90. ALDIZKARIA - 2011ko maiatzaren 12a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

121/2011 FORU AGINDUA, apirilaren 5ekoa, Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako kontseilariak emana, Nafarroako Foru Komunitatean lan egiten duten familia elkarteentzako 2011. urteko diru-laguntzen deialdiaren oinarriak onesten dituena.

Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 14ko 15/2006 Foru Legeak, bere jarduketa programen artean, haur eta familiei oinarrizko arreta emateko programa bat du.

Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak diru-laguntzei aplikatu beharreko araubide juridiko orokorra ezartzen du, haiek Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargura ematen direnean onura publikoko edo gizarte intereseko jarduerak sustatzeko. Diru-laguntzak eman baino lehen, organo eskudunak haien oinarri arautzaileak ezarri eta argitaratu beharko ditu, halako jarduerak egiten dituztenek eta deialdiaren xedeko egoeran daudenek aukera izan dezaten diru-laguntza eskuratzeko.

Irailaren 3ko 125/2007 Foru Dekretuaren bidez Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuaren egitura organikoa ezarri zen, eta Familiaren, Haurraren eta Kontsumoaren Zuzendaritza Nagusiari esleitu zitzaizkion deialdi honen inguruko gaiei buruzko eginkizunak.

Era berean, foru dekretu horrek Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako kontseilariari esleitzen dio Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuko aurrekontuen kargura eman beharreko diru-laguntzen deialdia egiteko eskumena.

Espedienteari lotutako txosten teknikoak eta juridikoak ikusita, agerian daude deialdi hau onestearen egokitasuna eta onura publikoa, baita haren nahiz oinarri arautzaileen legezkotasuna ere.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen bidez eta Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen irailaren 3ko 125/2007 Foru Dekretuaren bidez eskuratu ditudan eskudantzien arabera,

AGINDU DUT:

1. Nafarroako Foru Komunitatean lan egiten duten familia elkarteentzako 2011. urteko diru-laguntzen deialdiaren oinarriak onestea. Oinarri horiek foru agindu honen eranskinean ageri dira.

2. 20.000,00 euroko gastua baimentzea, 2011ko gastuen aurrekontuko "Familiaren esparruko diru-laguntzen deialdia " izeneko 950001 92200 4819 231502 kontu-sailaren kargura.

3. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila agintzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

4. Foru agindu hau igortzea Familiaren, Haurraren eta Kontsumoaren Zuzendaritza Nagusiko Familiaren Sustapenerako Zerbitzura eta Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuko Aurrekontuen Kudeaketarako Atalera.

Iruñean, 2011ko apirilaren 5ean.-Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako kontseilaria, María Isabel García Malo.

ERANSKINA

Deialdiaren oinarriak

1. Xedea eta aplikazio eremua.

Deialdi honen xedea da Nafarroako Foru Komunitatean lan egiten duten familia elkarteen funtzionamendurako eta jardueren sustapenerako diru-laguntzak emateko araubidea ezartzea, 2011. urterako.

Diru-laguntza hauen bidez, familiaren esparruan aritzen diren familia elkarteek talde horien premiei erantzuteko ekintzak egitea bultzatu nahi da.

2. Diru-laguntza jasotzen ahal duten ekintzak.

1. Familiaren, Haurraren eta Kontsumoaren Zuzendaritza Nagusiak honelako ekintzak lagunduko ditu diruz:

a) Familiak berezko dituen balioen gainean gizartea sentsibilizatzeko proiektuak.

b) Gizartean familien parte-hartzea sustatzeko ekintzak.

c) Familiaren, Haurraren eta Kontsumoaren Zuzendaritza Nagusiak argitaratutako "Familia, telebista eta beste pantaila batzuk" eta "Familia eta teknologia berriak" izeneko dokumentuetako edukiak guraso taldeekin batera lantzeko prestakuntza ekintzak.

d) Familia Zuzendaritza Nagusiak argitaratutako "Haurren babesa: familiaren eginkizuna" dokumentuko edukiak guraso taldeei zabaltzeko eta haiekin batera lantzeko prestakuntza ekintzak.

e) Haurren adopzioa edo familia-harrera egiten duten familien elkarteek sustatzen dituzten tailerrak, hitzaldiak edo solasaldiak.

f) Premiazko egoera eta une jakin batzuetan seme-alaba adingabeei arreta emateko asmoz, elkarteek bazkideentzat sustatzen dituzten proiektuak.

2. Deialdi honen esparrutik kanpora gelditzen dira guraso elkarteak, beren jardueretarako beste diru-laguntza batzuk dituzte eta.

3. Diru-laguntzaren zenbatekoa eta laguntza-metaketa.

1. Diruz lagungarri den kostu osoa ezin da 5.000 eurotik gorakoa izan.

2. Era berean, deialdi honen babesean eskatzen den kopurua 5.000 eurokoa izanen da gehienez. Bestela, eskaera ez da onartuko.

3. Diru-laguntzak emateko ezinbestekoa izanen da aurrekontuan horretarako diru nahikoa egotea.

4. Deialdian aurkezten diren elkarteek proiektu edo ekintza bakar baterako diru-laguntza jasotzen ahalko dute.

5. Diru-laguntzak emateko prozedura norgehiagokako araubideari jarraikiz tramitatuko da.

4. Diru-laguntza jaso dezaketen gastuak.

1. Diruz laguntzen ahal diren gastuak diru-laguntzaren xedeko jarduera garatzeko beharrezkoak direnak izanen dira.

2. Diru-laguntza proiektu jakin baterako jasotzen duten elkarteek langileria eta funtzionamendu gastuetarako eta jardueretarako erabiliko dute. Funtzionamendu gastuak ematen den diru-laguntzaren %30 izanen dira gehienez.

5. Betebeharrak.

1. Deialdi honen ondorioetarako, familia elkarteek betebehar hauek izanen dituzte eskaera aurkezten duten egunean:

a) Legez eratutako pertsona juridikoa izatea eta bidezkoak diren erregistroetan inskribatuta egotea:

-Nafarroako Gobernuko Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuaren mendeko Elkarteen Erregistroan.

-Entitatearen izaera juridikoagatik dagozkion beste erregistro batzuk.

b) Irabazi asmorik ez izatea eta egoitza soziala Nafarroan izatea.

c) Estatutuetan agertzea, erakundearen xede gisa, familiarekin zerikusia duten jarduerak eginen direla.

d) Zergei buruzko betebeharrak, Gizarte Segurantzakoak eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen aldeko zorrak ordaintzeari buruzkoak eguneratuak izatea, edo, bestela, entitate horiekin ordainketa geroratu edo zatikatzeko akordioa lortu dela frogatzea.

e) Helburuak bete ahal izateko egitura egokia eta langile eta baliabide aski izatea eta proposatutako helburuak lortzeko behar den esperientzia eta gaitasun operatiboa frogatzea.

f) Familiaren, Haurraren eta Kontsumoaren Zuzendaritza Nagusiaren diru-laguntzak hartu badituzte lehenago, frogatu beharko dute diru-laguntza horiek emateko ebazpenetako eginbehar guztiak bete dituztela.

g) Diru-laguntzen onuraduna izateko Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 13. artikuluko 2. eta 3. idatz-zatietan ezarritako gainerako debekuetatik salbu egotea.

2. Aipatutako betebehar horiek guztiak eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean eta diruz lagundutako jarduerak irauten duen denbora guztian bete beharko dira.

6. Proiektua edo ekintza gauzatzeko epea.

Diruz lagundutako proiektuak urte batean gauzatu behar dira. Edozein egunetan hasten dela ere, diruz lagunduko diren jarduerek 2011ko abenduaren 31rako bukatuak izan behar dute.

7. Eskaerak non eta noiz aurkeztu.

Diru-laguntza eskaerak deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik 30 egun naturaleko epean aurkeztuko dira Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuko Erregistroan (González Tablas kalea, z.g.) edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4. artikuluan ezarritako erregistroetako batean.

Posta bulegoen bidez aurkezten diren eskaeretan gutun-azalak zabalik egon beharko du, lehenbiziko orrialdeko goiko aldean onarpen data eta abenduaren 3ko 1829/1999 Errege Dekretuan, posta zerbitzuak arautzen dituen horretan, aipatzen diren gainerako zehaztapenak agerraraz daitezen.

8. Agiriak.

Eskaera egiteko eskabide orokorra aurkeztu behar da, elkartea legez ordezkatzeko ahalmen nahikoa duen pertsona batek sinatua, honako agiri hauekin batera:

a) Elkarte eskatzaileari buruzko agiri orokorrak:

-Elkartearen estatutuak.

-Elkartearen legezko helbidearen ziurtagiria.

-Eskabidea sinatzen duen ordezkariari emandako ahalordea egiaztatzen duen agiria eta haren nortasun agiri nazionala.

-Kasuan kasuko inskripzioak bidezko diren erregistroetan egin direla frogatzen duten agiriak:

  • Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuaren mendeko Elkarteen Erregistroa.
  • Entitatearen izaera juridikoagatik, dagokion beste edozein inskripzioren egiaztagiria.

-Identifikazio fiskaleko txartela.

-Hala behar izanez gero, eta deialdi honen 12. oinarrian ezarritakoari dagokionez, diru-laguntzaren helburuak betetzeko funtsak aurretik jaso beharra frogatzen duen txostena. Bereziki justifikatu beharko da elkarteak ordainketak egin behar dituela diru-laguntzaren xedeko jarduera justifikatu baino lehen, edo ez duela ordainketa horiei aurre egiteko funtsik.

-Transferentzia bidez ordaintzeko eskaera.

-Erantzukizuneko aitorpena, elkartearen ordezkariak emana, elkartea, administratzaileak eta ordezkariak diru-laguntzen onuradun izateko debekuetan ez daudela dioena. Debeku horiek Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 13. artikuluko 2. eta 3. idatz-zatietan ageri dira.

Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 13. artikuluko 8. idatz-zatian eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko Foru Legearen 9. artikuluko 4. idatz-zatian xedaturikoarekin bat, ziurtagiriak Foru Komunitateko Administrazioko organoek eman behar badituzte edo administrazio honek dagoeneko badauzkan datuak badira, ez da beharrezkoa izanen eskatzen diren agiriak aurkeztea. Kasu horietan, agirietan aldaketarik izan ez bada, berriz aurkeztu beharrean, elkartearen ordezkariaren aitorpen bat egin daiteke, inguruabar hori azaltzeko.

b) Diru-laguntzaren xedeko programaren eta/edo jardueren gaineko txosten teknikoa, haien deskribapena eta ondoko datu hauek zehazturik:

-Helburuak.

-Zein giza-talderi zuzentzen zaizkion ekintzak.

-Eginen diren jarduerak eta haien metodologia.

-Giza baliabideak.

-Laguntza emanen zaien pertsonen kopuruaren kalkulua, eta ekintzen bidez lortu nahi diren emaitzen aipamena.

-Lan egutegia. Ekintzak diru-laguntza eskatzen den urte berean egin beharko dira.

-Programa eta/edo jarduerarako aurreikusi den ebaluazio prozesua.

-Eta proiektua baloratzeko interesgarriak izan daitezkeen gainerako gorabehera guztiak.

c) Agiri ekonomikoak:

-Proiektuaren eta/edo ekintzaren aurrekontu osoa.

-Proiektua edo ekintza garatzeko eskatzen den zenbateko zehatza, gehienez ere 5.000 eurokoa.

Bai proiektuaren aurrekontu osoaren bai eskatzen den zenbateko zehatzaren gastuak kontzeptuetan banatuta emanen dira (langileak, funtzionamendua eta jarduerak).

-Proiektu osoa finantzatzeko dauden beste baliabide batzuk.

9. Antolamendua eta instrukzioa.

1. Deialdi honen ondorioetarako, diru-laguntzak emateko prozedura antolatu eta instruitzeko eginkizunak Familiaren Sustapenerako Zerbitzuari esleitu zaizkio. Oinarri hauetan instrukzio organoari buruz egindako aipamenak zerbitzu horri egindakotzat hartuko dira.

Instrukzio organoak administrazio publikoko teknikari (arlo juridikoa) baten laguntza izanen du.

2. Eskaerak aipatu diren baldintzak betetzen ez baditu, elkarte interesdunari eskatuko zaio 15 egun naturaleko epean okerra zuzendu dezala, eta hala egin ezean, eskaera bertan behera geldituko da, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legeak eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko Foru Legeak ezarritako moduan ebazpena eman ondotik.

3. Ez da diru-laguntza eskaerarik tramitatuko memoria teknikoa eta ekonomikoa erantsi ez baditu eta, hala badagokio, aurreko urteko diru-laguntzaren ondoriozko fakturak aurkeztu ez badira.

4. Eskaerak baloratzeko batzorde tekniko bat sortuko da, honako hauek osatua: Familiaren Sustapenerako Zerbitzuko zuzendaria, Familiaren Ataleko burua eta Familia Bulegoko burua.

5. Proiektuak baloratu ondoren, instrukzio organoak ebazpen proposamena igorriko dio organo eskudunari.

10. Balorazioa.

1. Entitate eskatzaileek aurkeztutako proiektuak baloratzeko honako irizpide hauek erabiliko dira:

Entitate eskatzaileen balorazioa: 15 puntu gehienez, honela banaturik:

Entitatearen helburuak, 5 puntu gehienez.

Familiaren esparruan aurretik zuen esperientzia, 5 puntu gehienez.

Herrian, probintzian edo bestelako esparruetan hezkuntza, gizarte edo osasun arloko beste entitate eta elkarte batzuekin lankidetza eta koordinazioa izatea, gehienez 5 puntu.

b) Proiektuen balorazioa 45 puntu gehienez, 8. oinarriaren b) letran eskatutako edukia kontuan hartuta. Zehazki:

-Programaren kalitatea, 35 puntu gehienez.

-Aurreko urteetan egindako programen eraginkortasuna, 10 puntu gehienez.

c) Baloratu beharreko beste alderdi batzuk, gehienez 40 puntu. Zehazki:

-Aurreko ekitaldietan abiarazitako programa eta jardueren jarraipena bultzatzea interes publikoko arrazoiengatik, gehienez 20 puntu.

-Oinarrizko zerbitzu komunitarioek egindako beste programa batzuen osagarri izatea eta haiekin koordinatzea, 5 puntu gehienez.

-Hobekuntza eta alderdi berritzaileak izatea, 15 puntu gehienez.

2. Ondoko elkarte hauek deialditik at geldituko dira:

a) Oinarri honetako lehen ataleko a) letran aurreikusitako balorazioan 8 puntu baino gutxiago lortzen duten elkarteak.

b) 8. oinarriaren b) letran eskatutako edukiarekin bat ez datorren programa aurkezten dutenak.

c) Oinarri honetako lehen ataleko b) letran aurreikusitako programen balorazioan 25 puntu baino gutxiago lortzen dutenak.

d) Oinarri honen lehen ataleko b) letran aurreikusitako programaren kalitatearen balorazioan 20 puntu baino gutxiago lortzen dutenak.

e) Oinarri honen lehen ataleko c) letran aurreikusitako alderdien balorazioan 20 puntu baino gutxiago lortzen dutenak.

f) Deialdiaren guztirako balorazioan 53 puntu baino gutxiago lortzen dutenak.

3. Baztertu ez diren elkarteen zerrenda bat eginen da, puntuazioaren araberakoa, eta bakoitzari eman beharreko diru-laguntzaren zenbatekoa ezarriko da.

4. Diru-laguntzaren zenbatekoa ondoko puntuazio hauen arabera finkatuko da:

a) 86 puntu edo gehiago: eskatutako zenbatekoaren %100.

b) 70 puntutik 85 puntura: eskatutako zenbatekoaren %90.

c) 60 puntutik 69 puntura: eskatutako zenbatekoaren %75.

d) 50 puntutik 59 puntura: eskatutako zenbatekoaren %50.

5. Diru-laguntzak emateko, ezarritako balorazio irizpideak aplikatzeak dakarren lehentasun ordenari jarraituko zaio, erabilgarri dagoen kreditua agortu arte.

6. Onetsitako eskaera guztietarako behar beste dirurik ez badago aurrekontuan, banaketa proportzionala edo hainbanaketa eginen da elkarte onuraradun guztien artean.

11. Ebazpena.

1. Prozedura instruitu eta ebazpen proposamena igorri ondoren, Familiaren, Haurraren eta Kontsumoaren zuzendari nagusiak ebazpena emanen du.

2. Ebazpena eman eta jakinarazteko epea hiru hilabetekoa izanen da, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita. Epe hori ebazpen espresurik eman eta jakinarazi gabe bukatzen bada, eskaera ezetsi egin dela ulertuko da, gero ematen den ebazpen espresuaren nondik norakoa edozein delarik ere.

3. Ebazpenean, gutxienez, diru-laguntza jasotzen duten eskatzaileen zerrenda, diruz lagundutako proiektuak eta bakoitzari emandako diru-laguntzaren zenbatekoak jaso beharko dira, eta espresuki adieraziko da zein eskaerari esan zaion ezetz, halakorik baldin bada.

12. Ordainketa.

1. Ekintza edo proiektua gauzatu dela frogatu ondoren ordainduko da diru-laguntza, oro har. Proiektuan ekintza bereiziak badaude, ordainketa zatikatuak egiten ahalko dira, ekintza horien gastuak justifikatu ondoren.

2. Hori hala izanik ere, diru-laguntza aldez aurretik ordaintzen ahalko da, onartutako laguntzaren %25eko ordainketa zatikatuen bitartez, eta entitate bakoitzari emandako zenbateko osoaren %25 aurreratuko da gehienez ere.

A) Lehenengo ordainketa zatikatua diru-laguntza ematen duen ebazpena sinatzean eginen da, eta horretarako beharrezkoa izanen da diru-laguntzaren xedeak betetzeko funtsak behar direla justifikatzea, 8. oinarrian ezarritakoari jarraikiz. Aurrerakin hori jasotzeko beharrezkoa izanen da Ekonomia eta Ogasun Departamentuaren berariazko baimena, Foru Ogasunak onartutako betebeharrei aurre egiteko funts likidoen egoeraren arabera emana.

B) Bigarren ordainketa eta hurrengoak lehenago ordaindutako zenbatekoaren gastuak justifikatu ondoren eginen dira, deialdiaren 14.1.g) letran ezarritako moduan.

13. Jarraipena eta kontrola.

Instrukzio organoak gauzatzen diren jarduketen jarraipena, ebaluazioa eta kontrola eginen ditu, eta haien kalitateaz eta eraginkortasunaz arduratuko da. Horretarako, jarraipen eta kontrolerako beste jarduketa batzuk galarazi gabe, entitate onuradunak urtero memoria tekniko bat aurkeztu beharko du, egindako jarduerei buruzkoa.

14. Elkarte onuradunen betebeharrak.

1. Elkarte onuradunek betebehar hauek izanen dituzte:

a) Diru-laguntza zein programa eta jardueratarako ematen den, horiek deialdiaren oinarrien arabera gauzatzea, ez baita zilegi diru hori beste helburu batzuetarako erabiltzea.

b) Jarduera egin dela eta diru-laguntza emateko edo erabiltzeko baldintza guztiak bete direla justifikatzea, jarduera bukatu eta hilabeteko epean, eta betiere 2012ko urtarrilaren 10a baino lehen, 2011ko abenduaren 31rako bukatu diren jarduerak badira.

c) Laguntza ematen duen organoak eta indarra duen antolamendu juridikoaren arabera eskudun diren bestelakoek egin beharreko egiaztapen jarduketak onartzea.

d) Lagundutako jarduera finantzatzeko eskatu edo lortutako bestelako diru-laguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabideen berri ematea diru-laguntza eman duen organoari. Jakin bezain laster emanen da haien berri eta, betiere, jasotako dirua zertan erabili den justifikatu baino lehen.

e) Jasotako funtsen aplikazioari buruzko frogagiriak gordetzea, agiri elektronikoak barne, egiaztatze eta kontrol lanak egin ahal izateko.

f) Entitatearen izaera dela-eta, galdatzen ahal zaizkion kontabilitate arloko betebeharrak betetzea.

g) Froga gisa, entitateak programaren diru-sarreren eta gastuen balantzea aurkeztuko du eta, harekin batera, diruz lagundutako programari aplikatutako gastuen zerrenda bat, non zehaztuko baitira dokumentu zenbakia, kontzeptua, jaulkitzailea, hartzailea, jaulkipen-data eta ordainketaren data eta zenbatekoa.

Zerrenda horrek frogagirien bermea beharko du (fakturak edo antzeko froga-balioa duten dokumentuak); jatorrizkoak izan beharko dute, eta fotokopia bat erantsita aurkeztuko dira. Frogagiri guztietan (fakturak, banku-laburpenak, ordainagiriak, etab.) honako hauek agertuko dira: jaulkitzailea, hartzailea, data, kontzeptua, prezioa eta ordainketa-modua; eta ordainketa frogatzen duen dokumentua erantsita eduki behar dute.

h) Memoria teknikoa aurkeztea. Bertan, gutxienez, honako datu hauek bilduko dira:

-Elkartearen eta proiektuaren edo ekintzaren identifikazioa.

-Lortutako helburuak.

-Parte hartu edo onura lortu duen giza taldea.

-Egindako jardueren azalpen laburra, edukiak, metodologia, bilakaera denboran eta beste erakundeekin izandako koordinazioa jasoz.

-Proiektua edo ekintza gauzatzerakoan izandako zailtasunak.

-Proiektuaren balorazioa, ezarri ziren irizpideen araberakoa.

i) Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako kontseilariak uztailaren 2an emandako 212/2010 Foru Aginduan ezarritako betebeharrak betetzea. Agindu horren bidez, gizarte zerbitzuen, garapenerako lankidetzaren, familiaren, haurren eta kontsumoaren arloetan diruz lagundutako edo kontratatutako zerbitzu eta zentroetan egiten diren programa, jarduera, inbertsio eta jarduketetan Nafarroako Gobernuaren partaidetza zabaltzeko arauak ezarri dira.

j) Ekintza edo proiektua egiteko hornitzaileen kontrataziorako 12.000 euro baino gehiago behar baldin badira, diru-laguntzaren onuradunak behar den bezala frogatu beharko du hornitzailea eragimenaren eta ekonomiaren irizpideei jarraikiz hautatu dela.

Horretarako, entitateak aski izanen du ekintza edo proiektua egiteko hiru aurrekontu aurkeztea, horretarako bidea baldin badago.

k) Diruz lagundutako jardueraren parte bat egiteko hirugarrenekin azpikontratazioa egin behar izanez gero, azpikontratazio horrek ez du emandako diruaren %50 baino gehiago hartuko.

15. Ez-betetzea.

1. Elkarte onuradunak deialdi honen oinarrietan eta Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritako betebeharrak ez betetzeak diru-laguntza galtzea eta jasotako dirua itzuli beharra ekarriko du berarekin, bai eta ordainketaren dataz geroztikako berandutza korrituak ere, halakorik bada, Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko Foru Legean ezarritakoaren arabera, eta horrek ez ditu ezertan galaraziko aipatu 11/2005 Foru Legearen II. tituluaren arabera eska daitezkeen erantzukizunak.

2. Aurrekoa gorabehera, bidezkoa izanen da eskubidea kentzea eta jasotako diru guztia itzularaztea, honako kasu hauetan:

a) Diru-laguntza jasotzeko proiektuaren oinarrian zeuden ekintzak ez burutzea.

b) Diru-laguntzak zuen xedea edo hura emateko ezarritako baldintzak ez betetzea.

c) Laguntza eskuratzea eskatzen ziren baldintzak bete gabe.

3. Orobat, bidezkoa izanen da eskubidea kentzea eta jasotako diru kopuruaren %50 itzularaztea, baldin eta diruz lagundutako proiektuan funtsezko aldaketak egiten badira Familiaren, Haurraren eta Kontsumoaren Zuzendaritza Nagusiak baimena izanda, eta %100 itzuli beharko da, zuzendaritza nagusi horrek aldaketak onartzen ez baditu.

Ildo horretan, elkarte onuradunek diru-laguntza eman eta haren zenbatekoa finkatzeko aintzat hartutako baldintzen aldaketa guztien berri eman beharko diote Familiaren, Haurraren eta Kontsumoaren Zuzendaritza Nagusiari.

Bestalde, salbuespen gisa, entitateek zilegi izanen dute diruz lagundutako programaren edukia aldatzeko eskatzea, bai eta hura egiteko modua eta epeak ere, haren garapena eragozten duten gorabeherak azalduz gero.

4. Gainera, bidezkoa izanen da eskubidea kentzea eta jasotako diruaren %25 itzularaztea, honako kasu hauetan:

a) Ezarritako modu eta epeetan ez justifikatzea laguntzak zertan erabili diren.

b) Organo eskudunaren egiaztapen lanak oztopatzea edo egiten ez uztea, horren ondorioz ezinezkoa gertatzen bada egiaztatzea jasotako funtsak nola erabili diren, helburuak bete ote diren, diruz lagundutako jardueren errealitatea eta erregulartasuna edo helburu bererako bateraezinak diren beste diru-sarrera batzuk izan ote dituen.

5. Azkenik, Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako kontseilariak uztailaren 2an emandako 212/2010 Foru Aginduan ezarritako betebeharrak ez betetzea. Agindu horren bidez, gizarte zerbitzuen, garapenerako lankidetzaren, familiaren, haurren eta kontsumoaren arloetan diruz lagundutako edo kontratatutako zerbitzu eta zentroetan egiten diren programa, jarduera, inbertsio eta jarduketetan Nafarroako Gobernuaren partaidetza zabaltzeko arauak ezarri dira.

16. Diru-laguntzaren bateragarritasuna.

Foru agindu honetako diru-laguntzak bateragarriak izanen dira helburu bererako ematen diren bestelako diru-laguntzekin, betiere haien zenbatekoa, bakarrik edo beste diru-laguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide bereki batzuekin baturik, elkarte onuradunak egin beharreko jardueraren kostua baino handiagoa ez bada.

17. Errekurtsoak.

1. Foru agindu honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu edo errekurtsoaren xede den ekintza jakinarazi eta biharamunetik hasita hilabeteko epean, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legean eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko Legean adierazitakoari jarraikiz.

2. Foru agindu hau aplikatzeko egintzen aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako kontseilariari zuzendua, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu edo errekurtsoaren xede den egintza jakinarazi eta biharamunetik hasita hilabeteko epean, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legean eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko Foru Legean adierazitakoari jarraikiz.

18. Aplikatu beharreko legeria.

Foru agindu honetan aurreikusirik ez dagoen orotan Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean eta aplikatu beharreko gainerako arauetan ezarritakoari jarraituko zaio.

Iragarkiaren kodea: F1106795