100. ALDIZKARIA - 2012ko maiatzaren 28a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA

EGUESIBAR

Deialdia, oposizio-lehiaketa bidez saxofoi irakasle
izateko lanpostu bat betetzeko

Deialdia, Musika Eskolako saxofoi irakasle izateko lanpostu bat oposizio-lehiaketa bidez betetzeko, lan-kontratudun finko gisa, Eguesibarko Udalaren zerbitzuan.

Lehen oinarria.-Arau orokorrak.

1.1. Deialdi honek Musika Eskolako irakasle izateko lanpostu bat, saxofoi espezialitatekoa, lan-kontratuarekin eta oposizio-lehiaketa bidez betetzea du helburu, Eguesibarko Udalaren zerbitzuan aritzeko.

1.2. Deialdi honen ondorioz izendatzen den izangaia Eguesibarko Udaleko lan-kontratudun bilakatuko da lanpostuaren jabetza hartzen duenetik. Sei hilabeteko probaldia ezarriko da; hartan alkateak edo zinegotzi eskuordeak kontratu harremana amaitu edo desegiten ahalko dute, emaitzak ez badira Udalaren nahiaren heinekoak Musika Eskolarako.

1.3. Lanpostuaren oinarrizko lansaria A mailari dagokiona izanen da, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuari buruzko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuari jarraikiz, gehi plantilla organikoan onartzen diren osagarriak, lanaldiaren proportzioaren arabera.

1.4. Izangaia, hautaprobak gainditu eta deialdi honetako lanpostuan aritzeko izendatu ondoren, Eguesibarko Udalean sartuko da eta Gizarte Segurantzaren Araubide Orokorrean kidetuko, eta alta emanen zaio, araubide horretan aurreikusitako babesean.

1.5. Aplikatu beharreko araudian ezarrita dago lanaldiaren araubidea, baita opor, jaiegun, sari-ordainketa eta gainerako eskubideen araubidea ere. Dena den, lanaldia zerbitzuaren beharretara egokituko da, eta administrazio organo eskudunek noiznahi aldatzen ahalko dute.

1.6. Saxofoia irakasteaz gain, zerbitzuaren beharrak ikusita, orkestra ere irakastesko zeregina gehitzen ahal zaio lanpostuari, izangai izendatuaren lanaldia osatu arte, indarra duen araudiari jarraituz.

1.7. Probak gaindituta lanposturik gabe gelditzen diren izangaiei aldi baterako kontratua egiten ahalko zaie, puntuazio ordenari jarraituz, indarra duen araudian aurreikusitako kasuetan.

Bigarren oinarria.-Izangaien betebeharrak.

2.1. Oposizio honetan parte hartzeko, izangaiek baldintza hauek bete beharko dituzte, eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunean:

a) Espainiako herritarra izatea, edo Europar Batasuneko bertze estatu batekoa, edo langileen zirkulazio librea aplikatzen den eremuko estatu batekoa, Europar Batasunak sinatu eta Espainiak berretsitako nazioarteko itunak direla medio.

Espainiarren eta Europar Batasuneko beste estatu bateko edo aipatu nazioarteko itunek ukitutako estatuetako herritarren ezkontideek ere parte har dezakete, zuzenbidez bereizita ez badaude; halaber, haien ondorengoek eta ezkontidearenek, zuzenbidez bereizita ez badaude, 21 urtetik beherakoak badira, edo gorakoak, haien kontura biziz gero.

Izangaiak espainiarrak ez badira, gaztelaniaz mintzatzen eta idazten behar adina dakitela frogatu beharko dute.

b) Saxofoi espezialitatean, musikako goi-mailako irakaslearen titulua izatea edota hura lortzeko moduan egotea; bestela, saxofoi espezialitatetako musikako lizentziatura edo baliokidea.

Atzerrian lorturiko tituluak izanez gero, aipatu epea betetzen den egunean, haren homologazioa frogatzen duen agiriaren jabe izatea.

c) Hemezortzi urte beteak izatea eta, oro har, erretiroa hartzeko ezarritako adina ez izatea.

d) Postuari dagozkion eginkizunak betetzea galarazten dion eritasunik edo muga fisikorik nahiz psikikorik ez izatea.

e) Eginkizun publikoetan aritzeko ezgaitu edo gabetua ez egotea eta administrazio publikoren baten zerbitzutik bereizia ez izatea.

Espainiakoa ez beste nazionalitate bat dutenek ere zigor edo auzi bidez euren estatuetako funtzio publikoetan aritzeko gabetuta ez daudela egiaztatu beharko dute.

Probak gainditu eta lanpostua eskuratzen duen izangaiak frogatu beharko ditu aipatu baldintza horiek, eskabidearekin batera aurkeztu beharko diren 3. oinarrikoak izan ezik, deialdi honen zazpigarren oinarrian adierazitako epean eta moduan. Eskaerak aurkezteko epea amaitzen den egunean beharko dira bete, eta haien jabe izan izendapena arte.

Hirugarren oinarria.-Eskabideak.

3.1. Deialdian parte hartzeko eskabideak Eguesibarko Udalaren Erregistro Orokorrean aurkeztu beharko dira, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta ondoko 30 egun naturalean, eranskineko eskabide eredua erabilita. Era berean, eskabideak aurkezteko emandako epea amaitzen den egunerako eskatzen zaizkien baldintza guztiak betetzen dituztela adierazi beharko dute izangaiek.

3.2. Eskabidearekin batera dokumentazio hau aurkeztuko dute:

a) NANaren edo baliokidea den nortasun agiriaren fotokopia konpultsatua.

b) Jatorrizko frogagiria edo fotokopia egiaztatua, deialdi honen bigarren oinarriko b) eta c) ataletan eskatutako titulazioaren jabe dela erakusten duena.

c) Azterketa eskubideengatik, Eguesibarko Udalak Nafarroako Kutxan duen 2054 0251273000000211 kontuan 15 euro ordaindu izanaren gordekina.

d) Lehiaketaren baremoaren irizpideei jarraikiz, baloratuko diren merezimenduen gaineko agiriak. Epaimahaiak ez ditu aintzat hartuko jatorrizko agiriarekin edo fotokopia egiaztatuarekin frogaturik ez dauden merezimenduak.

3.3. Eskabideak aurkezteko epea luzaezina da.

3.4. Eskabidea onartua izateko, behar bezala bete behar da eta, aipatu dokumentazio erantsiaz gain, nahiz eta ez dagoen batera aurkeztu beharrik, beste hau ere eman beharko da deialdian parte hartzeko eskabidea aurkezteko epean: proiektu pedagogikoa, deialdi honetako 6.1.1. c) oinarrian adierazia. Lan hori gutun-azal itxian aurkeztuko da eta gutun-azalaren kanpoko aldean ez da izangaiaren daturik agertuko, baina aukerakoa da lelo bat idaztea. Gutun-azal horren barrenean, lanaz gain, beste gutun-azal itxi batean, lana egin duen izangaiaren datuak agertuko dira. Proiektu pedagogikoa aurkezteko epea luzaezina izanen da. Proiektu pedagogikoaren bost kopia aurkeztuzko dira, puntu honetan zehazten den gisan.

Laugarren oinarria.-Izangaien onarpena eta erreklamazioak.

4.1. Eskabideak aurkezteko epea bukatutakoan, alkateak ebazpena emanen du izangai onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesteko, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko aginduko du.

4.2. Behin-behineko zerrenda Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita, izangai baztertuek hamar egun balioduneko epea izanen dute erreklamazioak aurkezteko eta, akatsik egin badute, haiek zuzentzeko.

4.3. Erreklamazioetarako epea burututakoan eta haiei erantzun ondotik, alkateak ebazpena emanen du onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko aginduko du. Ebazpen horretan berean zehaztuko da probak non, noiz eta zer ordutan hasiko diren.

Bosgarren oinarria.-Kalifikazio-epaimahaia.

5.1. Kalifikazio-epaimahaia honako kide hauek osatuko dute:

-Mahaiburua: Estefanía Clavero Belzunegui, Eguesibarko Udaleko zinegotzia.

Ordezkoa: José A. Andía García de Olalla, Eguesibarko Udaleko alkatea.

-1. mahaikidea: Laura Celaya Álvarez, Eguesibarko Udalaren Musika Eskolako zuzendaria.

Ordezkoa: Udal bateko Musika Eskolako zuzendaria.

-2. mahaikidea: musikako irakasle bat, deialdiaren xedea den musika tresnako espezialista.

Ordezkoa: musikako irakasle bat, deialdiaren xedea den musika tresnako espezialista.

-3. mahaikidea: musikako irakasle bat, deialdiaren xedea den musika tresnako espezialista.

Ordezkoa: musikako irakasle bat, deialdiaren xedea den musika tresnako espezialista.

-4. mahaikidea: Eguesibarko Udaleko langileen batzordeko ordezkari bat, batzordeak berak izendatua.

Ordezkoa: Eguesibarko Udaleko langileen batzordeko ordezkari bat, batzordeak berak izendatua.

-Idazkaria: Jesús Monteano Sorbet, Eguesibarko Udaleko idazkaria, hizpidea duena baina botorik ez.

Ordezkoa: Cristina Condearena Ansoain, Eguesibarko Udaleko aholkulari juridikoa, hizpidea duena baina botorik ez.

5.2. Hautaprobak hasi baino lehen eratuko da epaimahaia.

5.3. Epaimahaia ezin izanen da eratu, ezta jardun ere, gutxienez kideen gehiengo osoa izan gabe.

Organo kolegiatu horren osaerak balio dezan, bertan mahaiburuak eta idazkariak egon behar dute edo, hala ez bada, haien ordezkoek.

5.4. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu oinarri hauek ulertu eta aplikatzeko moduaz sor daitezkeen gorabehera guztiak.

5.5. Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza izan dezake proba batzuetan nahiz guztietan. Aholkulari horiek dagokien espezialitate teknikoan aritzera mugatuko dira, eta epaimahaiari horietan baizik ez diote lagunduko.

Seigarren oinarria.-Oposizio-lehiaketa nola eginen den.

6.1.1. Oposizioaldia.

Izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpenean jakinaraziko da oposizioko probak hasteko eguna.

Oposizioaldian 90 puntu emanen dira gehienez.

Izangai bakoitzaren oposizioko ariketetako puntuazioa ateratzeko, epaimahaian parte hartzen duten kide guztien kalifikazioen banaz bertzeko aritmetikoa eginen da.

Ariketa bakoitzerako deialdi bakarra eginen da, eta izangaiek NANa aldean dutela agertu beharko dute.

Oposizioaldian ariketa hauek izanen dira:

a) Lehenengo ariketa, praktiko artistikoa:

Saxofoi kontzertuko programa bat interpretatuko da, izangaiak berak aukeratuta, 20 minutukoa, gehienez ere. Hiru estilo desberdin bederen sartuko dira.

Hona epaimahaiak zer baloratuko duen: programaren barietatea, zailtasun teknikoa eta interes artistikoa, eta izangaiaren kalitatea eta heldutasuna, bai teknikoa bai musikala.

Beste musikari batzuek edo grabazio musikalek lagunduta egin dezake interpretazioa izangaiak, haien beharra badu, baina norberaren kontura.

Jo beharreko musikaren hiru kopia gutxienez aurkeztu beharko dira.

Ariketa bukatu ondoren, izangaien puntuazioen zerrenda agertuko du epaimahaiak iragarki oholean, hurrengo probaren eguna, ordua eta tokia adierazita.

Gehienez ere 28 puntu emanen dira.

Bazterturik geldituko dira ariketa praktiko artistiko honetan 17 puntu gutxienez lortzen ez dituzten izangaiak.

b) Bigarren ariketa, praktiko informatikoa:

Epaimahaiak emandako partitura bat idatzita erreproduzitzea, partituren editore informatikoa erabiliz (Finale, Encore...). Proba egin baino lehetxeago hautatuko du epaimahaiak partitura.

Izangaien eskura jarriko da ekipo informatikoa (PC, Windows XPduna) eta Finale 2.008 editorea. Izangaiek beste editore edo bertsio bat erabili nahi badute, berek ekarri beharko dute software hori.

Epaimahaiak erabakiko du ariketek zenbat denbora iraunen duten. Ondotik, izangai bakoitzak egindako lana paperean inprimatuko da.

Egindako lanaren eta hasieran emandako partituraren antzekotasuna baloratuko du epaimahaiak.

Ariketa bukatu ondoren, izangaien puntuazioen zerrenda agertuko du epaimahaiak iragarki oholean, hurrengo probaren eguna, ordua eta tokia adierazita.

Gehienez ere 6 puntu emanen dira.

Bazterturik geldituko dira ariketa praktiko informatiko honetan 3 puntu gutxienez lortzen ez dituzten izangaiak.

c) Hirugarren ariketa, teorikoa:

Espezialitateko proiektu pedagogiko bat aurkeztu eta defendatuko da epaimahaiaren aitzinean. Proiektu hori idatzita aurkeztuko da, 3.4 oinarrian adierazi den moduan, epaimahaiak aztertu ahal dezan izangaiak haren defentsa egin baino lehen. Epaimahaiak ez du jakinen proiektu pedagogiko bakoitza norena den, harik eta defenditzeko unea iritsi arte.

Izangaiak zein arlotako irakasle espezialista izan nahi duen, hartarako duen proposamen pedagogikoa jasoko du proiektu pedagogikoan. Honako hau sartu beharko du proiektuan: helburuen eta edukien proposamen justifikatua, horien sekuentziazioa ikasturtez ikasturte eta mailaz maila, metodologiari eta ebaluazioari dagozkion baliabide guztiak, eskolak antolatzeko orientabideak eta abar. Lan horretan, izangaiak prestakuntzan eta praktikan duen esperientzia jasoko du, eta, esperientzia hori oinarritzat harturik, etengabeko gogoetaren ondotik musika-hezkuntzari buruz duen planteamendua. Halaber, izangaiak berak sortutako material didaktikoak, unitate didaktikoak, bibliografia eta abar aurkezten ahalko ditu.

Izangaiak bere planteamendu pedagogikoak hobeki azaltzeko egokitzat jotzen dituen material guztiak (teknikoak, didaktikoak eta abar) aurkezten ahal ditu eta, nolanahi ere, aldez aurretik jakinarazi beharko dio epaimahaiari, horrek ezer prestatu behar izanez gero, presta dezan. Proposamenak atzera botatzen ahalko dira, desegokitzat joz gero edo Musika Eskolak ez baditu behar diren baliabide materialak.

Izangaiak gehienez ere 40 minutu izanen ditu bere proiektu pedagogikoa defendatzeko. Jarraian, eztabaida dialektikoa izanen du epaimahaikoekin haiek edozein galdera eta argibide eskatuta, defendatzen duen proposamenari buruz.

Epaimahaiak honako hauek baloratuko ditu: aurkeztutako lanaren kalitatea, ideien argitasuna hura defendatzerakoan, izangaiak erakutsitako ezagutzak, haren planteamenduen koherentzia, sormena, orijinaltasuna, baita proposamen osoa bat ote datorren Eguesibarko Udalaren Musika Eskolak ikastetxe gisa duen filosofiarekin.

Eguesibarko Udalak bermatzen du proba honetan aurkezturiko informazioaren konfidentzialtasuna. Aipatu informazioa hautapen prozesu hauen espedientean gordeko da, eta ez da inola ere hedatuko.

Epaimahaiak antzemanez gero aurkezturiko lana ez dela izangaiak egina, izangaia zuzen-zuzenean baztertuko du hautapen prozesutik.

Ariketa bukatu ondoren, izangaien puntuazioen zerrenda agertuko du epaimahaiak iragarki oholean, hurrengo probaren eguna, ordua eta tokia adierazita.

Gehienez ere 28 puntu emanen dira.

Bazterturik geldituko dira ariketa praktiko artistiko honetan 17 puntu gutxienez lortzen ez dituzten izangaiak.

d) Laugarren ariketa, irakaskuntzari buruzkoa, praktikoa:

Saxofoi espezialitateko bi klase emanen dira: bata, ikasle edo ikasle talde hasiberri bati eta, bestea, ikasten bide bat egina duen ikasle edo ikasle talde bati. Klaseek 15 minutu iraunen dute, gehienez ere. Izangaiak hautatuko du klasearen edukia. Klaseak bukatu eta gero, izangaiak epaimahaiaren aurrean defendatuko du klasea nola eman duen, eta pedagogia, musika eta abarri buruzko galderak egingo dizkiote mahaikideek.

Ariketa bukatu ondoren, izangaien puntuazioen zerrenda agertuko du epaimahaiak iragarki oholean.

Gehienez ere 28 puntu emanen dira.

Bazterturik geldituko dira ariketa praktiko artistiko honetan 17 puntu gutxienez lortzen ez dituzten izangaiak.

6.1.2. Lehiaketaldia.

Izangaiek aurkeztutako merezimenduak baloratuko ditu epaimahaiak, II. eranskineko baremoaren arabera.

Lehiaketaldiko puntuazioa, gehienez ere, 10 puntukoa izanen da.

Oposizio-lehiaketan parte hartzeko eskabidea egitean aurkeztu eta egiaztatu beharko dira merezimendu guztiak, agirien bidez. Agiriok jatorrizkoak edo behar bezala egiaztatuak izan beharko dute, bertzenaz aurkeztu gabetzat joko dira.

Epaimahaiak ezin izanen du, inola ere, aurkeztu gabeko edo agirien bidez egiaztatu gabeko merezimendurik kontuan hartu.

6.2. Azken balorazioa.

Oposizioan eta lehiaketan ateratako puntuak baturik, deialdia gainditu eta puntuaziorik handiena eskuratzen duen izangaia hautatuko da.

Zazpigarren oinarria.-Probak gainditzen dituztenen zerrenda eta agirien aurkezpena.

7.1. Azken ariketaren kalifikazioa amaiturik, epaimahaiak argitara emanen du Udalaren iragarki oholean eta Musika Eskolakoan probak gainditzen dituztenen zerrenda, izangai bakoitzak ateratako puntuazio ordenaren arabera, eta puntuazio handieneko izangaia izendatzeko proposamena igorriko dio alkateari edo zinegotzi eskuordeari.

7.2. Izendatzeko proposamen hori Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.

7.3. Kontratazio proposamena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara eman eta 30 egun naturaleko epearen barrenean, proposatutako izangaiak honako agiri hauek aurkeztu beharko ditu Eguesibarko Udalaren Idazkaritzan:

a) Nortasun Agiri Nazionalaren fotokopia konpultsatua, edo izangaiaren nazionalitatea eta nortasuna frogatzen dituen bertze agiri baliokideren batena.

b) Zinpeko aitorpena, eginkizun publikoetan aritzeko desgaitua edo gabetua ez dagoela eta inongo administrazio publikoren zerbitzutik ez dela baztertua izan erakusten duena.

c) Ziurtagiri medikoa, lanpostuko eginkizunak betetzeko gaitasun fisikoari zein psikikoari buruzkoa.

d) Oinarri hauetako 2.1ean eskatutako tituluaren fotokopia egiaztatua, edo hura eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekinarena, salbu eta aurretik aurkeztu bada.

e) Nafarroako Foru Araubidea errespetatzeko, Konstituzioari eta legeei men egiteko eta karguaren eginkizunak zintzo betetzeko zina edo agindua.

f) Europar Batasuneko herritarra izanez gero, egoitza-txartela.

g) Europar Batasunetik kanpokoa bada, bertan bizitzeko eta lan egiteko baimena.

h) Familia liburua, 2.1.a) oinarriko bigarren lerroaldean sartzen diren herritarren kasuan.

Deialdi hau egin ez duen Nafarroako administrazio publikoren bateko langile finkoek, gainera, aurreko administrazioko espediente pertsonalean ageri diren inguruabar eta aurrekari guztiak frogatzen dituen ziurtagiria, hots, sarrerari, antzinatasunari, mailari, egoera administratiboari eta abarrei buruzkoa.

7.4. Aipatu epearen barrenean, eta behar bezala justifikatutako ezinbesteko kasuetan izan ezik, interesdunak ez baditu agiri horiek aurkezten, ezin izanen da gauzatu lan-kontratua eta jarduketa guztiek galduko dute balioa, hasierako eskaerako faltsukeriagatik izan dezakeen erantzukizuna galarazi gabe.

7.5. Aurreko atalean, 1.2an eta 8.3an ezarritakoa gertatuz gero, puntuazio zerrendako hurrengo izangaiak beteko du lanpostua, eta aurreko lerroaldeetan adierazitako moduan jokatuko du harekin.

Probak gainditzen dituzten izangaien zerrenda eginen da, aldi baterako kontratazioetarako erabiltzeari begira, Eguesibarko Udalaren Musika Eskolaren beharren arabera.

Zortzigarren oinarria.-Izendapena eta kontratazioa.

8.1. Hautapen prozedura bukatu eta izangaiak 7.3 oinarrian aipatu agiriak aurkeztu ondoren, alkateak edo zinegotzi eskuordeak Eguesibarko Udalaren Musika Eskolako lan-kontratudun finko izendatuko du hura.

Izendapena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.

8.2. Alkateak edo zinegotzi eskuordeak kontratua formalizatuko du.

8.3. Izendaturiko izangaiak jabetza hartuko du, alkateak edo zinegotzi eskuordeak esaten dionean. Lanpostuaren jabetza hartzen ez badu, ezinbesteko kasuetan izan ezik, Udaleko langilea izateko eskubide guztiak galduko ditu. Hala gertatuz gero, 7.5 oinarrian ezarritakoari jarraituko zaio.

Bederatzigarren oinarria.-Errekurtsoak.

Deialdi honen aurka, nahiz bere oinarrien eta aplikazio egintzen aurka, errekurtso hauetakoren bat aurkez daiteke, hautara:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza gauzatu duen organo berari zuzendua, hilabeteko epean, hura jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik aitzina.

b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Administrazioarekiko Auzien Iruñeko Epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

c) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazten denetik aitzina.

Epaimahaiaren egintzen aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkez daiteke, deialdia egin duen udal organoari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazten denetik hasita.

Sarrigurenen (Eguesibar), 2012ko maiatzaren 2an.-Tokiko Gobernu Batzarra.

I. ERANSKINA

Eskabide eredua

Izen-deiturak: ................................., adinez nagusia; NANa: ...............; jaioteguna: ..........; jaioterria: ............. (.............); nazionalitatea: .................; bizilekua: .......................; kalea: ......................................; zenbakia: .........; posta kodea: .............; telefonoa: ...................

Honako hau adierazten dut:

Eguesibarko Udalaren Musika Eskolako saxofoi espezialitateko irakasle izateko lanpostu bat oposizio-lehiaketa bidez betetzeko deialdian (2012ko ..... zenbakiko Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratua, ...........aren ...........(e)an) eskatutako baldintzak guztiak betetzen ditudala.

Behar diren agiriak eransten ditudala:

-NANaren fotokopia konpultsatua.

-Titulazioaren frogagiria.

-Azterketa eskubideen tasak ordaindu izanaren agiria.

-Merezimenduak frogatzeko agiriak.

-Proiektu pedagogikoa.

Horregatik, hautaprobetan onartzeko eskatzen dizut, aipatu espezialitateko musikako irakasle lanpostua kontratu finkoarekin betetzeko.

Eguesen, 2012ko .............aren ...(e)an

(Eskatzailearen sinadura)

EGUESIBARKO UDALEKO ALKATEA.

II. ERANSKINA

Merezimenduen baremoa

A.-Lehenagoko eskarmentua irakasle lanetan.

Atal honetako puntuazioa, gehienez ere, 10 puntukoa izanen da.

1. Saxofoiko irakasle gisa, administrazio publikoen musika eskoletan edo kontserbatorioetan egindako zerbitzuak; ikasturte oso bakoitzeko: 1,50 puntu.

Ikasturte osoa baino gutiagoko zati edo hilabete bakoitzeko, aitzineko atalean aipatzen diren lanpostuetan: 0,125 puntu, hilabeteko.

2. Saxofoi irakasle gisa beste musika zentro batzuetan egindako zerbitzuak, ikasturte oso bakoitzeko: 0,75 puntu; gehienez ere 3 puntu.

3. Irakaskuntza arautuko beste ikastetxe batzuetan musika irakasle gisa igarotako ikasturte bakoitzeko, 0,75 puntu (gehienez ere 3 puntu).

2 eta 3. puntuetan, ikasturte zatiak direnean, 0,06 puntu emanen da hilabete bakoitzeko.

Egiaztagiriak: ikastetxeko idazkariak luzatu eta zuzendariaren oniritzia duen ziurtagiria, bertan ikasgaia eta zerbitzuen benetako iraupena jasota. Atal honetan ikasturte osotzat hartuko da urritik ekainaren 30a arteko aldia. Zerbitzuak aldi berean ikastetxe batean baino gehiagotan eman badira, puntuazioak ez dira batuko.

B.-Merezimendu akademikoak.

Gehienez ere 5 puntu emanen dira.

1. Pedagogiaren arloko beste titulu batzuk izatea, goi mailakoak edo erdi mailakoak: 0,50 puntu, bakoitzeko.

2. Irakasgaitasun Ziurtagiria (CAP) edo Espezializazio Didaktikoaren Titulua izatea: 0,50 puntu.

3. Espediente akademikoa: Atal honengatik, izangaiak aurkeztu duen espediente akademikotik, alegia, lanpostuan sartzeko izaera orokorrez galdatu den titulazioari dagokion horretatik ateratzen den banaz bertzeko puntuazioa baizik ez da baloratuko, eta jarraian zehazten den gisan:

-7 arte: puntu 1.

-7tik 9ra: 1,5 puntu.

-9tik 10era: 2 puntu.

Zenbateko zehatza agertzen ez den kasuetan banaz bertzekoa ondoko baliokidetzen arabera eginen da:

-Nahiko: 5.

-Oso ongi: 7.

-Bikain: 9.

-Ohorezko matrikula: 10.

Literalki "ongi" kalifikatutakoetan, 6 joko da notatzat.

Batez besteko nota kalkulatzean, ez dira kontuan hartuko "gai" kalifikazioa jaso duten irakasgaiak.

Izangaiak bere ziurtagiri akademikoa, jatorrizkoa nahiz fotokopia egiaztatua, igorri beharko du eta, bertan, alegatzen duen titulua lortzeko eskatutako irakasgai eta kurtso guztien puntuazioek agertu beharko dute. Ziurtagiri hori igorri ez eta ordainetan tituluaren fotokopia egiaztatua aurkezten bada, izangaiak "nahiko" atera zuela hartuko da kontuan.

C.-Beste merezimendu batzuk.

1. Prestakuntza ikastaroak.

Hezkuntza administrazioek edo unibertsitateek emandako prestakuntza edo hobekuntza ikastaroak gainditu izana. Ikastaroak sartu nahi den espezialitateari lotutakoak izanen dira, edo eskola-antolamenduari, hezkuntzari aplikatutako teknologia berriari, psikopedagogiari eta soziologiari. Ikastoroko 10 orduko edo kreditu akademiko bakoitzeko, 0,10 puntu; gehienez ere 3 puntu. Ondorio horietarako, ikastaro guztietako orduen batura eginen da, eta ez da kontuan hartuko hamar ordu baino gutxiagoko gerakina.

Egiaztagiriak: ikastaroen ziurtagiria, zenbat ordu egin diren edo kreditu kopurua adieraziko duena.

2. Izangaiak aurkeztu nahi dituen bestelako merezimenduak, aitzineko ataletan baloratu ez badira: kontzertuak, argitalpenak etab.

Epaimahaikoek baloratuko dute; gehienez ere, 3 puntu.

Iragarkiaren kodea: L1206930