9. ALDIZKARIA - 2011ko urtarrilaren 14a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

202/2010 FORU AGINDUA, abenduaren 2koa, Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuaren menpeko ikastetxe publikoetako zuzendariak hautatu, ebaluatu eta haien izendapena berritzeko arauak ematen dituena.

Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoak, 133. artikulutik 139. artikulura bitarte, ikastetxe publikoetako zuzendariak hautatu eta izendatzeko prozesua arautzen du.

Hezkuntza Departamentua jabetu da zein garrantzitsua den ikastetxe publikoetako zuzendaritza lana, eta horregatik, beharrezkotzat jo du arau garapen bat egitea, haiek hautatu eta izendatzeko prozeduran berdintasun, merezimendu, gaitasun eta publikotasun irizpideak bermatzeko oinarrizko alderdiak jasotzeko. Horrela, Hezkuntza Departamentuaren eginkizuna da zuzendaritza lanean sartzen diren pertsonak lanbide prestakuntza egokiena eta eskola komunitatearen sostengurik handiena dutenak izan daitezela sustatzea, Nafarroako Gobernuaren menpeko ikastetxeek dituzten eginkizun garrantzitsuei aurre egiteko.

Hezkuntza Departamentuaren ardura da, orobat, hautapen batzorde batek izendatuak izateko proposatzen dituen zuzendari guztiak ebaluatzeko sistema zorrotz bat finkatzea. LOEn ezarritakoari jarraikiz, ebaluazio hori positiboa bada, koordinatutako giza taldeak gidatzen segitu nahi duten zuzendari guztien kargua berrituko da, eta horrek lege organiko hartan aurreikusitako ondorioak izanen ditu.

Horregatik guztiagatik, eta Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41.1 g) artikuluak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

AGINDU DUT:

I. KAPITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Xedea eta aplikazio esparrua.

1. Foru agindu honen xedea da Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuaren menpeko ikastetxe publikoetako zuzendariak hautatu, ebaluatu eta haien izendapena berritzeko arauak ematea.

2. Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoak (LOE) arautzen dituen unibertsitatetik kanpoko irakaskuntzak ematen dituzten ikastetxeetan aplikatuko da, lanbide heziketako ikastetxe bateratuetan eta erreferenzia nazionaleko lanbide heziketako ikastetxeetan izan ezik.

2. artikulua. Printzipio orokorrak.

1. Ikastetxe publikoetako zuzendariak merezimendu-lehiaketa bidez hautatu eta izendatuko dira, ikastetxeak eskaintzen dituen ikasketetako bat irakasten duten karrerako funtzionario irakasleen artean, irakasleek aurkezten dituzten merezimenduak eta zuzendaritza proiektua baloratuz.

2. Hautapena berdintasun, publikotasun, merezimendu eta gaitasun printzipioei jarraikiz eginen da. Horretarako, batzorde bat osatuko da, non Hezkuntza Departamentuaren eta dagokion ikastetxearen ordezkariak izanen diren. Urtero, Hezkuntza Departamentuak deialdia eginen du zuzendari postuak hutsik gelditzen diren ikastetxeetako zuzendariak hautatzeko.

3. Hezkuntza Departamentuak Hasierako Prestakuntza Programa antolatuko du hautatzen diren pertsonentzat.

4. Hezkuntza Departamentuak irizpide objektibo batzuk ezarriko ditu aurkezten diren merezimenduak eta zuzendaritza proiektuak baloratzeko.

5. Hezkuntza Departamentuak irizpide objektibo batzuk ezarriko ditu zuzendariek egiten duten zuzendaritza lana ebaluatzeko.

3. artikulua. Parte hartzeko betebeharrak.

1. Merezimendu lehiaketan parte hartzeko, honako hauek bete beharko dira:

a) Irakaskuntzako funtzio publikoan gutxienez ere bost urteko antzinatasuna izatea karrerako funtzionario gisa.

b) Karrerako funtzionario gisa, zuzenean irakatsi izana, bost urtez gutxienez, hautatu nahi den ikastetxeak ematen dituen ikasketetako batean.

c) Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxe publiko batean lanean aritzea hautatu nahi duen ikastetxeak eskaintzen dituen ikasketetako batean eta, deialdia argitaratzen den egunean, gutxienez ikasturte oso bateko antzinatasuna izatea bertan.

d) Zuzendaritza proiektu bat aurkeztea, alderdi hauek biltzen dituena gutxienez: ikastetxearen egoeraren azterketa, aurkeztutako proiektuaren eta ikastetxeko hezkuntza proiektuaren arteko lotura, helburuak, horiek lortzeko jarduketa lerroak eta proiektua ebaluatzeko prozedurak.

e) Zuzendaritza taldeko gainerako kideen izendapen proposamena aurkeztea, interesdunek onartua.

f) D ereduko ikasketak bakarrik ematen dituen ikastetxe bateko zuzendarigaiak EGA titulua edo baliokidea izan beharko du.

g) Izangaiak beharrezko gaitasuna edo espezialitatea izan beharko du aukeratu nahi duen ikastetxeko plantilla organikoan ageri denaren arabera, ikastetxe horretan irakastorduak eduki ahal izateko.

2. Haur Hezkuntzako berariazko ikastetxeetan, Lehen Hezkuntzako ikastetxe osatugabeetan, zortzi unitate baino gutxiagoko Bigarren Hezkuntzako ikastetxeetan, arte ikasketa profesionalak, kirolekoak eta hizkuntzakoak ematen dituztenetan eta zortzi irakasle baino gutxiago dituzten helduendako ikastetxeetan, Hezkuntza Departamentuak artikulu honen 1. puntuko a) eta b) letretan ezarritako betebeharrak betetzetik salbuesten ahalko ditu izangaiak.

II. KAPITULUA

Hautapen prozesua

4. artikulua. Hautapen batzordeak.

Hautapen batzordeek kide hauek izanen dituzte:

a) Hezkuntza Departamentuaren ordezkariak.

-Hezkuntza Departamentuko ikuskatzaile bat, batzordeburua izanen dena.

-Hezkuntzako Departamentuko irakasle funtzionario bat, izangaiak aukeratu nahi duen ikastetxetik kanpokoa eta, orobat, izangaiaren abiaburuko ikastetxetik kanpokoa dena.

b) Ikastetxearen ordezkariak.

-Klaustroaren bi ordezkari. Gazteena idazkari lanetan arituko da.

-Eskola Kontseiluaren bi ordezkari.

5. artikulua. Hautapen Batzordeko kideen izendapena.

1. Ikuskatzailea Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak izendatuko du.

2. Hezkuntzako Departamentuko funtzionarioa dagokion zuzendaritza nagusiak izendatuko du.

3. Klaustroaren ordezkariak klaustroko kideen artetik aukeratuko dituzte klautroko kideek beraiek. Horretarako, ikastetxeko zuzendariak klaustroaren bilkura berezi baterako deia eginen du, non onartutako hautagai guztiak jakinaraziko diren eta klaustroak hautapen batzordean izanen duen ordezkaritza aukeratuko den.

4. Hori helburu, bozketa bat eginen da. Foru agindu honen 4. artikuluan ezarritakoaren arabera, batzordean izanen diren ordezkariak zenbat diren, horrenbeste izen jarriko dituzte boto-paperean hautesleek.

5. Klaustroko kide guztiak izanen dira hautesle eta hautagarri, salbu eta hautagaiak eta aurkezten diren kandidaturetako zuzendaritza taldeetan aritzeko proposatzen diren pertsonak.

6. Boto gehien lortzen duten bi pertsonak irakasleen ordezkariak izanen dira hautapen batzordean, eta haien atzetik boto gehien lortzen duten hurrengo bi pertsonak, berriz, ordezkoak, edozein batzordekide titular ordezkatzeko.

7. Eskola Kontseiluko kideek beren artetik aukeratuko dituzte hautapen batzordean izanen dituzten ordezkariak, betiere klaustroko kideak ez badira, ezta derrigorrezko bigarren hezkuntzako lehen eta bigarren mailetako ikasleak ere.

8. Horretarako, ikastetxeko zuzendariak eskola kontseiluaren bilkura berezirako deia eginen du. Bozketa egiteko bilkura horretan, hautesle bakoitzak bi izen jarriko ditu boto-paperean. Boto gehien lortzen duten bi pertsonak eskola kontseiluaren ordezkariak izanen dira hautapen batzordean, eta haien atzetik boto gehien lortzen duten hurrengo bi pertsonak, berriz, ordezkoak, bi batzordekide titularretatik edozein ordezkatzeko.

9. Klaustroaren eta Eskola Kontseiluaren bilkura berezietan, hautagaiek beren zuzendaritza proiektuaren funtsezko alderdiak azalduko dituzte. Azalpen horrek informatzeko baino ez du balioko, eta ez da eztabaidarik izanen hautagaien eta Klaustroaren edo Eskola Kontseiluaren artean. Bi kandidatura edo gehiago izanez gero, zozketa bat eginen da hautagaiek jarduteko ordena finkatzeko.

6. artikulua. Hautapen batzordeen izendapena eta eraketa.

1. Hautapen batzordeetako kideen izendapena kasuan kasuko zuzendari nagusiaren ebazpenaren bidez eginen da, ikastetxeetako zuzendariek batzordekide titular eta ordezkoen datuak jakinarazi ondoren.

2. Hautapen batzordeak kandidaturak aurkezten diren ikastetxe guztietan eratuko dira.

3. Batzordea eratzeko, beharrezkoa izanen da batzordeburua eta idazkaria bertan izatea, baita bi batzordekide ere; jardun ahal izateko berriz, beharrezkoa izanen da hiru batzordekide izatea, eta betiere batzordeburua eta idazkaria.

4. Hautapen batzordeen funtzionamendua eta, abstentzio eta errefusatze kasuetarako, kideei aplikatzen ahal zaien araubidea Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 22. artikulutik 29.era bitarte dago ezarrita.

5. Klaustroaren eta eskola kontseiluaren egitura dela-eta hautapen batzordea 4. artikuluan ezarri bezala eratzea ezinezkoa den ikastetxeetan, Hezkuntza Departamentuko ikuskatzaile batek, klaustroko kide batek eta eskola kontseiluko kide batek osatuko dute hautapen batzordea. Horrelako batzordeak eratu eta jarduteko, beharrezkoa izanen da kide guztiak bertan izatea.

7. artikulua. Hautapen batzordearen eginkizunak.

Hautapen batzordearen eginkizunak hauek dira:

a) Izangaiek aurkezten dituzten merezimenduak barematzea.

b) Hautagaiei dei egitea zuzendaritza proiektuen defentsa egitera.

c) Aurkezten diren kandidaturen zuzendaritza proiektuak baloratzea.

d) Hautagai bakoitzak merezimenduen baremoan lortzen duen behin-behineko puntuazioa eta zuzendaritza proiektuari ematen zaion puntuazioa onetsi eta argitaratzea.

e) Merezimenduen baremoaren eta zuzendaritza proiektuaren behin-behineko puntuazioaren aurka aurkezten diren erreklamazioak ebaztea.

f) Aurkezten diren hautagaien behin betiko zerrenda onetsi eta argitaratzea, atal bakoitzean lortutako puntuazioa adierazita.

g) Ikastetxe bakoitzean azkeneko puntuazio altuena lortzen duen pertsona hautatzea.

h) Kasuan kasuko zuzendaritza nagusiari bidaltzea izangai bakoitzaren behin betiko puntuazioa eta aukeraturiko hautagaia izendatzeko proposamena.

i) Hautagaia aukeratu ondoren, aurkezturiko dokumentazioa eta hautapen prozesuan sortzen dena Hezkuntza Departamentuaren esku uztea.

j) Batzordearen funtzionamendu egokia bermatzeko beharrezkoak diren gainerako eginkizunak.

8. artikulua. Hautapen prozesua.

Hautapen prozesuak bi fase izanen ditu. Lehenbizikoan, merezimenduak eta zuzendaritza proiektua baloratuko dira, eta bigarrenean Hasierako Prestakuntza Programa eginen da.

9. artikulua. Merezimenduen eta zuzendaritza proiektuaren balorazioa. Kandidaturen hautapena.

1. Hautagaien merezimenduak objektiboki baloratuko dira urteko deialdia egiteko ebazpenean ezartzen den baremoari jarraikiz.

2. Zuzendaritza proiektuaren balorazioak bi atal izanen ditu:

a) Proiektuari buruz, hautapen batzordeko kide bakoitzak eginen duen balorazioa, urteko deialdia egiteko ebazpenean finkatzen diren irizpideei jarraikiz.

b) Hautagaiak egiten duen proiektuaren azalpenaren eta defentsaren balorazioa.

3. Hautapen batzordeak zuzendaritza proiektuak azaldu eta defendatzeko egunak eta hautagaiek jarduteko ordena argitaratuko ditu.

4. Hautagai bakoitzak 30 minutu izanen ditu, gehienez, zuzendaritza proiektua azaldu eta defendatzeko. Hautapen batzordeko kideek 15 minutu izanen dituzte gehienez izangaiari galderak egiteko, aurkeztu eta defendatutako zuzendaritza proiektuko zenbait alderdi argitu edo zehatzago azal ditzan.

5. Proiektua baloratzeko, hautapen batzordeko kide bakoitzak 1etik 10era bitarte baloratuko du zatietako bakoitza (a eta b). Bi nota horien batez bestekoa (bi dezimalekin emana) izanen da kide bakoitzaren kalifikazioa. Hautapen batzordeko kide guztien kalifikazioen batez bestekoa (bi dezimalekin) izanen da proiektuaren azkeneko nota. Batzordekideen kalifikazioen artean 3 puntuko edo gehiagoko aldea baldin badago, kalifikaziorik altuena eta baxuena baztertuko dira, eta azkeneko nota gainerakoen batez bestekoa eginez aterako da. Goreneko eta/edo baxueneko kalifikazio bat baino gehiago badaude besteekiko alde hori dutenak, bat baino ez da baztertuko. Batez bestekoak ateratzeko, biribiltzearen araua aplikatuko da.

6. Aukeratua izateko, hautagaiak 5 puntu edo gehiago lortu beharko ditu zuzendaritza proiektuaren balorazioan.

7. Hautapen batzordeak aurkeztutako hautagaien zerrenda argitaratuko du, merezimenduetan eta zuzendaritza proiektuaren balorazioan lortutako puntuazioa adieraziz. Bi nota horiek batu ondoren ateratako guztirako puntuazioa ere jakinaraziko du. Guztirako puntuazio altuena lortzen duen hautagaia aukeratuko da izendatua izateko.

8. Berdinketak honako irizpide hauek, hurrenez hurren, kontuan hartuta hautsiko dira:

-Zuzendaritza proiektuan zeinek duen puntu gehiago.

-Baremoko ataletan eta azpiataletan zeinek duen puntu gehiago, urteko deialdiaren ebazpeneko merezimenduen baremoan agertzen diren ordena berean.

9. Batzorde bakoitzeko buruak aukeratutako hautagaiaren aldeko proposamena igorriko dio Hezkuntza Departamentuari eta, hala badagokio, Hasierako Prestakuntza Programa egitetik salbuetsita dagoela jakinaraziko dio.

10. artikulua. Hasierako Prestakuntza Programa.

1. Hautapen prozesuko bigarren fasean Hasierako Prestakuntza Programa bat gainditu beharko da.

2. Ez dute Hasierako Prestakuntza Programa egin beharko zuzendaritza taldea osatzen duten edozein kargutan bi urtez gutxienez zuzendaritza lanetan aritu direla frogatzen duten pertsona hautatuek.

3. Hasierako Prestakuntza Programa egitetik salbuetsiko dira, orobat, ikastetxe publikoetako zuzendari lanetan aritzeko onartuta egonik ere, karguan aritu ez diren hautagaiak edo bi urte baino gutxiago aritutakoak, baita Hezkuntza Departamentuak antolatzen duen Zuzendaritza Taldeentzako Prestakuntza Programa egina dutenak ere.

4. Hasierako Prestakuntza Programan hezkuntza arloko legediari, ikastetxeen antolaketa eta funtzionamenduari eta baliabideen kudeaketari buruzko prestakuntza sartuko da.

5. Merezimendu lehiaketa bidez hautatzen diren pertsonen Hasierako Prestakuntza Programa Hezkuntza Departamentuak arautuko du, Irakasleen Urteko Prestakuntza Planaren deialdiaren bidez.

6. Hasierako Prestakuntza Programan parte hartu eta behar den ziurtapena eskuratzen duten zuzendariei "Gai" kalifikazioa emanen zaie.

7. Hasierako Prestakuntza Programan "Gai" kalifikazioa eskuratzen ez duten hautagaiak praktiketako zuzendari gisa arituko dira, dagokien izendapenaren aldia bukatu arte.

11. artikulua. Zuzendariaren eta zuzendaritza taldearen izendapena.

1. Hasierako Prestakuntza Programa egin behar duten pertsona hautatuak praktiketako zuzendari izendatuko dira urte baterako.

2. Hasierako Prestakuntza Programa egitetik salbuetsita dauden pertsona hautatuak lau urterako izendatuko dira zuzendari.

3. Hasierako Prestakuntza Programa bukatu eta "Gai" kalifikazioa lortzen duten pertsona hautatuak aukeratu duten ikastetxeko zuzendari izendatuko dira lau urterako, praktikaldiko urtea barne.

4. Hautatutako pertsonak izendatzeko ebazpena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila aginduko du Hezkuntza Departamentuak.

5. Zuzendari berriaren behin betiko destinoa ez bada izendatu den ikastetxean, zuzendari karguan dagoen denboran ezin izanen dute lekuz aldatu irakastorduak murriztu edo kentzeagatik.

6. Zuzendaritza taldeko gainerako kideen izendapen proposamena zuzendariak eginen du ikastetxean destinoa duten irakasleen artetik.

7. Zuzendaritza taldeko kideen izendapena ikastetxeko zuzendaria izendatzen den epe bererako eginen du giza baliabideen kudeaketaren arloan eskumena duen organoak, eta betiere zuzendaritza taldeko gainerako kideen izendapena egiteko baldintza izanen da kargualdia bitartean bete dezaketen lanposturen bat hutsik egotea, ikasturte bakoitzeko hezkuntza plangintzaren arabera. Lanpostu huts hori badagoela Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak berretsi beharko du, txosten baten bidez.

12. artikulua. Izendapen bereziak.

1. Hautapen batzordeak ikastetxe bateko zuzendaritzarako hautagai bakarrik ere proposatzen ez badu edo hautagairik ez badago, Hezkuntza Departamentuak izendatuko du ikastetxeko zuzendaria, lau urterako gehienez, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak txosten batean proposamena egin ondoren.

2. Prozedura berezi hori erabiliz bakar-bakarrik D ereduko ikasketak ematen dituzten ikastetxeetarako izendatzen diren pertsonek EGA titulua edo baliokidea izan beharko dute.

3. Horrela izendatzen diren pertsonek izendatu behar diren ikastetxeko plantilla organikoan ageri denaren arabera eskatzen den gaitasuna edo espezialitatea eduki beharko dute, ikastetxean bertan irakastorduak eduki ahal izateko.

4. Sortzen diren ikastetxe berrien kasuan, artikulu honetako 1. atalean ezarritakoari jarraituko zaio.

5. Ikastetxeko zuzendaria zein epetarako izendatzen den, denbora bererako izanen da zuzendaritza taldeko kideen izendapen berezia; betiere, izendapen hori egiteko baldintza izanen da kargualdia bitartean bete dezaketen lanpostu hutsik egotea, ikasturte bakoitzeko hezkuntza plangintzaren arabera. Lanpostu huts hori badagoela Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak berretsi beharko du, txosten baten bidez.

13. artikulua. Zuzendaria kargutik kentzea.

1. Zuzendaria kasu hauetakoren batean kenduko da kargutik:

-Izendapen aldia bukatzean, eta luzapenik izan bada, haren bukaeran.

-Ikastetxean zerbitzuak emateari uztean, borondatezko zein nahitaezko lekualdatzeagatik, zerbitzu eginkizunetan hasteagatik, borondatezko edo nahitaezko eszedentzia hartzeagatik nahiz beste edozein arrazoirengatik.

-Arrazoi bidez azaldutako ukoa, Hezkuntza Departamentuak onartua.

-Gerora sortutako ezintasun psikikoa edo fisikoa, karguari dagozkion zereginak betetzea galarazten diona.

-Kasuan kasuko zuzendaritza nagusiak ebazpen baten bidez baliogabetzea izendapena, zuzendari karguari dagozkion eginkizunetan modu larrian huts egiteagatik. Zuzendaritzaren beraren ekimenaz bultza liteke baliogabetze hori, edo Eskola Kontseiluak proposatuta. Betiere, baliogabetzeko ebazpena espediente bat instruitu ondoren emanen da, interesdunari eta Eskola Kontseiluari entzun ondoren.

2. Zuzendariari diziplina espedientea irekitzen zaionean, Hezkuntza Departamentuak zuzendariaren eginkizunen kautelazko etetea erabakiko du, diziplina arloan indarra duen araudian agertzen den moduan. Kasu horretan, zuzendari lanak zuzendariordeak hartuko ditu, edo horrelakorik ezean, ikasketa buruak edo, bestela, ikastetxeko idazkariak.

3. Diziplina espediente batean egiaztatzen bada zuzendariaren eginkizunak ez betetzea huts larria edo oso larria izan dela, eta aplika daitezkeen arau orokorren arabera ezar daitezkeen beste zehapen batzuk alde batera utzi gabe, kasuan kasuko zuzendaritza nagusiak erabakiko du zuzendaria kargutik kentzea. Horrelako kasuetan, Hezkuntza Departamentuak beste zuzendari bat izendatuko du, hurrengo deialdian beste bat izendatu arte jardunean arituko dena.

III. KAPITULUA

Ebaluazioa eta izendapena berritzea

14. artikulua. Zuzendaritza lanaren ebaluazioa.

1. Zuzendaritza lanaren ebaluazio prozeduraren bidez zuzendaritza lana nola egin den aztertuko da eta praktika hori hobetzen laguntzeko pizgarria izan nahi du. Ebaluazio sistematikoa izanen da, prestakuntza hobetzeko egina, eta eragimenaren, eraginkortasunaren eta objektibotasunaren printzipioak hartuko ditu aintzat.

2. Zuzendaritza lanaren ebaluazioa zuzendariaren kargualdi osoan eginen da modu sistematikoan.

15. artikulua. Zuzendaritza lana ebaluatzeko irizpide objektiboak.

1. Zuzendaritza lana ebaluatzeko, honako eremu hauek hartuko dira kontuan:

-Zuzendaritza proiektuaren garapena ikastetxeko hezkuntza proiektuarekin eta, kasua bada, ikastetxeko helburu, ikuspegi eta balioekin alderatuta.

-Lidergo partekatua izan ote den.

-Ikastetxeko irakaskuntza-ikaskuntza prozesuaren plangintza, antolaketa eta ebaluazioa.

-Lana taldeka antolatzea eta ikastetxeko egituren arteko lankidetza.

-Bizikidetzaren tratamendua ikastetxean.

-Familiekiko lankidetza eskolaren egunerokoan.

-Eskolaz kanpoko eta kultur jardueren sustapena.

-Ikastetxearen antolaketa eta erakunde-ordezkaritza.

2. Aurreko puntuan adierazitako esparruak baloratzeko erabili beharreko adierazleak zuzendaritza lanaren ebaluazioa arautzeko urtero onetsiko den ebazpenarekin batera argitaratuko dira.

16. artikulua. Zuzendaritza lana ebaluatzeko prozedura.

1. Hautapen batzordeak proposaturik, izendatzen diren zuzendari guztiak izendapenaren aldia bukatutakoan ebaluatuko dira.

2. Ebaluazioa Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak hautatzen duen ikuskatzaileak eginen du.

3. Zuzendaritza lana gainbegiratzeko, ikuskatzaileak behar den jarraipena eginen du kargualdiko lau urteetan. Horretarako, agirien bidezko azterketa, elkarrizketak zuzendariekin, zuzendaritza taldearekin eta eskola kontseiluko kideekin eta bisitak eginen ditu, ikastetxeko kide anitzeko organoen eta koordinazio organoen funtzionamendua behatzeko.

4. Jarraipen horren ondorioz, ikuskatzaileak detektatzen badu zuzendaritza lanean hobetu daitezkeen arloak badirela, zuzendariari jakinaraziko dio kargualdiko urte bakoitza bukatzen denean, ebaluazioa egiteko ebazpenean zehazten diren prozedurak erabiliz, behar diren neurriak har daitezen.

5. Kargualdia bukatutakoan, ikuskatzaileak egindako jarraipenaren arabera lortutako emaitzen azken ebaluazioa eginen du.

6. Ikuskatzailearen azken txostena negatiboa bada, aurkeztu baino lehen, entzunaldia emanen zaio zuzendariari. Bertan, txosten negatiboaren oinarri diren kausen berri emanen zaio, eta kalifikazioaren aurka daudela argudiatzeko behar diren dokumentuak aurkezteko eta egoki iruditzen zaizkion alegazioak egiteko aukera emanen zaio. Agiri eta alegazio horiek aintzat hartuko dira azken txostena egin baino lehen. Hala ere, negatiboa baldin bada, erabakia behar bezala argudiatu beharko da.

7. Ikuskatzaileak ebaluazioari buruzko azken txostena eginen du, eta bertan adieraziko da "Gai" edo "Ez gai" kalifikazioa lortu den. Zuzendariak "Gai" kalifikazioa lortzen badu, ebaluazioa positibotzat hartuko da, eta "Ez gai" kalifikazioa lortzen badu, berriz, negatibotzat joko da.

8. Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak kasuan kasuko zuzendaritza nagusiari jakinaraziko dizkio ebaluatutako pertsonen izenak eta ebaluazioaren emaitzak.

17. artikulua. Izendapena berritzea.

1. Ebaluazio positiboa lortzen duten zuzendari guztien izendapena lau urterako berrituko da, non eta interesdunak berariaz eta idatziz azaltzen ez duen berritzearen kontra dagoela.

2. Aurreko puntuan aipatzen den berritzea iraupen bereko bi agintalditarako egin daiteke, zuzendaritza lanetan aritzeko ebaluazio positiboa jasoz gero.

3. Hiru agintaldiak bukatu eta zuzendariak karguan jarraitu nahi badu, merezimendu lehiaketa batean parte hartu beharko du berriz.

4. Ebaluazio negatiboa izaten duten zuzendariek ezin izanen dute lau urtez eskaera aurkeztu ezein ikastetxetako zuzendari postu hutsak betetzeko merezimendu lehiaketetan.

XEDAPEN IRAGANKORRAK

Xedapen iragankor bakarra.-Lehenago izendatutako zuzendarien ebaluazioa.

Foru agindu hau argitaratu baino lehen, LOEn xedatuakoaren arabera izendatu ziren ikastetxe publikoetako zuzendariak III. kapituluan ezarritakoaren arabera baloratuko dira, eta ebaluazio prozesua agintaldia bukatu bitarte falta den denborari egokituko zaio.

XEDAPEN INDARGABETZAILEAK

Xedapen indargabetzaile bakarra.-Arauak indargabetzea.

Indarrik gabe gelditu dira foru agindu honetan ezarritakoaren kontrakoak diren maila bereko edo apalagoko arau guztiak.

AZKEN XEDAPENAK

Azken xedapen bakarra.-Indarra hartzea.

Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2010eko abenduaren 2an.-Hezkuntzako kontseilaria, Alberto Catalán Higueras.

Iragarkiaren kodea: F1020362