95. ALDIZKARIA - 2011ko maiatzaren 18a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

RIBAFORADA

Datuen babesaren gaineko araudiaren aplikazioa Ribaforadako Udalean

Datuak babestearen gainean Europako Batasunean dagoen legeria Datu Pertsonalak Babesteko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoaren bitartez etorri da gure herrira (DBLO). Horrek indarrik gabe utzi du aurrekoa, esan nahi baita, Datu pertsonalen tratamendu automatizatua arautzen duen urriaren 29ko 5/1992 Lege Organikoa.

Delako DBLOak xedea du pertsona fisikoen askatasun publikoak eta oinarrizko eskubideak eta bereziki haien ohorea eta intimitate pertsonala eta familiarra bermatu eta babestea datu pertsonalen tratamenduaren arloan. Euskarri fisikoan erregistraturik egoteagatik tratamendua izan dezaketen datu pertsonalei aplikatzekoa da, baita datu horiekin geroago sektore publiko nahiz pribatuek egiten ahal duten erabilera mota guztiei ere.

DBLOaren 20. artikuluak ezartzen duenez, administrazio publikoen fitxategiak sortu, aldatu eta kentzen ahalko dira xedapen orokor baten bidez bakarrik, Estatuko Aldizkari Ofizialean edo kasuan kasuko egunkari ofizialean argitaratu ondoan.

Fitxategiak sortu edo aldatzeko xedapenetan alderdi hauek zehaztu beharko dira:

-Fitxategiaren helburua eta eman nahi zaizkion erabilerak.

-Datuen iturri diren pertsona edo taldeak edo datu horiek ematera beharturik daudenak.

-Datu pertsonalak biltzeko prozedura.

-Fitxategiaren oinarrizko egitura, eta hartan sarturik dauden datu pertsonalen deskripzioa.

-Datu pertsonalen lagapena eta, halakorik bada, hirugarren herrialdeendako aurreikusten diren datu eskualdaketak.

-Fitxategiaren ardura duten administrazioen organoak.

-Zer zerbitzu edo unitatetan erabil daitezkeen sartzeko, zuzentzeko, deuseztatzeko eta kontra egiteko eskubideak.

-Eskatzekoak diren segurtasun neurriak, oinarrizko mailakoak, maila ertainekoak edo handikoak diren adierazita.

Fitxategiak kentzeko ematen diren xedapenetan fitxategien xedea ezarriko da, eta nola suntsitu behar diren adieraziko da, hori xedatuz gero.

Ribaforadako Udalak ordenantza bat onetsi du herriko piperoak eta lokalak arautzeko. Ordenantza horren arabera, ezinbestekoa izanen da erabilera lizentzia eskuratzea eta berariaz sortutako erregistroan izena ematea.

Udalak, helburu horiei begira, lokaleko edo piperoko kideen (edo haien guraso edo tutoreena adin txikikoak badira), ordezkarien eta jabeen datu pertsonalak, eskatu, bildu eta tratatu beharko ditu.

Horiek horrela, Ribaforadako Udalak, 2011ko martxoaren 30eko osoko bilkuran, honako hau erabaki du:

Lehena.-Ondoko fitxategiak sortzea, ezaugarriak eta egitura ondokoak dituztela:

-Pipero eta lokalen erregistroa.

  • Aurreikusitako xede eta erabilerak: peña erabiltzeko lizentziak ematea, peña iraunkorren nahiz jaietako peñen erregistroa eramatea, balizko ikuskapenak, eta arau-hauste eta zehazpenen kudeaketa
  • Datuak nondik eta nola biltzen diren: interesdunengandik edo haien ordezkariengandik, erabilera lizentzia lortzeko eskaera formala egiterakoan.
  • Ukitutako norbanakoak edo taldeak: peñako kideak, ordezkariak, guraso edo tutoreak eta lokaleetako jabeak.
  • Fitxategiaren oinarrizko egitura:
  • Identifikazio datuak: izen-deiturak, posta helbidea eta helbide elektronikoa, IFZ, sinadura, telefono finkoa eta mugikorra.
  • Inguruabar sozialen datuak
  • Datu ekonomikoak, finantzarioak eta aseguruenak
  • Tratamendurako erabilitako sistema: mistoa.
  • Datuen komunikazioa: ez dago aurreikusia.
  • Organo arduraduna: Ribaforadako Udala.
  • Zer zerbitzutan erabil daitezkeen sartzeko, zuzentzeko, deuseztatzeko eta kontra egiteko eskubideak: Ribaforadako Udala.
  • Segurtasun maila: Ertaina.

-Bideozaintza.

  • Aurreikusitako xede eta erabilerak: bideozaintza, udal eraikinen segurtasuna bermatzearren.
  • Datuak nondik eta nola biltzen diren: kamerak dauden tokietan barna ibiltzen direnen irudien grabaketa.
  • Ukitutako norbanakoak edo taldeak: kamerak dauden tokietan barna ibiltzen direnak.
  • Fitxategiaren oinarrizko egitura:
  • Identifikazio datuak: irudiak.
  • Tratamendurako erabilitako sistema: automatizatua.
  • Datuen komunikazioa: beharrezkoa izanez gero, Estatuko segurtasun indar eta kidegoei.
  • Organo arduraduna: Ribaforadako Udala.
  • Zer zerbitzutan erabil daitezkeen sartzeko, zuzentzeko, deuseztatzeko eta kontra egiteko eskubideak: Ribaforadako Udala.
  • Segurtasun maila: Oinarrizkoa.

Bigarrena.-Erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, eta xedatzea sortutako fitxategiak dagokien erregistroan inskriba daitezela Datuak Babesteko Espainiako Agentziako Erregistroan.

Ribaforadan, 2011ko apirilaren 1ean.-Alkate udalburua, Nuria Ruiz Huguet.

Iragarkiaren kodea: L1107900