10. ALDIZKARIA - 2012ko urtarrilaren 16a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

TUTERA

Ordenantza, Tuterako Udalaren hirigintza lizentzien
eta jarduketa adierazien tramitazioa arautzen duena.
Behin betiko onespena

Tuterako Udalak, 2011ko urriaren 28an egin osoko bilkuran, hasiera batean onetsi zuen aipatu ordenantza. Erabaki hori 2011ko 231. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, azaroaren 22an.

Jendaurrean egon bitartean (azaroaren 23tik abenduaren 22ra, biak barne) inork ez du alegaziorik aurkeztu, eta Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325.1 artikuluan xedatuarekin bat, hasierako onespena behin betikoa bilakatuko da inork erreklamazio, kexa edo oharrik aurkeztu ez badu, eta ondorio juridikoak izan ditzan hala izan dela argitaratu behar da, behin betiko testuarekin batean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean. Hartara, bidezko da osorik argitaratzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Argitara ematen da, behar diren ondorioak izan ditzan.

Tuteran, 2011ko abenduaren 23an.-María Reyes Carmona Blasco.

ORDENANTZA, TUTERAKO UDALAREN HIRIGINTZA LIZENTZIEN ETA JARDUKETA ADIERAZIEN TRAMITAZIOA ARAUTZEN DUENA

I. KAPITULUA

Xedea eta eremua

1. artikulua. Ordenantzaren xedea.

Ordenantza honen xedea da prozedurak arautzea hirigintzako eta toki araubideko legerian aurreikusten diren hirigintza lizentzien eskaerei dagokienez, baita komunikazioen eta erantzukizunpeko aitorpenen kontrola ere Tuterako udalerrian.

2. artikulua. Hirigintza lizentzia eta egintza adieraziak.

Hirigintza lizentzia Udalaren egintza arautua da; haren ondorioz, aplikatzekoa den araudiak ezarritako baldintzak frogatu ondoan, eskatzaileari baimena ematen zaio eraikitzeko edo halako jarduera batzuk egiteko lehendik zuen eskubidean aritzeko. Lizentzia eta prozedura mota bakoitzerako aginduzkoa den dokumentazioaren gainean egiten da frogapen hori.

Ordenantza honetan baimentzen diren jardueketen zerrenda eginen da, eta jarduerek eta instalazioek funtzionatzeko eskatzen diren baldintzak zehaztu.

II. KAPITULUA

Hirigintza lizentzien eta egintza adierazien subjektuak eta eremua

3. artikulua. Lizentziak onartzeko organo eskudunak.

1.-Lizentziak onartzeko edo ukatzeko eskumena alkatearena da; Tokiko Gobernu Batzarraren edo zinegotzigoaren esku uzten ahalko du.

2.-Tramite egintzak, hala nola alegazioak egiteko epea irekitzea, zuzentzen ahal diren akatsen adierazpena eta gisakoak, hirigintza arloa bere gain duen udal zerbitzuak kudeatzen ahalko ditu.

4. artikulua. Hirigintza lizentzia eskatzera beharturik dauden subjektuak eta egintza adieraziek ukituak.

Hirigintza lizentzia eskuratzeko eta adierazpenak egiteko ordenantza honek aipatzen duen betebeharra pertsona fisiko nahiz entitate pribatuena da, pertsona juridikoena, entitateena edo administrazio publikoena.

Inor toki mailako kontroletatik salbuetsita egonez gero edo interes orokorreko kasua izanez gero, estatu edo Nafarroa mailako araudiari jarraituko zaio, aplikatzekoa bada.

5. artikulua. Partikularren hirigintza jarduerak jabari publikoko lurretan.

Emateko edo onartzeko erabakia hartzeko kontuan hartu badira proiektu teknikoa edo eskatutako dokumentuak, ukatzeak edo baimenik ez emateak galaraziko dio partikularrari lizentzia eskuratzea eta organo eskudunari hura ematea.

6. artikulua. Jarduketak lurzoru urbanizaezinean eta urbanizagarri sektorizatu gabean.

Babestu beharreko lurzoru urbanizaezinean edo lurzoru urbanizagarri sektorizatu gabean egin gogo diren egintzak egiteko, lizentzia eskuratu beharko da indarra duen Plan Orokorrean aurreikusten diren baldintzei jarraikiz, eta Nafarroako Gobernuaren baimena behar badute, halakoa izanen dute.

7. artikulua. Hirigintza lizentzia eta egintza adieraziak behar dituzten egintzak.

1.-Hirigintza lizentzia eta egintza adieraziak beharko dira edozein eraikuntza, instalazio, obra edo jarduera egiteko, hirigintzan eta eraikuntzan indarra duen araudiko determinazioak, lurzoruaren erabilerak, hirigintzako planeamendua, udal ordenantzak eta aplikatzeko diren gainerako arauak betez gero.

Ordenantza hau eraikuntza, instalazio eta obra guztiei aplikatuko zaie, udal mugapeko edozein tokitan eginagatik, hala lur publikoetan nola pribatuetan, eraikinen barnean nahiz kanpoan.

Arestian aipatu diren eraikuntza obra edo instalazioak ulertuko da aldi bakoitzean toki araubidean nahiz hirigintzan indarra duten kasuetako batean daudela. Ordenantza onestean, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 189. artikulua; etorkizunean, horren ordezko arauak.

2.-Aldez aurreko adierazpena egin beharko da, ordenantza honek alde horretatik gaztigatu duenari jarraikiz, obra txikiak egiteko edo jarduera sailkaturako lizentziarik behar ez duten jarduera kaltegabeek funtzionatzeko, baita erabilera aldatzeko ere.

3.-Jarduera sailkaturako eta irekitzeko lizentzia beharko da jarduera edo instalazio bat abiarazteko, xedea izanik hura onetsitako aurrekontuari lotzen zaiola, betiere ez badira jarduera kaltegabeak, orduan aitzineko atalean ezarritako adierazpen prozedurari jarraituko baitzaio.

8. artikulua. Lizentzia eta egintza adierazien motak.

Ordenantza honetan arautzen diren lizentziak eta esku-hartze bideak mota hauetakoak dira:

-Obra handiak (obra lizentziak kudeatzeko prozedura orokorra).

-Obra txikiak.

-Obra txikiak, aldez aurreko adierazpena behar dutenak.

-Jarduera sailkaturako eta irekitzeko lizentzia eta erabilera aldatzeko lizentziak.

-Aldez aurreko adierazpena behar duten jarduerak irekitzea.

III. KAPITULUA

Guztiendako araubide juridikoa: hirigintza lizentzien eskaeretarako prozeduren tramitazioari buruzko xedapenak

9. artikulua. Norainokoa eta edukia.

1.-Lizentziak beti emanen dira jabetza eskubidea salbu dela eta hirugarrenik kaltetu gabe, eta partikularrek ezin dute haietara jo beren jardunean izan dezaketen erantzukizun zibila edo penala kendu edo apaltzeko.

2.-Indarra duen ordenamendua urratzen bada, bereziki hirigintzakoa, ezin izanen da hori zuritu lizentziak zerbait isiltzen duela edo labur aipatzen duela arrazoituta.

3.-Betiere, lizentzia emateak Udalari ez dio inolako erantzukizunik haren ondoriozko jarduketen erruz edo kausaz egin daitezkeen kalte-galerengatik, eta ez du haren titularra salbuesten araudi orokorrak nahiz udal mailakoak eskatzen ahal duen bertze edozein baimen eskuratzetik.

1. ATALA

Prozeduraren hasiera

10. artikulua. Eskaerak eta dokumenatazioa.

1.-Ordenantzak arautzen dituen lizentzia eta jarduketa motetarik edozeinen eskaera egiteko, idazkia edo behar den eskaera normalizatua aurkeztu beharko da, eta harekin batera, behar den dokumentazioa, Tuterako Udalak dokumentuei harrera egiteko erabakitzen duen udal zerbitzu edo egoitzaren bidez.

2.-Lizentzia edo jarduketa mota bakoitzerako galdatzen ahal den dokumentazioa deusetan ukatu gabe, idazki edo eskaerak administrazio prozedura erkidearen gaineko arauek galdatzen dituzten datuak eduki beharko ditu. Modu orientagarrian, datu hauek aipatzen dira:

-Pertsona fisiko edo juridiko interesdunaren izen osoa eta, ordezkaririk badu, harena ere bai, eta horrekin batera eskatzailearekiko harremana errazteko balio duten datu guztiak (helbidea, posta elektronikoa, harremanetarako telefonoa, faxa...). Orobat espresuki adierazi beharko da jakinarazpenak zer sistemaren bidez jaso nahi diren.

-Bakoitzaren Nortasun Agiri Nazionalaren edo Identifikazio Fiskalaren Kodearen zenbakia;

-Eskaeraren xedea, argi eta garbi adierazia, proiektaturiko jarduketa zehatz-mehatz zer tokitan egin nahi den adierazirik, kale izen ofizialen arabera;

-Halaber, proiektuaren egilearen deskripzioa, huraxe izanen baita zuzendari fakultatiboa, eta obraren pertsona fisiko edo juridiko enpresaria, edo parte hartzen duten gremioen eta haien arduradunen izendapena.

3.-Eskatzailea bertze administrazio publiko bat baldin bada, eskabidean zehatz-mehatz adierazi beharko da zein den baimena eskatzen den jarduketaren erantzukizuna duen administrazio organo edo unitatea (Nafarroako Gobernuaren departamentua, zuzendaritza, ordezkaritza, zerbitzua, etab.).

4.-Gainera, lizentzia edo jarduketa mota bakoitzerako, eskaerarekin batera aurkeztuko da eskabidean berean zehazten den dokumentazioa eta/edo Udaleko langile eskudunek eskatzen dutena.

5.-Eskaerekin batera aurkezten diren proiektu eta ziurtagiri teknikoek orokorrean bete beharko dute ordenantza honetan lizentzia mota bakoitzerako xedatzen dena, eta bikoizturik aurkeztuko dira, ale gehiago eskatzen ahal badira ere, horretarako arrazoiak daudelarik, prozedura erraztu eta arintzeko (txostenak aldi berean eskuratzea etab.). Proiektuak eta txostenak aurkezteko bertze bitarteko bat izanen da Nafarroako Gobernuaren Dokumentuen Gordelekua; hala eginez gero, lizentziaren eskabidean, eskatzaileak edo ordezkariak gaztigua paratuko du, Nafarroako Gobernuaren Gordelekuan utzi duela.

6.-Bai proiektu teknikoek bai obra edo instalazio akaberako ziurtagiriak dagozkien lanbide elkargoek sinatu beharko dituzte, indarra duen legeriak horrela galdatzen duenean.

7.-Eskaerak, idazkiak, planoak, adierazpenak eta dokumentuak paperean nahiz euskarri digitalean aurkez daitezke, Tuterako Udalak teknologia berrien erabileraz ezartzen duenari jarraikiz.

11. artikulua. Proiektu teknikoak.

1.-Proiektu teknikoa da egin beharreko jarduketak definitzen dituzten dokumentuen multzoa; haien edukia eta zehaztasuna Udalari haien xedea ezagutzeko eta araudi aplikagarriarekin bat heldu ote diren jakiteko bezainbatekoa izan beharko da.

2.-Edukiaren eta norainokoaren arabera, sailkapen hau dute proiektu teknikoek:

-Eraikuntzako proiektu teknikoak, Eraikuntza Antolatzeko Legean, Kode Teknikoan eta, hala behar badu, aplikatzeko legerian ezartzen denari jarraitu behar diotenak, eta

-Bertze proiektu tekniko batzuk, lege horretan jasotzen ez diren jarduketetarako, ordenantza honetan ezartzen denari jarraitu behar diotenak.

3.-Proiektu teknikoa dagokion elkargo ofizialaren ikus-onetsi aginduzkoekin aurkeztu beharko da, hala behar badu, eta teknikari eskudunak sinaturik egon beharko du eta indarra duen legeriaren araberako baldintza formalak bete.

4.-Dokumentazio teknikoa edo proiektu teknikoa, behar den lizentzia onartuta, lizentziari atxikiko zaio, haren baldintza material gisa.

5.-Ordenantzak zehazten ditu beren izaeragatik edo entitate tekniko txikiagoa izateagatik proiektu teknikoaren aurkezpena behar ez duten jarduketak, kasu bakoitzean galdatzen diren dokumentuen zerrenda eskainiz, kasuan kasuko eraikuntza edo jarduketa motaren arabera. Orobat zehazten ditu Tuterako Udalari adierazpen soila eginez abiatzen ahal diren jarduketak.

6.-Nafarroako Gobernuaren Gordailua [2011ko ekainaren 20ko erabakiaren bidez sortua] ezartzen denean eta erabiltzeko maneran dagoenean, haren bidez aurkezten diren proiektuak onartuko dira. Hura proiektu eta ikus-onetsien gordailua da, konponbide korporatibo gisa hautatu dena, izan ditzakeen erabiltzaileek (sustatzaile, prestatzaile nahiz lanbide elkargo) proiektuen gordailu egin beharrez, modu telematikoan aurkez diezaizkioten Foru Komunitateari eta haren erakunde autonomoei eta barne tratamendua eman dakien, harekin bat egin baitu Tuterako Udalak.

12. artikulua. Zuzentzen ahal diren akatsak.

1.-Idazkia edo eskaera aurkezturik, hari harrera egiteko ardura duten udal zerbitzuek aztertuko dute indarra duen legeriak galdatzen dituen baldintzak betetzen ote dituen. Prozedura hasteko funtsezko baldintzaren bat falta dela ohartuz gero, ofizio baten bidez horren berri emanen diote administratuari, okerra zuzendu edo nahitaezko agiriak aurkeztu ditzan hamar eguneko epean, eta ohartaraziko zaio hala egiten ez badu eskaerari uko egiten diola ulertuko dela, aldez aurretik ebazpena emanda. Ebazpen hori administrazio prozedurari buruzko legeriaren araberako baldintzetan eman beharko da.

Akatsen berri ahoz emateak ez du salbuesten erregelamenduaren arabera egiteko betebeharretik; halakotzat hartuko da interesdunak jakingarria jaso duela frogatzen duena.

Epea iraganik behar den errekerimendua egin ez bada, eskaera Udal Erregistroan sartu zenekoa hartuko da prozeduraren hasierako datatzat.

2.-Adierazpenak modu arrazoituan aditzera emanen du aski ote den datu gehiago ekartzea edo direnak zuzentzea, edo dokumentazio berri osoa behar duen, atzemandako akatsen kopurua eta garrantzia kontuan izanik. Dokumentazio berriak segitzen badu akatsak izaten, hautuan izanen da, modu arrazoituan, azken epea ematea, aitzinekoaren erdia, horiek zuzentzeko, edo eskaera artxibatzea, edo lizentzia ukatzea.

3.-Lizentziak tramitatzeko behar den dokumentazioko akatsak baizik ez dira zuzentzen ahal, baita araudian bildutako hirigintzako parametroak betetzen ez direnekoak, zentzuz, neurketak egitean egindako akats materialei egozten ahal bazaizkie, ez inola ere aplikatzeko den araudiak arau-hauste larritzat hartzen ahal dituen akatsak direlarik.

2. ATALA

Prozeduraren instrukzioa

13. artikulua. Prozeduraren arloan aplikatzekoa den araudia.

Ordenantza honetan tramitazioei buruz dituen arauak osagarriak dira toki araubidean nahiz hirigintzan indarra duen legeriak prozeduraren arloan ezarritakoen aldean.

14. artikulua. Tramitazioaren gaineko arau orokorrak.

1.-Hirigintzari dagokio ordenantza honetan arautzen diren lizentziak tramitatzea, deusetan ukatu gabe bertze udal zerbitzu batzuek aldi berean dituzten eskumenak.

2.-Espedienteak Hirigintzak kudeatuko ditu, eta berak eskatuko dizkie beharrezko edo aginduzko txosten guztiak ofizialki ikusteko duten bertze organoei.

3.-Egintza bakarrean erabakiko dira izatez aldi berekotasun hori onartzen duten tramite guztiak , nahitaez hurrenez hurren bete behar ez direnak.

4.-Halako espediente bat dela kausa sortzen badira izaera orokorreko eta udalaren barneko kontuak, haren xede zehatzari zuzenean eragiten ez diotenak, orduan bakoitza bere aldetik tramitatuko da, prozedurari atzerapenik ekarri gabe.

15. artikulua. Udalaren txostenak.

1.-Prozeduraren instrukzioan aginduzkoa bada ordenantza honetan ezarritako udal txostenak luzatzea, bertzerik zehazten ez bada, unitate arduradunek hamar eguneko epea izanen dute horiek luzatzeko, erregelamenduaren araberako dokumentazioa bildu eta biharamunetik hasita.

2.-Hirigintzak Udalaren bertze organoei eskatzen dizkien txostenak aldekotzat hartuko dira, epe horretan luzatzen ez badira.

3.-Txostenen gainean interesdunei ematen ahal zaien informazioak adierazi beharko du horiek ez dutela ebazpen balioa.

16. artikulua. Bertze administrazio publiko batzuek aldi berean dituzten eskumenak.

1.-Bertze erakunde publiko batzuek aldi berean eskumenak badituzte, ulertuko da lizentziak ematen direla horiek ukatu gabe, salbu eta aplikatzekoa den araudi sektorialak argi eta garbi galdatzen badu kasuan kasuko administrazio baimena edo txosten loteslea Udalaren baimena baino lehenagokoa izatea.

2.-Orokorrean, Hirigintzak, ofizioz, baimen edo txosten horiek eskatuko dizkie bertze administrazioei, eta zehaztuko die zein den horiek luzatzeko epea eta zein diren adierazpen espresurik ez egiteak ekarriko lituzkeen ondorioak. Isilbidea gertatuz gero, ebazpena ematen ahalko da bere eskumeneko alderdien gainean hartan espresuki aipaturik administrazio horiek aldei berean duten eskumena ukatu gabe eta haren baldintzapean.

3.-Lizentziaren eskatzailea baldin bada bertze erakunde baten aldez aurreko adostasuna frogatu behar duena, Udalak eman beharko dio horren berri, modu espresuan eta behar bezainbat denbora lehenago eman ere.

4.-Udalak baliabide guztiak jarriko ditu bertze erakunde batzuetan egiten diren kudeaketek behar ez den atzerapenik ekar ez diezaioten ebazpenari; horretarako, behar diren barne tramite guztiak eginen dira, aldi berean egiten ahal badira.

17. artikulua. Eskaera berriak, Lehenagoko espediente bururatu baten akatsak zuzentzeko dokumentazioa ekarrita.

1.-Hirigintzako lizentziaren eskaera artxibatu bada eskatzaileak erregelamenduaren araberako epea zuzendu ez dituelako Administrazioak adierazitako akatsak, edo hura ukatu bada aplikatzeko araudiarekin bat ez zetorrelako, lizentzia berria eskatzen ahalko da dokumentazio osoa eta/edo araudiari egokitua ekarrita.

2.-Ordenantza honetan aurreikusitako baldintzekin bat formalizatzen den eskaera berri honetan, orobat, interesdunak jadanik bururatua den espedientera jo dezake, hartan dagoen dokumentazio baliozkoari dagokionez, eta berritik idatzia edo zuzendua ekarri aplikatzeko araudiak galdatzen duena osatzeko. Nolanahi ere, jarduketa hau lizentzia berri baten eskaeratzat hartuko da aurkezpenaren datari, tramitazioaren araubideari eta hirigintza nahiz zerga aldetik aplikatzen ahal den ordenamenduari dagokionez.

3. ATALA

Prozeduraren ebazpena

18. artikulua. Ebazpena eta baldintzak

1.-Lizentzia eskaeren gaineko ebazpenak arrazoituak izanen dira eta indarra duen legeriari lotuko zaizkio, hau da, lurzoruari buruzko legeriari eta indarra duen planeameduari, baita legeria sektorialari eta aplikatzeko udal ordenantzei ere.

2.-Araudi horretan babespekoak ez diren determinazioak ezin izanen zaizkio jarri lizentzian titularrari.

3.-Udal zerbitzu eskudunek txosten tekniko bat eta dagokion txosten juridikoa luzatuko dituzte, eta horren barnean joanen da ebazpen proposamena, prozedura ebazteko ahalmena duen organoari igorriko zaiona. Hura modu honetakoa izan daiteke:

a.-Emateko: eskatutako jarduketak indarra duen ordenamenduarekin bat etortzeko bete behar dituen baldintzak edo neurri zuzentzaileak zehaztuko dira.

b.-Ukatzeko: behar bezala emanen dira horretarako arrazoiak. Jakinarazpenarekin batera arrazoi horiek zehazten dituzten txostenen kopia igorriko da.

c.-Artxibatzeko: ondorio hutsa, jarduerak falta direlako edo baldintzak zuzendu ez direlako.

4.-Lizentzia eskaerak ezin dira ebatzi gabe utzi aginduen isiltasuna, iluntasuna edo laburtasuna direla medio.

5.-Organo eskudunaren ordenantza honetan prozedura mota bakoitzerako gehienez ere ezartzen duen epean eman behar du ebazpena, espedientea hasitzat hartzen den egunetik hasita.

19. artikulua. Determinazioen erregistroa.

Lizentzietan halako finka batzuen gaineko jabaria edo bertzelako eskubide erreala mugatzea edo aldatzea dakarten determinaziorik bada, lizentziaren titularrak horien berri eman beharko dio Jabetza Erregistroari, inskriba daitezen; horretarako administrazio ziurtagiria luzatuko da, haien ezaugarriekin, mugatzea behin betikoa den ala ez zehazturik, baita ukituriko finken erregistroko datuak ere, titularrak eskaini behar baititu. Pertsona hori ez bada finkaren erregistroko jabea, inskripzio hori egiteko haren konpromiso berariazkoa aurkeztu beharko da.

20. artikulua. Epeak eta luzapenak.

1.-Ordenantza honetan ezarritako epeek udal organoak eta Udalbatzako kideak nahiz Udalaren zerbitzuko langileak eta interesdun guztiak behartzen dituzte.

2.-Behin betiko ebazpenak gehienez ere bi hilabetean eman beharko dira obra handietarako eta hilabetez, txikietarako; akatsak zuzentzeko eta bertze administrazioen aginduzko txostenak biltzeko baizik ez da etenen denbora hori.

3.-Akatsak zuzentzeko, udal errekerimenduei harrera egiteko edo ordenantza honetan arautzen diren bertze tramite guztiak konplitzeko epea, arau orokor gisa, administrazio prozeduraz xedatu denari lotuko zaio eta hamar egunekoa izanen da normalean.

4.-Behin betiko ebazpenerako epea luzatzeko bete beharko da administrazio prozedura erkideari buruzko legeriak aldi bakoitzean xedatzen dena, deusetan ukatu gabe gibelatzeko aukera, eskatzaileak berak formalizatua eta arrazoitua.

21. artikulua. Administrazioaren isiltasunaren araubidea.

1.-Lizentzia ebazteko aipatu epe horiek iraganik, legez behar diren etenaldiak izanda, Udalak ez badu ebazpen espresurik hartu, administrazioaren isiltasuna gertatu dela ulertuko da, honelaxe:

a.-Eskatutako lizentzia baldin bada eremu publikoetan edo jabari publikoko nahiz ondareko ondasunetan jarduerak egiteko, ukatu egin dela ulertuko da.

b.-Lizentzia baldin bada bertzelako jarduera motak egiteko, eman dela ulertuko da, administrazioaren isiltasuna dela medio. Arau honetatik kanpo geldituko dira hainbat kasu, hain zuzen ere Ingurumenaren gaineko eraginaren deklarazioa edo jardueren ingurumenaren gaineko ebaluazioa behar dutenak. Horrelakoetan, ingurumenaren gaineko prozedura ebazteko legeak aurreikusten dituen epeak bukatu badira oraindik deklaraziorik edota ebaluaziorik eman gabe, lizentzia ukatu dela ulertuko da administrazioaren isiltasuna dela medio.

2.-Lizentziaren beharra duen jarduketa jakin baterako, eskatzen bada prozedura bakar batean eta lizentzia eman aitzin, halako bertzelako administrazioetako baimenak edota aginduzko txosten lotesleak, lizentzia emateko epea, eta beraz, administrazioaren isiltasuna dela medio, eten eginen da baimen edo txosten hori eman arte, eta horretarako legez ezarritako gehieneko epeak aplikatuko dira.

3.-Lizentziak kaltegarri direla deklaratzen ahalko dira, unean-unean indarra duten prozedurari eta araubideari jarraikiz.

4.-Administrazioaren isiltasun positiboaren epeak bukatuta ere, Udalak nahitaez eman beharko du ebazpen espresua, salbu eta jardukera adierazien kasukoak eta legezko erregulazio espresuetako edukietan izan daitezkeenak.

5.-Prozedura horren bidez tramitatutako lizentziak edota baimenak ezin izanen dira inolaz ere administrazioaren isiltasunaren bidez lortutzat hartu, legeriaren edo hirigintzako planeamenduaren aurka baldin badoaz, edo adierazpeneko datuak faltsutu edo nahita ez jartzearen ondorioz, ezinezkoa egiten denean jakinaraztea lizentzia edo adierazpen bakoitzeko jarduketaren egokitzapena arau eta jarraibideekiko.

22. artikulua. Aldaketak.

1.-Interesdunak proposatzen ahalko ditu formalki, edozein unetan baina behin betiko ebazpena baino lehen, bidezko iruditzen zaizkion aldaketak hasierako eskabide eta proiektuekiko.

2.-Aldaketa horiek eskabide berritzat hartuko dira ondorio guztietarako, eta, dena den, hasierakoa osatu edo ordeztuta.

3.-Hirigintzak eska dezake, horretarako arrazoiak emanda, osoko proiektu bategina aurkezteko, proposatutako aldaketen kopuru edo garrantziagatik horretara bideratzen badute, hori guztia proposamena argiago gera dadin eta galaraz daitezen dokumentazioan izan daitezkeen kontraesanak.

23. artikulua. Titulartasun aldaketak.

1--Titularrak eskualdatzen ahalko ditu lizentziak, eta bi aldeak behartuta egonen dira Udalari jakinaraztera, horretarako idatzi bat aurkeztuta eta bertan adierazita biak konforme daudela, edota, behar den dokumentazioa aurkeztuta eta horren bidez titular berriak nahikotasunez frogatu beharko du aldaketaren arrazoia, eta aurrekoaren aurkakotasunik ez dagoela erabat ziurtatzeko.

2.-Delako aldaketa horren adierazpenean sartu beharko da titular berriak bere gain hartzen dituela bai karga bai erantzukizun guztiak (baldintzak kalte-ordainik hartzeko ukoa, aldi baterako ixteko aginduak, eta abar), lizentzia horri atxikiak baitaude. Karga adierazita baldin badago eskritura publikoan, hori berritu beharko da formazko baldintza berberetan, eta abalik aurkeztu bada, hori ordeztu beharko da eta titulartasun berriari egokitutako bertze bat ezarri.

3.-Lizentzia bat eskualdatzeak ez du sekula ere ekarriko hura emateko ezarri ziren hitzak aldatzea, zein den ere haren jakinarazpen idazkian edo hari buruzko udal egintzan adierazten dena, eta ezertan ukatu gabe ezarritako diziplinako neurrien eraginkortasuna.

4.-Titulartasun aldaketaren adierazpenak ez baditu betetzen hartarako eskatutako gutxieneko baldintzak, Udalak erabakiko du, horretarako arrazoiak emanez, hortik aitzina norekin (bat edo gehiagorekin) jarraituko duen jarduketen gainerako harremanetan eta, hala bada, erabakiko du bidezkoa ote den neurri hertsatzaileak aplikatzea, egin den eskualdatze hori arautzearren.

24. artikulua. Jarduketaren zuzendaritza teknikoa eta erantzukizuna.

1.-Bai lizentziaren titularra bai proiektu teknikoaren prestatzailea, biak izanen dira aurkeztutako dokumentazioko datuen egiazkotasunaren erantzule; halaber, erantzun beharko dute baimendutako jarduketan zehar sor litezkeen gorabeheren aurrean, salbu eta proiektuaren teknikari arduraduna ez bada aldi berean zuzendaria, orduan horixe jakinarazi beharko baitzaio Udalari, ahalik eta lasterren, betiere dagokion dokumentazioarekin batera.

2.-Hondarreko betekizun hori betetzen ez bada, ulertuko da gorabehera horien erantzule dela onetsitako proiektua sinatu duen teknikari arduraduna, lizentziaren titularrarekin batera.

3.-Zuzendaritza teknikoan ordezkapenik gertatzen bada Udalari jakinarazi beharko zaio, aldaketa hori legeztatzen duen dokumentazioarekin batera.

25. artikulua. Jarduketak. Ukoa, artxibatzea eta berriz hastea.

1.-Abian dagoen espediente bat eteten bada interesdunari egozten ahal zaion arrazoi batengatik, hari uko egin diola ulertuko da eta jarduketa guztiak artxibatu eginen dira, salbu eta arau-hauste bat egin delako edo interes publikoa ikusten delako hura berriz abian jartzea komenigarri dela ikusten bada.

2.-Espedientea artxibatu ahal izateko, beharrezkoa da aldez aurretik horren eta horren ondorioen berri ematea lizentzia eskatzen duenari/dutenei, eta hori konponbiderik duten akatsen berri jakinarazten zaion/zaien eta akats horiek zuzentzeko epe egoki bat ematen zaion egintza berean.

3.-Espedientea artxibatuta ere, hori ez da oztopo berriz hasteko, hori guztia epea iraganda ere, interesdunak errekerimendua ontzat hartu eta akatsak zuzentzen baditu, betiere, Higirintzaren arrazoizko iritzia emanda, inguruabarrak ez badira aldatu edo gehiegizko atzerapena gertatu bada.

26. artikulua. Lizentzien edo egintza adierazien iraungitzea.

1.-Obrak urtebetean hasi ez badira (sei hilabete hasteko eta bukatzeko obra txiki adierazien kasuan) edo sei hilabete joan badira jardueran aritu gabe, aldez aurreko lizentziaren edo adierazpenaren menean, edo hartarako emaniko epea ez bada betetzen, edo hiru urteko epean ez bada bukatu (salbu eta obra txiki adierazien kasukoak), horregatik guztiagatik lizentziaren iraungipena etorriko da, eta indarrik gabe geldituko da, hori guztia haren titularrari entzuteko epea eman ondoren.

2.-Halaber, edozein lizentzia entokatu daiteke eta indarrik gabe dagoela deklaratu, betiere haren titularrari entzuteko aukera emanda, haren baldintzak bete ez badira.

27. artikulua. Lizentziaren edo egintza adieraziaren uko egitea.

1.-Lizentziari edo jardueran aritzeari partikularrak uko egiteak berekin ekarriko du haren erabateko iraungitzea, eta indarrik gabe gelditzea, bertze inolako tramiterik egin beharrik gabe.

2.-Uko egite hori egin dela erakusteko edozein bide erabili daiteke, baita titularraren egintzetatik ondorioztatuta, haren uko egiteko borondate inplizitoa zalantza izpirik ere ez dagoenean.

3.-Lizentziaren titulartasuna hainbat lagunetakoa baldin bada, ezin izanen da ulertu iraungita dagoela den-denek eta banan-banan hari uko egiten ez badiote.

28. artikulua. Hirugarren pertsona interesdunak.

1.-Espedientean ager daitezke behar adina lagun, betiere behar bezala erakusten badute eskubidea dutela edo harekiko bidezko interesa, eta haietan partaidetzat hartuko dira, horren gainean eman daitezkeen ebazpen guztien adierazpenen kontuetarako. Hori guztia ezertan ukatu gabe hirigintzako ekintza publikoa.

2.-Entzutzeko tramitea ematen ahal zaie, hamar egunekoa behin betiko egintza baino lehen, betiere espresuki eskatzen badute eta horren ondorioz ez bada gainditzen ebazteko emaniko gehieneko epea.

29. artikulua. Lizentziak etetea.

1.-Planeamenduko aldaketagatik, lizentzien ematea etetea erabakitzen bada, ebazteko prozedura bertan behera geldituko da, eta hori jakinarazi beharko zaio eskatzaile izan denari.

2.-Nolanahi ere, egungo araubidean oinarritutako lizentziak ematen ahalko dira, betiere planeamendu berriko determinazioak errespetatzen badira.

30. artikulua. Antolamenduz kanpoko eraikinak.

Jarduketa proiektatzen bada antolamenduz kanpoko eraikinetan, lizentzia eskatu duen pertsonak eta, hala bada, lokalaren jabeak dokumentu publiko baten bidez uko egiten ahalko diote kalte-ordainik jasotzeko eskubideari, nork bereari, sor daitezkeen kalte edo kostuei dagokienez eta jarduketa hori dagokionez, hain zuzen ere planeamenduaren exekuzioaren ondorioz.

31. artikulua. Tasak eta zergak.

1.-Lizentzien edo egintza adierazien ondoriozko tasen, zergen edo prezio publikoen likidazioa, ordenantza fiskalek zer agintzen duten hartara egokituko dira.

2.-Hirigintzak lagunduko dio zerbitzu ekonomiko arduradunari, eta eskaini eginen dizkio berari zerga kontuetan eragina duten hirigintzako datu guztiak eta beharrezkoak eta jakin beharrekoak direnak udal ogasunarentzat, zerga ondorioetarako.

3.-Aurreko puntuaren ondorioz, proiektatu den esku-hartzearen aldaketa sortu eta baimentzen denean, eta horren ondorioz hasierako aurrekontuko aldaketa etortzen bada, horren berri eman beharko zaio dagokion udal zerbitzuari, Kontu-hartzailetzari eta Diruzaintzari.

4.-Jabetza Erregistroko edozein inskripziorengatik heldu diren gastuak lizentziaren titularraren kargura joanen dira beti.

32. artikulua. Fidantzak.

Hainbat obra exekutatzeko behar diren fidantzak, esku-diruz nahiz abalaren bidez, bereziki obra horiek eremu publikoan egiten direnean, Diruzaintzan pausatu beharko dira eta itzuli, berriz, Zerbitzu Teknikoen aldeko txostena ematen denean.

IV. KAPITULUA

Kudeaketa arauak, lizentzien eta egintza adierazien tramitazioan

1. ATALA

Kudeaketa arauak, obra lizentzietan

33. artikulua. Hirigintzako jarduketaren eskaera oro egiteko, Udalak ematen duen eskabidea beteko da, eta likidazioaren oinarria izan daitezkeen inguruabar guztiak frogatzeko agiriekin batera aurkeztuko da.

34. artikulua. Oin berriko eraikinak egiteko lizentzia eskatzen denean, agerrarazi beharko da orubea erabat librea dela eta bertan eraikitzeko ez dagoela ez eraikinik ez trabarik. Bertzenaz, bertan diren eraikinak botatzeko, lur mugimenduak egiteko eta horrelakoetarako baimena eskatu beharko da lehenagotik edo unean berean.

35. artikulua. Oin berriko obretan, bai fatxada bai gainerako elementuak atxikiak geldituko dira eta bertatik joanen dira Udalak jartzen dituen argindar eta gainerako zerbitzuen elementuak.

36. artikulua. Udal xedapenen arabera, baldin badira halako obrak beharrezko dutenak aldamioak, hesiak, edukiontzia edo eraikitzeko materialak nahiz obra-hondakinak bertan jartzea, aldez aurretik baimena eskatu beharko zaio Udalari, horrek bertze baimen bat emanen baitu horretarako, bere tasa eta guzti, dagokion ordenantza fiskalaren arabera.

37. artikulua. Obra horiek baldin badira galdarak, igogailuak, transformadoreak, motorrak, olanak, afixak eta iragarkiak, farolak, banderatxoak, eta abar, alegia, udal ordainarazpenen xede direnak, altako deklarazioa/deklarazioak aurkeztu beharko da/dira, horiek egin ahal izateko lizentziaren edo lizentzia adieraziaren eskabidearekin batera.

31.1 artikulua. Lizentzia emateari buruzko udal erabakia hartzen den eguna arte, eta obrak ez badira oraindik hasi, interesdunek espresuki uko egiten ahal diote; orduan, tasaren zenbatekoa murriztuko da eta bakarrik geldituko da Udalak egin duen obrari dagokiona, baina betiere gutxienekoa izanik hasiera batean zegokion tasaren %20.

2. Jarduketa adierazien kasuan, interesdunak uko egiten ahal die haiei, baina betiere obrak oraindik hasi ez badira; halakoetan, ordurarte eginiko lan tekniko eta administratiboei dagokien tasaren zenbatekoa kobratuko da, gutxienekoa izanik aurreko lerroaldean ezarritakoaren %20.

39. artikulua. Ordenantza honetan obra lizentzien iraungitzeari, eteteari eta luzatzeari buruz arautu ez den guztietan, hirigintzako legerian ezarritakoari eginen zaio men.

40. artikulua. Lizentzia bat emateak edo jarduketa adierazi bat aurkezteak ez du izaera zibileko inolako eskubiderik edo egoerarik sortzen eraikinak, instalazioak edo obrak egin behar diren ondasunen gainean.

41.1. artikulua. Eskatzekoa den kasu guztietan, dagokion lizentziako obra bukatu eta hurrengo hilabetearen barrenean, eta obra lizentziaren tasaren eta eraikin, instalazio eta obren gaineko zergaren behin betiko likidazioa egin ahal izateko, eta horretarako erabiltzen ahalko da Udalak gaitu edo eskaintzen duen eskabide eredua, adierazpena aurkeztu beharko da honako inguruabar guzti hauekin :

a.-Honako obrak direnean: oin berrikoak, eraikinak handitzekoak edo higiezinen erabateko nahiz zati bateko erreformakoak, ziurtagiri bat aurkeztu beharko da, dagokion elkargoak ikus-onetsia, hala egin behar denean, obren zuzendari fakultatiboak luzatuta, eta bertan agerrarazi beharko da obra horiek egin direla Udalak eta propio aurkeztutako proiektu teknikoak emaniko lizentziari hertsiki lotuak, baita obra gauzatzeko kostu erreala eta egiazkoa ere.

b.-Gainerako jarduketetan, zein den ere obra lizentzia eman zuen organoa, honako hau aurkeztu beharko da:

-Proiektu teknikoa eskatu bazen: obra horien zuzendari fakultatibo baten ziurtagiria, eta bertan agerraraziz lizentziari eta proiektu teknikoari hertsiki loturik egin direla, eta bertan edo bertze ziurtagiri batean, obren kostu erreal eta egiazkoaren adierazpena (obra gauzatzearena).

-Proiektu teknikoa eskatu ez bazen: aski izanen da obra lizentziaren onuradunaren deklarazioa, eginiko obren kostu erreal eta egiazkoaren gainekoa.

2.-Oin berriko etxebitzak egiteko obren kasuan, nahitaez eskatu beharko da, obra bukaeraren adieerazpenarekin batera, lehen aldiz okupatzeko udal baimena, horren tramitazioa Udal Ordenantzetako III. liburukiko 121 eta 122. artikuluetan ezarritakoari jarraikiz egin beharko baita. Lehen aldiz okupatzeko aipatu baimena, hala badaa, nahitaezko baldintza izanen da Nafarroako Gobernuko bizigarritasun zedula edo baimena lortu ahal izateko.

3.-Beharrezko dokumentazio gehigarria, obra lizentziaren behin betiko likidazioa egiteko:

a.-Obren gauzatze materialaren azken gastua lizentziaren eskaerari erantsitako dokumentazioan aurreikusia baino txikiagoa denean, idatzizko eta berariazko justifikazioa aurkeztu beharko da, hau bereizita:

a.1.-Zein den egin gabe geratu den obra zatia, eta horren arrazoiak eta balorapen ekonomikoa, lizentzia eskaeraren aurrekontuaren aldean.

a.2.-Obraren kostu txikiagoa, baloratua, aurrekontua kapituluka eta diru-sailka banatua, eta azalduta zergatik den txikiagoa obra-zuzendariak edo, bertzenaz, obra egin edo sustatu duen enpresak sinaturik.

b.-Dokumentazioa ez aurkezteak ekarriko du aurkeztutako zenbateko handienarekin likidatzea zuzenean.

c.-Udalak auditoretza egin eta aurkeztutako dokumentazioa egiaztatu lezake, likidatzerakoan edo geroago, bere baliabideak erabiliz edo horretarako baimena duten enpresen bidez.

2. ATALA

Definizioa, kasuak, prozedura eta determinazioak, obra txiki adierazietan

Definizioa.

42. artikulua. Obra txikitzat hartuko dira halako barne edo kanpoko obrak, munta txikikoak, teknika errazekoak eta eraikuntza maila edota kostu aldetik entitate txikikoak direnak, alegia, konponketa txikiak edo moldatzekoak, dekoraziokoak, apaingarritakoak edo itxiturak egitekoak, hau da, proiektu teknikoaren beharrik ez dutenak eta betiere ordenantza honetan sartuak direnen artean baldin badaude.

Eraikuntzetan egin beharreko obra horiek, bakar-bakarrik jakinarazpenaren beharra dutenak, honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

-Ez aldatzea bolumena edo azalera eraikia, ez eta erabilera komuneko instalazio edo zerbitzuen erabilera objektiboa edo etxebizitza nahiz lokalen kopurua ere.

-Eraginik ez izatea ez kanpoko diseinuan ez zimentazioan.

-Higiezin baten egiturazko elementuen, elementu arkitektonikoen edo komunen berregituraketa, banaketa edo funtsezko aldaketa ez eragitea.

-Eraginik ez izatea zernahi eraikin eta instalazioen bizigarritasun edo segurtasun baldintzetan.

Etxebizitzen eta lokalen unitate fisikoen kopurua ez aldatzea.

Obra txikien tipologia, prozedura adierazia behar dutenak.

43.1 artikulua. Eraikinaren, etxebizitzaren edo lokalaren kontserbazio eta mantentze-lanetako barne eta kanpoko obrak. [elementu kaltetuak aldatzea, berdin-berdinak paratuta, garbiketako obrak, eraikinak barnetik pintatzea, ...)

Kanpo daude:

1.1.-Aldamioak behar dituzten obrak.

1.2.-Eraikin edo eraikin multzo babestuetako obrak.

2.-Moldatze lan txikiak.

Aipatzearren: zoruak, goiak, hormak, iturgintza, argindarra, berokuntza, saneamendua, irrati-telebista, telefonia eta kable bidezko bertze zerbitzu batzuk (barneko azpiegitura txikia), pintura, iztuku, estaldurak, barne-zurgintza, baita fatxada zatiak konpontzea ere, ez badute aldaketa ekartzen, teilaberritzea (gehienez ere estalkiaren %50 eta aldaketarik gabe ), eta horreltsukoak.

2.1.-Etxebizitzetan:

Materialak, elementuak eta/edo instalazioak aldatzea, barneko banaketa edo konfigurazioa aldatu gabe.

Kanpo daude:

-Kanpoaldeko zurgin lanak.

-Fatxadako elementuak, alegia, teilatu-hegalak, hegalkinak, balkoiak, saneamendua (euri-uretarako), argizko iragarkiak, instalazioak, olanak eta horrelatsukoak.

-Etxebizitzaren erabilera funtsezko aldaketak ekartzen dituztenak edo etxebizitza unitateen kopurua aldatzen dutenak.

-Elementu komunak ukitzen dituztenak.

-Egitura ukitzen dutenak.

-Kanpoko itxura ukitzen dutenak.

-Kalkulu-gainkargak ukitzen dituztenak.

-Aldamioak behar dituztenak.

-Antolamenduz kanpoko eraikinak, edo eraikin nahiz eraikin multzo babestuak.

-Oztopo arkitektonikoak kentzekoak.

2.2.-Lokaletan:

Materialak, elementuak eta/edo instalazioak aldatzea, barneko banaketa edo konfigurazioa aldatu gabe.

Kanpo daude:

-Erabilera aldaketa ekartzen dutenak.

-Antolamenduz kanpoko eraikinak, edo eraikin nahiz eraikin multzo babestuak.

-Nekazaritzako biltegi eta/edo etxolak.

-Hesiak eta aldamioak behar dituztenak.

-Jarduera sailkatuak.

3.-Bertzelako obra txikiak.

3.1.-Lorategi lanak, zoladura lanak, zintarriak jartzea, metalezko itxiturak, baita haiek erabili eta kontserbatzeko beharrezkoak diren instalazioak, jabari pribatuko eremu libreetan egiten badira, betiere obrek ez badute ukitzen inolako erabilera, zerbitzu edo instalazio publikorik.

3.2.-Orube baten barrenean eginiko berdinketa, garbiketa, sasi-garbiketa eta lorezaintza lanak, betiere horren ondorioz ez bada aldatzen lurraren maila naturala eta zuhaitzik botatzen ez bada.

3.3.-Jabari pribatuetan egiten diren zundaketa edo prospekzio lanak eta eraikuntza lanak hasi baino lehen egiten diren bertzelako lanak edo saioak.

3.4.-Aldez aurreko lanak, zuzendaritza fakultatiboaren menean, helburua badute eraikin baten egituraren portaera jakitea, hori guztia egokiro zaharberritzeko.

3.5.-Hilerriko mantentze-lanak. Panteoi, hilobi, horma-hilobi eta kolunbarioetako lanak.

3.6.-Aitzineko ataletan zehaztu ez diren munta txikiko bertzelako zernahi obra, baldin eta horiek ez badute ekartzen eraikinaren kanpoko aldaketa arkitektonikoak aldatzea, higiezinen egitura aldatzea, edo lokala erabat berritzea, horiek obra handitzat hartzen baitira.

4.-Bertzelako jarduketak.

Eraikuntza obren elementu lagungarri eta osagarriak (obraren publizitate kartelak, etxolak, hesiak, eta abar), baldin eta ez bada jabari publikoko eremua okupatzen.

Prozedura.

44. artikulua. Adierazpena egin beharko da Udalak ematen duen eskabide ereduaren bidez, Udalaren Herritarrendako Laguntza Zerbitzuko egoitzan aurkeztuta, behar bezala eginbidetua eta kasuan-kasuko dokumentazio orokorrarekin eta bereziarekin, hori behar bezala zehaztuta egonen baita Administrazioak eskaintzen duen inprimakian. Nolanahi ere, aurkezten ahalko da aipatutako erregistroetako edozeinetan edo legeria orokorrak baimentzen dituen moduetan.

45. artikulua. Sarrera erregistroko zigiluak erran nahi du Udala jakinaren gainean dagoela, salbu eta artikulu honetako 1. atalean zehaztutako kasua bada.

Adierazpenarekin batera aurkeztutako dokumentazioa azterturik eta ikusita egokia den ala ez indarra duten eraikuntzako eta hirigintzako araudiko determinazioekiko, lurzoruaren erabilerekiko, hirigintza planeamenduarekiko, udal ordenantzekiko eta gainerako arau aplikagarriekiko, baita prozedura honetan ezarritakoarekiko ere, egintza adierazien tramitazioak jarraituko du eta/edo bukatuko da modu hauetako bat erabilita:

1.-Dokumentazioa aztertuta hori osatu gabe baldin bada, behar den zuzenketa egin dadin eskatuko da, horretarako hamar egun emanez, adierazpenaren aurkezpen egunetik aitzina.

2.-Ikusten baldin bada dokumentazioa ez dela sartzen ordenantza honetan adierazten direnen artean, interesdunari jakinaraziko zaio gehienez ere hamar eguneko epean, erregistroko sarrera zein egunetan izan den eta hurrengo egunetik aitzina, egokitu beharra duela bere jarduketa eta zein lizentziatarako eskatu den harendako ezarritako arauei lotuta jardun behar duela. Epe hori luzatzen ahalko da, behar bezalako arrazoiak ematen badira.

3.-Gainerako kasuetan, jakinarazpena osatuko da Hirigintza Atalaren "konforme" eginbidearekin, eta prozedura bukatutzat joko da eta dokumentazioa artxibatuko bertzerik gabe, ezertan ukatu gabe ondotik hel daitezkeen ikuskapen eta egiaztapen jarduketak, eta dagokin zerga likidazioa.

46. artikulua. Jarduketa adieraziek ez dute indarrik izanen dokumentazioa oker, osatu gabe edo akastuna bada.

Jaduketa adieraziak ezin izanen dira inolaz ere abian jarri Udalean hamar egun igaro baino lehen, aurkeztu eta biharamunetik hasita.

Determinazioak.

47. artikulua. Obra txiki adierazien determinazioak

1.-Ondorioak sortuko ditu Udalaren eta jarduketako lagunaren artean baina ez dituzte aldatuko horrek bertzeekin dituen egoera juridiko pribatuak.

2.-Udalari dagokionez, jabetzako eskubidea ukitu gabe eta hirugarrenik kaltetu gabe.

3.-Azaldutakoak ez bertze eginen dira. Obra bat baino gehiago denean, hasi baino lehenago adierazi edo eskatu beharko dira.

4.-Jarduera adierazi eginbidetuaren inprimakia Udal Zerbitzuen eskura egonen da (Hirigintzako Zerbitzu Teknikoak, obra zaintzailea, Udaltzaingoa) eta obrara sartzen lagunduko du ikuskapena edo egiaztapenak egiten direnean.

5.-Sei hilabeteko epean egin beharko dira, adierazpena egiten den egunetik aitzina. Epe hori oraindik egin gabe bada, iraungi eginen da. Hala bada, luzapenerako eskaera egin beharko da beranduenez bukatu baino bi hilabete lehenago, eta eman espres emanen da.

6.-Ezin izanen dira inola ere egin legediaren edo udal planeamenduaren kontrakoak diren obrak.

7.-Bete egin beharko dira etxegintzako jardueran zehazten diren eraikuntza, laneko segurtasun eta osasunari buruz indarra duten xedapen guztiak.

8.-Bete egin beharko da Nafarroako arautegia, hondakinen kudeaketari buruzkoa.

9.-Transmititugarria da. Lehenagoko titularra eta oraingo titularra behartuak daude egintza bakar baten bidez eta idatziz Udalari jakinaraztera.

10.-Etxebizitzen barreneko zaharberritzeko obrak, paramentu, goi eta zoruaren bukaeretako konponketak edo berritze lanek ez dute eraginik izanen barneko eremuen banaketetan (tabikeak), ez eta kanpoko fatxadetan edo egiturazko elementuetan.

11.-Neurriak ez dira izanen adierazitakoak baino handiagoak, eta horiek gaindituz gero hirigintzako arau-haustetzat hartuko dira.

12.-Obra egiten den bitartean aldaketarik egin nahi bada, Udalari adierazi eta haren baimena beharko da.

13.-Bide publikoa edo eremu mugakideak: kalterik sortzen bada, lizentziaren titularrak konpondu beharko ditu; orobat, segurtasun, osasungarritasun eta garbitasun baldintzak beren horretan mantenduko dira.

14.-Debeku da eremu publikoetan jartzea. aldamioak-eskailerak, makinak-lanabesak, tresna mota oro, baita eraikuntzako edozein objektu edo material, horiek galarazten badituzte jendearen harat-honatak; nolanahi ere baimen espresa beharko da eremu publikoa okupatzeko.

Arau-hausteak eta zehapenak.

48. artikulua. Ordenantza honetan azaltzen direnak izanik eta aldez aurretiko adierazpena behar duten obrak egiten badira, eta tramite hori betetzen ez bada, hori zigortu eta zehatuko da indarra duen araudian xedatuari jarraikiz, hirigintzako arau-haustetzat hartzen baita.

3. ATALA

Irekitzeko lizentziak eta erabilera aldatzeko lizentziak

49. artikulua. Irekitzeko lizentziak eta erabilera aldatzeko lizentziak.

1.-Ordainarazpen honi dagokionez, honako lizentziak izanen dira:

a.-Erabilera aldatzeko lizentzia:

lehenagotik ere erabiltzen diren lokaletako jarduera profesionalak, funtsezko aldaketarik ekarri gabe.

b.-Irekitzeko lizentzia:

Jarduera bat lehen aldiz ezartzen denean, lokala nahiz instalazioak moldatu edo aldatzen direnean, eta instalazioak iraunkorrak direnean, hala nola garajeak, ibilgailuen erregaietarako biltontziak eta abar.

Lokaletan, instalazioetan edo abian den jardueran funtsezko aldaketak egiten badira, eskubide berriak ordaindu beharko dira, baina soil-soilik aldaketen ondoriozkoak diren horiek, eta betiere udal zerbitzuek berriz jardun behar badute aipatu aldaketak bideragarriak izan daitezen

Jarduketa adieraziei dagokienez, honako jarduera guztietarako balioko dute: Plan Orokorreko hirigintzako arauek onartzen edo toleratzen dituzten bulegoko edo administrazioko eta merkataritzako jarduera guztiak, lokala edo establezimendua beheko solairuan, solairuartean edo goiko solairuren batean dutenak, betiere jendea hartzeko sotorik erabiltzen ez badute, azalera 200 metro koadrotik beherakoa bada eta gehienez ere 100 lagunendako edukiera badute eta, bertzetik, hirigintzako edo irekitzeko lizentziarik behar ez badute eta ez badaude honako arauetan jarduera sailkatutzat joak: Ingurumena Babesteari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legean eta hura garatzen duen abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuan. Halakoak izanen dira, orobat, Ikuskizun Publikoen eta Josteta Jardueren Txukuntasunaren Estatuko Araudi Orokorretik kanpo daudenak ere.

2.-Honako hauek joko dira jarduera duten lokaltzat:

a.-Eskuarki merkataritzan jarduteko erabiltzen den establezimendua. Eskuarki erabilera hori dagoela usteko da Merkataritza Kodearen 3. artikuluko kasuetan, edo jarduera ekonomikoen gaineko zerga ordaindu beharra dagoenean bertako jardueraren xede diren egintza edo kontratuak burutzeko.

b.-Industriako, merkataritzako edo irakaskuntzako jardueraren bat burutzeko erabiltzen dena, establezimendua zabalik edukita.

c.-Nagusiki etxebizitzatako erabili ez arren bizitzeko egokiak diren eraikin guztiak eta batez ere erabilera hauek dituztenak, jendearendako zabalik egon ala ez:

-Jarduera ekonomikoak.

-Mota guztietako negozioak edo industriak.

-Ikuskizun publikoak.

-Biltegiak.

-Bulegoak, langelak edo estudioak, merkataritzako edo industriako jardueraren baterako erabiltzen direnean.

-Bulegoak, langelak edo estudioak, jendearendako zabalik badaude eta irabazi asmoa duen jarduera artistiko, lanbide edo irakaskuntza jardueraren bat egiten bada bertan.

-Bertzelako instalazioak, hala nola garajeak, ibilgailuen erregaietarako biltontziak eta abar.

50. artikulua. Titulartasuna aldatzea.

Aldaketa egiterakoan indarrean dagoen irekiera lizentzia daukaten jardueren eskualdatzeak, oinordetzak, bat-egiteak, izen aldaketak eta formula juridiko-merkantilaren eraldaketak eta abarrak ukitzen ditu.

Lizentzia horiek eskualdatzen ahalko dira baldin eta indarrean badaude, funtsezko aldaketak direla-eta lizentzia berria behar ez bada, eta jarduera berberari eusten bazaio. Jarduera bera egiten dela ulertuko da, zentzu zabalean beti, lokaleko beharkizun teknikoak aldatzen ez badira (adibidez, jantzi edo ehun mota ezberdinetako txikizkako saltokia).

Titulartasun aldaketak jakinarazteko eredu ofiziala erabiliko da, eskualdatuko den lizentziaren kopia erantsita, eta lokal nahiz lizentziaren titular zaharraren eta titular berriaren datuak zehaztuz. Titular berriak nahiz zaharrak sinatuko dute jakinarazpen hori (ezinezkoa den kasuetan izan ezik, halakoetan, adibidez, lokalaren jabeak sinatu beharko baitu).

Halaber, ez dute inolako baimenik beharko, jakinarazpen huts bat bertzerik ez da behar eta horrek ez du inolako tasarik sortuko. Tokiko Gobernu Batzarrean emanen da aldaketa horien berri. Titulartasun aldaketa jakinarazten ez bada, bai titular zaharrak bai berriak lizentziak ekartzen ahal dituen erantzukizun administratiboak hartu beharko dituzte beren gain.

51. artikulua. Ireki baino lehen jakinarazi beharreko jarduerak.

Honako hauek dira ireki baino lehen jakinarazi beharreko jarduerak.

-Jarduera kaltegabe berriak ezartzea edo haietan aritzea, Tuterako HAPOk baimendu edo toleratutako erabileraren batekoak badira eta ondokoak izan ezik:

1.-Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko Foru Legea garatzen duen Erregelamenduan bildutako jarduerak.

2.-Egokitze edo moldatze lanak behar dituztenak, edo barne berrikuntzakoak, obra txikiak direnean izan ezik.

3.-Lizentziari loturiko instalazioak behar dituztenak.

4.-Elikagaiak eta edariak fabrikatu, manipulatu, banatu eta/edo saltzeko establezimenduak, belar-dendak eta nutrizio edo dietetikakoak barne.

5.-Jardueran aritu baino lehen, higiene eta osasun baldintzei buruzko osasun ikuskapena behar dutenak, hala nola osasun zentroak, zerbitzuak eta establezimenduak; animaliak erabiltzen dituztenak; elikagaiak eta/edo edariak erabiltzen dituztenak; UVA izpiak; tatuajeak; piercing-a, etab.

6.-Ikuskizun publikoei eta aisialdiko jarduerei buruzko foru araudiari loturiko jarduerak, baita Ikuskizun Publikoen eta Josteta Jardueren Txukuntasunaren Estatuko Erregelamendu Orokorrari loturikoak ere.

Irekitzeko lizentzia indarrean egonik titulartasuna aldatzeko, prozedura honi jarraituko zaio, baina aurreko lizentzia zer lokaletarako eman zen, bertan ez badira aldatu ez banaketa, ez erabilera, ez ezarritako neurri zuzentzaileak, ezta suteei aurrea hartzeko araudia ere, eta ez bada behar ez hirigintzako lizentziarik, ez jarduera edo instalazio lizentziarik.

4. ATALA

Kudeaketa arauak. Irekitzeko lizentziak

52. artikulua. Prozedura eta eredua.

Irekitzeko lizentzia eskuratzeko interesa dutenek, jarduera sailkatuen udal lizentziari lotutako jardueraren bat egin behar dutenean, aplikazio erregelamenduan zehazten den prozedurari jarraituko diote, eta eredu ofizialaren arabera eginen dute eskaera.

53. artikulua. Aurkeztu beharreko dokumentazioa.

Eskatutako lizentzia jarduera kaltegaberen batean aritzeko bada, hau da, jarduera sailkatuen udal lizentziari lotu gabeko batean aritzeko, honako agiri hauek aurkeztu beharko dira Erregistro Orokorrean:

a.-Interesdunak sinaturiko eskabidea, eredu ofizialaren araberakoa, aplikatzekoak diren atal guztiak beteta.

b.-Aurkeztu beharreko planimetria:

Sinatua egon behar du eta eskala egokian interpretatu ahal izateko (gutx.: 1:100, 1:50 lokal txikiagoetan, adibidez).

Banaketa planoa: eremu bakoitzaren erabilerak azalduta, kotak eta azalerak emanez, eta zehaztuko dira gutxienez ere zerbitzuen elementuak eta kaxa elektrikoaren kokalekua, eta suteen aurkako segurtasun eta babes elementuak eta sua itzaltzekoak, hala nola larrialdiko argiak eta itzalgailuak, zer edukiera (gai itzaltzailea kg-tan) eta zer gai itzaltzaile mota (CO2, hauts-gasa/ABC...) dituzten adieraziz.

Garaierak azaldu beharko dira (gutxienez 2,50 m, salbu eta komunetan eta biltegietan: 2,20 m); lokalaren mailen garaierak, kalearena erreferentziatzat hartuta; arrapalen luzerak, horiek zintarririk gabe egin behar baitira; eta aireberritze naturala, baoak azalduta, edo aireberritze mekanikoa. Hala behar denean, sekzioak ere beharko dira azaldu.

Kokapeneko planoak edo krokisa, lokalaren kokalekua hobeki argitzeko (hainbat lokaletako eraikinak, bertzelako sarrerak, helbidekoak ez direnak, galeriak edo merkataritzako pasabideak, lokal zatituak, poligonoak...).

c.-Administrazioaren arabera jarduera behar bezala sailkatu edo definitzeko interesekoak diren gainerako datuak eta agiriak oro, ofizio espresuaz eskatuak edo ez.

54. artikulua. Determinazioak.

1.-Lizentziak Udalak emanen ditu eta horiek iraungitzat hartuko dira, hura eman ondoren sei hilabete pasatzen baldin badira lokalak ireki gabe, edo ireki ondoren, berriz ixten badira sei hilabete baino denbora luzeagoan.

2.-Itxialdia aldi baterako denean, bertako industria edo merkataritzako jardueraren etenaldi ohikoagatik, horrelaxe adierazi beharko da eskabidean; eta jarduera berriz ere hasten den guztietan Udalari jakinarazi beharko zaio berdin-berdin ari direla, alegia, tasaren hasierako likidazioaren oinarri izan ziren baldintza berberekin jarraitzen dutela, baita industria edo merkataritzako titulartasunari dagokionez. Horrelakoetan, indarraldiaren iraungitzea zehaztu ahal izateko itxialdia gutxienez urtebete baino gehiagorako izanen da.

3.-Beharrezkoa izanen da establezimenduan izatea irekitzeko lizentziaren kopia bat.

5. ATALA

Irekitzeko lizentzia adierazien prozedura

55. artikulua. Aldez aurretik adierazi beharra.

1.-Establezimendu bat irekitzeko edo abian jartzeko, behar-beharrezkoa izanen da aldez aurretik Udalari horren berri ematea, eta horretarako eskabidea edo idatzia aurkeztu beharko da, ondoko artikuluetan zehazten den gisan.

2.-Dokumentua erregelamenduari jarraikiz aurkezteak gaituko du jarduera abian jartzeko eta, hala bada, establezimendu hori ireki ahal izateko, betiere indarrean dagoen antolamenduko betekizun materialei jarraikiz.

Jaduketa adieraziak ezin izanen dira inolaz ere abian jarri Udalean hamar egun igaro baino lehen, aurkeztu eta biharamunetik hasita.

56. artikulua. Adierazpenaren edukia.

1.-Erantzukizuneko aitorpenaren deklarazioan izanen da jardueraren titularrak agertzen duela hura garatzeko indarra duen araudian eskatzen diren betekizun guztiak betetzen dituela, hori erakusten duen dokumentazio guzti-guztia daukala, eta konpromisoa hartzen duela betebehar horri eutsiko diola bere jardueran zehar.

2.-Halaber, dokumentu horretan agertu beharko da titular horren konpromiso formala erraztasunak emateko udal zerbitzuen ikuskapenak daudenean eta kasu egiteko, hala denean, haiek atzematen dituzten akatsak konpontzeko, behin adierazpena jasoz gero.

3.-Deklarazioaren edukia Udalak ematen duen ereduari jarraikiz egin beharko da, ezertan ukatu gabe hori aldatzen ahal dela, horretarako arrazoiak ematen badira.

57. artikulua. Tramitazioa.

1.-Adierazpena Udalaren horretarako ardura duten egoitzan aurkeztuta, behar bezala beteta eta kasuan-kasuko dokumentazio orokorrarekin eta bereziarekin, hori behar bezala zehaztuta egonen baita inprimakian. Nolanahi ere, aurkezten ahalko da gaitutako erregistroetako edozeinetan edo legeria orokorrak baimentzen dituen moduetan, baina Udalaren sarrera erregistroa izanen da balioko duena, jarduketa bakoitzaren epeen konputuari dagokionez,

2.-Erregistratu ondoren, une horretantxe Hirigintzari igorriko zaio erantzukizuneko deklarazioa, ezertan ukatu gabe hondarreko horrek igortzen ahal dituela Udalaren bertze tokietara, ezagutu behar dutela uste badu (arlo higieniko-sanitarioa, fiskala, eta abar)

3.-Adierazpenarekin batera aurkeztutako dokumentazioa azterturik eta ikusita egokia den ala ez indarra duten eraikuntzako eta hirigintzako araudiko determinazioekiko, lurzoruaren erabilerekiko, hirigintza planeamenduarekiko, udal ordenantzekiko eta gainerako arau aplikagarriekiko, baita prozedura honetan ezarritakoarekiko ere, egintza adierazien tramitazioak jarraituko du eta/edo bukatuko da modu hauetako bat erabilita:

3.a.-Dokumentazioa aztertuta hori osatu gabe baldin bada, behar den zuzenketa egin dadin eskatuko da, horretarako hamar egun emanez, adierazpenaren aurkezpen egunetik aitzina.

3.b.-Ikusten baldin bada dokumentazioa ez dela sartzen ordenantza honetan adierazten direnen artean, interesdunari jakinaraziko zaio gehienez ere hamar eguneko epean, erregistroko sarrera zein egunetan izan den eta hurrengo egunetik aitzina, egokitu beharra duela bere jarduketa eta zein lizentziatarako eskatu den harendako ezarritako arauei lotuta jardun behar duela.

3.c.-Gainerako kasuetan, jakinarazpena osatuko da Hirigintza Atalaren "konforme" eginbidearekin, eta prozedura bukatutzat joko da eta dokumentazioa artxibatuko bertzerik gabe, ezertan ukatu gabe ondotik hel daitezkeen ikuskapen eta egiaztapen jarduketak, eta dagokion zerga likidazioa.

4.-Hirigintzako ikuskapen zerbitzuek egiaztapenak egin ditzakete egiaztatzeko jarduera hori bat ote datorren bere ardurapean dagoen erantzukizuneko deklarazioaren hitzekin, eta ondoren, behar den txostena prestatuko dute. Txosten hori kontrakoa bada, behar diren diziplinazko jarduerak jarriko dira abian.

58. artikulua. Indarraldia, iraungitzea eta titulartasun aldaketa.

1.-Dagokion baimenak indarrean jarraituko du jarduerak hasierako baldintzetan eta beren horretan abian jarraitzen duen denbora guztian zehar. Haietako edozein aldatzen baldin bada, bertze adierazpen bat egin beharko da.

2.-Jardueraren titulartasuna aldatzen denean, titular berriak hori jakinarazi beharko dio Udalari, horretarako adierazpena igorrita, gaitutako ereduari jarraikiz, eta bertan frogatu beharko da ordura arteko titularraren adostasuna badela, edota, behar den dokumentazioa erantsita, horren bitartez pertsona titular berriak nahikotasunez frogatu aldaketaren arrazoia zein izan den; bidenabar, modu horretan aurreko titularraren kontrakotasunik ez dagoela modu arrazoituan frogatzeko.

3.-Frogatzen bada jardueratik gelditu dela gutxienez sei hilabetez, erantzukizuneko deklarazioa iraungi dela deklaratuko da, betiere titulartasunari entzuteko aukera emanez, eta jardueran ez jarraitzeko aginduko da. Jardueran berriz ere hasi nahi izanez gero, aldez aurretik bertze deklarazio bat aurkeztu beharko da edo behar adina espediente tramitatuko, betiere araudiak bidea ematen badu.

59. artikulua. Legezko ondorioak.

Prozedura horren bidez ezin izanen dira inolaz ere administrazioaren isiltasunaren bidez lortutzat hartu, legeriaren edo hirigintzako planeamenduaren aurka baldin badoaz, edo jakinarazpeneko datuak faltsutu edo nahita ez jartzearen ondorioz, ezinezkoa egiten denean adieraztea jarduketaren egokitasunaren adierazpena.

Jarduketa adieraziek ez dute indarrik izanen dokumentazioa oker, osatu gabe edo akastuna bada.

60. artikulua. Legezko erreserbak

1.-Udalak bereziki gordetzen ditu beretako indarrean dauden lege xedapenek ematen dizkioten ahalmenak lortutako baimenak ukatzeko eta, hala behar denean, kentzeko eta establezimenduak itxiarazteko baldin eta betetzen ez badituzte indarrean dagoen legeriak unean-unean eskatzen dituen baldintzak.

2.-Udalak berea du ahalmena baldin eta eskabidea eta/edo interesdunak gerora emandako datuak ez badatoz errealitatearekin bat.

Xedapen iragankor bakarra.

Ordenantza honek indarra hartzen duenean jadanik abian dauden espedienteei ez zaizkie aplikatuko haren xedapenak.

Xedapen indargabetzailea.

Indarrik gabe gelditzen dira ordenantza honetan xedatutakoaren aurka doazen udal xedapen guztiak.

Azken xedapenak.

Lehena.-Udalaren bertze ordenantzetara jotzea.

Ordenantza honetan aurreikusten ez den orotan "Kudeaketaren, diru-bilketaren eta ikuskatzailetzaren ordenantza orokorrean" eta aplikatzen ahal diren xedapen guztietan ezarritakoari jarraituko zaio.

Bigarrena.-Indar hartzea.

Ordenantza honek ondorio juridikoak sortuko ditu Nafarroako Aldizkari Ofizialean osorik argitaratzen denean eta 15 egun iragan ondoren, egintzak edo erabakiak deuseztatzeko Nafarroan edo Estatuan hala agintzen baita, uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325 eta 326. artikuluetan xedatutakori jarraikiz, baina, dena den, ez da indarrean sartuko 2012ko urtarrilaren 1a baino lehen.

Iragarkiaren kodea: L1120775