9. ALDIZKARIA - 2011ko urtarrilaren 14a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

1347/2010 EBAZPENA, abenduaren 28koa, Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendari nagusiak emana, Nafarroako oinarrizko sareko siloen erabilera kudeatuko duen entitatea izendatzeko oinarriak eta deialdia onesten dituena.

Abenduaren 18ko 2654/1985 Errege Dekretuaren bidez Nafarroako Foru Komunitatera eskualdatu ziren nekazaritza, abeltzaintza eta mendi arloetako zerbitzuak.

Gero abuztuaren 1eko 1327/1997 Errege Dekretuaren bidez Estatuko Administraziotik Nafarroako Foru Komunitatera eskualdatutako nekazaritza arloko zerbitzuei atxikitako bitartekoak osatu eta handitu ziren (Nekazaritza Bermatzeko Europako Funtsa -NBEUF-). Aipatutako errege dekretuaren eranskineko 3. atalarekin bat, Estatuko Administrazio Orokorrari dagokio eta berak gauzatuko du produktuen eta laguntzen kudeaketa, baldin eta horien helburua bada beren izaeragatik Estatuaren esku-hartzea behar duten nekazaritza eta abeltzaintza merkatuetan esku hartzea edo horiek arautzea. Halaber, esportazioaren itzulketak eta Europar Batasunarekin harrreman funtzioak ere badagozkio.

Aipatutako errege dekretuaren eranskineko 5. atalarekin bat, Nafarroako Foru Komunitatera eskualdatu ziren Nafarroako oinarrizko sareko siloak.

Nekazaritza Bermatzeko Espainiako Funtseko Zuzendaritza Nagusiaren 1997ko irailaren 12ko Ebazpenak hala xedatuta argitaratu zen Espainiako Aldizkari Ofizialean merkatuetan esku hartzeko eta horiek arautzeko jarduketen kudeaketa Nafarroako Foru Komunitateari esleitzen dion hitzarmena (1997ko 234. Espainiako Aldizkari Ofiziala, irailaren 30ekoa).

Hitzarmen horren zazpigarren baldintzan ezartzen da Nafarroako Foru Komunitateak, zerealen erosketa eta biltegiratze edukiera kudeatzeko, bere lurralde-eremuan erabilgarri izanen duela, berehalakoan esku hartzeko, 50.150 tona biltegiratze lekua, oinarrizko sareko siloak dauden udalerrietan (eskualdatzeko akordioan zehaztu ziren silo horiek).

Ondoren, Nekazaritza Bermatzeko Espainiako Funtsaren 2006ko irailaren 11ko Ebazpenaren bidez, xedatu zen Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioaren eta Nafarroako Foru Komunitatearen arteko lankidetza-hitzarmena argitaratzea. Horren bidez nekazaritza merkatuetan esku hartzeko oinarrizko biltegiratze sarea aldatu eta sare berri bat ezarri zen (2006ko 230. Espainiako Aldizkari Ofiziala, irailaren 26koa).

Aldaketa harekin bat, Iruña, Tafalla, Caparroso eta Leringo siloek osatzen dute Nafarroako oinarrizko biltegiratze sarea, eta 7.500, 15.000, 3.800 eta 4.800 tonako edukiera dute hurrenez hurren. Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari atxikirik daude higiezin horiek, abenduaren 15eko 378/1997 Foru Dekretuarekin bat.

Silo horien sarearen helburua da zerealen merkatuaren erregulazioa lortzea, prezioak muga batetik behera egiten duenean esku hartuz.

Gero eta gutxiagotan esku hartzen da merkatuetan, eta, gaur egungo egoeran, aurreikusten da etorkizunean deus gutxi esku hartuko dela, nekazaritzaren bilakaeraren ondorioz eta gero eta zorrotzagoa den arautegiaren ondorioz.

Krisi egoerak edo merkatuaren nahaste larriak gertatzen badira eta beharrezkoa bada Nafarroako Foru Komunitateak presaz esku hartzea, bermaturik egon behar du biltegiratze unitateak eskura egonen direla. Baina, presaz esku hartzen ahal izatea bermaturik, komeni da siloei ahalik eta etekin handiena ateratzea eta sektoreak horiek erabil ditzala baimentzea, betiere horrek silo horien jatorrizko erabilera oztopatzen ez badu.

Ahalik eta erabilera zabalena izateko, egoki jotzen da biltegi horiek erabiltzeko nekazaritza-elkarteek lehentasuna izatea.

Nafarroako Ondareari buruzko apirilaren 4ko 14/2007 Foru Legeak (jabari publikoko ondasun eta eskubideak ukitzen dituzten baimenei begira aplikazio ordeztailea duena, arau berezirik ez badago edo arau horiek aski ez badira, 83. eta 88. artikuluetan zehazten den moduan) xedatzen duenez, ondasunak zein departamenturi atxiki, departamentu horrek emanen ditu baimen horiek, eta berari dagokio baimena emateko baldintzak ezartzea.

Horrenbestez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22. artikuluak eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen irailaren 3ko 124/2007 Foru Dekretuak ematen dizkidan eskumenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Nafarroako oinarrizko sareko siloen erabilera kudeatuko duen entitatea izendatzeko oinarriak eta deialdia onestea. Oinarri horiek ebazpen honen I. eranskinean ageri dira, eta sarea Iruña, Tafalla, Caparroso eta Leringoko siloek osatua dago.

2. Nafarroako biltegiratze publikorako oinarrizko sarearen erabilera kudeatzeko hitzarmena eta bere eranskinak onestea. Agiri horiek ebazpen honen II. eranskinean ageri dira.

3. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara daitezela agintzea.

4. Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, argitaratzen denetik hilabeteko epean.

Iruñean, 2010eko abenduaren 28an.-Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendari nagusia, Ignacio Guembe Cervera.

I. ERANSKINA

Nafarroako oinarrizko sareko siloen erabilera kudeatuko duen entitatea izendatzeko oinarriak

Lehena.-Xedea.

1. Oinarri hauen xedea da Nafarroako oinarrizko sareko siloen erabilera kudeatuko duen entitatea izendatzeko prozedura ezartzea, norgehiagokako araubidearen bidez. Sare hori ondoko siloek osatzen dute:

-Tafallako 27. poligonoko 29. lurzatian dagoen siloa.

-Caparrosoko 3. poligonoko 447. lurzatian dagoen siloa.

-Leringo 1. poligonoko 1099. lurzatian dagoen siloa.

-Iruñeko 4. poligonoko 2691. lurzatian dagoen siloa.

2. Gelaxka bertikalak erabiltzen ahalko dira bakarrik, ez erabilera administratiborako guneak.

3. Aurreko atalean xedatutakoa gorabehera, Nafarroako oinarrizko sareko siloak izanik, bermatu behar da, baldin eta krisi egoerak edo merkatuaren nahaste larriak gertatzen badira eta beharrezkoa bada Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak presaz esku hartzea, berehalakoan eskura egonen direla.

Bigarrena.-Izendatutako entitate gisa parte hartzeko eskaera.

1. Nekazaritza sektoreko irabazi-asmorik gabeko entitateek edo nekazaritzarekin lotutako jarduerak dituztenek aurkezten ahalko dituzte eskaerak, betiere helbide soziala Nafarroako Foru Komunitatean baldin badute.

2. Eskaerak Nafarroako Gobernuko Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuan, Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokorrean edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan adierazten diren lekuetako edozeinetan aurkeztuko dira, zazpi egun naturaleko epean, ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aurrera zenbatuta.

Parte hartzeko eskabidearekin batera, entitateak honako agiri hauek aurkeztu beharko ditu:

a) Estatutuen kopia, erakundearen helburu soziala adierazita.

b) Eskabidea egin aurreko urteko jardueren memoria laburra, zereal sektoreari dagokiona. Ordezten dituen entitateek merkaturatutako edo manufakturatutako zereal kantitatea adierazi beharko da.

c) Kudeaketarako dituen giza baliabideen aipamena.

d) Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko Ekonomia eta Ogasun Departamentuaren ziurtagiria, eskatzaileak edo elkarte eskatzaileak Nafarroako Foru Ogasunarekin zerga arloko betebeharrak eguneraturik dituela frogatzen duena, eskaera aurkezteko epea bukatu baino gehienez hiru hilabete lehenago emana. Kasua bada, baldintza hori betetzen duela egiaztatzeko baimena Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari ematen zaiola adierazi ahalko da eskaeran.

e) Gizarte Segurantzaren ziurtagiria, eskatzaileak edo elkarte eskatzaileak indarreko xedapenen arabera Gizarte Segurantzarekin dituen betebeharrak eguneraturik dituela frogatzen duena, eskaera aurkezteko epea bukatu baino gehienez sei hilabete lehenago emana. Kasua bada, baldintza hori betetzen duela egiaztatzeko baimena Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari ematen zaiola adierazi ahalko da eskaeran.

3. Aurkeztutako dokumentazioa osagabea bada edo akatsen bat baldin badu, interesdunari eskatuko zaio hamar egun naturaleko epean akatsa zuzen dezala edo eskatutako dokumentuak erants ditzala. Hori egin ezean, eskaerari uko egin diola ulertuko da.

Hirugarrena.-Siloen erabilera kudeatuko duen entitatea izendatzea.

1. Nekazaritza Zerbitzuak aztertuko ditu aurreko oinarrian adierazitako baldintzak betetzen dituzten eskaerak. Eskaeren balorazioan, kide edo bazkide guztiak batera hartuta zereal kantitate altuena merkaturatzen duten entitateei emanen zaie lehentasuna.

2. Eskaerak ebaluatu ondoren, Nekazaritza Zerbitzuak ebazpen proposamena igorriko dio Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendari nagusiari, eta horrek Nafarroako oinarrizko sareko siloen erabilera kudeatuko duen entitatea izendatuko du.

3. Hori izendatzeko prozedura ebazteko gehieneko epea 7 egun naturalekoa izanen da, ebazpen proposamena gauzatzen denetik.

Laugarrena.-Hitzarmena gauzatzea.

Izendatutako entitateak hitzarmena gauzatu beharko du Nafarroako Gobernuko Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuarekin, II. eranskinean agertzen den ereduaren arabera eta bost eguneko epean, siloen erabilera kudeatuko duen entitatea bera dela ezartzen duen ebazpena jakinarazten zaionetik.

II. ERANSKINA

Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren eta Nafarroako oinarrizko sareko siloen erabilera kudeatzeko izendatutako entitatearen arteko hitzarmenaren eredua

Iruñean, 2010eko ..................aren ...........(e)an bildu dira,

Batetik, Begoña Sanzberro Iturriria andrea, Nafarroako Gobernuko Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilaria.

Bestalde, ............................................................ jauna/andrea, Nafarroako biltegiratze publikorako oinarrizko sareko siloen erabilera kudeaketarako izendatutako entitatea (IFK: .............................) ordezkatuz, entitate horretako ........................................... den aldetik.

Bi aldeek hitzarmen hau sinatzeko behar besteko gaitasun juridikoa aitortu diote elkarri eta, hala,

ADIERAZTEN DUTE:

Lehena.-Abenduaren 18ko 2654/1985 Errege Dekretuaren bidez Nafarroako Foru Komunitatera eskualdatu ziren nekazaritza, abeltzaintza eta mendi arloetako zerbitzuak.

Abuztuaren 1eko 1327/1997 Errege Dekretuaren bidez Estatuko Administraziotik Nafarroako Foru Komunitatera eskualdatutako nekazaritza arloko zerbitzuei atxikitako bitartekoak osatu eta handitu ziren (Nekazaritza Bermatzeko Europako Funtsa -NBEUF-). Aipatutako errege dekretuaren eranskineko 3. atalarekin bat, Estatuko Administrazio Orokorrari dagokio eta berak gauzatuko du produktuen eta laguntzen kudeaketa, baldin eta horien helburua bada beren izaeragatik Estatuaren esku-hartzea behar duten nekazaritza eta abeltzaintza merkatuetan esku hartzea edo horiek arautzea. Halaber, esportazioaren itzulketak eta Europar Batasunarekin harreman funtzioak ere badagozkio. Eranskin horretako 5. atalarekin bat, ondasun higiezin batzuk Nafarroako Foru Komunitatera eskualdatu ziren; haien artean siloak, batetik une hartan Nafarroako oinarrizko sarearen parte zirenak eta, bestetik, ez zirenak.

Nekazaritza Bermatzeko Espainiako Funtseko Zuzendaritza Nagusiaren 1997ko irailaren 12ko Ebazpenak hala xedatuta argitaratu zen Espainiako Aldizkari Ofizialean merkatuetan esku hartzeko eta horiek arautzeko jarduketen kudeaketa Nafarroako Foru Komunitateari esleitzen dion hitzarmena (1997ko 234. Espainiako Aldizkari Ofiziala, irailaren 30ekoa). Hitzarmen horretako zazpigarren baldintzan ezartzen da Nafarroak, zerealen erosketa eta biltegiratzea kudeatzeko, bere lurralde-eremuan erabilgarri izanen duela, berehalakoan esku hartzeko, 50.150 tona biltegiratzeko lekua, oinarrizko sareko siloak dauden udalerrietan (eskualdatzeko akordioan zehaztu ziren silo horiek).

Nekazaritza Bermatzeko Espainiako Funtsaren 2006ko irailaren 11ko Ebazpenaren bidez, xedatu zen Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioaren eta Nafarroako Foru Komunitatearen arteko lankidetza-hitzarmena argitaratzea. Horren bidez nekazaritza merkatuetan esku hartzeko oinarrizko biltegiratze sarea aldatu eta sare berri bat ezarri zen (2006ko 230. Espainiako Aldizkari Ofiziala, irailaren 26koa). Aldaketa harekin bat, Caparroso, Lerin, Iruña eta Tafallako siloek osatzen dute Nafarroako oinarrizko biltegiratze sarea, guztira 31.100 tonako edukiera duena.

Bigarrena.-Zerealen ekoizpen eta merkatuaren egoera, Espainian, nabarmenki defizitarioa da. Hori dela eta, uzta egoki arautu behar da, kanpainan zehar merkaturatzeko eta biltegiratze egoki eta homogeneoa bermatzeko.

Jarduketa horretan, haien zerealaren merkaturatzea modu homogeneoan arautzen duten eta kanpaina osoan zehar zereala merkatuari eskaintzen dioten zereal-elkarteek berebiziko garrantzia dute, kontsumo-eskaria neurri batean orekatzen laguntzen baitute.

Dena den, behar bezainbesteko biltegiratze edukiera ez dutenez, maiz samar gertatzen da haien ekoizpenaren zati handi bat saldu behar izaten dietela edukiera handiagoa dutenei, eta horrek eskaintza desorekatzera laguntzen du.

Neguko (ekainetik abuztura bitarte) eta udaberriko (irailetik aurrera) uztaldien segidak arazoa larriagotzen du, zereal-elkarteek uztaldi bietan asko ekoizten dutelako eta zereal-elkarteak ekoizpen bietatik bat merkaturatzera behartzen baititu, eta horrela zaila da zereal-eskaintza kanpainan zehar egoki banatzea.

Hirugarrena.-Nekazaritza-elkarteei biltegiratze publikorako oinarrizko sarean sartzeko bidea erraztuz gero, merkaturatze kanpaina hobe eta egokiagoa lortuko litzateke, eskaintzaren erregulazio desegokiak sortutako goranzko aldiak agertzera laguntzen duten desorekak desagertuko bailirateke.

Europar Batasunak biltegiratze publikoa nabarmenki murriztu duenez, nekazaritza-elkarteek biltegiratze hori jasotzen ahal lezakete, eta, dagoeneko aipatu denez, kanpainaren hasieran eskaintzaren gehiegizko metaketa eragotziko litzateke.

Laugarrena.-Kontuan hartuta Nafarroako Foru Komunitatean biltegiratze publikorako oinarrizko sare bat dagoela, 4 silok osatua dagoena, Caparroso, Lerin, Iruña eta Tafallako mugapeetan daudenak eta guztira 31.100 tonako edukiera dutena, eta zerealak berehala biltegiratzeko moduan daudela.

Bosgarrena.-Kontuan hartuta, merkatuaren gaur egingo egoera eta Nekazaritzako Politika Bateratuak sorturiko baldintzak direla medio, aipatutako siloak gaur egun ez direla erabiltzen nekazaritza-merkatuak erregulatzeko edo horietan esku hartzeko, eta haiek berehala erabiltzeko aurreikuspenik ez dagoela.

Seigarrena.-Kontuan hartuta, merkatuetan esku hartzeko eragiketak berriro abian jartzea beharrezkoa izanez gero egoki izan litekeela, eta, neurri egokiak hartuta, erabilera hori bateragarria izaten ahalko dela nekazaritza sektoreko entitateek egindako erabilerarekin.

Zazpigarrena.-Kontuan hartuta biltegiratze sare bat mantentzea garestia dela eta, biltegiak erabiltzeko aurreikuspen argirik ezean, justifikatzeko zaila ere; eta instalazioak ez erabiltzeak azkarrago hondatzen dituela.

Zortzigarrena.-Kontuan hartuta autonomia erkidego batzuk, NBEUF eta zereal-ekoizleak ordezkatzen dituzten elkarteen arteko lankidetza-hitzarmen batzuk badirela, autonomia horietako biltegiratze publikorako oinarrizko sareen erabilera arautzen dutenak.

Bederatzigarrena.-Ikusirik Nafarroako Foru Komunitatearen eta Nafarroako nekazaritza sektoreko entitateen -batez ere, nekazaritzako elkarteen- arteko koordinazioa ezar litekeela, eta horren bidez elkarte horien kideak aipatutako sarea erabil lezaketela, eta merkatuen erregulazioaren eta biltegiratze sarea mantentzearen inguruko arazoak -jada aipatuak- konpontzeko lagunduko luketela.

Horretarako, parte hartzaileek adostu dute hitzarmen hau egitea. Hitzarmen hau honako klausula hauek arautuko dute:

Klausulak

Lehena.-Xedea.

Hitzarmen honen xedea Nafarroako oinarrizko sareko siloen erabilerarako kudeaketa arautzea da, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren eta sare horren erabilera kudeatzeko izendatutako entitatearen artean, halako moduan non hark ordezkatzen dituen ordezkatutako entitateek -behar den erabilera-baimena izanda- biltegiratze unitateak erabili ahal ditzaten.

Bigarrena.- Alderdien betebeharrak.

Hitzarmen hau sinatzearekin, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak konpromiso hauek hartzen ditu:

a) Bere lurraldean, biltegiratze publikorako oinarrizko sareko unitateen erabilera kudeatzen uztea izendatutako entitateari, hark ordezkatutako entitateek unitate horiek erabili ahal ditzaten, betiere entitate kudeatzaileak aldez aurretik baimenduta.

Hitzarmen hau sinatzearekin, Nafarroako oinarrizko sareko siloen erabilera kudeatzeko izendatutako entitateak konpromiso hauek hartzen ditu:

a) Biltegiratze publikorako oinarrizko sarea osatzen duten siloei buruz Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak emandako informazioa bere baitan dauden entitateei helaraztea, eta zerrendan agertzen diren unitate bat edo batzuk erabiltzeko behar den baimena eskatzeko epea ezartzea.

b) Bere baitan dauden entitateek erabiltzeko baimenaren prozedura gauzatzea, hitzarmen honen A eranskinean agertzen den moduan.

c) Instalazioak behar bezala mantentzen direla egiaztatzea, eta haien erabilera hitzarmen honen B eranskinean agertzen den moduan gauzatzen dela.

d) Aipatutako sarean dauden siloak erabiltzeko baimenak -siloen erabilera kudeatzeko izendatutako entitateak berak emanak- jasotzea eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentura igortzea, haiek jasotzen dituztenetik hamar eguneko epean.

e) Siloak instalazioei buruzko lege- eta erregelamendu-araudia betetzeko behar diren egokitze-obrak gauzatzea, bere kontura, siloa nahi den helbururako gerta dadin.

f) Gastu, zerga eta gainerako tributuen ordainketa bere gain hartzea, baita erabilera-kudeaketaren kontserbatzeak eta mantentzeak dakartzaten gastuak ere, hauek besteak beste: igogailuak mantendu eta ikuskatzekoak, transformazio-zentroak mantentzekoak, tximistorratzak mantentzekoak, baskulak aztertzekoak, arratoigabetzekoak, su-itzalgailuak aztertzekoak eta bestelako funtzionamendu-gastuak.

g) Ondasunaren erabilera edo horren gaineko ekintzak gauzatzeko behar diren lizentzia eta baimenak eskuratu eta ordaintzea.

h) Erabilera-kudeaketarekin lotutako eragiketek hirugarrenei sorturiko kalte-galeren ordaina ematea.

i) Hornidura kontratuek (hala nola, telefonoa, elektrizitatea, ura) sorturiko gastuak ordaintzea.

Nafarroako oinarrizko sareko siloen erabilera kudeatzeko izendatutako entitateak kudeaketa-aldian sortutako eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak pagatutako gastuak ordainduko ditu, ordainketa gutun baten bidez.

j) Instalazioei eragin dakizkiekeen kalteak eta aurreko letran ezarritako kalte-ordainak estaltzen dituen aseguru poliza egitea, kaudimen ezaguna duen edozein entitaterekin. Poliza horren kopia bat Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari igorri beharko dio.

k) Debekatua dago kudeaketa edozein pertsona fisiko edo juridikori lagatzea.

l) Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak izendatutako teknikariek instalazioak ikuskatzeko egin behar dituzten lanak erraztea.

Hirugarrena.-Siloak erabiltzeko baimena duten entitateen betebeharrak.

Kudeaketarako izendatutako entitateak Nafarroako oinarrizko sareko silo bat edo batzuk erabiltzeko baimendu dituen entitateek honako betebeharrak izango dituzte:

a) Lan, gizarte segurantza eta laneko segurtasun eta osasunari buruzko indarreko xedapenak betetzea, baita kontratuaren xede den ustapena egiteko behar diren baimen eta lizentziei buruzkoak ere.

b) Entitateak erabiliko dituen langileak entitatearen menpe egongo dira soilik. Entitatea enpresaburu arituko da eta langileekiko indarreko legediak ezarritako eskubide eta betebehar guztiak bere gain hartuko ditu, eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentua ez da, inola ere, kontratista eta haren langileen betebeharren erantzule izanen.

c) Siloaren erabilera zereal edo bestelako bihiak biltegiratzera mugatzea -zereal ez diren bihien kasuan, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuan berariazko baimena eskatuz-, eta gainerako instalazioak nekazaritza sektoreari lotuta ez dauden jarduetarako ez erabiltzea.

d) Instalazioak eta lurrak erabilera-, garbitasun-, higiene- eta apaindura-egoera ezin hobean kontserbatzea, gutxienez jaso zuten egoera berean itzultzeko beharra betez. Horretarako behar diren kontserbazio- eta konponketa-lanak bere gain hartuko ditu.

e) Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak izendatutako teknikariek instalazioak ikuskatzearen ondorioz emandako jarraibideak betetzea.

Laugarrena.-Erabilera-baimenen iraupena.

Entitate kudeatzaileak bere baitan dauden entitateei ematen dizkien erabilera-baimenek 2 urteko iraupena izango dute.

Epe hori bukatuta, eta bi alderdiak ados jarrita, baimena luzatzen ahalko da, espresuki, jarraian eta 2 urtetik behin.

Baldintza hauek entitate kudeatzaileak ematen dituen baimen guztietan bete beharko dira.

Bosgarrena.-Suntsiarazteko arrazoiak.

Erabilera-baimena suntsiarazteko arrazoiak honako hauek izanen dira:

a) Bigarren klausulako e)-tik i)-arteko letretan ezarritako gastuak ez ordaintzea.

b) Lagatako instalazioak urtebetez ez erabiltzea, bidezko arrazoirik ez izanez gero.

c) Baimendutako instalazioen xedea edo helburua aldatzea, hirugarren klausulako c) letran xedatutakoarekin bat.

d) Erabilera-kudeaketa errentan utzi, laga edo eskualdatzea, bigarren klausulako k) letran aipatutakoarekin bat.

e) Bigarren klausulako j) letran eskatzen den asegurua ez egitea.

f) Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak izendatutako teknikariei instalazioetan sartzen ez erraztea, bigarren klausulako l) letran agertzen den moduan.

Seigarrena.-Lehengoratzea.

Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak hitzarmen hau indarrik gabe uzteko eskubidea du, gerora sortutako interes publikoko arrazoiek edo krisi egoerek edo presaz esku hartzera derrigortzen duten merkatuaren nahaste larriek justifikatzen badute.

Zazpigarrena.-Hitzarmenaren iraupena, aldaketa eta suntsiarazpena.

Hitzarmen honek 6 urteko iraupena izanen du, sinatzen den egunetik 2016ko abenduaren 31ra arte.

Bi alderdiek, ados jarrita, hitzarmena aldatzen edo suntsiarazten ahalko dute. Halaber, alderdi batek hitzarmena suntsiarazten ahalko du, besteak klausularen bat bete ez izana oinarrituta edo alderdietako batek arrazoitutako erabakiaren bidez. Klausularen bat ez betetzearen kasuan, bete ez duen alderdiari jakinarazi beharko zaio, gutxienez hilabete lehenagoko aurreabisu fede-emaile baten bidez eta beste alderdia entzun ondoren.

Aurrekoa gorabehera, suntsiarazpenak -arrazoia edozein izanik ere- ez du eragotziko egiten ari diren ekintzak bukatzea.

Zortzigarrena.-Izaera eta jurisdikzioa.

Hitzarmen hau administratiboa da eta, beraz, bere interpretazio, aplikazio eta ondorioei buruz auziak sortzen badira, errekurtso administratiboen araubidearen eta Administrazioarekiko auzietarako jurisdikzioaren mende egonen dira, jurisdikzio hori arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legeari jarraikiz.

Azaldutakoarekin adostasuna adierazteko, eta hitzartutakoa behar den bezala jasota gera dadin, aldeek hitzarmena sinatu dute, hiru aletan eta orrialde guztietan, goian adierazten diren lekuan eta egunean.

A ERANSKINA

Erabilera-kudeaketarako izendatutako entitateak bere kideei Nafarroan kokatuta dauden oinarrizko sareko siloak erabiltzeko baimena
emateko prozedura

I.-Xedea.

1. Baldintza hauen xedea da Nafarroako oinarrizko sareko honako silo hauek hein batean eta aldi baterako erabiltzeko siloak kudeatzeko izendatutako entitatearen kideei baimena emateko prozedura ezartzea:

-Tafallako 27. poligonoko 29. lurzatian dagoen siloa.

-Caparrosoko 3. poligonoko 447. lurzatian dagoen siloa.

-Leringo 1. poligonoko 1099. lurzatian dagoen siloa.

-Iruñeko 4. poligonoko 2691. lurzatian dagoen siloa.

Gelaxka bertikalak erabiltzen ahalko dira bakarrik, ez erabilera administratiborako guneak.

2.-Aurreko atalean xedatutakoa gorabehera, Nafarroako oinarrizko sareko siloak izanik, bermatu behar da, baldin eta krisi egoerak edo merkatuaren nahaste larriak gertatzen badira eta beharrezkoa bada Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak presaz esku hartzea, berehalakoan eskura egonen direla.

II.-Onuradunak.

1.-Siloak erabiltzen ahalko dute haien kudeaketarako izendatutako entitatearen parte diren eta helbide soziala Nafarroan duten entitateak.

III.-Eskaerak, eta onuradunak aukeratzea.

1.-Silo bat aldi baterako erabiltzeko baimena lortzeko, interesdunek eskaera idatziz egin beharko diote kudeaketarako izendatutako entitateari. Eskaeran zein biltegiratze unitate erabili nahi den adierazi behar da. Unitate bat baino gehiago eskatzen badira, lehentasunaren ordena adierazi beharko da.

Eskabideari erantsiko zaizkio erabileraren lagapena esleitzeko kudeaketarako izendatutako entitateak erabakiko dituen agiriak.

2.-Eskaeren balorazioan merkaturatutako zereal kantitate handiena duten entitatekideei emanen zaie lehentasuna.

IV.-Baimena ematea.

1.-Aurkeztutako baimen-eskaerak aztertuta eta balioztatuta, erabilera-kudeaketarako izendatutako entitateak kasuan kasuko siloa erabiltzeko baimena emango du.

B ERANSKINA

Erabilerako arau orokorrak

1. Aldian behin berrikuspenak eginen dira instalazioa guztiak (mekanikoak zein elektrikoak) zerbitzurako prest izateko, ondoren datorren mantentze-protokoloarekin bat.

2. Hilabetean behin behintzat instalazioak martxan jarri eta izan daitezkeen arazoak kontuan hartu eta konpondu beharko dira.

3. Presazko matxurak, elektrikoak zein mekanikoak, berehalakoan konponduko dira, baita instalazioak mantentzeko behar direnak ere.

4. Garbitasun orokor egokia izanen da instalazioetan. Horretarako erregulartasunez pasatuko da erratza, eta hautsa eta zikinkeria pilatzea saihestuko.

5. Izan daitezkeen izurrien kontrol egokia izan beharko da, eta horretarako enpresa espezializatu baten zerbitzuak kontratatuko dira.

Mantentze protokoloa

1. Garraiagailu, jasogailu, hautsak xurgatzeko zentrifugatzaile, esklusa eta abarretako koipeztatze puntuak erregularki koipeztatzea.

2. Erreduzitzaile, konpresore eta abarren olio mailak egiaztatzea eta, behar izanez gero, olio gehiago jartzea, eta ixte-eraztunak berrikustea eta konpontzea, olio galerarik baldin badago.

3. Motorren eta erreduzitzaileen arteko akoplamendu hidraulikoen olio maila eta funtzionamendua ezin hobea dela egiaztatzea, eta, behar izanez gero, olio gehiago jartzea.

4. Instalazioaren (motorrak, garraiagailuak, jasogailuak etab.) errodamenduen funtzionamendua egokia dela egiaztatzea, eta horiek ordeztea baldin eta zurrunketak izan direla susmatzen bada, zarata arraroak badira edo desdoikuntzarik gertatzen bada.

5. Transmisio kateak, bankadetako tenkagailuak, garraiagailuen tenkagailuak eta jasogailuak egoera onean eta behar bezala labainduta mantentzea.

6. Motorrak eta erreduzitzaileak beren bankadetan ongi finkaturik daudela egiaztatzea.

7. Motorra-erreduzitzailea-akoplamendua-polea taldea behar bezala lerrokatuta egotea.

8. Transmisio kateak behar bezain tenkaturik daudela egiaztatzea.

9. Arraste-garraiagailuak eta jasogailuak behar bezala tenkatzea, eta jasogailuen putzupadak egoera onean eta ongi eutsirik daudela egiaztatzea.

10. Arrasera eta balbula guztiek, elektrikoek nahiz eskuzkoek, ongi funtzionatzen dutela egiaztatzea.

11. Erabiltzearen erabiltzeaz higatzeko joera duten hodiei, balbulei etab. arreta jarriko zaie. Zerbait hausten bada, pieza aldatuko da edo konponduko, ahal baldin bada.

12. Motor elektrikoek ongi funtzionatzen dutela (kontsumoak, potentzial-diferentzia etab.) eta behar bezain garbi daudela egiaztatzea.

13. Aginte-mahaiko elementu elektrikoek (erreleak, kontagailuak, etengailu automatikoak eta diferentzialak, seinaleztatzeko lanparatxoak etab.) ongi funtzionatzen dutela egiaztatzea.

14. Energia erreaktiboaren erreguladoreak eta kondentsadoreak ongi funtzionatzen dutela egiaztatzea.

15. Aginte-mahaiak eta bere osagaiak egoera onean mantentzea.

16. Siloan ezarritako korrontearen hartuneek, bai trifasikoek bai monofasikoek, ongi funtzionatzen dutela egiaztatzea.

17. Argiztapenaren instalazio elektrikoa berrikustea eta argi puntu guztiek, etengailuek etab. ongi funtzionatzen dutela eta garbi daudela egiaztatzea.

18. Ateak egoera onean daudela egiaztatzea, kanpokoak batez ere, eta irekitzeko eta ixteko dituzten arazoak konpontzea.

19. Leihoak egoera onean daudela egiaztatzea, kanpokoak batez ere (goiko pasillokoak eta dorrekoak).

20. Behar denean kristalak berriz ere jartzea.

21. Berrikuspenak eta behar diren jarduketak egitea itaxurei eta hezetasunei aurrea hartzeko edo horiek konpontzeko.

22. Beren ikuskaritza lanaren barnean Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren teknikariek iradokitzen dituzten berrikuspen eta mantentzeko lan guztiak egitea oro har.

Iragarkiaren kodea: F1021556