituta. Konexiorako elementuak ahalik eta txikienak izanen dira eta haien kokapena eta kolorea bat etorriko dira konposizio erritmoarekin.

16. artikulua. Indar hargunea.

1.-Ordenantza honen xede den telefonia mugikorreko instalazioetarako indar harguneak koadro eta kontagailu bereiziak izanen ditu, baina eraikin osorako instalazio elektrikoaren babeseko kutxa orokorra eta banaketa linea erabiltzen ahalko ditu.

2.-Kontagailua eraikineko kontagailuen gelan kokatuko da.

3.-Antena-igorgailuak, igorle-hargailuak eta haien instalazio osagarriak, edozein dela ere haien euskarrizko egitura, elektrizitate atmosferikoaren deskargen kontrako babesa izanen dute, aplikatzekoa den araudi berariazkoan ezarri bezala.

17. artikulua. Emisio erradioelektrikoak.

Eremu elektromagnetikoen esposizioan egoteari dagokionez, ordenantza honetan aipatzen diren instalazioek emisio elektromagnetikoen arloko Estatuko nahiz auitonomia erkidegoko araudi aplikagarria bete beharko dute, bereziki sentikortzat hartzen diren tokietan.

Horrenbertzez, Alloko Udalak, Europar Batasunaren Itunean jasotzen den Zuhurtzia Printzipioa eta Europar Batasunaren Kontseiluak hartutako azken erabakiak, zioen azalpenean azaldutakoak, aplikatuta, aurreikusi da Estatuko araudi aplikagarria eragin zuten Europarako gomendioak epe laburrean aldatuko direla. Hori dela eta, Alloko Udalak, bere eskumeneko lizentziak emateko garaian, ongi baloratuko du muga hori udal mugape osoan betetzeko konpromisoa idatziz jasotzea. Konpromisoa aurkezten bada, eta gero bete ez, Udalak eskatu ahal izanen dio operadoreari bete dezan, horretarako behar diren neurri zuzentzaileak hartuz.

Horregatik, kasu guztietarako ezartzen da Alloko eraikin eta etxebizitzen barrenean gehieneko muga 0,01 mikrowatt-ekoa izanen dela.

V. TITULUA

Lurrean kokaturiko instalazioak

18. artikulua. Kokalekua.

1.-Kokalekuak bat etorri beharko dira hirigintza arloko determinazioekin eta aplikatzekoa den araudi sektorialetik heldu direnekin (ingurumena, ondare historiko artistikoa, aireko trafikoaren segurtasuna, bide publikoen babesa, etab.).

2.-Oro har, instalazio hauek ezartzean kasuan kasuko eremuan eskatu beharreko eraikuntza baldintzak bete beharko dira, gutxienez 15 metroko atzeraemangunea eginez lurzatiaren mugetatik, multzo osoko altuera gehienez ere 40 metrokoa izanik eta instalazioen arteko tarte gutxienekoa, azkenik, 300 metrokoa.

3.-Aipatutakoa baino tarte txikiagora dagoen kokaleku bat edo instalazio altuagoak baimentzeko, horien beharra espresuki justifikatu beharko da, bai eta aukeratutako kokalekuaren egokitasuna ere, eta baimenerako baldintza izaten ahalko da ezartzeko baldintza bereziak bete beharra, batez ere paisaiari dagozkionak eta kamuflajekoak.

19. artikulua. Industrialdeak.

1.-Industrialde berrietan edo dagoeneko hirigintza planeamendua dutenetan, instalazio hauek industrialdearen zerbitzu orokorretarako ekipamendu berariazkorako planeamendu horrek zehazten dituen tokietan kokatuko dira.

2.-Lehendik dauden industrialdeetan, aitzineko lerroaldean aurreikusitakoa egiterik ez dagoenean, instalazioak ezartzean bete beharko dira, ahal delarik ere, mugetaraino gorde beharreko gutxieneko tarteak eta aplikagarria den gainerako araudia, eta esparru edukitzailea lehendik dauden habe edo eraikuntzei erantsirik kokatuko da.

3.-Industrialdeak bizitegitarako lurzoruarekin muga egiten duenean, muga horrekiko gutxieneko tartea instalazioaren altuera baino txikiagoa izanen da.

20. artikulua. Landa lurzoruan ezartzeko baldintza berariazkoak.

Landa lurzoruan instalazio horiek ezartzen ahalko dira soilik 15. artikuluko baldintzak betetzen badira, betiere bateragarriak badira planeamenduak eta hirigintza araudi aplikagarriak lurzoru mota horretarako aurreikusten diren kategoria ezberdinetarako ezarritako erabilera edo babes araubidearekin.

VI. TITULUA

Ordenantza honen menpeko lizentzien araubide juridikoa

21. artikulua. Lizentzia eskatu behar dutenak.

Ordenantza honen aplikazio esparruan sartuta dauden instalazioetarako kasuan kasuko lizentziak eskatu beharko dira I. tituluko 3. artikuluan ezarritako moduan.

22. artikulua. Prozedura.

1.-Jarduteko eta irekitzeko lizentzietarako eskabideen tramitazioa honakoetan xedatutakoari lotuko zaio: martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea, Ingurumena Babesteko Esku hartzeari buruzkoa; maiatzaren 6ko 10/2002 Foru Legea, Nafarroako Foru Komunitatean uhin elektromagnetiko ez-gidatuen bidezko telekomunikazioko oinarrizko estazioak antolatzekoa; eta abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legea, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzkoa.

2.-Obra lizentzietarako eskabideen tramitazioa hirigintza araudi aplikagarriari eta ordenantza honetan ezarritakoari lotuko zaie.

23. artikulua. Obra egiaztatzea eta instalazioak ireki edo jardunean jartzea.

1.-Instalazioak jardunean hasi aitzin, udal organo eskudunek egiaztatu beharko dute instalazio horiek bat datozela ordenantza honetan baimendutakoarekin eta lizentzia emateko ezarri ziren betebeharrekin.

2.-Instalazioak jardunean jartzeko honako dokumentazio hau aurkeztu beharko da:

2.a.-Obraren zuzendaritza fakultatiboak luzatutako obra amaierako ziurtagiriak, kasuan kasuko lanbide elkargoek ikus-onetsiak.

2.b.-Instalazioek aldeko ikuskapen teknikoa jaso dutela egiaztatzen duen agiria, eta arloan eskuduna den administrazio organoak baimendu dituela, indarreko araudi sektorialaren arabera beharrezkoa denean.

2.c.-Teknikari adituak emandako egiaztagiria, Irratikomunikazioko azpiegituren instalazioari buruzko azaroaren 29ko 267/2001 Dekretuaren 1. eranskinean aipatzen diren mailak betetzen direla dioena.

2.d.-Instalazioen Erantzukizun Zibilaren polizaren kopia, ordenantza honetan aurreikusitakoaren araberakoa.

24. artikulua. Kontserbatzeko betebeharra.

Ordenantza honetan araututako instalazioen jabeak beharturik egonen dira horiek kontserbatzeko legezko betebeharrak betetzera, hirigintza arloko legeria orokorrean nahiz autonomia erkidegokoan ezarritakoarekin bat; Udalaren eskumenekoa izanen da instalazioak behar bezala kontserbatzeko egin beharreko lanak egiteko agintzea.

Jabeak, eskatuta ere ez baditu betetzen kontserbatzeko lan horiek, Udalak eginen ditu, egitera behartuta dagoenaren kargura, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkidea arautzen duen legerian aurreikusten den betearazte subsidiarioaren prozedura erabiliz, atzerapena dela-eta hirigintzaren arloko legerian aurreikusitako zehapenak ezarri ondoren.

25. artikulua. Instalazioak edo haietako elementuren bat kentzea.

Lizentziaren titularrak edo instalazioen jabeak telefonia mugikorreko ekipoak edo haien elementuak eraitsi eta kentzeko behar dena egin beharko du, eta instalaziorako euskarri izan den tokia edo eraikuntza ezarri aitzin zegoen bezala lehengoratu beharko du, jarduera behin betiko bertan behera utziz gero, edo erabiltzen ez diren elementuak, bertzenaz.

26. artikulua. Instalazioak berritu eta ordeztea.

Instalazio bat osorik berritu edo ordezteko, berritik ezartzeak dakarren baldintza berberak bete beharko dira, bai eta instalazioaren edo haren elementu garrantzitsuren baten ezaugarriak aldatzen direnean ere, baimenduta daudenez bertze batzuk izateko, baldin eta ezaugarri horiek muntakoak izan baziren baimena eskuratzeko edo ordezteko.

27. artikulua. Legezkotasunaren babesa.

1.-Ordenantza honen kontra doazen ekintzak edo omisioak direla-eta, hirigintza arloko legezkotasunaren babeserako eta defentsarako indarreko araudian ezarririk dauden neurriak ekartzea ekartzen ahalko du.

2.-Edozein kasutan ere, Udalak behar diren neurriak hartuko ditu, ukitutako ondasunak egoera ez-legezkoa gertatu aitzineko egoerara lehengoratzeko.

28. artikulua. Desmuntatu eta eramateko agindua.

1.-Instalazioak desmuntatu eta bertatik eramateko aginduak horretarako behartuta daudenek bete beharko dituzte 15 egun naturaleko epean gehienez ere, edo berehalakoan, pertsonen eta ondasunen segurtasuna arriskuan jartzen badute. Aginduak bete ezean, udal zerbitzuek eramanen dituzte, ukitutako subjektuen kargura, haiek ordaindu beharko baitituzte betearazte subsidiarioaren gastuak, hirigintza arloko legerian berandutzagatik aurreikusitako zehapenak aitzinetik jartzea galarazi gabe.

2.-Lizentziarik ez dagoenean, desmuntatu eta eramateko agindua eta legeztatzeko agindua bereizirik egonen dira, eta beraz berehalakoan izanen du eragina eta bete beharra, instalazioa legeztaturik ez dagoen bitartean.

3.-Betearazte subsidiarioko neurriak ez daude lotuta eta bateragarriak dira kautelazko neurriekin eta hirigintza arloko legerian berandutzagatik aurreikusitako zehapenak ezartzearekin.

29. artikulua. Ikuskapena eta diziplina.

Ordenantza honetan araututako irratikomunikazioko ekipoak kokatu eta instalatzeko hirigintza baldintzak, obretakoak barne, Udalaren ikuskapen ahalmenaren menpe egonen dira, bai eta udalaren eskumenekoak diren bertzelako gaiak ere; legezkotasunaren babesaren eta diziplinaren ahalmenak udal zerbitzu eta organo eskudunek beteko dituzte.

30. artikulua. Zehapen araubidea.

1.-Ordenantza honetan irratikomunikazioko ekipoen kokapen, instalazio eta funtzionamenduaren arloko hirigintza arauei dagokienez xedatutakoa urratzen duten ekintzak eta omisioak hirigintza arloko arau-hausteak dira, eta zehapena jasoko dute, Estatuko, autonomia erkidegoko nahiz udal mailako legeri aplikagarrian ezarritakoaren arabera, ordenantza honetan eta hurrengo artikuluetan arautu bezala.

2.-Ingurumenaren gaineko eraginari dagozkion gaietan, toki araubideko hirigintzaren eta ingurumenaren arloko araudi aplikagarrian aurreikusitakoa beteko da.

3.-Udal eskumenekoak diren gainerako gaietarako, arlo horiek arautzen dituen toki araubideko eta/edo araubide orokorreko araudian aurreikusitakoa beteko da.

31. artikulua. Arau-hausteen sailkapena.

1.-Ordenantza honetan xedatua urratzen duten ekintzak edo omisioak hirigintzaren arloko arau-hausteak dira, eta larri, oso larri edo arintzat har daitezke.

2.-Arau-hauste oso larria honako hau da: Aginduzko lizentziak izan gabe irratikomunikazioko instalazioak eta azpiegiturak ezarri edo jardunean jartzea.

3.-Arau-hauste larriak dira:

3.a.-Jardueran ekipoekin aritzea emandako baimen edo lizentzian jasotako baldintzak bete gabe.

3.b.-Ordenantza honen 26., 27. eta 30. artikuluetan aipatzen diren betebeharrak, irratikomunikazioko ekipoak kontserbatzekoa eta instalazioak kentzekoa, ez betetzea.

3.c.-Lehendik dauden instalazioak egokitzeko ordenantza honetan ezarritako epeak ez betetzea.

3.d.-Operadoreak Alloko Udalarekin hartutako konpromisoak ez betetzea.

4.-Honako hauek dira arau-hauste arinak:

4.a.-Aitzineko ataletan aurreikusirik ez dauden baina ordenantza honetan xedatutakoa urratzen duten bertzelako ekintza eta omisioak.

4.b.-Edozein kasutan ere, zehapen prozeduran frogatzen bada interes orokorrei eragindako kaltea txikia dela, ordenantza honetan xedatutakoa urratzen duten ekintza edo omisioak arau-hauste arintzat hartuko dira.

32. artikulua. Zehapenak.

Ordenantza honetan jasotako arau-hausteengatik ezarri beharreko diru-zehapenak zehazteko kontuan hartuko dira autonomia erkidegoko araudi aplikagarrian ezarritako zenbatekoak, gehienbat martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legean, Ingurumena Babesteko Esku hartzeari buruzkoan, maiatzaren 6ko 10/2002 Foru Legean, maiatzaren 6koa, Nafarroako Foru Komunitatean uhin elektromagnetiko ez-gidatuen bidezko telekomunikazioko oinarrizko estazioak antolatzekoan, eta abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legean, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzkoan.

33. artikulua. Zehapenen aplikazioa eta preskripzioa.

Ordenantza honetan aurreikusitako zehapenak aplikatzeari dagokionez, bai eta kautelazko neurriak hartzeari eta iraungitze eta preskripzio epeei dagokienez ere, honakoetan xedatutakoa bete beharko da: administrazio prozedurari buruzko estatuko legeria,martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea, Ingurumena Babesteko Esku hartzeari buruzkoa, maiatzaren 6ko 10/2002 Foru Legea, Nafarroako Foru Komunitatean uhin elektromagnetiko ez-gidatuen bidezko telekomunikazioko oinarrizko estazioak antolatzekoa, eta abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legea, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzkoa.

34. artikulua. Subjektu erantzuleak.

Telefonia mugikorreko ekipoetako instalazioak kentzeko beharraren erantzukizunaz xedatutakoa galarazi gabe, ordenantza honetan ezarritako arau-hausteen erantzule solidario izanen dira obra edo jardueraren sustatzailea, instalazioaren egilea eta telefonia mugikorreko ekipoaren jabea.

35. artikulua. Zerga araubidea.

Ordenantza honetan araututako instalazioek aplikatzekoa zaien ordenantza fiskalean zehaztuko diren tasak eta zergak sortuko dituzte.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenbizikoa.-Ordenantza honek aurreikusten ez duen hartan, Estatuko zein Nafarroako araudia beteko da.

Bigarrena.-Ordenantza honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Allon, 2012ko abenduaren 4an.-Alkate udalburua, María Angela Gonzalez Alonso.

Iragarkiaren kodea: L1206795