97. ALDIZKARIA - 2011ko maiatzaren 20a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

38/2011 FORU DEKRETUA, maiatzaren 2koa, Nafarroako Manos Unidas erakundeari Nafarroako Karlos III.a Noblearen Gurutzea ematen diona.

Nafarroako Gobernuak, apirilaren 14ko 104/1997 Foru Dekretuaren bidez, "Nafarroako Karlos III.a Noblearen Gurutzea" kondekorazioa sortu zuen, nork bere jarduera esparruan Nafarroak aurrera egiten edo Nafarroako Foru Komunitatearen kanpo proiekzioa hobetzen nabarmenki lagundu duten pertsona eta entitateek egindako lana jendaurrean azpimarratu eta aitortze aldera. 104/1997 Foru Dekretuak kondekorazioari Karlos III.a Noblea izena jartzea gomendatzen zuen, Nafarroako erregeen artean nabarmendu zen erregea izan zelako, bere izaera bakezale eta adiskidetzaileagatik, kulturaren eta artearen alde egindako ekimenengatik eta Europako gainerako gorteekin bakea eta adiskidetasuna ezartzeagatik.

Ikusirik bere merezimendu objektiboak, eta erakundeen aintzatespenaren erakusgarri, egokia dirudi 2011. urtean Nafarroako Manos Unidas erakundeari ematea Nafarroako Karlos III.a Noblearen Gurutzea, pobreziaren, gosearen, malnutrizioaren, gaixotasunen, hezkuntza faltaren eta azpigarapenaren aurka egin duen borroka nekaezinagatik.

Nafarroako Manos Unidas erakundea 1959. urtean Espainiako Eliza Katolikoak, Hirugarren Munduari lagundu, eta hura sustatu eta garatzeko, izen berarekin abian jarri zuen elkartearen parte da. Manos Unidas elizbarrutiko egitura zuen erakunde nazional gisa sortu zen, Emakume Katolikoen Erakundeen Munduko Batasunak 1955. urtean aldarrikatu zuen gosearen aurkako gerra-deklarazioaren Agiriari erantzuteko. Boluntarioen erakundea da (urtean zehar 4.500etik gora boluntariok lan egiten dute), katolikoa eta sekularra, zeinak, gosea, nutrizio eskasa, pobrezia, eritasunak, azpigarapena eta hezkuntza falta desagerrarazteko lan egiteaz gainera, gaitz horiek guztiak sortzen dituzten egiturazko kausei ere aurre egiten diena: bidegabekeriak, ondasunen eta aukeren banaketa ezberdina pertsonen eta herrien artean, ezjakintasuna, aurreiritziak, elkartasun eza, axolagabekeria, eta giza eta kristau baloreen krisia.

Manos Unidasen ikuspuntuaren oinarriak Ebanjelioa eta Elizaren Doktrina Soziala dira. Horregatik uste du gizon eta emakume bakoitzak, funtsezko berdintasunaren eta duintasunaren arabera, gauza izan behar duela bere hobekuntza materialaren, bere aurrerapen moralaren eta bere garapen espiritualaren eragile erantzulea izateko, eta bizitza duina eduki behar duela.

Manos Unidasek Espainia osoan, eta baita Nafarroan ere, egiten duen lanaren ardatzak bi jarduera osagarri hauek dira: batetik, biztanleak sentsibilizatzea. Horrek garapenerako hezkuntza lan handia eskatzen du, pertsonak garapen bidean dauden herrialdeen errealitateaz jabe daitezen. Garapenerako hezkuntzak bidegabekeriaren bi kausa nagusietan eragin nahi du: norberaren jokaerak, askotan elkartasunaren aurkako balore eta jokabideetan oinarritzen baitira, eta pobrezia eta bazterkeria sortzen dituen bidegabekeria. Beste alde batetik, Manos Unidasek Afrikan, Amerikan, Asian eta Ozeanian egiten diren proiektu batzuk lagundu eta finantzatzen ditu, Manos Unidasi laguntza eskatu dioten Hirugarren Munduko pertsonek prestatuak. Proiektu horien helburua pertsonen bizi-baldintzak hobetzea da, autarkikoak izan daitezen. Manos Unidasek onuradunen parte-hartze aktiboa eskatzen du. Proiektuak onesteko prozesuan, ez da arraza, erlijio eta herrialdeen araberako bereizketarik egiten. Gaur egun, urtean ia 700 proiektu finantzatzen ditu 60 herrialdetan, eta horrek 42 milioi euroko inbertsioa dakar urtean.

Jarduera multzo zabal horregatik, lan horri esker Nafarroan ere munduko zenbait arazo larriri (pobrezia, gosea, nutrizio txarra, eritasunak, hezkuntza falta, azpigarapena) erantzun aktibo eta eraginkorrak ematen lagundu duenez, egokia dirudi Nafarroako Gobernuak Nafarroako Manos Unidas erakundea nabarmentzea Nafarroako Karlos III.a Noblearen Gurutzea emanez.

Horiek horrela, Erakundeekiko Harremanetarako kontseilari eta Gobernuaren eledunak eta Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako kontseilariak proposaturik eta Nafarroako Gobernuak 2011ko maiatzaren 2an egindako bilkuran hartutako erabakiarekin bat,

DEKRETATU DUT:

1. Nafarroako Manos Unidas erakundeari Nafarroako Karlos III.a Noblearen Gurutzea ematea.

2. Foru dekretu hau interesdunari jakinaraztea eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Iruñean, 2011ko maiatzaren 2an.-Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Miguel Sanz Sesma.-Erakundeekiko Harremanetarako kontseilari eta Gobernuaren eleduna, Alberto Catalán Higueras.-Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako kontseilaria, María Isabel García Malo.

Iragarkiaren kodea: F1108010