85. ALDIZKARIA - 2011ko maiatzaren 5a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

AÑORBE

Udal ordenantza, Udal hilerriaren erabilera eta horretarako tasa
eta eskubideak arautzen dituena. Behin betiko onespena

Añorbeko Udalak, 2010eko irailaren 24an egin osoko bilkuran, erabaki zuen hasiera batean onestea Añorbeko udal hilerriaren erabilera eta horretarako eskubide eta tasak arautzen dituen ordenantza.

Onesteko erabakia 2010eko 135. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, azaroaren 5ean, eta jendaurreko epean aurkeztu diren alegazioak ebatzi dira; hortaz, ordenantza hori behin betiko onetsi da eta osorik ematen da argitara, behar diren ondorioak izan ditzan; hori guztia, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatutakoari jarraikiz, maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legeak aldatu baitzuen.

Añorben, 2011ko martxoaren 18an.-Alkatea, José Ignacio Echeverría Ciordia.

AÑORBEKO UDAL HILERRIAREN ERABILERA ETA HURA ERABILTZEKO ESKUBIDE ETA TASAK ARAUTZEN DITUEN ORDENANTZA

1. artikulua. Toki Araubidearen Oinarriei buruzko Legearen 4, 25 eta 26. artikuluetan, Toki Administrazioari buruzko Foru Legearen 4 eta 29.etan, eta Nafarroako Toki Ogasunei buruzko Foru Legearen 12 eta 100.etan ezarritakoaren arabera, udal hilerriaren administrazioak, zuzendaritzak eta zaintzak Añorbeko Udalaren esku egon behar dute, batere ukatu gabe bertze administrazio batzuek alor berean dauzkaketen legezko eskumenak.

2. artikulua. Administrazioa. Ahalmen hauek zuzendaritzari eta zaintzari lotuta daude:

1) Hilerriko higienearekin eta osasungarritasunarekin ikusteko duen guztia.

2) Hilotzak eramateari dagokiona eta hilerriaren barne araubidea ukitzen duen guztia.

3) Lurren eta hilobien antolaketa, banaketa, erabilera eta aprobetxamendua.

4) Eskubideak eta tasak kobratzea.

3. artikulua. Alkatetzaren ardurapekoak izanen dira hilerriaren antolaketa eta funtzionamendua; horretarako, behar adina langile izanen ditu eta bere eginbehar hau ahalik eta hobekien betetzeko, behar diren proposamenak aurkeztuko dizkio Udalari.

4. artikulua. Zein den udalerriko biztanleriaren zentsua, horren araberako hilobi, panteoi, horma-hilobi eta kolunbario kopurua egonen da hilerrian, edo haietarako lur aski bederen bai.

5. artikulua. Ehorzteko ekartzen dituzten hilotz guztiak lurperatuko dira, legezko tramiteak bete badira, eta zerbitzu horrengatik tasen eranskinean aipatzen diren ehorzketa eskubideak ordaindu beharko dira.

6. artikulua. Hilotzak hilerrian berean lekuz aldatzeko atera daitezke hobitik, baita bertze hilerri batera eramateko ere.

Nolanahi ere, osasunari buruz indarra duten xedapenetan ezarritakoari jarraikiz atera behar dira, osasunaren aldetik behar diren neurri guztiak hartuta.

7. artikulua. Epea amaitzeagatik hilotza atera behar denean, ez zaio inolako gaztigurik eman beharko kontzesioaren titularrari.

Kontzesioa bururatzean, hilarriak, plakak edo edozein apaingarri kendu ondoan, interesdunei horien berri emanen zaie, hilotza ateraz geroztik hilabeteko epea izanen baita, horiek eramateko. Horiek egiten ez badute, Udalak berak eginen du.

Hilotza ateratzeko eskatzen duenak bere kontura eginen ditu hilotza ateratzeko lanak. Alkatetzari jakinaraziko dio aitzinetik, hark lanak ikuskatu beharko baititu.

8. artikulua. Hilotzak nahiz gorpuzkiak erretzetik sortutako errautsek gorpuzkinak hobiratzerakoan hartzen duten tratamendua izanen dute ordenantza honi dagokionez.

9. artikulua. 1. Orokorrean, ez da hilotzik ateratzen ahalko hobiratu zenetik 5 urte iragaten ez bada, epaile batek agindu ezik.

2. Betiere, hilaren ahaideak arduratuko dira hilotza ateratzeaz.

10. artikulua. Hilotz baltsamatuak atera eta lekuz aldatzeko baimena noiznahi eman daiteke, baina zerraldoaren kanpoko kutxa berria ezarri beharko da, ongi kontserbaturik ez badago.

11. artikulua. Bai hilotz bat ateratzen denean lekuz aldatzeko bai berriz ere ehorzten denean, horren oharra jasoko da behar diren liburuetan.

12. artikulua. Alkatetzak, eskaeren ordenari jarraikiz, emanen du hilobi, horma-hilobi eta kolunbarioen kontzesioa, interesdunek aitzinetik eskatuz gero.

Kontzesioak hilobi mota bakoitzaren zenbaki korrelatiboaren ordenari jarraikiz edo, ordena korrelatiboan, dauden leku hutsak osatuz emanen dira.

Ehorzlekuan bertze gorpuzki batzuk badaude, hilotzak edo gorpuzkiak hilobian, horma-hilobian edo kolunbarioetan ehorzteak ez du kontzesio berririk ekartzen, kontzesio zaharra agortu ez den bitartean.

Prezioaren diru-sarrera jakinarazpena egin ondoko 15 egunean egin beharko da; ordainketa egiaztatzen ez den bitartean ez da inolako ondoriorik izanen.

13. artikulua. Hilerriko lurra lurperatzeko eta hilobietarako eraikuntzak egiteko erabiliko da, ez bertzerako.

Hilarriak gehienez ere izanen dira 2 metro luze bider metro 1 zabal (2 metro, panteoietarako) bider 1,50 metro garai.

14. artikulua. Hobien kokaera, lurrerauzketaren gastuak eta hobiak ireki nahiz ixteko kostuak Udalaren kontura izanen dira.

15. artikulua. Hilobiak segur, xahu eta apain atxikitzea titularren betebeharra da.

16. artikulua. Kontzesioak edo aprobetxamenduak ondotik ematen diren arrazoiengatik ere iraungiko dira, kontzesioaren edo aprobetxamenduaren titularrak edo, hala behar badu, oinordekoak onarpena adierazi ondoan:

1) Hilerria kentzen denean.

2) Interes publikoagatik.

3) Ehorzketa gehiago egiteko, hobiak behar direlako.

EHORZKETA ESKUBIDEA

Hilobien kontzesioa

17. artikulua. Horma-hilobien, kolunbarioen eta lurreko hilobien erabileraren gaineko ehorzketa eskubidea kontzesioaren ekintzaren bidez sortuko da. Horretarako, ordenantza fiskalean ezarritako tasa edo, enkantea erabiliz gero, esleipena hartzen duen proposamenaren balio ekonomikoak zehaztua ordaindu beharko da.

18. artikulua. Horma-hilobiak, kolunbarioak, hilobiak eta panteoiak erabiltzeko kontzesioak 20 urterako izanen dira, eta 10 urteko aldietan luza daitezke guztira 99 urte egiteraino.

19. artikulua. Alkatetzak epea amaitu baino 3 hilabete lehenago gaztigatuko du kontzesioa iraungi eta, beraz, berritu behar dela; luzapena behar den tasa ordaindu ondoan erabakiko da.

20. artikulua. Horma-hilobiak, kolunbarioak eta lurreko hilobiak erabiltzeko kontzesioa ehorzketaren unean ematen dela ulertzen da, onespena horren ondotik ematen bada ere. Bertzelakorik adierazi ezean, titularra izanen da zuzenean edo hileta zerbitzuen enpresa baten bidez bere izenean emateko eskatzen duen pertsona fisikoa edo juridikoa.

Kontzesioak ehorzleku mota bakoitzaren zenbaki korrelatiboaren ordenari jarraikiz edo, ordena korrelatiboan, dauden leku hutsak osatuz emanen dira.

Ehorzlekuan bertze gorpuzki batzuk badaude, horma-hilobi, kolunbario, hilobi edo panteoietako ehorzketek ez dute haien erabileraren kontzesio berririk ekartzen, kontzesio zaharra agortu ez den bitartean.

21. artikulua. Kontzesioa administrazio agirian gauzatuko da. Hartan honako hauek adieraziko dira: kontzesioaren hilobia, esleipen eguna eta iraupena. Ehorzketa eskubideen titularrek edo gozamendunek hilobiari buruzko erregistroko datuen informazioa eskatzeko eta eskuratzeko eskubidea izanen dute.

22. artikulua. Ehorzketa eskubidea une bakoitzean titularra denaren izenean agertuko da erregistroan, hurrengo zehaztasunekin:

1) Oinordetza edo bertze titulu baten bidezko hurrenez hurreneko eskualdaketek titularkidetasuna dakartenean, partaideek erregistroan titular gisa agertuko den pertsona hautatu beharko dute, guztiak ados egonda. Udalak ez du baimenduko titulartasuna aldatzea, adostasun hori egiaztatzen ez bada, nahiz eta edozein partaidek ehorzketa eskubidea gauzatzea baimenduko duen, bertzeak horren kontra ez badaude.

2) Lurzati edo panteoi baten lehenbiziko esleipenean bi ezkontideak titularrak izanen dira, hala eskatzen badute.

3) Titularra pertsona juridikoa bada, estatutuen arabera eskumen horri dagokion kargua duen pertsona fisikoak gauzatuko du ehorzketa eskubidea edo, bertzenaz, lehendakariak edo maila handieneko zuzendari edo instituzio kargudunak.

23. artikulua. Hileta zerbitzuen enpresak, aseguru konpainiak, aurreikuspeneko mutualitateak edo, haien jarduera gauzatzean, pertsona bat hiltzen denean lurperatzeko eskubidea ematen duten bertzelako entitate juridikoak ezin izanen dira ehorzketa eskubidearen titularrak izan.

''Mortis causa'' eskualdaketak

24. artikulua. Ehorzketa eskubidearen titularrak, noiznahi, kontzesioaren onuraduna hautatzen ahalko du eskritura publikoan, bera hil ondorako, hilobiaren datuak eta onuradunaren izen-abizenak eta helbidea adierazita. Era berean, ordezko onuraduna hautatzen ahalko du, nagusia lehenago hiltzen ote den. Ehorzketa eskubidearen eskualdaketek sortutako titular berriek ere onuraduna hautatzen ahalko dute.

25. artikulua. Hautaketa ondoriorik gabe geldituko da, onuraduna eskubidearen titularra baino lehenago hiltzen denean eta onuradunaren ordezkoa hautatu ez denean. Halakoetan, eskubidea "mortis causa" oinordetzari jarraikiz eskualdatuko da, hurrengo artikuluetan ezarri bezala.

26. artikulua. Onuradunik egon gabe titularrak modu baliozkoan xedatu badu ondorengotza, eskubidean hurrengo den eta oinordetzari uko egin ez dionaren aldeko eskualdaketa eginen da.

Titularrak ondorengotzarik xedatu ezean, ehorzketa eskubidea senideei eskualdatuko zaie, lege zibilak ezarritako ordenari jarraikiz.

27. artikulua. Kontzesioa alarguntasunaren gozamenaren xede baldin bada, hilobiaren erregistroko inskripzioan gozamendunaren izena adieraziko da. Pertsona horrek eskubidearen titularrari dagozkion eskumen eta betebehar guztiak izanen ditu, onuraduna hautatzea izan ezik.

"Inter vivos" eskualdaketa

28. artikulua. Ehorzketa eskubidearen titularrak eskubide hori doan lagatzen ahalko die honako hauei, inter vivos egintzaren bidez: titularraren odolkidetasuneko laugarren mailara arteko eta ezkontidearen ezkontza-ahaidetasuneko bigarren mailara arteko aurreko eta ondorengo ahaideei eta zehar-ahaideei, eskualdatu baino lehen titularrarekin afektibitate harremana eta bortz urteko gutieneko bizikidetza izan dituztela frogatzen badute, edo irabazi asmorik ez duten eta ongintza edo laguntzea xede duten pertsona juridikoei.

29. artikulua. Titulartasun aldaketa doan eta inter vivos lagapenaren bidez baimentzen ahalko da bertze pertsona batzuendako, Udalak uste badu arrazoiren bat badela eskualdaketa funtsatzeko, betiere hilobian inor ehortzi ez bada eta kontzesioa eman zenetik hamar urte iragan badira, gutienez.

30. artikulua. Eskubidea nori eskualdatzen zaion modu fede-emailean zehaztea ezinezkoa bada titularra hil dela justifikatu ezin izateagatik, aurkeztutako dokumentazioa behar bezalakoa ez izateagatik nahiz bertze arrazoi batzuengatik, titulartasuna behin-behinean onartzen ahalko zaio aldaketa eskatu eta horretarako eskubidea izan dezakeenari.

31. artikulua. Behin-behineko titulartasuna eskubide handiagoa duten hirugarrenei kalterik egin gabe onartuko da, eta debeku izanen da aurreko titularraren ezkontidearen, odolkidetasuneko laugarren mailara arteko eta ezkontidearen ezkontza-ahaidetasuneko bigarren mailara arteko aurreko eta ondorengo ahaideen eta zehar-ahaideen hilotzak edo gorpuzkiak hobitik atera ondoan, epaile batek agindu ezean.

32. artikulua. Behin-behineko titulartasuna ondoriorik gabe geldituko da, hura onartu denetik 5 urteko epean eskubidearen eskualdaketa justifikatuta titulartasuna aldatzea erabakitzen ez bada.

33. artikulua. Ehorzketa eskubidearen titularra hildakoan, eskubidearen eskualdaketa jasotzen duen pertsonak titulartasuna bere izenean jartzeko eskatu beharko du eta, horretarako, eskualdaketaren frogagiriak aurkeztuko ditu Udalean.

34. artikulua. 1. Hala denean, ehorzketa eskubidearen titulartasuna aldatzea erabakiko da, administrazio espedientean tramitatutako eskabidea aurkeztu eta gero. Tramite horretan entzunaldia emanen zaie gainerako interesdunei eta eskualdaketaren frogagiriak aurkeztuz frogatuko du bere eskubidea.

35. artikulua. Eskualdaketan onarpenak administrazio ondorioak baino ez ditu sorraraziko, arlo zibileko inolako aferarik aitzinetik juzgatu gabe.

36. artikulua. Hilobi baten erabileraren klausula mugatzaileak, haien aldaketa edo deuseztapena titularrak eskatuta erabakiko dira eta behar bezala erregistratuko dira, heriotzaren ondoan irmoak eta behin betikoak izanen direla.

Erregistroko hilobien atalaren inskripzioen bertze datu batzuk zuzendu eta deuseztatzeko, interesdunak eskatu beharko du, bidezko justifikazioaren edo egiaztapenaren ondotik.

Ehorzketa eskubidearen iraungipena

37. artikulua. Ehorzketa eskubidea kasu hauetan iraungiko da:

1) Eraikuntzaren hondamen egoeragatik. Iraungipena erabakiko da aldez aurreko txosten teknikoan egoera hori adierazi eta eskubidearen titularrak beharrezko obrak egiteko egindako errekerimenduari ez aditu egin ondoan.

2) Hilobia abandonatzeagatik. Horrelakotzat joko da eskubidearen titularrak egin beharreko garbiketetan eta mantentze-lanetan modu agerian arreta ez jartzea, horretarako aitzinetik egindako errekerimenduari ez aditu eginik.

3) Eskubidearen kontzesio epea iragateagatik luzapena eskatu gabe, edo luzapenaren epea iragateagatik bertze bat eskatu gabe.

4) Titularrak berariaz uko egiteagatik.

5) Ordenantza honetan xedatuari kontra egiten dion lagapenagatik.

6) Ordenantza fiskalean ezarritako tasak ez ordaintzeagatik.

38. artikulua. Kontzesio epea iragatea ez den bertze arrazoiren batek eragindako iraungipena espedientea bururatzen duen berariazko ebazpenean adieraziko da, eta, nolanahi ere, eskubideen titularrei jakinaraziko zaie.

39. artikulua. Iraungipena hondamenak edo abandonatzeak ekartzen duenean, eskubidearen titularraren heriotza jasota badago, interesdunei hitzordua emanen zaie titulartasun aldaketarako duten eskubidea alega dezaten.

Oinordekoak edo edozein tituluren bidez subrogatutako pertsonak agertzen badira eskualdaketa justifikatzera, titulartasuna beren alde aldatzea lortzen ahalko dute, baldin eta horretarako ezartzen den epean hilobia konpontzeko edo egokitzeko obrak gauzatzen badituzte.

40. artikulua. Iraungipena edo bertze arrazoi bat dela-eta kontzesioa galduz gero, hilobia Udalaren esku geldituko da, eta eskubidearen iraungipenetik ez da inolako ordainketarik edo kalte-ordainik sortuko titularraren alde. Aitzinetik gaztigatuta, gelditzen diren gorpuzkiak hezurtegi orokorrera eramanen dira, salbu eta hilaren senideek edo haien baimena duten bertze batzuek bertze hilobi batera eramateko eskatzen badute.

41. artikulua. Kontzesioaren gehieneko epea iragan ondoan, ofizioz aterako dira gorpuzkoak hobietatik.

Horretarako, espedientea irekiko da, eta hartan zehaztuko zer unitatetan egin behar diren ateratzeak Administrazioak erabakitzen duen epean.

Gainera, Udala ahaleginduko da ahaideei banan banako jakinarazpena egiten.

42. artikulua. Aitzineko artikuluan xedatuari jarraikiz ateratzeak eginda, erreklamatu ez diren gorpuzkiak udal hezurtegira eramanen dira.

Hilotzak ehorzteko eta ateratzeko arau orokorrak

43. artikulua. Hilotzak eta gorpuzkiak ehortzi, hobitik atera eta berrehorzteko, hilotzen gaineko osasunaren arloan indarrean dauden xedapenei jarraituko zaie, baita arau berariazko hauei ere:

1) Ehorzleku bakoitzean ez da inor hobitik ateratzeko baimenik emanen azken ehorzketatik 10 urte iragan ez badira.

2) Unitatearen edukiera, bertze mugarik ez du izanen betiereko ehorzketa eskubidea duen ehorzleku bakoitzean hurrenez hurren egiten den ehorzketa kopuruak.

3) Udal hilerriko ehorzleku batetik bertzera hilotzak eta gorpuzkiak lekualdatzeak muga izanen ditu Hilotzen gaineko Osasunari buruzko Erregelamenduan xedatua eta arau hauek, baita hilerriaren administrazioak erabakitzen ahal dituenak egintza horiek behar duten higienea, osasungarritasuna, segurtasuna eta duintasuna bermatzeko. Nolanahi ere, ehorzleku berrien titularren adostasuna beharko da.

4) Kontzesio epea iraungitzeagatik edo arestian aipatu diren arrazoiengatik hobitik ateratze orokorra egiten bada, edo halako ehorzleku batzuen gainean ehorzketa eskubidea iraungitzeko ebazpena eman ondoko hilabetean haien ahaideek erreklamaziorik egin ez badute, hilerriko administrazioek xedatzen ahalko dute batetik nahiz bertzetik heldu diren gorpuzkiak hezurtegian ehorztea.

44. artikulua. Inolako hilotzik ez da hobitik aterako epaile batek aginduta ez bada, erregelamenduz ezarritako epeak iragan arte. Ez da inolako eperik zehaztuko, baltsamatutako hilotzak hobitik ateratzeko.

45. artikulua. Hilotzak hobitik ateratzean hilerri berean berrehorzteko, bertze hilerri batera lekualdatzeko edo errausteko, hilobiaren gaineko ehorzketa eskubidearen titularrak eskaera aurkeztu beharko du. Ez da horren presentziarik beharko gorpuzkiak atera eta lekualdatzeko.

46. artikulua. Hilotza edo gorpuzkiak hobitik ateratzen badira hilerriaren barreneko bertze hilobi batera eramateko, berrehorzketa egin nahi den hilobiaren gaineko eskubidea duen titularraren baimena beharko da.

47. artikulua. Osasun baimena beharrezkoa izanen da hilotzak edo gorpuzkiak bertze hilerri batera eraman nahi direnean, arauetan ezarritako kasuetan.

48. artikulua. Hobitik ateratzean zerraldoetan agertzen diren gai baliotsuak, protesiak izan ezik, hilaren oinordekoek eska ditzakete, betiere eskabidea egiten badute hobitik atera baino lehen, beraien nortasuna eta oinordetza frogatu ondoan. Udalak egokia iruditzen zaion xedea emanen die erreklamatzen ez diren gauzei.

Tasak hilerrian zerbitzuak emateagatik

49. artikulua. Zergapeko egintza ondoko zerbitzuak ematea da:

1) Ehorzketak eta berrehorzketak.

2) Hilotzak hobitik ateratzea.

3) Hilobiei lotutako bertze lan batzuk.

50. artikulua. Ordenantza honetan araututako zerbitzuren bat eskatzen dutenak dira tasa hauen subjektu pasiboak, pertsona fisiko, juridiko edo, nortasun juridikorik gabe, batasun ekonomikoa edo ondare banatua eratzen duten entitateak izan.

51. artikulua. Zerga-oinarria ordenantza honen tarifen eranskinean agertzen da. Tributu-kuota eta zerga-oinarria berdinak dira.

52. artikulua. Hobi berean bi hilotz edo gorpuzki, nahiz gehiago, batera lurperatzeko lizentziak ematen ahalko dira, baldin eta ehorzketa lekuak behar bezain zehazturik badaude, baina hilotz bakarra lurperatzetik gorako lanak partikularraren kontura izanen dira.

53. artikulua. Hilerri honetako bertze hilobi batzuetatik gorpuzkiak atera eta berriz ere ehortziz gero, hilotza ateratzeagatik eta ehorzteagatik ordaindu beharko dira tasak. Gorpuzkiak bertze hilerri batetik ekarriz gero, ehorzketari dagokion tasa ordainduko da bakarrik.

54. artikulua. Nafarroako Toki Ogasunei buruzko Legearen 108. artikuluan xedatutakoari jarraituz, tasak autolikidazio bidez eskatuko dira.

AZKEN XEDAPENA

Bakarra.-Ordenantza honek indarra hartuko du eta ondorio juridiko osoak sortuko, bere testu osoa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoan.

ERANSKINA

1) Ehorzketak eta berrehorzketak:

Prezioa 50 euro da, bai lurrean bai horma-hilobian bai kolunbarioan.

2) Hobitik ateratzea:

Betiere, hilaren ahaideak arduratuko dira hilotza ateratzeaz.

3) Bertze zerbitzu batzuk. Inork eskatzen badu ordenantza honetan zehazturik ez dagoen zerbitzurik edo ehorzketa bat arau orokorretik kanpo egin nahi bada eta, beraz, Udalak baimendu behar badu, zerbitzuaren kostu osoa kobratuko da, Udalak egiten badu, edo, bertzenaz, eskatzaileak bere kontura kontrataturiko pertsonek egiteko baimena emanen da.

TASAK

Okupazioaren tasak dira:

a) Bi sakonera duten hobiak (bi leku): 20 urteko kontzesioak: 500 euro.

b) Horma-hilobiak: 20 urteko kontzesioak: 400 euro.

d) Kolunbarioak: 20 urteko kontzesioak: 200 euro.

Luzapenetarako, 100 euro ehorkzeta mota guztietarako, 99 urte egiteraino.

Prezio guztiak urtero eguneratuko dira, aitzin urteko Nafarroako KPI errealarekin.

Iragarkiaren kodea: L1106889