95. ALDIZKARIA - 2011ko maiatzaren 18a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ZIZUR NAGUSIA

Diru-laguntzen deialdi publikoa. Onespena

Zizur Nagusiko Udalak, 2011ko apirilaren 28an egin osoko bilkuran, erabaki zuen diru-laguntzen deialdi publikoa onestea, norgehiagokako lehiaren bidez, garapen bidean diren herrialdeekin garapenerako lankidetza proiektuak aitzina eramateko.

Argitara ematen da, orok jakin dezan.

Zizur Nagusian, 2011ko maiatzaren 2an.-Alkatea, Pedro Huarte Iribarren.

DEIALDI PUBLIKOA, GARAPEN BIDEAN DIREN HERRIALDEETAN GARAPENERAKO LANKIDETZA PROIEKTUAK AITZINA ERAMATEKO DIRU-LAGUNTZAK NORGEHIAGOKAKO ARAUBIDEAN EMATEKO. 2011. URTEA

1. Xedea eta helburuak.

Deialdi honen xedea da garapen bidean diren herrialdeetan biztanleen oinarrizko beharrak asetzera bideratzen diren garapenerako lankidetza proiektuak diruz laguntzea, 2011. urtean. Hartara, ekitaldi horretarako kontu-sailak 48.200,00 euro inguru ditu.

Proiektu horien helburua izanen da hainbat arloren garapena sustatzea: hezkuntza, osasuna, etxebizitza, giza-eskubideen defentsa, pertsona baztertuen sustapena eta herrietako nahiz hirietako komunitateendako azpiegiturak garatzea, betiere komunitateek eta horien ordezkariek zuzeneko parte hartzea dutelarik, batez ere udal mailan, proiektuak proposatu, kudeatu eta gauzatzerakoan.

2. Herrialde onuradunak.

Laguntza biltzen ahalko duten herrialdeak dira ELGA-Ekonomiako Lankidetza eta Garapenerako Antolakundearen mendeko Garapenerako Laguntza Batzordearen (GLB) onuradunen egungo zerrendan daudenak.

3. Entitate eta proiektu onuradunak. Baldintzak.

Deialdian parte hartzen ahalko dute GGKEk eta beraien proiektuek, baldin eta oinarri hauetan eta hurrengo puntuan ezarritako baldintzak betetzen badituzte.

Deialdi honetako diru-laguntzaren onuradun izateko, Garapenerako Gobernuz Kanpoko Erakundeek baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Legez eratutako pertsona juridikoak izatea eta irabazi asmorik gabeak. Eskabideak aurkezteko epea bukatzen denean, inskribaturik egon beharko dute Nafarroako Gobernuko Elkarteen Erregistroan edo Garapenerako Lankidetzarako Espainiako Agentziako Garapenerako Gobernuz Kanpoko Erakundeen Erregistroan.

b) Egoitza edo ordezkaritza iraunkorra izatea Nafarroako Foru Komunitatean.

c) Bere helburu sozialak betetzeko behar bezainbateko egitura, esperientzia eta antolaketa izatea.

d) Proiektua gauzatuko den herrialdean kontraparte edo bazkide bat izatea, proiektua bertatik bertara aitzina eramanen duena.

e) Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13.2. artikuluan aipatutako egoeraren batean dauden entitateak ezin izanen dira deialdiaren xede diren laguntzen onuradun izan.

Tokian tokiko bazkideen betebeharrak.

Tokian tokiko kontraparte edo bazkideak pertsona juridikoak izan beharko dute, herrialde onuradunaren legeriari jarraituz, eta baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Hiru urteko antzinatasuna izatea.

b) Proiektua aitzina eramateko behar bezainbateko egitura eta antolaketa izatea.

Proiektuen betebeharrak:

a) Deialdi honetan jasotako helburu eta xedeei lotzea.

b) Finantzaketaren gutxienez %20 beharko da izan entitatearen beraren funts edo fondoetatik etorria, edo bertze administrazio publiko edo entitate batzuek emana.

c) Emandako diru-laguntzen zenbatekoa, bakarrik edo bertze diru-laguntza edo laguntza publiko zein pribatu batzuekin baturik, ez da inoiz proiektuaren kostua baino handiagoa izanen.

d) Urtebetean egin beharko da gehienez ere.

4. Eskatzaileek aurkeztu beharreko agiriak.

1.-GGKE edo elkarteek dokumentazio hau aurkeztu beharko dute proiektuarekin batera:

a) Entitate eskatzaileari buruzko dokumentazioa:

-Estatutuak.

-Erakundeak Nafarroan aitzineko urtean eginiko jardueren memoria, kontabilitatearen egoera eta finantza iturriak.

-Nafarroako Gobernuaren Elkarteen Erregistroko edo Nazioarteko Lankidetzarako Agentzia Espainiarraren GGKEen Erregistroko inskripzioaren ziurtagiria; azken kasu horretan berariaz aipatu beharko du Nafarroako Foru Komunitatean ordezkaritza ireki dela.

-2008 eta 2009ko urteko kontuen kopia.

-Ogasuneko eta Gizarte Segurantzako ziurtagiriak, haien betebeharrak egunean dituztela adierazten dutenak.

-Eskatzailearen adierazpena, proiektuaren kostuaren eta eskatutako diru-laguntzaren arteko aldea berak zuzenean edo hirugarren pertsonen bidez jartzeko konpromisoa jasotzen duena.

b) Tokian tokiko kontraparte edo bazkidearen izaera juridikoa frogatzen duen dokumentazioa:

1. Estatutuak.

2. Legezko eraketaren kreditazioa, proiektua egin behar den herrialdeko legeen araberakoa.

3. Legezko helbide osoa.

4. Legezko ordezkariaren egiaztagiria.

c) Proiektuari buruzko txostena, inprimaki ofizialetan (eranskina) eta euskarri digitalean.

Txostenari dokumentazio ekonomikoa gehituko zaio (proformako fakturak, aurrekontu profesionalak, lurren peritazioa eta abar) proiektua gauzatzeko behar diren gastuak, hala nola materialen kostua, ekipamenduak, hornidurak, eraikuntzak, lurrak eta abar arrazoitzeko.

d) Proiektua eginen den tokia zehazki erakusten duten mapak (estatua, herrialde edo departamentua, probintzia eta udalerria).

e) Dokumentazio grafikoa, teknikoa eta finantzen arlokoa, eta proiektuaren ezaugarriez ongi jabetzeko eskaini nahi den bertzelako dokumentazioa.

Bi proiektu edo gehiagorako diru-laguntza eskatzen bada, a) ataleko dokumentazioa bi eskabideetako batean soilik aurkeztuko da.

2.-1. puntuan eskatutako dokumentazioa ez bada deialdian ezarritako epean aurkezten, interesdunari eskatuko zaio hamar egun balioduneko epean, hutsegiteak zuzendu edo aginduzko agiriak aurkez ditzala. Aditzera emanen zaio horrela egin ezean eskaera bertan behera utzi duela ulertuko dela.

5. Eskabideak aurkezteko tokia eta epeak.

Proiektuak aurkezteko 30 egun izanen dira, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik hasita.

Proiektuak Zizur Nagusiko Udaleko erregistro orokorrean aurkeztuko dira (Erreniega parkea, zk.g.) edo posta ziurtatuaren bidez.

6. Balorazioa eta hautapena.

Ahalik eta proiektu gehien laguntzeko helburuari begira, Zizur Nagusiko Udalak gehienez ere aurrekontuko kontu-sailaren %25a finantzatuko du.

Proiektu bakoitzak zenbat puntu erdietsi, horren araberakoa izanen esleituko zaion diru kopurua.

GGKE edo elkarte bakoitzeko proiektu bakarrari emanen zaio diru-laguntza.

A) Aurkeztutako proiektuen balorazioa eta hautaketa Herritarrendako Zerbitzuen Alorreko teknikariek eginen dute. Hauek proposamena aurkeztuko diote Herritarrendako Zerbitzuen Batzordeari, ondotik osoko bilkuran onets dadin. Horretarako, irizpide hauei jarraituko zaie, esleitzen zaien ponderazioarekin, bakoitza zerotik ehunera bitartean puntuatuko baita:

Diru-laguntzen deialdi honetako eskabideen balorazioa bi fasetan eginen da. Lehenengo fasean irizpide hauek erabiliko dira:

-Proiektuaren kalitate teknikoarekin eta aurkeztutako informazioarekin ikusteko dutenak: 43 puntu.

  • Proiektua zein ingurutan garatuko den azaltzen duen informazioa (herrialdea eta jarduketa eremua) (5 puntu bitarte).
  • Proiektua zein sektoretan sartzen den, sektore haren egoerari buruzko informazioa (ingurunea, baliabideak, azpiegiturak...). (5 puntu bitarte).
  • Ekintzaren beharra erakusten duten arrazoiak, zehaztutako helburuak eta proposatutako jarduerak koherenteak izatea haien artean. (16 puntu bitarte).
  • Proiektuak iraunkortasuna izanen ote duen eta teknikoki bideragarria ote den, diruz lagundutako egintza bukatutakoan. (11 puntu bitarte).
  • Proiektuaren osagarritasuna eremu horretan gauzatzen diren bertzelako garapen ekintzekin. (6 puntu bitarte).

-Egile edo arizaleen gaitasunarekin eta haien harremanen kalitatearekin ikusteko dutenak: 22 puntu.

  • Tokian tokiko kontrapartearen esperientzia eta gaitasuna, eta herritar onuradunekin eta garapenerako lankidetzako bertze entitate batzuekin edo tokiko erakundeekin duen harremana. (5 puntu bitarte).
  • Gizarte erakundeek tokiko erakundeetan bertze erakunde eta/edo instituzioekin (garapen kontseiluak, mahai sektorialak eta abar) batera parte har dezaten sustatzea. (2 puntu bitarte).
  • Pertsona onuradunek parte hartzea proiektua proposatu, gauzatu eta kudeatzeko lanetan. (4 puntu bitarte).
  • Proiektuaren hartzaile diren herritarrak ordezkatzen dituen toki erakunde batek nola edo hala parte hartzea edo bermea ematea. (2 puntu bitarte).
  • GGKE eskatzailearen eskarmentua eta jarraitzeko gaitasuna. GGKE eskatzailearen eta tokian tokiko bazkidearen arteko harremana. (5 puntu bitarte).
  • Entitate eskatzailearen oinarri soziala eta bertan duen parte-hartzea. (4 puntu bitarte).

-Proiektuaren gizarte helburuekin eta edukiekin ikusteko dutenak: 21 puntu.

  • Generoaren ikuspuntua sartzea proiektuan, eta emakumearen bizi baldintzak hobetu eta haren eskubideak nahiz aukerak bultzatzea. (3 puntu bitarte).
  • Giza eskubideak bultzatu eta babestea. (3 puntu bitarte).
  • Lanbide heziketa; bereziki, sektore behartsu edo baztertuetan. (3 puntu bitarte).
  • Komunitatearen antolaketa eta parte hartzea sustatzea. (3 puntu bitarte).
  • Proiektuak herrialdeko politiketan eta zerbitzu publikoetan izan behar duen eragina. (3 puntu bitarte).
  • Ingurumenean duen eragina (halakorik behar bada). (3 puntu bitarte).
  • Komunitate onuradunaren kultur nortasunaren errespetua (halakorik behar bada). (3 puntu bitarte).

-Aurrekontuarekin ikusteko duena: 7 puntu.

  • Gastuaren eraginkortasuna eta koherentzia. (3 puntu bitarte).
  • Proposatutako jarduerei egokitzea. (4 puntu bitarte).
  • Bertakoak proiektuarekin identifikatzea eta inplikatzea: 4 puntu.
  • Zizur Nagusiak eta proiektua gauzatzeko lanetan diharduen herrialde hartako bertze talde batek (tokian tokiko kontrapartea, onuradunak etab.) harremanak izatea edo horiek sustatzeko gogoa egotea, GGKE eskatzaileak eta tokian tokiko kontraparteak duten harremanetik kanpo.

-Lankidetza deszentralizatuaren batasuna: 3 puntu.

  • Bertze udal batzuek edo lankidetza deszentralizatuko bertze erakunde batzuek proiektuari laguntzea, azken bi urteetan.

Proiektuek onartuak izateko gutxienez 60 puntu eskuratu beharko dituzte, salbu eta aurretiaz finantzatutako proiektuek, horiek gutxienez 40 puntu beharko baitituzte.

B) Azkenik, hautatutako proiektuei ondoko alderdi hauengatik ere puntuak gehituko zaizkie, kasuan kasu:

1.-Edateko uraren hornidura.

-Hornidura ezartzea lehen ez zegoen tokian: 5 puntu.

-Lehendik dagoen hornidura bertze eremu batera hedatzea: 2,5 puntu.

2.-Oinarrizko osasun laguntza.

-Zentro berriak eraiki eta hornitzea: 5 puntu.

-Lehendik dauden zentroak hobetu edo handitzea: 2,5 puntu.

3.-Oinarrizko hezkuntza.

-Zentro berriak eraikitzea: 5 puntu.

-Lehendik dauden zentroak hobetu edo handitzea: 2,5 puntu.

4.-Tokian tokiko hautetsiak prestatzea kudeaketa publikoaren arloko gaietan: 5 puntu.

5.-Garapen parte-hartzailea sustatzeko ekintzak: 5 puntu.

7. Diru-laguntzaren jakinarazpena eta ordainketa.

Lehiaketaren ebazpena interesdunei jakinaraziko zaie Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Zizur Nagusiko Udalaren web-orrian argitaratuta.

Diru-laguntza emanen da Zizur Nagusiko Udaleko osoko bilkurak onesten duenean.

8. Justifikazioa.

GGKEk edo elkarteek bukaerako txosten berri-emailea aurkeztu beharko dute, deialdi honen eranskinean agertzen den ereduari jarraituz:

1.-2011ko abenduaren 31 baino lehen, erakunde onuradunak txosten tekniko eta ekonomikoa aurkeztuko du proiektuaren betetze mailari buruz, inprimaki ofizialetan eta euskarri informatikoan.

2.-Azken txostena justifikazio kontu baten gisakoa izanen da, eta osagai hauek izanen ditu:

a) Kontuan ageri diren datu guztiak egiazkoak direla dioen erantzukizuneko aitorpena, entitate onuradunaren legezko ordezkariak sinatua.

b) Proiektuaren betetze mailari buruzko txosten teknikoa, eredu ofizialaren araberakoa, gutxienez helburuak, lorturiko emaitzak eta eginiko jarduerak zehaztuko dituena.

c) Proiektuko diru-sarreren eta gastuen balantzea.

d) Gastu guztien zerrendak, gastu motaren eta finantzabidearen arabera sailkatuak. Gastu bakoitzean honako kontu hauek agertuko dira: zerrendako agiri zenbakia, frogagiri zenbakia, zer egunetan eman den, igorlearen izena eta helbidea, eta haren identifikazio fiskalerako zenbakia edo antzekoa, kontzeptua, frogagiriaren testua (luzea izanez gero, laburtzen ahalko dena), pagatu den zenbatekoa, bai bertako monetan bai eurotan. Zerrendarekin batera, aurrekontuaren betetze mailari buruzko laburpen zehatza aurkeztuko da.

e) Aplikatutako truke-tasak frogatzen dituzten agiriak.

f) Diru-laguntza han jaso dutela ziurtatzen duen agiria, jatorrizkoa edo kopia konpultsatua, tokian tokiko bazkidearen legezko ordezkariak sinatua.

g) Bertze edozein dokumentazio grafiko nahiz idatzi, borondatez eman nahi dena, diruz lagundutako proiektuaren gauzatzearen edo bilakaera onaren berri emateko.

3.-Gastuen zerrendak frogagiriekin batera aurkeztuko dira, kasuan kasuko kontrol organoak egiazta ditzan. Gastuak Espainian gertatuz gero, frogagiriak jatorrizko agiriak izanen dira; gainerakoan, fotokopiak, tokian tokiko bazkideak edo kontraparteak behar bezala kreditatuak. Frogagiriak Nafarroako Foru Komunitateko hizkuntza ofizialetan, gaztelaniaz eta euskaraz, idatzita ez daudenean, bietako edozeinetara itzuli beharko dira.

Orobat, proiektua gauzatu eta bi urte iragandakoan, haren garapenari eta egoerari buruzko txostena aurkezten ahalko da. Txosten hori kontuan hartuko da Zizur Nagusiko Udalaren deialdira proiektu berriak aurkezten direnean, "Proiektuaren egileak" izeneko atalean, deialdi honetan 6 (A) puntuan jasotzen baita, balorazio irizpideei buruzkoan.

Borondatez eman nahi den bertze edozein dokumentazio, grafikoa nahiz idatzia, proiektua behar bezala gauzatu dela egiaztatzen duena.

9. Betebeharrak.

Proiektu baterako diru-laguntza jasotzen duten entitateek honako betebehar hauek izanen dituzte:

a) Proiektua diru-laguntza emateko baldintzetan azaldu bezala egitea. Diru-laguntza osoa edo, hala bada, horren lehenbiziko puska jaso eta handik hiru hilabetera hasiko da proiektua, beranduenez. Entitatea betebehar honetatik libre geldituko da baldin eta ezinbertzeko arrazoiengatik ezinezko bada hastea. Arrazoi horiek justifikatu beharko ditu eta Zizur Nagusiko Udalak onartu.

b) Proiektua gauzatu ezin bada edo diru-laguntza ematean ezarritako baldintzak bete ezin badira, jasotako dirua itzultzea, edo dena justifikatu ezin bada, justifikatu ezina itzultzea; horrekin batera, berandutzagatiko korritua eskatuko zaio diru-laguntza ordaintzen denetik.

c) Aipatutako bukaerako txostenak aurkeztea.

d) Zizur Nagusiko Udalari baimena emateaa proiektuaren garapenaren berri emateko eta horretan laguntzea, Nafarroako jendea garapenerako lankidetzaren arloan sentsibilizatzeko.

e) Diruz lagundutako proiektuaren publizitate eta zabalkunde lan guztietan diru-laguntzaren jatorria adieraztea. Zabalkunde lana idatzia edo grafikoa baldin bada, Zizur Nagusiko Udalaren logotipoa erabiliko da; diruz lagundutako erakundearen logotipoaren tamaina berean eta berdin ikusteko maneran agertuko da. Berariaz jakinaraziko zaio tokian tokiko kontraparte edo bazkideari diru-laguntza horren jatorria.

f) Diru-laguntza ematean kontuan izandako inguruabar eta baldintzetan aldaketarik izanez gero, Zizur Nagusiko Udalari jakinaraztea eta behar denean Udalari baimena eskatzea. Orobat, xede berarekin bertze edozein erakunde publiko edo pribatuk emandako diru-laguntzen zenbatekoa jakinaraztea.

g) Zizur Nagusian egiteko jarduerak prestatzea, Udaleko ahalik eta atal gehienen parte hartzea dakartenak (Hezkuntza, Emakumea, Gazteria eta abar), eta oro har biztanleria osoarena. Sentsibilizaziorako jarduerak sustatuko dira, hain zuzen ere herrialdeen arteko desoreken berri emateko jarduerak, hala nola desoreka ekonomikoak, sozialak eta kulturalak, sexu eta taldeen artekoak, eta horiek pertsonen bizi baldintzetan dituzten ondorioak. Orobat, Zizur Nagusiko biztanleen elkartasuna eta parte hartzea sustatuko duten jarduerak izanen dira, komunitatearen jarreran eta portaeran aldaketa bultzatzeko.

10. Diru-laguntza jaso dezaketen gastuak.

1.-Diru-laguntza jaso dezaketen gastuak ondoko kontu-sailetakoak dira:

a) Zuzeneko gastuak:

a.1) Higiezinak erosi edo alokatzea eta lursailak.

a.2) Higiezinak eraiki edo berritzea, laneskua, obraren zuzendaritza, obretako lizentzia eta eraikuntzako tasa eta materialak barne.

a.3) Ekipo materialak eta hornidurak, eta ekipoak garraiatzeko gastuak. Orobat, programa gauzatzeko beharrezkoak diren materialak eta hornidurak.

a.4) Langileen gastuak, honako hauek barne: lansariak eta gizarte aseguruak, esku-hartzeari atxikiriko langileen entitatearen kontu. Bi kategoria bereiziko dira:

-Tokian tokiko langileak: diruz lagundutako esku-hartzea gauzatuko den herrialdeko langileak, hango lan arloko legeriaren mende daudenak. Bertan egiten dute zerbitzu eta haien eginkizunak zuzenean lotuak dira esku-hartzearekin.

-Langile erbesteratuak: entitate onuraduneko langileak dira eta Espainiako legeriari lotuak daude. Ekintza gauzatzen den herrialdean egiten dute zerbitzu eta haien eginkizunak zuzenean lotuak dira ekintzarekin. Kontratu bidezko harremana izanen da. Lan-kontraturen bat egon behar da.

a.5) Bidaiak, ostatatzea eta dietak. Langileen eta onuradun diren herritarren joan-etorrien gastuak dira, esku-hartzea gauzatzeko behar direnak, hala nola: erregaiak, aseguruak eta esku-hartzea zehaztean berariaz identifikaturik eta haiei loturik dauden ibilgailuen mantentzea.

a.6) Funtzionamendua: ohiko gastuak (argindarra, ura, komunikazioak eta mantentze-lanak, bertzeak bertze) esku-hartzearen eremuan, eskatutako diru-laguntzaren zenbateko osoaren %3 bitarte gehienez.

a.7) Identifikazioa eta ebaluazioa: diruz laguntzen ahalko dira identifikaziotik zuzenean eratorriak; kasu honetan sartzen ahalko dira deialdi hau argitaratu aitzineko sei hilabetera arte egindako gastuak. Orobat, diruz laguntzen ahalko dira ebaluazioaren ondoriozko gastuak.

b) Zeharkako gastuak.

Proiektuaren zeharkako kostuengatik %10eko edo hortik beheitiko zenbatekoa aplikatzen ahalko zaio diru-laguntzari. Zeharkako kostuak dira entitate eskatzaileak Nafarroan dituen gastu administratiboak.

Gastuak frogatzeko, 8. puntuan (Justifikazioa) ezarritakoari jarraituko zaio, frogatzeko zail diren gastuak izan ezik. Azken kasu horretan, diru-laguntza jaso duen entitatearen legezko ordezkariak gastu horien gaineko ziurtagiria egin beharko du. Ziurtagiri horretan hauek agertuko dira: zenbatekoa, gastu motaren erreferentzia, diru-laguntzaren xede den proiektuarekiko lotura eta arau orokorren arabera ezin justifikatu izateko zergatikoak agertuko dira. Ziurtagiri horren bitartez justifikatuko den diru kopuruak ez du zeharkako gastuen %5 edo diru-laguntzaren %0,5 gaindituko.

2.-Gastu finantzarioak, notarioenak eta erregistrokoak, diruz lagundutako jarduerari zuzenean lotuak badaude eta hura prestatu edo gauzatzeko ezinbertzekoak badira.

3.-Zizur Nagusiko Udalaren diru-laguntzak sortzen dituen etekin finantzarioak diru-laguntzaren zenbatekoari gehituko zaizkio eta diru-laguntzaren xede den jarduerara bideratuko dira.

11. Ez betetzeak.

1.-Diru-laguntzaren onuradunek jasotako zenbatekoak itzuli beharko dituzte Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan aipatzen diren kasuetan eta bertan ezartzen diren baldintzetan.

2.-Diru-laguntza emateko kontuan hartutako goiti-beheiti, betebehar eta baldintzetan edozein aldaketa eginez gero aitzineko oinarrian aipatzen den baimen administratiboa izan gabe, ez betetzetzat hartuko da.

3.-Ez betetzeak mailakatzeko honako hauek hartuko dira kontuan:

-Proiektuaren betetze maila, arlo teknikoari eta aurrekontuei dagokienez.

-Aitzinetik baimen administratiborik izan gabe egindako aldaketen zenbatekoa eta nolakoa.

12. Errekurtsoak.

Deialdi honen aurka, baita oinarri hauen aurka eta haiek betearazteko hartzen diren administrazio ebazpenen kontra ere, errekurtso hauetako edozein aurkezten ahalko da, hautara:

-Berraztertzeko errekurtsoa, administrazio egintzaren egile den organoari berari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritzen den egintza jakinarazi edo, bertzenaz, argitara eman eta biharamunetik hasita.

-Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritzen den egintza jakinarazi edo argitaratzen denetik aitzina.

-Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Administrazioarekiko Auzien Epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean. Errekurritzen den egintza jakinarazi edo argitaratu eta biharamunean hasiko da epe hori.

Iragarkiaren kodea: L1107889